Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2015eko martxoaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1460

AGINDUA, 2015eko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, «Sormen Lantegiak» programaren barruan 2015. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkio arte eta kultura mailako jardunekin eta horien hedapenarekin loturiko eginkizunak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio 2013ko apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, lerro espezifiko bat abiarazi behar da, hain zuzen ere kultura-edukiak ekoizteko formetan, egituretan eta eran berrikuntza sustatzeko, betiere oinarri hartuta sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplina-arteko elkarrekintzaren sustapena. Zehazki, berrikuntza bultzatzea da helburua bai ikuspegi artistiko hutsetik, bai ekoizpenaren kudeaketaren ikuspegitik, betiere talentu eta sormen-jardun berriak sustatze aldera. Era horretan, kultura-edukiak sortzeko egiturak berritu, eta artea egiteko era berriak azaleratuko dira, era bereizgarriak, eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko arte-sarea aberastu eta sendotuko da. Labur esanda, diru-laguntzak emateko deialdi honen xedea da arte-berrikuntzan espezializatutako zentroak sustatzea eta berrikuntza, diziplinartekotasuna eta alde anitzeko elkarrizketa oinarri dituen sormen- eta ekoizpen-eremu bat bultzatzea, honako hauek abiaburu hartuta: norbanakoaren eta/edo kolektiboaren sormena; trebetasunak eta talentua; ideia eta potentzialtasunen transmisioa; eta ekonomia eta enplegua elikatzen dituzten adierazpenen eta produktuen sormena.

Ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da «Sormen Lantegiak» programaren diru-laguntzak arautu eta 2015. urteko deialdia egitea. Diru-laguntza horien bidez, arte- eta kultura-proposamenak garatzen lagundu nahi da, zehazki ikerketa, esperimentazioa, elkarrizketa eta diziplina artistiko eta sozialen arteko elkarrekintza tresna hartuta berrikuntza eta singulartasuna sustatzen duten arte- eta kultura-proposamenak.

2.– Arte- eta kultura-proposamen horiek kultura edo sormen sektore bati lotuta egon beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia, zirkua, magia, bertsolaritza...).

2. artikulua.– Modalitateak eta diru-baliabideak.

1.– Agindu honek honako laguntza-modalitate hauek jasotzen ditu:

a) Agindu honetako II. kapituluan eskatzen diren baldintzak eta ezarritako eran betetzen dituzten sormen guneen jarduera-programetara bideratutako diru-laguntzak (Sorgune modalitatea).

b) Agindu honetako III. kapituluan eskatzen diren baldintzak eta ezarritako eran betetzen dituzten kultur proiektuak egitera bideratutako diru-laguntzak (Arragoa modalitatea).

c) IV. kapituluan eskatzen diren baldintzak eta ezarritako eran betetzen dituzten proiektu eta prototipo kulturalak diseinatzera zuzendutako ikerketa-proposamenetara bideratutako diru-laguntzak (Ikertu modalitatea).

2.– Diru-laguntza horietarako, guztira, milioi bat eta hogei mila (1.000.000) euro erabiliko dira.

3.– Diru-kopuru osoa honela banatuko da laguntza-modalitateen artean:

a) Sorgune modalitatea: bostehun eta berrogeita bederatzi mila (548.000) euro.

b) Arragoa modalitatea: laurehun mila (400.000) euro.

c) Ikertu modalitatea: berrogeita hamaika mila (52.000) euro.

4.– Eskatzaileak modalitate bakoitzean hainbat proiektu aurkezteko aukera baduen ere, modalitate bakoitzean proiektu bakar bat lagundu ahal izango da. Horrelakoetan balorazio hoberena jasotzen duen proiektuari emango zaio, bertan behera geratuz gainontzeko eskabideak.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Agindu hau argitaratzen den egunean, hurrengo kapituluetan laguntza-modalitate bakoitzarentzat ezartzen diren baldintzak bete eta berezko pertsonalitate juridikoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetako diru-laguntzak. Beraz, ezingo dituzte eskatu pertsona fisiko edo juridikoek osatutako pertsonalitate gabeko elkarketek.

2.– Ez zaie laguntzarik emango beren kapital sozialean, fundazio-ondarean edota gobernu-, administrazio- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza handiena administrazio publiko edo instituzional batena edo sektore publikoko entitate batena edo finantza- edo kreditu-entitate batena duten entitate pribatuen eskabideei.

3.– Ezin izango dute deialdi honetako diru-laguntzetan sartu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez. Halaber, onuradunak itzultze prozedura horietan diru-laguntza horiek, bere kasuan, ez baditu itzuli, ezin izango zaio eman ezta ordaindu ere laguntzarik.

4.– Agindu honen bidez ematen diren laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea, baita Gizarte Segurantzakoak ere.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

5.– Pertsona onuradunei diru-laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte. Gorabehera horren berri eman beharko da Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

– «Sorgune» modalitatea: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sl_sorgune/y22-izapide/eu/

– «Arragoa» modalitatea: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sl_arragoa/y22-izapide/eu/

– «Ikertu» modalitatea: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sl_ikertu/y22-izapide/eu/

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta 21/2012 Dekretuak.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Eskaera-orria, modalitate bakoitzean eskatzen diren formularioekin batera, euskadi.net gunean eskura daitezke, agindu honetako 4.3 artikuluan adierazitako helbideetan.

Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, euskadi.net guneko aipaturiko helbideetan.

3.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

4.– Eskaerarekin batera, deialdi honetako modalitate bakoitzerako datozen kapituluetan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.

Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

5.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak aukera izango du baimena emateko laguntzak kudeatzen dituen organoari dokumentazioaren zati bat ofizioz eskuratu edo egiaztatu dezan, bai bide presentziala erabiltzen bada, bai bide telematikoa aukeratzen bada, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

6.– Deialdiaren organo kudeatzaileak estimatuko balu proiekturen bat hobeto sartzen dela beste modalitate batean, modalitate horretara bideratuko da eskabidea, bertan ezarrita dagoen arau espezifikoa egokituko zaiola. Eskabide hori Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak helaraziko du, betiere, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpena dela medio. Hala balitz, eskatzaileari jakinaraziko zaio.

7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengoan minimis arauaren mendeko laguntzarik jaso den jakinaraztea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

9. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdia ebazteko prozedura lehiaketa izango da, modalitate bakoitzean ezartzen denaren arabera. Diru-laguntzen proposamena eta ebazpena nahitaez lotuko dira proiektu bakoitzean izendatutako diru-baliabideetara eta ezarritako mugetara.

2.– Modalitate bakoitzean zehaztutako zuzkiduren kalte gabe, eskabide faltagatik, edo betekizunak ez betetzeagatik, edo kalitate eskasagatik modalitate batean aurreikusitako kopurua agortuko ez balitz, Balorazio Batzordeak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, arrazoituta, beste modalitate batean aurreikusitako kopurua areagotzea proposatuko dio, betiere ebatzi gabe egongo balitz modalitate hura. Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak proposatutako areagotzea ebazpen bidez jakinaraziko du. Kasu horretan, lehentasun-ordena hurrengo idatzi-zatian zehaztutakoa izango da

3.– Modalitateetako edozeinetan egon litekeen soberako kopurua, jatorrizko modalitatea edozein dela ere, lehenik eta behin, «Sorgune» modalitatera bideratuko da; modalitate hori jada ebatzita badago edo aurreko atalean azaldutakoaren arabera dagokion zuzkidura agortu gabe badago, orduan «Ikertu» modalitatera; horrela, «Arragoa» modalitatea zerrendako azkena izango da beste modalitateetako kopuruak jasotzen.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Deialdi honetara aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakar bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria.

– Bokalak: agindu honen gaian adituak diren gizon-emakumeen artetik Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatutako 4tik 6era arteko bokal.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat izango da, zuzendariak izendatua. Hitza izango du baina botorik ez.

Era berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio Batzordearen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin ere bai, baina botorik ezin izango dute eman.

2.– Balorazio Batzordean izendatutako aditu-profesionalek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen diren abstentziorako kausaren batean ez daudela; isilpekotasuna bermatuko dutela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko, eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

3.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

4.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da, Batzordea eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

5.– Batzordeak, diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, adostasunez ebatzitako ditu Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari aurkeztuko dizkion diru-laguntzak emateko proposamenak.

Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek diru-laguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean horiei uko egitea. Kasu horretan, ordezkoak jasoko duen diru-laguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari eman zaiona bera izango da. Uko-egileari emandako diru-laguntza ordezkoari dagokiona baino handiagoa bada, muga horretaraino murriztuko da laguntza.

6.– Balorazio Batzordeak behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei, eskabideak egokiro ebaluatzeko beharrezkoa ikusten duenean.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzei buruzko ebazpenak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango ditu, Balorazio Batzordearen proposamena ikusi ondoren, eta banaka jakinaraziko dira.

2.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek horien berri izan dezaten.

3.– Ebazpen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek epearen barruan diru-laguntzei uko egitea, 10. artikuluko 5. idatzi-zatian xedatutakoarekin bat.

4.– Modalitate bakoitzean ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta azaroaren 26ko 30/19992 Legearen 114 eta 115 artikuluetan.

12. artikulua.– Ebazpena emateko epea eta haren ondorioak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak emateko ebazpenak sei hileko epean jakinaraziko dira, Agindua argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Ebazteko epea amaituta, interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat jo daiteke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

13. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Jakinarazitako egintza aipatutako Dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

14. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu berbererako, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada edo «minimis» araua urratzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion mugaraino.

2.– Hala ere, deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateraezinak izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proiektu edota helburu berberarentzat emandako edozein diru-laguntza izendun eta zuzenekin, edo musika, dantza, ikus-entzunezko, antzerki, ikusizko arte edo liburu eta literatura alorretako diru-laguntzekin.

3.– Sorgune modalitateko onuradunek ezin izango dute jaso Arragoa modalitateko diru-laguntzarik.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Deialdi honetako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren % 50 esleipen-ebazpena eman ondoren eta handik hamabost egun balioduneko epea igaro ondoren ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako % 50a, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, diruz lagundutako jarduera gauzatu dela egiaztatu ondoren eta, hala dagokionean, jarduera osoa aurrekontuaren arabera justifikatu ondoren, modalitate bakoitzean zehaztutako eran.

16. artikulua.– Justifikazioak egiteko lekua eta modua.

1.– Agindu honen hurrengo kapituluetan zehazten dira diru-laguntza modalitate bakoitzean onuradunek justifikazioak egiteko aurkeztu beharreko agiriak, eta horiek aurkezteko gehienezko epea.

2.– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahal izango dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak gunean.

3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

– «Sorgune» modalitatea: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sl_sorgune/y22-izapide/eu/

– «Arragoa» modalitatea: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sl_arragoa/y22-izapide/eu/

– «Ikertu» modalitatea: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/sl_ikertu/y22-izapide/eu/

17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Diru-laguntza eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Dena den, aldaketak ere egin ahal izango dira, baldin eta aldaketok funtsezkoak ez badira eta ez badute bideragarritasun ekonomikoa eragiten. Aldaketa horiek idatziz jakinaraziko zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da.

e) Diru-laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

f) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako proiektuen informazio, publizitate, sustapen guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan obrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

g) Agindu honetan diru-laguntza modalitate bakoitzerako ezartzen diren betebehar eta baldintzak betetzea, eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diren laguntza eta diru-laguntzak jaso ahal izateko ezartzen direnak ere.

h) Laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren alta eskatu beharko du.

18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Herriko Ogasun Orokorreko Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluarekin bat etorriz, diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira edo beste administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, edo helburu berbererako beste edozein diru-sarrera badago, horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezake, betiere laguntza arautzen duen xedapenak ezarritako gutxieneko betekizunak gordetzen badira. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-zenbatekoak doitzeko.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak xedatutakoaren arabera, hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo diru-laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua).

II. KAPITULUA
SORGUNE MODALITATEA

20. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Modalitate hau bideratuta dago programa espezifikoak antolatuz eta horretarako behar diren zuzkidura, azpiegitura eta egiturak erabiliz, bai banakako pertsonei bai kolektibo sortzaileei hainbat prozesuri (ekoizpena, prestakuntza edo kulturaren edo artearen alorreko esku-hartzea) ekiteko espazioak, baliabideak eta lankidetzarako laguntza eskaintzen dizkieten sormen-guneek aurkezten dituzten jarduera-proiektuetara, betiere orientabidetzat hartuta adierazpen artistikoen berrikuntza, talentuak antzematea eta bultzatzea, eta kudeaketa parte hartzailea.

2.– Beren jarduera-proiektuetarako diru-laguntzak jaso ahal izateko, sormen-guneek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Euskal Autonomia Erkidegoko higiezinak izatea.

– Dagokien jarduera egiteko gaitasuna eta egokitasuna egiaztatzea. Horretarako, gutxienez, sorkuntza, ekoizpen edo erakusketarako gune egokiak izan beharko ditu, bai eta jarduerak egiteko behar diren baliabide teknikoak ere.

3.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek ez dira sormen-gunetzat joko eta, hortaz, ezingo dute diru-laguntzarik jaso:

– Plataforma digitalak, nahiz eta haien eskura eduki jarduerak egiteko moduko guneak.

– Nagusiki prestakuntzara bideratutako eskola edo guneak.

– Helburu nagusia turismoa edo merkataritza duten guneak.

– Gizarteratzera bideratutako guneak, non alde artistikoa osagarria edo instrumentala den.

– Helburu bakarra artekaritza kultura duten guneak.

4.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuek 2015. urtean hasiak behar dute izan, eta 2015eko abenduaren 31rako amaituak.

21. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Modalitate honetan diru-laguntza jaso ahal izateko, agindu hau argitaratzen den egunean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa edukita eta edozein dela ere haien eraketa juridikoa, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Agindu honetako 20.2 ezarritakoa betetzen duten sormen-guneak kudeatzeko edo ustiatzeko titulartasuna izatea. Horretarako, honako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu behar dute agiri bidez:

– Higiezinaren jabetza-titulua izatea, eta gunea erabiltzea, soil-soilik sormen-gune moduan.

– Higiezinaren errentaria izatea, horretarako formalizatutako kontratuaren indarrez, eta higiezina erabiltzea, soil-soilik, sormen-gune moduan.

– Higiezina sormen-gune moduan kudeatzeko eta ustiatzeko eskubidea bere alda lagata izatea, edozein tituluren bidez.

b) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotea, sormen-gunean egin beharreko jarduera nagusien epigrafean.

2.– Ezingo dituzte modalitate honetako diru-laguntzak eskatu titulartasun publikoa duen sormen-gune bateko zerbitzu-kontratu edo zerbitzu publikoen kudeaketa kontratu baten esleipendun moduan eskatzen dutenek.

22. artikulua.– Eskabidean aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Sortze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiriak, ahalordetze agiria edo dagokion organoak egindako egiaztagiria, eta, eskatzailea pertsona juridikoa bada, identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela. Izen ematea Eusko Jaurlaritzaren mendeko diren erregistro publikoetan egin bada (kooperatibak, elkarteak eta fundazioak), organo kudeatzaileak ofizioz eskuratu beharko du, beraz, ez da aurkeztu beharrik.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafean alta emanda egotearen egiaztagiria.

d) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpena eta haien zenbatekoa, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

e) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta aurtengoan jasotako minimis motako beste edozein laguntzari buruzko adierazpena, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

f) Sormen-gunearen kudeaketaren edo ustiapenaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria, 22.1.a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

g) Sormen-guneko baliabide eta azpiegiturei buruzko informazioa, 20.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

h) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Bide presentziala aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

i) Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 24. artikuluaren 2 eta 3 puntuetan ezarritako irizpideekin bat. Bide presentziala aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

j) Sormen-gunearen ibilbideari buruzko dokumentazioa. Bertan, 2014 urtean zehar, gutxienez, jaso diren proiektuen eta gauzatu diren jardueren informazioa emango da. Bide presentziala aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

k) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Bide presentziala aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

l) Aurreikusitako egutegia, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

23. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Modalitate honetan proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa hirurogei mila (60.000) eurokoa izango da, eta ezingo du gainditu gastu-aurrekontuaren % 70.

2.– Balio Erantsiaren Gaineko zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

3.– Aurkeztutako jarduera-proiektuaren barruan, guneko jardueren ondorioz sorturiko honako gastu hauek diru-laguntza jasotzeko modukoak izango dira,:

a) Gastu Arruntak:

– Zentroa alokatzeko gastuak.

– Kudeaketa, zuzendaritza-, teknikari-, administrazio-, garbiketa-langile eta abarren gastuak.

– Kontsumoak: argia, ura, telefonoa, gasa eta Internet.

– Gunerako materialak eta ondasun suntsikorrak.

– Beste gastu arrunt batzuk.

b) Aktibitate gastuak:

– Sorgunearen gastuak (egoitzak, ostatuak, diru-laguntzak...).

– Prestakuntza gastuak.

– Kolaborazio proiektuen gastuak.

– Erakustaldi edota emanaldi gastuak.

– Lurralde- edo komunitate-proiektuen gastuak.

– Sustapen eta komunikazio gastuak.

– Beste aktibitate gastu batzuk.

c) Gunea egokitzeko gastuak eta bertarako ogasun eta ekipo iraunkorrak erosteko gastuak, beti ere kontzeptu horiei dagokien guztizko kopurua aurrekontu osoaren % 10 gainditzen ez badu. Sartzen diren gastuak, gainera, proiektua 2015eko ekitaldian garatzeko behar-beharrezkoak direla justifikatu beharko da beti

– Egokitzapen gastuak.

– Ogasun eta ekipo iraunkorra erosteko gastuak.

4.– Inolaz ere ez dira aurrekontuan sartuko, eta ez dute laguntzarik jasoko, sormen-gunean sartuta dauden proiektuen ekoizpenari loturiko gastuak.

24. artikulua.– Prozedura, hautapena eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Modalitate honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

2.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Sormen-gunearen kalitate eta berrikuntza gaitasuna. Kontuan hartuko dira, azpiegitura, baliabide eta zerbitzuaz gain, bertako proiektuen berrikuntza, esperimentazio, berezitasun eta kalitatea. Horrez gain kontuan hartuko da zentroaren interesa proiektu kultural gisa. Gehienez 20 puntu esleituko dira.

b) Sormen-gunearen interes publikoa. Kontuan hartuko dira sormen-guneak ezarritako sarbideari, erabilerari eta parte hartzeari dagozkien baldintzak (deialdi irekia, gonbidapena...), bai eta onuradun erabiltzaileen dibertsitatea eta kopurua, betiere kontuan hartuz genero berdintasuna eta kultura-artekotasuna. Gehienez 20 puntu esleituko dira.

c) Inguru hurbilarekiko uztardura. Zentroak bere inguru hurbilarekin duen harremana, eskaintzen dituen zerbitzuak eta sortzen duen itzulkin soziala (kohesioa, heziketa, parte-hartzea...) kontuan hartuko dira. Gehienez 20 puntu emango dira.

3.– Aurreko hiru irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

d) Proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

e) Kultur agenteen nazioartekotzeko, eta sare eta harremanetan integratzeko ekarpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

f) Aurrekontuaren egokitasuna, tartean diren enpresa baliabideak eta proiektuaren kalitate-prezio erlazioa. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

g) Euskararen erabilpena. Gehienez 10 puntu esleituko dira.

4.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

5.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 2.3 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraikiz loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ez hirurogei mila (60.000) euro baino gehiago, ezta proiektuaren kostearen % 70 baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute artikulu honen 1. idatzi-zatian xedatutakoa.

25. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Modalitate honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsona/entitate onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hileko epean, eta betiere 2016ko martxoaren 31 baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bide presentzialetik edo elektronikotik:

a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

Diru-sarreren atalean honako datu hauek zehaztu beharko dira, besteak beste:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezean, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere, 23. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badira.

c) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen duten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko.

d) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa tekniken bidez aukeratuko ditu, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.

e) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

III. KAPITULUA
ARRAGOA MODALITATEA

26. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Modalitate honek bitartekaritza eta sare-lanaren bidez ikerketa, berrikuntza eta arte garaikidearekin konprometituta dauden proiektuei bideratutako diru-laguntzak arautzen ditu. Proiektu horiek lagungarri izan beharko dute hurrengoetarako:

– Desberdinen arteko elkarrizketa, kolaborazioa, baterako sorkuntza edota hibridazioa eta talentua sustatzeko, gure inguruko sortzeko gaitasuna ahal den gehiena garatzearren.

– Lurralde berean bizi diren pertsona eta talde desberdinen arteko komunikazioa, harremana eta integrazioa hobetzea.

– Lan-inguruak eta plataforma teknologikoak erabiltzea elkarlan-moduak, ikerketa eta ekoizpena areagotzeko.

– Hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman- eta artekaritza-modu berriak sortzea, hartara bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragitearren.

– Praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzea.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, proposamenek 2015. urtean hasiak behar dute izan, eta 2016ko ekainaren 30erako amaituak.

3.– Bere izaera edo xedearengatik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ekoizpenerako ezartzen dituen diru-laguntzen deialdiren batera aurkeztu beharko ziratekeen proiektuak baztertuak izango dira, baldin eta, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan bazen eskabidea egin baino lehen eta bertara aurkezteko epe muga amaitua bada.

27. artikulua.– Onuradunak.

Modalitate honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoan helbidea edo sozietate-egoitza duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuek, baldin eta proiektuak elkargunea proposatzen duen diziplinetako jardueraren bati buruzko jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta emanda badaude.

28. artikulua.– Eskabidean aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Sortze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, legezko ordezkariaren identitatea egiaztatzeko agiriak, ahalordetze agiria edo dagokion organoak egindako egiaztagiria, eta, eskatzailea pertsona juridikoa bada, identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela. Izen ematea Eusko Jaurlaritzaren mendeko diren erregistro publikoetan egin bada (kooperatibak, elkarteak eta fundazioak), organo kudeatzaileak ofizioz eskuratu beharko du, beraz, ez da aurkeztu beharrik.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafean alta emanda egotearen egiaztagiria.

d) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpena eta haien zenbatekoa, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

e) Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako minimis motako beste edozein laguntzari buruzko adierazpena, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

f) Hirugarrenaren altari buruzko agiria, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

g) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

h) Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 37. artikuluaren 2 eta 3 puntuetan artikuluan ezarritako irizpideekin bat. Aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

i) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banakatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

j) Aurreikusitako egutegia, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

29. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Modalitate honetan, proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa berrogei mila (40.000) euro izango da, eta inoiz ere ezingo da gainditu gastu-aurrekontuaren % 70.

2.– Hurrengo gastuak diruz lagundu ahalko dira:

a) Langile gastuak:

– Kudeaketa-, zuzendaritza- edota koordinazio-langileen gastuak.

– Artisten, teknikarien, administrazio eta garbiketa gastuak.

b) Hirugarrenen kontratazioak (ikuskizunen katxetak, azpikontratatutako zerbitzuak...).

c) Ostatu eta joan-etorrien gastuak.

d) Aktibitaterako materialen gastuak.

e) Sustapen gastuak.

f) Argia, ura, telefono, gasa, internet.

g) Bestelako gastuak.

3.– Berariaz baztertzen da inbertsio-gastuak aurrekontuan sartzeko aukera.

30. artikulua.– Prozedura, hautapena eta kuantifikazio-irizpideak.

1.– Modalitate honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere proiektuen kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatuko duen kopurua, betiere proiektuen dimentsioari begira.

2.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Berrikuntza kultural eta sozialeko proiektuaren kalitatea eta gaitasun berritzailea. Kontuan hartuko da proiektuak sortzen dituen esperimentaziotik abiatzen diren eduki berri, original eta bereziak (30 puntu)

b) Berrikuntza sozial eta kulturaleko -proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko dira parte hartzen duten eragileen kopurua, bai proiektuaren diseinuan eta kudeaketan, bai proiektuaren garapenean, eta publiko hartzailearen kopurua eta dibertsitatea, genero ikuspegia eta zenbateraino sustatzen den kultura-artekotasuna ere kontuan hartuz (30 puntu).

3.– Aurreko bi irizpideen balorazioan gutxienez 40 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera:

c) Kontuan hartuko dira genero-berdintasunaren integrazioa eta proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilera ere (20 puntu).

d) Proiektuaren bideragarritasuna edo egingarritasuna. Kontuan hartuko dira aurrekontuaren egokitasuna, proiektuan erabilitako enpresa-baliabideak eta kalitate-prezio harremana aproposa izatea (10 puntu).

e) Euskararen erabilera (10 puntu).

4.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

5.– Hautatutako proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, 2.3 artikuluan adierazitako diru-zuzkidura orokorra banatuko da onuradunek balorazio-irizpideei jarraiki loturiko puntuazioaren arabera, eta laguntzaren kopurua ez da inoiz izango eskatutakoa baino gehiago, ez berrogei mila (40.000) euro baino gehiago, ezta jardueraren kostuaren % 70 baino gehiago ere; gainera, diruz lagundutako proiektu-kopuruak eta horiei emandako diru-zenbatekoek beti bete beharko dute artikulu honen 1. idatzi-zatian xedatutakoa.

31. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Modalitate honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hileko epean, eta betiere 2016ko irailaren 30a baino lehen, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, aurrez aurreko bidetik edo elektronikotik:

a) Lagundutako jarduerari buruzko txosten zehatza, exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa azaltzen dituena.

b) Diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, zinpeko aitorpen bidez, eskaerarekin onartutako aurrekontuaren formularioaren arabera.

c) Diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

– Entitate onuradunaren behin betiko ekarpena.

– Beste administrazio edo entitateen ekarpenak, publikoenak eta pribatuenak. Entitate onuradunak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntza.

Ez da onartuko aldaketa nabarmenik egitea behin betiko exekuzio-aurrekontuaren gastuko kontzeptuetan, onartutako aurrekontuarekiko, baldin eta tartean erabat justifikatutako arrazoirik ez badago eta, betiere, 29. artikuluan ezarritako mugak gainditzen ez badira. Halaber, ez da inola ere onartuko gehikuntzarik egitea proiektuaren kudeaketa, koordinazio, zuzendaritza edo idazkaritza teknikoko gastuetan, ez eta horien antzekoetan ere.

d) Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Ez dira tiketak onartuko eta Balio Erantsiaren Gaineko zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

e) Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa tekniken bidez aukeratuko ditu, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.

f) Katalogo, egitarau, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren hizkuntz bertsio desberdinetako aleak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa espresuki adierazita dutelarik.

IV. KAPITULUA
IKERTU MODALITATEA

32. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Modalitate hau sormenera bideratua dago, kultur produktuak egiteko aldez aurreko ezinbesteko pausu gisa ulertuta, eta lagunduko diren ikerketa-proposamenen xedea izango da proiektu eta prototipoen aurretiko diseinua, non eta ideia, hipotesi edo hasierako kontzeptu batetik abiatuta beraren bidezkotasuna, interesa, originaltasuna edo egokitasuna ikertu nahi diren, bai eta beraren bideragarritasuna ere, produktu edo prozesu artistiko jakin bat, gerora gara daitekeena, bilakatzeko.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, proposamenek 2015. urtean hasiak behar dute izan, eta 2016ko martxoaren 31rako amaituak.

3.– Halaber, ez dute laguntzarik jasoko, modalitate honetako helburua ez betetzeagatik, publikoaren artean banatuak, erakutsiak eta kontsumituak edo partaidetuak izateko helburua duten proposamenek

33. artikulua.– Onuradunak.

Modalitate honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotako pertsona fisiko guztiek, edo agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean gutxienez urte bat erroldatua daramatenek. Hori egiaztatzeko, nortasun-agiria edo erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko dute, hurrenez hurren.

34. artikulua.– Eskabidean aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskaera sinatu duenaren identitatea egiaztatzeko agiriak.

b) Erroldatze-ziurtagiria, agindu hau argitaratzen den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean gutxienez urte bat erroldatua daramala egiaztatzen duena.

c) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpena eta haien zenbatekoa,euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

d) Hirugarrenaren altari buruzko agiria, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

e) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera. Aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

f) Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 36. artikuluaren 2 eta 3 puntuetan ezarritako irizpideekin bat. Aurrez aurreko bidea aukeratuz gero, gainera formatu digitalean aurkeztu beharko da.

g) Aurreikusitako egutegia, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

35. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Modalitate honetara bideratutako diru-hornidura lau mila (4.000) euroko hamahiru diru-laguntzatan banatuko da.

2.– Modalitate honetan aurreikusitako diru-laguntzen kopurua handitu egin daiteke, baldin eta, agindu honen 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, beste modalitateren batean soberan geratutako zenbatekoak modalitate honetara bideratzen badira. Nolanahi ere, handitze hori egingo da baldin eta gehitu beharreko zenbatekoa nahikoa bada onartutako diru-laguntzak aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekora iritsi daitezen eta, betiere, 9. artikuluan ezarritako beste baldintzak betetzen badira.

36. artikulua.– Prozedura eta hautapen-irizpideak.

1.– Modalitate honen kargura emango diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez esleituko dira. Beraz, diru-laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko muga errespetatuz eta finkatutako irizpideak erabiliz, aurkezten diren eskabideak konparatu eta onuradun kopuru bat hautatuko da, hain zuzen ere, hurrenkera bat ezartzeko eta baloraziorik onena lortu dutenei laguntza emateko.

2.– Balorazio Batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen diren irizpide eta baremoen arabera ebaluatuko ditu zehazten diren alderdiak. Lehenik, aurkeztutako proiektuak hurrengo irizpideen arabera baloratuko dira:

a) Proiektuaren kalitatea eta gaitasun berritzailea. Kontuan hartuko da proiektuak sortzen dituen esperimentaziotik abiatzen diren eduki berri, original eta bereziak (40 puntu).

b) Sormen-proiektuaren interes publikoa. Kontuan hartuko da proposaturiko ikerketa eremuaren interesa eta bertan esku hartzeko zabaltzen dituen aukera berriak (30 puntu).

3.– Aurreko bi irizpideen balorazioan gutxienez 45 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira. Beste proiektuak baloratuak izango dira, bigarrenik, hurrengo irizpideen arabera.

c) Kontuan hartuko dira, zenbateraino sustatzen den kultura-artekotasuna, bai genero-berdintasunaren integrazioa eta proiektuaren diziplinarteko izaera eta informazio eta komunikazio teknologien erabilera ere (20 puntu)

d) Euskararen erabilpena proiektuaren diseinuan eta garapenean. Batez ere baloratuko da euskara tresna izateaz gain, sormen proiektuaren xedea denean (10 puntu).

4.– Artikulu honetan ezarritako balorazio-baremoaren puntuazio totaletik gutxienez 65 puntu lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira, eta ezingo dira sartu aukeratutakoen artean.

37. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Modalitate honetako diru-laguntzen onuradunek, lagundutako jarduera bukatu eta hiru hileko epean eta betiere 2016ko ekainaren 30a baino lehen, txosten egiaztatzaile bat aurkeztu beharko dute, bai paperean bai egindako lanaren komunikazioa erraztu dezaketen ikusizko elementuz hornituriko beste edozein euskarritan, non zehatz-mehatz azalduko den egindako diseinua, ikerlana edo prozesua, bai eta lortutako emaitzak ere, laguntzaren helburua benetan betetzen dela baieztatzeko.

38. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten lan guztiek, argitaratu edo merkaturatzen ez diren bitartean, honako lizentzia mota honi atxikiko zaizkio beren testuaren bertsio digitalean: «Aitortu-Ez merkataritzarako-Partekatu baimen beraren arabera 3.0 Unported» (http://creativecommons.org/licenses/by-nc-sa/3.0/deed.es).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 araudian (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jaso diren minimis motako diru-laguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz, eskatzaileek emandako datuak eta eskabideetan agertzen direnak Eusko Jaurlaritzaren Ayudas y subven. Creación cultural izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da eskatzailea, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala