Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2015eko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1431

AGINDUA, 2015eko martxoaren 25ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidura jakinarazteko dena.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planean (2001-2005) seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza eta neurriak jaso ziren, eta beraiei jarraipena emateko, indartzeko eta zabaltzeko xedeaz, 2006ko irailaren 26an, Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko II. Plana (2006-2010) onartu zen Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakiaren bidez. II. plan horren helburu nagusia zen familiak babestu eta laguntzeko sistema integralaren garapenean aurrera egitea, I. planean hasitakoaren ildotik.

Abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren bidez (seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituena eta 2006ko abenduaren 27an EHAAn 245. zenbakian argitaratuta), Familiei Laguntzeko II. Planean jasotako laguntzak ezarri ziren, familia eta familia-egoera guztietarako trataera bidezkoagoaren bila.

Halaber, haren xedapen iragankorraren arabera, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan xedatutakoaren babespean laguntza emateko ebazpena duten egoerek eta urtekorik kobratzeke dutenek, baita uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean jasotakoek ere (maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuaren 5. idatzi-zatiko azken xedapenetatik lehenengoaren idazkuntzan), ez badute oraindik laguntza handitzeko ebazpena onartua, dekretu horren arabera eraenduko dira; handitzeko ebazpen horretan onartu diren edo onartu behar diren kopuru guztiak kobratu arte, horrenbestez, ez zaie 255/2006 Dekretuan xedatutakoa aplikatuko.

Bestetik, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familia-politika integral baterako esparrua eta oinarriak ezartzea; betiere familien eta familiako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera zuzendurik. Izan ere, haren I. kapituluko II. titulua euren kargura seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzei buruzkoa da, eta haren 8. artikuluak eskubide subjektiboaren izaera ematen die, baldin eta irispide-eskakizunak betetzen badira.

EAEan Familiei laguntzeko erakunde arteko III. Plana (2011-2015) Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2011ko abenduaren 27ko batzarrean; haren asmo nagusia da, eskubide subjektiboaren ikuspegitik, bizi-ziklo osoan zehar, familiak sustatu, osatu eta laguntzen dituen familia-politika bat indartzea. Lehen ildo estrategikoan, familiei laguntzen dieten eta euren autonomia sendotzen duten zerbitzuak, neurriei eta politikei buruzkoan, plan honek eskatzen du, 2011-2012ko biurtekoan zehar garatu beharreko ekintza gisa, diru-laguntzak iraunaraztea, 255/2006 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, eta apurka-apurka zabaltzen joatea, 2013-2025eko hirurtekoan aurrekontuetan erabilgarri dagoenaren arabera. Egungo egoera ekonomikoak eragotzi du proiektatutako zabalkuntza egitea.

Herri Administrazioak diruz laguntzeko jardunetan xede duen publizitate-printzipioa betetzeko asmoz, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak bere 27.4 artikuluan xedatzen du Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Sailak, bere sailburuaren aginduaren bidez, urtero jakinaraziko duela dekretuan adierazitako laguntzak finantzatzeko dagokion aurrekontu-zuzkidura, edo, hala badagokio hori eguneratzearen ondoriozko zenbatekoa.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan xedatutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla bete beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) idatzi-zatiak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean adierazitako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa dela.

Aipatutako guztiari dagokionez, 255/2006 Dekretuan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari egindako erreferentzia Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egindakotzat hartu behar da gaur egun, eta bertako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntzen programaren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan eta abenduaren129ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan xedatutakoari jarraituz, biak arestian aipatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.

1.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusten diren diru-laguntzetarako 27.193.900 euro jarriko dira gehienez.

2.– Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren esparruan (maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuak aldaturik) diruz lagundu daitezkeen egoeretarako, 91.500 euro emango dira gehienez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurrekontuko hasierako diru-izendapena eguneratuz gero, uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuan, maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuan eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan (12.1, 13.1 eta 27.1 artikuluetan, hurrenez hurren) xedatutakoaren arabera, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu baten bidez emango da argitara inguruabar hori.

AZKEN XEDAPENAK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 25a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala