Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2015eko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

JUSTIZIA ADMINISTRAZIOA

BARAKALDOKO LEHEN AUZIALDIKO 5 ZENBAKIKO EPAITEGIA
1072

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako 859/2013 prozeduraren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN ZEDULA

Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia), ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriei buruzko 859/2013 prozedura bideratu da, L.E.M.R.ek eskatuta, Edwin Yosue Soler Chavarriaren aurka. Prozedura horren gainean epaia eman da. Hona hemen idazpurua eta epaitza, hitzez hitz:

481/2014 EPAIA

Epailea: Ana Isabel Viaña Ranilla.

Lekua: Barakaldo (Bizkaia).

Eguna: bi mila eta hamalauko irailaren bata.

Eskatzaileak: L.E.M.J.

Abokatua: Javier Oscar Vela Ibarra.

Prokuradorea: Beatriz Unzueta Crespo.

Judizioaren gaia: guraso eta seme-alabentzako neurriak hartzea.

EPAITZA

L.E.M.J.ren izenean, Unzueta Crespo prokuradoreak aurkeztutako demanda baietsi egiten da; eta 2014ko martxoaren 18an, parteek sinatutako hitzarmen arau-emaileari buruzko proposamena onartu egiten da, hain justu ere guraso-ahala, zaintza, jagoletza, bisita-erregimena eta mantenuari dagokienez; proposamen horretan jasotako xedapenak honako hauek dira:

XEDAPENAK

Lehenengoa.- Egoitza.

Bere XXXXX alabarekin batean L.E.M.J.k bizilekutzat izango du honako hau: Bizkaiko Labe Garaiak etorbideko 28. zenbakiko 5C-n kokatutako etxebizitza.

Bigarrena.- Alabarekiko guraso-ahala eta haren zaintza eta babespea.

XXXXX alabaren gaineko guraso-ahala amarena eta aitarena izango da, eta hari eragiten dioten erabaki garrantzitsuak adostasunez hartuko dituzte.

XXXXX alaba amaren zaintza eta jagoletza pean izango da, amaren etxebizitzan.

Hirugarrena.- Bisita-erregimena.

Sinatzaileek konpromisoa hartzen dute guraso eta alabaren arteko harremanak errazteko, betiere euren XXXXX alabaren mesedetan.

Ondorioz, bisita-erregimena honela finkatuko da:

a) Telefono bidezko eta idatzizko komunikazioa behar bezain zabala izango da.

b) Aste barruan: aitak lanean libre duen egunean, aita alabarekin izango da, aurreko eguneko 18:30etik hurrengo eguneko 19:00etara arte.

c) Asteburuetan: aitak lan egiten duenean, zapatu arratsaldez aita alabarekin izango da 10:00etatik 18:00etra. Aitak igande arratsaldea libre duenean, aitak alabarekin emango du arratsalde hori eta berarekin egingo du gaua hurrengo astelehenera arte, izan ere, orduan haurtzaindegira edo ikastetxera eman beharko du. Aurreko asteko zapatuko goizean, aitak eta amak erabaki beharko dute nola antolatu hurrengo asteburua.

a) Oporraldia: Aste Santuko, udako eta Gabonetakoei egunei dagokienez aitak eta amak honako hau erabaki dute:

I) Aste Santua: aitak oporrak dituenean, lehenengo astebete batean izango da alabarekin, eta ama beste aste batean egongo da alabarekin. Aldi horretan aitak lan egiten duen urteetan, amak aste bat emango du alabarekin, eta beste aste batez bisita-erregimen arruntak izango du indarra; eta, betiere, behar besteko aurrerapenaz adostu beharko dute guzti hori.

II) Udan: uztailean, aita aste batean izango da alabarekin, eta ama, beste aste batean. Irizpide berbera aplikatuko da abuztuan. Gainerako udaldian, bisita-erregimen arruntak izango du indarra. Banaketa guzti hori behar besteko aurrerapenaz adostu beharko dute, aitak dituen oporraldiak baliatuz, hala aita alabarekin egon ahal izateko. Era berean, urteko beste edozein alditan, bere laneko oporretako hamabostaldi bat alabak aitarekin emango duela erabakitzen dute –aldi horrek eskolako oporrekin bat egiten ez badu ere–. Azkenik, aitak edo amak alabarekin batean atzerrirako bidaiarik egiten badute, notario aurrean agiri bat sinatuko dute, non baimena ematen zaien halako bidaiarik egiteko.

III) Gabonak: opor horiek amarekin emango ditu, eta aldi horretan, bisita-erregimen arruntak izango du indarra. Jaiegunei dagokienez, lehen urterako, abenduko 23an eta 25ean amarekin izango da alaba; abenduko 31tik urtarrilaren 1eko arratsaldera arte aitarekin izango da alaba. Bigarren urterako, abenduaren 23ko arratsaldetik abenduaren 25eko arratsaldera arte alaba aitarekin izango da; abenduaren 31n eta urtarrilaren 1ean alaba amarekin izango da. Guztia ere, parte biek, aldez aurretik, adosten duten ordutegiaren barruan burutuko da.

d) Bisita-eskubideari dagokionez, bisitaldi bakoitzean amaren etxean eta adostutako orduan jaso eta itzuliko da alaba, bi gurasoek propio beste zerbait ez badute erabaki behintzat.

Laugarrena.- Alabarentzako elikagai-pentsioa.

Alabaren aldeko mantenu-pentsio gisa, L.E.M.J. amari honako zenbatekoa ordaindu beharko dio Edwin Josue Soler Chavarria-k: hilero 250 euro.

Diru-zenbateko hori, amak izendatzen duen kontu-zenbakian sartu beharko du aitak, aldez aurretik, hilaren 1. egunetik eta 5.era bitartean.

Halaber, Edwin Josue Soler Chavarria-k eta L.E.M.J.k zera adosten dute: osasunaren eta hezkuntzaren arloetako ezohiko gastuak erdibana ordaindu dituzte; betiere, gastu horiek egitea aldez aurretik adostuko dituzte. Irailean, honakoetarako diren gastuak ere erdibana ordainduko dituzte: liburuak, eskolako materiala, ikastetxeko bata eta kirol ekipamendua.

Pentsioa berraztertu eta eguneratu egingo da, betiere Estatistikako Institutu Nazionalak Estatu osorako argitaratzen duen kontsumoko prezioen indizearen arabera erosteko ahalmena aldatzen den neurrian.

Ez da kosturik ezartzen.

Fiskaltzak soilik aurkez dezake apelazio-errekurtsoa epai honen kontra, alaba adingabekoaren alde egiteko.

Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, apelatutako ebazpena eta zein erabaki aurkaratzen diren (PZLb, 458.2 artikulua).

Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.

Edwin Yosue Soler Chavarriari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, eman eta sinatzen dut ediktu hau, Barakaldon (Bizkaia), bi mila eta hamabosteko otsailaren hamazortzian.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala