Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2015eko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
999

6/2015 EBAZPENA, urtarrilaren 28koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez aldatzen baita urriaren 20ko 16/2003 Ebazpena. Ebazpen horren bitartez, argitara eman zen hiru urtetik beherako haurren eskolak eta horientzako asistentzia- eta hezkuntza-arreta kudeatzeko Haurreskolak Partzuergoa eratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenen eredua.

2003ko uztailaren 29an egindako bilkuran, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen hiru urtetik beherako haurren eskolak eta horientzako asistentzia- eta hezkuntza-arreta kudeatzeko Haurreskolak Partzuergoa eratzeko Euskal Autonomia Erkidegoko udalekin izenpetu beharreko lankidetza-hitzarmenen eredua, eta 2003ko abenduaren 26ko EHAAn (252. zenbakian) argitaratu zen, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urriaren 20ko 16/2003 Ebazpenaren bidez.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 27ko 29/2006 Ebazpenaren bidez, 2007ko otsailaren 7an argitaratu zen Haurreskolak Partzuergoaren Batzar Nagusiak 2006ko azaroaren 16an egindako bilkuran erabakitako estatutuen aldaketa.

Batzar Nagusiak, 2015eko urtarrilaren 23an egindako bilkuran, Partzuergoaren Estatutuak aldatu zituen. Hori dela eta, argitara ematen dira hemen, hau guztia estatutuetako 36. artikuluarekin bat etorriz.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Ebazpen honen eranskin gisa, argitara ematea hiru urtetik beherako haurren eskolak eta horientzako asistentzia- eta hezkuntza-arreta kudeatzeko Haurreskolak Partzuergoaren Estatutuak. Hartara, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren urriaren 20ko 16/2003 Ebazpenaren I. eranskina aldatzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 28a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 28KO 6/2015 EBAZPENARENA.
HIRU URTETIK BEHERAKO HAUR ESKOLEN KUDEAKETARAKO ETA HORIEI ZUZENDUTAKO ASISTENTZIA- ETA HEZKUNTZA-ARRETARAKO HAURRESKOLAK KONTSORZIOAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Eraketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa eta Ayala/Aiara, Arraia-Maeztu, Bernedo eta San Millán/Donemiliaga; Abadiño, Amoroto, Aulesti, Bakio, Dima, Elorrio, Etxebarri, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ispaster, Larrabetzu, Lekeitio, Mundaka, Muxika, Ondarroa, Urduña, eta Zeanuri; Ataun, Azkoitia, Beizama, Deba, Errezil, Lizartza, Mutriku, Orendain, Zegama eta Zerain udalerriak, Toki Erakundeen Zerbitzu Arautegiari, Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/85 Legeari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/Legeari, eta abenduaren 27ko 51/02 Legeak aldatu zuen Toki Ogasunak arautzeko 39/88 Legeari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Eskolen kudeaketa integralerako eta hiru urtetik beherakoen asistentzia- eta hezkuntza-arretarako Partzuergo gisa eratu dira borondatez eta itundutako bidetik, eta zuzenean lotuta geratu dira Estatutu hauetan xedatutakoari, partzuergoan sartzeko udalerri bakoitzaren hitzarmen zehatzari eta agindu izaerarekin aplikatu dakizkiekeen xedapen orokorrei.

Haurreskolak Partzuergoan eskaera egiten duten udalerri guztiak sar daitezke, betiere Estatutu hauetan eta hauek garatzeko ematen diren barne-araudietan ezarritako prozedurari eta baldintzei lotuta, sartzen den erakundeak eta Partzuergoko organoek kasu bakoitzean ituntzen dituzten baldintza partikularren kaltetan izan gabe.

2. artikulua.– Izena eta egoitza.

Era honetan eratuta geratu den erakundearen izena Haurreskolak izango da eta egoitza nagusia Eibarko Otaola etorbideko 29 zenbakian izango du.

Egoitzaren aldaketa Batzar Nagusiak baimenduko du Estatutu hauek aldatu behar izan gabe. Nahikoa izango da bidezkoak diren aldizkarietan argitaratzearekin.

3. artikulua.– Nortasuna eta gaitasun juridikoa.

Partzuergoak nortasun juridiko propioa eta osatzen duten kideekiko independentea izango du, bai eta bere berariazko helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna ere.

4. artikulua.– Administrazio-ahalak.

Haurreskolak Partzuergoari, bere helburuak betetzeko, ondoko administrazio-ahalak dagozkio:

1.– Autoantolamendurako ahala.

2.– Finantza-ahala eta prezio publikoak borondatezko aldian zein betearazlean sortu, finkatu eta biltzeko ahala.

3.– Programazio edo plangintza ahala.

4.– Bere egintzak eta erabakiak ofizioz berrikusteko ahala.

5.– Bere helburuak betetzeko beharrezkoak diren obretan eta jardueretan nahitaezko desjabetzearen onuraduna izateko ahalmena.

6.– Nahitaez betearazteko ahala.

7.– Diziplina-ahala.

5. artikulua.– Indarraldia.

Eraketaren arrazoi diren helburuen izaera iraunkorra dela eta, Partzuergoaren iraupena mugagabea izango da, desegitearen kaltetan izan gabe, Estatutu hauetan ezarritako arrazoiei eta prozedurari jarraiki.

II. KAPITULUA
PARTZUERGOAREN HELBURUAK ETA ESKUMENAK

6. artikulua.– Helburu orokorrak.

Partzuergoaren eginkizun nagusia Partzuergoa osatzen duten udalerrien lurralde-eremuko Haur Eskolen kudeaketa integrala eta hiru urtetik beherakoen laguntza eta hezkuntza arreta da, ondoko xedearekin:

a) Familiekin lankidetzan, haurraren garapen integrala sustatzea adingabeen eskubidearekiko errespetuaren, ongizate psikofisikoaren eta afektibitate, zentzumen eta mugimen, ezagutza, harreman eta gizarte ahalmen guztien garapenaren ikuspegitik prestatu eta sozializatzearen bidez.

b) Ezberdintasunak konpentsatuko dituen prebentzio-hezkuntza bat sustatzea eta, bereziki, gizarte edo pertsona mailan beharrik handienak dituztenei arreta eskaintzea, parekotasuna bilatuta.

c) Hezkuntza-ekintzaren hasieratik Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan elebitasuna bermatzeko baldintza egokiak erraztea eta bultzatzea.

d) Familiei hiru urtetik beherako haurrei eskainitako zaintza eta arretaren bidez laguntza-zerbitzua ematea, familia eta lana uztartzeko mekanismo gisa.

e) Landa-eremuetako biztanleei hezkuntza eta laguntza izaerako zerbitzu baten eskuragarritasuna ahalbidetzea.

Horrez gain, bere helburu orokorrak betetzean eraginkortasuna sendotuko duten jarduera osagarri guztiak egin ahal izango ditu.

7. artikulua.– Helburuen betetzearen garapena.

Haurreskolak Partzuergoak barne hartzen dituen udalerri guztietan eskainiko du Haur Eskolen kudeaketa integralerako eta hiru urtetik beherakoen laguntza eta hezkuntza arretarako zerbitzua, udalerri jakin batean egon daitezkeen udalak edo gobernuak soilik kudeatutako Haur Eskolen kaltetan izan gabe.

8. artikulua.– Eskumenak.

Haurreskolak Partzuergoak, bere helburuak betetzeko, ondoko berariazko eskumenak izango ditu:

a) Partzuergoan barne hartutako udalerrietako hiru urtetik beherakoen laguntza eta hezkuntza arretaren arloan dauden beharrak aztertzea eta behar horiei erantzuteko bidezkotzat hartzen diren plan eta proiektu guztiak egitea.

b) Zerbitzua emateko beharrezkoak izan daitezkeen egokitze-lanak eta instalazioak zehaztea eta/edo, hala badagokio, gauzatzea.

c) Zerbitzuei dagozkien tarifak edo prezioak finkatzea. Tarifa edo prezio horiek uniformeak izango dira Partzuergoaren lurralde-eremu osoan.

d) Zerbitzua ematen deneko zentroen jarraipena eta kontrola egitea.

e) Partzuergoaren helburu nagusiari (hots, Haur Eskolen kudeaketa integralari eta hiru urtetik beherakoen laguntza eta hezkuntza arretari) dagokion guztian beste Administrazio batzuekin koordinatzea eta lankidetzan aritzea.

f) Legez ematen zaizkion eskumen guztiak.

g) Beste Administrazio batzuek transferitutako edo eskuordetzan emandako eskumenak, betiere onarpen-erabakiaren ondoren.

h) Partzuergoak dituen helburuen antzeko beste zerbitzu batzuk ematea, betiere Partzuergoan barne hartutako erakundeek berariaz hori erabakitzen badute.

9. artikulua.– Kudeaketa-moduak.

Agindutako zerbitzuak zuzenean Partzuergoak kudeatu eta egingo ditu.

III. KAPITULUA
PARTZUERGOKO ARTEZKARITZA-ORGANOAK

10. artikulua.– Gobernu-organoak.

Partzuergoa ordezkatu eta administratuko duten organoak ondokoak dira:

A) Batzar Nagusia

B) Zuzendaritza Batzordea

C) Gerentea

D) Lehendakaria

E) Lehendakariordea

11. artikulua.– Batzar Nagusia.

Batzar Nagusian Partzuergoan barne hartutako erakunde guztiak egongo dira ordezkatuta.

Udalerri bakoitzak bere ordezkaria izango du Batzar Nagusian eta ondoko botoak izango ditu:

10.000 biztanlera bitarteko udalerriak boto 1

10.001 biztanletik 25.000ra bitarteko udalerriak 2 boto

25.001 biztanletik 100.000ra bitarteko udalerriak 3 boto

100.000 biztanletik gorako udalerriak 4 boto

Partzuergoan barne hartutako Udalek korporazioko kideen artean izendatu eta kargutik kenduko dituzte beren ordezkariak. Partzuergoaren ordezkarien iraunaldiak bat etorri beharko du toki-korporazioetan duten agintaldiarekin.

Batzar Nagusian, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Zuzendaritza Batzordean dituen zazpi ordezkariak izango dira.

Eusko Jaurlaritzako zazpi ordezkariek udal-ordezkari guztiak batzeak ematen duen emaitzaren bikoitza izango den boto-kopurua izango dute Batzar Nagusian. Hortaz, Batzar Nagusian dauden boto guztien artean, bi heren Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izango dira beti, eta gainerako herena berriz, Partzuergoan barne hartutako gainerako erakundeen ordezkariak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzari esleitutako botoen banaketa (Batzar Nagusian dauden boto guztien bi heren) ondoko eran egingo da Eusko Jaurlaritzak Batzar Nagusian dituen ordezkarien artean:

% 30. Partzuergoko lehendakaria

% 20. Partzuergoko Lehendakariordea

% 10. Hezkuntza arloan eskumena duen Saileko ordezkaria

% 10. Hezkuntza arloan eskumena duen Saileko ordezkaria

% 10. Hezkuntza arloan eskumena duen Saileko ordezkaria

% 10. Hezkuntza arloan eskumena duen Saileko ordezkaria

% 10. Gizarte Gaietan eskumena duen Saileko ordezkaria

Udal-ordezkarien boto-kopurua denborarekin alda daitekeela kontuan hartuta, Batzarra egin baino hilabete lehenago Partzuergoko Gerenteak bidezko zenbaki-kalkuluak egingo ditu udal-ordezkari bakoitzak dituen botoak eta udal-ordezkarien guztizko botoak egiaztatzeko. Jarraian, kalkulu hauetan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzako kideei dagozkien botoak eta elkarren arteko banaketa ezarriko ditu.

Partzuergoko gerenteak, Batzarra egiteko deialdiarekin batera, ordezkarien zerrenda eta Batzarreko kide bakoitzak izango dituen botoak adieraziko dituen egiaztagiri bat helaraziko dio Batzar Nagusiko kide bakoitzari.

Ordezkatutako erakundeek beren ordezkariak kargutik kendu eta horiek ordezkatuko dituztenak izendatu ahal izango dituzte, bai eta ordezkaritza izendatu ere edozein arrazoirengatik halakorik ez dagoenean. Kasu hauetan, ordezkari berriaren agintaldia hasieran izendatutakoari geratzen zaion eperako izango da.

Partzuergoko kide bat legez ezarritako izapideak egin ondoren banantzen denean, bere ordezkariak automatikoki Batzar Nagusitik eta Partzuergoaren gainerako organoetatik kanpo geratuko dira.

12. artikulua.– Partzuergoan barne hartutako erakundeen ordezkarien berriztapena.

Partzuergoan barne hartutako edozein erakunderen gobernu-organoak berritu ondoren, erakundeek beren ordezkarien izendapenaren egiaztagiria igorri beharko diote Partzuergoari organoak eratu eta hurrengo hiru egunetan.

13. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.

Zuzendaritza Batzordea Partzuergoko lehendakariak, lehendakariordeak eta beste 8 kidek osatuko dute eta guztiak Partzuergoan barne hartutako erakundeen ordezkarien artean aukeratuko dira. Adierazitako zortzi kideak era honetan aukeratuko dira:

1.– Bost Eusko Jaurlaritzak izendatuko ditu, Hezkuntza arloan eskumena duen Sailaren proposamenez lau eta Gizarte Gaietan eskumena duen Sailaren proposamenez bat.

2.– Beste hirurak Partzuergoan barne hartutako udalerriak ordezkatzeko izendatuko dira.

Zortzi kide horiek ordezkoak izango dituzte kargu hori hutsik dagoenean, kide titularra ez dagoenean edo gaixorik dagoenean. Ordezkoak titularren modu berean aukeratuko dira.

Zuzendaritza Batzordearen baitan bozketak egiteko, Eusko Jaurlaritzako ordezkoak udal-ordezkari guztiak batzeak ematen duen emaitzaren bikoitza izango den boto-kopurua izango dute, hortaz Zuzendaritza Batzordean dauden boto guztien artean, bi heren Eusko Jaurlaritzaren ordezkarienak izango dira beti, eta gainerako herena berriz, Partzuergoan barne hartutako gainerako erakundeen ordezkariak.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien bi herenak era honetan banatuko dira:

– Partzuergoko lehendakaria 1’5 boto

– Gainerako ordezkariak: 0’75 boto bakoitza

Berdinketarik izanez gero, lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du.

Halaber, gerenteak Zuzendaritza Batzordearen bileretan parte hartuko du, baina botorik gabe.

14. artikulua.– Lehendakaria.

Partzuergoko lehendakariaren kargua (Batzar Nagusiko eta Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria izango dena) Hezkuntza arloan eskumena duen Saileko sailburuak beteko du.

Dena den, Partzuergoko lehendakariak Zuzendaritza Batzordeko edota Batzar Nagusiko lehendakari gisa dituen funtzioak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza arloan eskumena duen Sailak izendatutako lau kideetako bati eskuordetzan eman ahal izango dizkio.

15. artikulua.– Lehendakariordea.

Partzuergoko Lehendakariordea Eusko Jaurlaritzak izendatuko du Nekazaritza arloan eskumena duen Saileko sailburuaren proposamenez.

Lehendakariordeak hitza eta botoa izango du Batzar Nagusian eta Zuzendaritza Batzordean, eta lehendakaria ordezkatuko du kargu hau hutsik dagoenean edo lehendakaria ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, Partzuergoko lehendakariak Zuzendaritza Batzordeko lehendakari gisa dituen funtzioak espresuki eskuordetzan eman ez baditu behintzat, aurreko artikuluaren azken paragrafoan adierazitako moduan.

16. artikulua.– Gerentea.

Gerentea pertsona bakarreko organoa da eta Partzuergoko lehendakariak izendatuko du kualifikazio egiaztatua duten profesionalen artean. Partzuergoko zerbitzuen zuzendaritza dagokio, Zuzendaritza Batzordearen eta lehendakariaren ikuskapenpean eta agintepean.

Gerenteari ondokoak aplikatuko zaizkio: Jaurlaritzako kideen, administrazioko goi-kargudunen eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoen eta sozietate publikoen zuzendaritza-taldekideen jarduerak eta ondarezko eskubide-ondasunak adieraztea eta erregistratzea arautzeko den otsailaren 23ko 129/1999 dekretua eta, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzeko den otsailaren 130/1999 dekretua, lanpostua uzteagatiko kalte-ordainari dagokionez.

IV. KAPITULUA
ESKUMEN FUNTZIONALA

17. artikulua.– Batzar Nagusiaren eskumenak.

Batzar Nagusiari ondoko esleipenak dagozkio:

1.– Urteko Kontuak onartzea.

2.– Estatutuak aldatzea.

3.– Partzuergoa desegitea.

4.– Partzuergoaren inbertsio plan eta programak aldatu edo berrikustea.

5.– Bere esleipenak Zuzendaritza Batzordeari, lehendakariari edo gerenteari eskuordetzan ematea.

6.– Estatutuetan Batzar Nagusiari berariaz esleitzen zaizkion beste funtzio guztiak.

18. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen eskumenak.

Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen eskumenak ondokoak izango dira:

1.– Aurrekontuaren proiektua eta honen betearazpen-oinarriak onartzea.

2.– Partzuergoaren helburu diren jarraibideak, planak eta programak landu eta onartzea eta Batzar Nagusiari aurkeztea.

3.– Jarraibide, plan eta programa hauek garatu eta gauzatzea.

4.– Udalerri berriak sartzeko baldintza orokorrak ezartzea.

5.– Udalerri berrien sarrera onartzea eta, lehendik zeudenen banantzearen kasuan, banantzearen likidazioa eta baldintzak onartzea.

6.– Barne-araudirako instrukzio orokorrak lantzea.

7.– Estatutuak aldatzeko proposamen guztiak, Batzar Nagusiari aurkeztea.

8.– Kudeaketa ekonomikoa egitea onartutako aurrekontuei eta betearazpen-oinarriei jarraiki.

9.– Zerbitzuen antolamendu orokorra eta langile-egitura onartzea, betiere Gerentearen txostenaren ondoren.

10.– Batzar Nagusiari Partzuergoaren inbertsio plan eta programak aurkeztea eta, ondoren, gauzatzea.

11.– Beste administrazio batzuek Partzuergoari esleitutako edo eskuordetzan emandako eskumen guztiak onartzea.

12.– Edozein mota eta jurisdikziotako Organo, Epaitegi eta Auzitegien aurrean ekintza judizialak eta administratiboak egiteko eta Partzuergoaren aurka sustatutakoen aurrean defentsa xedatzeko bidezkotzat hartzen dituen erabakiak hartzea. Horretarako, beharrezkoak diren ahalordeak emango ditu eta abokatuak eta prokuradoreak izendatuko ditu, premiazko kasuetan lehendakariak dituen ahalmenen kaltetan izan gabe.

13.– Kudeatutako zerbitzuen tarifak, prezioak edo kuotak finkatzea.

14.– Obra, zerbitzu eta hornigaien kontratazioa eta emakida.

15.– Ondasun eta eskubideak eskuratu eta besterentzea eta horien gaineko transakzioa egitea.

16.– Gastuak baimentzea Aurrekontuaren betearazpen-oinarriei jarraiki.

17.– Batzar Nagusiak eta lehendakariak eskuordetzan ematen dizkioten esleipen guztiak betetzea.

18.– Estatutu hauetan Batzar Nagusiarentzat edo lehendakariarentzat berariaz erreserbatu gabeko Partzuergoaren eskumenak betetzea.

19.– Langileak hautatzeko oinarriak ezartzea eta, langileen plantilla, honen aldaketak, lanpostuen zerrenda eta ordainsarien kopurua onartzea.

20.– Langileak kontratatzea, eta halaber, bidezkoa den ustezko kasuetan diziplina-espedienteak abiarazi eta ebaztea, iraizpena barne.

21.– Hitzarmen kolektiboak onartzea.

22.– Bere esleipenak lehendakariari edo Gerenteari eskuordetzan ematea.

19. artikulua.– Lehendakariaren eskumenak.

Lehendakariak ondoko esleipenak izango ditu:

1.– Partzuergoa negozio juridiko guztietan eta organismo publiko edo pribatuen aurrean ordezkatzea, aginduak emateko eta ahalordeak eskuordetzeko edo emateko ahalmena izanik.

2.– Kide anitzeko organo guztien bilkuretarako deialdia egitea eta bilkurak zuzendu, eten eta amaitzea. Berdinketaren kasuan, bere kalitateko botoak erabakiko du.

3.– Ekintza judizialak eta administratiboak eta premiazko kasuan Partzuergoaren aurka hasitako prozeduretan defentsarako beharrezkoak diren jardunak hastea. Horretarako, beharrezkoak diren ahalordeak emango ditu eta abokatuak eta prokuradoreak izendatuko ditu.

4.– Premia geroraezinaren kasuan, bere kabuz eta bere erantzukizunpean, beharrezkotzat hartzen dituen neurriak hartzea eta berehala organo eskudunari jakinaraztea.

5.– Partzuergoko Gerentea izendatzea eta kargutik kentzea.

6.– Konfiantzazko edo aholkularitza bereziko lanpostuak betetzen dituzten behin-behineko langileak izendatzea eta kargutik kentzea.

7.– Lehendakariak bere funtzioak eskuordetzan eman ahal izango dizkie Partzuergoko beste organo batzuei, edo Hezkuntza arloan eskumena duen Saileko ordezkariren bati Zuzendaritza Batzordean.

20. artikulua.– Lehendakariordearen eskumenak.

Lehendakariordea Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeko eta Batzar Nagusiko eskubide osoko kidea da. Gainera, lehendakaria ordezkatuko du kargu hau hutsik dagoenean edo lehendakaria ez dagoenean edo gaixorik dagoenean.

21. artikulua.– Gerentearen eskumenak.

Gerenteak ondoko funtzioak hartuko ditu bere gain:

1.– Partzuergoko zerbitzuen zuzendaritza eta burutza.

2.– Zuzendaritza Batzordeari eta lehendakariari Partzuergoaren funtzionamendu egokia lortzeko eta helburuak behar bezala betetzeko komenigarritzat hartzen dituen neurri guztiak proposatzea.

3.– Partzuergoko organoen erabakiak eta ebazpenak betearaztea eta organo hauek berariaz eskuordetzan emandako funtzioak bere gain hartzea.

4.– Ordainketak agintzea Aurrekontuaren betearazpen-oinarriei jarraiki.

5.– Partzuergoko organoen azterketa, ezagutza, bideratze eta onarpenera jarri beharreko gaiak eta dokumentuak prestatzea.

6.– Partzuergoko organoen bilkura eta bileretara joatea.

7.– Dokumentazioa igortzea eta egindako eragiketen eta zerbitzuen erregistroak eta estatistikak eramaten direla zaintzea.

8.– Ekitaldi bakoitzaren amaieran Zuzendaritza Batzordeari Partzuergoaren kudeaketaren garapena barne hartuko duen Memoria igortzea.

9.– Partzuergoaren erabakiak argitaratu, bete eta betearaztea, eta Partzuergoaren berezko obren eta zerbitzuen burutzapen egokia zaintzea.

10.– Gastuak Aurrekontuaren betearazpen-oinarrietan ezarritako mugen barruan xedatzea, ordainketak agintzea eta kontuen berri ematea.

11.– Partzuergoko idazkari gisa, kide anitzeko organoen bilkuretako aktak idaztea eta Estatutu hauen 11. artikuluan adierazitako egiaztagiriak ematea.

12.– Agintzen zaizkion beste esleipen guztiak.

V. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA

22. artikulua.– Bilkurak egiteko lekua.

Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bilkurak, ohikoak zen ezohikoak, Partzuergoaren egoitzan edo lehendakariak adierazten duen lekuan egingo dira.

23. artikulua.– Bilkuren aldizkotasuna.

Batzar Nagusiak urtean behin egingo du ohiko bilkura. Ezohikoa berriz, lehendakariak, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko botoen, gutxienez ere, heren bat baino gehiago osatzen duen kide-kopuru batek erabakitzen dutenean egingo da.

Zuzendaritza Batzordeak hilero egingo du ohiko bilkura. Ezohikoa berriz, lehendakariak edo hitza eta botoa duten Zuzendaritza Batzordeko bost kidek edo gehiagok erabakitzen dutenean egingo da.

24. artikulua.– Deialdiak.

Batzar Nagusiaren bilkuretarako deialdia adierazitako data baino gutxienez hamabost egun natural lehenago egingo da.

Zuzendaritza Batzordearen bileretarako deialdia berriz, adierazitako data baino gutxienez bost egun natural lehenago egingo da.

Bi kasuetan, deialdirako epea murriztu ahal izango da lehendakariak justifikatutako premia-arrazoiengatik.

Deialdiaren iragarkiak bileraren data, lekua, ordua eta aztertu beharreko gai guztiak adieraziko ditu. Gai-zerrendan barne hartu gabeko ezein gairi buruz ezin izango da eztabaidatu edo erabaki, premia handiko kasu batean eta organoko kide guztiak bertaraturik, gehiengoak gaia barne hartzea erabakitzen duenean izan ezik.

Batzar Nagusirako deialdien kasuetan, deialdiari Gerenteak emandako eta 11. artikuluan adierazitako egiaztagiria erantsiko zaio. Egiaztagiri horrek Batzar Nagusiko kideen zerrenda eta Batzarreko kide bakoitzak duen boto-kopurua jasoko ditu.

Deialdiari erantsiko zaio, halaber, gai-zerrendan barne hartutako gaiei buruzko dokumentazioa eztabaidarako eta, hala badagokio, bozketarako.

25. artikulua.– Eraketa.

Batzar Nagusia lehen deialdian balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da legezko boto-kopuruaren herena osatuko duten Partzuergoko kideak bertaratzea. Quorum hau bilkura osoan mantendu beharko da. Quorumik ez badago, bilera automatikoki bi egunetara eta ordu berean egiteko deituta geratzen dela ulertuko da. Orduan ere beharrezkoa den quoruma lortzen ez bada, lehendakariak ondoriorik gabe utziko du deialdia.

Zuzendaritza Batzordea balio osoz eratzeko, botoa emateko eskubidea duten kideen legezko kopuruaren gehiengo osoa beharko da.

Kasu guztietan, beharrezkoa izango da Partzuergoko lehendakaria eta Gerentea (edo legez ordezkatzen dituztenak) bertaratzea.

26. artikulua.– Erabakiak hartzea.

Partzuergoko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratuen botoen gehiengo soilez hartuko dira, aurkakorik xedatzen denean izan ezik. Berdinketarik izanez gero, bozketa berriz egingo da. Berdinketak jarraitzen badu, lehendakariaren kalitateko botoak erabakiko du.

Partzuergoa desegiteko, Batzar Nagusiko botoen kopuru ziurtatuaren bi herenen aldeko botoa beharko da.

Bestalde, Estatutuen aldaketari buruzko erabakia hartzeko, beharrezkoa izango da botoen kopuru ziurtatuaren gehiengo osoaren aldeko botoa.

Partzuergoko organoen bilkuren Akta egingo da eta, bertan, deialdiaren xehetasunak, bertaratutako ordezkariak, emandako botoak, eztabaiden laburpen bat eta hartutako erabakiak jasoaraziko dira. Aktak Partzuergoko Gerenteak baimenduko ditu lehendakariaren edo, hala badagokio, Lehendakariordearen Ontzat Emanarekin.

VI. KAPITULUA
ERREGIMEN EKONOMIKOA

27. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Partzuergoko Ogasuna osatuko duten baliabideak ondokoak dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ekarpenak.

2.– Haurreskolak partzuergoaren ondarearen errentak eta produktuak.

3.– Nazioz gaindiko erakunde guztietatik, Estatutik, Autonomia Erkidegotik, Udaletatik edo bestelako erakunde publiko eta pribatuetatik jasotako diru-laguntzak, sorospenak, legatuak eta dohaintzak.

4.– Zerbitzua ematearen eta, bereziki, ezartzen diren prezio publikoen ondoriozko edozein motatako errendimenduak.

5.– Zerbitzu eta ustiapenen errendimenduak eta legez lor daitezkeen beste diru-sarrera guztiak.

28. artikulua.– Ekarpenen ordainketa.

Aurreko artikuluan adierazitako ekarpen ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak finkatutako moduan eta epean egingo dira. Ekarpen hauek nahitaezko eta lehentasunezko ordainketatzat hartuko dira.

29. artikulua.– Urteko Kontuak onartzea eta Aurrekontuaren berri ematea.

Urteko Kontuak Batzar Nagusiak onartuko ditu.

Aurrekontuaren berri emango zaio Batzar Nagusiari.

Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoa arduratuko da, auditoria bidez, Haurreskolak Partzuergoaren finantzen kontrolaz.

30. artikulua.– Gurasoen kuoten edo ekarpenen erregimena.

Partzuergoak zerbitzuak emateagatik gurasoei dagozkien tarifa, kuota, prezio edo ekarpenen zenbatekoa finkatuko du.

Tarifak uniformeak izango dira Partzuergoan barne hartutako eremu geografiko osoan.

31. artikulua.– Instalazioak.

Partzuergoa eratzen denean zein geroago sartzen diren udalerriak partzuergoko kide izateko sinatu beharreko berariazko hitzarmenetan, udalerriak partzuergoan sartzeko bete behar dituen baldintza partikularrak ezarriko dira, besteak beste: zerbitzua emateko erabiliko diren instalazioen baldintzak, beren ekarpena, eta ekarpen horren baldintzak, ezinbestekoa izango delarik baldintza horiek betetzea udalerria sartu ahal izateko.

Dena den, aurreikusitako helburuetara zuzendutako instalazioak kokatuta daudeneko udalerriaren ardura izango da horiek mantendu, garbitu eta mantentzea.

VII. KAPITULUA
LANGILE-ERREGIMENA

32. artikulua.– Erregimen juridikoa.

Partzuergoak langile propioak hautatuko ditu deialdi publiko bidez, eta horretan publikotasun-, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideak bermatuko dira. Horrela aukeratutako langileen Partzuergoarekiko lotura indarrean dagoen lan-arloko legeriaren modalitateetan oinarrituko da. Zuzendaritza Batzordeari dagokio langileen plantilla onartzea, edozelan ere, haur-eskoletako hezitzaileek osatuko dutena.

Partzuergoko langileei, 16/1993 dekretuak ezarritako zerbitzuaren kalte-ordainak aplikatu ahal izango zaizkie.

VIII. KAPITULUA
UDALERRIAK SARTZEA ETA BANANTZEA

33. artikulua.– Sartzea.

Udalerri berri bat Partzuergoan sartzeko, beharrezkoa izango da:

a) Erakunde interesatuak eskatzea. Udalerria sartzeko erabakia korporazioaren osoko bilkuran hartuko du legez ezarritako gehiengoak. Erabaki horren bidez, Partzuergoaren Estatutuak eta Partzuergoak udalerria sartu ahal izateko finkatutako baldintzak onartuko dira.

b) Zuzendaritza Batzordeak onartzea. Sarrerari buruzko erabakian, finkatutako baldintza partikularrak islatu beharko dira.

Kide berrien sarrera Euskadiko aldizkari ofizialetan argitaratuko da.

34. artikulua.– Borondatezko banantzea.

Edozein udalerri Partzuergotik borondatez banantzeko, beharrezkoa izango da:

a) Korporazio interesatuaren osoko bilkurak erabakitzea.

b) Banantzearen ondorioz sortzen diren gastuak eta Partzuergoak hartutako pasiboaren zatia ordaintzea.

c) Zuzendaritza Batzordeak likidazio-kontua onartzea.

35. artikulua.– Nahitaezko banantzea.

Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen edo Batzar Nagusiaren iritziz Partzuergoan barne hartutako erakunde batek legeetan edo Estatutuetan ezarritako betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian bete gabe utzi baditu, erakunde hori Partzuergotik banantzea erabaki ahal izango da Batzar Nagusiaren gehiengo osoz, betiere bidezko espedienteari hasiera eman ondoren.

IX. KAPITULUA
ESTATUTUEN ALDAKETA

36. artikulua.– Estatutuen aldaketa.

Estatutu hauek lehendakariaren edo Zuzendaritza Batzordearen edo, Batzar Nagusiko botoen gutxienez herena ordezkatzen duten Batzorde Nagusi horretako kideen ekimenez.

Batzar Nagusia ezohiko bilkuran eratu ondoren, gehiengo osoz onartuko da, betiere eskatutako txosten guztiak aurkeztu ondoren.

Horrela onartutako Estatutuen aldaketa Partzuergoan barne hartutako erakunde guztiei jakinaraziko zaie eta aldizkari ofizialetan argitaratuko da.

X. KAPITULUA
PARTZUERGOAREN DESEGITEA

37. artikulua.– Arrazoiak.

Partzuergoa ondoko kasuetan desegingo da:

1.– Edozein zirkunstantziarengatik eratzeko arrazoi izan ziren helburuak bete ezin direnean.

2.– Legezko xedapen bidez.

3.– Batzar Nagusiak bi herenen gehiengoarekin erabakitzen duenean.

4.– Partzuergoarenekin bat datozen eskumenak dituen beste erakunde publiko edo pribatu batekin bategitean, erakunde horrek irenstean edo bertan integratzean.

38.artikulua.– Prozedura.

Desegiteari buruzko erabakia edo proposamena jasotzen denetik hogeita hamar eguneko epean, Zuzendaritza Batzordea Likidazio Batzorde gisa eratuko da. Batzorde hau Gerenteak eta aholkularitza-funtzioak betetzeko lehendakariak izendatutako hiru teknikarik osatuko dute. Lehendakariak, halaber, arlo honetako teknikariei edo perituei bileretarako deialdia egin ahal izango die hauen iritzia entzuteko edo pertsona horien espezialitateko gai zehatzei buruzko txostenak edo irizpenak prestatzeko.

Likidazio Batzordeak, 4 hilabeteko gehieneko epean, Partzuergoaren ondasun eta eskubideen inbentarioa egingo du, baliabideak, kargak eta zorrak adieraziko ditu eta langileen zerrenda egingo du.

Likidazio Batzordeak, inbentarioa ikusi ondoren, ondasunak, eskubideak eta zorrak Partzuergoan barne hartutako erakundeen artean banatzea eta integratzea proposatuko du. Horretarako, Likidazio Batzordeak likidazio-jardunen egutegia adieraziko du.

Likidazio-proposamena Batzar Nagusiak onartu beharko du eta loteslea izango da Partzuergoan barne hartutako erakunde guztientzat.

Partzuergoaren desegiteak horrek dituen langileekiko lan-harremanaren iraungipena ekarriko du. Dena dela, eta legeak zerbitzu-prestazioen jarraipena udalerriei egokitzen ez badie, hauek ez dira, langileekiko harremanari dagokionez, partzuergoaren oinorde izango.

AZKEN XEDAPENA

Partzuergo hau, bere izaera juridikoari jarraiki, indarrean dagoen Autonomia Erkidegoko eta Estatuko araudiari lotuko zaio Estatutu hauek arautzen ez dituzten alderdi guztietan.

Horretarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen 30/92 Legean xedatutakoari lotuko zaio. Halaber, ekonomia eta finantza erregimenari dagokionez, honako hauek izango dira subsidiarioki aplikatzekoak: Euskadiko Diruegitamuen Jaurpideari buruzko Legea aldatzen duen 9/1994 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko ekainaren 30eko 14/1994 Legea eta Euskadiren Ondareari buruzko 14/1983 Legea.


Azterketa dokumentala