Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2015eko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
788

18/2015 DEKRETUA, otsailaren 17koa, zeinen bidez baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundeari Sociedad Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen partaidetzak erosteko Infrastructure Arzak 2, B.V.-ri.

Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen kide den Infrastructure Arzak 2, B.V.-ek bere titulartasunekoak diren partaidetzak besterentzeko borondatea adierazi du.

Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusia baino lehen, Enagasek eta Energiaren Euskal Erakundeak, biak Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen kideak, akordio bat sinatu zuten Infrastructure Arzak 2, B.V.-ren partaidetzak biek eskuratzeko, horrela, akziodunen azken osaera parekidea izateko gisan (% 50 EEE eta % 50 Enagas); horretarako, EEE-k partaidetzen % 20 eskuratuko du, eta Enagas-ek, % 10. Akordioan ezartzen duenez, Energiaren Euskal Erakundeak Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko du Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen 1.200 partaidetza erosteko Infrastructure Arzak 2, B.V.-ri, orotara 23.200.000 euro ordainduta, zeinari aplikatuko baitzaio % 6ko interesa eragiketa 2015eko apirilaren 1etik 30era bitartean gauzatzen bada, eta % 8 gehiago, apirilaren 30etik gauzatu arte iragandako egunengatik.

2015eko urtarrilaren 21ean, Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak, kide guztien ahobatezko adostasunarekin, erabaki zuen partaidetza sozialak eskualdatzeko akordioari adostasuna agertzea.

2015eko otsailaren 12an, Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Batzordeak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea Energiaren Euskal Erakundeari baimena emateko, Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatean kapital sozialaren % 20aren titular den Infrastructure Arzak 2, B.V.-ren partaidetza sozialen kopuru bat eskuratzeko, orotara 23.200.000 euro ordainduta; izan ere, eragiketa hori egiteko, goragoko paragrafoetan esan denez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da.

Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen xedea da, batetik, gas natural likidotua lurruntzeko instalazio bat eta horren instalazio osagarriak analizatzea, garatzea, sustatzea, eraikitzea, egikaritzea eta mantentzea Bizkaiko Lurralde Historikoan, eta, bestetik, gas natural likidotua biltegiratzeko eta lurruntzeko behar diren zerbitzuak ematea, baita gas natural likidotua instalaziotik garraiatzea ere lurrundua izan dadin.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek. Partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko otsailaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatearen 1.200 partaidetza erosteko Infrastructure Arzak 2, B.V.-ri, orotara hogeita hiru mila eta berrehun (23.200.000) euro ordainduta, zeinari aplikatuko baitzaio % 6ko interesa eragiketa 2015eko apirilaren 1etik 30era bitartean gauzatzen bada, eta % 8 gehiago, apirilaren 30etik gauzatu arte iragandako egunengatik. Eragiketa honen ostean, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetza izango du Bahía Bizkaia Gas, S.L. sozietatean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko otsailaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala