Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2012ko ekainaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
2912

EBAZPENA, 2012ko ekainaren 7koa, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearena, Debako (Gipuzkoa), Praileaitz I haitzuloa, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko eta interesdunei entzunaldia emateko eta jendaurrean jartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19 artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Debako Praileaitz I haitzuloa (Gipuzkoa), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratu eta ondasunari dagokion babes-araudia ezarri zen 2007ko uztailaren 17ko 120/2007 Dekretuaren bidez (uztailaren 26ko EHAA, 143. zk.).

120/2007 Dekretua indarrean jarri zenetik, hainbat eskari jaso ziren Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean, bai haitzuloa bera eta bai haren ingurune mugatua babesteko ezarritako araubidea berrikusteko.

Euskal Kultura Ondareko zerbitzu teknikoek ere uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aldatzea komeni zela iritzi zuten, eta bertan eremukako zonifikazio berri eta zabalago bat proposatu zuten eta, ondorioz, eremu bakoitzean aplikatu beharreko babes-araubidearen zehaztapenak berriz definitzea.

Horregatik guztiagatik, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko maiatzaren 3ko Ebazpenaren bidez, Debako Praileaitz I haitzuloa (Gipuzkoa) monumentu izendapenaz sailkatutako kultura-ondasun deklaratu zuen uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko eta interesdunei entzunaldia eman eta jendaurrean jarri zen.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, zenbait alegazio aurkeztu ziren instituzio, elkarte eta partikular batzuen aldetik, eta espedientearen izapideekin aurrera egin zen.

2012ko urtarrilaren 27an, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren 12/12 Epaiaren jakinarazpena jaso zen, 120/2007 Dekretua onartzearen ondoriozko ondare-erantzukizunari buruzkoa. Hori ikusita, bertan behera utzi zen Jaurlaritzaren Kontseiluak onarturiko dekretu bidez ia amaitzear zegoen prozedura, ongi ikusi arte ebazpen judizial horrek zer nolako ondorioak izango zituen 120/2007 Dekretua aldatzeko eta Praileaitz I haitzuloa babesteko hasitako espediente horren egoera administratiboan. Horren aurretik, 2011ko urriaren 27an, berandutze-salaketa bat aurkeztua zuen Rafael Pérez Beristain jaunak, Mutrikuko Natur Taldea ingurumen defentsarako plataformaren izenean.

Horri dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen Legeak 11.4 artikuluan dioenez, kalifikazio-espedientea 12 hilabete baino lehen ebatzi behar da, espedientearen hasieratik kontatuta. Epe hori igarotakoan, edozein interesdunek salatu dezake berandutzea, hiru hileko epean. Kasu honetan, Administrazioak hiru hileko beste epe bat izango du ebazpena plazaratzeko. Berariazko ebazpenik ezean, espedientea iraungi egingo da.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2012ko ekainaren 7ko Ebazpenaren bidez artxibatu da uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aldatzeko espedientea. Espediente hau iraungi egin da Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako txostenaren arabera, artxibatu den aurreko espedienteari ekiteko arrazoiak indarrean daudela kontuan izanik, eta uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Debako (Gipuzkoa) Praileaitz I haitzuloa, monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzen duen uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aldatzeko espedienteari, kultura-ondasun horren babes-araubidean zonifikazio berri bat ezartzeko eta, halaber, araubide hori zonifikazio berrira egokitzeko, ebazpen honetako I. eranskineko mugaketaren arabera, II. eranskineko deskripzioaren arabera eta III. eranskineko babes-araubidean xedatutako zehaztapenen arabera. Ebazpen honetako I., II. eta III. eranskinek ordezkatuko dituzte aurrerantzean uztailaren 17ko 120/2007 Dekretuko orain arteko I., II. eta III. eranskinak.

Bigarrena.– Hasiera ematea Debako (Gipuzkoa), Praileaitz I haitzuloa, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasuna deklaratu zuen uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aldatzeko irekitako espedientea jendaurrean jartzeko epeari. Jendaurreko informazio-aldia hogei egunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Ezarritako epe horretan interesatuek nahi dituzten alegazioak egin eta agiriak aurkez ditzakete Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluek aurreikusten duten legez. Aipatutako espedientea Kultura Ondarearen Zentroan dago (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Debako Udalari (Gipuzkoa), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari ere, honako honen berri ematea: prozedura honi hasiera emateak eraginpeko aldeetan lur-zatiketak, eraikuntzak edo eraisketak egiteko udal-baimenen ondorioak eten egiten dituela, baita dagoeneko eman direnenak ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 22. artikuluaren arabera.

Laugarrena.– Espedientearen izapideei ekitea, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz.

Bosgarrena.– Sailkapena aldatzeko espedienteari hasiera emateko den ebazpen hau jakinaraztea interesdunei, bai Debako Udalari (Gipuzkoa), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari ere, eta bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena.– Uztailaren 3ko 120/2007 Dekretua aldatzeko espedienteari hasiera emateko den ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, guztiek honen berri izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 7a.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,

ANTONIO RIVERA BLANCO.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Praileaitz I eta haren ingurumaria zehaztasun handiagoz babestuko dituen araudi egokia finkatzeko eta moldatzeko, Deba ibaiaren meandroak eta A-8 autobideak –babestutako ondarearen muga orokorra– osatzen duten hirukia zedarritzen da. Mugatutako esparru horretan zazpi eremu bereizten dira:

– 1. eremua: haitzulo barruko eremua. Haren ahoaren koordenatuak honako hauek dira:

X: 551.402

Y: 4.791.973

Z: 65

Haitzuloa bera da, galeriak eta aztarnategi arkeologikoa barne, bai dagoeneko induskatu den eremua, bai induskatzeke dagoena.

– 2. eremua: egun haitzulotik ezagutzen den garapenaren kanpoaldeko hormatik neurtuta, 65 metroko gunea hartzen du.

– 3. eremua: 2. eremuan hegoaldeen dagoen tokian hasten da eta, 80 metroko sestra-kurbari jarraituz, Debako bide zaharrarekin lotu eta A-8 autobidearen mugakidea den inguruan ixten da.

– 4. eremua: haitzuloa aurkitzen den mendi-mazelaren gunea da, eta mendebalderantz zabaltzen da Deba ibaiaren meandroari paraleloan jarraiki, hormigoi-makinei dagokien plantaren zelaiguneraino. Iparraldean eta mendebaldean N-634 errepidearen trazadurarekin mugatzen du, errepide hori kanpo gelditzen dela; ekialdean 2. eremuarekin, eta hegoaldean 5. eremuko zati batekin eta 6. eremuarekin; horietatik bereiziaz, Debako itsasadarreko itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babeserako zortasun-eremua dago.

– 5. eremua: zona mugakidea da eta 2., 3. eta 4. eremuen ostean kokatzen da, 130 metrorainoko erradioan, haitzuloan egun ezagutzen den garapenaren kanpoaldeko hormetatik hasita. Gaur egun, erauzketa-jarduerak erabat aldatu du eremu hau.

– 6. eremua: 3., 4. eta 5. eremuekiko mugakidea; harrobiaren jardueraren ondorioz zona hau asko aldatu da; hala, jatorrizko mendigune karstikoa desagertu egin da.

– 7. eremua: Praileaitz VI haitzuloko hormetatik 7 metrorainoko perimetroa hartzen duen eremua da. Haitzuloak ipar-hego orientazioa duen galeria batez osatua dago, bukaera Praileaitz I-en hegoaldeko muturretik 45 bat metrora duena. Eremu honetan soil-soilik sartzen da 2. eremutik kanpo geratzen den galeria-zatia, alegia, galeriaren gainerako zatia 2. eremuan geratzen da. Haitzulorako sarbide ezagun bakarrak koordenatu geografiko hauek ditu:

X: 551355

Y: 4791859

Z: 53

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Haitzuloa Deba ibaiaren ondoan dago, eskuineko ertzean, ibaian bertan amaitzen den malda piko baten ipar-ekialdeko mendi-hegalean. Ahoa hiruki tankerako irekigune bat da, eta bertatik 60 m2 dituen atarte batera pasatzen da. Atarte honetatik bi galeria sortzen dira. Lehendabizikoa iparrera abiatzen da, baina sedimentuz betea dago. Bigarren galeriak hegora jotzen du, eta bi areto ditu, bata bestearen jarraian; indusketa arkeologikoaren ondorioz, lur-maila jaitsi denez gero, sarbidea erraztu egin da. Hemendik aurrera, bide mehar batetik igaroz, margoak dauden ingurura iristen da, non haitzuloa elkarrengandik urruntzen diren bi adarretan banatzen den, bata ekirantz eta bestea hegorantz.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Aplikazio eremua.

Babes-araubide honek bere baitan hartzen du Praileaitz I haitzuloaren monumentu-multzo sailkatuak bere mugaketaren barruan dituen gune, egitura, eraikuntza eta beste elementu guztiak. Mugaketa hori I. eranskinean jasotzen da, eta beraren deskribapena II. eranskinean.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluak araututakoari jarraikiz idatzi da babes-araubide hau, eta Praileaitz I haitzuloa sailkatutako kultura-ondasun –zehazki, monumentu gisa– izendatzen duen adierazpenaren zati da. Lege horren 28.1 artikuluak araututakoaren arabera, hirigintza-plangintzak babes-araubidea bete behar du.

Hori dela-eta, Praileaitz I haitzuloa monumentu kategoriako sailkatutako ondasun moduan jaso behar da hura dagoen herriaren plangintza-tresnetako Kultura Ondarearen Katalogoan. Halaber, tresna horiek xedatutako eremu-banaketak bat etorri beharko du babes-araubide honek egindakoarekin, berariaz egin baita hura zaintzeko eta kontserbatzeko. Nolanahi ere, horiek onesteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena beharko da.

Plangintza-tresnak kultura-ondasun honen babes-araubidea onartu aurretik idatzitakoak badira, aldatu egin beharko dira, baldin eta babes-araubide honek araututako babes-neurriekin bat ez badatoz edo babes-neurrien aurka egiten badute.

3. artikulua.– Eremu-sailkapena.

Praileaitz I haitzuloaren babesa bermatuko duen erabilera- eta jarduera-araubide orokorra ezartzerakoan, I. eranskineko mugaketan deskribaturiko zazpi eremuak bereizi behar dira babes-araudi honek hartzen duen esparruan:

– 1. eremua: hutsunearen barrualdea, egun ezagutzen garapenean. Haren ahoaren koordenatuak honako hauek dira:

X: 551.402

Y: 4.791.973

Z: 65

– 2. eremua: egun haitzulotik ezagutzen den garapenaren kanpoaldeko hormak oinarri hartuta, 65 metroko gunea hartzen du.

– 3. eremua: 2. eremuan hegoaldeen dagoen tokian hasten da eta, 80 metroko sestra-kurbari jarraituz, Debako bide zaharrarekin lotu eta A-8 autobidearen mugakidea den inguruan ixten da.

– 4. eremua: Praileaitz I haitzuloaren ahoa dagoen mendi-hegalaren gunea da, 2. eremutik mendebaldera. Mendebalderantz zabaltzen da Deba ibaiaren meandroari paraleloan jarraiki, hormigoi-makinei dagokien plantaren zelaiguneraino. Nagusiki jatorrizko topografiari eusten dio, eta bertako landaredi potentzialak estaltzen du ingurunea. Iparraldean eta mendebaldean N-634 errepidearen trazadurarekin mugatzen du, errepide hori kanpo gelditzen dela; ekialdean 2. eremuarekin, eta hegoaldean 5. eremuko zati batekin eta 6. eremuarekin; horietatik bereiziaz, Debako itsasadarreko itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babeserako zortasun-eremua dago.

– 5. eremua: zona mugakidea da eta 2., 3. eta 4. eremuen ostean kokatzen da, 130 metrorainoko erradioan, haitzuloan egun ezagutzen den garapenaren kanpoaldeko hormetatik hasita. Gaur egun, erauzketa-jarduerak erabat aldatu du eremu hau, halako moduz non mendiaren jatorrizko erliebea guztiz desagertu baita.

– 6. eremua: 3., 4. eta 5. eremuekiko mugakidea; harrobiaren jardueraren ondorioz zona hau asko aldatu da.

– 7. eremua: 7 metroko ermua, Praileaitz VI haitzuloko kanpoaldeko hormetatik hasita 2. eremuaren ertzeraino. Haitzulorako sarbide ezagun bakarrak koordenatu geografiko hauek ditu:

X: 551355

Y: 4791859

Z: 53

II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA

4. artikulua.– Irizpide orokorra.

1.– Babes-araubide honetan zehaztutako erabilerak eta jarduerak baino ez dira baimenduko. Ezarritako babesaren aurkako erabilera eta jardueratzat joko da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.

2.– Hala ere, babestutako eremuko lurra mugitzen edo aztarna arkeologikoak aldatzen ez dituzten erabilerak eta jarduerak egin ahal izango dira, baldin eta, babes-araubide honek xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren berariazko baimena eskuratzen bada.

5. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 1. eremuan.

1.– Irizpide orokorra.

Oro har, eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea honakoa da: babes bereziko gunea den aldetik, erabat murriztea babes maila honetako ondasunen egoera aldaraz dezakeen edozein giza jarduera, hau da, agerian dauden ondasun higiezinen hondakinak suntsi edo aldaraz dezakeen erabilera zein jarduera oro saihestea.

Adierazitako horrekin bat etorriz, eremu honetan erabilera zientifikoak baino ez dira onartuko, eta proposatutako jarduerek kontserbazioa, labar-artea aztertzea eta indusketa arkeologikoak egitea izango dute xede.

2.– Eraikuntzakoak ez diren erabilera eta jarduera zientifikoak.

Aztarnategiko lurrak iraultzeko jardueren artean, zientzia-ikerketara bideratutakoak baino ez dira onartuko eta, nolanahi ere, lan horiek egin aurretik Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak baimendutako egitasmoa beharko da.

Aurretik adierazi bezala, hauek dira 1. eremuan baimenduko diren jarduerak: indusketa arkeologikoak, labar-artearen aztertzea, eta kontserbatze eta finkatze lanak egitea. Horretarako, definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Indusketa arkeologikoa. Euskal Kultur Ondareari buruzko 1990eko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 45.2 artikuluak arautzen duenez, aztarna arkeologiko eta paleontologikoak ikertzea, dokumentatzea eta lurpetik ateratzea edo erauztea da, eta, aldi berean, sedimentuen estratigrafia aztertzea. Jarduera hori nahitaez egin behar da aztarnategiko aztarnak zaharberritzeko planen bat egin baino lehen, aztarnategiaren historiaren berri jakin ahal izateko eta, aztarnategia balioztatzeko aukerak aztertzean eta erabakiak arrazoitzean, oinarri sendoak izateko.

b) Labar-artearen azterketa. Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 45.2 artikuluko E puntuaren arabera, labar-artearen adierazpenak eta horien testuingurua metodo arkeologikoaren bidez aztertzeko eta dokumentazio grafikoan jasotzeko eta erreproduzitzeko lanen multzoa da.

c) Kontserbazioa eta finkapena. Aztarnategiak zaintzeko oinarrizko jarduerak, tratamenduak eta esku-hartzeak dira, haien oinarria eta egonkortasuna bermatzeko egiten direnak. Jarduera horien helburua aztarnategiak ez hondatzea da, baita horiek hobeto ikustea eta horiek ulertzen eta ezagutarazten laguntzea ere.

Eremu honetako jarduera zientifikoek aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagundu beharko dute, bai eta, hondatze bideari aurre eginez, ondasuna kontserbatzeko eta zaintzeko baldintza egokienak ziurtatzeko ere.

Margoak dauden tokirako sarbidea zorrotz murriztuko da, alegia, berariaz margook aztertzeko, analizatzeko eta dokumentatzeko beharra duten pertsonak baino ezingo dira bertan sartu, eta betiere aldez aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren baimena eskuratu beharko dute. Horrek ez du kentzen Gipuzkoako Foru Aldundiak eskumena duela jarduera arkeologikoak egiteko baimenak emateko, baita labar-artearen ikerketarekin loturiko baimenak ere, Euskal Kultura Ondareari buruzko 1990eko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 45.1 artikuluak ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 2. eremuan.

1.– Irizpide orokorra.

2. eremuan erabilera eta jarduerak mugatu egingo dira, halako moduz non ez baita onartuko baldintza naturalak aldaraz dezakeen inolako jarduera antropikorik, ez haitzuloan, ez eremu osoan, ez eta bertaraino irits daitezkeen iragazitako lurgaineko uretan ere. Oro har, ahalik eta baldintza naturalenei eusteko moduan murriztuko dira baimendutako erabilerak.

2.– Baimendutako erabilerak eta jarduerak.

2.1.– Basogintzako jarduerak eta erabilerak.

Landaredi potentziala ustiatzeko, drainatzeko eta berreskuratzeko jarduerak murriztuko dira. Honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Mozketa soila onartuko da bakarrik, sustraiak erauzi gabe, motzondoak bere horretan utzita alegia.

b) Egurra ateratzeko lanak entresaka bidez egingo dira, inoiz ere ez matarrasa edo baso-soilketa erabiliz.

Proiektu batean bildu beharko dira baldintza horiek guztiak, erabili beharreko makinak, mendi-pistak irekitzea, jarduerak egiteko beharrezkoak diren gainerako lan osagarri guztiak, eta haitzuloa babeste aldera horien inpaktua gutxitzeko hartuko diren neurri zuzentzaileak. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuan aurkeztuko da, bertan onartu eta lanek dirauten duten bitartean bertatik bertara beroriek gainbegiratzeko. Jarduera horiek egin ahal izateko irekitzen diren mendi-pistek harturiko lurrak lehengoratu egingo dira, ahal dela jatorrizko landaredi potentziala berreskuratuz. Lan hori egin beharko da batez ere mugakide diren eremuetako erauzketa lanak direla-eta eremu honetan irekitzen diren pistetan.

2.2.– Baimendutako beste erabilerak eta jarduerak.

Erabilera eta jarduera hauek soilik baimenduko dira: batetik, eremua bera babestera edo aztertzera bideratuak badaude, eta, bestetik, Santutegiaren ikerketarako edo kultura-hedapenerako beharrezko diren eraikuntza edo instalazioetarako badira. Horiek guztiak baimentzeko, proiektu bat aurkeztu beharko da, aztarnategia ikertzeko eta zaintzeko eta hura balioztatzeko premia adierazten duena, hain zuzen; proiektu hori, gainera, arkeologo eskudun batek izenpetu beharko du. Horren harira, soilik aipatutako proiektuak beharrezkotzat eta komenigarritzat jotzen baditu baimenduko dira. Halaber, beti beharko da Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren arloaren eskumena duen departamentuaren aurretiazko baimena.

Berariaz debekatuta dago eremu honetan bitarteko mekanikoen bidezko leherketak, zulaketak edo harri-erauzketak egitea.

7. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 3. eremuan.

1.– Irizpide orokorra.

Eremu honetako irizpide orokorra inguru egoki bat lortzea da, gune honetara iristeko bideak eta horien mantentze-lanak bermatuko dituena; gainera, ondasunaren izaera eta jatorriarekiko koherentziari eutsi beharko zaio.

2.– Baimendutako erabilerak eta jarduerak.

2.1.– Basogintzako jarduerak eta erabilerak.

Eremuaren baso-aprobetxamendua onartuko da, basoberritzeak, mozketak eta egurra ateratzeko lanak; baina inola ere ez matarrasarik.

Txosten batean bildu beharko dira baldintza horiek guztiak, barne hartuta erabili beharreko makinak, mendi-pistak irekitzea, eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren gainerako lan osagarri guztiak. Txostena Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuan aurkeztuko da, bertan onartu eta lanek dirauten duten bitartean bertatik bertara beroriek gainbegiratzeko. Jarduerak egiteko irekitzen diren pistak gerora errekuperatzeko plan bat egin beharko da, eta plan hori behar bezala gauzatuko da. Halaber, gaur egun eremu honetan irekita dauden pisten eragina jasaten duten lur guztiak lehengoratu egin beharko dira, eta horretarako, aurrez ingurune horietan zegoen baso-komunitatearen hazkundea bilatuko da.

2.2.– Baimendutako beste erabilera batzuk.

Gaur egungo erauzketa-lanekin zerikusirik ez duten oraingo bide-egiturak mantentzeko behar diren lanak onartuko dira, betiere egiten badira Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak aldez aurretik baimendutako proiektu baten barnean.

Ez da onartuko industriarako edo etxebizitzarako erabilera izango duen inolako azpiegitura edo jarduerarik. Gainerako jarduera edo erabilera guztiek lotura izan behar dute haitzuloa eta aztarnategia babestearekin edo balioztatzearekin, eta beti beharko dute Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuaren onespena.

8. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 4. eremuan.

1.– Irizpide orokorra.

Eremu honetako irizpide orokorra izango da haitzuloari eta haren ikuspegiari, urrutirik bada ere, eragina ekar diezaieketen jarduerak saihestea.

Eremu hau oso-osorik Debako itsasadarreko itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren babeserako zortasun-eremuan sartua dagoenez, eremuko irizpideari jarraikiz, jarduera guztiak Kostaldeari buruzko 22/1988 Legeak xedatutakoarekin bat egingo dira; nolanahi ere, erabilerak Administrazio eskudunak baimendu beharko ditu. Agregrakinak erauzteko jarduerak baimentzen badira eta horiek eremuko ondasunaren eta ingurunearen kontserbazioarekin bateraezinak badira, babes-araubidea aldatu egingo da mendi-mazela babesteko, ondasunaren ikuspegia behar bezala testuinguruan sartzeko moduko hedadura batekin.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ondasun higiezin sailkatuetarako ezarritako araudia aplikatuz, eta bertako 29. artikuluarekin bat, eremu honetan egin nahi den edozein jarduerak Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuaren baimena beharko du; horien artean sartzen dira, besteak beste, gaur egungo itxitura edo hesiei eragiten dieten lanak, bai eta 4. eremuan dauden lurgaineko zein lurrazpiko bestelako azpiegitura edo instalazioei eragiten dieten lanak ere. Behar izanez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak neurri zuzentzaileak sartu ahal izango ditu baimena emateko ebazpenean, baimendutako jarduerak Praileaitz I-ean izan dezakeen eragina saihesteko. Baimen hori beharko da, legez eska daitekeen beste edozein lizentzia edo baimen administratibo eskuratu aurretik.

Orobat, aipaturiko 7/1990 Legearen 29. artikulu horren beraren indarrez, 4. eremuan erabilera edo jarduera aldaketarik egin nahi izanez gero, Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuaren baimena beharko da.

9. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 5. eremuan.

1.– Irizpide orokorra.

Eremu honetan ezartzen den murrizketa bakarra abiadura-muga jakin bat gainditzen duten dardarak sortzen dituzten jarduerak dira, edota sistema hidrikora igaro daitezkeen elementu kutsatzaileak sortzen dituztenak, betiere kontuan hartuta sistema karstikoak eta mendigunean oro har jasaten duten degradazio handia.

Eremu honetan lehergaien erabilera onartuko da, baldin eta egiten bada aurrez Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako mozketa teknika mekanikoen bidez banaketa fisiko bat gauzatu den tokietan, eta haitzuloan ez bada sortzen 4 mm/s-ko abiadura gainditzen duen dardararik. Lehertu beharreko tokiak ez dira iritsiko 1 metrora luzetara, banaketa-lubakiaren irismen handieneko puntutik neurtuta, eta zulo lehergailudunaren luzera etenduraren sakonera baino % 20 laburragoa izango da. Baldintza hori betez gero, eta aurrez Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuaren baimena eskuratu eta gero, lehergailuak behar dituzten jarduerak egin ahal izango dira, betiere ezarritako 4 mm/s-ko muga gainditzen duten dardarak sortzen ez badute.

Abiadura eta dardarei dagokienez, leherketek eragiten dituzten dardarei buruzko UNE 22-381-93 araua hartuko da erreferentzia, eta bertako III egitura mota aplikatuko da.

2.– Baimendutako erabilerak.

Harria erauzteko lanak baimenduko dira. Dena den, leherketa bidez egindako erauzketak onartuko dira, baldin eta aurreko idatzi-zatian xedatutakoa betetzen bada. Erabiltzen diren teknikak dekretu honetan xedatutakoarekin bat datozela egiaztatzea Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuaren eginkizuna izango da, ezertan ere urratu gabe Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak meategien alorrean duen eskumena. Gipuzkoako Foru Aldundiak txosten lotesle bat bidaliko dio Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Energia eta Meategien Zuzendaritzari, harrobia ustiatzeko edozein plan onartu baino lehen.

Babes-araudi honetan erabili diren teknika, magnitude edo aldagaietan aldaketarik sortuz gero, 13. artikuluko Zaintza Planaren argitan aztertu beharko ditu aldaketa horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, hala badagokio, babes-araudi hau aldatzea eska dezake. Era berean, ondasunaren kontserbazioa bermatzea aldera egoki ikusten badu, aldaketak edo murrizketak ezar ditzake, kautelazko neurri gisa, Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak.

Harrobia lehengoratzeko planean kontuan hartu beharko da kultura-ondasuna, eta idazleen artean adituak izango dira, santutegirako lehengoratze-plan onuragarriena bermatzearren. Irizpide orokortzat hartuko da, ustiapena diseinatzean, haitzuloaren alboko zonak ahalik eta azkarren lehengoratzea.

Inola ere ezingo da mendigunearen lur azpia ustiatu.

Industriako eta eraikuntzako gainerako jarduerak ere debekatuta daude.

10. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 6. eremuan.

1.– Irizpide orokorra.

Mendiguneak egun duen degradazio-egoera eta bertako ustiapen-aurrerakuntza kontuan hartuta, eremu honetan egiten ari diren jarduerak mantentzea izango da irizpidea, baina zenbait baldintza jarrita.

2.– Baimendutako erabilerak eta jarduerak.

2.1.– Erauzketa-jarduera.

Indarrean dagoen erauzketa jarduera onartuko da, baina zenbait baldintza jarriko zaizkio. 5. eremuan, leherketen aurretik 9.1 artikuluan aipaturiko mozketa teknika mekanikoen bidezko banaketa fisikoa gauzatzen ez den bitartean, honako leherketa eta distantzia taula erabiliko da lehergai bidezko erazketa lanak egiteko:

Kargen eta distantzien taula (Abiadura: 4 mm/s)

(Ikus .PDF)

Proportzio horiek margoen gunean 4 mm/s-ko gehienezko dardara ezartzearen ondorio dira, betiere gaur egun harrobian indarrean dagoen sekuentziazio- eta karga- ezaugarriak errespetatuta eta erreferentziatzat hartuta leherketek eragiten dituzten dardarei buruzko UNE 22-381-93 araua, bertako III egitura mota aplikatuz.

5 eremuan egiten bada 9.1 artikuluan adierazitako isolamendu-lubakia, ikerketa berria egingo da kargen eta distantzien taula haitzuloaren ingurunearen egiazko baldintzetara moldatzeko.

Dena dela, 13. artikuluko Zaintza Plana gauzatzean haitzuloaren kontserbazioari eragin diezaioketen aldaketak aurkitzen badira, Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak aparteko neurriak hartu ahal izango ditu, eta, horiei esker, aurrez zehaztutako kargak murriztu ahal izango dira, hemen adierazi diren baldintzak berrezarri arte.

Egungo erauzketa-jarduera amaitu eta Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak ezarritako eskakizunak betetzen badira, Debako Udalak zona horretarako beste Plan Berezi bat sustatu beharko du, plana bermatzen duen ikerketa teknikoa egin ondoren, gainerako paisaia eta ondasuna bera kontuan hartuko dituena; plan horrek, hain zuzen, ezinbestean babestu beharko du ondasun hori, eta hemen azaldutako babes-erregimenarekin bat etorri beharko du.

2.2.– Baimendutako beste erabilerak eta jarduerak.

Gaur egungo erauzketa-lanekin zerikusirik ez duten oraingo bide-egiturak mantentzeko behar diren lanak onartuko dira, betiere egiten badira Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak aldez aurretik baimendutako proiektu baten barnean.

Oraingo nekazaritzako eta abeltzaintzako lanak baimenduta daude.

Industriako eta eraikuntzako gainerako jarduerak debekatuta daude.

11. artikulua.– Erabilerak eta jarduerak 7. eremuan.

1. artikulua.– Irizpide orokorra.

Eremu honetako irizpide nagusia Praileaitz VI barrunbea kontserbatzea da, kautelazko neurri gisa, harik eta Praileaitz I haitzuloarekin eta margoen aretoarekin jarraitasun fisikorik duen ala ez argitu arte.

Eremu horretan debekatu egingo dira erauzketa guztiak harik eta adituek bertatik bertara eginiko azterketa xehe batek zehazten duen arte ea barrunbeak jarraitasun fisikorik duen ala ez Praileaitz I haitzuloarekin. Ikerketa egin baino lehen Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak baimendu beharko du.

Ikerketa egindakoan eta emaitzen balorazioaren arabera, Babes Araubidea alda daiteke, betiere 13. artikuluko Zaintza Planaren esparruan.

12. artikulua.– Zigorrak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen arabera, babes-araubide honetan xedatutakoa urratuz dekretu honen aplikazio-eremuaren barruan egiten diren erabilera, jarduera eta lan guztiak gelditu ahal izango ditu Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak, eta, horrez gain, zigor-espediente bat ireki dezake, 7/1990 Lege hori hausteagatik. Ondorioz, aipatutako legearen 108. artikuluan eta horren atzetik dauden artikuluetan aurreikusitako zigorrak ezarri ahal izango dira.

III. KAPITULUA
BESTELAKO XEDAPENAK

13. artikulua.– Zaintza Plana.

Gipuzkoako Foru Aldundian kulturaren alorreko eskumena duen departamentuak harrobiaren jardueraren jarraipena eta santutegiaren kontserbazioarena egiteko abian jarritako Zaintza Plana egokituko dio dekretu honi, Debako Praileaitz I haitzuloa (Gipuzkoa), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen 2007ko uztailaren 17ko 120/2007 Dekretua aplikatuz.

14. artikulua.– Gizarte-interesa.

Haitzuloak eta haren aztarnategiak osatzen duten ondasunaren babesa eta zaintza, bai eta bertako labar-artea eta haren ingurumaria ere –Dekretu honetan ezarritako mugaketaren arabera– gizarte-interesekotzat joko dira, Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 21. artikuluak araututakoari jarraikiz.


Azterketa dokumentala