Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2012ko ekainaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2905

AGINDUA, 2012ko ekainaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012-2013 ikasturtean Lanbide Heziketarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak emateko laguntzetarako dei egiteko dena.

Otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegoaren hezkuntza-eremuan, maiatzaren 3ko Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoaren bosgarren kapituluan xedatutakoari eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege-Dekretuari, hezkuntza sisteman lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duenari, jarraituz.

Era berean, dekretu horretako 13. artikuluan hezkuntza sistemako lanbide heziketako erdi mailako eta goi mailako zikloetan sartzeko bideak zehazten dira. Erdi mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatua eduki beharko da, eta goi mailako prestakuntza-zikloetara sartzeko, berriz, batxilergoko titulua. Berariazko proba bidez ere sartu ahalko da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko apirilaren 13ko Aginduaren bidez, Lanbide Heziketako Heziketa Zikloetarako sarbidea arautzen da. 2. artikulua lanbide heziketara proba bidez sartzeari dagokio, eta bertan ezarrita dagoenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hezkuntza-zikloetara sartzeko probak deituko ditu gutxienez urtean behin; probak kasu bakoitzean zehaztutako egunean eta lekuan egingo dira.

Alde horretatik, eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntza sustatu eta pertsona helduei heziketa zikloetara sartzeko aukera zabaldu nahirik, ebazpen honen bidez itunpeko Ikastetxe pribatuei dei egiten zaie sarbide-proba horiek prestatzeko ikastaroa antola dezaten, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan.

Ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN XEDEA ETA HARTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuentzako diru-laguntza deialdia egitea Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloetarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak antolatu eta irakatsi ditzaten 2012-2013 ikasturtean. Ikastaroak 18 urtetik gorako herritarrei zuzendurik egongo dira, hain zuzen ere, lanbide heziketako zikloak ikasi nahi baina horretarako beharrezko titulaziorik ez dutenentzat.

2.– Erdi mailako heziketa zikloetarako sarbide-proba prestatzeko ikastaroak 360 orduko iraupena izango du. Goi mailako heziketa zikloetarako sarbide-probak bi zati ditu, orokorra eta espezifikoak. Horietako bakoitzak 180 orduko iraupena izango du eta ikastetxeek bi zatiak edo horietako bakar bat irakatsi ahal izango dute.

3.– Talde bakoitzean 15 ikasle egon beharko dute gutxienez, helburu horretarako bideratutako diru-baliabideen efizientzia bermatzeko, eta 35 ikasle gehienez, otsailaren 3ko 23/2009 Dekretuaren 16. artikuluaren arabera. Dekretu horren bidez ezarri zen Batxilergoko kurrikulua Euskal Autonomia Erkidegoan.

2. artikulua.– Diru-laguntza eska dezaketen Ikastetxeak.

1.– Lanbide Heziketako zikloak eta Batxilergoa irakasten duten EAEko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dute diru-laguntza.

2.– Irakaskuntza horiek ez dute ondorio akademikorik izango ikasleentzat.

3.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak jasotzeko ikastaroak doakoak izan behar dira partehartzaile guztientzat.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, AURKEZTEKO EPEA ETA EBAZTEKO PROZEDURA

3. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntza hori jaso ahal izateko, erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Klaustroak eskaera eta ondoriozko jarduerak ezagutzen dituela eta proiektu horrek ikastetxearen barne-antolakuntzan izan dezakeen ondorioaren erantzukizuna bere gain hartzen duela.

b) Ordezkaritza Organo Gorena eskaerarekin bat etortzen dela, osatzen duten ekintzak ezagutzen eta onartzen dituela, eta proiektua egiteko behar diren neurriak hartzeko eta Ikastetxearen Urteko Plangintzan sartzeko konpromisoa hartu duela, diru-laguntza emanda izango balitz.

c) Erakunde eskatzailea ez dago laguntzarik jasotzen ari xede eta helburu berarekin Administrazio Publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.

d) Erakunde eskatzailea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez dauka, eta ez dago laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

e) Entitate eskatzaileak bere gain hartzen duela, erabakian kontuan hartutako baldintzetako eragiten dien edozein zirkunstantzia aldatuz gero, aldaketa hori jakinarazteko konpromisoa.

f) Eskabide honetan bildutako eta eskabideari erantsitako dokumentazioan bildutako datuak egiazkoak dira.

g) Erakunde eskatzaileak laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen ditu.

h) Erakunde eskatzaileak egunean ditu indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

a) letratik g) letrara adierazitako betebeharrak eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpenen bidez egiaztatuko dira.

h) letran adierazitako betebeharra organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du; horretarako ez du erakunde eskatzaileen baimenik behar izango, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

2.– Diru-laguntzak jasotzeko eskatzailea edo ordezkari den erakundea ez da diru-laguntzak itzultzeko edo zigortzeko inolako prozeduratan egon behar, ezta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitazio-fasean dauden prozeduretan ere.

3.– Agindu honen bidez ez dira diruz lagunduko 15 ikasle baino gutxiago edo 35 ikasle baino gehiago dituzten taldeak.

4. artikulua.– Eskaeren aurkezpena modu elektronikoan egitea.

1.– Baliabide elektronikoak erabili behar izango dituzte erakunde interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautu egiten dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an eman zuen Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.

3.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak zelan egin jakiteko eta ereduak eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net.

4.– Eskabidea bide elektronikoz egin eta gero, helbide honetan egingo dira gainerako izapideak: https://www.euskadi.net/misgestiones.

5.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztu egin beharko dira euskadi.net egoitza elektronikoan https://www.euskadi.net.

6.– Eskabidearekin batera ondoko derrigorrezko dokumentazioa, 2012-2013 ikasturteari dagokion datuekin, aurkeztu behar da:

a) Laburpen-fitxa, ikasturtean garatuko den ikaskuntza deskribapenarekin non oinarrizko argibideak adieraziko diren, «Laburpen-fitxa» inprimaki normalizatuan ezarritako eskemaren arabera eginda. Inprimaki hau eskuratzeko, jo helbide elektroniko honetara: https://www.euskadi.net.

b) Honakoa adierazten duen justifikazio-txostena: ikastaro horiek emateko dagoen beharra; benetako eskea zein den eta proposatutako ikastaroak nola egokitzen diren eske horri; zein ikasleri zuzenduta dagoen, ikasle horien ikaskuntza-beharretara nola egokitzen diren, ikastaro horiek nola osatzen diren dagoeneko zonaldean dagoenarekin edota zonalde bereko beste ikastetxe batzuek aurkeztu dituztenekin (I. eranskina).

5. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko 2012-2013 ikasturtean erabiliko diren diru-baliabideak 224.000 euro izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Zenbateko hori gehitu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontuan harturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Gertaera hori ematen bada, diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da eta aipatutakoaren berri eman behar da Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

6. artikulua.– Diru-laguntza esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzaren esleipena lehiaketa bidez erabakiko da, eskaintzaren finantzaketa eskatu eta Agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenen artean.

2.– Eskaerak ondorengo irizpideen arabera balioetsiko dira, II. eranskinak ezartzen duen moduan.

a) Aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna eskaera egin duen ikastetxearen eraginpeko zonaldean dauden beharrekiko. Kontuan hartuko da eskaeraren eta izena eman duten ikasleei buruzko datu errealak: 20 puntu gehienez.

b) Ikastaroaren bideragarritasuna, ikastetxearen funtzionamenduaren eta eskarmentuaren ikuspuntutik. Funtzionamenduari dagokionez, kontuan hartuko dira sailaren ageriko inplikazioa ikastaroan eta ikastaroa emateko denbora-plangintzaren zehaztasuna. Bestalde, eskarmentua neurtzeko, aurretik ikastaro hau eman duten ikastetxeen ibilbidea hartuko da kontuan, hau da, talde finkatuak, bertan behera uzteak, aurkeztutakoak, gainditu dutenak: 20 puntu gehienez.

c) Eskatutako aurrekontuaren konparaketa Agindu honen 7. artikuluari jarraituz, kontuan hartuko dira doikuntza eta desbiazioa: 10 puntu gehienez.

3.– Punturik gehien daukaten eskaerak aukeratuko dira, erabilgarri dauden aurrekontu-kredituak edo horien gehikuntzatik sortutakoak agortu arte. Edonola ere, ez dute deialdi honen kontura diru-laguntzarik izango gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten eskaerek. Berdinketa emanez gero kontuan hartuko da aurreko 3 ikasturteko ikastetxearen ibilbidea nolakoa izan den eskolak ematen eskaintza honi dagokionez eta ondorengo datuen ekarpena baloratuko da: baimendutako taldeak, kontsolidatutako taldeak, matrikulatutako ikasleria, ikasketa uzteak, probetan aurkeztutakoak eta gaindituak.

7. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– 2012-2013 ikasturtean heziketa-zikloetarako sarbide-probak prestatzeko emango diren ikastaroen diru-laguntzan langileria gastuak eta funtzionamendu gastu guztiak egongo dira barne ondorengo mugekin:

a) Emandako diru-laguntza ezingo da izan inolaz ere, irakaskuntza horiek irakastetik sortutako eta behar bezala justifikatutako aurrekontu-defizita baino handiagoa.

b) Ezin izango ditu inolaz ere honako muga hauek gainditu:

– Goi mailakoa:

Atal komuna: 8.000 euro (180 h).

Atal espezifikoa: 8.000 euro (180 h).

– Erdi mailakoa:

16.000 euro (360 h).

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluari jarraituz, eskabideak ez baditu betetzen deialdian eskatutako baldintzak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskabidea atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena lege berekok 42. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

9. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

Eskabideen balioespena, xede horretarako sortutako Ebaluazio Batzordeak egingo du. Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Etengabeko Ikaskuntzako bi teknikari; bata batzordeburuaren egitekoak beteko dituena eta bestea idazkari-lanetan arituko dena, biak Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak izendatuta.

– Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak izendatutakoa.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen moduak eta publizitate prozedura.

1.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntza emateko prozedura ebazteko epea gehienez ere, 6 hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik kontatzen hasita.

2.– Deialdi honetan aurkezten diren eskaera guztiak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari dagokio deialdiaren ebazpena ematea, Ebaluazio Batzordearen proposamenez.

3.– Ebazpenean erabakiko da eskatutako diru-laguntzak eman edo ukatzea. Lehenengoetan erakunde onuraduna, diruz lagundutako ikastaroak eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutakoen kasuan, diru-laguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

4.– Diru-laguntza eman edo ukatzeko ebazpena interesatuei jakinarazteko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da adierazitako 6 hilabeteko gehienezko epean, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.

5.– Goiko paragrafoan adierazitako epea igaro eta prozeduraren ebazpenik argitaratzen ez bada, interesatuek euren eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko dute, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 44.1 artikuluari jarraituz.

6.– Administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpenaren prozeduraren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari, berau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzaren ordainketa epe bitan egingo da; lehenengoa, jaso beharreko diru guztiaren % 40, 14.4.a) artikuluan aipatutako epea igarotakoan egingo da, diru-laguntzari uko egin ez bazaio; eta geratzen den zenbatekoaren bigarren ordainketa, berriz, artikulu beraren d) eta e) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu eta horiek ebaluatu ondoren. Dokumentazioa bide elektronikoz aurkeztuko da, helbide honetan: https://www.euskadi.net/misgestiones.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren aldaketa, berrikusketa eta itzulketa.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena betiere ezarritako gutxienezko betekizunak gordez gero.

2.– Jasotako diru-laguntzaren itzulketa eta dagokion berandutza-korritua ondorengo arauetan zehazten da: Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Arautzaile Legeko 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan.

3.– Ondoren goian aipatu den Araudia eta bereziki gorabehera hauetakoren bat gertatuz gero, ikastetxeek jasotako diru-laguntza eta sortutako legezko interesak itzuli beharko dituzte:

a) Burutzen den proiektuaren eta ikastetxe onuradunek aurkeztutako azken txostenaren jarraipenetik jarduera onartzerakoan, hasierako proiektuan aurreikusitako gutxieneko helburuak ez dituztela lortzen ondorioztatzea.

b) Agindu honetan eta Agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa nola edo hala ez betetzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako diru-laguntzen onuradunek dituzten eginbeharrak ez betetzea.

4.– Itzultzeko prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan araututa dago (1992ko otsailaren 17ko EHAA).

III. KAPITULUA
DIRUZ LAGUNDUTAKO IKASTAROEN JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

13. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.

Heziketa-zikloetarako sarbide-probak prestatzeko ikastaroak ezarritako baldintzetan gauzatzen direla bermatzeko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak horien jarraipena egingo du Hezkuntza Ikuskaritzaren bidez.

14. artikulua.– Diruz lagundutako ikastetxeen betebeharrak.

1.– Deialdi honen barruan, 2012-2013 ikasturtean lanbide heziketarako sarbide-probak prestatzeko diruz laguntzen diren ikastaroak, Ikastetxearen Urteko Plangintzan sartu beharko dira.

2.– Ikasketa Burutzak diruz lagundutako ikastaroa abian jartzen dela zaindu eta horretarako jarduerak koordinatu beharko ditu. Lan hori Ikasketa Burutzak berak egingo du edo, bestela, berak eskuordetzen duen irakasleak, modalitate horretako prestakuntza-koordinatzailea izango denak. Koordinatzaile horrek, aldiro, eskaintzaren eta euren jardueraren garapenari buruzko informazioa emango dio ikasketa-burutzari, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da gai horrekin zerikusia duten gaiak aztertzen direnean.

3.– Ikastetxe onuradunek azken txosten bat egingo dute, eta bertan, diruz lagundutako ikastarorako aurreikusitako helburuen lorpen-maila eta emaitza partzialen berri emango dute. Aipatutako txostenak III. eranskineko eskemaren arabera egin eta, bi ale, dagokion Etengabeko Ikaskuntzako Lurralde-Unitateari helaraziko dizkiote 2013ko uztailaren 31 baino lehen.

4.– Diru-laguntza jaso duten ikastetxeek ondorengo beste betebehar hauek ere izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, deialdiaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den biharamunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek esanbidezko ukapena egiten ez badiote eta idatziz horren berri ematen ez badute, diru-laguntza onartzen dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza, eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta EAEko Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazioa ematea, deialdi honen kargurako jasotako diru-laguntzei buruz.

d) Lanbide Heziketako zikloak eskaintza partzialean irakasteko diruz lagundutako ikastetxeek artikulu honetan adierazitako betebehar guztiak ere betetzea.

e) Txosten ekonomikoa eta egindako gastuaren laburpena aurkeztu beharko da, ondorengo agiriak erantsita: gastu guztien zerrenda exhaustiboa, kapituluak eta kontzeptuak kontuan hartuta ordenatuta, fakturen zerrenda kronologikoki antolatuta eta beste edozein frogagiri, betiere legez onartuta badaude eta emandako diru-laguntzari badagozkio; guztia 2013ko uztailaren 31 baino lehen.

Ikastetxe onuradunek jasotako funtsen erabileraren egiaztagiriak gorde beharko dituzte, egiaztatu eta kontrola daitezkeen bitartean.

15. artikulua.– Etengabeko Ikaskuntzako lurralde unitateak.

Ikasturtea amaitzean, ikastetxeek bidalitako txostenean edo beharrezkoa den beste edozein datu nahiz txostenetan oinarrituta, dagokien Etengabeko Ikaskuntzako Lurralde Unitateak ondoko agiriak igorriko dizkio Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari:

– Ikastetxeen zerrenda. Zerrenda horrekin batera ikastetxe bakoitzari onartutako ikastaroak aurreikusitako helburuak zenbateraino bete dituzten adieraziko da eta gutxieneko helburuak lortu ez badira, aipatu egingo da espresuki.

– Ikastetxeka, ikastaro bakoitzean parte hartu duten ikasle-kopuruari eta ikasleek izan dituzten emaitzei buruzko txostena.

16. artikulua.– Irakaste-aldiko gorabeherak.

Irakaste-aldian, prestakuntza garatzean, gorabeherarik egongo balitz ikastaroak antolatu eta irakasteko diru-laguntza jaso duten ikastetxeetan, dagokien Ikuskaritzako Lurralde-Burutzak txostena igorriko dio Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako balditzetan izan diren aldaketak adieraziz edota helburu bererako jasotako beste diru-laguntza batzuk jaso dituela adieraziz. Horrenbestez, Zuzendaritza horrek behar diren neurriak hartuko ditu diru-laguntzak esleitzeko ebazpena aldatzeko, baldin eta laguntzen onuradun izateko gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen badu; hori guztia azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1.i) artikuluaren arabera. Dekretu horren bidez onartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimentzen dituztenak, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Eskaintza Partzialaren fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Etengabeko Ikaskuntzaren Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, 30/1992 Legea hartuko da aintzat, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua zati batean. Halaber, diru-laguntza publikoak arautzen dituen legedia.

Bigarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, hilabete biko epean. Epe biok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Hirugarrena.– Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak beharrezkoak diren ebazpenak erabakitzeko eskumena izango du, agindu honek ezarritakoa behar bezala bete dadin.

Laugarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 12a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-MEMORIA

4.6.b) artikuluan adierazten den justifikazio-memorian, gutxienez honako alderdi hauek jaso beharko dira:

1.– Ikastaro horiek antolatu eta emateko arrazoiak: benetan dagoen eskaera, ikasle hartzaileen ezaugarriak eta beren prestakuntza-beharrak.

2.– Ikastetxearen ibilbidea prestakuntza-ikastaroak ematen edota pertsona helduei prestakuntza ematen: matrikulatutako ikasleak, uzteak, probetara aurkeztuak, proba gainditu dutenak.

3.– Ikastetxearen eraginpeko zonaldean dagoen eskaintza.

4.– Finantzaketa zein ikastarotarako eskatzen den, ikastaro horietan parte hartuko duten ikasleen jarraipenerako plana: sarbide-proba gainditu duten ikasleak eta benetan lanbide-heziketako zikloetan matrikulatzen direnak.

5.– Ikastaroak emateko erabiliko diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

6.– Erabiliko den metodologia eta baliabide didaktikoak.

7.– Antolamendua, egutegia eta ordutegia.

II. ERANSKINA
ESKAERAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

a) Aurkeztutako eskaintzaren egokitasuna eskaera egin duen ikastetxearen eraginpeko zonaldean dauden beharrekiko: 20 puntu gehienez.

Irizpidearen banakapena: kontuan hartuko da eskaerari eta izena eman duten ikasleei buruzko datu errealak.

(Ikus .PDF)

b) Ikastaroaren bideragarritasuna, ikastetxearen funtzionamenduaren eta eskarmentuaren ikuspuntutik. 20 puntu gehienez.

Irizpidearen banakapena:

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

c) Eskatutako aurrekontuaren egokitzapena agindu honen 7. artikuluan ezarritakoarekiko. 10 puntu gehienez.

Irizpidearen banakapena:

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
AZKEN MEMORIA EGITEKO GIDOIA

1.– Eskaintzaren testuinguruaren ezaugarri orokorrak eta bereziak.

2.– Eskaintzaren helburuak bete diren:

– Hasieran proposatutako helburuak.

– Proiektua amaitzean lortutako helburuak: izena eman duen ikasle kopurua; proba gainditu duen ikasle kopurua; gainditu dutenetatik heziketa-ziklo batean izena eman duen ikasle kopurua.

– Ikastaroa utzi edo proba gainditu ez dutenen arrazoiak.

3.– Eskaintza garatzean egin diren aldaketak, hain zuzen, ondokoetan izan direnak:

– Metodologia.

– Antolakuntza.

– Egutegia.

4.– Irakaste-ibilaldian erabili den ebaluazio-prozesuaren sintesia.

5.– Ondorioak:

– Eskaintzaren lorpenak ikasleei eta irakasleari dagokionez.

– Ikastetxean izan duen eragina.

6.– Eskainitakoa eman duten irakasleak, beren egoera administratiboa eta horretarako erabili duten ordutegia.


Azterketa dokumentala