Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2012ko ekainaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2904

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako heziketa-zikloen helburua da ikasleei, etorkizuneko profesionalak diren aldetik, kalitatezko arte-irakaskuntza ematea, eta lanbide-heziketa bermatzea, irudi, produktu eta inguruen diseinuarekin zerikusia duten jarduerak behar bezala burutu ahal izan ditzaten.

Arte plastikoetako eta diseinuko erdi eta goi-mailako heziketa-zikloekin zerikusia duten ikasketa guztiak biltzen ditu Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzak.

Heziketa-zikloak antolatu dira Arte Plastikoarekin eta Diseinuarekin lotutako heziketa-munduaren eta lan-munduaren arteko zubi izan daitezen, eta, era berean, tresna baliagarriak izan daitezen arte– eta plastika-irakaskuntzaren eremuko heziketa hasi, eguneratu edo hobetu nahi duten guztientzat.

Esparru honetan, arte plastikoetako eta diseinuko heziketa-zikloen ohiko eskaintza publikoa Gasteizko Eskola Publikoan (Arte Eskolan) eman izan da, Ibarrekolanda BHIn (Bizkaian) eta Usandizaga-Peñaflorida BHIn (Gipuzkoan); era berean, ikastetxe pribatuek eskaintza osatzen dute. Ikastetxe horiek eskaera gehien duten espezialitateetan zentratzen dute eskaintza.

Ikastetxe horiek egiten duten lana aitortzeko eta horien sostenguan laguntzeko asmoz, honen bidez diru-laguntzetarako deia egiten zaie arte plastikoetako eta diseinuko ikastetxe pribatuei, agindu honetan adierazten diren baldintzetan.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 6/2011 Legean aurrekontu-sailak izendatzen dira, eta horiek betetzeko, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deialdia egitea, 2011-2012 ikasturteko langile-kostuak finantzatzeko.

Horretarako, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen ordainsari gordinak finantzatu ahal izango dira.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Helburu horretarako, gehienez ere, 117.424 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura.

Diru-zenbateko hori handitu ahal izango da. Horretarako, kontuan hartuko da eskatzen diren laguntzen zenbateko osoa eta ea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bestelako laguntza-programak burutzean aurrekontuan zer geratzen den agortu barik; dena den, deialdia ebatzi aurretik handitu beharko da diru-zenbateko hori. Halako egoera bat suertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduak, betiere 2011-2012 ikasturtean bestelako diru-laguntzarik, helburu berberarekin, jaso ez badute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik.

4. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak eta akreditazioak.

1.– Baldintzak:

a) 2011-2012ko ikasturtean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste diru-laguntzarik ez jasotzea.

b) Inor (pertsona zein erakunde) ezin izango da aurkeztu agindu honetan araututako diru-laguntza eta laguntzen deialditara, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, baldin eta zehapen penala edo administratiboa izatearen diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu badu, edo horretarako gaitasunik gabe utzi duen legezko debekua badu, sexua bereiztearren egoera horretan daudenak barne, beti ere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen arabera.

c) Ikastetxeak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak.

d) Alta emanda egotea Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

2.– Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar bezainbeste aldiz egiaztatuko du inoren baimenik gabe ea zergei eta gizarte-segurantzari dagozkion betebeharrak betetzen dituzten laguntza-eskatzaileek, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena– betez, bere 50.3 artikuluan esandakoari jarraituz.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, hain zuzen ere bere 50.6 eta 51.1 bis artikuluetan esandakoari jarraituz, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

● 2011-2012ko ikasturtean ez duela jaso Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste diru-laguntzarik.

● Ebazpenean kontuan hartutako zirkunstantzien edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen dutela.

● Pertsona edo entitate eskatzailea ez dagoela zehatuta administratiboki edo penalki, eta ondorioz ez duela galdu diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera edota ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

● Indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten eginbideak beteak dituela.

● Eskaerako eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko izapideak.

1.– Baliabide elektronikoak erabiliz egin ahal izango dituzte ikastetxe interesdunek eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak emateko edo ukatzeko ebazpena jaso arte. Justifikazioaren tramiteak era berean egin ahal izango dira.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an emandako Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa arautzen da.Helbide elektroniko honetan azaltzen dira eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak: https://www.euskadi.net.

3.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu ahal izango dira euskadi.net-en egoitza elektronikoan: https: // www.euskadi.net.

4.– Eskaera bide elektronikoaren bidez egin eta gero egin beharreko izapideak –dokumentazioa zuzentzea eta espedientearen egoera begiratzea– egiteko jo helbide honetara: https://www.euskadi.net/misgestiones.

5.– Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira, Herritarren Arretarako Bulegoetan, lurralde-ordezkaritzetan edo beste batzuetan, Eusko Jaurlaritzaren entitate laguntzaileetan, edota Araubide Juridikoaren ate Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1192 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, behar bezala betetako instantzia normalizatuen bitartez. Eskaera-eredua euskadi net-en egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da.

6.– Eskaerekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira derrigorrez, 2011-2012 ikasturteko datuekin:

a) Irakasleen zerrenda.

b) Ikasleen zerrenda.

c) Azken proiektuko ikasleak.

d) Kostu ekonomikoa.

e) Urteko batez besteko kostua.

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Ikastetxeen Zuzendaritzak eskabidean akats edo zehaztasun faltaren bat antzematen badu, interesatuari eskatuko dio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko, eta adierazi egingo dio, bestela, hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, beti ere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraikiz ebazpena eman eta gero.

8. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Ikastetxeen Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

9. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Eskabideak onartzeko, horiek bete egin beharko dituzte onuradunei eta diruz lagun daitekeen jarduerari eskatutako baldintza guztiak.

2.-Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, berriz, kontuan hartuko da zenbat ordu finantza daitezkeen, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako hainbanatu egingo da, onuradun bakoitzak finantzatzeko moduan, guztira, dituen ordu kopuruaren proportzio berean.

3.– Nolanahi ere, laguntzak ez du inoiz gaindituko 1. artikuluan diruz laguntzeko aurreikusten den gastuaren % 100.

10. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Ikastetxeen Zuzendaritzak egindako proposamena ikusita, Hezkuntzako sailburuordeak emango du diru-laguntzen gaineko ebazpena. Ebazpen hori emateko epea sei hilabetekoa da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Ebazpen hori banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, eta Eukal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarriko da.

2.– Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, eskabidea ukatutzat joko da.

3.– Ebazpen honen kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

11. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Laguntza justifikatu eta gero, ordainketa bakarrean ordainduko zaie diru-laguntza ikastetxeei, diru-laguntza emateko ebazpena argitaratu, eta hurrengo bi hilabeteren buruan.

12. artikulua.– Diru-laguntza zertarako erabili den eta jasotako funtsak nola aplikatu diren justifikatzea.

1.– Laguntzaren justifikazioak betetako instantzia normalizatuen bitartez egin ahal izango dira. Era berean bide elektronikoz aurkeztu ahalko dira: https://www.euskadi.net/misgestiones; edozein modutan, langileen izenen zerrenda aurkeztuko da, eta banan-banan adierazita zenbat kostatzen den, guztira. Adierazitako langileek Gizarte Segurantzan duten alta-kontratua edo –ziurtagiria erantsiko zaio; bestela, T.C.a edo horren agiri baliokideak erantsiko dira, langile horien lan-egoera normalizatuaren egiaztagiri moduan.

2.– Frogagiriak 2011-2012 ikasturtean egindako gastuenak izango dira, eta dagokion gobernu-organoek berretsita aurkeztuko dira.

3.– Laguntzak hilabeteko epean justifikatu beharko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak orokorrean jasotzen dituen betebeharrak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunen buruan interesdunek beren beregi eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.

b) Diru-laguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

c) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.

d) Helburu bererako beste diru-laguntza edo laguntzarik lortuz gero, diru-laguntza ematen duen Administrazioari jakinaraztea

14. artikulua.– Beste laguntza batzuk jasotzeko aukera.

1.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, baldin eta beste erakunde publiko edo pribatu batek ematen baditu helburu bererako.

2.– Alabaina, xede bererako lortu diren diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, kostu osotik gorakoa bada, diru-laguntzaren zenbatekotik gorako soberakina kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzarik.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzarik aldatuz gero, beti ere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

2.– Horretarako, Ikastetxeen zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du; ebazpen horretan, doitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

16. artikulua.– Diru-laguntza eskuratzeko eskubidea galtzea eta diru-laguntza itzultzea.

Diru-laguntza emateko baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, emandako diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta jasotako dirua eta horren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, beti ere kontuan hartuta, batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/91 Dekretua.

17. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok «Musika-eskolentzako diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdiaren berri emateko bertan parte hartzen dutenei. Ikastetxeen Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak betetakoak direla.

18. artikulua.– Baremoak.

I. Baremoa.– Parametro orokorrak.

Diruz laguntzeko orduak izango dira:

1.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko zikloei, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lehentasunezkotzat jotzen dituenei (Arte-argazkigintzari eta Lorategiko elementuei) 150 ordu diruz lagunduko zaie, baldin eta ikastetxe eskatzailean martxan ari badira.

2.– Arte Plastikoetako eta Diseinukoak ez, lehentasunezkoa ez den bestelako ziklo bakoitzeko: 100 ordu

3.– Euskaraz ematen den APD ziklo bakoitzeko: 50 ordu

4.– APD zikloetan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko (azken proiektuan matrikulaturiko ikasleak kenduta) diruz lagunduko dena:

– Lehentasunezko zikloetako ikasleengatik: 1,5 ordu

– Gainerako zikloetako ikasleengatik: ordu 1.

1., 2., 3. eta 4. puntuetako datuak egiaztatzeko, «Ikasleen zerrenda» beteko da.

5.– Azken proiektuan matrikulaturiko ikasle bakoitzeko: 4 ordu.

5. puntuko datuak egiaztatzeko, «Azken proiektuko ikasleak» agiria beteko da.

II. Baremoa.– Irakaskuntzaren kostua.

Orduko batez besteko kostua ateratzeko, ondoko eragiketa egingo da: ekonomia-ekitaldiko guztizko kostua, APD zikloei buruzkoa, zati APD zikloetako asteko irakastorduak. I. baremoa aplikatzetik ateratako irakastordu diruz lagungarri bakoitzeko, ehuneko (%) bat aplikatuko da, kostuaren arabera, eta ondoko taula aintzat hartuta:

(Ikus .PDF)

II. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «Irakasleen zerrenda» eta «Kostu ekonomikoa» agiriak beteko dira.

III. Baremoa.– Ikasleen kostuaren araberakoa.

Kalkulatzeko, kontuan hartuko da, matrikula eta hilekoak direla-eta, 1. eta 2. mailako ikasleek duten batez besteko kostua; dena den, hortik kanpo geratuko dira amaierako proiektuaren matrikulak eta ikasturte urterako matrikulatuta ez daudenak.

Guztirako batez bestekoa kalkulatzeko, dituzten batez besteko kostuak guztira dauden zikloen artean banatuko dira. Azkenean, matrikulak eta hilekoak guztira dituzten prezioak gehitu, eta koefiziente bat aplikatuko zaie I. eta II. baremoak aplikatuta guztira diruz lagun daitezkeen orduei, beti ere taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

III. baremo honetako datuak egiaztatzeko, «Urteko batez besteko kostua» agiria beteko da.

IV. Baremoa.– Diruz lagundu beharreko orduak kalkulatzea.

Finantza daitekeen ordu bakoitzeko diru-laguntza kalkulatzeko, eragiketa hau egingo da: eskueran dagoen partidaren guztizkoa (2. artikulua) zati erakunde eskatzaile guztien ordu finantzagarrien guztizkoa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratzen den egunetik hasita.

Bigarrena.– Prozedura-gaietan agindu honek aurreikusten ez duen guztirako, osagarri moduan aplikatuko dira laguntza eta diru-laguntza publikoen gaineko legeak eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 29a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala