Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2012ko ekainaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2901

EBAZPENA, 2012ko ekainaren 1ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearena, AZP funtzionarioentzako zerbitzu betekizunak deitu eta esleitzeko prozedura arautzeko dena.

2012ko maiatzaren 16an Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiari jarraituz, onartu egin da AZPko funtzionarioen zerbitzu betekizunen oinarrizko printzipioei buruzko erabakia, eta horretan jasota dago, hain zuzen ere, gerentearen ebazpenaren bitartez arautuko dela zerbitzu betekizun desberdinak gauzatu eta garatzeko prozedura. Horrela, bada, jarraian daude bilduta gai honetan kontuan hartu beharreko alderdi guztiak.

Aipatu erabakiak xedatutakoari jarraiki, urriaren 13ko 190/2004 dekretua eta, zuzenean zein zeharka aplika litezkeen izaera orokorreko gainontzeko xedapen eta arauak aplikatuz eta, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko 2011ko otsailaren 25ean emandako ebazpenarekin bat etorrita,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Arautzea.

1.– Ebazpen honen helburua da UPV/EHUko Administrazio eta Zerbitzuetako funtzionarioentzako gordetako lanpostuak zerbitzu betekizunen bidez aldi baterako betetzeko prozedura zehaztea, lanpostuok betetzeko era lehiaketa bidezkoa denean.

2.– UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako funtzionarioentzako gordetako lanpostuak aldi baterako betetzeko prozedura 2012ko maiatzaren 10eko akordioak, honako ebazpen honek eta gai honetan aplikatzekoak liratekeen izaera orokorreko gainontzeko xedapenek jasotako postulatuekin bat etorrita burutuko da, betiere, prozeduraren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuta.

3.– Zerbitzu betekizunak aldi baterako izango dira beti, ebazpen honek ezarriko dituen iraupen eta ondorioekin eta zehaztutako aplikazio arauekin bat etorrita.

2. artikulua.– Zerbitzu betekizunen mota desberdinak.

Honako mota hauek zehazten dira zerbitzu eginkizunen artean:

1.– Lanpostu hutsak edo titularra kanpoan duten lanpostuak aldi baterako betetzeko zerbitzu betekizuna. Izaera horri egokituko zaizkio ebazpen honen bosgarren artikuluak jasotzen dituen baldintzak biltzen dituzten lanpostuak.

2.– Zerbitzu betekizunak eginkizunak burutzeko, premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrizanengatik.

Mota honetako zerbitzu betekizunak ebazpen honetako hamaikagarren artikuluan daude zehaztuta.

Bi mota bereiziko dira:

2.1.– Premiak arrazoiak eta zerbitzuen beharrek bultzaturiko arrazoiak bitarteko direla, karreradun funtzionarioak zerbitzu-eginkizunetan atxiki daitezke hainbat zeregin bete ahal izateko.

2.2.– Karrerako funtzionarioak zerbitzu betekizunetarako izendatuak izan daitezke baldin eta aldi batean lan handiagoa dagoelako edo unean uneko egoera kontuan hartuta eginkizun guztiak ezin badituzte bete lanpostura atxikitako funtzionarioek. Arestian aipatutako kasu bietan beharrezkoa da, aldez aurretik, zerbitzuen betekizuna jasoko lukeen funtzionarioaren adostasuna.

3.– Administrazio publikoen arteko zerbitzu betekizunetako edo nazioarteko lankidetzarako programetan parte hartzeko diren zerbitzu betekizunetarako, indarreko arautegiak kasu horietarako ezarritakoari jarraituko zaio.

4.– Nahitaezko zerbitzu betekizunak, arloan ezar daitekeen arautegi orokorraren babesean beteko dira.

3. artikulua.– Zerbitzu betekizunen iraupena.

Zerbitzu betekizunak gehienez ere bi urterako izango dira, salbu eta aplikatu beharreko legeriak bestelako epe edo iraunaldia ezarriko balu, edo lanpostuko titularra aldi baterako kanpoan deneko kasuetan. Azken kasu honetan, zerbitzu betekizunak titularra kanpoan dagoen bitartean, aldi osoan, beteko dira.

Lanpostu hutsak edo titularra kanpoan duten lanpostuak hornitzeko zerbitzu eginkizunak honako zio hauetakoren batengatik amaituko dira:

1.– Lanpostuko funtzionario titularra itzuli edo berriro lanera buelta delako.

2.– Lanpostua behin betiko bete delako.

3.– Zerbitzu betekizunetarako izendatutako funtzionarioak uko egin eta onartu egin zaiolako; salbuespena dira nahitaezko zerbitzu betekizunak, horrelakoetan ez baitago uko egiteko aukerarik.

4.– Zerbitzu betekizunerako zehaztutako epea bete delako.

5.– Zerbitzu betekizunetarako izendapena bertan behera geratu delako, egoera hori beren beregi adierazita.

4. artikulua.– Eskariak egiteko ekimenak.

Lanpostuak aldi baterako betetzeko ekimena kasuan kasuko atal edo zerbitzuko arduradunari dagokio.

Alabaina, eskaria campuseko gerenteordeari igorri beharko zaio lanpostua campuseko ikastegi edo zerbitzu batera atxikita dagoenean; ordea, zerbitzu nagusietako lanpostua bada, pertsonaleko gerenteordeari egin beharko zaio eskaria.

Edozelan ere, gerenteak ofizioz hasi dezake lanpostua zerbitzu betekizunetan betetzeko prozedura, betiere, horretarako baldintzak betetzen badira.

5. artikulua.– Deitu beharreko lanpostuak.

Nahitaez egin beharko da zerbitzu betekizunetarako deia ebazpen honetan jarraitutakoari jarraituz, baldin eta lanpostu bat aldi baterako betetzeko eskaria egiten bada eta ondoko baldintzak betetzen badira:

1.– Lanpostua gutxien dela urte betean hutsik egongo dela aurreikusten denean; halako egoeratzat hartuko da lanpostuak titularrik ez daukanean edo titularra honelako egoeraren batean dagoenean: ardurapeko seme-alabak zaintzeko baimenarekin, zerbitzu berezietan, sindikatuko ordezkari lanak betetzen edo lanpostua gordeta izatea dakarren beste edozein egoeratan. Horrez gain, deia egiteko, lanpostua ondoko mailetako batekoa izan behar da:

– A taldea: 24. maila edo handiagoa.

– B taldea: 22. maila edo handiagoa (Artxibo, Biblioteka eta Museoetako Laguntzaileen Eskala).

– B taldea: 21. maila edo handiagoa (Unibertsitate Gestioko Eskala).

– C taldea: 19. maila edo handiagoa.

– D taldea: 17. maila edo handiagoa.

– E taldea: 14. maila edo handiagoa.

2.– Era berean, sortzen diren lanpostu berri guztietarako eta hutsik geratzen diren guztietarako ere egingo da deialdia, aurreko paragrafoetan adierazitako mailen arabera; titulazio talde batera baino gehiagora irekita dauden lanpostuetarako ere egingo deia.

3.– Nahi izanez gero, eta aurreko paragrafoan zehaztu ez diren kasuetan, lanpostua prozedura honi jarraituz deitutako zerbitzu betekizunen bidez bete ahal izango da, betiere, aurreikusten bada sei hilabetetik gora egongo dela lanpostua hutsik edo sei hilabetetik gora egongo dela titularra/lanpostua betetzen duena kanpoan.

4.– Salbuespenak.

Ebazpen honetan zehaztutako prozeduran salbuespenak egin daitezke zerbitzuaren proposamenari jarraituz interesatua ados badago eta Pertsonaleko gerenteak horretarako baimena ematen badu. Salbuespenak honakoetan egin ahal izango dira:

4.1.– Funtzionarioari, osasun arazoengatik, aldi baterako beste lanpostu bat esleitu behar zaionean. Horrelakoetan, 2005eko maiatzaren 13ko akordioan zehaztutako prozedurari jarraituz beteko da lanpostua.

4.2.– Zerbitzu betekizunetarako izendatuak uko egin dionean izendapenari, betiere, hiru hilabete baino gutxiago igaro badira ebazpen honetako prozedurari jarraituz deitutako zerbitzu betekizunak ebatzi direnetik. Horrelakoetan, zuzenean, prozeduran puntuazio handiena lortu duen hurrengo izangaiari egin dakioke izendapena.

4.3.– Zerbitzu betekizunean dagoen langileak lanpostua uzten badu titularra itzuli delako edo lanpostua gordeta izateko eskubidea zuen funtzionarioa itzuli delako edo izangaien artean eskubide handiagoa daukan norbaitek beteko duelako, eta 3 hilabete baino lehenago berriro ere lanpostua bete gabe geratzen bada, aukera egongo da zerbitzu betekizunetan zegoen langile hura berriro izendatzeko zerbitzuok betetzeko.

4.4.– Titularra 6 hilabetetatik behera egongo denean lanpostutik kanpo.

6. artikulua.– Eremu subjektiboa.

1.– Lanpostuak zerbitzu eginkizunaren bidez aldi baterako betetzeko deialdietan UPV/EHUko karrerako funtzionarioek hartu ahal izango dute parte, baldin eta:

a) Jarduneko zerbitzuan badaude edo nahitaezko eszedentzian, seme-alabak zaintzeko eszedentzian, edo beste administrazio publiko batean aritzeko eszedentzian egonik edo borondatezko eszedentzia hartuta egonik lanera itzultzea eskatu badute (eszedentzian eman beharreko gutxieneko denbora behin igarota azken kasuan).

b) Deitutako lanpostuaren talde eta eskala berekoak badira; hala ere, lanpostua talde eta eskala bitara zabalik dagoenean, talde eta eskala bietako funtzionarioek hartu ahal izango dute parte.

c) Talde bereko baina eskala desberdinekoak badira.

d) Deitutako lanpostuaren beheragoko hurrengo talde eta eskalakoak badira.

Parte-hartzaile posibleko erlazioa egingo da haiek esandako blokeetarako adostasuneko elkartuz eta balio izango du lehentasun-ordena, 10. artikuluan ezarritakoaren arabera jartzeko.

e) Deialdia argitaratu aurreko urtebetean, prozedura honen bidez, zerbitzu betekizunetarako izendapenik izan ez badute (salbuespena da 2.3 puntuan adierazitako).

2.– Aurreko puntuetan adierazitako kasu guztietan, izangaiak lanpostuen zerrendaren arabera lanposturi dagokion titulazioa, hizkuntza eskakizuna izan beharko du, bai eta beste hizkuntza batzuetarako zehaztutako betekizunak ere.

7. artikulua.– Argitara ematea.

1.– Lanpostua zerbitzu betekizunen bidez aldi baterako betetzeko xedez deialdia egiteko erabakia hartu ondoren, UPV/EHUko gerenteak ebazpena emango du deialdia argitara emateko, eta bertan jasota ageriko dira: lanpostuaren izena, lanpostuen zerrendan lanposturako zehaztutako betekizunak eta kontuan hartuko diren merezimenduak.

2.– Iragarkia UPV/EHUren intranetean emango da argitara, eta horrez gain, oharra jarriko da EHUtaulan.

8. artikulua.– Eskariak aurkezteko modua.

1.– Deialdietan parte hartzeko eskaria Pertsonaleko gerenteordeari zuzenduko zaio, eta eskariak aurkezteko bost egun balioduneko epea egongo da, deialdia argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Oro har, ostiraletan argitaratuko dira deialdiak; beraz, eskariak aurkezteko bost egun balioduneko epea hurrengo asteko astelehenean hasi eta ostiralean bukatuko da (biak barne).

2.– Eskariarekin batera, ondoko merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dira: beste unibertsitate publikoetan emandako zerbitzuak, beste administrazio publikoetan emandakoak, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialak eta titulu akademikoak. Agiriok lehenago ere beste prozesuren baterako aurkeztuta izanez gero, aski izango da merezimendua adieraztea eta agiria zein prozesutarako aurkeztu zen zehaztea.

3.– UPV/EHUk ofizioz balioetsiko ditu UPV/EHUko antzinatasuna, gradua eta bertan emandako zerbitzuen merezimenduak.

4.– Deitutako lanpostuak baldintza espezifikorik badauka, eskariarekin batera baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira.

9. artikulua.– Merezimenduen, prestakuntzaren, euskararen eta bestelako hizkuntzen balorazioa.

1.– Antzinatasuna.

Administrazio publikoetan emandako zerbitzuak, funtzionario legez zein lan kontratudun legez: 0,45 puntu urte bakoitzeko; gehienez 15 puntu.

2.– Finkatutako maila pertsonala.

Maila pertsonala finkatuta izateagatik norbere kidego edo eskalan: gehienez ere 7,5 puntu ondoko irizpideen arabera:

a) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino gradu bat handiagoa bada: 7,5 puntu.

b) maila pertsonala eta eskatutako lanpostua maila berekoak badira: 5,5 puntu.

c) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino gradu bat txikiagoa bada: 3,5 puntu.

d) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino bi gradu txikiagoa bada: 1 puntu.

e) maila pertsonala eskatutako lanpostuaren maila baino 3 gradu txikiagoa bada edo alde handiagoa badago: 0,5 puntu.

3.– UPV/EHUn emandako zerbitzuak.

UPV/EHUn emandako zerbitzuengatik 18 puntu lortuko dira gehienera, honela banatuta:

a) Talde bereko lanpostu batean, bitarteko edo karrerako funtzionario gisa aritzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko, gehien dela, 18 puntu.

b) Eskatutako lanpostuaren talde bereko lanposturen batean edo parekoan aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 10 puntu.

c) Eskatutako lanpostuaren taldekoa ez den beste lanposturen batean aritzeagatik karrerako edo bitarteko funtzionario legez, edo lan kontratudun finko edo behin-behineko legez, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 5 puntu.

9.3 puntuan adierazitako merezimenduak baloratuko dira eskariak aurkezteko azken egunera arte lan egindako aldietako hilabeteak kalkulatuta. Hilabetera heltzen ez diren aldiak batu egingo dira, eta 30 egun natural hilabetetzat hartuko dira. Edonola ere, atal bakoitzean kasuan kasuko aldiak baino ez dira batuko.

4.– Beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuak.

Beste administrazio publikoetan emandako zerbitzuengatik, gehienez ere, 7 puntu lortuko dira, honela banatuta:

a) Talde bereko lanpostu batean karrerako edo bitarteko funtzionario legez aritzeagatik, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 7 puntu.

b) Eskatutako lanpostuaren talde bereko lanposturen batean edo parekoan aritzeagatik lan kontratudun langile finko edo behin-behineko legez, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 4 puntu.

c) Eskatutako lanpostuaren taldekoa ez den beste lanposturen batean aritzeagatik karrerako edo bitarteko funtzionario legez, edo lan kontratudun finko edo behin-behineko legez, 0,1 puntu hilabeteko; gehien dela, 2 puntu.

9.4 puntuan adierazitako merezimenduak baloratuko dira eskariak aurkezteko azken egunera arte lan egindako aldietako hilabeteak kalkulatuta. Hilabetera heltzen ez diren aldiak batu egingo dira, eta 30 egun natural hilabetetzat hartuko dira. Edonola ere, atal bakoitzean kasuan kasuko aldiak baino ez dira batuko.

Prestakuntza edo hobekuntza ikastaroetan eta euskara ikasten emandako denbora zerbitzuan emandako denboratzat hartuko da, bai eta norberaren kontuetarako baimena, aldi baterako ezintasuna eta pareko egoerak ere.

5.– Titulazio akademikoak.

Gehienez ere, 3 puntu lortu ahal izango dira eta eskatutako lanposturako behar den titulu akademiko ofiziala hartuko da oinarritzat; horrela, merezimendutzat aurkeztutako titulu ofiziala ezin izango da izan jatorrizko talde edo eskalan sartzeko eskatutakoa, eta, betiere, eskatutako lanposturako behar den titulu ofizialaren maila berekoa edo gorakoa izan behar da. Salbuespena dira titulazio talde desberdinetakoak diren talde edo eskalakoa izanik talde guztietara irekita dauden lanpostuetara aurkezten diren izangaiak; izan ere, horrelakoetan, beheragoko taldeko izangaiari ez zaio merezimendutzat hartuko beste batzuei jatorrizko talde edo eskalara sartzeko eskatu zaien titulu ofiziala. Bai baloratu ahal izango dira titulaziook baldin eta titulazio talde bitara irekitako lanpostuak betetzeko deialdietara beheragoko taldeko langileak baino aurkezten ez badira.

Merezimendu hau ondoko irizpide honen arabera baloratuko da:

a) Doktore titulua: 2,5 puntu.

b) Lizentziatu, graduatu, arkitekto edo ingeniari titulua: 2 puntu tituluko.

c) Diplomatu, arkitekto tekniko edo ingeniari tekniko titulua edo baliokidea: 1,5 puntu tituluko.

d) Goi mailako prestakuntza zikloetako tituluak: 1 puntu tituluko.

e) Batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide heziketakoa edo baliokidea: 0,75 puntu tituluko.

f) Eskola graduatua, lehenengo mailako lanbide hezkuntza edo baliokidea: 0,5 puntu tituluko.

Titulu baliokideren bat aurkezten denean, hartakotzat hartuko da baliokidetasuna arlo akademikoko ondorioetarako denean, baliokidetasunei buruz unean-unean ezar daitekeen araudiari jarraituz.

Aurreko b) eta c) atalen kasuan, 0,5 puntu lortuko dute ikertzeko gaitasun egiaztagiria edo Ikasketa Aurreratuen Diploma dutenek edo master ofizial bat edo gehiago dutenek; 0,25 puntu master ez ofizialetarako.

Aipatutakoak gorabehera, ez dira baloratuko merezimendutzat aurkeztutako titulua lortzeko beharrezko diren beheragoko mailako beste titulu batzuk.

6.– Hizkuntzak.

Atal honetan ingeleseko, frantseseko eta alemaneko tituluak/ziurtagiriak baloratuko dira, betiere, hizkuntza hori ez bada ezinbestekoa lanpostua betetzeko.

Atal honetan gehienez ere 2 puntu lortu ahal izango da, ondoko irizpideari jarraituz (Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua oinarri hartuta):

– B1 maila: 0,25 puntu.

– B2 maila: 0,5 puntu.

– C1 maila: 1 puntu.

– C2 maila: 2 puntu.

7.– Euskara.

7.1.– Hizkuntza eskakizunik ez duten lanpostuak eskatzen direnean, euskara merezimendutzat hartu eta irizpide hauen arabera baloratuko da:

(Ikus .PDF)

7.2.– Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuko 43.2 artikuluan adierazitakoari jarraiki, lanpostu batean aritzeko 4. hizkuntza eskakizuna derrigorrezkoa izan arren izangai batek ere ez badu egiaztatzen hizkuntza eskakizun hori, 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten izangaiek bete ahal izango dute lanpostua.

8.– Deialdian eskatutako baldintzak eta merezimenduak eskabideak aurkezteko azken eguna baino lehen bete beharko dira. Eskatzaileek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak besterik ez dira baloratuko; salbuespena dira unibertsitateak berak, ofizioz (antzinatasuna, finkatutako maila pertsonala, UPV/EHUn emandako zerbitzuak eta euskera), baloratuko dituen merezimenduak eta alegatu arren egiaztagiriak jada unibertsitatearen esku daudela adierazitakoak.

9.– Elkarrizketa:

A taldeko lanpostuetarako, lantoki osagarrirako 26., 27. edo 28. maila dutenean, elkarrizketa egingo zaio gurakoari, eta hori deialdian jasota ageri beharko da. Elkarrizketaren helburua da zerbitzu betekizunetan deitutako lanpostua betetzeko izangaiak dituen gaitasunak baloratzea, betiere, lanpostuaren monografian jasotako gaitasunak oinarri hartuta. Proba honekin gehienez ere 5 puntu lortu ahal izango dira eta ez da baztergarria izango.

Elkarrizketa prozedura honekin egingo da:

9.1.– Epaimahaia:

– Elkarrizketarako epaimahaia gerenteak izendatuko du.

– Izendapenak egiterakoan epaimahaiko kideak egokiak eta kualifikatuak direla bermatuko da.

Ondokoak dira epaimahaiko kideak:

– Epaimahaiburua: pertsonaleko gerenteordea edo hark aukeratutako pertsona.

– Bi epaimahaikide: bata, zerbitzuaren edo lanpostuaren atxikipenaren araberako errektoreordea edo gerenteordea; bestea, Pertsonaleko gerenteordeak aukeratuko du. Azken hori idazkaria izango da, eta ahotsa eta botoa izango du.

Epaimahaiburuak eta pertsonaleko gerenteak izendatutako epaimahaikideak IVAPk elkarrizketatzaileentzako antolatu edo homologatutako ikastaroa izan behar dute gaindituta.

9.2.– Elkarrizketa egiteko deia.

Zerbitzu betekizunetako deialdiko oinarrietan jasota egongo da elkarrizketa egingo dela eta horrez gain, ondokoak ere zehaztuko dira: elkarrizketan landuko diren gairik nagusienak, epaimahaiko kideak izen-abizenekin eta aldi beterako bete beharreko lanpostuan egin beharreko eginkizunik garrantzitsuenak.

9.3.– Elkarrizketa.

– Lanpostua zerbitzu betekizunetan betetzeko deialdia behin argitaratuta, epaimahaiburuak epaimahaia deituko du, eta deitutako lanpostuaren ezaugarriak aztertu ondoren, bilera egin eta elkarrizketaren nondik norakoak eta baremaziorako irizpideak zehaztuko dituzte, bai eta elkarrizketa non, noiz eta zein ordutan egingo den ere.

– Hori guztia adostu ondoren, izangaiei horren berri emango diete elkarrizketa baino gutxien dela 48 ordu lehenago.

– Elkarrizketa grabatu egingo da, baldin eta elkarrizketatuak horretarako baimena ematen badu.

– Grabazioa suntsitu egingo da deialdiko epeak behin amaituta.

– Grabazioak Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren babespean egingo dira.

9.4.– Elkarrizketatzaileak.

– Elkarrizketatzaileak deialdian bertan ageriko dira jasota, baina zeregin horretan aritu ahal izateko IVAPk elkarrizketatzaileentzako antolatu edo homologatutako ikastaroa izan behar dute gainditua.

– Elkarrizketatzaileek Pertsonaleko gerenteordearen menpekotasun funtzionala izango dute, kontuan izan gabe zein zerbitzuri dauden atxikita.

9.5.– Elkarrizketatzaileen eginkizunak.

– Deitutako lanpostuan izan beharreko ezagupen eta trebetasun garrantzitsuenei buruzko informazioa biltzea.

– Elkarrizketaren nondik norakoak eta ebaluaziorako irizpideak zehaztea.

– Elkarrizketa egin eta ebaluatzea.

– Aktan jasotzea elkarrizketa zehazteko erabili diren datuak eta elkarrizketaren emaitzak.

Elkarrizketa eta bere balorazioa behin eginda, epaimahaiburuak prozedurako dokumentazioan gehituko ditu.

Balorazioan epaimahaiko kideen artean % 30etik gorako aldea baldin badago, berrikusi egin beharko da.

10. artikulua.– Hautaketa.

1.– Hautatua izango da aurreko artikuluan merezimenduak baloratzeko zehaztutako baremazioaren arabera puntu gehien lortzen dituen izangaia eta, betiere, seigarren artikuluan adierazitako hurrenkerari jarraituko zaio hautaketa egiterakoan.

2.– Berdinketarik egonez gero, baremazioko ataletan eta adierazitako hurrenkerari jarraituz lortutako puntuazioari jarraituz ebatziko da.

AZPkoen Hautaketa eta Hornidura Zerbitzuak argitara emango du izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda, eta bi laneguneko epea irekiko du erreklamazioak egiteko. Erreklamazioak ebatzi ondoren behin betiko ebazpena onartuko da.

3.– Hautatutako pertsona adierazitako epean hasiko da zerbitzu betekizunen xede den lanpostuan edo eginkizunetan; edozelan ere, epe hori, gehienez ere, hiru hilabetekoa izango da esleipena egiten denetik kontatzen hasita, eta epea luzatzeko arrazoi objektiboak egon beharko dira. Hautatutako izangaia ez bada zerbitzu betekizunak betetzen hasten, administrazioak puntuazio gehien daukan hurrengo izangaia hautatu ahal izango du, horretarako ebazpen arrazoitua emanda.

4.– Oso egoera berezietan, deialdia hutsik geratu ahal izango da nahiz eta izangairik egon. Horrelakoetan, ebazpena behar bezala arrazoituta egon behar da.

11. artikulua.– Zerbitzu betekizunak eginkizunak burutzeko, premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrizanengatik, edo jarduera, plan edo proiektu berriak abian jartzeko.

Mota honetako zerbitzu betekizunak ondokoei jarraituz eta salbuespen-irizpide baxua, esleituko dira:

1.– Horrelakoetan karrerako funtzionarioei esleitu ahal izango zaizkie, baldin eta lanpostuari dagokion talde, eskala eta titulazio berekoak badira eta lanpostuen zerrendaren arabera lanpostuak ezarrita daukan euskarazko hizkuntza eskakizuna eta bestelako hizkuntzak egiaztatuta badituzte.

2.– Langile horiek lanpostuari dagokion administrazio unitateari atxikita egon behar dira formalki, edo, bestela, antzeko eginkizun eta lanetan esperientzia izan, eta, betiere, esperientzia horri esker esleitu beharreko lanpostuko eginkizun nagusienak egiteko gai bada eraginkortasunez.

3.– Administrazio unitatean pertsona batek baino gehiagok betez gero baldintza guztiak, esperientzia handiena daukana proposatuko da.

4.– Uneko egoeraren ondorioz, eta aldi batez, lanpostu bati atxikitako funtzionarioak ezin baditu bete esleitutako eginkizun guztiak eraginkortasunez edo lan zama handiegia daukalako, eta ondorioz zerbitzu betekizunen bidez beste langile bati esleitzen bazaizkio eginkizunetako batzuk, horrelakoetan, zerbitzu betekizunetan arituko den langileak, bere lanpostuari dagozkion eginkizunez gain, presazko edo beharrezko diren eginkizunok baino ezin izango ditu egin, eta, egin ere, aldi batez baino ez ditu egingo.

5.– Prozedura honi kasuan kasuko administrazio unitatearen ekimenez emango zaio hasiera, eta behar beste arrazoitu beharko ditu bai premia bera bai esleipenerako proposamena, eta guztia gerenteak onartu beharko du.

6.– Esleipen hauek gehienez ere sei hilabeterako izango dira; beste sei hilabeterako luzatzeko aukera egongo da, baina behin baino ezin izango da luzatu.

12. artikulua.– Ordainsariak.

1.– Zerbitzu betekizunak lanpostu hutsak edo titularra kanpoan duten lanpostuak aldi baterako betetzeko.

Lanpostu bat zerbitzu betekizunetan betez gero, langileak lanpostu horri dagozkion ordainsariak jasoko ditu.

2.– Zerbitzu betekizunak eginkizunak burutzeko, premiazko arrazoiengatik eta zerbitzuko beharrizanengatik.

Bi egoera bereizten dira:

2.1.– Zerbitzu betekizunak inongo lanposturi esleitu gabeko eginkizunak betetzeko direnean, gerenteak, behar beste arrazoituta, zehaztuko ditu jaso beharreko ordainsariak, betiere, UPV/EHUko lanpostuen zerrendan zehaztutako ordainsari mailekin bat etorrita eta kontuan izanda bete beharreko eginkizunek duten parekotasuna.

2.2.– Uneko egoeraren ondorioz, eta aldi batez, lanpostu bati atxikitako funtzionarioak ezin baditu bete esleitutako eginkizun guztiak eraginkortasunez, eta, ondorioz, zerbitzu betekizunen bidez beste langile bati esleitzen bazaizkio, langile horrek beste eginkizun horiek egin beharko ditu bere lanpostukoez gain, eta eskuratuko duen ordainsaria bere lanpostuari dagokiona izango da, baina konpentsazio bat izango du esleitutako eginkizunei dagokien lanpostuaren eta bere lanpostuaren arteko aldearen parekoa. Bi lanpostuen artean alderik ez badago, gorako ordainketa mailarekin daukan aldea ordainduko zaio osagarri moduan.

3.– Nahitaezko zerbitzu betekizunak.

Mota honetako zerbitzu betekizunetako ordainsariak 12.1 eta 12.2 ataletan jasotakoari jarraituz ordainduko dira.

13. artikulua.– Zerbitzu betekizunei uko egitea.

1.– Zerbitzu betekizunetan dagoenak uko egin ahal izango dio egoera horri edozein unetan, baina 10 egun balioduneko aurrerapenarekin eman beharko du horren berri; epe hori igarota, titular legez daukan lanpostura itzuliko da. Ez dute uko egiteko aukerarik nahitaezko zerbitzu betekizunetan daudenek.

2.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko. Gerenteak ebazpena eman beharko du.

14. artikulua.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uztea.

1.– Zerbitzu betekizunak edozein unetan utzi daitezke bertan behera, zerbitzu betekizunak atxikita dituen administrazio unitateak horretarako beren-beregiko eskari arrazoitua eginda.

2.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskarian jasota ageri beharko dira horretarako arrazoiak, hartara zerbitzu betekizunotan dagoen funtzionarioak aukera izan dezan eskari horren kontra egiteko.

3.– Zerbitzu betekizunak bertan behera uzteko eskaria hartzen denean, horren berri emango zaio ukitutako langileari eta hamar eguneko epea emango zaio alegazioak egiteko. Ondoren, gerenteak emango du horri buruzko ebazpena.

4.– Zerbitzu betekizunetako deialdia egiteko arrazoia presazko eginkizunak aldi baterako egitea izan bada, egoera hori desagertu egin dela adierazi ahal izango da zerbitzuok bertan behera uzteko eskarian, baina horrelakoetan, ezin izango da berriro deialdirik egin lanpostu hori betetzeko.

5.– UPV/EHUko Langileen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmenean, 65.2.2.a) artikuluan, zehaztutakoari jarraituz, zerbitzu betekizunak bertan behera utziz gero, horren berri emango zaie langileen ordezkariei.

15. artikulua.– Indarraldia eta indargabetzea.

1.– Ebazpen honek 2006ko urriaren 6koa indargabe uzten du.

2.– Ebazpen honetan zehaztu ez denerako, 1996ko urriaren 23koa, UPV/EHUko Langileen Lan-Baldintzak Arautzeko Hitzarmena, urriaren 1eko 190/2004 Dekretua, Euskal Herri Administrazioetako Funtzionarioen Lanpostuak Betetzeko Araudia onartzekoak, zehaztutakoa ezarriko da, eta osagarri izango da martxoaren 10eko 364/1995 Errege Dekretua, Estatutuko Administrazio Nagusiaren Zerbitzuetan Sartzeko, Lanpostuak betetzeko eta Estatutuko Administrazio Nagusiko Funtzionario Zibilen Promozio Profesionala Arautzekoa.

16. artikulua.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko gerenteari. Horretarako epea hilabetekoa izango da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Era berean, ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da administrazioarekiko auzien auzitegian. Horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, ebazpena iragarri eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.

Ebazpen hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2012ko ekainaren 1a.

UPV/EHUko gerentea,

XABIER AIZPURUA TELLERIA.


Azterketa dokumentala