Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2015/04/21 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak krisian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiatzeko programa indartu du 3 milioi eurorekin.
Eusko Jaurlaritzak 370 Global Training bekaren deialdia egin du, atzerrian 6 hilabeteko praktikaldia egiteko.
Global Lehian: 5.520.000 milioi enpresak nazioartekotzeko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
600.000 euroko diru-laguntza sindikatuentzat.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Irakaskuntza-kooperatibei dirulaguntzak emateko deialdia.
ÂżKale Antzerkia BultzatuzÂż deialdia, kalean antzerki-ikuskizunak garatzeko diru-laguntzak.
787.500 euro antzerki ekoizpenak diruz laguntzeko.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Gobernu-Kontseiluak Azpeitiko Ingurugiro Etxea ingurumen-interpretazioko zentroa ustiatzeko hitzarmena berritzea onartu du.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK KRISIAN DAUDEN ENPRESAK BERREGITURATZEKO ETA BERRABIATZEKO PROGRAMA INDARTU DU 3 MILIOI EUROREKIN.

LABURPENA

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak BIDERATU Berria programa indartu du 3 milioi euroko laguntzarekin eta krisian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiatzeko izango da. Laguntza horiek aurrerakin itzulgarri modura emango dira eta EHAAn argitaratu ondoren eskuratu ahal izango dira.

2008. urtetik hona merkatu-aukerak jaitsi egin direnez, euskal enpresei laguntzeko tresna desberdinak behar izan dira. Hori dela eta, lehiakortasunaren ikuspuntutik enpresaren egoera bideratzeko gai izan diren, baina epe ertainerako eta luzerako beren bideragarritasun-aukerak baldintzatzen dituzten desoreka finantzario batzuk mantentzen dituzten enpresei arreta berezia eskaintzen zaie.

Finantzazio zailtasunak dituzten enpresa lehiakorrak

Eusko Jaurlaritzak egokitze-prozesu honengatik enpresaburuek eta plantilek egin dituzten ahaleginei laguntzeko xedea du. Zeren enpresa batzuk lehiakorrak izan daitezkeen arren, lehenagoko egoera txar baten ondorioak pairatzen ari dira eta, egun, produktu bat nahiz merkatu bat dituztenez, enpresa horiek sendotu nahi ditu Jaurlaritzak. Enpresa horietan, lehen, ahalegin finantzarioak egin ziren egokitze-neurriak aplikatzeko eta, orain, sendotze- eta garapen-proiektu berriak martxan jartzeko finantzazioa lortzea, zeregin zail bihurtu da.

Europako gidalerroei egokitutako programa

Bideratu Berria izeneko programa Europako araudiarekin alderatu behar izan da, zehatz-mehatz, eta krisian dauden enpresak berregituratzeko eta berrabiatzeko laguntzen erregimen bat du. Europako Erkidegoko gidalerro egokiak osoki jarraitzen ditu erregimen horrek eta «baimentzen» denean, programaren ezaugarria izango da laguntzak eskatu eta ahalik eta lasterren eman ahal izango direla.

Bideratu Berria programak izaera industrialeko eta finantzarioko berregituratze- eta berrabiatze-neurriak gauzatzea sustatuko du. Neurri horiek krisian dauden, baina epe ertainerako eta luzerako bideragarritasuna berrezartzeko aukera duten enpresek egindako berregituratze-planetan txertatuta egongo dira.

Jarduketa horiek enpresen jarduera berrantolatzeko eta arrazionalizatzeko izango dira, horrela, errentagarri bihurtzeko enpresa horiek. Jarduketa horiek hauek izango dira: jarduera defizitarioak gutxitzea edo alde batera uztea, lehiakortasuna berriz ezar daitekeen enpresak berregituratzea edo jarduera errentagarri berrietarantz dibertsifikatzea.

Onuradunak: ETEak

Onuradunak mota honetako enpresa txiki eta ertainak izango dira: erauzteko industriak, eraldaketa-industria, ekoizpen-zerbitzuak eta informazioaren nahiz komunikazioaren gizarteko alorrekoak.

1.000.000 euro arteko laguntzak

Aurrerakin itzulgarriak emango dira eta planean txertatutako berregituratze-neurrien kostu osoaren % 50erainoko zenbatekoa izan ahal izango dute, gehienez, 1.000.000 eurokoa, betiere, onuradunak proportzio berdinean ordaindu badezake eta behin bakarrik eman ahal izango dira laguntza horiek.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK 370 GLOBAL TRAINING BEKAREN DEIALDIA EGIN DU, ATZERRIAN 6 HILABETEKO PRAKTIKALDIA EGITEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak aspaldi egin zuen aukera Euskadik ekonomia ireki batean moldatuko den giza kapital gero eta gaitasun handiagokoa izatearen alde, gure enpresen nazioartekotzea gida dezan. Hori horrela, 2015ean ere gazteentzako bi beka motei eutsi die Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak.

Orain bi hilabete prestakuntzarako eta kanpo-merkataritzan praktikak egiteko 100 nazioartekotze-beka haiei atzerriko enpresetan eta erakundeetan 6 hilabeteko praktikaldiak egiteko 370 Global Training bekak gehitu behar zaizkie.

Unibertsitateko eta goi mailako lanbide-heziketako titulazioa duten gazteek atzerriko enpresetan eta erakundeetan praktikak egin ahal izatea du xede, gazteen mugaz gaindiko mugikortasuna areagotzeko eta beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak gauzatzeko.

Hautaketaz arduratuko diren erakunde kolaboratzaileak

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aste honetan emango dio hasiera Global Training bekak eskuratzeko interesa duten gazteak hautatzeaz arduratuko diren erakunde eta enpresa laguntzaileak izendatzeko epeari.

Unibertsitate-hezkuntzako edo goi-mailako lanbide-heziketako jarduerak eta proiektuak esperientzia duten erakundeak izango dira; ezinbestean izan beharko dira nazioarteko sareren bateko kide edo antzeko ezaugarriak dituzten atzerriko erakundeekin lankidetza-hitzarmenak edo -itunak sinatuta dituztenak.

Eusko Jaurlaritzaren konturakoak da erakunde horiek bere gain hartu beharreko lanen kostua; deialdia, jakinarazpena, hautaketa eta bekadunei aurretiazko prestakuntza ematea, hala nola beka kudeatu eta gidatzea iraunaldi osoan. Erakunde bakoitzak 40 eta 70 beka artean kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzak emandako 370 horietatik.

2014ko entitate kolaboratzaileak Fundación Novia Salcedo, EHU-UPV, Donostiako Sustapena+Garapen, Eusko Ganbarak eta HETEL+Confebask.

Beken diru-hornidura

2015 ekitaldian, Global Training beken deialdiak 3.200.000 euroko diru-hornidura izango du, gehienez 6 hilabeterako 370 beka finantzatuko dituztenak. Diru-laguntza bakoitzak 7.000 bat euroko diru-hornidura izango du, 6 hilabeteko gutxieneko epe baterako; aseguru medikoa eta bidaia-asistentzia ere horniduran sartzen dira, Eusko Jaurlaritzaren kontura.

Erakunde kolaboratzaileek aukera izango dute beren lan-eskaintzetan bekaren iraupena luzatzeko, gehienez 6 hilabetez, beren kontura zein prestakuntza-praktikak egiteko aukera eskaintzen duten nazioarteko enpresen kontura.

Helburuko herrialdeak eta bekak gauzatuko diren erakundeen eta enpresen jarduerak askotarikoak dira, baita hautagai gazteen goi-mailako tituluak eta lanbide-heziketako tituluak ere.
 

 

GLOBAL LEHIAN: 5.520.000 MILIOI ENPRESAK NAZIOARTEKOTZEKO.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematen duena. Gastuaren xedea: banaka edo lankidetzan ari diren ELE-ei nazioartekotzeko 2015 ekitaldirako laguntza eman Global Lehian Programa finantzatziaren bidez.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak Nazioartekotzeko Global Lehian Programaren deialdia onartu du, eta 5,5 milioi euro bideratuko dira euskal enpresen nazioartekotzea sustatzera, maila guztietan (hastapena, sendotzea eta kanpo-ezarpenak), enpresen arteko baterako jardueren eta merkatu-dibertsifikazioaren bitartez, eta jarduera horri loturiko lanpostuen sorrera bultzatuta.

Global Lehianek enpresen nazioartekotze-prozesuetako premiei erantzuten die, tamaina txikieneko enpresei arreta berezia eskainita, elkarri emandako laguntza handiagoa behar dutelako merkatu jakin batzuetan sartu ahal izateko.

Edonola ere, Global Lehianen azken helburua Euskadin kokatutako enpresen lehiakortasunaren hobekuntza sustatzea da, horretarako nazioartekotzea bultzatuta, ez itzultzeko diru-laguntza publikoen bidez.

Programak enpresen arteko lankidetza sustatzen du eta begi onez ikusten ditu enpresek, jatorrian zein helmugan egiten dituzten askotariko itunen bitartez, kanpora hedatzeko egiten dituzten ekimen eta proiektuak.

Nazioartekotzeko-prozesuen lau maila hartuko ditu kontuan: hastapena; sendotzea; ezarpenak, hiru modalitateetan (komertziala, produktiboa edo zerbitzuena); eta, azkenik, nazioartekotze arloko adituak erakartzea.

Enpresen nazioartekotze-etapa ezberdinak lagunduko dira

1. Hastapena. Fase honetan, laguntzak jaso ahalko dituzte bakarka edo elkartuta eskaera egin duten enpresek, eskaera egin dutenean barne merkatuan jardun, eta, esportazio-jarduerarik ez, edo oso txikia izanik (guztizko fakturazioaren % 5etik beherakoa), kanpo merkatuetara hedatzea erabaki badute.

2. Sendotzea. Fase horretan, enpresek, bakarka edo lankidetzan, Nazioartekotze Plan bat ezarri, eta esportazioan hasiberri izatetik esportatzaile erregular izatera igarotzen dira; esportazio-bezeroen zorroa finkatu eta areagotzen du, helburuko merkatuak dibertsifikatzeaz gain.

3. Ezarpenak: 3 ezarpen mota bereizten dira:

3.1. Merkataritzako kanpo-ezarpenak.

3.2. Ekoizpeneko kanpo-ezarpenak.

3.3. Zerbitzu-enpresen kanpo-ezarpenak.

4. Talentua suspertzea eta antolaketa merkatu globalaren eskakizunei egokitzea. Kanpo-merkataritzan diharduten langileak dituzten enpresen kapitalizazioa eta nazioartekotutako enpresen kudeaketa sustatzen du, Euskadin kokaturikoena, eta/edo ezarpenen kokalekua.

Enpresa edo erakunde eskatzaileko eta lan-zentroko teknikari aditu edo partzuergo-kudeatzaile bakar baten kontratazioa lagunduko da diruz.

Prozedura izendatzea eta erakunde onuradunak

Agindu honek barne hartutako diru-laguntzak jaso ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako bakarka edo elkartuta diharduten mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek (ETEek), nazioartekotzeko plana indarrean badute.

Diru-laguntzen zenbatekoak

Mailaz-maila emango diren laguntzak 20.000 eta 40.000 euro artekoak izango dira, bakarka parte hartzen duten enpresentzat, gehienez proiektuen zenbateko osoaren % 40 finantzatzeko balioko dutenak.

Lankidetzan parte hartzen duten enpresek, proiektuaren osoaren %50 jaso ahal izango dute, gehienez 12.000 euroko laguntzarekin enpresa bakoitzeko sustapen eta salmentarako taldeetan, edo 14.000 euro gehienez enpresa bakoitzeko esportaziorako partzuergoa denean.

Adituen kontratazioen kasuan, lansari-kostu gordinaren % 50 lagunduko da diruz, gehienez 30.000 euroko diru-laguntza emanez.

Lehia ebazteko irizpideak

Diru-laguntzak honako irizpide hauen arabera esleituko dira:

• Nazioartekotze Planaren kalitatea
• Merkatu berrien fakturazioari dagokion ehunekoa enpresaren edo erakundearen fakturazio osoan
• Euskadiko ekonomian eta enpleguan izango duen inpaktua. Enpresa edo erakunde eskatzaileak EAEn enplegua sortzea hobetsiko da.
• Enpresen arteko lankidetza: konplexutasun handiko aliantzak eta lankidetzak hobetsiko dira
• Nazioartekotzeko beken programarekin elkarlanean jardutea
 

Aurkezpen-epeak

Hasiera: deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, gutxienez hilabeteko epea izango da zabalik.

Non eta nola aurkeztu

Eskabidea telematikoki bete beharko da, eta hurrengo helbide elektronikoetara bidali beharko da:
• http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/es/
• http://www.industria.ejgv.euskadi.net/r44-teletram/eu/

2014ko deialdiaren emaitzak

2014 urteko deialdian, 611 enpresek egin zuten programan parte hartzeko eskakizuna, horietatik, 358 enpresa onartu ziren, ondorengo faseetan laguntza jaso zutela:

• Hastapena: 74
• Sendotzea: 269
• Ezarpenal: 15

Lurraldeka begiratzen badugu, 358 enpresetatik, 39 Arabakoak, 132 Bizkaikoak eta 187 Gipuzkoakoak izan ziren.

Jasotako eskaeretatik 32 lankidetzan aritzeko izan ziren, eta horietatik 24k jaso zuten laguntza (12 partzuergoan eta 12 sustapen taldean aritzeko).
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

600.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA SINDIKATUENTZAT.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Angel Toñak, Sindikatu Hauteskundeen Batzordea, Lurralde Batzordeak eta Ikuskaritza osatzen dituzten sindikatuei diru-laguntzak emateko prozedura hasi dela jakinarazi dio gobernu-kontseiluari. 2015ean, 594.000 euro izango da laguntzen zenbatekoa.

237/2000 DEKRETUAk, azaroaren 28koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortzen dituenak, xedatutakoaren arabera, aurrekontu-kreditua berdinki banatu daiteke erakunde horiek osatzen dituzten sindikatu guztien artean, edo proportzionalki, herri-administrazioen zerbitzurako langileen ordezkaritza-erakundeetarako hauteskunde-prozesuetan lortutako ordezkapenari erreparatuz.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

IRAKASKUNTZA-KOOPERATIBEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titularrak diren kooperatibentzat diru-laguntzak deitzen dituen agindu bat.

Irakaskuntza-kooperatibentzat diru-laguntzak deitzea, 33.000 euroko zenbateko globalean, du agindu honek helburu, ikastetxe desberdinetako ikasleentzako jarduerak egiteagatik dituzten gastuetan laguntzeko eta ikasleen gurasoen prestakuntzarako.
 

 

ÂżKALE ANTZERKIA BULTZATUZÂż DEIALDIA, KALEAN ANTZERKI-IKUSKIZUNAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZAK.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, “Kale antzerkia bultzatuz” deialdia arautzen duen Agindua onartu du. Deialdi honen bidez, kalean egiten diren antzerki ikuskizunak antolatzeak sortzen dituen gastuak, zati batean bada ere, diruz lagunduko dira, beti ere euskal antzerki taldeekin 2015ean burutzen diren ikuskizunak badira.

Laguntza hauen jasotzaileak dira: Udalak, Eskualde edo Mankomunitateak edo beraien Udal Erakunde Autonomoak. Deialdi honek 75.000 euroko diru kopurua du.
 

 

787.500 EURO ANTZERKI EKOIZPENAK DIRUZ LAGUNTZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, antzerki ekoizpen profesionalei diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Antzerki ekoizpen horiek, 2015 urtean eginak edo burutzen hasiak izan beharko dute.

Deialdi honek 787.500 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

GOBERNU-KONTSEILUAK AZPEITIKO INGURUGIRO ETXEA INGURUMEN-INTERPRETAZIOKO ZENTROA USTIATZEKO HITZARMENA BERRITZEA ONARTU DU.

Erabakia, Azpeitiko udalarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko baimena ematen duena, Azpeitiko Egibar Baserrian dagoen Ingurugiro Etxea Museoa Kudeatzeko.

LABURPENA

• Ingurugiro Etxeak 7.000 bisitari espero ditu 2015ean, tartean, 6.000 ikasle inguru.

• 12 gai lantzen dira: atmosfera eta klima-aldaketa, ura, biodibertsitatea, demografia, hiriak, arkitektura bioklimatikoa, hirigintza jasangarria, energia, zarata, hondakinak, kontsumoa, eta garapen jasangarria.

Gobernu-kontseiluak ontzat jo du Ingurugiro Etxea interpretazio- zentroa kudeatzeko Azpeitiko Udalarekin sinatuta duen lankidetza-hitzarmena 2017 arte luzatzea. Akordio berriari esker, Eusko Jaurlaritzak 360.000 euroko ekarmena egingo du, eta Azpeitiko Udalak 1986. urteaz geroztik zentroan egin dituen jarduerei eutsiko die.

«Ezinbestekoa da mota horretako instalazioak edukitzea, gizarteak jakin dezan ingurumenak eguneroko bizitzan zein balio eta zerbitzu eskaintzen dituen. Ingurumen-hezkuntza da, hain juxtu, jasangarria izan nahi duen gizarte baten zutabe nagusietako bat», adierazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik hitzarmen izenpetu ostean.

Ingurugiro Etxeak 7.000 bisitari espero ditu 2015ean, tartean, 6.000 ikasle inguru, irakasleekin etorriko direnak zentroko hezkuntza-programan parte hartzera. Gainerakoak, herritar arruntak dira.

Ingurugiro Etxeak 1986an ekin zion jardunari, ingurumenaren gaineko ezagutza bideratzeko eta sustatzeko eta herritarren kontzientziazioa areagotzeko ingurumeneko gaietan. Ingurumen-interpretaziorako zentro honek jarduerari eutsi dio Udalak eta Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak sinatutako ondoz ondoko lankidetza-akordioei esker.

Hitzartutakoaren arabera, guztira, 360.000 euro banatuko dira 2015etik 2017ra bitartean; 120.000 euro urtean. Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak kopuru horren bi heren emango ditu Ingurugiro Etxeko ingurumen-museoaren gastuei aurre egiteko. Egibar baserria ere lagako du, euskal autonomia-administrazioaren jabetzakoa dena, zentroaren egoitza hartzen jarrai dezan.

Bestalde, Udalak gainerako herena emango du, museoaren administrazio- eta aurrekontu-kudeaketa bere gain hartuz. Zentroaren kudeaketa ikuskatuko du Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, Natura-inguruneko eta Ingurumen-plangintzako Zuzendaritzaren bidez.

Ingurugiro Etxea doan bisitatu dezakete helduek, aisialdiko ikastetxeek, emakumezkoek, zaharrek, eta bi bisita mota dago. Bisitaldi autogidatua, aukera ematen duena ezarritako ordutegian zentroa bakarka edo taldean bisitatzeko; bisita gidatua, lehendik zehaztu behar dena eta hezitzaileek taldeei zuzendutako programa didaktikoak kudeatzen dituztena. Museoak, egun, 12 gai lantzen ditu 4 aretotan: 1. aretoa atmosferari, klima-aldaketari eta urari buruzkoa da. 2. aretoa biodibertsitateari buruzkoa da. 3. aretoa, berriz, demografiari, hiriei, arkitektura bioklimatikoari, hirigintza jasangarriari, energiari eta zaratari buruzkoa. 4. aretoan, hondakinak eta kontsumoa eta garapen jasangarria jorratzen dira.
 

 


Euskadi, auzolana