Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2015/01/13 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, informazio publikora iristeari, publizitare aktiboari eta Gobernu Onaren eta gardentasunaren kulturako aurrerapenari dagokionez, Euskal Administrazio Publikoaren funtsionamendurako neurriak onartzekoa.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita berrazterketa berezi bat egitea "Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-LABI" deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Uholdeen ziozko Larrialdiko Plan Berezia onartzeko.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, INFORMAZIO PUBLIKORA IRISTEARI, PUBLIZITARE AKTIBOARI ETA GOBERNU ONAREN ETA GARDENTASUNAREN KULTURAKO AURRERAPENARI DAGOKIONEZ, EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN FUNTSIONAMENDURAKO NEURRIAK ONARTZEKOA.

LABURPENA

HERRITARREI 20 EGUNEKO EPEAN ERANTZUTEKO PRESTATZEN ARI DA EUSKO JAURLARITZA, LEGEBILTZARREKO TALDEENTZAT EZARRITAKO EPE BEREAN, ALEGIA

• Herritarren informazio-eskaerei erantzuteko betebeharrari urtebetez aurreratzeko prozedura onartu du Gobernu Kontseiluak.
• Eskaeretan identifikatzea nahitaezkoa izango da, baina informazio-eskaera arrazoitzea ez da beharrezkoa izango.
• Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako ZUZENEAN zerbitzuak jasoko ditu Interneteko bere kanalen bidez egiten diren eskaerak, posta arruntaren bidez egiten diren eskaerak edo Gasteizko, Donostiako eta Bilboko bulegoetan jasotako eskaerak.
• Eskatzen den gaiko goi-kargu eskudunek emango dituzte ebazpenak, nagusiki.

«Informazio publikoaren sarbideari, publizitate aktiboari eta gardentasun nahiz gobernu onaren kulturan aurrera egiteari dagokionez, Euskal Autonomia Erkideko Administrazioaren funtzionamendu-neurriak» dituen dokumentua onartu du Gobernu Kontseiluak gaur.

Herritarrek egindako informazio-eskaerei Eusko Jaurlaritzak 20 eguneko gehieneko epean erantzungo diela ezarri da testuan, Legebiltzarreko taldeei erantzuteko epe berean, alegia. Hala ere, epea luzatu eta 20 egun gehiagotan erantzuteko aukera ezarri da, aurkeztutako eskaeraren bolumenak edo zailtasunak hala justifikatzen badu.

Informazio-eskaera osorik ez dagoen kasuan, erantzuteko epea geldituko da eta 10 eguneko beste epe bat irekiko da informazioa osatzeko. Eskatzaileak ez badu halakorik egiten, eskaera bertan behera utzi duela usteko da. 15 eguneko epean ebazpena emateko epea ere bertan behera utziko da, hirugarrenei audientzia egitea beharrezkoa bada, betiere, horien eskubideak edo interesak ukituko balira.

PROZEDURA

Gaur onartutako arauen arabera, EAEko herri-administrazioari informazioa eskatu nahi dioten herritarrak identifikatu egin beharko dira, baina eskaera arrazoitzea ez da beharrezkoa izango.

Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako ZUZENEAN zerbitzuak herritarrek egindako informazio-eskaerak jasoko eta sailkatuko ditu. Herritarrek eskaerak bide elektronikoaren bidez, posta arruntaren bidez edo Gasteizko, Donostiako edo Bilboko bulegoetan, bertan, egin ditzakete.

Hortik aurrera, ZUZENEAN zerbitzuan lan egiten duen talde profesionalaren ardura izango da Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari bidaltzea. Eskatutako informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren edo sektore publikoaren esku ez badago edo ez bada halakorik egin, eskaera ez da onartuko baina erakunde eskuduna identifikatzen bada, horren berri emango zaio eskatzaileari, eskaera horri igorri ahal izan diezaion.

Eskatzen den gaiko goi-kargu eskudunek emango dituzte ebazpenak, nagusiki.

ERREKURTSOA

Gardena Gardentasunaren Euskal Agentzia lanean ez dagoen bitartean (Gobernu Kontseiluak irailaren 16an onartutako Euskal Administrazio Publikoaren lege-proiektuan aurreikusitako sortu berriko erakunde autonomoa), ebazpenak errekurritu ahal izango dira eman zituen organoaren aurrean. Aipatutako agentzia lanean hasitakoan, erakunde autonomo horren presidentearen aurrean aurkeztuko da errekurtsoa.

Halaber, informazio publikoa eskuratzeari dagokionez emandako ebazpen guztiak zuzenean errekurritu ahal dira administrazioarekiko auzietarako jurisdikzioan.

AURREA HARTZEA

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako prozedura, Eusko Jaurlaritzak gardentasunaren eta publizitate aktiboaren baldintza berriekin eta zorrotzekin duen konpromisoaren barnean dago. Euskal Administrazio Publikoaren Lege Proiektua legebiltzarreko izapidetze-fasean dagoenez eta lege-proiektua onartzea hilabete batzuez atzera daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak aurreratzea eta herritarren eskaerei ahalik eta modurik efikazenean eta efizienteenean arreta emateko aukera ematen duten neurriak gaurtik ezartzea erabaki du.

Gainera, berriki indarrean sartu den gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 19/2013 Espainiako Legeak urte 1eko luzamendua ezartzen du, 2015eko amaierara arte, autonomia-erkidegoak, foru-aldundiak eta udalak egokitu ahal izateko eta herritarren eskaerei 30 eguneko epean (beste 30 egunez luzatuta kasu justifikatu eta zailetan) erantzun ahal izateko. Baina Eusko Jaurlaritzak hori berehala aplikatzea lehentasuna dela uste du eta, horregatik, hori egin duen lehen autonomia-erkidegoa da.

GARDENTASUNA

Eusko Jaurlaritzak ibilbide luzea eta aitortua du gobernu irekiari dagokionez. Egunero interes publikoko informazio asko argitaratzen da gardentasunaren atarian (OPEN DATA) eta informazio horren formatua berriz erabiltzeko modukoa da. Hori dela eta, Transparency International erakundeak (gardentasuna sustatzen duen eskala unibertsaleko gobernuz kanpoko erakunde bakarrak) 2012 eta 2014. urteetako ebaluazioetan autonomia-erkidegoen rankingean lehenengo postua eman zion EAEri.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA BERRAZTERKETA BEREZI BAT EGITEA "LARRIALDIEI AURRE EGITEKO BIDEA-LABI" DERITZAN EUSKADIKO HERRI BABESEKO PLANEAN.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK EUSKADIKO BABES ZIBILAREN PLANAREN APARTEKO BERRIKUSPENA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Babes Zibilaren Plana-Larrialdiei Aurregiteko Bidearen aparteko berrikuspena onartu du, eta, horri esker, are modu argiagoan bereiziko dira larrialdietako hiru faseak: alerta, larrialdia bera eta oneratzeko fasea.

Oro har, Euskadiko Babes Zibilaren Plana EAEko larrialdien kudeaketa ordenatzeko funtsezko tresna da eta foru aldundien, udalen eta partikularren larrialdi-planen edukia eta egitura finkatzen ditu, berariazko arriskuak zehazteaz gain. Esaterako, honako hauek: uholdeak, arrisku kimikoa, salgai arriskutsuen garraioa, etab.

Gaur arte indarrean egon den Euskadiko Babes Zibilaren Plana, Gobernu Kontseiluak 1997ko ekainaren 24ko saioan onartu zuena, etengabe eguneratu eta berrikusi izan da urteotan guztiotan, eskuratutako ezagutza berriak eta metatutako esperientzia aplikatzeko.

Horrenbestez, gaur onartutako eguneraketan, adierazi ez diren, baina gerta daitezkeen, larrialdiak aurreikusten diren egoerak barne hartzen dituen alerta-fasea jaso da. Egoera horiek, oro har, fenomeno meteorologikoei loturiko baldintzei dagozkie, baina esparru teknologikoetan zein antropikoetan ere gerta daitezke.

Besteak beste, Euskalmet, Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenak nabarmen hobetu izanak eragin zuzena izan du planaren eraginkortasunaren hobekuntza nabarmenean.

Larrialdi-faseari dagokionez, besteak beste, kalteak gertatu diren egoerei eta Larrialdiei Aurre egiteko Euskal Sistemaren zerbitzuek esku hartu behar duten gorabeherei buruzko zehaztapenak jaso dira. Esku-hartze hori egoeraren segimendua egitea baino askoz gehiago da; esaterako, kalteak areagotzea ekiditera bideratutako esku-hartze zuzenak gauzatzea.

Halaber, fase honetatik kanpo geratu dira aurreikuspenen larritasunak aparteko neurriak onartu behar izatea dakarten egoerak; esaterako, zerbitzu publikoak etetea, bitartekoak bahitzea, eskubideak kentzea, etab.

Azkenik, oneratze-faseari dagokionez, larrialdia, berraktibatzeko aukerarik ez dagoenez, amaitutzat jo daitekeen egoerak jaso dira. Fase horri dagozkio biktimei arreta emateko lanak, ostatu ematekoak, laguntza psikologikoa, osasun-arreta, etab.
 

 

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO UHOLDEEN ZIOZKO LARRIALDIKO PLAN BEREZIA ONARTZEKO.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK UHOLDE-ARRISKUAREN AURKAKO LARRIALDIETAKO PLAN BEREZI BERRIA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du EAEko Uholde-arriskuaren aurkako Larrialdietako Plan Berezia, 1999ko ekainaz geroztik indarrean egon den Uholdeen Plana ordezkatuko duena, kalte pertsonalak eta materialak minimizatu eta, aldi berean, uholde-egoeran zer-nola jardun azaltzeko.

Aipatutako plana, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak koordinatzen duena, Gobernu Kontseiluaren bilera berean onartutako Euskadiko Babes Zibilaren Plan berrian txertatuta dago, horretara egokitu da eta, eta azken urteetako hobekuntza guztiak barne hartzen ditu.

Plan berrian adierazitako hobekuntza nagusiak alderdi hauetan laburtu daitezke:

• Dokumentazio eta jarduera guztiak uholde-arriskua dagoen eskualdeen gaineko kudeaketa-planak osatzeko betebeharra ezartzen duen 2007/60 Europako Zuzentaraura egokitu dira. URA, Uraren Euskal Agentziak koordinatutako lan horiek guztiak EAEko lurralde osoan inoiz egindako uholde-arriskuen azterketa zehatzena dira.

• Ehun inguru Balizko Uholde-arrisku Nabarmeneko Eremu (BUANE) zehaztu dira. Horietan guztietan birgertatze-aldi desberdinei loturiko ur-emaria, urpean gera daitezkeen eremuak eta birgertatze-aldi bakoitzean urek har ditzaketen abiadura eta altuera kalkulatu eta kartografiatu dira. Horrela, eremu bakoitzaren arriskugarritasuna zehaztu daiteke, urpean zein kale, eraikin, errepide edo fabrika gera daitezkeen, eta horren ondoriozko kostuak, aurreikusita.

• Halaber, planak uholde-egoeran zer-nola jardun zehazten du eta, batez ere, kontrako fenomenoen aurreko Iragarpen, Zaintza eta Ekintza Prozedura barne hartzen du, besteak beste, honakoak aipatuz: aldagai meteorologikoen eta, nagusiki, EAEko ibaien egoeren abisu, alerta eta alarma mailak. Gogora ekarriko dugu orain gutxi hasi dela Euskalmet bere webgunean ibaien egoera denbora errealean bistaratzeko sistema eskaintzen.
http://www.euskalmet.euskadi.net/s07-853x/es/meteorologia/bol.apl?e=5

• Halaber, azken urteetan pilatutako esperientziari esker, itsasaldeko 9 BUANE zehaztu dira, itsasaldiek eta denboraleek eragindako uholdeengatik.

• Era berean, Urtegien Larrialdi Planak osatu, onartu eta/edo eguneratu dira. 

• Azken hamarkada honetako uholdeen gaineko ezagutza islatuta geratu da planean, eraginkortasunari, baliabide erabilgarriei, taktika operatiboei eta autobabesari dagokienez.

• Azkenik, prebentzio-jarduerak optimizatu dira, Sail eskudunen hobekuntzak txertatuta; esaterako, Lurralde Antolaketarako Zuzentarauak, ibai-ertzetan esku hartzea, ibaien eta erreken lurraldeko sektore-planak, etab.

Horrenbestez, plan berriaren helburua uholdeek eragindako kalte pertsonalak eta materialak murriztea da, aldi berean, uholde-egoeretan zer egin adierazita.
 

 


Euskadi, auzolana