Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2014/05/27 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 900.000 euro bideratuko ditu bakea, bizikidetza eta giza eskubideen alorreko ekimenak laguntzeko.
Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuetarako diru-laguntzak onartu dira.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza- eta akuikultura-sektorerako 2014ko diru-laguntzetarako deialdia finantzatzea.
Erabakia, Gasteizko Udalarekin eta Saski Baskonia, SADekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzea baimentzekoa. Hitzarmen horri jarraiki, Gasteizko Gastronomia Hiriburutza bultzatuko da 2014ko Saskibaloi Superkoparen barruan.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Txostena, 2014-2016 aldirako Enplegu Plana 2014an gauzatzeko ildo eta deialdiei buruzkoa.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Dekretua, Igeldoko (Donostia, Gipuzkoa) Funikularra eta Parkea kultur ondasun, monumentu-multzo kategoriarekin, kalifikatzeko dena.
Agindua, 2014. urtean literatura argitalpenetarako diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua, Arte Plastiko eta Ikusizkoen eremuan jarduerak sustatzeko eta garatzeko 2014ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua, «Kale antzerkia bultzatuz» programari 2014. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua, antzerki-produkziorako 2014. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua, musika jarduera profesiona-letarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia: "R.A.S.D.-BIZKAIA" Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren Lagunen Elkartearen esku eta doan honako hauek lagatzea baimentzeko dena: polizia zereginetarako diren hainbat ondasun.
OSASUN SAILA X. LEG.
Gehiegizko kontsumoa eragoztea eta permisibitate giro sozialarekin amaitzea, gaurko Gobernu bileran aurkeztutako «Adingabeak eta Alkohola» programaren xedeak.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 900.000 EURO BIDERATUKO DITU BAKEA, BIZIKIDETZA ETA GIZA ESKUBIDEEN ALORREKO EKIMENAK LAGUNTZEKO.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak aurten 900.000 euro bideratuko ditu bakea, bizikidetza eta giza eskubideen alorreko proiektuak diruz laguntzeko. Diru-laguntzen deialdia Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du gaur, Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bi ebazpenen bitartez.

Zehazki, 600.000 euroko emango dira Eukal Autonomia Erkidegoaren erakundeak eta gizarte mugimenduek garatzen dituzten programetarako eta ekimenetarako; eta 300.000 euroko, EAEko udal eta herri erakundeek aurkezten dituzten proiektuetarako.

Bi kasu horietan, eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da EHAAn argitaratzen den egunetik kontatzen hasita. Argitalpen hori maiatzaren 30ean izango da.
 

 

MEMORIA HISTORIKOA BERRESKURATZEKO PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK ONARTU DIRA.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio gaur, 105.000 euroko diru-laguntzen deialdiari memoria historikoa berreskuratzeko proiektuetak egiteko.

Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritza izango da diru-laguntza horiek tramitatzeko arduraduna; diru-laguntza horien helburua proiektuak sustatzea izango da 1936-1977 tartean Euskal Autonomia Erkidegoaren alorrean memoria historikoa eta balio demokratikoen, demokraziaren aldeko borroka eta askatasuna berreskuratzeko, zabaltzeko eta ezagutzeko.

Diru-laguntza horiek izaera pribatuko eta asmorik gabeko pertsona juridikoak eskatu ahal izango dituzt beraien estatutuetan lehen aipatutako helburuak jasotzen badituzte. Horretarako, hilabeteko epea izango dute deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera. Argitalpen hori maiatzaren 30ean izango da.

Diru-laguntza horietaz gain, Eusko Jaurlaritzak —memoria historikoaren berreskupenerako eragile aktiboa denez— Aranzadi Elkartearekin elkarlan programa dela eta 75.000 euroko diru-laguntzari eutsiko dio, Jaurlaritzak harreman estua baitu elkartearekin. Bestelako eragileekin ere elkarlanari eta diru-laguntzei eutsiko zaie. Hori guztia, gai honetan Eusko Jaurlaritzaren oinarri diren printzipioak jarraituz: egia, justizia, erreparazioa eta gehiagotan gertatuko ez delako bermea.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA. HELBURUA: EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ARRANTZA- ETA AKUIKULTURA-SEKTORERAKO 2014KO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA FINANTZATZEA.

LABURPENA

ARRANTZA ETA AKUIKULTURAKO EUSKAL SEKTOREAK 10 MILIOI EURO BAINO GEHIAGOKO LAGUNTZAK ESKURATUKO DITU 2014-2015 ALDIAN

• Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu horretara bere aurrekontu orokorretatik.

• 2014rako finantza laguntzak eskatzeko epea, Europako Arrantza Funtsaren baitan, uztailaren 31ra arte egongo da zabalik.

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak gaur, maiatzak 27, egin duen bileran erabaki du 2014an arrantza eta akuikulturako euskal sektoreari laguntza emateko deialdia onartzea, laguntza horietara 6,1 milioi euro baino gehiago bideratuta. Diru kopuru hori arrantza iraunkorrerako trantsizioa, kostaldeko zonaldeen dibertsifikazio ekonomikoa eta enplegua sortzeko proiektuak abian jartzea finantzatzeko erabiliko da, besteak beste. Itsasontziak egokitu edo arrantzontziak berritzeko, merkatu berriak garatzeko eta sustapen ekintzak gauzatzeko laguntzak ere aurreikusi daitezke. Eskaerak aurkezteko epea datorren uztailaren 31n bukatuko da.

Deialdian iragarritako laguntzak 2006an onartu zen Europako Arrantza Funtsaren Erregelamenduan aurreikusita daude, erregelamendu horretatik sortu baita Espainiako Arrantza Sektorearen Programa Operatiboa. Autonomia Erkidegoekin adostuta, Programa hau da Europako Arrantza Funtsaren xedapenak Estatuan aplikatzeko modua zehatzen erakusten duen tresna, eta bera da arrantza sektorearen programaziorako 2007-2013 aldian izango duen estrategia globala formulatzen duena.

2014ko ekitaldian 10.418.387 euro erabiliko dira guztira laguntza programa hau finantzatzeko, eta diru kopuru horretatik 4.306.975,16 euro Europako Arrantza Funtsetik datoz eta 6.111.411,84 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik.

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartutako Aginduak dioenaren arabera, laguntza lerro hauetarako proposatzen dira:

   a) Itsasontzien egokitzapena
   b) Arrantzontzien barruko inbertsioak eta selektibitatea
   c) Konpentsazio sozioekonomikoak
   d) Akuikultura
   e) Ekintza kolektiboak
   f) Merkatu berriak garatzea eta sustapen kanpainak, eta
   g) Proiektu pilotuak.

 Onuradunak eta baldintzak

Laguntza horien onuradunak izan daitezke pertsona fisikoak zein juridikoak, ondasun komunitateak, arrantza erakunde profesionalak, arrantzaleen kofradiak, eta ekoizleen erakundeak, beti ere administrazio egoitza edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta zerga betebeharrei eta gizarte segurantzarekikoei dagokienez egunean badaude.

Hauek izango dira onuradunen betekizun nagusiak: inbertsioak EAEko lurraldean egitea, eta gastuak eskaera unean hasita egotea eta inbertsioek ingurumenerako ondorio negatiborik ez izatea. Era berean, laguntza horien onuradun diren pertsona edo erakundeek agindu egingo dute laguntzak emandako helburu zehatzerako erabiliko dituztela eta inbertsioak gutxienez bost urtetan mantenduko dituztela.

Eskabide orriak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak euskal hiru hiriburuetan dituen egoitzetako edozein bulegotan jaso eta entregatu daitezke, edo, bestela www.nasdap.ejgv.euskadi.net web orriaren bitartez.
 

 

ERABAKIA, GASTEIZKO UDALAREKIN ETA SASKI BASKONIA, SADEKIN LANKIDETZA-HITZARMEN BAT IZENPETZEA BAIMENTZEKOA. HITZARMEN HORRI JARRAIKI, GASTEIZKO GASTRONOMIA HIRIBURUTZA BULTZATUKO DA 2014KO SASKIBALOI SUPERKOPAREN BARRUAN.

LABURPENA

LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKO JAURLARITZAREN, VITORIA-GASTEIZKO UDALAREN ETA SASKI BASKONIA KSA-REN ARTEAN, VITORIA GASTEIZ GASTRONOMIA HIRIBURUA SUSTATZEKO ETA EUSKADIREN TURISMO-POSIZIONAMENDUA INDARTZEKO 2014KO SASKIBALOI SUPERKOPAREN BIDEZ

Saski Baskonia KSAk 2014ko Superkopa Gasteizen antolatzeko aukera dauka, eta hori aukera bikaina da ekitaldi horren bidez Gastronomia Hiriburua sustatzeko; izan ere, ekitaldiak ikus-entzule eta emankizun ugari izango ditu euskarri desberdinetan, eta bisitari eta komunikabide ugari hurbilduko dira hirira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bidez), Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Saski Baskonia KSAren arteko lankidetza-hitzarmen honek bi helburu ditu; alde batetik, Gasteiz Gastronomia Hiriburuari babesa ematea eta laguntzea, irailean egingo den 2014ko Saskibaloi Superkoparen barruan; bestetik, Estatuan eta nazioartean oihartzuna duen kirol-ekitaldi hori turistak erakartzeko elementu gisa erabiltzea, Euskadik helmuga turistiko gisa duen tokia indartzeko, sustapen- eta marketin-ekintzak eginez elkarrekin.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

TXOSTENA, 2014-2016 ALDIRAKO ENPLEGU PLANA 2014AN GAUZATZEKO ILDO ETA DEIALDIEI BURUZKOA.

LABURPENA

ENPLEGU PLANAREN 2014KO JARDUERA ILDO NAGUSIAK

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok kabineteko gainerako kideei jakinarazi dizkie zein diren 2014-2016 aldirako Enplegu Planaren barneko aurtengo jarduera-ildoak eta laguntza-deialdiak, administrazioaren eta ekimen pribatuaren parte hartzearekin gauzatu direnak.

Iragan urtarrilaren 28an onartu zuen gobernu-kontseiluak 2014-2016 aldirako Enplegu Plana, Euskadiko enplegua sendotzeko, enpresa- eta produkzio-ehunak lanpostuak sortzeko eta biztanleria aktiboaren enplegagarritasuna areagotzeko helburuekin.

Enplegu Plana 6 programa operatiboz dago osatuta eta horiek hainbat ekimen edo ekintza barne hartzen dituzte. Helburuen artean daude honakoak: pertsona behartsuenen enplegua eta laneratzea bultzatzea, gazteena bereziki; ekintzailetzaren alde egitea eta ETEei laguntzea; enpleguan zuzeneko eragina duten lan eta proiektuetan inbertsio pribatua suspertzea; eta erakundeen arteko elkarlana eta publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzea enplegu suntsiketa leuntzeko.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 252.790.822 euro bideratu ditu 2014an Ekintza Planera, aurtengo aurrekontuetan ezarritakoaren arabera. Gainera, 517,84 milioi gehiago bideratu dira horretara, baliabide pribatuetatik iritsi direnak. Kopuru hori ETEak eta enpresa-ekintzailetza sustatzera bideratuko dira, baita etxeak zaharberritzeko Renove programara ere.

Guztira, 771 milioi euro 81 ekimen finantzatzeko. Horien bidez, besteak beste, honako hauek bultzatuko dira: kontratazioa, enpresen hazkundea, lehiakortasuna hobetzea, segida, belaunaldi-erreleboa eta transferentzia ekonomiko soziala, enplegu-zentro bereziak eta laneratzeko enpresak eta gazteen esperientzia.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

DEKRETUA, IGELDOKO (DONOSTIA, GIPUZKOA) FUNIKULARRA ETA PARKEA KULTUR ONDASUN, MONUMENTU-MULTZO KATEGORIAREKIN, KALIFIKATZEKO DENA.

LABURPENA

KULTUR ONDASUN KALIFIKAZIOA IGELDOKO FUNIKULARRA ETA PARKEARI, MONUMENTU-MULTZO KATEGORIAREKIN

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Igeldoko Funikularra eta Parkea (Donostian) kultur ondasun, monumentu multzo kategoriarekin, izendatzen duen Dekretua onartu du

Dekretuak Kultur Ondasunaren zedarriztapena zehazten du, eta kultur interesa duten honako espazio, ondasun higigarri eta higiezinak hartzen ditu bere baitan:
-Funikularraren azpiegitura bera, funtsezko ekipamenduekin, trazatua, makinaria, bagoiak eta eraikinak.
-Funikularra ezarrita dagoen euskarria, azpiegituraren trazatuaren ardatzetik alde banatara lau metroko lur saila barne.
-Parkea, inguratzen duen gune urbanizatuarekin.
-Guztia inguratzen duen lur eremua, bere barnean elementu guztiak batu eta hauen babesa bermatzeko.

Proposatutako zedarriztapenak Igeldoko Funikularra eta Parkea multzoaren balioak babestea du helburu. Bertan, azpiegitura hori da babestu beharreko unitate kulturalak osatzen duen eszenatoki fisikoaren ardatz. Ondasunok eszenatoki fisiko jakin bateko parte dira, eta horregatik, unitate kultural hau ezin da hartu isolatuko elementuen batura gisa, bere testuinguruan ulertuak izan behar dute. Ondorioz, ondasun-multzo hau behar bezala babestu eta balioesteko, beharrezkoa da inguruko eremua ondo zedarritu eta alor horiek ere babestea, jatorrizko izaerari eta multzoaren batasunari eusteko.

Zedarritutako eremuaren barnean, babes berezia jasotzen dute ondoren zehazten diren elementuek. Ondare arkitektonikoari dagokion atalean: funikularraren goiko eta beheko geltokiak (bolumetria, eraikuntza-forma, geltokien barne espazio funtzionalak, beheko geltokiko ataria eta nasaren arteko espazioa eta beheko geltokiaren fatxada nagusiak), dorrearen eraikina (bolumetria, eraikuntza-forma, barne espazioak eta garaiko elementuak) eta parkeko garaiko elementuak (fundizioko barandak, fundizioko iturria, antzinako iragarkiak).

Bide eta trenbide ondareari dagokionean, babes berezia dutenak dira: funikularraren azpiegitura, trazatua, gurutzatze-sistema, bide-euskarria eta beste zenbait ezaugarri, hala nola, bide-zabalera edo materialak. Era berean, parkeko beste zenbait elementu ere garrantzia berezikoak dira, parkeko behatoki-plataforma, eta zenbait jolas asaterako: Erreka Misteriotsua (Río Misterioso), Mendi Suitzarra (Montaña Suiza) eta Txalupen Lakua (Lago de Barcas).

Ondasun higigarrien artean, garrantzia bereziko elementutzat hartzen dira: funikularraren azpiegiturak objektu teknologiko gisa duen originaltasuna, funtzionatzeko era, bagoiak, garaiko iragarkiak eta plakak.

Igeldoko funikularra 1912ko abuztuan inauguratu zuten, Maria Cristina erreginak eta arlo honetan espezialista zen Von Roll Fonderie de Berne etxe suitzarrak. Konpainia honek linearen ekipamendua osatu zuen, baina Emilio Huici ingeniariaren diseinuarekin eta Severiano Goñi ingeniariaren zuzendaritzapean eraiki zen, Igeldo mendiaren gaineko aldera iristea errazteko. 312 metroko luzera du, eta 151 metroko desnibela gainditzen du. Metalezko zeharragatan gora eta behera dabiltzan bi bagoik osatzen dute, mugitu arazten dituen kable baten bidez elkarri loturikoak.
 

 

AGINDUA, 2014. URTEAN LITERATURA ARGITALPENETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

626.800 EURO LITERATURA ARGITALPENEN EKOIZPENERAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, literatur izaera duten argitalpenentzat laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdi honek 626.800 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, ARTE PLASTIKO ETA IKUSIZKOEN EREMUAN JARDUERAK SUSTATZEKO ETA GARATZEKO 2014KO EKITALDIKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

416.000 EURO ARTE PLASTIKO ETA IKUSIZKOEN EREMUKO JARDUERETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, arte plastikoen eta ikusizkoen eremuan egiten diren jarduerak diruz laguntzea arautzen duen Agindua onartu du.

Deialdiak 416.000 euroko diru kopurua du. Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean hasita.
 

 

AGINDUA, «KALE ANTZERKIA BULTZATUZ» PROGRAMARI 2014. URTEAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

KALEAN ANTZERKI IKUSKIZUNAK GARATU AHAL IZATEKO DIRU-LAGUNTZA DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, “kale antzerkia bultzatuz” deialdia arautzen duen Agindua onartu du. Deialdi honen bidez, kalean egiten diren antzerki ikuskizunak antolatzeak sortzen dituen gastuak, zati batean bada ere, diruz lagunduko dira, beti ere euskal antzerki taldeekin 2014an burutzen diren ikuskizunak badira.

Laguntza hauen jasotzaileak dira: Udalak, Eskualde edo Mankomunitateak edo beraien Udal Erakunde Autonomoak. Deialdi honek 75.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, ANTZERKI-PRODUKZIORAKO 2014. URTEAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

787.500 EURO ANTZERKI EKOIZPENAK DIRUZ LAGUNTZEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, antzerki ekoizpen profesionalei diru-laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua onartu du. Antzerki ekoizpen horiek, 2014 urtean eginak edo burutzen hasiak izan beharko dute.

Deialdi honek 787.500 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

AGINDUA, MUSIKA JARDUERA PROFESIONA-LETARAKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO MODUA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

445.000 EURO MUSIKA JARDUERA PROFESIONALETARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, 2014 urtean musika jarduera profesionala diruz laguntzeko baldintzak arautzen dituen Agindua onartu du. Deialdi honek, ondorengo modalitateetan biltzen diren jarduerak lagundu nahi ditu diruz: musika partiturak paperean argitaratzea; musika proiektu bateratuak; enpresa ekimen musikalak eta musika programazioa.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Deialdi honek 445.000 euroko diru kopurua du.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA: "R.A.S.D.-BIZKAIA" SAHARAKO ARABIAR ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOAREN LAGUNEN ELKARTEAREN ESKU ETA DOAN HONAKO HAUEK LAGATZEA BAIMENTZEKO DENA: POLIZIA ZEREGINETARAKO DIREN HAINBAT ONDASUN.

LABURPENA

SAHARAKO POLIZIARI MATERIAL GEHIAGO EMATEA ADOSTU DA

• Bulegoko altzariak, arropa eta ekipo elektrogenoak

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Poliziari materiala doan lagatzea onartu du gaurko bileran Gobernu Kontseiluak, Segurtasuneko sailburuak proposatuta. Dagoeneko erabiltzen ez den materiala da, baina oraindik ere baliagarria izan dakioke Saharako Poliziari bere zereginetarako. Jaurlaritzak eta Segurtasun Sailak eta Saharako herriari laguntzeko duten politikari jarraiki egingo da lagapena.

Bulegoko materiala –esaterako, mahaiak, aulkiak, armairuak eta idazteko makinak– eta arropa –besteak beste, anorakak eta hainbat motako zapatak– lagako zaizkio Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Poliziari, erabaki denez. Gainera, zenbait ekipo elektrogeno eramangarri ere emango zaizkio. Material guztia Bizkaiko SEADren Lagunak elkarteari emango zaio, eta elkarteko boluntarioak arduratuko dira materiala Sahara eramateaz eta bertakoei emateaz.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, Ertzaintzak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak lankidetza-politika bat dute Saharako herritarrak prestatu eta artatzeko, eta material-dohaintza hau horren ildotik egingo da. Aurretik ere egin izan da dohaintzarik, batik bat, erabiltzen ez diren autoak eta material humanitarioak, eta, gainera, Ertzaintzak eta Arkauteko Akademiak lankidetza eskaini dute Saharako polizia-agintariak prestatzeko.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

GEHIEGIZKO KONTSUMOA ERAGOZTEA ETA PERMISIBITATE GIRO SOZIALAREKIN AMAITZEA, GAURKO GOBERNU BILERAN AURKEZTUTAKO «ADINGABEAK ETA ALKOHOLA» PROGRAMAREN XEDEAK.

LABURPENA

«Adingabeak eta Alkohola» programa Gobernu-kontseiluan aurkeztu du gaur Jon Darpon Osasun sailburuak. Hain zuzen ere, adingabeen gehiegizko kontsumoa eragoztea eta jokabide horiekiko permisibitate-giro sozialarekin amaitzea dira ekimen honen helburu nagusiak.

Dagoeneko 2013-2020 aldirako Osasun Planean esplizituki adierazita dagoen gazteen ohitura osasungarriak areagotzeko eta arrisku-jokabideak murrizteko lan-ildo honek neurri sorta bat barne hartzen du; erkidego-mailan, hezkuntza-esparruan, adikzioen eremuan, osasun-arretan, araudian eta sentsibilizazioaren eta hedapenaren arloan aplikatuko dira.

Osasun sailburuak gobernu-bileraren osteko prentsaurrekoan nabarmendu duenez, «gizartea heldu, eta keaz zein tabako-mendekotasunaz libratu den bezala, gai izan behar gara kultura-eraldaketa lortu, eta alkohola ez izateko halabeharrezko aldagai gazteak eta festa ekuazioan».

Izan ere, Jon Darponen aburuz, egiazko osasun publikoko arazoa da. Arazoaren garrantziaz jabetzeko, 4 eskola-ikasletik 3k alkohola probatu dutela kontuan hartu behar da. Esan du aste barruko kontsumo-mailek joera egonkorra dutela azken urte hauetan, baina kontsumo intentsiboak (asteburuetako mozkorraldiak edo intoxikazio etilikoak eta binge drinking-a edo betekadetan oinarritutako kontsumoa) igo egin dira. Horrenbestez, jokabide-aldaketa gertatu da: kontsumoa gero eta goiztiarragoa eta intentsiboagoa da.

Programa osatzeko, aintzat hartu dira ebidentzia zientifikoak eta Euskadiko errealitatea. Hala, hainbat esparruk azken urteetan abiarazitako ekimenei jarraipena emango zaie, erakunde- eta sektore-arteko koordinazioan oinarrituta, modu integralean eta eraginkorrean aurre egiteko gakoa horixe da eta. Sailburuak azpimarratu du «Adingabeak eta Alkohola» programak hori duela xede, eta Eusko Jaurlaritza osoaren konpromisoa dela honako hau: «Estrategia bateratua aplikatu, eta urrunago iritsi behar gara inplikatutako eragile guztiak, adingabeen gehiegizko alkohol-kontsumoari eta dituen ondorioei aurre egiten dion ekinbide instituzionala areagotzeko».

Horretarako, programako neurri guztiak helburu jakin batzuk lortzera bideratuta daude. Sailburuak dekalogo honetan laburbildu ditu:

1.- Erakundeen ekinbidea areagotzea.
2.- Alkohola kontsumitzen hasten diren adingabeen kopurua jaistea.
3.- Kontsumitzen hasteko adina atzeratzea.
4.- Adingabeen arrisku handiko kontsumoak eta kontsumoaren maiztasuna murriztea.
5.- Dakartzan arazoei aurre egitea.
6.- Gazteen parte-hartzea handitzea osasun-politiketan.
7.- Gazteen ezagutza eta sentsibilizazioa hobetzea.
8.- Gazteek edateko jasaten dituzten presioak murriztea, bereziki alkoholaren sustapenei, babesletzari eta eskuragarritasunari dagokionez.
9.- Ordezko aisialdi-jarduera osasungarriak eskaintzea.
10.- Ohitura osasungarriak eta osasunaren kultura sustatzea, adingabeek alkohol-kontsumoari uko egitea eta gizartearen jarrera-aldaketa barne hartuta.

Programa gaur aurkeztua izan ondoren, Batzorde Zuzendaria eratuko da berehala. Bertan hartuko dute parte Osasun Sailak eta Lehendakaritza berak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak, Justizia eta Herri Administrazioko sailak eta Segurtasun sailak, Eusko Jaurlaritzari dagokionez. Alabaina, foru aldundiek, udalek eta EUDELek ere parte hartuko dute, hala nola Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, besteak beste.

 «Adingabeak eta Alkohola» programaren eduki osorako sarbidea:
http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckdrog03/eu/contenidos/informacion/alcoholismo/eu_6692/alcoholismo_e.html
 

 


Euskadi, auzolana