Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2014/02/25 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak espainiako hiru legeren aurkako errekurtsoak aurkeztu ditu Konstituzionalean: LOMCE, Ingurumen Ebaluazioaren Legea eta Merkatu Batasunaren Legea.
OSASUN SAILA X. LEG.
Zigarreta elektronikoaren erabilera gurean arautu eta mugatzeko agindua abian jarri du Osasun Sailak.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK ESPAINIAKO HIRU LEGEREN AURKAKO ERREKURTSOAK AURKEZTU DITU KONSTITUZIONALEAN: LOMCE, INGURUMEN EBALUAZIOAREN LEGEA ETA MERKATU BATASUNAREN LEGEA.

Erabakia, Lege honen zenbait arauren aurka konstituzio kontrako errekurtsoa jartzea baimentzeko: 8/2013 Legea, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko dena.

Erabakia, Lege honen zenbait arauren aurka konstituzio kontrako errekurtsoa jartzea baimentzeko: 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatuaren Batasuna Bermatzeko dena.

Erabakia, Lege honen zenbait arauren aurka konstituzio-kontrako errekurtsoa jartzea baimentzeko: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumena Ebaluatzeko dena.

LABURPENA

• Bere iritzian, Espainiako gobernuak dagozkion mugak gainditu ditu hiru arlo horiek arautzean eta hezkuntzako, ingurumen eta ekologiako eta autonomia erkidegoen autonomia politikoaren alorretako eskumenei erasan die.
• Behin errekurtsoak onartuta, Estatuaren eta Euskadiren arteko Alde Biko Batzordean 6 hilabeteko negoziazio-epea irekiko da, akordioa lortzeko eta errekurtsoek aurrera ez egiteko.

Gobernu-kontseiluak gaur eman du baimena hiru konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsook aurkezteko. Hauek dira errekurritutako legeak: Hezkuntza-kalitatearen Hobekuntzarako abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa, Ingurumen-ebaluazioko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Merkatu-batasuna Bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legea.

LOMCE

Lehenik, Jaurlaritzaren iritzian, LOMCEk izaera «bidegabeki homogeneizatzailea» du, eta «balio demokratikoekiko, aniztasunarekiko eta elebitasunarekiko errespetu sakonean, balizko desberdintasunen konpentsazioan eta aniztasuna ikasgeletan integratzean» oinarritutako euskal hezkuntza-sistemarekin aurrez-aurre egiten du talka. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak konstituzio-kontrakotasuna sumatzen du, besteak beste, honako alderdi hauetan:

Ikaskuntza-estandarrak zehaztean eta ebaluatzean. Eusko Jaurlaritzak salatutakoaren arabera, Espainiako gobernuak hezkuntzako profesionalek irakatsi beharreko edukiak zehazteko ardura esklusiboki eta era baztertzailean bere gain hartzen du, gobernu autonomikoek ere zeregin horretan parte-hartzea derrigorrezkoa izan arren.

• LOMCEk DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat amaierako kanpo-ebaluazioko probak ezarriko ditu, eta, horrela, EAE Espainiako gobernuak finkatutako irizpideen betearazle soil izatera mugaraziko du. Horrek Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak ukatzea dakar.

• Gainera, dagozkion mugez gaindi dihardu, gehiegizko xehetasunez zehazten dituelako ikasleen Lanbide Heziketarako eta Unibertsitate-hezkuntzarako sarbide-baldintzak. Horrela jokatuta, ez die tarterik uzten hezkuntza-administrazioei beren beharren araberako irizpideak ezarri ahal izateko.

• Hala ere, Eusko Jaurlaritzari kezka handiena sortzen dion alderdia LOMCEk hizkuntza koofizialak tratatzeko modu onartezina da. Horri dagokionez, gogora dakar koofizialtasunaren irismena arautzeko eskumena ez dagoela inola ere Estatuaren esku, esklusiboki EAEren esku baizik.

• Azkenik, Eusko Jaurlaritzak uste du Legeak Hezkuntza-eskubide funtsezkoa urratzen duela, hain zuzen ere, alderdi hauetan:

        •  Irakaskuntza-aukeren arteko bereizketa (Batxilergoa edo LH) 15 urterekin egin beharra ezartzen du. Bada, frogatuta dago bereizketa goiztiarrak eragin negatiboa duela hezkuntza-sistemen eraginkortasunean nahiz ekitatean.

        • Gainera, eskolaratze-irizpideak aldatu dira, eskola-errendimenduaren irizpidea ezarrita. Horrenbestez, doako ikastetxea aukeratzeko eskubidea gauzatzeko oinarrizko baldintza-berdintasuna zalantzan jarriko da.

        • Legeak Eskola-kontseiluaren funtzioen berrantolaketa esanguratsua proposatzen du, parte-hartzea nabarmen murriztuz, Eusko Jaurlaritzaren iritziaren aurka.

Hain zuzen ere, ondorengo atalak errekurrituko dira: 5, 9, 15, 16, 20, 22, 23, 25, 26, 29, 31, 34, 38, 60. 80, 81, 89, 97 eta 99.

MERKATU BATASUNA

Bigarrenik, Jaurlaritzaren iritzian, Merkatu-batasuna Bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legeak arau-aniztasun autonomikoa berdintzea du xede, «merkatu-batasun nazionala» bermatzeko aitzakian.

• Izan ere, Eusko Jaurlaritzarentzat, «bateratzea» eta «berdintzea» ez dira gauza bera, eta ez da onargarria pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen kokapen eta zirkulazio askea ordena ekonomikoaren funtsezko ardatz direnaren aldarria egiteak autonomiaren eta eskumen-banaketaren printzipioa kaltetzea, munta ekonomiko handieneko arloak arautzeko. Hala, Espainiako gobernuak merkatu-batasunaren printzipioa eta arau-aniztasun autonomikoa bateragarri egin beharko lituzkeela uste du.

• Merkatu-batasuna Bermatzeko Legearen demaseko arautzeek babesgabetasuna eragiten dute eskumena EAEri dagokion interes orokorreko alderdi askotan: hizkuntza-eskubideak, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa, ondare historikoaren, artistikoaren eta kulturalaren babesa, bide-segurtasuna, animalien eta landareen babesa, etab.

• Hala, eragile ekonomikoen arteko lurraldearen araberako tratu-desberdintasuna sorraraziko da, eta horrek enpresen eta eragileen deslokalizazioa ekar dezake, araudi malguagoa xede.

• Lege horrek, «eraginkortasun-printzipioaren» aitzakian, autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak eragile ekonomikoaren sorterriko araudia aplikatzera behartzen ditu, beren araudia aplikatu ordez.

• Gainera, paradoxikoki, merkatu bakarra sortzeko helburua duen legea izan arren, egiaz merkatu bikoitza sortuko du: Espainia barrukoa bata, Europarekikoa bestea.

Hala, 4. eta 5. artikuluak, 1., 6., 10., 11., 12., 14., 15., 17., 18., 19., 20., 26., 27. eta 28. atalak, Hirugarren Xedapen Gehigarria, Zortzigarren Xedapen Gehigarria, Hamargarren Xedapen Gehigarria, Amaierako Lehen Xedapena eta Amaierako Bosgarren Xedapena errekurrituko dira.

INGURUMEN EBALUAZIOAREN LEGEA

Hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea hain da zehatza eta hainbesteko xehetasunez dago emanda, ia erabat agortzen dela EAEren arau osagarriak ezarri ahal izateko gaitasuna, ingurumenaren eta ekologiaren arloan.

Gainera, araua eman den aldi berean proiektuen ingurumen-ebaluazioari buruzko EBren 2011/92/UE Zuzentarauaren aldaketa sakona izapidetzen ari dira, aipatutako Legea aldatu behar izatea ekarriko duena ziur.

Errekurtsoa aurkezteko beste arrazoi bat da Espainiako gobernuak Ingurumeneko Sektore-konferentzian egin duen aldaketa da. Ez da gehiago kontsultarako eta informazio-trukerako lankidetza-organo izango, arau autonomikoetan erreformak sustatzeko gaitasuna duen tresna baizik. Horrela, EAEren eskumenak mugatuta gera daitezke.

Zehazki, 4. artikuluaren 1., 2. eta 3. atalak, 12 artikuluaren 2., 3., 4. eta 5. atalak eta 19., 24., 30., 34., 40., 46., 49. eta 50. artikuluak, Xedapen Iragankor Bakarraren 2. atala, Amaierako Zazpigarren Xedapena eta Amaierako Hamaikagarren Xedapena errekurrituko dira.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

ZIGARRETA ELEKTRONIKOAREN ERABILERA GUREAN ARAUTU ETA MUGATZEKO AGINDUA ABIAN JARRI DU OSASUN SAILAK.

LABURPENA

• OME-REN gomendioen ildotik.

• Izapidetze-fasean dagoen aginduak osasun-zentro eta establezimenduetan, ikastetxeetan, herritarrak artatzeko administrazio-bulegoetan eta garraio publikoetan erabiltzea burutik kentzeko neurriak dakartza.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak zigarreta elektronikoaren erabilera hemendik aurrera arautu eta mugatuko duen agindua abian jarri dela eman dio ezagutzera Gobernu Batzordeari . Ez langile publikoek, ez herritarrek osasun-zentro eta establezimenduetan, ikastetxeetan eta EAEko Administrazio Orokorraren egoitzetan, garraio publikoak barne, halakorik ez erabiltzeko neurriak ekarriko ditu izapidetze- fasean dagoen agindu berriak.

Halaber, gomendioa egingo die EAEko gainerako Administrazio Publikoei zeinek bere esparruan ere antzeko neurriak har ditzan.

Neurriak Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraitzen die, zeren produktuak kalterik egiten ez duela frogatu artean halakorik ez erabiltzeko baitio, areago EBn lege-erreferentzia izango den Zuzentaraua onetsi bitartean. Dena den, debekatuta dago zigarreta elektronikoa 18urte baino gutxiago dutenei saltzea.

Aginduaren justifikazio-atalean –zeinak zuhurtasun-printzipioa eta eredugarritasuna aipatzen baititu– gogorarazten denez, ezen produktuaren publizitateak tabakoaren ordezko gisa eta hura erretzeari uzteko artikulu lagungarri gisa aurkeztuagatik ere, oraindik orain ez da frogatu zeregin horretan eraginkorra denik, ez eta kalterik eragiten ez duela ere, ez baitago zuzeneko erabiltzaileen zein inguruan diren zeharkako erabiltzaileen osasunaren gaineko eraginari buruzko ebidentzia zientifikorik.

Izan ere, gailuaren segurtasuna, eraginkortasuna eta izan litezkeen bestelako ondorioak zein diren argituko bada, ikerketa eta azterketa gehiago egin behar dira eta oraingoz ez da zeharo baztergarria zigarreta elektronikoak toki publikoetan erabiltzeak kolokan jartzea tabakoaren kontsumoa arautu zenetik lortu den normalizazioa. Arau horiexek hartuko dira, gainera, erreferentziatzat zigarreta elektronikoaren erabilera arautzeko.
 ______________________________________________________________________________

■ Osasunaren Mundu Erakundeak halakorik ez erabiltzeko gomendioa zabaldu zuen 2013ko uztailean, «harik eta ondo argitzen den arte produktu segurua, eraginkorra eta kalterik gabea den, betiere erakunde arautzaile nazional eskudunak ziurtatuta».

■ Bestalde, Europako Parlamentuak proposamen bat egin zuen 2013ko urriaren 8an, halako produktuak katalogatu aurretik horiek ebaluatuko dituzten azterketak egin daitezela eskatzeko, eta uste da aurten bertan onartuko dela horri dagokion Zuzentaraua, estatuek zeinek bere antolamendu juridikora eramatean errespetatu beharreko printzipio eta neurri orokorrak xedatuko dituen testu estandarra, hain zuzen. 

 ______________________________________________________________________________


Euskadi, auzolana