Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2014/02/04 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Funtzionamenduari eta Azterketari buruzko Txostena onartu eta Eusko Legebiltzarrera bidaltzea erabakitzen duena.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Dekretua, zeinarekin honako programa garazten baita: enpresa txiki eta ertainak, banako enpresarioak eta profesional autonomoak finantzarioki laguntzeko 2014rako programa.
Dekretua, 2014ko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea adosten eta baimentzen duena.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, "Bake eta Bizikidetza Planaren oinarriak eta proiektuak hezkuntza-arloan (2013-2016)" dokumentuak onartzen dena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERAKUNDEEN FUNTZIONAMENDUARI ETA AZTERKETARI BURUZKO TXOSTENA ONARTU ETA EUSKO LEGEBILTZARRERA BIDALTZEA ERABAKITZEN DUENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK EAE-KO ERAKUNDEEN FUNTZIONAMENDUARI ETA AZTERKETARI BURUZKO TXOSTENA ONARTU DU, ETA LEGEBILTZARRARI IGORRI DIO

• Txostenean erakunde bakoitzaren eskumenetatik eratorritako "bikoiztasunak" aztertzen dira, bai eta administrazioen sektore-kudeaketaren "eraginkortasun ezak" ere.
• Lana Eusko Jaurlaritzaren baliabide propioekin egin da, eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak aurkeztuko du, berak eskatuta, gai hau aztertzeko sortutako Batzorde Txostengilean.
• Jaurlaritzak hiru foru-aldundiei eta EUDELi bidali zien dokumentua abenduaren 20an, ekarpenak egiteko, eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrari igortzeko.

Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen funtzionamenduari eta azterketari buruzko txostena onartu du gaur. Euskadiko erakunde bakoitzaren indarreko eskumenen mugak aztertzen ditu dokumentuak, "bikoiztasunak" identifikatzeko. Gainera, erakunde bakoitzaren sektore-kudeaketatik eratorritako "eraginkortasun ezak" jorratzen ditu.

Dokumentua Eusko Legebiltzarrari igorriko zaio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak, berak eskatuta, agerraldia egiteko eskaerarekin batera, bai eta hiru foru-aldundiek eta EUDELek egindako ekarpenekin batera ere, analisia osatzeko. Jaurlaritzak joan den 2013ko abenduaren 20an igorri zien dokumentua, ekarpenak egin zitzaten. Orain arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EUDELen ekarpenak jaso ditu Jaurlaritzak, baina gainerakoak laster jasotzea espero du.

ABIAPUNTUA

Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen funtzionamenduari eta azterketari buruzko txostena, ia hirurehun orri dituen dokumentua, Eusko Jaurlaritzaren baliabide propioekin egin da, eta "abiapuntu" izan nahi du, hemendik aurrera, Legebiltzarreko taldeek "Euskadiko erakundeen etorkizunari buruz egoki deritzotena jorratu, eztabaidatu eta ebatzi dezaten, horretarako sortutako Batzorde Txostengilean".

Ildo horretatik, Legebiltzarreko Batzorde Txostengileak, aurreko legegintzaldian bezalaxe, egoki iritzitako pertsona guztiek agerraldiak egitea proposatzea espero du Jaurlaritzak, hain zuzen ere, Euskadin egiteke zegoen eztabaida politiko-instituzionalean sakontzeko.

 TXOSTENAREN ONDORIO NAGUSIAK

Lehenik eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen funtzionamenduari eta azterketari buruzko txostenak ez du "eraginkortasun ezen" edo "bikoiztasunen" kostuen inongo kuantifikaziorik egiten.

Bigarrenik, azterlanak ez du zalantzan jartzen "euskal erakunde-arkitektura eratzen duen ereduaren baliozkotasuna" eta, ohartarazten duenez, "ezin da ondorioztatu erakunde maila ezberdinen artean dauden disfuntzioak edo aldiberekotasunak arau-urritasunaren fruitu direnik"; aitzitik, "koordinazio, lankidetza edo kooperazio faltagatik" gertatzen dira. Hori da EAEn identifikatu diren "bikoiztasunak" azaltzeko arrazoi nagusia.

Hirugarrenik, Estatuko Administrazioarekiko "bikoiztasun larriak" antzeman ditu txostenak, antolamenduari dagokionez, dela funtzioak gainjarri direlako, dela Estatutuan errekonozituta dauden baina Espainiako Gobernuak oraindik ere transferitu ez dituen eskumenetan bitartekoen eta zerbitzuen gardentasun faltatik eratorritako eraginkortasun ezengatik

Azkenik, "eraginkortasun ezei" dagokienez, txostenak administrazioen kudeaketaren sektorekako errepaso sakona egiten du, eta jorratutako kasu bakoitza konpontzeko proposamenak egiten ditu.

TXOSTENAREN PROPOSAMENAK

Txostenak proposamen zehatzak egiten ditu, batetik, Estatuko Administrazioari dagokionez eta, bestetik, hainbat euskal administraziori dagokienez:

Estatuko Administrazio Orokorra: Txostenaren arabera, arlo honetako bikoiztasunekin amaitzeko formula nagusia estatutu-garapena burutzea da. Estatuak eskumen-titulu horizontalak erabiltzeko modua, gehiegizkoa eta disfuntzionala, berraztertzea proposatzen du, eta Estatuko Administrazio Orokorraren EAEko zerbitzuak antolamendu-arrazionaltasun irizpideen arabera egokitzea.

• Euskal Autonomia Erkidegoa:

    • Euskadiko Politika Publikoen Kontseilua sortzea, erakunde arteko koordinazioa muturreraino eramateko, bikoiztasun horiek saihesteko neurri nagusi gisa.
    • Arbitraje Batzordeari funtzio gehiago ematea, azken testuak aztertu ahal izan ditzan, ez bakarrik arau-proiektu eta -proposamenak.
    • Sektore publikoa neurriratzea eta berregituratzea erakunde maila bakoitzean, eta lotutako edo mendeko erakundeen egiturei buruzko azterlanak egitea proposatzea, gainjartzeak antzemateko eta horiek arrazionalizatzeko aukera emango duen mapa orokor bat egiteko.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ZEINAREKIN HONAKO PROGRAMA GARAZTEN BAITA: ENPRESA TXIKI ETA ERTAINAK, BANAKO ENPRESARIOAK ETA PROFESIONAL AUTONOMOAK FINANTZARIOKI LAGUNTZEKO 2014RAKO PROGRAMA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK BANAKAKO ENPRESABURU ETA PROFESIONAL AUTONOMOEI FINANTZA LAGUNTZA EMATEKO 2014RAKO PROGRAMA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak Euskadiko ETE, banakako enpresaburu eta profesional autonomoei bideratutako 2014ko Finantza Laguntza Programa eratzen duen dekretua onartu du gaurko bileran. Kolektibo horiek bankuen finantzaketa eskuratu ahal izatea du helburu, zorra berregituratzeko eta epe laburrerako zorra berritzea edo epe laburrerako zorra epe ertain eta luzerako zor bihurtzea.

Egungo krisi ekonomikoa eta finantzarioa dela eta, bankuen finantzaketa lortzeko zailtasuna da ETEek, banakako enpresaburuek eta profesional autonomoek aurre egin beharreko arazoetako bat. Gogoan izan behar da gure enpresa-ehunaren % 95 osatzen dutela.

Horrenbestez, Jaurlaritzak iragan ekitaldiko martxoan onartutako finantza-mekanismoa 2014ra luzatzea erabaki du.

Iazkoaren aldean, 2014ko programan, maileguen interes-tasa murriztu egingo da; gehienez sei hilerako Euriborra (%0,4) (+% 3koa) izango da, guztira %3,4 epea edozein dela (3, 5 edo 7 urte).

Programaren gainerako ezaugarriak ez dira aldatu.

Jaurlaritzak onartutako dekretuak programa honen bidez ezarritako finantza-laguntzaren hainbat ezaugarri arautzen ditu; esaterako, lortzeko baldintzak, baliabideen eskuragarritasuna, maileguen baldintzak eta izapidetzeko prozedurak.

Ogasun eta Finantza Sailak, programa inplementatzeko, dagozkion hitzarmenak sinatuko ditu horren garapenean esku hartu nahi duten elkarren bermerako sozietateekin. (Bankuak eta Kutxak)

Programaren onuradunak

Enpresa txiki eta ertainak Europako definizioaren araberako enpresa txikiak eta ertainak (ETEak), Euskadin egoitza dutenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

1) Jarduera ekonomikoren bat egitea.
2) 250 langile baino gutxiago edukitzea.
3) Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
4) Beste enpresa batek edo enpresa batzuek elkarrekin % 25 edo gehiagoko partaidetza zuzenean edo zeharka ez edukitzea aurretik azaldutako eskakizunetakoren bat ez betetzea.

Banakako enpresaburuak eta profesional autonomoak Euskadin egoitza dutenak eta baldintza hauek betetzen dituztenak:

1) Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzaren araubide berezian alta emanda izatea.
2) Pertsona Fisikoen Errentaren Zergari lotutako jarduera ekonomikoen edo profesionalen bidez etekinak lortzea.

Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jo dezakete programara, baina ezin dira onuradun izan erakunde eta sozietate publikoak, finantza-erakundeak edo higiezinen arloko jarduerak, besteak beste.

Programari heldu nahi dioten enpresak ez dira krisi-egoeran egon behar –Europako Batzordeak horren gainean emandako definizioaren arabera–, eta Foru Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean eduki behar dute.

 Programaren operatiboa

Finantzazio-ildo honen bitartez, EAEko Herri Administrazioak programa agituratzeaz gain, gaur Jaurlaritzak onartu duen dekretuaren bidez hitzartuko diren mailegu-eragiketak bermatuko ditu.

Hortik aurrera, elkarren bermerako sozietate batek bermatu behar ditu erregulazio horri jarraiki gauzatutako mailegu-eragiketa guztiak; horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta programan parte hartzen duten elkarren bermerako sozietateek hitzarmen bat sinatuko dute, finantza-eragiketa horiei berme-sistema bat ematearren. Elkarren bermerako sozietateek emandako abalek onuradunen finantza-arriskuak bermatuko dituzte finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, alegia.

Bestalde, Euskadiko administrazioak eta programan parte hartzen duten finantza-erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte onuradunen aldeko maileguak gauzatzeko.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak, finantza-erakundeek eta programan parte hartu nahi duten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatu ahal izango dituzte finantza-erakunde laguntzaileetan banku-gordailuak eratuz finantzaketa bideratzeko moduak bilatzeko.

 Mailegu-eragiketaren ezaugarriak

Mailegu-eragiketek ezaugarri hauek edukiko dituzte:

1) Tresnak: mailegu amortizagarria.
2) Interes-tasa gehienez sei hilerako Euriborra, + % 3 koa. (%3,4)
3) Epea: 3, 5 eta 7 urte, eta beste bat aukerako gabealdikoa zenbateko nagusia amortizatzeko.
Interesen eta amortizazioaren likidazioa hiruhilekoan behin egingo da; interes-tasa berrikusteko epe bera izango da mailegua tasa aldakorrarekin gauzatuz gero. Mailegu-hartzaileek aurretiaz ezeztatu edo amortizatu ahal izango dituzte maileguak, inolako kosturik gabe.
4) Maileguek ez dute inolako komisio edo gastu gehigarririk izango.
5) Hauxe izango da maileguen zenbatekoa:
- 50.000 € eta 650.000 € artean, enpresa txiki eta ertainentzat.
- 10.000 € eta 100.000 € artean, banakako enpresaburuentzat eta profesional autonomoentzat.

Finantza programaren gehienezko muga 600 milioi € da. Lehen deialdia ere onartu da gaur, 300 milioi €-koa izango da: 280 milioi € enpresa txiki eta ertainentzat eta 20 milioi € banakako enpresaburu eta profesional autonomoentzat.

 

DEKRETUA, 2014KO EKITALDIAN ZORPETZE-ERAGIKETAK EGITEA ADOSTEN ETA BAIMENTZEN DUENA.

LABURPENA

2014RAKO ZORPETZEKO ERAGIKETAK EGITEA BAIMENTZEN DUEN DEKRETU PROIEKTUA

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legean aurreikusten eta onartzen duenez, Gobernu Kontseiluak ekitaldi honetako zorpetze-eragiketak egitea baimendu du. Aurrekontuen Legean onartutako zorpetze-eragiketak (1.315 M) urte honetan egingo dira.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, "BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANAREN OINARRIAK ETA PROIEKTUAK HEZKUNTZA-ARLOAN (2013-2016)" DOKUMENTUAK ONARTZEN DENA.

LABURPENA

2013-2016-RAKO BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANAREN OINARRIAK ETA PROIEKTUAK HEZKUNTZA-ARLOAN

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2013-2016rako Bake eta Bizikidetza Planaren oinarriak eta proiektuak onartu ditu. Bake eta Bizikidetza Planaren helburuetan jasoa dago, 18. ekimenean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren artean lankidetza-eredu bat ezartzea, giza eskubideen eta bakearen, biktimekiko elkartasunaren eta gatazken konponbide baketsuaren aldeko hezkuntza sendotze aldera. Onartutako dokumentua elkarlan horren emaitza da, eta euskal ikastetxeek bakea eta bizikidetza indartzeko eskura izango dituzten proiektuak jasotzen ditu.

Gure hezkuntza-sistemak urteak daramatza lanean bizikidetzaren aldeko hezkuntzaren arloan. Bake eta Bizikidetza Planak, azken urteotan gure hezkuntza-sisteman bizikidetzaren aldeko hezkuntzaren arloan egin den lanaren osagarri izatea du helburu, eta ez inola ere egin den lan hori ordezkatzea. Bizi dugun ez-ohiko egoera honetan, bakea eta bizikidetza bermatu behar den honetan, bakearen eta giza eskubideen arloan ekimenak biderkatu eta orain arte egindakoa sendotzea da helburu.

Onartutako dokumentuan lau proiektu jasotzen dira:

- Gizalegez Akordioa: hezkuntza-eragile ia guztien artean sinatutako konpromisoa da, bizikidetza hezkuntzarako lau oinarri ezartzen dituena.
- Elkarrekin Bonu Programa: Giza eskubideetan eta bakean, biktimekiko elkartasunean eta gatazken konponbide baketsuan hezteko proiektuetan prestakuntza-, dinamizazio- eta aholkularitza-ekimenak sustatzeko lankidetza publiko-soziala ahalbidetuko duen funtsa.
- Adi-adian: ikasleek biktimen testigantzak entzutea ahalbidetuko duen hezkuntza modulua, giza duintasunari, bizikidetzari eta enpatiari buruzko ikaskuntzak lantzeko asmoz.
- Eskola Bakegune: página Web que recogerá todos los proyectos, y en definitiva todos los contenidos relativos a la paz y a los derechos humanos, y que busca ofrecer a los y las profesionales de la educación una herramienta útil proiektu hauek guztiak eta oro har, bakea eta giza eskubideen gaineko edukiak bildu eta jasoko dituen web orrialdea, hezkuntza-arloko profesionalei gai hauek landu ahal izateko tresna erabilgarri bat eskaintzeko asmoz.

Proiektu hauen diseinu eta garapenean zuzenean parte hartu dute hezkuntza eragile guztiek, eta haiek egindako ekarpenak jasota daude dokumentu honetan, bereziki Eskola Kontseiluaren bidez bideratu direnak.
 

 


Euskadi, auzolana