Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2013/12/30 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, EAEko Emaumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana onartzen duena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, INBIOMED Fundación Instituto de Investigación Biomédica y Desarrollo Tecnológicori diru-laguntza zuzena emateko ama-zelula helduen eta enbrioituen/birprogramatuen biologiaren inguruko ikerketako finantzatzeko.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Dekretua, Estatutuaren araberako Hitzarmen Kolektiboak ez Aplikatzeko Prozedurak Ebazteko Organoa (ORPRICCE) sortu eta arautzekoa.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, Basalan A.B-en alde elurra kentzeko makina baten doako xedapenari buruzkoa.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabakia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiekiko lankidetza-hitzarmen markoa onartzen duena, kartografia, geodesia eta lurralde-informazioari buruzkoa.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, EAEKO EMAUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO VI. PLANA ONARTZEN DUENA.

LABURPENA

GIZARTEA ERALDATZEKO BEHARREZKOA DEN BALIO ALDAKETAN OINARRITU DA BERDINTASUNERAKO VI PLANA

• Euskal herri-aginte eta herri-administrazio guztiei zehazten zaie Planean zeintzuk diren gizartean berdintasuna lortzeko bete beharrezko helburuak
• Balio aldaketa eta emakumeen ahalduntzea, gizarte antolakuntza erantzunkidea eta emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea dira ardatzak
• Erakunde, elkarte, aditu eta hiritarren ekarpenak jaso ditu Planak

Gobernu Kontseiluak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VI Plana onartu du gaur. VI. Planaren helburua, funtsean, esku hartzeko zenbait ildo eta jarraibide zehaztea da, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango duten jarduera zuzentzeko. VI. Berdintasun Plana Eusko Jaurlaritzaren X Legegintzaldiko Plan Estrategikoetako bat da eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako lege-agindu bati erantzuten dio, zeinetan zehazten den Legegintzaldi bakoitzaren hasieran Berdintasun Plan bat onartuko den.

Planaren ardatz nagusia balio aldaketa da. Balioak aldatu ezean, ezin da gizartea eraldatu. Balioek edozer gizarte-eredu iraunarazten eta justifikatzen dute, eta eredu androzentriko eta matxista batetik berdintasunezko eredu batera igarotzen laguntzeko, beharrezkoa da beste balio batzuk garatzea, beste printzipio filosofiko, etiko eta politiko batzuk garatzea, eta gizartea horietan oinarritzea. Pertsonen usteetan eta gizartearen maila sinbolikoan eragina izatea. Lan zaila den arren, ezinbestekoa da aldaketak eta transformazioak eragiteko.

Bi blokek osatzen dute VI Planaren egitura, berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko neurriak eta berdintasunaren arloan esku-hartzeko ardatzak:

Berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko neurriak: Guztira hamahiru neurri dira, berdintasun-printzipioa euskal herri-aginteen antolakuntzan eta funtzionamenduan txertatzeko ezartzen dituen aginduak biltzen eta hedatzen dituztenak, hala nola, berdintasun unitate administratiboak sortu eta indartzea, kontratazioetan berdintasun klausulak txertatzea edo estatistika, ikerketa, legeetan eta aurrekontuetan berdintasun ikuspegia txertatzea.

Berdintasunaren alorrean esku-hartzeko ardatzak: VI. planak proposatzen dituen erronkak hiru ardatzen inguruan antolatu dira. 
- I. ardatzak balio-aldaketa eta emakumeen ahalduntze pertsonala, kolektiboa eta soziala bultzatzen ditu;
- II. ardatzak antolaketa sozial erantzunkidea garatzea du helburu;
- eta III. ardatzak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazi nahi du.

I ARDATZA: Balioak aldatzea eta emakumeak ahalduntzea

Pertsonen usteak aldatzeak ekartzen duen lan zaila den arren, Plan honek nahi duen gizarte-aldaketa lortzeko ezinbestekoa da. Ez da Plan honetako programa edo ardatz bakarrera mugatzen, gainontzeko programetan ere oso presente dago.

Denboran iraungo duen aldaketa sozialaren berme modura planak indar berezia ematen dio haur eta gazteekin egin beharreko lanari, garrantzi handia emanez Hezkuntza-prestakuntza alorrari, eta baita komunikabideei eta sare sozialei. Gizartearen parte hartzea indartu nahi du eta eragile sozial guztien konplizitatea eskatzen du emakume eta gizonen berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko.

Helburuen artean, etxeko eremuan eta lanekoan genero rolek emakume eta gizonei ezarritako eginbehar ezberdinak baliogabetzea, zaintza lanari merezi duen aitortza egitea gizartearen behar bat bezala eta pertsona guztiek honekin duten konpromisoa indartzea, bereziki, txikiak bere kargu dituztenak edo txikien erreferentzia eredu izan daitezkeenak.

Honekin batera, komunikabideetan emakume eta gizonen presentzia orekatua eta bi sexuen irudi plurala erakustea proposatzen du eta gizonei zuzentzen da eredu maskulino tradizionala zalantzan jarri dezaten, eta berdintasunean oinarritutako jokabideak erakutsi ditzaten.

Lehen ardatz honetan emakumeak ahalduntzeko programak ere daude, ahalduntze personal eta taldekoa sustatuz, emakumeen autoestimua eta autonomia indartuz, haien bizi baldintzak hobetuz eta haien parte hartze soziopolitikoa sustatuz, besteak beste.

II ARDATZA: Gizarte antolakuntza erantzunkidea

Erantzunkidetasunak konpromisoa eskatzen du, gizartearen parte diren pertsona guztien konpromisoa: ugalketa eta ekoizpena, etxeko arloa eta arlo publikoa, zaintza-lanak eta sostengua, neurri berean beren gain hartzeko eta balioesteko konpromisoa, hain zuzen ere. Soilik horrela eraldatu ahalko dira balioak, bi espazioak aintzatetsiz eta balioetsiz, eta soilik horrela lortu ahalko da emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorra.

Helburu hau kontutan izanik, planak bilatzen du erantzunkidetasun eta denboraren erabilera berriak sustatzea (generoen arteko aldea murriztea, gizonek eta emakumeek etxeko eta zaintza lanetan emandako denboran, adibidez, emakumeek etxetik kanpoko lanerako eta aisialdirako denbora gehiago izan dezaten, besteak beste). Honekin batera enpresen kultura kontziliazio eta erantzunkiderantz aldatzea proposatzen du, eta mendetasun egoeran dauden arreta emateko zerbitzuen ordutegien malgutasuna eta estaldura areagotzea. Erantzunkidetasunezko kontziliazioa ahalbidetzeko plangintza urbanistikoa eta etxebizitzen, espazio publikoen eta garraiobideen diseinua aldatzea ere proposatzen du.

III ARDATZA: Emakumeen kontrako indarkeria desagerraraztea

Genero-desberdintasuna emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrietako bat da eta, horrenbestez, Plan honetan proposatutako gainerako jarduera-eremuetan bezalaxe, indarkeriaren kontrako borroka efektiboa estu-estu lotuta dago gizartearen balio-aldaketarekin. Hori horrela, eraldaketa hori funtsezkoa da indarkeria ezabatzeko eta behar bezala eta behin betiko konpontzeko.

Indarkeriarik gabeko ereduak bultzatzea da ardatz honen lehenengo programa eta bereziki gizonetan jartzen du indarra eta baita emakumeen kontrako indarkeria mota ezberdinetan.

Honekin batera, planteatzen du hedabideetan pertsonak euren sexuaren arabera maila handiagokoak edo txikiagokoak direla adierazten duten irudi eta edukiak kentzea, bai eta pertsonak sexu-objektu huts bezala aurkezten dituztenak edota emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, hutsaltzen edota bultzatzen dutenak ere, eta baita ere, emakumeen kontrako indarkeriaren informazio-tratamendua hobetzea, genero-desberdintasuna oinarrizko elementu gisa ikus dadin, eta emakumeak borrokaren eragile aktibo gisa.

Planak, bestetik, emakumeen kontrako indarkeriari buruzko informazioa eta ikerketa hobetzea proposatzen du, baita portaera bortitzak garaiz hautematea hezkuntza-, osasun-, polizia-, epaitegi, lan- eta gizarte-sisteman, eta arreta osoko prozesuaren aurretik, bitartean eta ondoren, itxaropen doituak ematen dizkien informazioa jasotzen duten indarkeriaren biktimak diren emakumeen kopurua handitzea.

Honekin batera, indarkeriaren biktima diren emakumeen babesa eta arreta osoa bermatzean oinarritzen da plana, eta indarkeriaren biktima diren emakumeek beren kargura dituzten pertsonen, batez ere, seme-alaben beharrak betetzeko baliabideak dituzten arreta-zerbitzuen kopurua handitzea.

Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei etxebizitza bat izan dezaten bermatzea, eta haien laneratzea areagotze ere zehazten da planean, besteak beste. hala behar badute.

Planaren elaborazio prozesua

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VI Plana 2013an hasi zen lantzen. Emakundeko pertsonal teknikoaren lehen analisiaren ondoren, martxotik maiatzera arte kontraste eta ekarpen prozesu bat egin zen lan bilerak eginez. EAEko Berdintasunerako koordinazio egitura guztiekin. Honekin batera, adituei elkarrizketa sakonak egin zaizkie eta kontsulta publikora ireki zen planaren zirriborroa. Planak beraz erakunde, elkarte eta hiritarren parte hartzea izan du.


 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, INBIOMED FUNDACIÓN INSTITUTO DE INVESTIGACIÓN BIOMÉDICA Y DESARROLLO TECNOLÓGICORI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEKO AMA-ZELULA HELDUEN ETA ENBRIOITUEN/BIRPROGRAMATUEN BIOLOGIAREN INGURUKO IKERKETAKO FINANTZATZEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 750.000 EUROKO DIRU LAGUNTZA ONARTU DU INBIOMED ZENTRORAKO BETI ERE BIDERAGARRITASUN PLAGINTZAREKIN ETA PATRONATUKO KIDEEN KONPROMISO EKONOMIKO HANDIAGOAREKIN BALDINTZATUTA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran 750.000 euroko laguntza berezia eta zehatza onartu du INBIOMED Biomedikuntza Ikerketarako eta Garapen Teknologikoan espezializatua den Fundazioarentzat. Helburua zentro honen jarraipena ahalbidetzea da, azaroan Jaurlaritzak planteatutako baldintzak kontutan hartuta.

Horregatik, gaur onartu den diru-laguntza adostutako baldintzetan gauzatuko da, Jaurlaritza ez baita Inbiomed-eko Patronatuko kidea eta zentro honen bideragarritasunaren erantzukizuna azken finean Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Kutxari dagokie, hauek baitira Patronatuan ordezkatuta dauden erakundeak.

Onartu den diru-laguntza Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailak eta Osasun sailak gauzatuko dute %50ean, guztira 2013 eta 2014ko aurrekontuetatik, guztira, 750.000 eurorekin.

2013ko aurrekontutik 400.000 euroko ekarpena egingo da. Ordainketa honen ondoren Inbiomed-eko arduradunek 2013ko Kontu-Ikuskaritza Txostena, Jarduera Txostena eta urteko nominen ordainketa agiriak aurkeztu beharko dituzte.

2014ko aurrekontuko 350.000 euroko diru-laguntzak Jaurlaritzak proposatutako eta Patronatoak onartutako baldintza zorrotzagoak izango ditu, besteak beste, GFAren eta Kutxaren konpromiso ekonomiko handiagoa eta Bideragarritasun Ekimen zorrotza.

Hain zuzen ere ondorengo konpromisoak dira adostutakoak:

• Patroiek 2014rako ekarpen bat egitea, gutxienez urte horretan Eusko Jaurlaritzak egingo duen ekarpena halako hirukoa;

• Patronatoak onartuko duen Bideragarritasun Ekimena aurkeztuko da non bideragarritasuna errazte aldera berregituraketa bat zehaztuko den.

• Ikerketa-taldeen finantza aldetik iraunkorrak diren aztertzea, eta bideragarriak ez diren taldeak ixteko konpromisoa hartzea.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ESTATUTUAREN ARABERAKO HITZARMEN KOLEKTIBOAK EZ APLIKATZEKO PROZEDURAK EBAZTEKO ORGANOA (ORPRICCE) SORTU ETA ARAUTZEKOA.

LABURPENA

EUSKADIN HITZARMEN KOLEKTIBOAK EZ APLIKATZEKO PROZEDURAK EBATZIKO DITUEN ORGANOA SORTU DUTE

Eusko Jaurlaritzak zenbait enpresatan estatutuaren araberako hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeko prozedurak ebatziko dituen organoa sortu du Euskadin, Estatuko gobernuak sustaturiko laneko erreformari jarraiki.

Laneko erreformak aurreikusitakoaren arabera, zenbait kausa ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produkziozko gertatzen badira enpresa batean, hitzarmen kolektiboan aurreikusitako lan-baldintzak ez aplikatzeko aukera egongo da.

Aukera hori Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onarturiko dekretuak arautuko du; haren bitartez, adierazitako prozedurak arautuko dituen organo kolegiatua sortu du, hiru alderdik osatuko dutena; Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko sindikatu-elkarte eta enpresa-elkarte adierazgarrienek.

Zehazkiago, organoak Lan Harremanen Kontseiluan izango du egoitza, eta honako hauek osatuko dute: presidente bat, aldi berean Lan Harremanetarako Kontseiluaren presidente izango dena, edo hark eskumena emandako pertsona; bost batzordekidek, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa; bost batzordekidek, Euskadiko sindikatu-elkarte adierazgarrienen ordezkari gisa –betiere ordezkagarritasunaren proportzioari jarraiki–, eta bost batzordekidek enpresa-elkarte adierazgarrienen ordezkari gisa –horiek ere ordezkagarritasunaren proportzio berean–.

Oro har, erabakiak boto eskubidea duten kideen gehiengoaren bitartez hartuko dira; baina, berezitasun gisa, enpresa batean hitzarmena ez aplikatzeko ezinbestekoa izango da organoa osatzen duten talde bakoitzeko gutxienez kideetako baten aldeko botoa.

Eskatutako gehiengoak betetzen ez badira, arbitro bat izendatu ahalko da hitzarmena ez aplikatzeko proposamena baztertzeko edo onartzeko laudo bat eman dezan, eta, onartzeko laudoa emanez gero, onarpenaren baldintzak ezar ditzan. Arbitrajeko laudoa loteslea eta exekutiboa izango da.

Eusko Jaurlaritzak organoaren sorrera arautzea onartu du, onartu izan ez balu martxoaren 15eko 5/2013 Errege Dekretua aplikatuko litzatekeelako; hark ezarritakoaren arabera, Euskadiko enpresek Aholku Batzorde Nazionalera jotzeko aukera izango dute hitzarmen kolektiboak ez aplikatzea eskatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Euskadiko administrazioak, Lan Harremanen Kontseiluak eta gizarte-eragileek Euskadiko errealitate ekonomikoari eta enpresa-errealitateari buruz duten ezagutza aintzat hartuta, gomendagarria da berezko organo arautzaile bat izatea.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, BASALAN A.B-EN ALDE ELURRA KENTZEKO MAKINA BATEN DOAKO XEDAPENARI BURUZKOA.

LABURPENA

SEGURTASUN SAILAK ELURRA KENTZEKO MAKINA BAT LAGAKO DIO BIZKAIKO FORU ALDUNDIARI

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu duenez, Segurtasun Sailak Bizkaiko Basalan AB enpresa publikoari elurra kentzeko makina bat lagako dio. Aipatutako enpresa Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailari atxikita dago, eta makina Neguko Bidezaintza Planeko lanetan erabiliko du.

Ibilgailua gaur egun zerbitzuz kanpo dago, Ertzaintzaren ibilgailu-parkean erretiratuta; nolanahi ere, oraindik neguko bidezaintza-kanpainetan erabiltzeko moduan dago.

Schmidt markako elurra kentzeko makina da, 30.000 euroko balioa duena. Gaurtik aurrera, Basalan enpresa publikoaren bitarteko eta baliabideetara igaroko da. Erakunde horrek klimatologia-arazoak direnean mugikortasun- eta irisgarritasun-lanetan parte hartzen du, beste hainbat erakundetako bitartekoekin batera: Bizkaiko Foru Aldundia, Trafiko Zuzendaritza, Ertzaintza, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta EAEko udalak.

Lagapena dohainik egingo dio Segurtasun Sailak, eta ibilgailua erabilgarritasun publikokoa edo gizarte-interesekoa izango da, lagapen-hitzarmenean jasota dagoen moduan.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIEKIKO LANKIDETZA-HITZARMEN MARKOA ONARTZEN DUENA, KARTOGRAFIA, GEODESIA ETA LURRALDE-INFORMAZIOARI BURUZKOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK EUSKADIKO GAINAZALAREN XEHETASUN ALTUKO IRUDI FOTOGRAMETRIKOAK EMAN DIZKIE FORU ALDUNDIEI

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak aurten "hegaldi digital" baten bidez lortutako kalitate altuko (25 zentimetro) Herrialdeko gainazalaren irudi guztiak bidali dizkie hiru Foru Aldundiei, kartografia-helburuekin. Material hau osatzen duten fotogramak bi formatutan adierazten dira: ecw luzapeneko formatu konprimatuan, eta originalak tif formatuan; horiek lau banda dituzte, rgb eta gertuko infragorria. geoEuskadiko profesionalek eta erabiltzaileek material hori guztia erabili ahal izango dute, unibertsitate, ingeniaritza, arkitekto eta planifikazio-arduradunek erabilitako erreminta berria.

Oinarrizko kartografia-informazioa da, urtero berritzen dena, eta hark lurraldean eragiten duten jarduketa eta fenomenoen jarraipena egitea eta horiek aztertzea ahalbidetzen du, hala nola, nekazaritza- eta baso-laguntzak, obra publikoak eta hirigintza, ingurumen-kudeaketa, segurtasuna eta larrialdiak.

Argazkiak ateratzeko hegaldia 2013ko uztailaren 30ean abiarazi zen eta irudiak lortzeko lana 2013ko irailaren 4an amaitu zen, horretarako baldintza meteorologiko egokiak behar baitira, hau da, eguraldi argia eta lanbro edo lainorik gabea, eta eguzkiak horizontearekiko 40ºtik gora egon behar du.

Lanak kalitatea eta kartografia-zehaztasuna bermatzen duten kameren eta metodo fotogrametrikoen bitartez gauzatzen da, eta EAEko Azimut SA −Hegaldi Fotogrametrikoak egiteko 2012 eta 2013. urteetarako esleipenduna− eta LIDAR enpresek gauzatu dituzte.

Lankidetza-hitzarmen eta jarduketa hauen bitartez lau Administrazio euskaldunek informazio bera partekatzen eta erabiltzen dugu gure premia zehatzak asetzeko, betiere eraginkortasuna eta gastu bateratua bermatuz; gainera, lan honek oinarri gisa balioko du Foru Aldundiek bere eskumenen garapenean eskala handiagoan egingo dituzten beste lan zehatzagoetarako.
 

 


Euskadi, auzolana