Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2013/12/03 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, heriotza-zigorraren kontrako Pablo Ibar elkarteari diru-laguntza zuzena ematen dena, Pablo Ibarren kasuan ikerketa juridikoak egiten jarraitzeak eragingo dituen gastuak ordaintzen laguntzeko.
Emakundek 490.000 euro zuzenduko ditu ikerketa bekak, eta elkarteentzako eta enpresentzako dirulaguntzetara.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, Donostiako Karmengo Ama Arrantzaleen Kofradiari 2013an diru-laguntza zuzena ematen dena, beren zereginak betetzen laguntzeko.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena, inbertsioak egiteko diru-laguntzak finantzatzeko mahastizaintzako eta ardogintzako sektorearentzako babes-programaren barruan, 2014ko otsailaren 1ean bukatzen den aldian. Laguntzak uztailaren 19ko 548/2013 Errege Dekretuan daude jasota.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2014. urteko jaiegunen egutegia onartzeko dena.
Milioi erdi euro, laneko arriskuen prebentzioaren arloan ikertzeko proiektuak diruz laguntzeko.
Erabakia, Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillari zuzeneko diru-laguntza emateko dena, eskualde horretan Enplegu Zentro bat jartzeko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskadiko Filmategia fundazioari zuzeneko diru-laguntza emateko dena, KIMUAK programa finantzatzeko eta NOSFERATU bildumako 10. zenbakiko alea argitaratzeko.
Erabakia, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe pribatuekin araudiko nahiz estatutuko harremanak dituzten federazio eta elkarteei zuzeneko diru-laguntza emateko dena, 2013-2014 ikasturtean itunpeko sare pribatuan hirueletasuna garatu eta bultzatzeko.
Erabakia, 2013-2014 kurtsorako Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxe pribatu eta ikastolen sindikatuko liberatuei diru-laguntzak emateko.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: hezkuntza administrazioaren menpeko ikastetxeak hartzen dituzten udal jabetzako eraikinetan obrek eragindako gastuen finantzaketa (Udalaguntza 2013).
Agindua, Unibertsitate-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2014-2015).
Erabakia, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Sektoreko Klusterra (EIKEN) deritzon elkarteari zuzeneko diru-laguntza ematen diona, "EikenBANK" proiektua finantzatzeko, 2013an.
Erabakia, Munduko Pilota Batzarra elkarteari diru-laguntza zuzena emateko dena zesta puntako (binakakoa eta banakakoa) eta binakako erremonteko txapelketen antolaketa finantzatzeko, 2013. urtean.
Agindua, zeinek garapen-lankidetzarako entitateei dei egiten baitie Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2014ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten.
OSASUN SAILA X. LEG.
Kontsumobidek ia milioi bat euro bideratuko ditu 2014an kontsumitzaileen eskubideak eta interesak sustatzeko eta defendatzeko tokiko erakundeei diru-laguntzak ematera.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, HERIOTZA-ZIGORRAREN KONTRAKO PABLO IBAR ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEN DENA, PABLO IBARREN KASUAN IKERKETA JURIDIKOAK EGITEN JARRAITZEAK ERAGINGO DITUEN GASTUAK ORDAINTZEN LAGUNTZEKO.

LABURPENA

PABLO IBAR HERIOTZ ZIGORRAREN AURKAKO ELKARTEARENTZAKO DIRU-LAGUNTZA

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur “Pablo Ibar Heriotz Zigorraren aurkako Elkartea”ri 50.400 euroko diru-laguntza emateari, euskaldun jatorriko preso horrek epai justua lortzeko behar diren ikerketa juridiko berrien gastuak ordaintzeko erabil dadin oso-osorik diru-laguntza hori.

Gaur egun elkarte horrek lortu nahi duena da Pablo Ibar kondenatzeko egin zen epaia baliogabetzea eta epai hori berriz egitea; horretarako lanean ari dira Floridako Auzitegi Gorenarenean apelazio bat aurkezteko, Iparramerikako beste auzitegi batek zigor epaia jaso ondorengo berrikuspena ukatu ondoren.
 

 

EMAKUNDEK 490.000 EURO ZUZENDUKO DITU IKERKETA BEKAK, ETA ELKARTEENTZAKO ETA ENPRESENTZAKO DIRULAGUNTZETARA.

LABURPENA

Gaurko Gobernu Kontseiluak Emakunderen hiru beka eta subentzio deialdi onartu ditu 490.000 euroko balioarekin.

Batetik, emakumeen elkarte eta federazio eta berdintasuna helburu duten elkarteentzako 320.000 eurotako diru-laguntzak deitu ditu.

Bestetik, 100.000 euroko diru-laguntza deialdia egin du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta erakunde pribatuei, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko. Diru kopuru hau handitu egin daiteke, eskatutako laguntza guztien zenbakia kontutan hartuta eta Emakunderen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabideak geratzen badira.

Azkenik, Emakundek hiru bekentzako deialdia egin du, 69.999 euroko diru kopuruarekin, 2014. urtean emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzen lagunduko duten ikerlanak egiteko. Hiru beka mota daude eta hauek dira bakoitzaren ezaugarri eta edukiak:

   • 1 beka: Gizarteko eremu guztietan balio-aldaketa gauzatzen lagunduko duten eta gizartea berdintasunerantz eramango duten ekimenak eta proposamenak bilatzea, eta horretarako dauden faktoreak aztertzea.
   • 2. beka: Egoerak eta desberdintasunak aztertzea askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden emakumeen kolektiboan, eta bereziki, baliabide sozial eta ekonomikoez baliatzerakoan, eta segurtasunean.
   • 3. beka: Sistema patriarkalaren presentzia, eragina eta sistema horrek iraun dezan laguntzen duten gizarte-fenomenoak aztertzea.

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, DONOSTIAKO KARMENGO AMA ARRANTZALEEN KOFRADIARI 2013AN DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEN DENA, BEREN ZEREGINAK BETETZEN LAGUNTZEKO.

LABURPENA

DONOSTIAKO ARRANTZALE KOFRADIARI 170.000 EUROKO DIRU LAGUNTZA EMATEKO AKORDIOA

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Karmengo Ama arrantzale-kofradiari 170.000 euroko diru-laguntza ematea adostu du, kofradiak bere jarduerak gauza ditzan, besteak beste: arrantza-sektorea ordezkatu eta defendatu, sektorerako interesgarriak izan daitezkeen zerbitzuak sustatzea eta bere jarduerak babestea, gatazketan bitartekari aritzea eta informazio- eta dokumentazio-zentro izatea.

Hala, tokiko arrantza-sektorea babesteko konpromisoa bete du Eusko Jaurlaritzak. Diru-laguntzak, gainera, merkaturatze-proiektua eta arrantza sektorearen dibertsifikazio-proiektua etorkizunean gauzatzeko aukera ematen du.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEKO DENA, INBERTSIOAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK FINANTZATZEKO MAHASTIZAINTZAKO ETA ARDOGINTZAKO SEKTOREARENTZAKO BABES-PROGRAMAREN BARRUAN, 2014KO OTSAILAREN 1EAN BUKATZEN DEN ALDIAN. LAGUNTZAK UZTAILAREN 19KO 548/2013 ERREGE DEKRETUAN DAUDE JASOTA.

LABURPENA

MAHASTIZAINTZAREN ETA ARDOGINTZAREN SEKTOREAREN LEHIAKORTASUNA HANDITZEKO 6.000.000 EUROKO LAGUNTZAK

Eusko Jaurlaritzak 6.000.000 euroko gastua egiteko baimena eman du, horren bidez mahastizaintzaren sektorea babesteko programaren inbertsiorako erkidegoko diru-laguntzen erregimena ezartzeko.

Erkidegoko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko ekoizleen lehiakortasuna handitzeko, merkatuaren erakunde bat sortu dute. Erkidegoko Erregelamenduak ezarritako babes-neurrien artean zenbait berritasun aurki daitezke, adibidez, «inbertsioena».

Marko horren barruan, 15.000.000 euroko inbertsio-jarduerak aurkeztuko dituztela aurreikusi da. Onuradunek finantzazioaren % 60 emango dute gutxienez. Hala, sektoreari bultzada nabarmena emango zaio, ekarpen publiko-pribatuak handitzeko.

Laguntza horiek izapidetzeko inprimakiak www.nasdap.ejgv.euskadi.net webgunean daude eskuragarri, eta 2014ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkez daitezke Ekonomia Garapenaren eta Lehiakortasun Sailean (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozer tokitan.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

DEKRETUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGILEEN 2014. URTEKO JAIEGUNEN EGUTEGIA ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK 2014KO LAN-EGUTEGIA ALDATU DU

Juan María Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak erabaki du aldatzea Euskal Autonomia Erkidegoko langileen 2014. urteko jaiegunen egutegia ofiziala onartzen duen uztailaren 9ko 381/2013 Dekretua.

Aldaketaren arrazoia da osatu egin behar dela ordaindutako eta errekuperatu beharrik ez duten jaiegunen kopurua, Eusko Legebiltzarrak indargabetu egin baitu apirilaren 22ko 2/2010 Legea, urriaren 5a Euskadiko Eguna izendatzen zuena.

Lanegunen eta jaiegunen egutegia finkatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena denez, eta urtean gehienez hamalau jaieguneko muga dagoenez, gizarte-eragileekin eta instituzioekin aginduzko kontsultak egin ondoren, uztailaren 25a, Santiago Apostoluaren eguna, aukeratu da jaiegun berria 2014. urterako, zeina beste batzuetan ere lan ondorioetarako jaieguntzat hartu izan baita.

Beraz, 2014an, urte osoko igande guztiak eta jarraian adierazten diren egunak hartuko dira jaieguntzat, lan ondorioetarako:

Urtarrilaren 1a, Urteberri eguna.
Urtarrilaren 6a, Errege eguna.
Apirilaren 17a, Ostegun Santua.
Apirilaren 18a, Ostiral Santua.
Apirilaren 21a, Pazko Astelehena.
Maiatzaren 1a, Langileen Eguna.
Uztailaren 25a, Santiago Apostolua.
Abuztuaren 15a, Andra Mari eguna.
Azaroaren 1a, Domu Santu eguna.
Abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioaren eguna.
Abenduaren 8a, Ama Birjina Sortzez Garbiaren eguna.
Abenduaren 25a, Eguberri eguna.

Lan ondorioetarako, 2014. urtean, tokian tokiko jaietako bi egun ere jaiegun izango dira, hau da, ordaindu egingo dira eta ez dira berreskuratu beharko. Enplegu eta Gizarte Politiketako Lurralde Ordezkaritzek zehaztuko dituzte egun horiek, tokian tokiko foru-aldundien eta udaletako osoko bilkuren proposamenez. Lurralde historikoko gainerako udalerriekin batera edo aparte hartu ahalko dira.
 

 

MILIOI ERDI EURO, LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAREN ARLOAN IKERTZEKO PROIEKTUAK DIRUZ LAGUNTZEKO.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok proposatuta, Gobernu Kontseiluak laneko arriskuen prebentzioaren arloan ikertzeko proiektuetarako Osalanen laguntzen deialdia 500.000 euroz hornitzea onartu du. Horien artean daude, halaber, Safera proiektuaren ikerketa-lanak. Laguntzen deialdia abenduan zehar argitaratuko da.

Osalan kide den Europako partzuergo horren helburua industria-segurtasunaren arloko Europako ikerketa sustatzea da, eta hori diziplina anitzeko ikuspegi proaktibo eta berritzaile batetik egitea, konponbideak garatzeko, batetik, hazkunde jasangarrirako eta, bestetik, Europako industriaren lehiakortasuna areagotzeko.

Oro har, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuak lagunduko dira diruz, batik bat honako hauekin lotutakoak:

- Laneko ezbeharren arloa: bai in itinere bai misioko istripuetan gertatzen diren bideko lan-istripuei aurrea hartzea.
- Laneko arriskuen prebentzioaren arloa: langileen segurtasuna eta osasuna babesteko eragin positiboa duten babes-gailuak, lan-ekipoak eta produktuak diseinatzea. Merkaturatzen ari direnak ez dira diruz lagunduko, ez eta unekoekin alderatuta langileen segurtasun eta osasunerako hobekuntza frogagarririk eskaintzen ez dutenak ere.
- Laneko arriskuen prebentzioaren arloa: Lan-arloko agente kimiko arriskutsuak arriskutsuak ez direnekin edo hain arriskutsuak ez direnekin ordezkatzea dakarten prozedura berriak diseinatzea.
- Teknologia berrien arloa: arriskuak prebenitzea nanopartikulak erabiltzerakoan.
- Laneko ergonomiaren arloa: lanak muskuluetan eta hezurretan eragindako arazoen, goiko gorputz-adarretan ondorioak dituztenen, prebentzio-alderdiak.
- Laneko psikosoziologiaren arloa: erakundeetako laneko estresarekin eta/edo burnoutarekin lotutako prebentzio-alderdiak.
- Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen laneko arriskuen prebentzioaren arloa: Arriskuen prebentzioko ezberdintasunak, genero-arrazoiengatik.
- Desgaitasun fisiko edo psikikoaren ikuspegia aintzat hartzen duen laneko arriskuen prebentzioaren arloa.
- Immigrazioaren ikuspegia aintzat hartzen duen laneko arriskuen prebentzioaren arloa, batik bat eraikuntzaren sektorean edo lehen sektorean.
- ETEen, batik bat mikroETEen, ikuspegia aintzat hartzen duen laneko arriskuen prebentzioaren arloa.
- Lehen sektoreren arloa; batez ere arrantza, nekazaritza, abelazkuntza, silbikultura eta basogintza.
- Osasunaren zaintzaren arloa: lanbide-gaixotasunen kostua.

Saferari dagokionez, segurtasunaren kudeaketa eta segurtasunaren balioa hobetzearekin lotutako proiektuak lagunduko dira diruz.
 

 

ERABAKIA, GUARDIA-ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA, ESKUALDE HORRETAN ENPLEGU ZENTRO BAT JARTZEKO.

LABURPENA

ENPLEGU ZENTRO BERRIA GUARDIAKO KUADRILLAN

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan María Aburtok proposatuta, Gobernu Kontseiluak 28.667 euroko diru-laguntza onartu du Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillarentzat, eskualde horretan enplegu-zentro bat abian jartzeko.

Zerbitzu horrek Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako langileak izango ditu, eta ezingo da azpikontratatu. Horretarako, langile tekniko bat izan beharko du bulegoak, lanaldi osoko kontratuarekin eta unibertsitate-tituluarekin, urtebetetik gorako esperientziarekin eta enplegurako orientazio arloan lan egin duela egiaztatu beharko dute. Horretaz gain, lan-merkatua ezagutu beharko du, eta bulegotika eta Internet ezagutzak ere izan beharko ditu.

Zerbitzuaren erabiltzaileek –lan egiteko adina duen eta lana aktiboki bilatzen ari den edonor– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda egongo dira aldez aurretik, eta alta edo administrazio-geldiera egoeran.

Bestalde, zentroko orientatzaileak honako zeregin hauek bete beharko ditu, besteak beste: zentroak ematen dituen zerbitzuak zabaldu eta aurkeztu, baita Lanbidek egiten dituen jardunak ere; eskatzaileak erregistratu; enplegua bilatzeko teknikak eta tresnak erabiltzaileen esku jarri, eta eskaerak eguneratuta izan.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKADIKO FILMATEGIA FUNDAZIOARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA, KIMUAK PROGRAMA FINANTZATZEKO ETA NOSFERATU BILDUMAKO 10. ZENBAKIKO ALEA ARGITARATZEKO.

LABURPENA

151.400 EURO EUSKADIKO FILMOTEKA FUNDAZIOARI

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskadiko Filmoteka Fundazioari 151.400 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du, elkarte honek 2013an burututako bi ekimen finantzatzeko. Batetik, Kimuak programa finantzatzeko (euskal film laburrak nazioarteko merkatuetan ezagutaraztekoa), eta bestetik, Nosferatu bildumaren 10. zenbakia argitaratzeko (ziklo zinematografikoen liburu bilduma).

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: kopuruaren %75 laguntza onartu ondoren, eta gainerako %25 berriz, laguntzaren justifikazioa aurkeztu ondoren. Justifikazio hau faktura originalak (edo kopia konpultsatuak) aurkeztuta egingo da, burututako jardueren inguruko txostenarekin batera. Dokumentazioa aurkezteko epea 2013ko abenduaren 31n amaituko da.
 

 

ERABAKIA, UNIBERTSITATEAZ KANPOKO IRAKASKUNTZAKO IKASTETXE PRIBATUEKIN ARAUDIKO NAHIZ ESTATUTUKO HARREMANAK DITUZTEN FEDERAZIO ETA ELKARTEEI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA, 2013-2014 IKASTURTEAN ITUNPEKO SARE PRIBATUAN HIRUELETASUNA GARATU ETA BULTZATZEKO.

LABURPENA

1,036 MILIOI EURO, SARE PRIBATUAN HIRUELETASUNA SUSTATZEKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du unibertsitateaz kanpoko ikastetxe pribatuekin estatutu- edo arauzko harremanak dituzten federazioei eta elkarteei dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, 2013-2014 ikasturtean itunpeko sare pribatuan hirueletasuna sustatzeko.

Dirulaguntzak, 1.036.171 euroko zenbateko globalekoak, ondorengo eremuetan jarduera espezifikoak egitea du helburu: Oinarrizko Irakaskuntzako eta Batxilergoko irakasleen prestakuntza, 651.072 euro emango dira eremu horretarako, eta hezkuntza hirueledunaren markoaren esperimentazioa, 385.099 euro emango dira eremu horretarako.
 

 

ERABAKIA, 2013-2014 KURTSORAKO ARABAKO, GIPUZKOAKO ETA BIZKAIKO IKASTETXE PRIBATU ETA IKASTOLEN SINDIKATUKO LIBERATUEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO.

LABURPENA

1.040.000 EURO SINDIKATUETAKO LIBERATUENTZAT

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, hartu du Irakaskuntza Pribatuko 12 liberatu sindikalen eta Arabako, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastoletako 6aren kostua finantzatzeko erabakia 2013/2014 ikasturterako, 1.040.000 €ko zenbateko osoan.

Horretarako, 367.000 euro bideratuko dira aurten eta 673.000 euro 2014.ean. Halaber, eman da horretarako behar diren finantziazio-akordioak hitzartzeko baimena.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA. HELBURUA: HEZKUNTZA ADMINISTRAZIOAREN MENPEKO IKASTETXEAK HARTZEN DITUZTEN UDAL JABETZAKO ERAIKINETAN OBREK ERAGINDAKO GASTUEN FINANTZAKETA (UDALAGUNTZA 2013).

LABURPENA

UDALEI DIRULAGUNTZAK, IKASTETXEETAN HOBEKUNTZAK EGITEKO (UDALAGUNTZA-2013)

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeek funtzionatzen duten udal jabegoko eraikinetan obrak egitera bideratutako gastuen finantziatzeko diru-laguntzak deitzen diren agindua, (UDALAGUNTZA-2013) .

Agindu honen bidez finantzatu ahal diren obrek 2013ko urtarrilaren 2 eta 2014ko abuztuaren 31 bitartean hasi behar dira eta 2014ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon behar dute.

Dirulaguntza horiek, 6.000.000 euroko zenbateko globalean, 2014 urtekoan ordainduko dira.
 

 

AGINDUA, UNIBERTSITATE-ENPRESA EGINTZETARAKO AURREIKUSITAKO FUNTSEN KARGURA IKERKETA ETA BERRIKUNTZA TEKNOLOGIKORAKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA EGITEN DUENA (2014-2015).

LABURPENA

IKERKETA ETA BERRIZTAPEN TEKNOLOGIKOA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez ikerketa eta berriztapen teknologikorako diru-laguntzak deitzen dira, unibertsitatearen eta enpresen artean 2014-2015eko aldian jarduerak egiteko aurreikusitako fondoen kontura.

Deialdi honen bidez diru-laguntzak emango dira, 229.472 euroko zenbateko globalean, unibertsitatetik enpresetara, enpresa horien interesekoak diren arloetan, ezagutza transferitzea helburu duten ikerketa-proiektuak egiteko. Unibertsitate-taldeak, enpresako pertsonalaren parte-hartzearekin, gauzatu beharko ditu proiektuak; erakunde laguntzaileetako ikertzaileek ere izango dute parte hartzeko aukera.

Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute, eskudirutan, eta diru hori ikertzaileen kargu-sarietarako erabili ahal izango da. Ondorio horietarako, lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean.
 

 

ERABAKIA, EUSKADIKO IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREKO KLUSTERRA (EIKEN) DERITZON ELKARTEARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEN DIONA, "EIKENBANK" PROIEKTUA FINANTZATZEKO, 2013AN.

LABURPENA

25.000 EURO EIKEN IKUS-ENTZUNEZKO KLUSTERRARI

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Eiken Ikus-entzunezkoen Klusterrari 25.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du. 2013 urteko EikenBank proiektua finantzatzea da diru-laguntzaren xedea (gazte sortzaile ez profesionalen eta ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen arteko elkarlana)

Diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da: kopuruaren %75 laguntza onartu ondoren, eta gainerako %25 berriz, laguntzaren justifikazioa aurkeztu ondoren. Justifikazio hau faktura originalak (edo kopia konpultsatuak) aurkeztuta egingo da, burututako jardueren inguruko txostenarekin batera. Dokumentazioa aurkezteko epea 2013ko abenduaren 31n amaituko da.
 

 

ERABAKIA, MUNDUKO PILOTA BATZARRA ELKARTEARI DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMATEKO DENA ZESTA PUNTAKO (BINAKAKOA ETA BANAKAKOA) ETA BINAKAKO ERREMONTEKO TXAPELKETEN ANTOLAKETA FINANTZATZEKO, 2013. URTEAN.

LABURPENA

20.000 EURO MUNDUKO PILOTA BATZARRARI

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Munduko Pilota Batzarra elkarteari 20.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du, 2013 urtean munduko zesta-punta txapelketak (bikoteka eta banaka) eta erremonte txapelketak antolatu ditzan.

Diru-laguntzaren kopuru osoa, ordainketa bakarrean emango da, laguntzaren justifikazioa aurkeztu ondoren. Diru-laguntzaren justifikazioarako, faktura originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztu beharko da, bai eta burututako jarduerak azalduko dituen txostena ere. Dokumentazio guztia aurkezteko epea 2013ko abenduaren 31n amaituko da.
 

 

AGINDUA, ZEINEK GARAPEN-LANKIDETZARAKO ENTITATEEI DEI EGITEN BAITIE EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN 2014KO «EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN» PROGRAMARAKO PROIEKTUAK AURKEZ DITZATEN.

LABURPENA

EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMARAKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO DEIALDIA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2014ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programara proiektuak aurkezteko deialdia egiten duen Agindua onartu du. Lankidetza eta garapenerako entitateei zuzendutako deialdi honek, proiekturik egokienak aukeratzeko oinarriak ere ezartzen ditu, bai eta onuradunei laguntzak emateko baldintzak ere.

Diru-laguntza horiek orotara 45.000 euroko kopurua dute. Proiektuak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua indarrean sartzen den egunean hasita.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

KONTSUMOBIDEK IA MILIOI BAT EURO BIDERATUKO DITU 2014AN KONTSUMITZAILEEN ESKUBIDEAK ETA INTERESAK SUSTATZEKO ETA DEFENDATZEKO TOKIKO ERAKUNDEEI DIRU-LAGUNTZAK EMATERA.

LABURPENA

Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutuak 958.570 euro bideratuko ditu 2014an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak sustatzen eta defendatzen dituzten tokiko erakundeei eta haiek sustaturiko entitateei diru-laguntzak ematera.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu duen laguntzen aginduak helburu zehatz bat du: Udal Bulegoei (KIUB) laguntzeko mekanismoei eusteko Kontsumobideren helburua betetzea, kontsumo-politikak indartzeko eta kontsumitzaileen defentsaz eta babesaz arduratzen diren erakundeen lana lerrokatzeko testuinguruan.

2014ko ekitaldirako deialdiak berekin dakar hiru gastu mota diruz laguntzea: informazio- eta trebakuntza-ekintzen funtzionamendua eta gauzatzea, ikuskaritza-jarduerak, eta instalazioak eta ekipamenduak.
Zehazkiago, diru-laguntza guzti horretatik, 859.171 euro kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informazio- eta prestakuntza-jardueren funtzionamendutik eratorritako gastuak ordaintzeko izango dira, baita kontsumitzaileei informazioa emateko helburua duten udal-bulegoetara bidaltzekoak diren zentro eta zerbitzuen argitalpenen edizio- eta zabalkuntza-gastuak ordaintzeko ere. 80.000 euro ikuskaritza-jardueretarako izango dira, eta 19.399 euro udal-bulegoetara zuzenduriko zentroak eta zerbitzuak instalatzeko, zaharberritzeko, zabaltzeko, ekipatzeko edo lekuz aldatzeko.

Diru-laguntza horiek arautzen dituen agindua abenduaren 13an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), eta tokiko erakundeek eskabideak aurkezteko epea abenduaren 14an hasi eta 2014ko otsailaren 15ean amaituko da.
 

 


Euskadi, auzolana