Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2013/11/26 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, "2013-2016ko Bake eta Bizikidetza Plana - Gizartea elkartzea helburu" onartzeko dena.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Gobernuak 6.900.000 milioi euro bideratuko ditu 2014an euskal herri administrazioko langileen hizkuntza prestakuntzara.
Erabakia, Arabako hiesaren kontrako Batzordeari zuzeneko diru-laguntza emateko dena, preso daudenei erabateko laguntza-proiektua 2013. urtean garatzeko.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-lurretan araztegiko lohia zabaltzeari buruzkoa.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. eta 2. zikloak) egiten ari diren ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena. 2013-2014 ikasturtea.
Agindua, Ikerkuntzako 2013ko Euskadi Sarirako deia egiten duena, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.
Agindua, 2014-2016 epealdirako oinarrizko eta/edo aplikatutako ikerketa proiektuak laguntzak emateko deialdia egiten duena.
Agindua, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko laguntzak emateko 2014ko deialdia egiten duena.
Agindua. Honen bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finantzatutako ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako bekak aplikatzeko zentroez bestelakoetan egonaldi laburrak egiteko laguntzetarako deialdia egiten da.
Erabakia, 2013ko urteko plana finantzatzeko Udako Euskal Unibertsitateari zuzeneko diru-laguntza emateko dena.
Agindua. Honen bidez, beharreko berriztapen- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak 2013-2014 ikasturtean ematen dituzten itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei.
Agindua, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako 2013ko diru-laguntzen deialdia egiten duena.
Erabakia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena, EUSKALTERM Terminologiako Banku Publikoa eguneratu eta mantentzeko beharrezko lanak kontratatzeko.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, "2013-2016KO BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANA - GIZARTEA ELKARTZEA HELBURU" ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANA ONARTU DU, ALDERDI POLITIKOEN ETA GIZARTE ERAGILEEN EKARPENAK JASO ONDOREN

Azken agiriak hitzaurre bat eta eta 27 zuzenketa zehatz jaso ditu

Eusko Jaurlaritzak 2013-16rako Bake eta Bizikidetza Plana onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan, alderdi politikoen eta gizarte eragileen ekarpenak jaso ondoren bertan. Testuari hitzaurre idatzi berri bat erantsi zaio, plan hori garatu den esparrua esanahiz hornitzeko eta berau interpretatzeko esparrua zehazteko.

Lehengo helburua dela eta, planaren garapena gizarteak eta politikariek parte hartutako prozesu bat izatea nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Prozesu horren ondorioz, aipatutako hitzaurreaz gainera, 27 zuzenketa zehatz ere jaso ditu 2013-16rako Bake eta Bizikidetza Planaren azken agiriak, eta bat dator 42 iradokizunekin. Hemendik aurrera, plana eta haren 18 ekimenak ezartzeko orduan, elkarrizketa eta akordioa bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak. Konpromiso hori hartu du, kasu honetan, forma izateaz gain, espiritua eta mamia ere badelako parte-hartzea.

Planaren interpretazio esparruari buruz eta jasotako ekarpen guztiak aztertu ondoren, honelako atal hauetan egituratzen da plana:

1. Orainean kokatzeko gutxieneko oinarri etiko eta demokratikoak
Eusko Jaurlaritzak zein Bake eta Bizikidetza Planak norberarena balitz bezala hartu dute Eusko Legebiltzarrak onartutako zoru etikoa (lortutako adostasunik handiena da orain arte) eta horregatik, oso-osorik gehitu da eranskin gisa. Oinarri horren gainean, Bake eta Bizikidetzarako Planak bizikidetzarako akordio demokratiko bat erdiestea du helburu legegintzaldi honetarako.

2. ETAren amaieraren aurreko jarrera
Baldintza politikorik gabe ETA amaitzeko, desagertzeko edo desegiteko exijentzia da Eusko Jaurlaritzaren zein Bake eta Bizikidetza Planaren oinarria.

Horretarako lehen urratsa da armagabetze eta desegite antolatua, segurua eta behin betikoa. Horixe da erakundeek erantzukizunez jokatuz orain heldu behar dioten lehentasunetako bat.

3. Iraganaren kontakizuna
Eusko Jaurlaritzari eta Bake Planari ez dagokie kontakizun bat inposatzea, gogoeta partekatu hori ahalbidetzen duten baldintzak sortzea baizik.

Iraganari buruzko kontakizun kritikoan ezin da argudio bat bera ere erabili ETAren indarkeria, ezta giza eskubideen beste edozer urraketa ere, txikiagotzeko edo legitimatzeko –ez gatazka-egoera bat, ez aurrez aurre dauden taldeen gaineko tesi bat, ez era askotako urraketen salaketa, ez estatu-arrazoi bat, ezta etorkizun hobea lortzeko xede bat ere–.

4. Hainbat jatorritako urraketen tratamendua
Nazioarteko zein barneko txosten independenteen arabera, azken 50 urteetako giza eskubideen urraketek hainbat jatorri eta proportzio izan dituzte hamarkada bakoitzean. Hauek eragin dituzte, zehazki: ETAk eta antzeko taldeek; Segurtasun Indarrek eta/edo Estatuaren izenean aritutakoek; eta talde parapolizialek edo eskuin muturrekoek. Zoru etikoak egiaren printzipiotik horiek guztiak onartu eta ordaina ematera bultzatzen du, bat bera ere baztertu edo ezabatu gabe.

Tratamendu integral bat egingo bada, aipatutako giza eskubideen urraketa-esparru bakoitzaren balorazio espezifikoari heldu behar zaio. ETAren indarkeriaren injustizia, bere tamaina eta esanahiagatik hain zuzen, espresuki baloratu beharra dago, bereziki biktimei eta senideei eragindako bidegabeko kaltea. Jarrera hori hartzeko eskatzen du zoru etikoak erantzukizunaren printzipiotik.

5. Etorkizunaren aurreko lehentasunaren zentzua
Etorkizuna eraikitzeko ordaindu beharreko faktura ezin da izan iragana ahaztea edo aurretik zegoena mespretxatzea. Bizikidetza-etorkizun baten lehentasunari iragana argitzeko printzipiotik heldu behar zaio.

Gutxieneko etiko eta demokratiko batzuk partekatzeko gauza den gizarte bat eraiki nahi dugu, gainerako guztiaz bermeekin eztabaidatzeko. Hori da erronka, eta hori da etorkizunari buruz dugun xede argi eta arduratsua.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

GOBERNUAK 6.900.000 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU 2014AN EUSKAL HERRI ADMINISTRAZIOKO LANGILEEN HIZKUNTZA PRESTAKUNTZARA.

Erabakia, 2010eko abenduaren 14an herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntzarako eta hizkuntza-gaitasunaren ebaluaketarako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) artean kudeatzeko gomendioari buruzko izenpetutako Akordioa 2014. ekitaldian sortuko duen gastuari aurre egiteko 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimentzen dena.

LABURPENA

Amaierako zenbatekoa 2014-2015 ikasturterako amaierako eskarien eta tarifen aldaketek baldintzatuko dute.

IVAP arduratzen da herri-erakundeetan euskararen erabilera normalizatzeaz, eta hortaz, bertako langileen hizkuntza-prestakuntzaz.

Gobernu Kontseiluak 6.900.000 milioi euroko gastua baimentzea adostu du gaur, 2014ko ekitaldian zehar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeak (HABE) 2010eko abenduaren 14an sinatutako kudeaketa-gomendioaren ondoriozko gastuei aurre egiteko. Gomendio horren xedeak herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntza eta hizkuntza-gaitasunaren ebaluazioa dira.

Gastuaren zenbatekoa 2014-2015 ikasturterako kontratatutako den hizkuntza-prestakuntzaren amaierako eskariak eta tarifa berrien aplikazioak eragiten dituzten aldaketen mende egongo da.

IVAPen eta HABEren arteko hitzarmenaren bidez, euskal herri-administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntza eta -ebaluazioa kudeatzen ditu HABEk. 2010ean sinatu zuten, eta urtero automatikoki luzatuz joan da. Luzapen automatikoa bertan behera uzteko, aldeetako batek eskatu beharko luke.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helburu nagusietako bat erakunde publikoetan euskararen erabilera normalizatzea da. Hala, besteak beste, honako prestakuntza-jarduera hauek gauzatzen ditu euskararen alorrean:

• Euskadiko herri-administrazioetako langileen euskara-ezagutza ebaluatzea.
• Hizkuntza-trebakuntza administratiboa: euskalduntze eta alfabetatze-ikastaroak.
• Administrazio-dokumentuak normalizatzea.
• Herri-administrazioak euskalduntzeko aholkularitza.
• Herri-administrazioek eskatutako itzulpen- eta interpretazio- lanak.
• Itzultzaileak, interpreteak eta terminologoak trebatzea.

 

ERABAKIA, ARABAKO HIESAREN KONTRAKO BATZORDEARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA, PRESO DAUDENEI ERABATEKO LAGUNTZA-PROIEKTUA 2013. URTEAN GARATZEKO.

LABURPENA

JAURLARITZAK 60.000 EUROREKIN LAGUNDUKO DU 2013AN BIGARREN MAILAKO PRESOENTZAKO LAGUNTZA INTEGRALEKO PROGRAMA

Amaierako helburua presoak gizarteratzea da. Gizarte-heziketako ekintza espezializatuetan parte hartuko dute, bai eta prestakuntzaren inguruko eta enplegua bilatzeko aholkuak eta orientazioa jaso ere.

Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeak jasoko du diru-laguntza, hura arduratzen baita programa aurrera eramateaz.

Gobernu Kontseiluak Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeari diru-laguntza ematea onartu du gaur, 2013an zehar bigarren mailako presoentzako laguntza integraleko programa gara dezan.

Guztira 60.000 euro izango dira, bi ordainketatan banatuta: zenbatekoaren % 75 diru-laguntzaren hitzarmena sinatutakoan jasoko du, eta gainerako % 25, diru-laguntzaren helburua eta jasotako funtsak aplikatu direla justifikatu ostean.

Herri Administrazio eta Justizia Sailak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak emango dute diru-laguntza, zati berdinetan, baina Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritza izango da, Helduen Justizia Zerbitzuaren bidez, diru-laguntza kudeatuko duen organoa.

Bigarren mailako presoentzako laguntza integraleko proiektuan pertsona horiei zuzendutako gizarte-heziketako ekintza espezializatuak garatuko dira, beren gizarteratzea sustatzeko. Horretarako, Euskadiko gizarte-, hezkuntza-, lan- eta osasun-baliabideak erabiliko dira.

Hala, proiektuari esker, bigarren mailako presoek enplegua bilatzeko eta prestakuntzaren inguruko informazioa, aholkuak eta orientazioa jasoko dituzte, besteak beste.

Arabako Hiesaren Kontrako Batzordea 1987an sortu zen, irabazi asmorik gabeko erakunde gisa. Bere helburuak GIBak eragindako infekzioaren transmisioa prebenitzea, horren inguruko informazioa ematea, seropositiboak babestea eta arreta ematea eta biztanleria-sektore edo -talde ahulei laguntzea dira.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NEKAZARITZA-LURRETAN ARAZTEGIKO LOHIA ZABALTZEARI BURUZKOA.

LABURPENA

NEKAZARITZA LURRETAN LOHIAK ERABILTZEARI BURUZKO DEKRETUA

Jaurlaritzak onespena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-lurretan lohia zabaltzeari buruzko Dekretu-proiektuari. Haren helburua nekazaritzan araztegietako lohiak erabiltzean ingurumena babestea da, bereziki lurzoruetakoa, horretarako haien erabilera araututa, lurzoruentzat, landarediarentzat, animalientzat eta gizakiarentzat eragin kaltegarriak saihesteko. Lohien jomugen artean oreka bilatzeko garaian araudiek jarraitu beharreko printzipioak ezartzen ditu Dekretuak, bereziki, nekazaritzarekin loturikoak.

Dekretuaren zirriborroak 15 artikulu ditu, gehienak teknikoak. Nekazaritzan erabili ahal izateko lohiek bete beharreko baldintzak ezartzen dituzte artikuluek, baita honako alderdi hauek ere: debekuak eta murrizketak, prozesuan parte hartzen duten eragileek izan behar dituzten erantzukizunak, baimen-erregimena eta lohiak biltegiratzeko, dokumentuak gordetzeko eta informazioa emateko mekanismoak. Arau-hausteak eta zehapenak Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko 3/1998 Lege orokorrak, otsailaren 27koak, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak eta elikagaien segurtasunari eta nutrizioari buruzko uztailaren 5eko 17/2011 Legeak ezarritakoari egokituko zaizkio.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, HAUR HEZKUNTZA (2. ZIKLOA), LEHEN HEZKUNTZA ETA DBH (1. ETA 2. ZIKLOAK) EGITEN ARI DIREN IKASLEAK GARRAIATZEKO BANAN BANAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGITEN DUENA. 2013-2014 IKASTURTEA.

LABURPENA

MILIOI BAT EURO ESKOLA-GARRAIORAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, Agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu horren bidez Haur Hezkuntzako (2. zikloa), Lehen Hezkuntzako eta DBHko (1. eta 2. zikloak) ikasketak egiten ari diren ikasleei 2013/14 ikasturtean eskola-garraiorako bana-banako diru-laguntzak emateko deialdia egingo da.

Diru-laguntza 1 milioi eurotakoa izango da, guztira, eta laguntza jaso nahi duen ikasleak baldintza hauek bete beharko ditu: batetik, 2013/14 ikasturtean ikastetxe publikoren batean izena emanda egon beharko du; bestetik, ikaslea bizi den herrian berak egin nahi dituen ikasketak edo irakasteredua eskaintzen dituen ikastetxe publikorik ez egoteagatik beste herri batera joan beharko du ikastera; eta, azkenik, ezingo du doako edo erakunde publiko nahiz pribatuek erabat diruz lagundutako eskola-garraiorik erabili.
 

 

AGINDUA, IKERKUNTZAKO 2013KO EUSKADI SARIRAKO DEIA EGITEN DUENA, JARDUERA ZIENTIFIKOA SUSTATZEKO ASMOZ.

LABURPENA

EUSKADI IKERKETA SARIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du EUSKADI IKERKETA SARIA arautzen duen dekretua onartzeko erabakia, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

EUSKADI IKERKETA SARIAK, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duenak, 40.000 euroko hornikuntza, ezin zatituzkoa eta bakarra, izango du eta bi urtean behingo errotazioa izango du, jarraian esaten den eran: urte bikoitietan gaiak Zientzia eta Teknologiari buruzkoak izango dira eta urte bakoitietan Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoak.

Zientzia eta Teknologiaren modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologia eta Arkitektura. Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak.
 

 

AGINDUA, 2014-2016 EPEALDIRAKO OINARRIZKO ETA/EDO APLIKATUTAKO IKERKETA PROIEKTUAK LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

OINARRIZKO EDO/ETA APLIKATUTAKO IKERKETA, PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZAK

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenari jarraituz, gaurko Gobernu Kontseiluak Oinarrizko edo/eta Aplikatutako Ikerketa Proiektuak 2014-2016 epealdian diruz laguntzeko dei egiten duen Agindua onartu du.

Deialdi honek honako bi modalitate hauek bereizten ditu: lehenengoak Oinarrizko edota Aplikatutako Proiektuak gauzatzea sustatu nahi du; bigarrenak proiektu berean erakunde desberdinak parte hartzea sustatu nahi du.

Deialdi honek 688.000 euroko diru-kopurua du. Honela banatuta: 304.000 euro lehenengo urterako, 192.000 euro 2015 urterako eta 192.000 euro 2016 urterako.
 

 

AGINDUA, EKIPAMENDU ZIENTIFIKOA ESKURATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO 2014KO DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

300.000 EURO EKIPAMENDU ZIENTIFIKORAKO

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur egindako bilkuran, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du dirulaguntzetarako deia egiteko ekipamendu zientifikorako.

Dirulaguntza horiek guztira 300.000 eurokoak izango dira eta bere xede da Euskal Autonomia Erkidegoko ahalmen zientifikoa eta teknologikoa handitzea, bai eta ekipamenduan aktiboaren erabileraren kudeaketa hobetzea ere. Dirulaguntzak (bez gabe) 18.001 eta 240.000 euro arteko ekipamendu zientifiko erosteko izango dira.
 

 

AGINDUA. HONEN BIDEZ, HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAK FINANTZATUTAKO IKERTZAILEAK PRESTATZEKO DOKTORETZA-AURREKO PROGRAMAKO BEKAK APLIKATZEKO ZENTROEZ BESTELAKOETAN EGONALDI LABURRAK EGITEKO LAGUNTZETARAKO DEIALDIA EGITEN DA.

LABURPENA

200.000 EURO DOKTORETZA AURREKO EGONALDIETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako doktoretza-aurreko programa aplikatzen direnak ez diren zentroetan egonaldiak egiteko diru-laguntzak deitzen dituen agindua.

Prestakuntza egiten ari den pertsonal ikertzailearentzat aplikatzekoak ez diren zentroetan doktoretza-aurreko egonaldiak egiteko diru-laguntzak, 200.000 euroko zenbateko globalean, deitzea du agindu honek helburu. Egonaldien helburua pertsonal horrek ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea izango da eta, horretarako, jarduera hauek egingo dira: ikerketa-jarduerak, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, fondo bibliografiko eta dokumentalen kontsulta eta, gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren onerako izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera.

Egonaldiak unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I + G + I-ko jarduera duten enpresetan, atzerrikoak edo estatu mailakoetan, betiere aplikazio-ikastegikoa ez den herri batean kokatuta badaude eta xedapen honek zehazten dituen osagarri ekonomikoak ematea justifikatuko duen aldi baterako helbide-aldaketa badakar.
 

 

ERABAKIA, 2013KO URTEKO PLANA FINANTZATZEKO UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEARI ZUZENEKO DIRU-LAGUNTZA EMATEKO DENA.

LABURPENA

129.517 EURO UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEARENTZAT

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du Udako Euskal Unibertsitateari, UEUri, 129.517 euroko diru-laguntza zuzen bat ematea baimentzeko erabakia, 2013ko urteko programa finantzatzeko.
 

 

AGINDUA. HONEN BIDEZ, BEHARREKO BERRIZTAPEN- ETA EKINTZAILETZA-PROIEKTUAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIA EGITEN ZAIE LANBIDE HEZIKETAKO HEZIKETA-ZIKLOAK 2013-2014 IKASTURTEAN EMATEN DITUZTEN ITUNPEKO IKASTETXEEI ETA UDAL-TITULARTASUNEKO IKASTETXE PUBLIKOEI.

LABURPENA

770.000 EURO BERRIZTAPEN ETA EKINTZAILETZA PROIEKTUETARAKO

2013-2014ko ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten udal titularitateko itunpeko ikastetxeek eta ikastetxe publikoek aurrera eraman beharreko berriztapen- eta ekintzailetza-proiektuak gauzatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindu bat onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran.

Deialdi honen helburua ondorengo jarduerak egiteko diru-laguntzak, 770.000 euroko zenbateko globalean, deitzea da: alde batetik, Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza produkzio-sistemaren premietara egokitzeko 2013-2014ko ikasturtean aurrera eraman beharreko berriztapen- eta ekintzailetza-proiektuak sustatzea eta, bestetik, berriztapen- eta ekintzailetza-proiektu horiek gauzatzen dituen pertsonal irakaslea erabat edo partzialki liberatzeak dakarren kostua finantzatzea, ezagutza horiek gainontzeko ikastetxeei helarazteko asmoz.

Itunpeko ikastetxeek edo udal titularitateko ikastetxe publikoek, 2012-2013ko ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak hitzartuta izan badituzte, hartu ahal izango dute deialdi honetan parte.
 

 

AGINDUA, EUSKO LEGEBILTZARREAN ORDEZKATUTA DAUDEN ALDERDI POLITIKOEKIKO MENDEKOTASUN ORGANIKOA DUTEN FUNDAZIO ZEIN ELKARTEENTZAKO 2013KO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

ALDERDI POLITIKOEKIKO MENPEKOTASUN ORGANIKOA DUTEN FUNDAZIO ETA ELKARTEEI DIRU-LAGUNTZAK

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, alderdi politikoekiko menpekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako 2013rako diru-laguntzen deialdia egiten duen Agindua onartu du. Laguntza hauek, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoentzat dira.

Deialdi honek 95.000 euroko diru kopurua du. Diru laguntza hauen xedea honakoa izango da: pentsamendu politiko eta soziala ikertu eta garatzeko programak eta jarduerak, nahiz kultura esparruko programa eta jarduerak burutzea.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost lanegunekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

ERABAKIA, HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREKIN LANKIDETZA-HITZARMENA IZENPETZEKO BAIMENA EMATEKO DENA, EUSKALTERM TERMINOLOGIAKO BANKU PUBLIKOA EGUNERATU ETA MANTENTZEKO BEHARREZKO LANAK KONTRATATZEKO.

LABURPENA

HAEE ETA HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILAREN ARTEKO HITZARMENENEAN ALDAKETA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Sail horrek eta HAEEk (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) 2013ko uztailaren 31n sinatu zuten hitzarmena aldatzea onartu du. Hitzarmen horren helburua zen, EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoaren eguneratze eta mantentze lanetarako kontratazioa burutzea.

Hitzarnen horren laugarren klausula aldatuta gelditzen da beraz, finantziazio eta ordainketa epe eta faseei dagokienez.
 

 


Euskadi, auzolana