Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2012/11/21 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Diseinuko goi mailako arte-irakaskuntzak ezarri dira Euskadin
HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
AMEEren dekretu berria
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Gobernu Kontseiluak Euskadiko eraikinen ikuskapen teknikoa (EIT) arautzeko Dekretua onartu du
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Jaurlaritzak adoptatzeko irizpide gisa agertzen zen adin-muga ezabatu du
Laneko arriskuen prebentzioan oso arau hauste larriak egiteagatik zigortutako enpresen erregistroa sortu da
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Osasun eta Kontsumo Sailak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioarekin 335.000 euroko zenbatekoaz aurten EAE-aren esparruan garatutako droga mendekotasunei buruzko programetarako
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politika eta Zerbitzu Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak eta Osakidetzak arreta soziosanitarioa hobetzeko sinatutako hitzarmena aldatzea
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5.776.505Âż balioko kredituak onartu dira 2012ko europa komuneko FEAGA eta FEADER funtsak ordaintzeko
Animalien osasun ekimenetarako funts komunen 165.304 euroko kredituen bideratzea onartu da
Haziko 1.459.514Âż-ko kreditu soberakina abeltzaintza sektoreak jasan ditzakeen Katastrofe Funtserako bideratuko dira
LEHENDAKARITZA
Azaroaren 25a ÂżEmakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunaÂż dela-eta adierazpen

Institutizionalaren Proposamena
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

DISEINUKO GOI MAILAKO ARTE-IRAKASKUNTZAK EZARRI DIRA EUSKADIN

Dekretua, Diseinuko goi-mailako arte-ikasketak ezarri eta ikasketa-plana antolatzeko, Diseinu Grafikoa eta Barruko Diseinua espezialitateetan.

Gobernu Kontseiluak, Isabel Celaá Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eskariz, Diseinuko goi mailako arte-irakaskuntzak haien bi modalitateetan, Diseinu Grafikoa eta Barne Diseinua, Euskadin ezartzen dituen dekretu bat onartu du gaur. Goi Hezkuntzako Espazio Europarrean dauden bi titulu dira, bakoitzak lau kurtso ditu eta unibertsitate-graduen baliokide dira. Legezko testuak bien ikasketa-plana definitzen du.

Titulazioek guztira 240 ECTS kreditu dituzte, 60 kredituko lau kurtsotan banatuak, eta kreditu bakoitzak, gutxienez, 25 irakastordu ditu, guztira 6.000 irakastordu, gutxienez. Ikasketa-planaren barruan kanpo praktikak egiten dira, 150 ordu, gutxienez, irauten dutenak (hilabete inguru, eguneko 6 orduko lanaldiarekin).

Goi mailako arte-irakaskuntzak diseinuaren modalitateetan egin nahi dituzten ikasleek Batxilergoko ikasketak arrakastaz gainditu beharko dituzte edo, bestela, 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko proba gainditu beharko dute. Gainera, ikasle horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu eta antolatuko duen sarrera-proba espezifiko bat gainditu beharko dute, irakaskuntza horiek aprobetxamenduz egiteko behar diren heldutasuna, ezagutzak eta gaitasunak dituzten baloratzeko asmoz. Gehigarri gisa, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Teknikariaren titulua duten pertsona guztiek izango dute ikasketa horietara zuzenean sartzeko aukera eta haientzat plazen % 15 erreserbatuko da.

Titulu horiek eskaintzen dituen ikastetxe bakarra dago gaur egun Euskadin. Vitoria-Gasteizko Diseinuko Goi Eskola da. Ikastetxe horretan goi mailako bi arte-irakaskuntzak eskaintzen dira, Ilustrazioko eta Arte Argazkilaritzako Lanbide Heziketako heziketa-zikloez gain. Gaur egun 200 ikasle baino gehiago daude Diseinu Grafiko eta Barne Diseinuko tituluetan matrikulatuta.
 

 

HERRIZAINGO, JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

AMEEREN DEKRETU BERRIA

Dekretua, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutua arautzen duena.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundea (AMEE) Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren mende dago; EAEko epaile, magistratu, epaimahai eta fiskalei laguntzeko organoa da, eta auzitegi-medikuntzako aditu-txostenak egiten ditu haientzat.

Gaur onartutako dekretua aurreko dekretuaren (1998. urtekoa) sinplifikazio, egokitzapen eta berrantolaketa da.

a) Sinplifikazioa: lehen dekretu bakar batek arautzen zuen erakundea eta dekretu horrek onartzen zituen lanpostu-zerrendak. Hortaz, lanpostu-zerrendetan edozein aldaketa egiteko, dekretua aldatu behar izaten zen. Orain bi dekretu desberdin daude.

b) Egokitzapena: AMEEren egitura Bulego Judizial Berriaren (BJB) ezarpenari egokitu zaio eta, horrez gain, Bulego Judizial Berriak ekarritako filosofia eta jarduerak barneratu ditu: talde-lanean funtzionatzea (administrariak), euskara-eskakizuna sartuta duten lanpostu-zerrendak, kalitatearen kudeaketa, plantilla izatetik lanpostu-zerrenda izatera pasatzea, etab.

c) Berrantolamendua: erakundearen funtzionamendua hobetzen duen egitura finkatu da. Hona hemen bi adibide:

- Anatomia Patologikoaren atala sortu da. Atal berria da, eta gai horretan adituak diren auzitegi-medikuak daude orain. (Auzitegiko patologian, traumatologian eta psikiatrian ere badaude adituak, eta, aipatutako arlo guztietan aditu izateko, bi urteko ikasketak egin behar izaten dira. Bi urte horietan, auzitegi-medikuak liberatzen dira, Osakidetzarekin sinatzen diren hitzarmenen bidez espezializatu daitezen).

- Osoko Balorazio Forentseko Unitateak (OBFU) sendotu dira eta AMEEren barruan ere sendotu egin da haien egitura. Unitate hauetan, psikiatrian aditua den auzitegi-medikua aritzen da lanean eta, horrekin batera, psikologoak eta gizarte-laguntzaileak. Horiek lehen ez zeuden erakundearen egituraren barruan sartuta, talde psikosozialetan baizik.
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

GOBERNU KONTSEILUAK EUSKADIKO ERAIKINEN IKUSKAPEN TEKNIKOA (EIT) ARAUTZEKO DEKRETUA ONARTU DU

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan eraikinen azterketa teknikoa arautzekoa.

Gobernu Kontseiluak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren proposamenari jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoko bizileku-eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duen Dekretua onartu du.

2/2006 Legeak, ekainaren 30ekoa, EAEko lurzoruari eta hirigintzari buruzkoak, bere 200. artikuluan, barne hartzen du etxeak eta eraikinak aldizka ikuskatzeko erregulazioa. Araudi hori betetzeko, eta egiaztatu ondoren beste autonomia erkidegoetan antzeko esperientzia positiboak egon direla, erabaki da Dekretu bat onartzea EIT-a (Eraikinen ikuskapen teknikoa) arautzeko.

Horrez gain, 8/2011 Errege Dekretu-legeak, uztailaren 1ekoak, alde batetik, ezinbesteko baldintzatzat jotzen du 2016rako EITak egitea 50 urte baino zaharragoak diren eraikinetan, baldin eta 25.000 biztanletik gorako udalerrietan badaude; eta bestetik, Autonomia Erkidegoei eskumena ematen die aplikazio hori ezarritako denboraren barruan arau dezaten.

Dekretu honen helburua da hiritarren partaidetza sustatzea eraikina kontserbatzeko beharra bermatzeko, eta modu horretan saihestea eraikinak hondamen- eta narriatze-egoeran egotea, eta auzo finkatuak jendez hustea.

Helburu hori Euskadiko Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren (EIS) oinarrien barruan dago. Itunaren indarguneetako bat da parke eraikien eraberritzea xedatzen duela. Asmoa da eraikinen jabeak nahiko informazio edukitzea mantentze, birgaitze eta kontserbazio lanak baldintza egokietan egiteko dituzten betebeharrak bete ditzaten, azaroaren 5eko 38/1999 Legeak, Eraikuntzaren Antolaketari buruzkoak, bere 16. artikuluak xedatzen duenari jarraiki.

Araudi berriaren arabera, 10 urtetik behin, eraikinen jabeek teknikari fakultatibo bati agindu beharko diote ikuskapen tekniko bat egin dezan, eraikinaren egoera egiaztatzeko eta bere kontserbazio-, segurtasun-eta estankotasun-baldintzak eta egituraren egonkortzea bermatzeko.

Irizpen teknikoak, halako lan bat egin ahal izateko titulazioa duten teknikari profesionalek egin beharrekoa, zehaztuko du zein lan edo esku-hartze mota egin beharko diren.

Eskumenak dituzten administrazio modura ari direla, Udalen zeregina hirigintza diziplinari dagokionez, eta baita EAEko Administrazio Orokorraren laguntza ere, funtsezkoak izango dira berorien kontrola eta segimendua egiteko, ikuskapen-erregimena ongi bete dela lortzeko. Horretarako, Ikuskapen Teknikoen Erregistro bat sortuko da, zeinean txostenen edukia jasoko den, ikuskapena gainditu duten eraikinen fitxa eginda eta aurkezpen data adierazita.

Etxebizitza Sailak, Udalekin lankidetzan, arduratuko da aipatutako erregistro hori egiteaz eta mantentzeaz, datu-base bakarra sortzeaz, eta programazioa ezartzeaz, EITak egin daitezen eta jabeei jakinarazteko ikuskapenak egitea derrigorrezkoa dela. Erregistrorako sarbidea publikoa izango da; eta horri esker eraikinen benetako egoera hobeto ezagutu ahalko dute bai jabeek bai higiezinen merkatuko erabiltzaileek.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

JAURLARITZAK ADOPTATZEKO IRIZPIDE GISA AGERTZEN ZEN ADIN-MUGA EZABATU DU

Dekretua, adin txikikoak adoptatzekotan Foru Aldundiek bete beharreko prozedura arautzen duen dekretua aldatzeko.

Gobernu Kontseiluak adin txikikoak adoptatzeko prozesuak arautzen dituen dekretua aldatzea onartu du gaurko bileran, gurasoen eta adin txikikoaren artean 44 urtetik gorako aldea ezin dela izan ezartzen duen eskakizuna ezabatzeko. Horrela, adin-muga ezabatu egin da, orain arte irizpide baztertzaile gisa agertzen zena, eta horren arabera, 45 urteko pertsona batek ezin zuen adoptatu jaioberri bat, adibidez.

Dekretu berriak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak proposatuta onartu denak, foru-aldundiek zer jardun jarraitu behar duten arautzen du, haiek baitira adin txikikoak adoptatzeko kudeaketa-arloko arduradunak. Adin-aldea irizpide baztertzaile gisa ezabatzea eta adopzioaren egokitasunari buruz erabaki behar duten teknikarientzat balorazio-irizpide gisa uztea erabaki da bereizkeriazko neurri bat dela ikusirik.

Gainera, adin-aldea orain arte ez zen kontuan izaten pertsona eskatzaileak edo bikoteak premia bereziak zituzten adin txikiko pertsonak adoptatu nahi zituztenean. Hots, anai-arreba taldeak familia-elkarketan, desgaitasunen bat edo osasun-arazo bereziak dituzten adin txikikoak, zazpi urtetik gorako haurrak eta herentziazko aurrekari kliniko arriskutsuak dituzten adin txikikoak.

Neurri honek adin txikikoaren interesik hoberena izango du beti muga eta bat dator adinagatik bazterketa-faktoreak ezabatzera zuzendutako jardunekin. Arartekoak bermatzen du jarrera hori, eta baita adopzioari buruzko Europar Batasunaren hitzarmenak ere, hark ere adin-aldea ezabatzea ezartzen baitu.
 

 

LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOAN OSO ARAU HAUSTE LARRIAK EGITEAGATIK ZIGORTUTAKO ENPRESEN ERREGISTROA SORTU DA

Dekretua, lan-arriskuen prebentzioan egindako arau-hauste oso larrien berri argitaratzea arautzeko eta zehatutako enpresen erregistroa sortzeko.

Gobernu Kontseiluak, gaur egindako bileran, laneko arriskuen prebentzioan oso arau-hauste larriak egiteagatik zigortutako enpresen erregistroa sortzea onartu du.
Laneko ezbeharren arazoak kostu handia sorrarazten du, bai gizakiengan, bai gizartean, bai eta lanean ere, langileentzako eta horien familientzako egoera lazgarriez gainera. Hortaz, lehentasunezko arazoa da prebentzio-politika bat egitea laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan, kalte eta gaixotasun profesionalen eta lanaren ondoriozkoen aurrean babes-maila egokiak bermatzeko. Horretarako, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia zorrotz bete dadin eskatzeaz eta arlo horretan prestakuntza sustatzeaz gainera, laneko arriskuen aurrean benetako prebentzio-kultura sortu behar da, kontzientziazio eta sentsibilizazio sozialaren alorrean jardunez.

Ildo horretatik, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia urratu dutenak eta oso arau-hauste larriak egiteagatik zigortutakoak argitara ematea, besteak beste, eraginkortasun handiko prebentzio-neurria izan daiteke; eta sentsibilizazio sozialeko tresna ere izan daiteke laneko istripuen gaitzaren aurrean jarduteko.

Beraz, Gobernuak zigor horiek argitara emango ditu eta laneko arriskuen prebentzioa ez betetzeagatik zigortutako enpresen erregistro bat sortuko du. Erregistroa Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan Zuzendaritzari atxikita geratuko da.

Erregistro hori sortzea dagoeneko aurreikusita dago arlo sozialeko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Estatuko legean. Horrek jaso egiten du laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigor irmoak argitara ematea, araubidez finkatzen den eran.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan oso arau-hauste larriak egiteagatik ezarritako zigorrak, behin irmo bihurtuta eta zigortutako enpresari jakinarazita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Laneko zuzendariak emandako ebazpenaren bidez. Argitaratu ondoren, erregistroan inskribatuko dira. Argitalpenean, besteak beste, honako datu hauek zehaztuko dira: enpresaren izena, egindako arau-haustea eta diru-zigorraren zenbatekoa, bai eta, hala badagokio, nagusiki edo modu osagarrian ezarritako beste zigor batzuk ere.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK LANKIDETZA HITZARMEN BAT SINATU DU OSASUN, GIZARTE ZERBITZU ETA BERDINTASUN MINISTERIOAREKIN 335.000 EUROKO ZENBATEKOAZ AURTEN EAE-AREN ESPARRUAN GARATUTAKO DROGA MENDEKOTASUNEI BURUZKO PROGRAMETARAKO

Erabakia, droga-mendetasunaren gaian 1999. ekainaren 2an Osasun eta Politika Sozial Ministerioarekin (drogen Plan Nazionalerako Gobernuaren Ordezkaritza) izenpetutako Lankidetzako Protokolo Orokorraren 2011. urterako hitzarmen espezifiko bat sinatzea baimentzeko dena.

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute 335.000 euroko zenbatekoaz droga-mendekotasunei buruzko programak diruz laguntzeko. Programen xedea da 2012. urte honetan izan diren arriskuak eta kalteak prebenitzea eta murriztea.

Hitzarmen hori Droga Mendekotasunaren arloko Lankidetza Protokolo Orokorrean sortu zen eta 1999an sinatu zuten bere garaian arloan eskumena zuen Barne Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoak, lankidetza hori urteko hitzarmen berezietan gauzatzen zuenak droga-mendekotasunei buruzko proiektuak finantzatzeko.

Aurten hiru dira diruz lagundutako ekimenak: EAEko ikastetxeetako prebentzio selektiboko programa alkohol-kontsumoari dagokionez, 90.000 euro jasoko dituena; aisialdiko espazioetako alkohol-kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko programa, 50.000 eurokoa, eta 195.000 euro bideratuko dira programan arreta soziala emateko programara eta patologia fisikoak edo mentalak dituzten eta zigorra jaso duten pertsona drogazaleen komunitate terapeutikora, ordezko zigorra edo segurtasun-neurria betetzeko.
 

 

ARABAKO FORU ALDUNDIKO GIZARTE POLITIKA ETA ZERBITZU SAILAK, EUSKO JAURLARITZAKO OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK ETA OSAKIDETZAK ARRETA SOZIOSANITARIOA HOBETZEKO SINATUTAKO HITZARMENA ALDATZEA

Akordioa, atentzio soziosanitarioa hobetzeko 2011ko irailaren 28an Arabako Foru Diputazioarekin eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena aldatzeko.

Gobernu Kontseiluak Arabako arreta soziosanitarioa hobetzeari buruzko hitzarmena aldatzeko erabakia hartu du, finantzaketaren xede diren lanpostuak 173 gehiago izan daitezen. Plaza horien tipologia ez dago hasierako hitzarmenean jasota; zehazki, adinekoentzako titulartasun pribatuko egoitzetan daudenena da, eta horiek «zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoaren» bitartez finantzatzen dira. Gehikuntzaren ostean, 1.187 lanpostu izango dira orotara. Horrez gain, unitate psikosozialetan 27 lanpostu gehiago izango dira, 109 izatetik 136 izatera igaroko baitira.

Hitzarmenaren bidez xedatutako zenbatekoa 495.152 eurotan handituko da; hortaz, guztira 2.957.592 eurokoa izango da. Hala, eutsi egingo zaio osasun-moduluaren kostuari; hau da, Osakidetzako medikuntzako eta erizaintzako langileek eskainitako arretari.

Goiburuan adierazitako bi sailek lankidetza areagotu nahi dutelako gertatu da aldaketa, beste zerbitzu-tipologia batzuen finantzaketa erantsita, bai eta arreta jasoko duten kolektiboak zabalduta ere.

Erabaki horren bidez, aldatu egin da Arabako Foru Aldundiak, Osasun eta Kontsumo Sailak eta Osakidetzak arreta soziosanitarioa hobetzeko 2011ko irailaren 28an sinatu zuten hitzarmena, Gizarte Zerbitzuetako osasun-arreta bermatzen eta hobetzen zuena.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

5.776.505Âż BALIOKO KREDITUAK ONARTU DIRA 2012KO EUROPA KOMUNEKO FEAGA ETA FEADER FUNTSAK ORDAINTZEKO

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2012. ekitaldiko Aurrekontuko "Europar Batasunarekiko Finantza-harremanak" 9311 programan diru-sarrerak lortu direla-eta, "Nekazaritza eta Landa Garapena eta Itsasbazterra" 7111 Programan 5.776.505,44 euroko kredituak gaitzeko dena.

Gobernu Batzordeak onartu du gaurko bileran 5.776.505€ balioko kredituak bideratzea Europako Batasunak FEAGA eta FEADER funtsei esker ematen dituen dirulaguntzak ordaindu ahal izateko

Gobernu Batzordeak, beraz, Ekonomia eta Ogasun eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuek proposatutakoari bide eman dio eta, horrela, EBarekin loturiko harreman finantzarioetako 9311 Programagatik lortutako diru-sarrerentzako mailegua bideratu ahal izateko.

Funtsak, 2012. urtera arte Euskal Autonomia Erkidegoko Ordaintzeko ardura duen erakundeak egin behar dituen ekimenak finantzatzera bideratuko dira.
 

 

ANIMALIEN OSASUN EKIMENETARAKO FUNTS KOMUNEN 165.304 EUROKO KREDITUEN BIDERATZEA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2012. ekitaldiko Aurrekontuko "Europar Batasunarekiko Finantza-harremanak" 9311 programan diru-sarrerak lortu direla-eta, "Nekazaritza eta Landa Garapena eta Itsasbazterra" 7111 Programan 165.304,64 euroko kredituak gaitzeko dena.

Gobernu Batzordeak, animalien osasun ekimenetarako 165.304 euroko kredituen bideratzea gauzatzen duen Dekretua onartu du gaur izan duen bileran.

Kopuru hori guztia, Europar Batasunak, urte baterako eta zenbait urtetarako hainbat gaixotasunen eta zoonisaren kontrola eta desagerrarazte planak abian jartzeko dituen diru-sarrera gehigarrietatik dator. Programa horien 2009-2010 eta hurrengo urtetarako aurkeztu zituzten kide diren herrialdeek.

Diru-sarrera gehigarri horiek, 2012. urtean Euskal Autonomi Erkidegoan abian jarri diren gaixotasunen kontrol eta desagerrarazte programak ordaintzeko erabiliko dira.

Europar batasunak programa hauek finantzatzen ditu: Behien bruzelosia eta tuberkulosia; ahuntz eta ardien bruzelosia; ohiko eta arrisku altuko guneetako ardien katarro sukarra (mingain urdin); hegazti taldeen salmonellosia; txerrien izurrite klasiko eta afrikarra; kaiolako hegazti eta basatien gripea;
Txerrien besikulako gaixotasunak; transmititu daitezkeen entzefalopatia espongiformeak (EET); behien entzefalopatia espongiformea (EEB) eta dardarkaria; behien leukosi enzootikoa eta Aujeszkyren gaixotasuna.
 

 

HAZIKO 1.459.514Âż-KO KREDITU SOBERAKINA ABELTZAINTZA SEKTOREAK JASAN DITZAKEEN KATASTROFE FUNTSERAKO BIDERATUKO DIRA

Akordioa, deklaratzeko 1.459.514 euro soberan daudela, eta HAZI Fundazioari zuzenduko zaizkiola.

Gobernu Batzordeak erabaki du gaurko bileran Fundación HAZI Fundazioaren ustiaketa gastuen 1.459.514 euroko soberakina onartzea eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko abeltzaintza sektoreak jasan ditzakeen Katastrofe Funtsa finantzatzeko bideratuko da.

2012ko uztailan Hazik diru-sarrera gehigarriak lortu zituen Kaiku sozietatean zituen akzioen salmentagatik eta horri esker, aurrekontuaren balantzean 1.459.514 euroko soberakina lortu du. Hori horrela, ekoizpen kostuak direla eta euskal abeltzaintza sektorea jasaten ari den prezio igoera arintzeko bideratuko da.

2010. urtetik hona eta hainbat arrazoi medio –zerealen mundu mailako stock jaitsiera, uzta txarrak, giza kontsumoaren hazkundeagatik zerealen kontsumo igoera eta bio-erregaiak lehengai gisa erabili izateak– zerealaren prezioa gero eta gehiago garestitzen joan da eta hau ezinbestekoa da animalientzako pentsua eta beste elikagai mota batzuk egiteko.

Kasu askotan, zerealen prezioa –abeltzainentzako kosturik garrantzitsuena- ehuneko 50ean garestitu da eta garestitze hori abeltzainen produktu salmenten azken prezioan ezin izan da islatu.

Egoera horri aurre egiteko Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak 2 milioi euroko minimis izeneko dirulaguntzak deitzea erabaki du eta horren barne, Haziren mailegu soberakinaren 1.459.514 euroak izango dira.
 

 

LEHENDAKARITZA

AZAROAREN 25A ÂżEMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNAÂż DELA-ETA ADIERAZPEN

INSTITUTIZIONALAREN PROPOSAMENA

Azaroaren 25a dela-eta, hau da, Nazio Batuen Batzar Nagusiak “Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna” aitortutako eguna dela-eta, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren aurkako gaitzespena agertu du. Emakumeenganako indarkeriaren kontrako edozein adierazpen gaitzesten dugu, dimentsio orotan (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai eta sexismo mota oro ere, arinenak eta normalizatuenak barne, esaterako: sexuaren araberako rol estereotipatuak; neska eta emakumeen ikusezintasuna bizitzako hainbat arlotan, bigarren mailara zokoratuz; sexu eta ugalketa eskubideen ezeztapena; edota pertsonekiko diskriminazioa euren sexu-aukeraren edo genero identitatearen ondorioz.

Belaunaldi gazteagoen artean emakume nahiz gizonen arteko desberdintasunak eta emakumeenganako indarkeria gailenduta daudelako mitoa baino harago, errealitateak erakusten digu gazteen artean dagoen indarkeria matxista, baita adinez txikikoen artekoa ere, benetan kezkagarria dela.

Horrenbestez, ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua aldatu gabe ere. Horregatik, erakundeok konpromiso aktiboa izan behar dugu gazteekin lan egin eta indarkeria matxista prebenitzeko, ahalegina eginez eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz. Hori horrela, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen lagunduko diegu gazteei.

Prebentzioko prozesu honek erreferentziazko eredu berriak sortzea ahalbidetzen du, hain zuzen ere, mutilek eta gizonek pribilegiozko jarrerarik eduki ez dezaten nesken eta emakumeen aldean, izan ere, indarkeria matxistaren jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean dago. Beldur Barik programan Euskadiko udal eta erakundeek hartzen dute parte, eta helburua da sexismotik aldentzen diren neska-mutikoen jarrera positibo eta egunerokoak antzeman eta ikusaraztea, izan ere, jarrera horiek rol tradizionalekin hautsi eta gizarte berdintsuagoa eraikitzea dute xede.

Erakundeetatik indarkeria matxistaren kontrako ardura soziala eta politikoa gure gain hartu behar dugu, eta, horretarako, norberaren aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak berrikusi beharko ditugu. Norberak erantzukizun horiek bere gain hartuz gero, aldaketarako konpromisoa lortuko da.

Hori guztia dela eta, Lehendakaritzak proposatuta, 2012ko azaroaren 20ko bilkuran Eusko Jaurlaritzak onartu du jarraian agertzen den

                                                    ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Lehenengoa.- Beldur Barik programaren edukiekin bat dator, gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko moduak lantzeko tresna gisa.

Bigarrena.- Herritarrei gonbit egiten die konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista gaitzesteko ere.

Hirugarrena.- Gonbit egiten die herritar guztiei, eta bereziki neska-mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera.
 

 


Euskadi, auzolana