Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2012/10/30 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Biktimak eta pertsona elbarrituak
Ingeles, frantses eta alemanezko ikastaroak atzerrian
Ordansari-osagarriak
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Kreditu-entitateekin zegoen lankidetza-hitzarmena aldatu egin da etxebizitza eta lurzoruaren arloko mailegu kualifikatuen interes-tasa berriak finkatzeko
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Osasun Sailak 30 eguneko gehieneko epea ezarri du Euskadin kardiologiako eta onkologiako kontsultetara sartzeko eta diagnostiko-probak egiteko
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Kantauri Ekialdeko Mugapearen Barneko Arroen Plan Hidrologikoaren onespena eta izapidea erabaki da
EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planari buruzko Dekretua aldatzea eta eguneratzea onartu da
Eusko Jaurlaritzak 213.750 Âżko dirulaguntza onartu du paper formatuan udal mapa toponimikoak egiteko
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

BIKTIMAK ETA PERTSONA ELBARRITUAK

Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitateari dirulaguntza zuzen bat ematea baimentzen duena, terrorismoaren biktimen, pertsona elbarrituen eta genero-indarkeriaren biktimen tasak eta administrazio-eskubideak finantzatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, hartu du Euskal Herriko Unibertsitateari 360.000 euroko dirulaguntza zuzen bat ematea baimentzeko akordioa, terrorismoaren biktimen, pertsona elbarrituen eta genero-indarkeriaren biktimen tasak eta administrazio-eskubideak finantzatzeko.  

 

INGELES, FRANTSES ETA ALEMANEZKO IKASTAROAK ATZERRIAN

Agindua, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko deialdia egiten duena, funts publikoz finantzatzen diren EAEko ikastetxetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila eta Batxilergoko 1. eta 2. maila ikasten duten ikasleentzat.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaur onartu du atzerrian alemanezko, frantsesezko eta ingelesezko ikastaroak egiteko ikaspostuetarako dei egiten duen agindua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko ikasleentzat eta Batxilergoentzat.

Agindu honen helburua 533 ikaspostuko deialdia egitea da, 2013ko udan, Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Irlandan egonaldiak eta ikastaroak egiteko, honako maila hauetako ikasleei zuzenduta: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. zikloa eta Batxilergoak.

Deialdiko ikaspostu bakoitzean honako hauek hartzen dira kontuan: ikasleak bizi diren hiritik egonaldia izango den tokirainoko joan-etorriko bidaia, bidaia-asegurua, egin behar duten hizkuntza-ikastaroko matrikula eta ikasmateriala, ostatua, mantenua eta ikastaroa egingo den ikastetxerainoko hiri-garraioa.
 

 

ORDANSARI-OSAGARRIAK

Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitateari dirulaguntza zuzen bat ematea baimentzen duena unibertsitate horretako irakasleen eta ikertzaileen ordainsari-osagarriak finantzatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, hartu du Euskal Herriko Unibertsitateari 1.020.000 euroko dirulaguntza zuzen bat ematea baimentzeko akordioa, unibertsitate horretako irakasleen eta ikertzaileen ordainsari-osagarriak finantzatzeko.

  

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

KREDITU-ENTITATEEKIN ZEGOEN LANKIDETZA-HITZARMENA ALDATU EGIN DA ETXEBIZITZA ETA LURZORUAREN ARLOKO MAILEGU KUALIFIKATUEN INTERES-TASA BERRIAK FINKATZEKO

Dekretua, etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan, kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko finantza-lankidetzari buruzko Dekretua aldatzen duena.

Hitzarmenaren indarraldia 2013ko abenduaren 31 arte luzatu da

Gobernu Kontseiluak kreditu-entitateekin etxebizitza eta lurzoruaren arloan zegoen finantza-lankidetzari buruzko dekretuaren aldaketa onartu du. Dekretua 2011ko abenduaren 20koa da eta 2012an zehar luzatu da.

Dekretuan kreditu-entitateek emandako mailegu kualifikatuen interes-tasak finkatzen ziren, etxebizitza eta lurzoruaren arloko jardun babesgarriei dagokienez.

Gaur onartu den dekretuak 2012 ekitaldian aplikatzekoak izango diren interes-tasak zehazten ditu.
Egungo hipoteka-merkatuan nagusi den hipoteka-erreferentziako indizearekin, Euriborrarekin, jarraitzen du; erreferentzia hori eguneratzeko hiruhilekoko aldiei eusten die, baita interes-tasen hasierako onarpenei aplikatzekoa den sistemari ere; jardun babesgarriaren arabera finkatutako maximo eta minimo baten arteko urkila berri batean oinarritzen da, eta kreditu-merkatuan izandako aldaketa zorrotzen bidez eguneratzen dira.

Azkenik, jarraitutasun handiagoa eman nahi zaie neurri horiei, eta horretarako luzatu da hitzarmenaren indarraldia 2013ko abenduaren 31ra arte iristen den denbora-muga batera, hura luzatuta.

Orain arte izan den etxebizitza-eskari handia, neurri handi batean, finantzaketako baliabide eta modalitate oso onuragarrien bitarteko sorta zabal batek estimulatu du, eta inflexio bat izan du finantzaketa-erabilgarritasunean eta soberako etxebizitza-eskaintza bat azaleratu duen kreditu-baldintzen gogortasun berrian.

Horrek guztiak eragina izan du prezioetan eta eraikuntzaren eta etxebizitza-sustapenaren moteltzean. Egoera hau gehiago ez larriagotzeko, Jaurlaritzak uste du finantzaketa-lerroei eutsi eta egungo finantza-baldintzetara egokitu behar direla, politika aktibo bat sustatzeko eta bultzatzeko eta etxebizitzen eraikuntzaren eta lurzoruaren sektoreei behar den arintasuna emateko.

Berrerosketa

Lankidetza-hitzarmen finantzarioak berrerosketaren figurari eusten dio, hots, Administrazioak sustapen publikoko etxebizitzen titularrei berrerosten die, baldin eta 2011ko hitzarmenaren babespean emandako etxebizitzak badira eta bat-bateko berankortasun-egoeren ondorioz eta langabezia, erabateko ezintasun iraunkorra, lan autonomoan jarduerari uztea eta antzeko inguruabarrengatik galdu egiten badituzte. Kasu horietan, Etxebizitza Sailak etxebizitza erosiko du, sortutako zorra ezeztatu egingo du, jabea zorrak sortutako edozein betebeharretatik libratuko du eta, hala badagokio, etxebizitzaren prezioaren eta sortutako zor biziaren arteko aldea ordainduko dio jabeari.

Beren hipoteka-zorretik horrela libratutako pertsonek Eusko Jaurlaritzak sustatutako alokairuko etxebizitza eskuratzeko programetarako sarbidea izango dute.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

OSASUN SAILAK 30 EGUNEKO GEHIENEKO EPEA EZARRI DU EUSKADIN KARDIOLOGIAKO ETA ONKOLOGIAKO KONTSULTETARA SARTZEKO ETA DIAGNOSTIKO-PROBAK EGITEKO

Dekretua, kardiologiakako eta onkologiako kontsultetara eta proba osagarri ez urgenteetako sarbidea izateko epe gehienekoak ezartzen dizkiona Euskadiko Osasun Sistemari.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen Dekretuak 30 eguneko gehieneko epea finkatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan kardiologiako eta onkologiako kontsultetara sartzeko eta patologia mota horiekin lotzen diren zenbait diagnostiko-proba osagarri egiteko.

Zehazki, Dekretu horrek bermatu egiten du Osakidetzako fakultatiboaren preskripzio-dataren hurrengo 30 egunetan jasoko dela asistentzia-erantzuna kardiologiako eta onkologiako lehen kontsultetarako, baita honako diagnostiko-proba hauek egiteko ere: mamografiak, kolonoskopiak, esfortzu-probak eta hemodinamika-probak. Kontsulta edo proba hori Osakidetzan garatu beharko da, edo, hala badagokio, zentro itundu batean. Azken buruan, eta ezarritako epea betetzeko xede hutsez, osasun-baliabide pribatu ez-itunduak erabiltzearen ondoriozko gastuen konpentsazio ekonomikoa emango da.

Gauzak horrela, Euskadi bihurtu da kontsulta horietara sartzeko eta proba mota horiek egiteko gehieneko epe hori bermatzen duen Estatuko lehen autonomia-erkidegoa. Neurri horrekin, Euskadiko osasun-sistemak eskaintzen duen asistentzia-epeak hobetzeko prozesuan aurrera egin nahi da. Izan ere, neurri hau erantzun kirurgikorako ezarritako gehieneko epeei gaineratzen zaie –epe horiek jada betetzen ari dira–. Azken datuen arabera, kirurgia onkologikoaren atzerapen denbora 30 egunekoa da, kirurgia kardiakoan 90 egunekoa da, eta kirurgia orokorrean 180 egunekoa da.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

KANTAURI EKIALDEKO MUGAPEAREN BARNEKO ARROEN PLAN HIDROLOGIKOAREN ONESPENA ETA IZAPIDEA ERABAKI DA

Erabakia, Kantauri aldeko ekialdeko Demarkazio Hidrologikoaren Planerako proiektuaren izapide eta adostasunerako, Euskal Autonomia Erkidegoko barruko arroen eremua.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Kantauri Ekialdeko Mugapearen (EAEko Barneko Arroen eremuan) Plan Hidrologikoaren Proiektua onartu du gaur. 1994. urtean Uren transferentzia EAEri egin zitzaionetik, Euskadin egin den lehen plan hidrologikoa da.

Transferentzia hori egin ostean, Uraren Esparru Zuzentarauak uren arloko Europako legediaren erreforma sakona eta nabarmena ekarri zuen; 2006ko Uraren Euskal Legean jasota daude esparru-zuzentarau horren printzipio nagusiak. Halaber, Estatu kideei 2016. urtea baino lehen ur-masen egoera ona lortzeko agindua ere ezarri zitzaien.

Helburu hori betetzeko tresna nagusia Plan Hidrologikoak dira, urteko ekosistemak epe luzera babestearen, uraren zentzuzko kudeaketaren eta erabilera eraginkorraren ikuspegitik begiratuta, eta lehorte eta uholdeek eragindako kalteak murriztea ere barnean hartuta; lehorteen kasuan, uholde-arriskuei buruzko Europako zuzentarauekin guztiz bat datorren planteamenduaren bitartez.

Plan Hidrologiko honen tresna nagusiak bi hauek dira: Araudia eta Neurrien Programa. Araudiari dagokionez, ur-ekosistemen eta inguruneen narriadura gehigarria saihestea, baliabideen kudeaketa egokia bermatzea, eta herritarrak eta herritarren ondasunak babestea ditu xede. Aldiz, Neurrien Programari dagokionez, administrazioek hartutako konpromisoak biltzen ditu, betiere ezarritako helburuak betetzea ahalbidetuko duten jardun zehatzak burutzearekin loturik.

Hori horrela izanik, lehen epean (2015) ingurumen-helburuak ur-masen % 80an beteko lirateke eta gainerako ur-masen helburuak bigarren epean (2021).

Plan Hidrologiko honetan bildutako jardun eta neurrien guztizko aurrekontua 649 milioi euro da 2010-2015 aldirako eta beste 840 milioi euro 2016-2021 aldirako. Neurri horien finantzaketa hainbat administrazioren artean banatuta dago (% 23 Estatuko Administrazio Orokorrak, % 23 URA/Eusko Jaurlaritzak, % 22 Foru Aldundiek eta % 21 Partzuergo eta Mankomunitateek).

Eusko Jaurlaritzak luzaro landu du dokumentua foru- eta toki-administrazioekin lankidetza aktiboa izanik, eta herritarren parte-hartzea ere handia izan da, horretarako ezarritako baliabideen bitartez; hala nola, gizarte-sareek eta internetek eskaintzen dituzten aukerak edo modu presentzialean, Proiektua lantzeko fase guztietan egin diren tailerretan (berrogeita hamar bat izan dira).
 

 

EAEKO HEZEGUNEEN LURRALDEAREN ARLOKO PLANARI BURUZKO DEKRETUA ALDATZEA ETA EGUNERATZEA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana Behin Betiko onartu zuen Dekretua aldatuko duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur egin duen bileran Euskal Autonomia Erkidegoko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana aldatzen duen Dekretua onartu du, dekretuaren edukia egungo errealitatearen arabera eguneratzeko, dokumentu hori 2004. urtean onartu baitzen.

Plan hori onartu zenean, antolamenduko dokumentu oso baliagarri bihurtu zen Hezeguneei edo, oro har, Inguru Hezeei dagokien babesa emateko eta lurraldearen antolamenduarekin bateragarria den tratamendu integratzailea emateko; izan ere, hezeguneak edo, oro har, inguru hezeak, kostaldekoak zein barrualdekoak, biosferako ekosistemarik aberats eta berezienetakoak dira, eta aldi berean ahulenetakoak.

Dekretua aldatuta, babespekotzat hartutako eremuetan baliabide ekologikoei kalterik egingo ez dieten erabilerak ahalbidetzea lortu nahi da, edo balio horien kontserbaziorako beharrezko edo komenigarri ikusten diren erabilerak gaitzea, zientziaren edo kulturaren ikuspegitik begiratuta.

Horretaz gain, LAP hori lantzeko balio izan zuten zereginak burutu zirenetik hamar urte baino gehiago igaro direlarik, hezeguneen zerrenda aztertu da; izan ere, aldi honetan Natura Gune Babestu berriak izendatu dira EAEn eta azken urteotan hobetu den informazio teknikoa eta kartografikoa ere txertatu da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2007ko epaian ezarritako irizpidea ere txertatu da aldaketan, hau da, Zumaiako (Gipuzkoa) Gorostiaga Industrialdearen Plan Partzialaren bigarren fasea hezegunetzat ez hartzea, inguruko eremuekiko koherentziari eustearren.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK 213.750 ÂżKO DIRULAGUNTZA ONARTU DU PAPER FORMATUAN UDAL MAPA TOPONIMIKOAK EGITEKO

Agindua; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, paperezko udal-mapa toponimikoak egiteko dirulaguntzak arautzen dituena.

Eusko Jaurlaritzak 213.750 euroko dirulaguntza ematea onartu du paperean udal mapa toponimikoak egingo dituzten Euskal Autonomi Erkidegoko udal eta erakunde guztietarako. Dirulaguntzek mapak egitearen kostu osoaren %85 babestuko dute.

 

 

 


Euskadi, auzolana