Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2012/05/29 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
IES Lakua BHI
2,293 milioi euro, pertsonal ikertzaile doktorearen hobekuntza-beketarako
Guraso Elkarteen Federazio eta Konfederazioak
1Âż156 milioi euro bizitzan zeharko ikasketarako
117.424 euro Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxeetarako
Hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko laguntzak
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Eusko Jaurlaritzak administrazioan telelanean aritzeko modalitatea arautu du dekretu bidez
Konstituziotasun-errekurtsoak, gobernu zentralak hezkuntzako eta osasuneko larrialdi-neurriei buruz hartu duen dekretuen aurka
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Kable bidezko Garraioari buruzko Lege Proiektua onartu da
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekiko hitzarmena, amiantoaren eraginpean egondako langileei jarraipena egitekoa
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Osasun eta Kontsumo Sailak 132.350 euro bideratuko ditu osasun publikoaren esparruko EAE-ko erakundeei laguntzak emateko, profesionalei etengabeko prestakuntza eman eta zientzia-jarduera hedatzeko
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Esnerako behien ongizatea hobetzeko zuzeneko laguntzen Dekretua onartu da
Nekazaritzako sasoiko langileentzako bizitokien baldintzei buruzko Dekretuaren aldaketa onartu da
Gobernuak 1.100.000 euro bideratu ditu abereentzako bazkaren ekoizpena sustatzeko
LEHENDAKARITZA
Eusko Jaurlaritza Oroimen, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua sortzearen alde
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

IES LAKUA BHI

Dekretua, Vitoria-Gasteizen Lakua Bigarren Hezkuntzako Institutua sortzea xedatzen duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Vitoria-Gasteizen “Lakua “ Bigarren Hezkuntzako institutua sortzen duen dekretua.

Ikastetxe berria Xabier kalearen 1.ean dago, Vitoria-Gasteizeko Lakua-Arriaga auzoan, eta 2012-2013ko ikasturtean hasiko da funtzionatzen.
 

 

2,293 MILIOI EURO, PERTSONAL IKERTZAILE DOKTOREAREN HOBEKUNTZA-BEKETARAKO

Agindua, 2012-2013 ikasturterako doktoretza-ondoko programako beka berriak eta berrituak arautu eta horietarako deia egiten duena doktore ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2012/2013ko ikasturtean pertsonal ikertzaile doktorearen doktoretza-ondoko Hobekuntza-programarako laguntzak, berriak eta lehen zeudenak berritzea, arautu eta deitzen dituen agindua.

2012-2013ko ikasturtean EAEko aplikazio-ikastegietan dauden ikertzaile doktoreentzako, baita aldi baterako atzerrira joaten direnentzako ere, hobekuntza-bekak, berriak eta zeudenak berritzea, arautu eta deitzea ditu agindu honek, 2.293.256 euroko zenbatekoa duenak, helburu.
 

 

GURASO ELKARTEEN FEDERAZIO ETA KONFEDERAZIOAK

Agindua, unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako guraso-elkarteen federazioentzako eta konfederazioentzako laguntzetarako deia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleen gurasoen elkarteen federazio eta konfederazioentzako dirulaguntzak deitzen dituen agindu bat.

Ikasleen guraso elkarteen federazio eta konfederazioei emango zaizkie dirulaguntza horiek, 522.000 euroko zenbateko globalean, funtzionatzeko behar diren azpiegituren gastuetan, guraso elkarteei laguntza eta aholkularitza emateko jardueren gastuetan eta gurasoen prestakuntzarako eta elkarte horiek osatzen dituzten ikastetxeetako ikasleentzako jardueretarako gastuetan laguntzeko.
 

 

1Âż156 MILIOI EURO BIZITZAN ZEHARKO IKASKETARAKO

Agindua, abenduaren 17ko 298/2002 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2012ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bitartez, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako jarduerak gauzatzeko diru-laguntzak arautu ziren.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak proposatuta, Gobernu Bilerak bizitza zeharko ikasketei buruzko jarduerak gauzatzeko dirulaguntzak arautzen dituen Dekretuan aurreikusita dirulaguntzak 2012ko deialdia arautzen duen Agindua onartu du gaur.

1.156.000 euroko laguntza honen helburua, ezagutzaren edozein esparrutan eta bizitza zeharko prestakuntzaren alorrean abian jarritako ikasketa erabilgarriari buruzko jarduerak diruz laguntzea da, 25 urte gorako pertsonen lanbide-kualifikazioa, konpetentzia, trebetasuna areagotzearen bitartez, hiritartasun aktiboa sustatzeko.

Erakunde arteko jardueraren objektu izan daitezkeen etengabeko prestakuntza-proiektuak bi eratakoak izan daitezke: batetik, interesatuek bakarka burututako ikasketei buruzko ekimen, ekintza edota jarduera zehatzak eta, bestetik, udal edo eskualde mailan, ikasketeei buruzko ekimen, ekintza edo jarduerak sustatu eta garatzen dituztenak.
 

 

117.424 EURO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IKASTETXEETARAKO

Agindua: honen bidez, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horien bidez, Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Agindu honek, 117.424 euroko zenbateko globala hartzen duena, araubide bereziko irakaskuntzen barruko Arte Platikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduentzako laguntza ekonomikoak ematea du helburu, betiere, 2011-2012 ikasturtean diru-laguntzarik ez badute jaso Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik.
 

 

HEZKUNTZA-LAGUNTZAKO ESPEZIALISTAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK

Erabakia: gastua 5.000.000 eurotik gorakoa baimentzen duena, laguntzak itunpeko ikastetxe batzuentzat , hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzen dituzten eta 2012/2013 ikasturterako hezkuntza laguntzako espezialistak kontratatu behar dituztenentzat gisa.

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bat onetsi du. Agindu horren bidez, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei, 2012/2013 ikasturterako hezkuntza-laguntzeko espezialistak kontratatzeko beharra dutenei, laguntzak emateko deialdia egiten da.

Deialdi horien helburua, 10.280.510 eurokoa, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak integratzeko programa gehiago garatzea da; horretarako, itunpeko ikastetxeei hezkuntza-laguntzeko espezialistak kontratatzeko laguntzak emango zaizkie.

Dirulaguntza hauek jasotzeko eskubidea Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe pribatuen titularrek izango dute, baldin eta eskaera aurkezteko unean itunpekoak badira; betiere, Berritzeguneko aholkularien iritziz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dauzkaten ikastetxeak izango dira, ikasle horiek normal integratzea eta eskolako jardueretan eskola-orduen barruan parte hartzea errazteko laguntzaileen beharra dutenak.
 

 

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

EUSKO JAURLARITZAK ADMINISTRAZIOAN TELELANEAN ARITZEKO MODALITATEA ARAUTU DU DEKRETU BIDEZ

Dekretua: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoek, bertan presente izan gabekoa den telelanaren bitartez, zerbitzuak ematea arautzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langile publikoentzat, telelanaren formulaz zerbitzua modalitate ez-presentzialaren bidez ematea arautzen duen dekretua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Justizia eta Herri Administrazio Sailak iaz 29 langilerekin egin zuen esperientzia pilotuak izandako arrakasta ikusita, Eusko Jaurlaritzak telelana dekretu bidez arautzea erabaki du. Modalitate horretaz 330 langile publiko inguru balia daitezke.

Dekretuak, aplikazio-eremuaz gain, honako hauek arautzen ditu: lan-erregimena, telelanaz baliatzeko baldintzak, modalitate horretarako egokiak diren lanpostu motak eta jarraipena.

Hasieran, langile publiko hauek –funtzionario zein lan legepeko aritu daitezke telelanean: lanpostuan gutxienez bi urtez ari direnak, eta aholkularitza-lanak, txostenak eta itzulpenak egiten dituztenak, dokumentuak idazten dituztenak, sistema informatikoak kudeatzen dituztenak eta antzeko funtzioak egiten dituztenak.

Telelana urtebeterako izango da, gehienez. Urtebete igarotzean, langilea modalitate presentzialera itzuliko da, sei hilabeterako, gutxienez. Horrekin langile publikoak deserrotzea saihestu nahi da.

Telelanean, asteko lanaldia honela banatuko da: astean hiru egunetan, langile publikoak etxean egingo du lana, eta astean bitan, bere lanpostura joango da, daukan lanaldi eta ordutegiaren arabera, koordinazio-bileretara joateko eta proiektu komunetan parte hartzeko.

Sail batean telelanean aritzeko eskabide bat baino gehiago jasotzen bada eta, antolakuntza-arrazoiak tarteko, guztiak baimentzerik ez badago, lehentasuna izango dute ezintasun iraunkor edo iragankor bat duen langile publikoek, genero-indarkeriaren biktima izan direnek, adingabeak edo mendetasuna duten senitartekoak zaindu behar dituztenek edo ikasten ari direnek. Etxebizitzatik lanpostura dagoen distantzia eta joan-etorrietarako garraio publikoaz baliatzeko zailtasuna ere hartuko dira kontuan.

Administrazioak honako hauek emango dizkio telelangileari: ordenagailu eramangarri bat, langilearen saileko aplikazio informatikoetarako sarbidea izango duena; IP telefono-zenbaki bat edo eramangarri korporatibo bat; eta telefono bidezko arreta-zerbitzua, zerbitzuan gorabeheraren bat gertatzen denerako. Telelangileak Interneten sartzeko linea jarri beharko du, administrazioak zehazten dituen ezaugarrien arabera.

Funtzio Publikoko sailburuorde Juan Carlos Ramosen hitzetan, “telelanak eskaintzen dituen aukerak baliatu nahi ditugu, Administrazio Publikoko lan-prozesuak berrantolatzen aurrera egiteko, langileen autonomia eta konfiantza ardatz dituen kudeaketan oinarrituta; horrekin, langileen motibazioa eta, horrenbestez, errendimendua hobetuko da eta absentismoa gutxituko, eta, besteak beste, emaitzetara, Administrazioaren eraginkortasuna hobetzera eta lana eta familia hobeto uztartzera bideratutako lan-kultura garatuko da”.

“Telelana” proiektu pilotuan parte hartu zuten langile gehienek telenak dakartzan onura hauek balioetsi zituzten: denbora aurreztea edo hobeto kudeatzea (%100), errendimendua eta lanaren kalitatea handiagotzea (% 85) eta motibazioa areagotzea (%61). Halaber, haien hitzetan, telelanari esker segurtasuna handitu egiten da, distantzia handiko joan-etorriak murrizten direlako, eta garraio-gastuak nabarmen murrizten dira.

Telelanari buruzko dekretuaren bidez,Jaurlaritzak helburu hauek lortu nahi ditu:
:
   • Langile publikoen konfiantzan, ekimenean eta autonomian oinarritutako kudeaketa hartzea.
   • Lanerako motibazioa hobetzea, eta, ondorioz, lan-errendimendua handitzea eta absentismoa murriztea.
   • Emaitzetara bideratutako lan-kultura garatzea.
   • Lan- eta familia-erantzukizunak bateratzen laguntzen duten neurriak areagotzea.
   • Lan-denborak malgutzea eta banatzea, zerbitzu publikoaren kalitateari eragin gabe, lan presentzialaren kultura gaindituz.
   • Mugikortasun-premia bereziak dituzten kolektiboentzako lan-baldintzak hobetzea.
   • Administrazioa eraginkorragoa izan dadin lortzea.
 

 

KONSTITUZIOTASUN-ERREKURTSOAK, GOBERNU ZENTRALAK HEZKUNTZAKO ETA OSASUNEKO LARRIALDI-NEURRIEI BURUZ HARTU DUEN DEKRETUEN AURKA

Erabakia, hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretuaren eta Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzko apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuaren zenbait arauren aurka konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzea baimentzeko.

Hezkuntza-arloko eta osasun-arloko larrialdi-neurriei buruzko dekretuak direla-eta (gobernu zentralak onartu zituen, joan den apirilaren 20an), Gobernu Kontseiluak Justizia eta Herri Administrazio Saileko Auzibide Zuzendaritzari konstituziotasun-errekurtso bana jartzeko baimena eman dio.

Hezkuntzako gastu publikoa arrazoi-legez antolatzeko 14/2012 Errege Dekretua dela-eta, Eusko Jaurlaritzak uste du larrialdi-arau horrek ez dituela kontuan hartzen autonomia-erkidegoek hezkuntza-arloan dituzten eskumenak, ezikusia egiten diela, eta hori arriskutsua dela.

Hain zuzen ere, 3. eta 4. artikuluak errekurrituko ditugu. Hirugarrenean, irakasleek gutxienez zenbat eskola-ordu eman behar dituzten zehaztu dute, eta, laugarrenaren arabera, hamargarren eskola-egunetik aurrera izendatu daiteke beste bitarteko edo ordezko bat, baina, Estatutuko 16. artikuluaren arabera, hezkuntza-arloan autonomia-erkidegoak eskumen esklusiboa du, eta uste dugu artikulu horrek gure hezkuntza-zerbitzuaren antolaketa- eta kudeaketa-ahalmena ukitzen duela, legez kontra, eta, hortaz, eskumen hori urratu egiten duela.

6. artikuluko puntu batzuk ere errekurrituko ditugu: lehena, bigarrena, laugarrena eta bosgarrena, hain zuzen ere bosgarreneko 1. eta 4. paragrafoak, unibertsitateko irakaskuntzari buruzkoak, uste dugulako Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak Hezkuntza Sailaren esku uzten dituen eskumenak ukitzen dituela eta Kontzertu Ekonomikoaren Legea urratzen duela, unibertsitate-esparruko aurrekontu-egonkortasunari buruzko hainbat gauza arautzen duelako, foru-araubideak kontuan hartu gabe.

12/2012 Errege Lege Dekretuak, berriz, Estatuko Osasun Sistemaren funtsezko hainbat alderdi aldatzen du. Jaurlaritzak lau artikulu errekurritu ditu (1. bi; 2. hiru; lau; lau. hamahiru; eta 10. lau).

Lehenengo artikuluan jartzen du soilik GSINren ardura izango dela aseguratua aitortzea eta kontrolatzea. Horrek kudeaketa-sistema zentralizatu bat ezartzea dakar, eta autonomia-erkidegoek ezingo dute osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko inolako erabakirik hartu.

Jaurlaritzak uste du, gainera, arau berria beste gauza batzuetan ere eskumen autonomikoetan sartzen dela: 

    - Estatuaren esku uzten du, eta antza denez estatuarenean soilik, erabakitzea ea erabiltzaileak zein osasun-prestazio publikotan daukan zer edo zer ordaindu beharra.
    - Erabiltzaileak jarri beharreko ordain hori taxutzeko kudeaketa-prozedura oso-osorik arautzen du (noiz ordaindu behar duen, eta, behar baino gehiago jartzen badu, autonomia-erkidegoek zein epe duten itzultzeko).
    - Bigarren mailako erregelamendu bat ere badakar, garapen-kontuak arautzeko, inolako muga eta neurri gabe.

Azkenik, epe bat zabaltzen du (2013ko abenduaren 31), funtzionarioak estatutu-araubidera biltzeko; eta hasierako funtzionario-izaerari eusten diotenak osasun-arloz kanpoko erakundeetara atxiki behar direla dio; baina Jaurlaritzak uste du estatuak ez duela hori egiteko eskumenik, eta, hortaz, eskumen autonomikoa urratzen duela.
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

KABLE BIDEZKO GARRAIOARI BURUZKO LEGE PROIEKTUA ONARTU DA

Kable bidezko garraioari buruzko lege-proiektua.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Kable bidezko Garraioari buruzko Lege Proiektua onartu du pertsonen garraiorako Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik osorik igarotzen diren instalazioen proiekzioa, eraikuntza, zerbitzuan jartzea eta ustiapena arautzeko.

Testu horren bidez arautzen dira etorkizunean izan daitezkeen funikularrak eta teleferikoak eta teleskiak. Igogailuak oro har Lege horren aplikazio-eremutik kanpo uzten badira ere, gaur egun emakida-erregimenean ustiatzen diren zerbitzu publikoko igogailuei buruzko aurreikuspen berezi bat egiten da, eta kokatuak dauden udalerriko udalen eskumenekoak izatera igarotzen dira, hain zuzen ere horien eremua guztiz hirikoa baita, eta hiri-irisgarritasuneko premiei erantzuten baitiete.

Kable bidezko pertsonen garraioak berezitasun batzuk ditu. Azken urteetan, hazkunde nabaria izan duen modua da. Gaur egun, Euskadin mota horretako hainbat instalazio daude teleferikoen emakidari buruzko Legearen arabera arautu direnak (apirilaren 29ko 4/1964 Legea), baita 1966ko dekretu baten arabera ere (martxoaren 10eko 673/1966 Dekretua), baina horiek gaur egun zaharkituak daude eta ez dira nahikoak, garraio-sistema horrek azken urteetan izan dituen berrikuntza teknologikoak direla eta, Europako Zuzentarau batean eta haren ondorengo Errege Dekretu batean bildu direnak.

Egoera horrek justifikatu egiten du ezinbestekoa izatea Lege-lerruna duen arau bat izatea, Euskadin pertsonen garraiorako instalazioen eraikuntza eta ustiapena arautzeko.

Euskadin hainbat motatako instalazioak daude, egitura juridikoari dagokionez bereizten direnak, baita araudi tekniko aplikagarriari dagokionez ere. Alde batetik, funikularrak daude, horietako batzuk balio kulturala, historikoa eta baita sentimentala ere dutenak eta babesa behar dutenak, baita arreta berezia segurtasunari eta irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko unean ere.

Bestetik, zerbitzu publikoko igogailu jakin batzuk daude, joan den mendearen erdialdean emandako emakida-erregimenean ustiatuak. Indarrean dagoen araudiaren arabera berez kable bidezko garraioa ez badira ere, adierazitako legea aplikatu zaie.

Igogailu horiek soilik hiri-arloko premiei erantzuten diete, eta, beraz, beren udalerriaren mugikortasuna eta dagokion udalerrietan bizi diren pertsonen mugikortasun-premiak ikuspegi integral batetik ezagutu eta kudeatzen dituzten udalen erantzukizuna izan behar dute. Igogailu horiek ez dira Lege horren erregulazioaren xede, Bigarren Xedapen Iragankorrean biltzen den esanbidezko adierazpenaren kasuan izan ezik. Era horretan, igogailuak kable bidezko garraio-instalazioak ez direla adierazten duen araudi tekniko aplikagarriaren irizpideari jarraitzen zaio.

Gaur onartutako lege-proiektuaren asmoa da kable bidezko garraio-instalazioen segurtasun-maila altuena bermatzea, pertsona guztientzako irisgarritasuna bermatzea, kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntza eta ustiapena bateragarri egitea, ibilgailuak barnean hartuta, ingurumena errespetatuz, baita instalazioek izan dezaketen balio kulturala, historikoa eta estetikoa ere, eta kable bidezko garraio-instalazioen erabiltzaileak babestea.

Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da Legearen arauzko garapena eta kable bidezko garraioaren koordinazioa.

Eusko Jaurlaritzak eskatuko du autobabeserako eta ebakuaziorako plan bat aurkeztea, jarduerak sortutako arrisku guztien kontrola bermatzen duena, eta gerta daitezkeen larrialdiak aurreikusten dituena, baita egoera horietan hartu beharreko neurriak ere, eta hori guztia babes zibileko eta larrialdien kudeaketarako legedian xedaturikoari jarraiki.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak eskumena izango du hiri arteko eta hiri barruko zerbitzuen ezarpen, antolamendu, kudeaketa, ikuskapen eta zehapenerako 50.000 biztanleko edo biztanle gutxiagoko udalerrietan.

Kasu horietan, Jaurlaritzak dagokion gaitze-tituluak emango ditu, hala badagokio zerbitzuaren tarifak finkatuko ditu, eta enpresa ustiatzailearen betebeharren betearazpena kontrolatuko du. Horretaz gain, lege horren eraginpeko hiri barruko eta hiri arteko kable bidezko garraio-instalazio guztien segurtasunaren kontrola eta ikuskapena egingo du, eta, hala badagokio, zerbitzuan jartzeko baimena emango du.

50.000 biztanletik gorako udalerrietan, udalek izango dute eskumena hiri barruko kable bidezko garraio-instalazioekin lotutako zerbitzuen ezarpen, kudeaketa, ikuskapen eta zehapenerako, baita dagokion gaitze-tituluak emateko eta tarifa-erregimena finkatzeko ere, betiere Eusko Jaurlaritzak gordeak dituen ikuskapen teknikorako ahalmenak alde batera utzi gabe.

Ikuskapenaren helburua izango da instalazioek eska daitezkeen segurtasun-baldintzak biltzen dituztela bermatzeko behar diren berrikuspenak eta probak egitea, baita enpresa mailegu-hartzaileak zerbitzuaren ustiapen-baldintzak betetzen dituela kontrolatzea ere.

Udalei emandako eskumenen premisa da Udalak direla, eskumenak betetzen dituzten lurralde-eremuaren ikuspegi integrala izanik, ongien ezagutzen dituztenak udalerrian bizi direnen mugikortasun-premiak, baita funikularren moduko instalazioen potentzialtasun turistikoak, estetikoak, kulturalak eta mota guztietako potentzialtasunak ere.

Horrenbestez, Bigarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du gaur egun administrazio-emakidaren eraginpean dauden hiri barruko zerbitzu publikoko igogailuak udalerrian kokatuak dituzten Udalak subrogatuko direla, Eusko Jaurlaritza emakida ematen duen erakundea izanik. Emakida horiek indarrean jarraituko dute emakidaren kontratuan ezarritako terminoak betetzen badira.

Era berean, Hirugarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du subrogatu egingo direla gaur egun administrazio-emakiden eraginpean dauden hiri barruko kable bidezko garraio-instalazioak udalerrian dituzten 50.000 biztanletik gorako udalak, Eusko Jaurlaritza emakida ematen duen erakundea izanik. Emakida horiek indarrean jarraituko dute ezarritako epearen barruan.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

GIZARTE SEGURANTZAREN INSTITUTU NAZIONALAREKIKO HITZARMENA, AMIANTOAREN ERAGINPEAN EGONDAKO LANGILEEI JARRAIPENA EGITEKOA

Erabakia, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmena baliozkotzako, amiantoaren lan arloko erabileratatik ondorioztatutako eritasunek eragindako langileen inguruko baterako jarduerak egiteko.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak jarduera bateratuak egingo dituzte, amianto-zuntzen eraginpean dauden edo egon diren langileei edo langile ohiei segimendua egiteko. Gaurko bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak aipatu lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du. Hari esker, bi erakundeek amiantoaren eraginpean lan egiten duten langileen lan-ezintasuna baloratu ahalko dute elkarrekin, jarduteko protokolo baten bidez, eta Osasun Sailarekin lankidetzan.

Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotze aldera, protokolo hau baliagarria izango da, erreferentzia bezala, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko mediku ikuskatzaileek beharrezkoa den dokumentazioa erabilita egin ditzaten euren txostenak, hau da, lan-ezintasuna behar bezala baloratzea eta gorabeherak zehaztea ahalbidetzen duten dokumentazioa baliatuta. Lan-talde batek koordinatuko du amiantoaren eraginpean egondako langileen segimendua, eta, horrez gain, datu-baseen informazioa trukatuko du, proba diagnostikoen tipologia berrikusiko du, eta arriskupean egon daitezkeen lanpostuak baloratzeko zer informazio behar den zehaztuko.

Amiantoa edo asbestoa substantzia mineral bat da, zuntz zuri eta malguetan ageri dena. Karezko, aluminazko eta burdinazko silikatoa da. Amianto-zuntzak ez dira uretan disolbatzen, ezta lurruntzen ere, eta erresistenteak dira berarekiko, suarekiko, eta degradazio kimiko edo biologikoarekiko. Ezaugarri horiek direla-eta, oso erabilia izan da, joan den mendean, industria mota askoan, eta gaur egun industria modernoak darabiltzan 3.600 produktutan inguru dago, hala, jarduera-sektore askotan egon daitezke langileak amianto zuntzen eraginpean.

Asbestoa zenbait gaixotasunen eragilea da. Gaixotasunok larritasun-maila desberdina dute, eta lan-gaixotasuntzat jotzen dira. Graduazio horren barruan, maila arinagoan, asbestosia dago: birikietako gaixotasuna, maiz arnas gutxiegitasuna sortzen duena, hein handiagoan edo txikiagoan; larrienean, berriz, mesatelioma gaiztoa dago: birika-pleuraren minbizi oso larria, ia beti heriotza eragiten duena.

Bestalde, biriki-minbizien % 5 eta % 10 artean amiantoarekin lotuta daudela jotzen da. Badira zenbait urte areagotu egin direla mesotelioma duten langileen kasuak, erretiratuen artean ia beti; izan ere, minbizi horren latentzia-aldia oso luzea da, baita 50 urtekoa ere. Horrek esan nahi du aspaldi egon zirela asbestoaren eraginpean. Gero eta indar handiagoz agertzen ari dira aspaldi substantzia horren eraginpean egondakoen kasuak, eta aurreikusten da sistematikoki areagotuko direla kasuak, mende honetako hogeiko hamarkadaren hasierara arte gutxienez. Langile ohiei kalte-ordainak pagatze aldera, oso komenigarria litzateke Estatuaren konpentsazio-funts bat ezartzeko aukera kontuan hartzea, gaiak ukitutako guztiei edo haien oinordekoei zuzendua.

Gaur egun, amianto-zuntzen eraginpean egoteko aukera bakarra da lehendik jarrita zeuden materialak maneiatzea. 396/2006 Errege Dekretuak arautzen du nola maneiatu edo kendu behar diren material horiek mota askotako lanetan (besteak beste, eraikuntzen eraispena, makinen desmuntaketa, materialak kentzeko lanak, amiantoa duten materialak iraunarazi, konpondu, garraiatu eta hondatzeko lanak). Amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua duten lanetan, aplikatzekoak diren gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzeaz gain, Errege Dekretuak funtsezko kontuak arautzen ditu, esate baterako, lan plan bat egiteko derrigortasuna, langileen prestakuntza- eta osasun premiak, eta beharrezkoak diren arrisku-ebaluazioak.

Amiantoa kentzeko lanak egin ahal izateko, RERA izeneko erregistroan egon behar da inskribatuta (amiantoaren eraginpeko arriskuan dauden enpresen erregistroa). Osalanek egindako detekzio- eta segimendu-lanari esker, lehen inskribatuta ez zeuden 81 enpresa, amiantoaren eraginpekoak, sartu ziren RERAn, 2011n. Gaur egun, ezaugarri horietako 244 enpresa daude EAEn. Iaz ere, Osalanek amiantoarekin zerikusia duten 337 lan-plan ikusi, onetsi eta baimendu zituen.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK 132.350 EURO BIDERATUKO DITU OSASUN PUBLIKOAREN ESPARRUKO EAE-KO ERAKUNDEEI LAGUNTZAK EMATEKO, PROFESIONALEI ETENGABEKO PRESTAKUNTZA EMAN ETA ZIENTZIA-JARDUERA HEDATZEKO

Agindua, osasun-arloan diharduten irabazi asmorik gabeko elkarteei, osasun-espezialitateetako irabazi asmorik gabeko erakunde zientifikoei eta osasun-arloko profesionalen elkargo ofizialei Âżeuren jardunerako eta langileen etengabeko prestakuntzaren antolamendurakoÂż eman beharreko laguntzen deialdia egiten duena.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak, aurten, 132.350 euro bideratuko ditu osasun-arloan jarduten duten elkarteetarako, osasun-espezialitateetan jarduten duten irabazi-asmorik gabeko erakunde zientifikoetarako eta EAEko osasun profesionalen elkargo ofizialetarako, elkarte horien funtzionamendu-gastuak ordaintzen laguntzeko eta etengabeko prestakuntzako jarduerak antolatzeko.

Laguntza ekonomikoa bi jarduera-ildotan banatuko da: alde batetik, bilera zientifikoak (kongresuak, jardunaldiak, mintegiak, sinposioak eta hitzaldiak), ikastaroak eta lantegiak egiteko, 90.000 euro; eta, bestetik, 42.350 euro, langileei prestakuntza eta eguneratze teknikoa eskaintzen dieten edo ikerketa sustatzen duten irabazi asmorik gabeko zientzia-erakundeen eta osasun-arloko profesionalen elkarteen funtzionamendua eta aldizkako argitalpenak laguntzeko.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu lankidetza-laguntza horiek, Osasun eta Kontsumo Sailak bere profesionalen etengabeko prestakuntzaren eta trebakuntzaren alde egindako apustuari erantzunez, hartara osasun-arreta hobea, osasun hobea eta pertsonen ongizatea laguntzeko.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

ESNERAKO BEHIEN ONGIZATEA HOBETZEKO ZUZENEKO LAGUNTZEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko esnetarako behien abeltzaintza-ustiategietan abereen ongizatea hobetzeko laguntzei buruzkoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak esnerako behien ustiategientzako laguntza ekonomikoei buruzko Dekretua onartu du gaurko bileran, animalia horien ongizatea egungo legediak ezartzen dituen eskakizunen gainetik hobetzen dituzten neurriak txertatzearren.

Joan de otsailean Europako Batzordeak Pilar Unzalu andreak zuzentzen duen sailaren proposamena baimendu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko esnerako behien ustiategietan animalien ongizatea hobetzeko zuzeneko laguntza-linea bat gaitzeko.

Gaur onartu den dekretuak diru-laguntza horien emakida ezarri eta arautzen du, eta Eusko Jaurlaritzak 600.000 euro bideratuko ditu guztira 2012an laguntza horietara. Ez dira inbertsiorako laguntzak –hain zuzen ere horiek dagokion foru-dekretuen bidez kudeatzen dira–, baizik eta legediak animalientzat jada ezartzen dituenak baino ongizate-irizpide zorrotzagoekin abeltzaintzako instalazioak martxan jarri, erabili eta ustiatzeko laguntza ekonomikoak dira. Hau da, produkzio-metodoen aplikaziorako laguntzak dira.

Hortaz, diru-laguntzak honako helburu hauetara bideratzen dira: ura eta elikadura hobetzera, animalien premia naturalen arabera egokiagoak izan daitezen; argiari, garbitasunari edo aireztatze programatuari dagokionez abereen alojamendu-baldintzak hobetzen dituzten jardunak txertatzera, edo abereek askatasunez bazkatu ahal izateko lursailen erabilera aurreikustera.

Halaber, baliagarriak izango dira abereen garbitasun-ekipoen erabilera handitzera eta mozketak, isolamendua edo lotura iraunkorrak ezabatzera bideratutako neurriak babesteko, baita nagusiki nekazaritza-jardunen edo hazkuntza-baldintzen ondorioz izan daitezkeen patologiak saihesteko ere.

Laguntzen eskatzaileek jardun horiek martxan jartzeko jardun-plan xehatu bat aurkeztu beharko dute, beren funtzionamenduari buruzko erregistro-liburu bat izango dute, eta ikuskapenak egingo zaizkie produkzio-metodo horiek aplikatzen direla egiaztatzeko.

Europako Batzordeak laguntza-erregimen horretarako baimentzen duen gehieneko aurrekontua 3,6 milioi euro da guztira, eta autonomia-erkidegoko gobernuak eta foru-aldundi interesdunek hartu behar dute horren ardura hiru urteko epean.

Laguntza horiek martxan jartzeko sektoreko talde tekniko baten, sindikatuen, elkarte profesionalen eta foru-aldundien lankidetzarekin Eusko Jaurlaritzak 2010. urte amaieraz geroztik bultzatu duen lanaren emaitza izan da Dekretu hori.
 

 

NEKAZARITZAKO SASOIKO LANGILEENTZAKO BIZITOKIEN BALDINTZEI BURUZKO DEKRETUAREN ALDAKETA ONARTU DA

Dekretua, aldi baterako beharginentzako ostatuek arlo materialean zein funtzionalean izan beharreko gutxieneko baldintzak eta, halaber, ostatuok erregistratu eta kreditatzeko baimena arautzen dituen dekretua aldatzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak sasoiko langileentzako bizitokien gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak nahiz horien baimentze, erregistro eta ziurtapena arautzen dituen dekretua aldatzeko Dekretua onartu du gaurko bileran.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio 248/2006 Dekretuaren aldaketari, testu horren eskakizun-maila arintzeko, eta nekazari kontratugileek aukera izan dezaten bizitoki duin bat egokitzeko inbertsioak egiteko, bestalde, gaur egun sasoiko langileei nahitaez eskaini behar ez zaiena.

Araudi berriak baldintza gutxiago ezartzen ditu bizitoki horientzat, baina eskakizun-maila nahikoa dauka pertsonen higiene- eta duintasun-eskakizunen, egoeraren, sexuaren, eta ostatatutako pertsonen kopuruaren arabera egokiak direla ziurtatzeko.

Dekretu hori aldatzearen asmoa da, alde batetik, sasoiko langileentzako bizitokiak egokitzeko inbertsioa bultzatzea, eta, bestetik, nekazaritza-eremuko hitzarmen kolektibo bat formalizatzeko bidean aurrera egitea; Sasoiko Langileari Arreta Emateko II. Planean ere biltzen da azken helburu hori.

Hitzarmen horretan, langileen lan-baldintzez, ordainsariez, eskubideez eta betebeharrez gain, gizarte- eta lan-arloko hobekuntzak ezartzen dira, eta horien artean bilduko dira, alde batetik, sasoiko langileei kanpaina zehatzetarako ostatu emateko betebeharra, eta, bestetik, bizitokiek sasoiko langileei ostatu emateko bete behar dituzten baldintzak.

Sasoiko langileen bizitokia egokitzeko diru-laguntzen eskaeren kopurua azken urteetan honako hau izan da: 8 eskaera 2007an, 10 eskaera 2008an, 4 eskaera 2009an, 2 eskaera 2010ean, eta eskaera 1 2011n. Sasoiko Lanaren Mahaian egiaztatu da bilakaera horren arrazoia dela nekazari kontratugileek ezin zituztela bete azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuaren eskakizunak, eta, beraz, ezin izango lukete jaso eman ziezaiekeen laguntza.

Hain zuzen ere hori da, esate baterako, bizitoki gisa erabilitako lonjak edo biltegiak izanik inbertsio baliagarrien bitartez horiek hobetu nahi zituztenen kasua, bizilekuak bereizten zituzten manparak jarriz, isolamenduak jarriz, aireztatze hobeagoa jarriz, etab.

Sasoiko langileen eskaria murriztu egin da azken urteetan. Patataren sektorean, ereindako azalera murriztearen ondorioz eta mekanizazioaren ondorioz; eta, ardogintzaren sektorean, mahatsarengatik nekazariari ordaindutako prezioen beherakada dela-eta, produkzio-kostuak txikitzeko neurriak ezartzen ari direlako, hala nola laboreak murriztea mahastian, arestian kontratatzen ziren lanak nekazariak berak eta bere ingurukoek estaltzea edo mahats-bilketa mekanikorako makinen erabilera handitzea.

Dekretu berriak aukera emango du mota horretako bizitokiak erregistratu eta baimentzeko, eta honako alderdi hauekin lotutako bizigarritasun- eta higiene-baldintzak ezartzen ditu: ura, argia, aireztatzea, sukalde-zerbitzuak eta higiene-zerbitzuak; logelak; komun bereiziak gizon eta emakumeentzat; berokuntza-ekipamendua; garbigailua erabiltzeko aukera, etab.
 

 

GOBERNUAK 1.100.000 EURO BIDERATU DITU ABEREENTZAKO BAZKAREN EKOIZPENA SUSTATZEKO

Erabakia, AGA, S. Coop-i zuzeneko diru-laguntza bat emateko ganaduaren elikadurarako bazka-ekoizpenerako eta minden kudeaketa osgarrirako kontratuen sustapenera bideratuak.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du AGA Sociedad Cooperativa Agricultores y Ganaderos de Álava sozietateari 1.100.000 euroko diru-laguntza ematea, abereak elikatzeko bazka ekoizteko eta nekazaritzako ustiategietako minda aprobetxatzeko kontratuak gauzatzea bultzatzeko.

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio hitzarmen horri; hitzarmenaren helburu nagusia EAEn egun dagoen bazka-eskasia arintzea da. Egoera horren ondorioz, abereak elikatzeko artoa eta belarra Euskal Herritik kanpo erosi behar izaten da sektore horretan.

AGA-rekin izenpetuko den hitzarmenari esker, abeltzaintzako ustiapenen eta nekazaritzako ustiapenen arteko kontratuak gauzatzeko bideak irekiko dira. Horrela, nekazaritzako ustiapenek simaurra eta minda soberakinak erabili ahal izango dituzte abereen bazka ekoizteko ongarri organiko gisa.

Ustiapenetako bazka-eskasia, funtsean, lursailen muga fisiko eta geografikoei zor zaie. Lursail horiek, normalean, mendiko nekazaritzaguneetan egoten dira, eta han oso zaila izaten da landa-lurra makinaz lantzea. Bazka erosi beharra daukaten abeltzaintzako ustiapenak, batez ere, behi-esnea ekoizten dutenak dira.

Hitzarmenak bazka bertan ekoiztea bultzatzen du, eta gainera, lagundu egien du: gune batzuetan zereal-labore bakarra lantzeko joera gainditzen, lehendik dauden ureztatzeko azpiegiturei balioa ematen eta abeltzaintzako ustiapenetan enplegua, ekonomia, biodibertsitatea eta ingurumena mantentzen.

Hitzarmena finantzatuko duen 1.100.000 euroko dirulaguntzatik, 2012. urterako 550.000 euro gastu kredituetatik aterako da eta beste 550.000 euroak 2013. urterako konpromisozko gastu kredituetatik.

Dirulaguntza horiek 150 onuradun ditu, nekazari eta abeltzainen artean, gutxi gora behera eta Euskadiko abereentzako bazkaren kontratazio sistemaren lehen pausoa izan da. Nekazari-Abeltzain intereseko batze sistema, Pilar Unzaluren departamentutik abian jarri diren eta gure nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren etorkizunerako ezinbestekoak diren beste hainbat ekimenekin aberasten da.
 

 

LEHENDAKARITZA

EUSKO JAURLARITZA OROIMEN, BIZIKIDETZA ETA GIZA ESKUBIDEEN INSTITUTUA SORTZEAREN ALDE

Erabaki-proposamena: ÂżMemoria, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen InstitutuaÂż sortzeari dagokionez, beherago zehaztutakoek egindako lege proposamena kontuan hartzearen gainean gobernuaren irizpidea adierazteko dena: Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos, Euskal Sozialistak, Mixto Ezker Anitza-IU legebiltzar-taldeak, eta Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideak.

Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du aldeko irizpidea ematea Eusko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Mistoa Ezker Anitza-IU talde mistoak, eta Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideek egindako lege proposamenari, Oroimen, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoari, hain zuzen.

Jaurlaritzaren iritziz oso positiboa da erakunde hori sortzea Euskal Autonomia Erkidegoan gertaeren, biktimen eta bizikidetza baketsu eta askatasunaren aldeko oroimena talde ondare gisa babestu, suspertu eta sozializatzeko, bizikidetzarako eta indarkeria erabat eta errotik deslegitimatzen lagun dezan.
 

 


Euskadi, auzolana