Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2012/04/03 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Unibertsitateei emateko dirulaguntza zuzenak
Salbuespenei buruzko dekretua Âżurrats erraldoi batÂż da euskararen normalizazioan
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Itzultzaileen zerbitzu zentralizatua
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartu du
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
2012ko Lehiatu Programan, 7,8 milioi baino gehiago bideratu dira nekazaritzako eta elikagaigintzako euskal herriko produktuak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzetara
Eusko Jaurlaritzak 1.259.524 euro bideratu ditu dirulaguntzetan industriako eraikinen eraisketak finantzatzeko zero interesean
4,4 milioiko dirulaguntza deialdia arrantza eta akuikulturaren deribatuekin egindako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko
Eusko Jaurlaritzak 1 milioi bideratu ditu dirulaguntzetan Eskolako Agenda 21 programa garatzeko
Itsasertzaren garapenerako eta sustapenerako 4.077.603 euroko dirulaguntza deialdia egitea onartu da
KULTURA SAILA
Jaurlaritzak 1.496.000 euro erabiliko ditu ikus-entzunezkoen sektorea indartzeko
Zabalateko Gune Arkeologikoa monumentu-multzo izendatu da
LEHENDAKARITZA
Eusko Jaurlaritza, Terrorismoren Biktimei Aitorpena eta Ordaina egiteko Legea aldatzeko PP-ek egindako proposamenaren aurka
Eusko Jaurlaritzak Euskal Kazetarien Elkargo bat sortzearen alde
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

UNIBERTSITATEEI EMATEKO DIRULAGUNTZA ZUZENAK

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du jarraian aipatzen diren dirulaguntza zuzenak ematea baimentzeko erabakia:

1,546 milioi euro 2012. urterako “Basque Culinary Center “ Fundazioari (BCC),eraikina eraikitzeko eta hornikuntza zientifiko eta teknologikoa eskuratzeko.

473.467 euro 2012. urterako Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren Ikastetxe Elkartuentzako laguntzetarako. 

 

 

SALBUESPENEI BURUZKO DEKRETUA ÂżURRATS ERRALDOI BATÂż DA EUSKARAREN NORMALIZAZIOAN

Dekretua, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzekoa eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuestekoa.

Gobernu Kontseiluak Euskaratik salbuesteari buruzko dekretua onartu du gaur. Urrats honi esker apirilaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko da eta hurrengo egunean indarrean sartuko da. Une horretatik aurrera ikasketak euskaraz egin dituzten pertsona guztiek izango dute azterketa ofizial mota guztietan hizkuntzen titulazioen ziurtagiriak egiaztatzetik salbuesteko aukera. “Euskara gizartean normalizatzeko prozesuan urrats erraldoia “ dela baloratu dute Hezkuntza eta Kultura sailek.

“Euskaraz ematen den irakaskuntza kalitateko irakaskuntza bat dela, beti bezala hobe daitekeena, baina ez beste hizkuntza batean ematen dena baino maila txikiagokoa “ esan zuen Isabel Celaák, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, dekretuaren aurkezpenean. Haren iritziz, eta arrazoi horrengatik, gaur egun egiten den salbuespena, hots, ikasketak euskaraz egin dituzten pertsonei administrazio publikoetan eta beste instituzio batzuetan lan egiteko hizkuntza hori ezagutzen dutela egiaztatzeko ziurtagiria eskatzea, ez dago justifikatuta. “Herrialde normal baten gisa funtzionatzen hasi gara, herritarrei haien hizkuntza ofizialean inolako hizkuntz ziurtagiririk exijitu gabe “, adierazi zuen Hezkuntza sailburuak.

“Logika aplikatzea da. Euskaraz ikasi duzu; beraz, euskaraz dakizu eta ez duzu egiaztatu behar. Berdin-berdin gertatzen da gaztelaniarekin: gaztelaniaz ikasi baduzu, ez duzu ezagutzen duzula egiaztatu behar “, berretsi zuen Blanca Urgell-ek, Kultura sailburuak. Gainera, gobernuaren barruan egin den koordinazio-lan handia baloratu zuen ere. “Inplikatutako sail guztien lanaren emaitza da, Hezkuntza eta Kultura batez ere, baina baita Barne, Osasun eta Justizia Sailak ere. Halaber, euskararen alde lan egiteko konbikzio irmoa du Jaurlaritza honek, normaltasunetik eta herritarrentzat, lubaki eta banderetatik urrun eta pertsonengandik hurbil “, zehaztu zuen.

Heldutasun maila honetara iristeko, dekretuak prozesu “luze eta neketsu “ bat ezagutu du eta prozesu horrek zenbait euskal hezkuntza-eragileren parte-hartzea eta laguntza eskatu ditu. Hiru unibertsitateek (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) parte hartu eta beren ekarpenak egin dituzte eta Euskadiko Eskola Kontseiluak aldeko txosten bat aurkeztu du. Gainera, Hezkuntza eta Kultura sailburuak bi aldiz agertu dira Eusko Legebiltzarrean dekretua aurkezteko, eta ez zen funtsezko eragozpenik jarri zuen talderik izan. Oraintxe bertan gai horren inguruan “izan daitekeen adostasun zabalena “ dago.

Gaur egun 37.000 pertsona ikasten ari dira euskara HABEko euskaltegietan. Haien artean, laurden bat baino gehiago 16-25 urteko gazteak dira. Gazte horiek salbuespenei buruzko dekretuaren onuradunak izan daitezke, azterketetara aurkeztu behar ez izateak ekarriko dien diru eta denbora aurreztearekin. Gainera, dekretuak eragiten dion orok euskarazko ikasketak Hizkuntza Eskola Ofizialetan jarraitu ahal izango ditu, haren ikasketek ematen dioten salbuespen mailatik abiatuz. Azkenik, eta hau ere garrantzi handikoa da, dekretu honen onuradunak diren pertsonak azterketa ofizialetan hizkuntz eskakizunak aurkeztetik salbuetsita geratuko dira, administrazio publikora sartzeko oposizio-prozesuetan eta itunpeko irakaskuntzan klaseak emateko, besteak beste.

Ikasleek izango duten salbuespen maila haien ikasketa mailaren araberakoa izango da. Horiek horrela, Bigarren Hezkuntza Graduatuaren edo erdi mailako Lanbide Heziketako titulu bat duten pertsonek ez dituzte Erreferentziako Esparru Europar Bateratuko B1 mailaren titulazio baliokideak egiaztatu beharko, betiere curriculumaren % 50 baino gehiago euskaraz egin badute eta Euskara eta Literatura irakasgaia gainditu badute. Batxilergo edo goi mailako Lanbide Heziketako tituluek B2 aurkeztetik salbuesten dute eta unibertsitate-ikasketekin C1 eta C2-raino iritsi daiteke. (Salbuespen maila adierazten duten bi eranskin gaineratzen dira).

Dekretuak izan duen “adostasun erraldoia” eskuratzeko zuhurtasunaren bidea hartu da. Zentsu honetan, Kultura sailburuak Espainiako beste erkidego elebidunek C1 mailaren (EGAren baliokidea) salbuestea batxilergoa amaitzean ematen dutela (Adibidez Katalunian katalanez egindako ikasketekin edo Galizian galegoz egindakoekin) argitu zuen. Euskararekin, salbueste hau unibertsitate mailara arte ez da emango.

Hezkuntza sailburuak azaldu zuenez, dekretu honek biztanleriaren artean ikusmin handia sortu du, izan ere Jaurlaritzak informazio eskaera “ugari” jaso ditu dekretu honi buruz galdezka bere lehen iragarpena eman zenetik. Dekretuak atzeraeraginezko ondorioa izango du 2008ko apirilaren 16a baino geroago lortutako titulu guztietarako, data horretan gertatu baitzen Eusko Jaurlaritzak eskainitako euskarazko tituluen eta Esparru Bateratu Europarraren arteko homologazioa.

 

I. eranskina (titulazio berriak, Bologna ondorengo plana)

 

Euskaraz egindako ikasketak Baldintza gehigarria Euskarazko hizkuntz prestakuntzako kreditu espezifikoak Ondorengo mailen baliokideak egiaztatzetik salbuestea
48 ECTS Gradu bukaerako lana edo master ofizialaren bukaerako lana euskaraz 12 ECTS C 1
84 ECTS   12 ECTS C 1
114 ECTS   6 ECTS C 1
144 ECTS     C 1
Doktorearen titulua (euskaraz idatzi eta defenditutako tesia)     C 2
Euskal Ikasketetan edo Euskal Filologian Gradua     C 2
Itzulpen eta Interpretazioko Gradua, A hizkuntza euskara bada.     C 2

 

1. OHARRA: eskatutako ECTS kredituak Graduko titulazio bakarretik edo Graduko titulazio bakarreko eta Master Ofizialeko titulazio bakarreko kredituak batzearen ondorioz lortu ahal izango dira.

2. OHARRA: Gradu bukaerako lana edo Master bukaerako lana euskaraz egitea baldintza gehigarria ez den kasuetan, horren kredituek balio bikoitza izango dute, lehen zutabeko ECTS kreditu guztiak lortzeko zenbatzeko orduan.

 


II. eranskina (titulazio zaharrak, Bologna aurreko plana)

 

Euskaraz egindako ikasketak Baldintza gehigarria Euskarazko hizkuntz prestakuntzako kreditu espezifikoak Ondorengo mailen baliokideak egiaztatzetik salbuestea
52 kreditu Karrera bukaerako proiektua edo master ofizialaren bukaerako lana euskaraz egitea 12 ECTS C 1
84 kreditu   12 ECTS C 1
114 kreditu   6 ECTS C 1
144 kreditu     C 1
Doktorearen titulua (euskaraz idatzi eta defenditutako tesia)     C 2
Euskal Filologiako lizentziatura     C 2
Itzulpen eta Interpretazioko lizentziatura, A hizkuntza euskara bada.     C 2

 

1. OHARRA: eskatutako kredituak irakasgai ardatzetatik, derrigorrezko eta aukerakoetatik, lortu ahal izango dira, eta aukera libreko kredituak ezin izango dira kontabilizatu.

2. OHARRA: eskatutako kredituak 1.2. artikuluan agertutako titulazioetako bakar batetik lortu ahal izango dira, edo kreditu horiek eta Master Ofizialeko titulazio bakar bati dagozkionak batzearen ondorioz.

3. OHARRA: karrera bukaerako proiektua edo master ofizialaren bukaerako lana euskaraz egitea baldintza gehigarria ez den kasuetan, horren kredituek balio bikoitza izango dute, lehen zutabeko kreditu guztiak lortzeko zenbatzeko orduan.       
 

 

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

ITZULTZAILEEN ZERBITZU ZENTRALIZATUA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko eta Erakunde Autonomoetako itzulpen-zerbitzuak zentralizatzeko agindua ematen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu egin du Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako itzulpen-zerbitzuen zentralizazioa xedatzen duen dekretua.

Lehenbiziz, eta dekretu berriak arautzen duenaren arabera, edukiko du Jaurlaritzak euskal administrazioan itzulpen profesionalaren erabilera-irizpideak ezarriko dituen itzulpenen politika orokor bat.

Antolamenduaren esparruan, zentralizazioak dagoeneko existitzen duen eta 2000. urtean sortu zenetik IVAPera (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) atxikita dagoen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialera 26 pertsona berratxikitzea ekarriko du.

Hemendik aurrera, Jaurlaritzako sailen itzulpen-zerbitzu guztiak batuko dituen organoa izango da Zerbitzu Ofizial hori. Aipatutako langileen sarrerarekin, zerbitzuaren plantilla osoak 46 pertsona hartuko ditu. 2012. urtean itzuli beharreko hitz-kopuruaren bolumena 18 milioi bat izango dela eta zerbitzuak 8.000 itzulpen-espediente inguru kudeatuko dituela aurreikusita dago.

Itzultzaileen zerbitzu zentralizatua martxan jartzeak urtean 400.000 eta 500.000 euro inguru aurreztea ekarriko du, hau da, itzulpenen kanpoko kontratazioaren % 30aren eta 40aren artean. Gainera, Eusko Jaurlaritzako sailentzako, itzulpenetan egindako gastuaren murrizketa % 10eko aurrezpena izango da, prezio publikoak aplikatzearen ondorioz.

Funtzio Publikoa urtebete baino gehiago prestatzen dabilen eta datorren maiatzean indarrean jarriko den neurri honen bideragarritasunaren azterketak kontuan hartu ditu sinergiak sortzeko aukerarekin, efizientzia gabeziak kentzearekin, prozedurak erraztearekin eta itzulpenen zein espedienteen bolumena arrazionalizatzearekin lotutako gaiak baita sailei erantzuna hobea ematea eta gastua optimizatzea ere.
 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK ERREPIDEKO BIDAIARI GARRAIOAREN ERREGELAMENDUA ONARTU DU

Dekretua, Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Errepideko Bidaiari Garraioaren Erregelamendua onartu du, zeinak Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legea garatzen baitu.

Erregelamendua egiterakoan garraio-eredu jasangarriago baterako bidean aurrera egiteko beharra ikusi da, eta hiru ikuspegitatik gainera; ingurumenaren jasangarritasuna lortu nahi da, energia garbiagoak erabiliko dituzten eta energia-kontsumo eraginkorragoa egiten lagunduko duten garraiobide jasangarriagoen aldeko apustu garbia eginez; jasangarritasun soziala, guztiek izan dezaten garraiobideak erabiltzeko aukera, behar handiena dutenen kolektiboengan arreta bereziak jarriz; eta jasangarritasun ekonomikoa, eta horrek eskatzen du baliabideen esleipen eraginkorragoa egitea, Eusko Jaurlaritzak koordinatuta, legean aurreikusten diren plangintza-ahalmenak baliatuz, era horretan garraio-zerbitzuen eskaintza eta baliabide publikoen kudeaketa optimizatzeko.

Bestetik, Erregelamenduaren helburua da errepideko garraioan kalitatea eta batez ere segurtasuna sustatzea, eta zehatzago esanda, ikastetxeetako joan-etorrietako segurtasuna.

Gainera, erregelamenduaren asmoa da merkatu irekiagoa, askeagoa eta lehia-zuzenbidearen azken joerei hobeto egokitzen zaiena sortzen laguntzea, eta horrela, zerbitzu hobe eta merkeagoa lortzea erabiltzailearentzat, eta horretarako, errepideko erabilera orokorreko bidaiari-garraio publiko erregularraren kudeaketa adjudikatzeko, oro har, emakida-sistemara joko da, (betiere publizitate, lehia eta gardentasun printzipioei jarraituz), halako moldez non emakida-eredu benetan meritokratikoa lortuko den, hau da, beste ezeren gainetik zerbitzurik egokiena emateko merezimenduak lehenetsiko dituena.

Horregatik, estatuan eta Europar Batasunean lehendik dagoen araudiarekiko harmoniari eutsi zaio legea garatzerakoan.

Testuak arautzen ditu oinarrizko printzipioak, administrazioen plangintza-ahala, administrazioen arteko lankidetza eta beste garraiobide batzuekiko koordinazioa, tarifen araubidea eta garraiolari gisa jarduteko araubide juridikoa.

Era berean, herri arteko zerbitzua ezartzearen ingurukoak arautzen ditu; zerbitzua ezartzeko ekimena administrazioarena, ofizioz, partikularrena edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuena izan daiteke, eta ezartzeko kontuan izango dira garraio-eskari errealak edo potentzialak, horiei erantzuteko dauden baliabideak, zerbitzu hori sarean sartzeak izango duen oihartzuna eta zerbitzua ezartzean eragin dezaketen gainerako inguruabar sozialak; eta gainera, beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen den zerbitzuren bat garraio-programa eta -planetan jasota ez badago, edota alderantziz, jasota egon arren, gerora ikusten bada ez dagoela zerbitzu jakin hori sortzeko edo mantentzeko beharrik, programa eta plan horiek eguneratu egin beharko dira.

“Emakida-araubidea” izeneko atalean gardentasunaren, lehian parte hartzen duten operadoreak berdin tratatzeko eta proportzionaltasunaren printzipioak bermatzeko aurreikuspenak garatzen dira; zehazten dira zerbitzu publiko gisa dagozkion betebeharrak, zeinak emakidaren baldintza-agirian sartu beharko baitira; eta emakiden iraupena ere arautu egiten da, zerbitzuaren ezaugarri eta beharren araberakoa behar duena, baina 10 urteko epea gainditu gabe, nahiz eta berariaz aipatzen diren hainbat kasutan, hasierako epea, gehienez ere, beste % 50 luzatu daitekeen.

Erregelamenduak gainera, interes publikoko garraio zerbitzuen araubide juridikoa arautzen du. Horrela, bada, erabilera txikiko zerbitzuak eta ohiz kanpoko eta aldi baterako beharrengatik aldi baterako zerbitzu erregularrak ezartzeko arauak finkatzen ditu.

 Erabilera bereziko garraio erregularrak ere arautzen ditu, bai eta eskatu ahalako zerbitzuak, garraio turistikoa, garraio pribatu osagarriak, herriko eta herri arteko garraioa, bidaiari-geltokiak, instalazioek izan behar dituzten gutxieneko eskakizunak, eta ikuskapen eta kontrol-araubidea.

Plangintza orokorra
Eusko Jaurlaritzari dagokio herri arteko garraioaren plangintza orokorra egitea, sektorearen aurreikuspenak, helburuak eta lehentasunak zehazteko, eta horrela, garapen harmoniko, orekatu, eraginkor eta jasangarria bermatzeko; bai eta garraio-zerbitzu publiko guztiak koordinatu eta eskaintzea, garraio-sistema orokorrarekin uztartuta. Horrela, bermatuko da beste garraiobide batzuek eskaintzen dituzten zerbitzuekin eta, oro har, erlazionaturik daude beste administrazio-jarduketa batzuekin ere koordinatuko direla, azken finean, helburua baita baliabide publikoen kudeaketa eraginkorragoa lortzea.

 Garraio-plan orokorrak, besteak beste, alderdi hauek jasoko ditu: Euskadiko mugikortasunaren analisia eta diagnostikoa bereziki errepidez egiten den garraio publikoko mugikortasunarena; sarearen estalduraren eta irisgarritasunaren analisia; eta eskari globalaren eta egungo zerbitzuak, azpiegiturak eta instalazioak eskari horretara zenbateraino egokitzen diren aztertzeko analisia. Analisi horiek abiapuntu gisa hartuta, garraio-plan orokorrak ezarriko du garraio-zerbitzu erregularren sarearen diseinu orokorra, haren oinarrizko ardatzena eta bestelako garraio-sistemekin eta Euskadiko garraio publikoko eskaintzarekin nola integratu behar den.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

2012KO LEHIATU PROGRAMAN, 7,8 MILIOI BAINO GEHIAGO BIDERATU DIRA NEKAZARITZAKO ETA ELIKAGAIGINTZAKO EUSKAL HERRIKO PRODUKTUAK ERALDATU, MERKATURATU ETA SUSTATZEKO LAGUNTZETARA

Erabakia, 5.000.000 euro baino gehiago gastatzeko baimena emateari buruzkoa. Helburua: nekazaritzako produktuak eta elikagaiak eraldatzeko, merkaturatzeko eta sustatzeko laguntzak 2012ko ekitaldirako deitu zituen Aginduan araututako laguntza ekonomikoak finantzatzea, urriaren 7ko 172/2008 Dekretuaren babesean (Lehiatu programa).

2012ko Lehiatu Programan nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak eraldatu, merkaturatu eta sustatzeko laguntzen deialdira 7.873.650 euro bideratzea onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio laguntza horien deialdia egiteko Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak eman duen Aginduari. 5.523.600 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira, eta 2.350.050 euro LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez.

Diru-laguntza programa horren bidez, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak eta basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko laguntza emango da, eta elikagaigintza, arrantza eta basogintzako produktuak kanpoan sustatzeko ere bai.

Euskal Autonomia Erkidegoak finantzatuko dituen 5.523.600 euroetatik 3.623.600 euro aurtengo ordainketa-kredituetakoak dira, 1.400.000 euro 2013rako konpromiso-kredituak dira, eta 500.000 euro 2014ko ekitaldirako dira.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK 1.259.524 EURO BIDERATU DITU DIRULAGUNTZETAN INDUSTRIAKO ERAIKINEN ERAISKETAK FINANTZATZEKO ZERO INTERESEAN

Agindua, industria-aurriak eraisteko egitasmoak idazteko edo/eta burutzeko laguntzak arautzen dituen apirilaren 21eko 75/1998 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea eta lekua finkatzen dituena.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du guztira 1.259.524 euro bideratzea dirulaguntzatan industriako eraikinak eraisteko proiektuak idatzi eta gauzatzeko 2012. urtean.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduari; laguntza horiek epe luzeko eta inongo interesik gabeko maileguak izango dira, eta eraitsi beharreko instalazioen jabeek edo jabetzaren titular izan gabe ere, subsidiarioki jarduten diren udaletxeek eskatu ahal izango dituzte.

1992an sortu zen laguntzen programa horrek zero interesa daukaten maileguak eskuratzea ahaleginduko du, eta 6 hilabeteko epean itzuli beharko dira, urbanizazio-proiektua onesten denetik kontatzen hasita edo, halakorik ez balego, eraikitze-baimena eskuratzen denetik hasita. Ez bada ez urbanizaziorik ez eraikuntzarik egiten, orduan mailegua itzultzeko gehieneko epea 10 urtekoa izango da.
 

 

4,4 MILIOIKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA ARRANTZA ETA AKUIKULTURAREN DERIBATUEKIN EGINDAKO PRODUKTUAK ERALDATZEKO ETA MERKATURATZEKO

Agindua, 2012ko apirilaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinen bidez deialdia egiten baita, 2012ko ekitaldirako, arrantzaren eta akuikulturaren ondoriozko produktuak eraldatu eta merkaturatzeko laguntzak emateko (LEHIATU-ARRANTZA Programa), abuztuaren 31ko 226/2010 Dekretuan xedatutakoarekin bat eginda.

Jaurlaritzaren Kontseiluaren gaurko bileran 4.400.000 euroko dirulaguntza onartzea erabaki da Europar Batasunak eta Euskadik elkarrekin finantzatzen duten arrantza eta akuikultura deribatuekin egindako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko Lehiatu-Arrantza Programarako.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak bide eman dio Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak aurkeztutako Arrantzarako Europako Funtsaren (AEF) bitartez elkar-finatzatzen diren dirulaguntza programari.

4.400.000 eurotatik 2.469.861€, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik aterako dira. Zehatz mehatz, 898.131€ 2012. urterako ordainketak dira, eta beste guztia konpromisozko kreditua, hau da, 2013rako 1.403.330€ eta 2014rako 168.400€.

AEF-k ordainketa kredituen bitartez 1.930.139€ jarriko ditu 2012an (701.869€). Konpromisozko kredituetan, berriz, 2013.ean 1.096.670€ eta 2014.ean 131.600€.

Eraldaketa sektorearen barne, kontserba azpisektore, erdikontserba, araztegi, zetazeo eta haztegiek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak; baita arrainen bitartezko aurrez prestatutako, ketu eta gatzatutakoak; aurrez egosiak; azpiproduktuen tratamendu eta eraldaketak; edota arrainen bitartezko produktuen elaborazioa (saltsak, arrain suzedaneoak, eta abar).

Merkaturatze alorrean, jatorrizko handizkarien azpisektoreak diruz lagunduko dira baldin eta euren produktu gehienak Euskadin porturatzen badituzte (biltegiratzea, hotzezko biltegiratzea, izotzezko biltegiratzea, eta abar); baita helmugako handizkariak ere (biltegiratzea, hotzezko biltegiratzea, izotzezko biltegiratzea, eta abar).
 

 

EUSKO JAURLARITZAK 1 MILIOI BIDERATU DITU DIRULAGUNTZETAN ESKOLAKO AGENDA 21 PROGRAMA GARATZEKO

Agindua, 2012ko apirilaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Eskolako Agenda 21 Programak garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du guztira 1.000.000 euro bideratzea dirulaguntzatan hezkuntza-programa hau garatzeko: unibertsitatez kanpoko ikastetxeen iraunkortasun eta kalitaterako programa, Eskolako Agenda 21.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak parte hartuko dute programa horren bultzadan, eta 2012. urtean 800.000 euro bideratuko dituzte horretarako, eta 200.000 euro, hurrengo urtean.

Ingurumenari buruzko hezkuntzako programa horren xedea da ingurumen-arazoen ebazpenean parte hartzeko ezagutzak, gaitasunak, jarrerak, motibazioa eta konpromisoak garatzea.

Hona programaren ezaugarri nagusiak:
  • Bi eremu hartzen ditu: eskolakoa eta udalekoa edo eskualdekoa.
  • Hezkuntza-komunitatean parte hartzea, ardatz eta oinarri moduan, eta ikasleen protagonismoa.
  • Kudeaketa arduratsua eta iraunkorra sustatzea.
  • Curriculumaren berrikuntza bultzatzea.

2003-2004 ikasturtean abian jarri zen programa honetan, guztira, 125 udalerritako 472 ikastetxek parte hartzen dute, eta partaideak, guztira, 210.092 ikasle eta 18.939 irakasle dira.
 

 

ITSASERTZAREN GARAPENERAKO ETA SUSTAPENERAKO 4.077.603 EUROKO DIRULAGUNTZA DEIALDIA EGITEA ONARTU DA

Agindua, 2012ko apirilaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinen bidez deialdia egiten baita, 2012ko ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko eremuak garatzeko eta bultzatzeko laguntzei buruzkoa (ITSASPEN Programa), otsailaren 21ko 22/2012 Dekretuan xedatutakoarekin bat eginda.

Gobernu Kontseiluak ebatzi du gaurko bileran 2012. urterako 4.077.603 euroko dirulaguntza bideratzea Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertza garatzeko eta sustatzeko. Dirulaguntza horiek arrantzaren menpe dauden zonaldeak hobetzeko, bergaitzeko eta berpizteko Itsaspen programaren barruan banatuko dira.

Erabaki horrekin Jaurlaritzaren Kontseiluak, otsailaren 21eko 22/2012 Dekretuarenpean Pilar Unzalu sailburuak deitutako dirulaguntzen aginduari bide eman dio. Dokumentu hori Europako Arrantza Funtsak (2007-2013) ekonomia jardueren dibertsifikaziorako irizpideekin lerrokaturik dago.

4.077.603 eurotatik 760.603, 2012. urterako ordainketa kredituei dagozkie; gainontzeko kopurua 2013. urterako konpromisozko kreditua da.

Agindu horretako lerroetan, itsasertzeko biztanleentzako eta ekonomiarako oinarrizko zerbitzuak ezartzea aurreikusi da, baita itsasoarekin eta arrantzarekin zerikusia duten itsasertzeko ondarearen zaintza eta hobetzea; ekonomiaren dibertsifikazioa lortzeko arrantza sektoreak beste jarduera batzuetarako jauzia egitea, arrantza sektorean produktu, prozesu eta teknologia berrien garapenerako lankidetzarako laguntzak; eta autoenplegua.
 

 

KULTURA SAILA

JAURLARITZAK 1.496.000 EURO ERABILIKO DITU IKUS-ENTZUNEZKOEN SEKTOREA INDARTZEKO

Agindua, ikus-entzunezkoen arloan sortu, garatu eta ekoizteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak ikus-entzunezkoen arloan sorrera, garapen eta produkzioaren aldeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Horretarako, 1.496.000 euro erabiliko dira.

Kontuan hartuta ikus-entzunezkoen arloak egungo gizartean gero eta garrantzi handiagoa duela eta horren garapenak Euskal Autonomia Erkidegoko kultura eta ekonomia aberasten dituela, beste deialdi bat egin da, ikus-entzunezkoen sektorean aurkeztutako proiektuetan zentratuko dena. Deialdi honen bidez, besteak beste, honakoak sustatuko dira: gidoiak sortzea, proiektuak garatzea (fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak nahiz multimediakoak) eta ikus-entzunezko lanak ekoiztea (zinema edota telebistarako fikziozko film luzeak, zinemarako animaziozko film luzeak, sortze-dokumentalak eta zinemarako fikzio nahiz animaziozko film laburrak). Deialdi honen helburu nagusia kulturaren ikuspegitik gure lurraldean hain garrantzitsu eta beharrezkoa den ikus-entzunezko azpiegitura finka dadin sustatu eta laguntzea da.

Gaur onartu den aginduaren xedea 2012ko ekitaldian zehar ikus-entzunezkoen sorrera, garapen eta produkzioaren alde diru-laguntzak ematea, honako modalitate hauetan:

1.- Zinemarako, telebistarako eta/edo multimediarako proiektuak garatzeko. 100.000 euro erabiliko dira. Atal honetan, proiektuek honako generoetako batean sailkatuta egon behar dute eta horien guztizko iraupenak ezingo du adierazten dena baino gutxiago izan:

- Zinema edota telebistarako lanak:
   a) Fikziozkoak (banakako proiektuak eta sailak): 50 minutu.
   b) Animaziozkoak (banakako proiektuak eta sailak): 25 minutu.
   c) Sortze-dokumentalak (banakako proiektuak eta sailak): 25 minutu.

- Multimedia-lanak: eduki artistiko eta kulturaleko proiektuak. Proiektu mota honek ez du gutxieneko iraupenik.

2.- Ikus-entzunezko lanen ekoizpena laguntzeko. 1.396.000 euro erabiliko dira, honako modalitate hauetan:

   a) Zinemarako diren fikziozko film luzeak ekoizteko laguntzak.
   b) Telebistarako diren film luzeak (TV moviak) ekoizteko laguntzak.
   c) Zinemarako animaziozko film luzeak ekoizteko laguntzak.
   d) Sortze-dokumentalen produkziorako laguntzak.
   e) Film laburrak ekoizteko laguntzak.
 

 

ZABALATEKO GUNE ARKEOLOGIKOA MONUMENTU-MULTZO IZENDATU DA

Dekretua; Zambranan (Araba) dagoen Zabalate Multzoa Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena.

Kulturako sailburuaren proposamenez, Zambranan (Araba) dagoen Zabalate Multzoaren Gune Arkeologikoa, monumentu-multzo izendapenez, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluak. Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du gune arkeologiko hori.

Kultura Sailak dekretu honen berri emango dio Zambranako udalari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari. Halaber, eskaera egingo dio Zambranako udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan monumentu multzoaren babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara.

Multzo honetarako markatu diren mugak historian zehar herrixka babesteko askitzat jotako mugak dira, neurri handi batean lurraren eite natulararekin bat datozenak. Horrenbestez, iparraldeko muga izango da alde horretatik Portilla herrira daraman bidea, lurrak toki horretan berez duen malda handiaz haraindi; hegoaldetik, bi sakan-lerroak (mugaketaren barruan haitz bakan batzuk geratzen dira, talaia gisa); ekialdetik, muga lurraren bihurgunean egongo da, gorantz hasten den horretan, hain zuzen ere, eta mendebaldetik, muga Portillatik gaztelura igotzen den bidetik gertu doan lerro paraleloa izango da.

Deskribapena
Zabalateko multzoa Portilla de Ibda herritik hegoekialderantz dago. Herri horretatik abiatuta erraz iristen da multzoa dagoen goragunera (793 m). Ikuspegia bertatik zabala da: Zambrana eta Berantevilla (mendebaldean eta iparraldean), bai eta Miranda de Ebroren arroaren zati handi bat ere. Tokiaren ohiko izendapena “Portillako Gaztelua” izan arren, aztarnategia hori baino handiagoa eta konplexuagoa da; horregatik erabaki da “Zabalateren Multzoa” erabiltzea.

Zabalateko Multzoa aztarnategian gizakiaren okupazioa Protohistoriatik Aro Modernora arte izan dela erakutsi dute urtez urte egindako ikerketa kanpainek. Zehazkiago, Brontze Aroaren bukaera aldeko – Burdina I garaiko aztarnak berreskuratu dira, Erdi Arokoak ere bai (XI-XIV mendeetakoak), eta XVIII. menderainoko banakako aztarna batzuk ere.

Gaur egun, errazen ikusten dena eta, nolabait, aztarnategia ezaugarritzen duena haren harrizko murrutzarrak dira, Erdi Aroko Portilla hiribilduaren harresia, eroria dagoen elizaren hormatzarrak, eta gazteluaren harresia eta dorrea, punturik gorenean. Hala eta guztiz ere, Erdi Aroko gotorlekuaren eta hiribilduaren harresi estuetatik landa, herrixka hegoalderantz eta mendebalderantz zabaltzen da, eta bertako aztarnek kronologia zaharragoa salatzen dute.
 

 

LEHENDAKARITZA

EUSKO JAURLARITZA, TERRORISMOREN BIKTIMEI AITORPENA ETA ORDAINA EGITEKO LEGEA ALDATZEKO PP-EK EGINDAKO PROPOSAMENAREN AURKA

Erabakia, Jaurlaritzaren irizpena adieraztekoa, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena Egiteko ekainaren 19ko 4/2008 Legea aldatzeaz Legebiltzar-talde Popularrak aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzeari buruz.

Euskal Talde Popularrak ekainaren 19ko 4/2008 Legea, "Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Ordaina egitekoa”, aldatzeari buruz egindako lege proposamena aintzat ez hartzeko irizpidea jakinaraztea erabaki du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Honako arrazoi hauek eragin dute irizpide hori:

1.- Kalte pertsonalak izan direnean terrorismoaren biktimei diru-zenbatekoa ematearen erroa urriaren 8ko 32/1999 Legean, terrorismoaren biktimekiko elkartasunari buruzkoan, ezarritako argudio juridiko batean datza. Argudio horren arabera, Estatuak bere gain hartzen zuen zigortutako terroristaren zorra —biktimari erantzukizun zibila ordaintzea, alegia—, biktimak kalte-ordaina eskuratzea bermatzeko eta hiltzailearen kaudimen-gabezia saihesteko.

2.- Zenbait autonomia erkidegotan gehigarriak emateak ez du beste justifikaziorik erkidego bakoitzaren elkartasunerako dei generikoa izatea baino. Zenbait diru-zenbateko bertan bizi direnei soilik eman zaizkie eta terrorismoaren biktimen artean justifikaziorik gabeko diskriminazioak ezarri dira, administrazio egoitzaren edota oso ekitate zalantzazkoa duten beste hainbat irizpideren arabera.

3.- Ez da egia neurria erabat zabalduta dagoela Espainian, izan ere, Andaluzia, Valentzia, Aragoi, Nafarroa eta Murtziako autonomia erkidegoek soilik ezarri dute.

4.- Duela hilabete gutxi Espainia osoan aplikatzeko legeria berri bat onartu da eta Estatuak ahalegin handia egin du ekonomia krisi latzean, goraka —eta atzerako eraginarekin— berrikusteko terrorismoaren biktimei kalte pertsonalengatik emandako diru-kopuruak.

5.- Euskal Autonomia Erkidegoan burututako jarduerak lehentasunez baloratzeko irizpidea behar beste jasota dago Herrizaingo sailburuaren 2011ko ekainaren 22ko Aginduan, terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzen dituen aginduan, hain zuzen.

  

EUSKO JAURLARITZAK EUSKAL KAZETARIEN ELKARGO BAT SORTZEAREN ALDE

Erabakia, Jaurlaritzaren irizpena adieraztekoa, Euskal Sozialistak, Talde Popularra, Mistoa-Ezker Anitza-IU eta Mistoa-UniĂłn, Progreso y Democracia legebiltzar-taldeek Kazetarien Euskal Elkargoa sortzeko aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzeari buruz.

Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du Euskal Kazetarien Elkargoa sortzeko Euskal Sozialistak, Euskal Talde Popularra, Mistoa-Ezker Anitza-IU, Mistoa-UPyD Legebiltzarreko Taldeak egin duten Lege Proposamenari aldeko irizpidea ematea, lege proposamen horretan esaten baita atxikitzea borondatezkoa dela eta hori bat datorrela Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barne merkatuko zerbitzuez emandako zuzentarauaren transposizioari buruz Espainiako eta Autonomia Erkidegoko araudian aurreikusitakoarekin.

 

 


Euskadi, auzolana