Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2011/12/27 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Ekonomiaren Olinpiada
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Gobernuak ongi iritzi dio 2010eko Etxebizitza Politiken Ebaluazio Txostenari
Onetsi da AHtren Hernialde-Zizurkil tartearen lizitazioa
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
2011-2015 aldiko Familiei Laguntzeko III. Plana onartu du Jaurlaritzak
Nazioarteko adoptzio agentzien egiztapena arautuko du Jaurlaritzak
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Errezeta Elektronikoa
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 714.000 euro ematea onartu du Euskadiko erremolatxa sektorea indartzeko 2011. urtean
Atmosferarako kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak erregulatzen dituen Dekretua onartu da
KULTURA SAILA
Kiroleko dopinaren kontrako lege-proiektua onartu du Gobernuak
LEHENDAKARITZA
Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2015era arteko Plana onartu du, hazkundea eta enplegua suspertzeko
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

EKONOMIAREN OLINPIADA

Erabakia, Ekonomiaren Olinpiada antolatzeko Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomi Zientzien fakultateari dirulaguntza zuzen bat ematen diona

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du EHUko EKONOMI ZIENTZIEN FAKULTATEARI dirulaguntza zuzen bat, 2011n 6.000 euroko zenbatekoan, ematea baimentzeko erabakia, EKONOMIAREN OLINPIADA antolatzen laguntzeko.

 

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

GOBERNUAK ONGI IRITZI DIO 2010EKO ETXEBIZITZA POLITIKEN EBALUAZIO TXOSTENARI

Erabakia, 2010eko Etxebizitza Politika Ebaluatzeko Txostena aldekoa baloratzeko dena

Gobernu Kontseiluak ongi iritzi dio 2010eko Etxebizitza Politikaren Ebaluazio Txostenari. Etxebizitzaren gaineko politika publikoen helburu nagusia da etxebizitza eskuratzeko zailtasun gehien duten pertsonen etxebizitza-premiei erantzutea, alokairuko etxebizitzak ugarituta eta hazkunde jasangarriago bati bide emanda, lehendik dauden bizitokiak birgaituz eta lehengoratuz; hori guztia, erakundeen erantzukidetasun egokiarekin eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin.

Txostenean, ebaluatzeko egin den ahalegina nabarmentzen da; ebaluazio aurreratua, garapen tekniko eta metodologikoari dagokionez, eta koherentea, Gobernu honek politika publikoen gaineko ebaluazioa orokortzeko duen helburuarekin; hain zuzen, arlo horretan garapen aurreratuak egin ditu etxebizitza atalak, aitzindari izateaz gain.

Nahiz eta batez ere eraikuntzaren sektorean zailtasun ekonomiko izugarriak dauden eta jarduera nabarmen murriztu den, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak EAEn babes publikoko 4.950 etxebizitza eraikitzen has daitezen lortu du 2010ean; hala, nabarmen gainditu du Plan Zuzentzailean ezarritako helburua (3.450 etxebizitza). Bolumen garrantzizko horrek are balio handiagoa hartzen du, baldin eta kontuan hartzen badugu aldi horretan merkatu askean etxebizitza-kopuru horren erdia hasi direla egiten (2.572 unitate).

Nahiz eta zailtasunak dauden alokairu araubidean eraikitzeko, ederki gainditu dira Plan Gidariak ezarritako helburuak (952 etxebizitza; beraz, betetze-maila % 127koa izan da). Ikusirik alokairua diruz laguntzeko politikek arrakasta txiki samarra izan dutela alokairuko etxebizitzak eraikitzeko aliatu publiko eta pribaturik prest ez dagoela eta, Saila, Visesarekin batera, alokairuko etxebizitza babestuen sustatzaile nagusi bihurtu da.

Bestalde, alokairuko etxebizitzen eskariari erantzuteko helburuak ere lortu dira: 12.253 unitateren eskariari erantzun zaio, hau da, betetze-maila % 106koa izan da. Gogobete den eskariaren barruan sartzen dira abian jarri diren alokairuko etxebizitza babestuak, Bizigune programak atzemandako etxebizitzak (4.741) eta Emantzipatzeko Oinarrizko Errentaren bidez emandako laguntzak (6.560 unitate).

Etxebizitza babestuen funtzio soziala bermatzeko helburuarekin, Etxebizitza Sailak modu sistematikoan egiten ditu ikuskapenak etxebizitza babestuetan. Zehazki, 2010ean 4.657 etxebizitza bisitatu zituen guztira, eta horietatik 98ri jarri zien zehapenen bat.

 Etxebizitzak birgaitzeko laguntzen programei esker, 19.497 etxebizitza birgaitu dira (% 107ko betetze-maila).

Halaber, nabarmentzekoa da Hiriber programak auzoak berritzen lagundu duela; izan ere, 2010ean 15 milioi euro eman zituen hiriak berritzeko lanetarako, guztira 45 udalerritan. Diruz lagundu daitezkeen halako jarduketetarako aurrekontua 25 milioi euro baino gehiagokoa da.

 Datu horiek agerian uzten dute 2010erako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean ezarritako kopuru handiak erdietsi direla.

Arlo hauen gainean ezarritako helburuak geratu dira datozen urteetan lortzeko zain:

zuzkidurazko bizitokiak eraikitzea, erosteko aukera emango duten alokairuko etxebizitza babestuak eraikitzea eta lurzorua eskuratzea.

 

Eraginkortasunaren ebaluazioa
Etxebideri dagokionez, nahiz eta funtzionamendua hobetzen joan den eta nabarmentzekoak diren beste administrazio batzuekin ezarritako loturaren ondoriozko hobekuntzak (Foru Ogasunak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala (GSIN), OHZren Erregistroa eta abar), diagnostikoak agerian utzi ditu arlo garrantzitsuak daudela hobetzeko, bai izena emateko unean, bai adjudikazio-prozesuetan. Arlo horietan lanean ari da Saila.

Hala, Plan Zuzentzaileko etxebizitza-politikaren kudeaketa ezin eraginkorragoa izateko kontuan hartu diren ekintzetako askok hobekuntza garrantzitsuak ekarriko dituzte sistemara, eta horiek lagungarri izango dira baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko. Ekintza horien artean, Etxebideren kudeaketarekin zuzenean loturiko batzuk nabarmendu behar dira, hala nola izena emateko sistema berrikustea, prozesua erraztea, irizpideak bateratzea eta abar.

Sozietateen sarea berregituratzeari dagokionez, 2010. urtean eman ziren lehenengo pausoak Alokabide publiko bihurtzeko eta Bizigunerekin bat egiteko. Azkenean 2011n ekin zaio eragiketa horri, lehenik alokairuko etxebizitzak kudeatzeko Alokabide SA sozietate publikoa —titulartasun publikokoa guztiz— sortuta, eta segidan Alokabideren zati batek Bizigune programa xurgatuta. Ekintza horrekin, Alokabideren parke propioa osatzen duten ia 2.500 etxebizitza horiek alokairuko etxebizitza publikoen parte izatera igaro dira.

Bestalde, birgaitze-politikak kontuan hartuta, egindako analisian egiaztatu ahal izan da bikoiztasunak daudela laguntzetan; izan ere, hainbat erakundek ematen dituzte laguntzak birgaitze-jarduketa berberak egiteko, eta diru-laguntza horiek, kasu askotan, osagarriak izaten dira. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen da koordinazioa hobetzea, bikoiztasunak saihestuz eta leihatila bakarra abian jartzeko bidean aurrera eginez, eta, aldi berean, Etxebizitza Sailaren zerbitzu-katalogo bat sortuz eta herritarrentzako informazio eta aholkularitza egokia eskainiz. Jarduketa horien azken xedea da jarduketen eta baliabide publikoen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea. Kontu horiek jasota daude jadanik Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean; beraz, espero da datozen urteetan aurrera egingo dela arlo honetan.

 

Ekitatearen ebaluazioa
2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzaileak lurralde-oreka lortu nahi du; horretarako, etxebizitza-premia gehien duten zona geografikoetan egiten du ahalegin handiena. Hala, etxebizitzak eraikitzeari dagokionez, egiaztatu da, Arabak nagusi izaten jarraitzen badu ere, lurralde-banaketa hobea lortu dela; hain zuzen, Gipuzkoan eraikuntza-helburuak lortu dira, eta asko hurreratu da Bizkaian.

Halaber, baliabide ekonomiko gutxien duten pertsonentzako alokairutarako laguntzen bidez (Emantzipatzeko Oinarrizko Errenta, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria eta Gizarte-larrialdietarako laguntzak) arindu egin nahi dira dauden desberdintasunak. 2010ean, 28.000 pertsona inguruk lortu ahal izan dituzte laguntza horiek.

 

Parte-hartzearen ebaluazioa
Nabarmentzekoa da etxebizitza-politikak egitean parte-hartzea oso handia izan dela 2010. urtean. Hala, 2010eko ekainaren 16an, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak Etxebizitzaren Aldeko Gizarte Ituna sinatu zuen sektoreari loturiko 75 talde baino gehiagorekin; horien artean zeuden ekonomi eta finantza erakundeak, bizilagunen elkarteak, pertsona nagusienak, kontsumitzaileenak, familia ugarienak eta abar.

Gizarte Itunaren helburua zen erakunde eta gizarte eragileekin epe ertain eta luzera etxebizitza-politika zuzendu behar duten ildo estrategikoak adostea eta erakundeen artean beharrezkoa den koordinazio hori bermatzea.

Halaber, Etxebizitza Sailak 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea egitean herritarrek parte hartzeko prozesu bat jarri zuen abian, euskal herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, etxebizitzaren inguruko haien iritzi eta proposamenak ezagutzeari begira. Prozesu horrek arrakasta handia izan zuen; proposamen ugari aurkeztu ziren, eta horietatik % 67 ekintza konkretu gisa sartu ziren 2010-2013ko Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailean.

 

Sailaren jardunaren gaineko gogobetetzeari buruzko ebaluazioa
Parte hartzeko prozesu horiek agerian utzi dute herritarrek zer eskatzen duten etxebizitzaren arloan, eta bide eman dio Sailari egiaztatzeko gehien eskatzen diren kontuetako bat leihatila bakarraren premia dela, hots, herritarrei bateko zein besteko sail eta erakundeek etxebizitzak birgaitzeko ematen dituzten laguntza-programa guztiei buruzko informazioa eta aholkua emateko leihatilaren premia.

 Bestalde, Etxebizitza Sailak inkestak egiten ditu aldian-aldian etxebizitza babestuen eskatzaileen eta programen adjudikaziodunen artean, eta horrek bide ematen du ebaluatzeko hala programen gaineko gogobetetze-maila zenbaterainokoa den nola garatutako jarduketak herritarren premietara zenbateraino egokitzen diren, hobetzeko beharrezko ekintzak aplikatzeko.

 

Eraginaren ebaluazioa
Bizitokien eraikuntzak segmentu askean izan duen atzerakada handian nabarmentzen da eraikuntzaren sektorea egoera zaila igarotzen ari dela. Alabaina, testuinguru horretan, etxebizitza babestuen ekoizpen handiak merkatu honi dinamismoa ematen laguntzen du.

Halaber, nabarmendu behar da eragin ekonomiko handia dutela Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diruz lagundu ditzakeen birgaitzeko etxebizitzetarako politikek. Babes daitezkeen etxebizitzetarako aurrekontua, hau da, Sailaren diru-laguntzaren bat jaso duten banakoen eta bizilagunen erkidegoen jarduketa babestuetan egindako inbertsioaren guztizkoa (lanen kostu erreala, gehienezko muga batekin) 277,4 milioi eurokoa izan da 2010ean. Hala, diru-laguntzaren euro bakoitzeko 13,4 euro sortu dira, ekoizpen-jarduerari dagokionez.

Bestalde, udalei irisgarritasuna hobetzeko eta lehentasunez esku hartu beharreko auzo eta hiriguneak hobetzeko laguntza-programen bidez, zenbateko garrantzizkoa eman da diru-laguntzetan, guztira 17 milioi euro inguru. Babes daitezkeen halako lanetarako aurrekontua 36 milioi ingurukoa da.

Jarduketa horiei esker, irisgarritasuna handitu da eta horrek pertsona nagusiei eta ezintasunen bat duten pertsonei higitzea erraztu die; etxeen bizigarritasuna eta erosotasuna hobetu izanak berekin ekarri du, batetik, energia-kontsumoa gutxitzea, eta, bestetik, pertsonak denbora luzeagoan geratzea beren etxeetan; hala, nabarmen aurreztu da osasun- eta gizarte-politiken arloko gastua. Beraz, halako politikak egiteko beharrezkoa da koordinazioa eta osagarritasuna; izan ere, etxebizitza-politikek zuzenean eragiten dute gizarte-politiketan eta energia-politiketan, besteak beste.

Bestalde, Etxebizitza Sailaren eta finantza-erakunde nagusien artean ezarritako finantza-hitzarmenari esker, familia ugarik eskuratu ahal izan dituzte hipoteka-kredituak beren etxebizitza babestuaren ordainketa finantzatzeko, eta, hala, gainditu egin dira finantzabidea lortzeko dauden zailtasun handiak.

Bestalde, alokairua sustatzeko politikek alokairuko etxebizitzen kuota areagotzen laguntzen dute, eta, nahiz eta oraindik ere txikia den (% 7,3koa EAEn, eta Estatuan oro har, % 13koa), espero dugu nabarmen handituko dela datozen urteetan.
 

 

ONETSI DA AHTREN HERNIALDE-ZIZURKIL TARTEAREN LIZITAZIOA

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide sare berriko Plataforma (Tartea: Hernialde - Zizurkil) eraikitzeko obrak egiteko 5.000.000 euro baino gehiagoko kontratua egiteko baimena emateko

Gobermu Kontseiluak baimendu egin du Abiadura Handiko Trenaren Hernialde-Zizurkil tartearen lizitazioa, 169 milioi euroko balioarekin.

Gaur egun, AHTren Gipuzkoako adarrean, dagoeneko 13 tarte ari dira egiten: Bergara-Bergara, Bergara-Antzuola, Antzuola-Ezkio Itsaso Mendebaldea, Antzuola-Ezkio Itsaso Ekialdea, Ezkio-Beasain, Beasain Mendebaldea, Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta, Tolosa, Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta eta Urnieta-Hernani.

Horrez gain, egiten ari diren hamahiru tarte horiei, adjudikatu berri direnak gehitu behar zaizkie: Hernani-Astigarraga eta Ezkio Itsaso. Halaber, Zizurkil-Andoain tartea laster adjudikatuko da.

Horrela, Euskal Y-aren Gipuzkoako tarte guztiak, Irungo eta Donostiako geltokietarako sarbideak izan ezik, adjudikatuta edo lizitazioan egongo dira 2011 amaitu baino lehen. Edo, beste era batera esanda: 53,4 kilometro edo trazaduraren % 69,6. Trena Donostiara 2016an iristea da helburua.

Obrak martxa onean doaz, eta horren adibidea da 2012ko lehenengo hiruhilekoan Ordizia-Itsasondo eta Beasain ekialdea tarteen obra zibilaren egikaritzea amaituko dela.

 

Hernialde-Zizurkil

Tartea udal-mugarte hauetatik doa: Hernialde, Anoeta, Asteasu eta Zizurkil. 5,8 km-ko luzera dauka, eta tartearen zatirik handiena lurpetik doa, Anoeta, Asteasu, Zizurkil eta Ugarteko tuneletatik. Izan ere, tunel horiek 5,3 km-ko luzera batzen dute (guztizkoaren % 86,5). Gainerako trazaduran, hiru bidezubi daude Hernialde, Alkiza eta Asteasuko erreken gainean, 25 m , 69 m eta 404 m-koak, hurrenez hurren.

Anoeta eta Asteasuko tuneletarako sarreren obrek ukitutako GI-3412 eta GI–3630 errepideetan, behin-behineko saihesbideak planteatzen dira. Horiei esker, ibilgailuen trafikoari eutsiko zaio obrek iraun bitartean, eta, gero, errepidea azkar jarri ahal izango da berriz ere hasieran zegoen bezala.
 

 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

2011-2015 ALDIKO FAMILIEI LAGUNTZEKO III. PLANA ONARTU DU JAURLARITZAK

Erabakia, 2011-2015 denboraldian Euskal Autonomia Erkidegoko familiei laguntzeko Erakundeen arteko III. Plana onartzeko dena

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bere bileran onartu du 2011-2015 aldiko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Plana. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzak gidatzen du plana, eta Jaurlaritzak baliaturiko 674.627.831 milioi euroko kopuruarekin hornituta dago. Diru-kopuru horretatik, 645 milioi Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik datoz (571 sailetik zuzenean eta 74 Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik) eta gainerakoa Hezkuntza, Justizia, Industria, Kultura, Osasun eta Etxebizitza Sailen artean banatzen da.

Sailen arteko izaera indartzen du planak, Jaurlaritzaren hainbat sail tartekatzen baititu familiaren ikuspegia gaineratzeari dagokionez, hala nola erakundeartekotasuna, autonomia-erkidegoko administrazio guztiak familiei laguntzeko politiken agente aktibo gisa kontuan hartuta.

Lau jardun-ildo estrategikotan zatituta dago dokumentua:

• 1. ildo estrategikoa: Familiei laguntzeko eta haien autonomia ahalbidetzeko zerbitzu, neurri eta politikak indartzea. Aurrekontua: 607.441.481 milioi euro

 • 2. ildo estrategikoa: Familien eta haien ahalduntzea, gizarte-sentsibilizazioa eta prebentzioa bultzatzeko politika eta gizarte-ekintzen gizarte-balioa sustatu eta zabaltzea. Aurrekontua: 57.221.756 milioi euro

 • 3. ildo estrategikoa: Familiei laguntzeko eta gizarte parte-hartzea garatzeko politiken sail arteko eta erakunde arteko koordinazioa. Aurrekontua: 1.169.773 milioi euro

 • 4. ildo estrategikoa: Familiei laguntzeko politika eta neurrietako paradigma eta jardun-esparru berriak. Aurrekontua: 8.794.821 milioi euro.

 
Aurreko planei dagokienez, aldaketa kualitatiboa gertatu da ekintza-ildo berriak zabaldu direlako, prebentzio- eta hezkuntza-ekintza ahalbidetzen dutenak, familien eskumenen hobekuntzarekin eta gurasotasun positiboaren garapenarekin zerikusia duen guztia (gurasoek egin ditzaketen ekintza eta programak beren guraso-rola hobeto betetzeko seme-alaben interes gorena, haien hezkuntza eta mugak kontuan izanda betiere).

Ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua ere egiten da, seme-alabengatiko egungo laguntzak sendotzen dira eta zenbait kasutan zabaldu egingo dira 2013tik aurrera, betiere Jaurlaritzak une horretan dituen aurrekontu-baliabideen arabera.

 

Nabarmentzeko neurriak

Konpentsazioagatiko laguntza ekonomikoei eta zerga-kenkariei buruz

  • Gobernu  Zentralaren eskaera bi seme-alaba edo gehiago dauzkaten guraso bakarreko familiak familia ugaritzat onesteko.
  •  Ez-ordaintzeak gertatzen diren banantze eta dibortzioen sententziei buruzko azterlana berme-funts bat eratze aldera diseinu bat nola egin behar den bideratzeko, betiere ordainketa hori jaso dela eta ordainketa-betebeharra betetzen ez duten pertsonekiko auzi-mekanismo bat sortuko dela ziurtatuta.
  • Euskadirentzat berme-funts bakarra eratzeko arau-garapena, familia-hausturako kasuetan elikagai-ordainketa eta ordainketa-betebeharra betetzen ez duten pertsonekiko auzi-mekanismo bat sortuko dela ziurtatuko duena.
  • Seme-alaben jaiotza eta mantenuagatiko laguntzen zabaltze progresiboa (betiere aurrekontu-baliabideen arabera), honako kasu hauen eta dagokion egutegiaren arabera:
    - Lehenengo edo bigarren seme-alabak: 2 urtera arte 2013an
    - Hirugarren edo hurrengo seme-alabak: 10 urtera arte 2013an
     

Uztartzearen sustapenari eta hainbat familia motaren inguruko sentsibilizazioari buruz

  • Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiei zuzenduriko ekimenen garapena familia- eta lan-bizitzaren uztartzea bultzatzen duten erakunde pribatuei zerga-salbuespenak ezartzeko aukera azter dezaten.
  • Uztartzeko eta uztartze-neurriak garatzeko tresnak eskaintzeko Concilia+ Uztartzeko Ataria sortu eta mantentzea.
  • Laneko bizitzaren kalitatearen dekretua onartzea eta bertan bilduriko neurriak abiaraztea.
  • Familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzak mantentzea, familia- eta lan-bizitza uztartzeko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren arabera, gurasoen kopuru gero eta handiagoa laguntza horietara biltzea sustatuta.
  • Ekimenen garapena familia- eta lan-bizitzaren uztartzea gizarte-elkarrizketako mahaira eta enpresa-ingurunea gaineratzeko.
  • Ordutegi-malgutasuna bultzatzea Confebasken eta sindikatuen laguntzarekin eta hitzarmen kolektiboetan uztartze-neurriak sartzeko.
  • Diseinaturiko eskolaz kanpoko ekimenak babestea, betiere eskola-ordutegiak malgutzen, familia- eta lan-arloko eta arlo pertsonaleko uztartzea bultzatzen eta balio positiboak transmititzen badituzte.
  • Gazteen arteko zabaltze-kanpainak garatzea familia-eredu berriei, gurasoartekotasun positiboari, erantzukidetasunari eta uztartzeari buruz.
  • Urteroko sari eta onespen publikoak antolatzea esperientzia eta praktika ereduzko edo berritzaileentzat, betiere familiei laguntzeko modukotzat kalifikatzen badira.
  • Familiek bizi duten erakunde arteko errealitatea sendotzea, haiei esker zaindu eta transmititzen baitira historia eta balioak.
  •  Familia-aniztasunari buruzko kanpaina eta programak garatzea, errealitate heterogeneoetatik (kulturalak, erlijiosoak, jatorrizko lekuetatik urrundutakoak...) gauzaturiko familia-esperientzietara hurbiltzeko, horiek ikusarazteko eta horien inguruan elkarrizketa antolatzeko.
     

 

NAZIOARTEKO ADOPTZIO AGENTZIEN EGIZTAPENA ARAUTUKO DU JAURLARITZAK

Dekretua, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen akreditazio eta funtzionamenduari buruzkoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran onartu du nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileen egiaztapena eta funtzionamendua arautzen duen dekretua. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak landuriko dekretu horrek gaur egun arte indarrean zegoen 2003ko urrikoa ordeztuko du. Orain arte baliaturiko agentzia horien egiaztapen-sistema aldatzen du dekretu berri horrek, eta hobeto egokituko da orain erakunde horien errealitatera.

Egiaztapen-sistemaren aldaketarekin batera, aldaketa gehiago sartzen ditu dekretu horrek. Esaterako, argiago ezartzen ditu egiaztapena lortzeko erakundeek bildu beharreko eskakizunak, baldintza objektibo eta agindu teknikoen artean bereiziz.

Herrialde baterako egiaztapenak hiru urteko indarraldia izango du, eta Eusko Jaurlaritzaren esanbidezko ebazpena eskatuko du luzapen posibleak. Nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaileek urtero auditoria bat egiteko duten betebeharra berreskuratzen da, betiere Eusko Jaurlaritzak zehaztutako baldintzetan, eta auditoria egingo duen erakundea ere hautatu ahalko du.

Ordainketen zatiketa hiru unetan arautzen da, hots, hasiera, aurresleipenaren onarpena eta erakundeak adopzioaren izapidetzearen kostuak iragartzeko duen betebeharra gaineratzen da.

Alderdiak (adoptatzen duen familia eta nazioarteko adopziorako erakunde laguntzailea) bitartekotza-kontratuko eredura egokitu behar dira eta dekretu berria indarrean hasi aurretik gaitutako erakundeei lau hilabeteko epea ematen zaie beren egiaztapen berria eska dezaten, bertan aurreikusitako baldintzetan eta eskakizunekin.

Honako hauek daude egiaztapena lortzeko eskakizunen artean:

1) Jarduteko lurralde-eremuaren arabera dagokion erregistroan inskribatutako eta legez eratutako irabazi-asmorik gabeko elkartea edo fundazioa izatea.

2) Egoitza soziala izatea Euskadin, eta egiaztapena eskatzen den atzerriko lurraldean ordezkaritza izatea.

3) Nazioarteko adopzioan bitartekotza-eginkizunak esklusiboki garatzeko baliabide material nahikoak eta jendeari arreta emateko bulegoa izatea, betiere Euskadin kokaturikoa; bulegoaren arreta presentzialeko ordutegia gutxienez egunean 4 ordukoa izango da, astelehenetik ostiralera, eta ordutegi horretatik kanpo telefonoz eta bitarteko telematikoak baliatuta eman beharko da arreta

4) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako diziplina anitzeko ekipo bat izatea, gutxienez zuzenbideko lizentziatu batek, psikologo batek eta gizarte-laneko diplomatu batek osatua.

5) Legezko ordezkari bat izatea jatorri-herrialdean

6) Estatu espainoleko autonomia-erkidegoren batek edota aurretiaz nazioarteko adopzioko lana egiten zuen jatorri-herrialderen batek nazioarteko adopziorako erakunde laguntzaile gisa egiaztapena edo baimena kendu ez izana, erakundeari egotz dakiokeen arrazoia dela-eta.

7) Kontu korronte bakarra eta independentea izatea Euskal Autonomia Erkidegoko espedienteek eragindako mugimendu ekonomikoetarako.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

ERREZETA ELEKTRONIKOA

Erabakia, Euskal Herriko Farmazilarien Kontseiluarekin eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako farmazialarien elkargo ofizialekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoan errezeta elektronikoaren proiektua garatu, ezarri eta funtzionamenduan jartzea

EAEn kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategiaren esparruan, Gobernu Batzordeak, gaur, 2011ko abenduaren 27n, asteartean, egindako bileran Osasun eta Kontsumo Sailaren eta EAEko Farmazialarien Batzordearen nahiz Elkargoen arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea baimendu du, gure komunitatean Errezeta Elektronikoa garatu, ezarri eta jardunean ipintzeko.

Hurrengo asteotan aipatutako alderdiek sinatutako honako hitzarmenaren helburua lankidetzarako esparrua antolatzea da. Horretarako, errezeta elektronikoaren bitartez medikamenduak eta osasun produktuak eman eta fakturatzeko prozedurak eta eskakizunak ezarriko dira.

Osasun eta Kontsumo Sailak preskripzioa egiten duten profesionalei lotutako dispositibo eta neurrien ardura izango du, Euskal Autonomia Erkidegoan errezetak eman eta, ondorioz, fakturatzen dutenekin euskal farmazialarien erakundeek izango dutenaren bezalakoa.

Errezeta elektronikoa eraginkortasunez ezarri eta jardunean ipintzeko behar diren azpiegiturak eta teknologiak egokitzearen ondorioz, aplikazio informatikoak sortu eta egokitzeagatiko kostuak sortuko dira. Kostu horiek ekitaldi honetan eta hurrengo urtekoan horretarako bideratutako aurrekontuaren bidez estaliko dira.

Aipatu hitzarmenak lau urteko iraupena izango du sinatuko denetik hasita. Oraingo honek Eusko Jaurlaritzak eta EAEko Farmazialariek errezeta elektronikoaren etorkizuneko eredua garatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko hura farmazietan ezartzeko iaz izenpetu zuten hitzarmenari jarraipena ematen dio. Zeregin horietara guztira 2 milioi euro bideratu ziren.

Errezeta Elektronikoaren proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoan kronikotasunaren erronkari aurre egiteko Estrategia osatzen dutenetariko bat da eta farmaziako prestazioaren zein botikak preskribitu, ikus-onetsi eta emateko prozesuak bateratzea dakar. Horretarako, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak erabiliko dira, erabilera ziur eta eraginkorra sustatzeko eta tratamenduekiko atxikimendua gero eta handiagoa izateko asmoz.

Pazientearentzat, bereziki, gaixo kronikoak direnentzat, abantaila nabarmen ugari daude: osasun-zentrora gaur egun baino gutxiagotan joanda botikak lortzeko modu erosoa izatea; epe luzeko tratamendu farmakoterapeutikoa egotea; medikuek eta farmazialariek egon litezkeen kontraindikazioak erraz identifikatu ahal izatea behar denean; ikus-onespena automatikoa izatea... Seguruagoa, atxikimendu handiagoa, erosoagoa.

Gaur egun duen garapen erritmoaren arabera, behin vademecum unibertsala, preskribitzeko sistema unibertsala ezartzea, historia kliniko digitala luzatzea eta identifikazio sanitarioko txartela modernizatzeko egindako aurrerapenak operatiboak izango direnean, proiektuaren probaldia 2012ko uda baino lehen egingo da eta urte horren amaieran, behin betiko ezarrita egongo da.
 

 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 714.000 EURO EMATEA ONARTU DU EUSKADIKO ERREMOLATXA SEKTOREA INDARTZEKO 2011. URTEAN

Erabakia, AGA, S. Coop. Kooperatiba 2011ko ekitaldian EAEko erremolatxaren sektoreari laguntzeko diru-laguntza jasotzeko bermea jarri behar izatetik libre uztekoa

Gobernu Batzordeak gaur egin duen bileran, 2011. urterako 714.000 euroko dirulaguntza ematea erabaki du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailak AIRAk eta AGA Elkarte Kooperatiboak Euskadiko erremolatxa sektorea babesteko duten lankidetza hitzarmenaren barruan.

Dirulaguntza horren onartzearekin, Gobernu Batzordeak azukre-erremolatxaren 2010-2014 Sektore Planari jarraipena eman dio. Plan horren bitartez, Euskal Autonomi Erkidegoko azukre-erremolatxaren ekoizpenari laguntza emateko neurriak abian jartzeko irizpideak finkatzen dira.

Pilar Unzaluren departamentuak erremolatxaren ekoizpena bultzatu eta indartuko zuten ekimenak jarri ditu abian azken urte hauetan, batez ere, europatik iritsitako azken erreforma dela eta nekazariek jasotzen duten prezioaren murrizketagatik eta Arabako lehen sektorean duen garrantziagatik.

Batzordeak gaur onartu duen dirulaguntza, beraz, Azukre-Erremolatzaren 2010-2014 Sektore Planaren barruan kokatzen da eta helburu hauek ditu: errendimendua handituz eta gastuak gutxituz erremolatxaren laborantza lehiakorra izatea lortu; laborantza teknikak hobetzeko beharrezko lanabesak ezarri; nekazariak eta kooperatibak aldaketa horien partaide bihurtu eta, amaitzeko, laborantza sistemen egokitzea Ekoizpen Bateratuaren Araudiak exijitzen dituen analisia, egiaztapen eta trazabilitatea bermatu.

Gobernu Batzordeak onartutako 714.000 euroko dirulaguntzak hurrengo ekintzetarako balioko du: nekazari formazio eta aholkularitzarako azukre-erremolatxaren ekoizpen teknika lehiakorrak bultzatzeko; ur eta lurren analisiak egiteko; formazio eta entsegu frogak egiteko; eta ekoizpen sistema tekniko lehiakorrek finkatzen dituzten irizpidepean azukre-erremolatxaren ekoizpenerako.


  

ATMOSFERARAKO KUTSAGARRIAK IZAN DAITEZKEEN JARDUERAK ERREGULATZEN DITUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, Atmosferarentzat kutsakorrak izan daitezkeen jardueretan jarduten duten instalakuntzak arautuko dituena

Gobernu Batzordeak gaur egin duen bileran atmosferarako kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak erregulatzen dituen Dekretua onartu du, isurketa horiek mugatu, aurreikusi eta kontrolatu ahal izateko.

Pilar unzaluk zuzentzen duen departamentuak landutako dekretuak, era berean, jarduera horiek egiten diren azpiegituretan ezarri beharreko erregimen juridikoa arautzen du eta, horretarako, jardueraren araberako bi araudi ezberdin finkatu dira –baimenekoa eta jakinarazpenekoa-.

Dekretu horren onartzearekin Euskadik bere lurraldean airearen kalitate helburuak betearazteko eskumenak indarrean jarriko ditu eta Espainia zein Europa mailan onarturik dagoen araudira egokitu beharko da.

Zehatz mehatz, atmosferarako kutsagarriak izan daitezkeen jardueren katalogoa eguneratzen duen urtarrilaren 28ko 100/2011 Erret Dekretuak arautzen dituen jarduerak dituzten instalazioetan du eragina onartutako Dekretuak.

Instalazio bakoitzaren jarduerak finkatuko du baimena izan edo ez, edo bestela, bere jardueraren berri eman beharko du. Erabateko Ingurumen Baimena (EIB) behar duten instalazioek onartu berri den Dekretuaren edukia euren EIBren bitartez txertatuko dute.

Atmosferarako kutsagarriak izan daitezkeen jardueretarako baimenak, besteak beste, zera jaso beharko du, isurien muga-balioa eta ingurumenean eragina izan dezaketen egoera berezietan kontrolerako eta trataerarako sistema eta prozedurak, alegia, abian jartzea, isurketak, funtzionamendu akatsak, behin behineko geldialdiak edo behin betiko lan uzteak edo epe amaierak.

Dekretu horrekin txostenen teletramitazioa eta admistraziorekiko harremanen erraztea bultzatzen da, batez ere, arrisku gutxiko jarduerentzat eta beste jardueren gaineko aurrekontrola handitu egiten da. Ondorengo ikuskaritza eta kontrola zorroztu egiten da edozein jarduerarentzat segurtasun handiagoa lortuz (martxan dagoeneko), ingurumen lankidetzako erakundeen eta araudi teknikoen garapenen betebeharren bitartez.
 

 

KULTURA SAILA

KIROLEKO DOPINAREN KONTRAKO LEGE-PROIEKTUA ONARTU DU GOBERNUAK

Kiroleko dopinaren aurkako Lege-proiektua

Gaur egin duen bileran, Gobernu Kontseiluak ontzat eman du kiroleko dopinaren kontrako lege-proiektua, dopinari buruzko 14/1998 legeak ezartzen dituen xedapenak gaur egungo errealitate berrira egokitzeko helburuz, Euskadik egitura juridiko nahiko sendoa izan dezan gure kiroletik gaitz hori erro-errotik kentzeko.

Dopatzea, honela edo hala, beti izan den arren kiroleko etikaren oinarrizko printzipioak urratzea, gaur egun dopina ez da kirolaren arloko engainu larria besterik, baizik praktika antolatu arriskutsu mordoa, oso kaltegarriak izan daitezkeenak osasun publikoarentzat, bereziki kirolarien bizitzarentzat. Dopinak kirolaren arloko etikaren eta dopina erabiltzen duen kirolariaren osasunaren esparruak gainditu ditu, eta osasun publikoko benetako arazo bihurtu da. Dopina ez da kirolari jakin batzuek noizean behin egiten dutena; horren atzean, interes ekonomiko handiak dituzten talde antolatuak daude. Horregatik, arau berri honek Kirol Zuzendaritzak, kirol-federazioekin batera, jada egiten dituen zenbait lan areagotu eta indartu nahi ditu.

Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 legeak, ekainaren 1ekoak, VII. Tituluko V. kapitulua, oso-osorik, dopinari eskaintzen dio. Baina kapitulu horretan arautzen denaz gain, gainontzeko artikuluetan ere arazo horri buruzko zenbait xedapen biltzen dira. Nahiz eta lege hori aurreneko urrats garrantzitsua izan zen bere garaian, Euskadik arau propioa izan zezan dopin gaitzaren kontra egiteko, onartu zenetik hona joan den denbora guztian agerian geratu da antolaketako eta arauetako eraldaketa garrantzitsuak eta oztopoak izan direla estatuko nahiz kanpoko legedietan, adibidez, azaroaren 21eko 7/2006 Lege Organikoa, kiroleko dopinaren kontra egin eta osasuna babestekoa.

Horregatik, lege-proiektu honetan jasotako araudiak oinarri izan dituen printzipioak hain zuzen ere kiroleko dopinaren aurkako borrokan estatuan eta nazioartean aurreratuen dauden erakundeek onartutakoak dira.

 

Lege-proiektuaren ezaugarri nagusiak

- Erakundeak dopinaren fenomenora egokitzea, Dopinaren Kontrako Euskal Agentzia sortuta, dopina prebenitu, kontrolatu eta ezabatzeko EAEko administrazio orokorrari dagozkion ekintzak diseinatu eta taxutzeko, kirolaren esparruan eskumena daukan zuzendaritzari atxikita.

- Legeak nabarmen gogortzea dopinaren aurka borrokan egiteko; gogortze hori kirolarien eta prozesuan esku hartzen duten gainerako pertsonen oinarrizko eskubide eta askatasunak errespetatu beharraz bateratzen saiatuta. Testuak oinarrizko ideia bat du abiaburu: dopinaren aurkako borroka ezin da edozein modutan eraman aurrera, eta kontu handiz zaindu behar dira dopinaren aurkako kontrolak egiten zaizkien kirolarien eskubideak, baina kontrolon eraginkortasuna inondik ere gutxitu gabe. Horretaraino iristeko, kirolarien eskubideak proportzionalki haztatu behar dira, dopinaren kontrako borrokan lortzekoak diren helburu zilegien parez pare jarrita.

- Federatu gabeko kiroletan ere dopinaren kontrako kontrola eta zigorrak ezartzea. Gaur egungo legerian federatutako kirolari buruz egiten diren aurreikuspenak beste kirol-jarduera batzuetara ere hedatu dira, horiek ere babestu beharra dagoela ikusten baita, araubide lausoagoaz bada ere.

Bi gauza lortu nahi ditugu: batez ere, inork ez dezala kirol-espirituaren aurkako ezer egin, eta kirolarien osasuna zaindu, federaturik dauden edo ez begiratu gabe. Horregatik, federatu gabeko lehiaketetan parte hartzen duten kirolarientzako araubide berezi bat idatzi dugu, esate baterako, eskolako edo unibertsitateko lizentzia duten kirolarientzat edo lizentzia modura balio duen inskripzio bidez aritzen direnentzat. Lehiaketa antolatuetan parte hartzen duten kirolarien osasuna ere zaindu behar dugu, federaturik egon edo ez. Kontua ez da, ordea, kirola egiten duten guztiei noiznahi dopin-kontrolak eginaraztea. Horregatik legean jartzen du Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak edukiko duela ahalmena, zerrenda bat onartuz eta argitaratuz, federatu gabeko zein kirol-lehiaketetan egin ahal izango diren dopin-kontrolak. Horrela, neurria galdu gabe jokatu nahi izan dugu, eta bereziak direla-eta kontrolatu beharrekoak diren kirol-lehiaketetara mugatu.

Horren inguruan, proiektuak berariaz aipatzen ditu zenbait debeku, kirolean galarazita dauden substantzia eta metodoak banatzen edo merkaturatzen dituzten kirol-zentroei begira.

- Aurrea hartzeko neurriak. Xedapen honetan, dopinaren aurkako borroka orotara hartu dugu. Xedapen honek dopina arautzen du eta, horrez gain, garrantzi handia ematen dio erakundeak, profesionalak eta kirolariak kirol-errendimendua hobetzeko erabiltzen diren hainbat substantzia eta metodok osasunean izan dezaketen eraginaren inguruan ikertzeari, sentsibilizatzeari, prestatzeari eta informatzeari.

- Asmo teraupeutikoz erabiltzeko baimenak. Kontrolak egiteko beste modu batzuk berariaz jasotzen ahalegindu da lege-proiektua. Dopinarekin inolako tolerantziarik izan nahi ez badugu, ez da nahikoa, besterik gabe, laginak hartu eta analisiak egitea. Horregatik, beharrezkoa da iruzur egiteko beste bide batzuk ere kontrolatzea, hala nola erabilera terapeutikoko baimenak oker erabiltzea.

- Osasun-kontrolak. 7/2006 Lege Organikoaren irizpide berbera kontuan izanik, legean, kontzeptu horrek jarduera-multzo hau hartzen du bere baitan: kirol-jarduerak osasunari eragin diezazkiokeen ondorioak hobetzeko, kontrolatzeko eta prebenitzeko, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak, kirol-federazioek eta gainerako kirol-erakundeek egokitzat hartzen dituzten jarduerak, bai eta dopinaren eta osasunaren alorrean legeak ezarritako betebeharrak kirolariek bete ditzaten kontrolatzeko jarduerak ere.

- Arau-hausteak eta zehapenak egokitzea. 14/1998 Legeko arau-hausteak eta zehazpenak egokitzea, lege hori sortu diren premia berriei erantzun eta nazioarteko araudiak dioenera egokitzeko. Besteak beste, zenbait kirol-elkarte, kirolari eta pertsona fisiko eta juridiko batzuek debekaturik izango dutela laguntza publikoak jasotzea dopinarekin zerikusia duten egoera batzuetan.

- Proiektuak berariaz jasotzen du dopinaren aurka borroka egiteko oinarrizko beste tresna bat: beste erakunde publiko edo pribatu batzuek jarritako zehapenak aintzat hartzea. Hau da, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean edo beste kirol-motaren batean zigorra jaso badu kirolari batek, ezin izango du Euskadin lehian aritu zehapena indarrean den artean, zehapen hori dena delakoa izanik ere.

- Dopinarekin zerikusia duten datu pertsonalak babestea. Arauak bere baitan hartu dituen zenbait xedapenek, kirolarien eta beste pertsona batzuen eskubideei dagokienez, badu eraginik datu pertsonalen babesean, nahiz eta ez duten arautzen. Egoera jakin batzuetan, zenbait informazio agintari eskudunei jakinarazteko betebeharrak ezartzen dira; beste egoera batzuetan, berriz, datu pertsonalen tratamendua arautzen da, eta abar. Lege-proiektu honetan, dopin- eta osasun-kontrolekin zerikusia duten datuak (analisien emaitzak, azterketa medikoen emaitzak, osasun-kontrolen emaitzak, erabilera terapeutikoko baimenen eskaerak eta baimenak, eta abar) osasunari buruzko datu pertsonaltzat hartzen dira, eta horregatik behar dute babes berezia.

 

LEHENDAKARITZA

JAURLARITZAK ZIENTZIA, TEKNOLOGIA ETA BERRIKUNTZARAKO 2015ERA ARTEKO PLANA ONARTU DU, HAZKUNDEA ETA ENPLEGUA SUSPERTZEKO

Erabakia, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, 2015 onartzeko dena

Planak 9.000 milioi euro inguru ezarriko ditu I+Gn erabiltzeko datozen lau urteetan.


Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2015era arteko Plana (ZTBP2015) onartu du gaur izan duen bileran. Plan horren helburu nagusia da ekonomiaren hazkundea, enplegua eta Euskadiren ongizatea suspertzea. Plan berria Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hartutako konpromiso bati erantzuten dio eta Jaurlaritzaren Planen eta Jarduera esanguratsuen Egutegian sartuta dago. Planaren arabera, BPGren %3ko guztizko inbertsiora iritsiko da 2015ean I+Gn.

Orokorrean, hauxe da ZTBP2015en asmoa: 2015era arte Eusko Jaurlaritzaren jarduera planifikatzea funtsezkoak diren zenbait arlotan, gure gizarteak lortutako ongizate eta bizitza mailak bermatzeko eta maila horietan aurrera egiteko, zientzia, teknologia eta berrikuntzan oinarritutako hazkunde eredu berri bat sustatuta. Lehendakaritza izan da plan horren buru eta hiru foru aldundiez gain, Jaurlaritzako sail hauek hartu dute parte plan hori lantzen: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak; Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak; Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, Osasun eta Kontsumo Sailak; eta Ekonomia eta Ogasun Sailak.

Plan berrian zenbait alor identifikatu eta aukeratu dira, jokaleku global batean euskal enpresek merkatu aukera sortzeko gaitasuna dutenak: zahartzea, energia, garraioa eta mugikortasuna, mundu digitala, eta zientziaren industria. Bestalde, 9 helburu eta 22 jardun ildo ezarri dira, baita horien programak eta jardunbideak ere. Hona hemen helburuok:

- Aurrera egitea balio erantsi handiko sektoreetarantz garatutako enpresa egituran, zientzia, teknologian eta berrikuntzan oinarrituta.

- Merkatu globalen buru diren enpresa lehiakorrak eta berritzaileak sortzen eta sendotzen laguntzea.

- Zerbitzu publikoen kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea.

- Berrikuntza Soziala, erronka globalei osotasunez aurre egiteko lankidetza estrategia gisa.

- Zientzia eta Teknologia Sistema, ekoizpen egiturari balioa ematen diona eta nazioartean onartuta dagoena.

- Euskadi, talentuaren gune aurreratua.

- Euskadi, egituratutako lurraldea.

- Zientzian, teknologian eta berrikuntzan buru-belarri ari diren herrialdea eta herritarrak.

- Finantzazio eredu berria.

Horretarako, ZTBP2015ek konpromisoa hartu du 2015ean I+Gn BPGren %3ko gastura iristeko behar diren baliabideak mobilizatzeko eta horrek 2011-2015 aldian 8.946 milioi euro ezartzea dakar. Horretaz gain, I+Gren finantzazioan protagonismo gehiago eman nahi zaie enpresei eta enpresek guztizko gastuaren %62 berdindu dezatela, finantziazio publikoari gainontzeko %38 utzita.

 

 


Euskadi, auzolana