Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2011/10/18 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
200.000 euroko dirulaguntza egonaldi laburretarako
Euskadi Ikerketa Saria
Glasgoweko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research
Unibertsitate-irakasleen Unibasq ziurtagiria
Nekazaritza eta Abelzaintza Produkzioko Teknikaria
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Baimena eman zaio Oinarrin aldi baterako parte hartzeari
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
9,2 milioiko kalte-ordaina Zallobentako harrobiari, Urkiolako natura-Parkearen araudia aldatzean 2006an ondarean eragindako kalteagatik
KULTURA SAILA
Jaurlaritzak 440.000 euro jarriko ditu zinema-aretoak digitalizatzeko
LEHENDAKARITZA
Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatuko du Nazio Batuak emakumeak erakundearekin emakumeen partehartzea sustatzeko
Eusko Jaurlaritzak "Gernikako Arbolaren Gurutzea" eman dio Carlos Garaikoetxeari, eta, halaber, "Lan Onari" eta "Lagun Onari" goraipamenak eman ditu
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

200.000 EUROKO DIRULAGUNTZA EGONALDI LABURRETARAKO

Agindua, finantzatutako ikertzaileak prestatzeko eta hobetzeko programako bekak aplikatzeko zentroez
bestelakoetan egonaldi laburrak egiteko laguntzetarako deialdia egiten da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenari jarraituz, gaurko Gobernu Kontseiluak onartu du Ikertzaileak Prestatzeko eta hobetzeko Programeko beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko dirulaguntzetarako dei egiten duen Agindu bat.

Laguntza horien xedea da honako helburuak dituzten egonaldiak diruz laguntzea: ikerketa-zentroetan edo laborategietan ikerketa-lanak eginez bekadunen prestakuntza hobetzea ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloan, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, liburutegi-fondoak eta dokumentu-fondoak kontsultatzea eta bekadunaren prestakuntza zientifiko eta teknikorako onuragarria izan daitekeen beste edozein jarduera burutzea, beti ere jarduerok bekadunaren tesi-proiektuarekin zerikusirik badute.
 

 

EUSKADI IKERKETA SARIA

Agindua, Ikerkuntzako 2011ko Euskadi Sarirako deia egiten duena, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du EUSKADI IKERKETA SARIA arautzen duen dekretua onartzeko erabakia, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz.

EUSKADI IKERKETA SARIAK, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duenak, 40.000 euroko hornikuntza, ezin zatituzkoa eta bakarra, izango du eta bi urtean behingo errotazioa izango du, jarraian esaten den eran: urte bikoitietan gaiak Zientzia eta Teknologiari buruzkoak izango dira eta urte bakoitietan Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoak.

Zientzia eta Teknologiaren modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologia eta Arkitektura. Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak arlo hauek sartzen ditu: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak.
 

 

GLASGOWEKO UNIBERTSITATEKO CENTRE FOR CULTURAL POLICY RESEARCH

Agindua, Glasgow-eko Unibertsitateko ikertzaile bisitarientzat dirulaguntza bat deitzen da.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du Glasgoweko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en ikertzaile bisitarientzat 2012/2013 ikasturtean dirulaguntza bat deitzen duen agindua.

38.744 euroko dirulaguntza honek bosna hilabeteko (iraila-urtarrila, otsaila-ekaina) bi aldi hartzen ditu, izangaiek bost hilabeteko aldi bakarra aukeratu ahal izango duten arren.

Ondorengoak dira ikertzaile bisitariak ikerketa-lana egin ahal izango duen arloak: kultura, komunikazioa eta komunikabideak.
 

 

UNIBERTSITATE-IRAKASLEEN UNIBASQ ZIURTAGIRIA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea eta Kreditatzea ebaluatzeko Agentziaren, Euskal Herriko Unibertsitateak kontratutako pertsonal irakasle eta ikertzailearen eta doktorearen titulua duten unibertsitate pribatuetako irakasleen ebaluazioan, kreditatzean eta ziurtatzean erabili beharreko irizpideak onartzen dituen dekretua, baita Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle laguntzaile eta elkartuak kontratu aurreko txostena lortzeko ere.

 

NEKAZARITZA ETA ABELZAINTZA PRODUKZIOKO TEKNIKARIA

Dekretu, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Produkzioko Teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Nekazaritza eta Abelzaintza Produkzioko Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Nekazaritza eta Abelzaintza Produkzioko Teknikariaren tituluari, Nekazaritzaren lanbide-arloan, dagozkion erdi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita modulu profesionalen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

BAIMENA EMAN ZAIO OINARRIN ALDI BATERAKO PARTE HARTZEARI

Dekretu, Oinarri EBB Elkarrekiko Berme-baltzuaren kapitalean aldi batean parte hartzeko baimena ematen duena

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Ekonomia eta Ogasun Sailari Oinarri EBBren kapital sozialean aldi baterako eta itzultzeko moduko 76.780 euroko ekarpena egiteko. Ordainketa ETEentzako eta autonomoentzako zirkulatzaile-kredituen urte anitzeko finantzaketa-lerroari lotutako abalak emateko modua antolatzen duen hitzarmenaren hedapenean ezarritako baldintzen arabera egingo da.

Ekarpen horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Oinarri EBB baltzuan zuen % 0,3531ko partaidetzaren balio bera izango luke. Eskuratze horren aurretik EAEko Administrazioak Oinarri EBBren ordaindutako kapital sozialean zuen partaidetza-ehunekoa % 2,8191koa zen.

OINARRI elkarrekiko berme-baltzuaren kapitaletan aldi batean parte hartzearen helburua da erakunde horren funts propioak eta kaudimen-koefizienteak indartzea, Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen ETEentzako eta autonomoentzako zirkulatzaile-kredituen lerrotik eratorritako “ohikoak ez diren” arriskuak ezeztatu arte. Programa honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren programa garatzen duen Dekretuaren eremuan Oinarri EBBk emandako abal-eragiketak birfinkatzea.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

9,2 MILIOIKO KALTE-ORDAINA ZALLOBENTAKO HARROBIARI, URKIOLAKO NATURA-PARKEAREN ARAUDIA ALDATZEAN 2006AN ONDAREAN ERAGINDAKO KALTEAGATIK

Erabaki, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren kreditu-beharrei erantzuteko orotariko kredituaz baliatzekoa 9.237.153,09 euro. Helburua: epai judizial bat ordaintzea

Canteras y Hormigones Zalloventa S.A.-ri kaltea ordaintzeko, 9.237.153 euroko kreditua eduki behar dela erabaki du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran, enpresari irabazi-bidea amaitu zaiolako, meatzaritzako ustiategi hori dagoen Urkiolako Parkearen EKZP Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana berrikustean 2006an Eusko Jaurlaritzak onartu zituen ustiapen-mugen ondorioz.

Ondarean izan duen kaltea 2006an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak Urkiolako parkearen EKZPa berrikustea onartu zuenean; Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren epaian onartzen den bezala, Zallobentako harrobiaren espazioa murriztu egin zen, eta harrobiaren mendebaldeko eremua ustiatzeko hamabost hilabete lehenago eskatutako baimena ukatu egin zen.

Erabaki horrekin, ustiatzeko eskubideen zati handi bat kendu zitzaion enpresari, eta 46.185.765 euroko kaltea eragin zitzaion ondarean. Kalte-ordain gisa, harrobia ustiatzen duen enpresari, aurreikusitako irabazi horien ehuneko 20 ordaindu behar zaiola ezartzen da epaian: hau da, 9.237.153 euro.

Kareharria ateratzeko Bizkaiko Mañarian dagoen meatzaritzako ustiategiaren enpresa titularra Canteras y Hormigones Zalloventa S.A. da, aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadatik ustiatzen da, eta Zallobentako harrobia izenez ezagutzen da.

Harrobia Urkiolako Parkean dago, tradizioz harrobiak egon diren gune batean (Atxarte, Atxatxiki eta Zallobenta); eta Parkea sortu zuen legean bertan aitortzen den errealitate ekonomiko eta soziala eratu dute.

Urkiolako parkea sortzeko Dekretuan (275/1989), harrobi berriak irekitzea debekatu egiten da, errespetatu egiten dira dagoeneko daudenak, eta kalte-ordainak emateko aukera onartzen da, Parkea arautzeko murrizketa edo mugek legezko ondare-eskubideak kaltetzen dituztenean.

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur hartutako erabakiaren ondorioz, epaian finkatutako kalte-ordain horren ordainketa finantzatzeko kreditu orokorra behar du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak.
 

 

KULTURA SAILA

JAURLARITZAK 440.000 EURO JARRIKO DITU ZINEMA-ARETOAK DIGITALIZATZEKO

Agindua, zinema-aretoak digitalizatzeko laguntzak arautzen dituena

Jaurlaritzaren Kontseiluak zinema-aretoak digitalizatzeko laguntzak arautzen dituen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du. Diru-laguntzen lerro berri honetarako 440.000 euroren aurrekontua aurreikusi da.

Gaur onartu den agindu honen xedea da 2011 urtealdian zinema-aretoetan proiekzio digitalerako sistemak ezartzeko laguntzak emateko deialdia egitea eta horretarako baldintzak ezartzea. Agindu honen ondorioetarako, eta ikus-entzuleek kultura-ekoizpenaren dibertsitatea eskura izateko helburuz, digitalizaziorako laguntza hauek zinema-aretoek egiten duten programazioaren arabera emango dira.

Laguntzak jaso ahal izateko, zinema-erakusketarako aretoen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: aretoa Euskadiko Autonomia Erkidegoan finkatuta egotea eta 2011ko abenduaren 31n proiekzio digitala emateko gauza izatea; toki berean eta enpresa-izen berean kokatutako pantaila bat edo gehiago (laguntza-modalitatearen arabera) edukitzea. Gainera, areto hauek, agindu hau argitaratu baino gutxienez sei hilabete arinagotik publikoari irekita egon beharko dute; leihatila eta diru-sarreren deklaraziorako sistema bat izan beharko dute, eta Kultura Ministerioaren Zine eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko zinema-aretoen erregistroan (ICAA) izena emanda egon beharko dute.

Dena den, laguntza jaso ahal izateko, zinema-aretoek Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrak sartu behar dituzte beren programazioan, %35eko proportzioan gutxienez eta aginduan adierazitako modalitate bakoitzarekin bat, 2010eko uztailaren 1etik 2011ko ekainaren 30era bitartean. Lehentasuna izango dute jatorrizko bertsioan eta euskaraz ematen diren emanaldiek.

Hiru laguntza-modalitate daude:

1.- Gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioaren %40, gutxienez, Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak.

2.- Gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioaren %35etik gora eta gehienez %40 Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak.

3.- Bost pantaila baino gehiago dituzten eta urteko programazioaren %50, gutxienez, Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrekin betetzen dituzten zinema-aretoetarako laguntzak.

Deialdian ezarritako laguntzen gehienezko zuzkidura, guztira laurehun eta berrogei mila (440.000,00) euro da. Horietatik, berrehun eta hogei mila (220.000,00) euro erabiliko dira gehienez bost pantaila dituzten eta urteko programazioan gutxienez %40 Europako Batasuneko edo Iberoamerikako film luze eta laburrak sartzen dituzten aretoetarako modalitatean; beste berrehun eta hogei mila (220.000,00) euroak deialdi honetako beste bi modalitateetarako erabiliko dira.

Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira proiekzio digitalerako ekipoak erosteko eta instalatzeko gastuak. Zinema-aretoak digitalizatzeko laguntza hauek ezingo dute gainditu proiekzio digitalerako ekipoak erosteko eta instalatzeko gastuen %50.
 

 

LEHENDAKARITZA

EUSKO JAURLARITZAK HITZARMENA SINATUKO DU NAZIO BATUAK EMAKUMEAK ERAKUNDEAREKIN EMAKUMEEN PARTEHARTZEA SUSTATZEKO

Erabaki: Genero Berdintasunerako eta Emakumearen Ahalordetzeko NBEren elkar ulertzeko memorĂĄnduma (NBE-EMAKUMEAK) izenpetzeko baimena ematekoa, zertarako eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko estrategia integrala garatzeko, partaidetza soziopolitikorako eta emakumeak ahalordetzeko Hego Amerikan.

Patxi López lehendakariak eta Michele Bachelete NB Emakumeak erakundeko zuzendari exekutiboak New Yorken sinatuko dute akordioa datorren ostegunean.

Eusko Jaurlaritzak, Patxi López lehendakariaren eskutik, eta Nazio Batuetako genero berdintasunerako erakundeak, UN Women-ek, Michele Bachelet bere zuzendari exekutiboaren eskutik, akordioa sinatuko dute datorren ostegunean, hilaren 20an, New Yorken.

Akordio honen helburua Hego Amerikako tokiko gobernuetan emakumeen parte hartze soziopolitikoa eta ahalduntzea sustatzea da. Akordio honen bitartez landuko diren arlo nagusiak honako hauek izango dira: emakumeen elkarteen sarearen indartzea, erabaki eta botere guneetan emakumeen presentzia areagotzea eta genero ikuspegiko aurrekontuen sustatzea tokiko gobernuetan. Akordio honekin Eusko Jaurlaritzak berretsi nahi du nazioarteko ikuspegia duen berdintasunaren aldeko borrokaren aldeko konpromisoa eta berdintasun eta kooperazio alorretan batzuk eta besteen arteko informazio trukaketak dakartzan onurak.

Bertan izango dira baita ere Emakundeko zuzendaria, María Silvestre, eta Kooperaziorako Euskal Agentziako zuzendaria, Marta Ares.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK "GERNIKAKO ARBOLAREN GURUTZEA" EMAN DIO CARLOS GARAIKOETXEARI, ETA, HALABER, "LAN ONARI" ETA "LAGUN ONARI" GORAIPAMENAK EMAN DITU

Lehendakariak Euskadiren Eguneko jaian emango ditu dominak.

Eusko Jaurlaritzaren kontseiluak, gaurko batzarrean, “Gernikako Arbolaren Gurutzea”, goraipamenik handiena, Carlos Garaikoetxea lehendakariari ematea erabaki du. Era berean, gobernuak onartu duenez, honako hauei emango zaie “Lan Onari” goraipamena: Pedro Anitua; Juan Ángel Balbás, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari nagusia; Ana Blanco kazetaria; Martín Fiz kirolaria; Juan Pablo Fusi historialaria eta Milagros García Crespo ekonomialaria. Halaber, José Ignacio Sánchez Galáni “Lagun Onari” goraipamena emango zaio.

Lehendakariak emango ditu dagozkion dominak, datorren urriaren 25ean, Euskadiren Egunean, Lehendakaritzan egingo den jaian.


CARLOS GARAIKOETXEA (Iruñea, 1938)

Abokatua eta ekonomi zientzietan lizentziaduna da. Jarduera profesionalari dagokionez, enpresen zuzendaritzan eta bere abokatu-bulegoan egin zuen lan. Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako lehendakaria izan zen, eta, aldi berean, hainbat jarduera filantropiko eta kulturaletan parte hartu zuen, batez ere, euskararen defentsan eta ikastolak bultzatzen, Francoren diktaduraren sasoian.

EAJko lehendakari aukeratu zuten diktaduraren amaieran, eta 1980an kargua utzi zuen, bateraezina baitzen Eusko Jaurlaritzako lehendakari karguarekin. Euskal Kontseilu Nagusiaren lehendakari izan zen (1979-1980) eta bi legealditan aukeratu zuten Lehendakari (1980an eta 1984an)

Nafarroako Parlamentuko parlamentaria izan da, Europako diputatua bi legealditan eta Eusko Legebiltzarreko kidea bost legealditan. EFAko (European Free Alliance) lehendakaria izan zen, bai eta Eusko Alkartasunakoa ere 1987an eratu zenetik 1999ra arte.

Artikulu ugari idatzi izan ditu hainbat argitalpen eta komunikabidetan, eta, duela gutxi “Euskadi: la transición inacabada” liburua argitaratu du.


EDUARDO ANITUA (Vitoria-Gasteiz, 1956)

Estomatologoa eta ikertzailea. BTIren sortzailea (Biotechnology Institute).

Gazte-gaztetatik zeukan oso argi medikuntza zela bere benetako bokazioa eta, batez ere, ikerketa biomedikoa; izan ere, horretan jardun du azken hogei urteotan.

Oinarri eta esperientzia kliniko zabalekoa izanik, arlo kirurgikoan eta ehunen birsorkuntzaren arloan berrikuntzak bilatzeari ekin zion. Horrela, BTI Biotechnology Institute sortu zuen. Bertan, inplante-sistema berritzailea garatu du, bai eta norberaren gorputzetik lortutako proteinetatik abiatuta ehunak birsortzeko teknika berri bat ere. Teknika horri PRGF®-Endoret ® (Plasma Rich in Growth Factors) deritzo, eta aitzindaria da munduan.

Gaur egun BTIk nazioarteko 37 patente ditu, eta enpresak onarpen zabala dauka ikerketa, garapen eta berrikuntzari ikuspegi biologiko batetik abiatuta ekiten dielako. Horrek konponbide terapeutiko berritzaileak eskaintzen ditu, eta, aldi berean, oinarrizko baliabide biologiko berriak garatzen dira, prozedura kirurgikoekin lotuta eta arlo mediko desberdinetara egokiturik.


JUAN ÁNGEL BALBÁS (Urretxu)

Industriako ingeniari teknikoa.
1989tik, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteko zuzendari nagusia da. Elkarte horrek eskualde horretako garapen ekonomikoa sustatzeko helburua du, eskualdeko premiak hobekuntza-ekintza zehatzak bihurtuz.
Elkartea 1985ean sortu zen, eskualdeko 8 udalek bultzatuta. Herritarrei zerbitzu publiko bat eskaintzen die, eta, horretarako, udal sustatzaile horiekin berekin eta Euskadiko, Espainiako eta Europako administrazioekin lankidetzan jarduten du.

 

ANA BLANCO (Bilbo)

Pedagogia ikasi zuen, Deustuko Unibertsitatean.
Badira hogei urte TVEko notizia-programetako aurpegi ezagunetako dela. Albistegia ia ordu-tarte guztietan aurkeztu izan du, eta urte horietan guztietan TVEk eman dituen programa berezietako askotan parte hartu du.
Lanbide horretan diharduenetik, hainbat sari jaso du, esate baterako, “Urrezko Antena” (1999); Prentsa, Irrati eta Telebistako Informatzaileen Elkarte Profesionalaren saria; “Informatiboetako Komunikatzaile Onenaren” ATVa (2000, 2004 eta 2005); eta aurreko 10 urteetako informatiboetako komunikatzaile onenaren ATV Saria (2007).

2009an, Urrezko TP irabazi zuen. 2005ean, Frantziak Espainian duen enbaxadak “Merezimendu Ordena Nazionaleko zaldun-ikurra” eman zion.

  
MARTIN FIZ (Vitoria-Gasteiz, 1963)

Azken hamarkadotan nazioartean gehien nabarmendu diren euskal atletetako bat dugu. Maratoiko munduko txapelduna izan zen 1995ean, eta Europakoa 1994an, eta distantzia horretako diploma olinpiko bana irabazia da Atlantan 1996an (laugarren) eta Sydneyn 2000.ean (seigarren).

Atleta gogorra inondik ere, krosean zaildutakoa. Espainiako maratoilari guztien palmaresik onena dauka: Urrea Goteborgeko mundialetan, 1995ean; zilarra Atenasko mundialetan, 1997an; urrea Helsinkiko europarretan, 1994an; laugarren Atlantako olinpiadetan, 1996an; eta seigarren Sydneyn, 2000.ean. Eta beste maratoi hauek ere irabazi ditu: Otsu (1999 eta 1997), Kyong Ju (1996), Rotterdam (1995) eta Helsinki (1993).

Hainbat aitorpen jaso du, kirolean egindako lanarengatik, besteak beste: Kiroletako Asturiasko Printzea 1997an, Maratoiko ekipo nazionaleko kide modura; Kiroletako Merezimenduaren Urrezko Domina eta Ordena Olinpikoko Domina, eta baita beste bi hauek ere: Arabako Probintziako urrezko domina, eta Vitoria-Gasteiz Hirikoa.
Eliteko kirola utzia du, baina oraindik ere parte hartzen du proba batzuetan, elkartasun-ekintzetan eta Gasteizko atleta gazteak entrenatzen.

 

JUAN PABLO FUSI (Donostia-San Sebastián, 1945)

Diktaduraren ondorengo urteetako Espainiako eta Euskadiko historiografia berreskuratzeko ahalegin handiena egin duen historialarietariko bat da.

Historian doktorea da Oxfordeko Unibertsitatean (1974) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1979). Oxforden ikasi zuen Raymond Carr irakaslearekin eta 1976-1980. urteetan unibertsitate hartako St. Antony´s Collegeko Ikasketa Iberiarren Zentroko zuzendari izan zen.

1988az geroztik, Historia Garaikideko katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta, aurrez, Kantabriako (1982-1986) eta Euskadiko (1986-1988) unibertsitateetako katedradun ere izan zen.

1987an Giza Zientzietako Honoris Causa Doktoregoa jaso zuen New York Universityn.

1986 eta 1990. urteen artean, Liburutegi Nazionaleko zuzendari izan zen. 2001etik 2006ra, Ortega y Gasset Unibertsitate Institutuko eta Ortega y Gasset Fundazioko zuzendari akademikoa izan da.

Espainiako historia garaikidearen gainean egin du lan nagusiki, eta, bereziki, Euskadiren inguruan, haren industrializazioak erakarrita. Gure historiografiaren erreferentzia diren hainbat lan argitaratu ditu.
“Espainiaren ispilua” (1976), Saiakerako Europako “Montaigne” saria eta Madrilgo Autonomia Erkidegoaren Giza Zientzietako “Julián Marías” sariak jaso ditu.

 

MILAGROS GARCIA CRESPO (Bilbao 1934)

Ekonomi zientzietan lizentziaduna. Politika ekonomikoan katedraduna.

Hainbat unibertsitatetan irakasle izan ondoren, 1987an Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintzako sailburu izendatu zuten. Eusko Jaurlaritzan maila horretako kargu bat betetzen zuen lehenengo emakumea izan zen.

Jaurlaritzan egon ondoren, lehenengo, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko lehendakaria izan zen (1989-1991) eta, ondoren, Espainiako Kontuen Epaitegikoa (1994-1997).

Gaur egun, EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko katedradun emeritua da Sarrikon. Hain zuzen ere, fakultate horretako dekanoa izan zen bost urtez.

Artikulu eta lan asko argitaratu ditu ospe handiko aldizkari espezializatuetan, eta hainbat libururen egile ere bada.


JOSÉ IGNACIO SÁNCHEZ GALÁN (Salamanca, 1950)

Industri ingeniaria eta Enpresen Administrazioan eta Kanpo Merkataritzan Diplomatua da hainbat unibertsitatetan.

1972an jarduera profesionala hasi zuenetik 2001. urtera arte, zuzendaritza postuak izan ditu Grupo Exiden, ITPn, Eurojet partzuergo alemaniarrean presidente ere izan zen- eta Airtel Móvilen (egun Vodafone España).

Gaur egun Iberdrolako presidentea eta kontseilari delegatua da. 2001ean euskal konpainiara iritsi zenean jarri zuen abian azken urteetan burutu den enpresa eraldaketako prozesu garrantzitsu eta arrakastatsuenetariko bat. Nazioartean zabaltzearen eta energia garbien aldeko apustua egiteak sektoreko mundu-mailako lau enpresa handienen artean kokatzeko aukera eman dio Iberdrolari 40 herrialde baino gehiagotan dago eta Erresuma Batuko ScottishPower edo Brasilgo Elektro konpainiak barne hartzen ditu-; burtsako kapitalizazioaren bidez guztiz pribatua den sektoreko bigarren enpresarik handiena da eta energia eolikoaren arloko munduko aitzindaria.

Honoris Causa doktore izendatu du Edinburgoko Unibertsitateak eta nazioarteko hainbat sari ere jaso ditu.
 


Euskadi, auzolana