Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2011/09/06 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Eusko Jaurlaritzak Lan Harremanen Kontseiluaren Lege Proiektua onartu du
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Osasun eta Kontsumo sailak 196.140 euroko diru-laguntza zuzena eman dio Aurrerantz koop. E.-ri, gizarte bazterketa larrian egon eta Elejabarri udal aterpetxean eriondo dauden pertsonen egonaldi ertaien programarako
KULTURA SAILA
Moreda Arabako Santa Maria Eliza eta Gaubeako Villanuevako presa, Monumentu izendapenaz, Sailkatutako Kultura-Ondasun deklaratu dira
Jaurlaritzak 889.900 euro bideratuko ditu toki-mailako gazte-ekipamenduetarako
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

EUSKO JAURLARITZAK LAN HARREMANEN KONTSEILUAREN LEGE PROIEKTUA ONARTU DU

Lan Harremanen Kontseiluaren Legeari buruzko proiektua.

Gobernu Kontseiluak Lan Harremanen Kontseiluaren (LHK) lege-proiektua onartu du gaur. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egindako testu berrian zenbait aldaketa ikus daitezke 1997ko legearen aldean; aldaketa horien bitartez erakundearen funtzionamendua hobetu nahi da, eta, ildo horretan, LHKak agente sozioekonomikoen arteko etengabeko elkarrizketarako eta kontsultarako goreneko organoa izaten jarrai dezan ahalbidetu nahi da.

Aurreproiektuari jarraiki, LHKak arau eta xedapen gehiagotan izango du aholku emateko aukera, hemendik aurrera lan-eremuan soilik jardungo duela kontuan hartuta. Hala, besteak beste, Kontseiluak informazioa eman behar du, nahitaez, Jaurlaritzak lan-arloan abian jarritako lege-proiektuen eta dekretuen inguruan, eta, ildo horretan, eremu horrekin zerikusia duten proposamen eta irizpenak egin behar ditu.

Lan-gatazketan arbitrajea eta bitartekotza sustatzeko aukera ere izango du erakunde aholku-emaile horrek, baita gai jakin batzuei buruzko lanbide arteko akordioak sustatzeko aukera ere.

Sozietate kooperatiboei eta langile autonomoei lotuta egonik lan-arloarekin zerikusirik ez duten gaiak, aldiz, Kontseiluaren jardun-eremutik kanpo geratzen dira.

Jaurlaritzak gaur onartu duen testuaren arabera, LHKak paritarioa izaten jarraituko du. Nolanahi ere, dokumentuaren berritasun nagusien artean aipatzekoa da akordio eta erabakiak gehiengo soilez hartuko direla, txostenak bozkatzean blokeo-egoerak saihesteko.

Erakunde eta konfederazio sindikaletako eta enpresa-konfederazioetako zazpina ordezkarik osatuko dute Lan Harremanen Kontseilua, eta erakundeak, orain arte bezala, Bilboko egoitzan jardungo du. Alderdi bakoitzak bi urterako hautatuko ditu bere ordezkariak, eta lehendakariak izendatuko ditu.

Proiektuan ezarritakoaren arabera, hautaketan eta izendapenean, ahal dela, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokiak dituzten emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da. LHKak osoko bilkuren eta lan-batzordeen bitartez jardungo du, eta hautatutako kide bakoitzak boto bat izango du.

Orain arte bezala, lehendakariak izendatu eta kargugabetuko du Kontseiluko presidentea, baina, testu berriaren arabera, Kontseiluko kideei entzun egingo zaie presidentea 5 urterako hautatu aurretik.

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

OSASUN ETA KONTSUMO SAILAK 196.140 EUROKO DIRU-LAGUNTZA ZUZENA EMAN DIO AURRERANTZ KOOP. E.-RI, GIZARTE BAZTERKETA LARRIAN EGON ETA ELEJABARRI UDAL ATERPETXEAN ERIONDO DAUDEN PERTSONEN EGONALDI ERTAIEN PROGRAMARAKO

Erabakia: jarraian zehaztutako pertsonentzako egonaldi erdiko programetarako Ekimen Sozialeko Aurrerantz Koop Sri diru-laguntza zuzenekoa emateko dena. Direlako pertsonak: Elejabarriko Udal Aterpetxean gaixondoa pasatu beharra izanik, bazterketa sozialean izateko egoeran direnak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak 196.140 euroko diru-laguntza zuzena eman dio gizarte-ekimeneko Aurrerantz Koop. E.ri, gizarte bazterketa larrian egon eta Elejabarri udal aterpetxean eriondo dauden pertsonei zuzendutako egonaldi ertaineko programa ez eteteko.

Programa hori gizarte eta familia euskarririk izan ez, eta ospitale batetik pasatu ostean, zaindu egin behar diren eta euren osasun-egoeraren bilakaera gainbegiratu behar zaien pertsonak hartzeko da.

Etxebizitzarik ez dutenek gaixotzeko eta istripuak izateko arrisku gehiago izaten dute. Arazo horiek izan, eta ospitaleetan artatu eta ospitaleratu edo urgentzia-zerbitzuan artatu ostean alta ematen dietenean, ez dute eriondoko garairako ostatu hartzeko lekurik, ez eta non zaindurik ere. Horrek ospitale-egonaldia beharrik gabe luzatzea eragiten du, baita zainketa-falta handia ere ospitaletik ateratakoan; ondorioz, askotan, beste konplikazio batzuk sortu eta berrospitaleratzeak izaten dira.

Hutsune hori betetzeko, eta lankidetza soziosanitarioaren esparruan, gizarte bazterketa larria izan eta eriondo dauden pertsonei zuzendutako egonaldi ertaineko programa bat garatu da, gure osasun-sisteman zuzentasun hobea eta osasun baliabideen erabilera eraginkorragoa lortzen laguntzeko, etxerik gabeko pertsonen ospitaleko egonaldia laburtu, eta etengabeko ospitalizazioak saihesten baitira; izan ere, gehienek gaitz kronikoak izaten dituzte.

Aurrerantza Koop. E.ren ekimena osasun-sistemako baliabideekin koordinatzeak bat egiten du Kronikotasunaren Estrategiaren barruko lankidetza soziosanitarioaren proiektu estrategikoarekin, hori baita Osasun eta Kontsumo Sailaren politiken ardatza legegintzaldi honetan. Hala, lankidetza soziosanitariorako esparrua garatu nahi da gizarte zerbitzuen eragileekin batera, lan-ildo nagusiak definitu, eta aldi berean osasun- eta gizarte-arreta behar duten paziente kronikoei erantzun globala eman ahal izateko.

 

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena eta Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei 2011-2012 ikasturtean zehar egin beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko deia egiten diena.

Osasun eta Kontsumo Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak unibertsitatez kanpoko ikastetxeentzako diru-laguntzen deialdia egiten dute 2011-2012 ikasturtean osasunaren sustapenarekin eta hezkuntzarekin lotutako berrikuntza-proiektuak egiteko. guztira 133.899 euro emango dira diru-laguntza honen bidez.

KULTURA SAILA

MOREDA ARABAKO SANTA MARIA ELIZA ETA GAUBEAKO VILLANUEVAKO PRESA, MONUMENTU IZENDAPENAZ, SAILKATUTAKO KULTURA-ONDASUN DEKLARATU DIRA

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bana onartu ditu, Moreda Arabako Santa Maria eliza eta Gaubeako Villanuevako presa, monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko. Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko ditu elementu biak.

Dekretuetan ondasun horien mugaketak ere ezartzen dira, Santa Maria elizaren kasuan justifikatzen baita elizaren ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako, zeren eta Herriaren egituraren barruan, hiri-inguruaren zati bat baita, muinoaren goialdean nabarmen. Ondasuna behar bezala babesteak eta balioesteak zera dakar, elizaren ondoko inguruak ere babestea, bestela ez baita ulertzen ondasunaren jatorrizko izaera zeremoniala, ezta multzoaren batasuna bera ere edo hiri-bilbearen barnean egotea. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.

Villanuevako presari dagokionez, babes-inguruaren mugaketak ondasuna bera hartzen du, alde batetik, eta haren ingurumaria, bestetik, eta gutxieneko distantzia batzuk markatzen ditu, elementuaren kontserbazioa eta haren ezaugarriak bermatze aldera.

Santa Maria eliza

Moredako Santa Maria elizaren egituran hainbat eraikuntza-etapa gainjartzen dira. Lehenengo etapari lotzen zaizkio oraingo elizaren aurreko beste baten aztarnak, seguru asko Erdi Arokoak; bigarren etapan (XVI. mendea) oraingo nabea eraiki zen, haren ganga-formako bi atalak, aurrealdea eta elizako koroa barne; hirugarren fasekoa da dorre-burua; XVII. mende bukaera eta XVIII.aren hasierakoak dira, azkenik, burualdea, gurutzadura eta hormetako pinturak. Geroztik egin diren aldaketek ez dute eraginik izan elizaren eite orokorrean.

Eliza harlanduzkoa da. Gurutze latinezko oinplanoa du, bi nabe-atalekin, gurutzadura, burualdea eta dorre atxikia, nabearen oinaldean kokatua. Beharbada aurreko eraikinen baten gainean altxatu zen. Nabearen barnean kontrahormak eta arku zorrotzeko hormak altxatzen dira, non Gotikotik Errenazimentura bitarteko trantsizioko leiho zabalak dauden, berriki zaharberrituak. Hori dela eta, zenbait leiho gotiko biki ikusten dira, arku trilobulatudunak. Gurutzadurak burualdean ganga semiesferikodun kupula bat dauka, petxinetan bermatua eta alboetan ertz-gangak dituena, eta kapera nagusia bezala pinturaz apainduta dago.

Dorrea oinplano karratukoa da, harlanduzkoa. Bi gorputz ditu eta elizaren behealdea erabiliz eraiki zen nagusiki. Goiko gorputzak kanpai-arkuak ditu, eta burualdean kupula semiesferikoak.
Elizaren sarbidea XVI. mende aurreratuxeko portada plateresko bat da. Kapitel korintoarra duten bi koloma ildaskatuk eusten diote arkitrabeari, eta bertan frontoi triangeluarra bermatzen da, Aita Betikoaren figura bat duena hiru pitxar estilizatuz lagunduta. Multzo honek arku erako atalburu bat du, pilastren gainean, gruteskoz apaindurik. Frisoa arkitrabetik aingeru-burudun frontoiraino doa.

Barruan korua dago, bigarren fasean eraikitako arku kakotu baten gainean. Behe-ganga izardun bat du, lerro makurrak eta giltzarri laua dituena. Handik hara, 1.801. urtean, oraingo burdinazko baranda erantsi zitzaion. Sakristia oinplano angeluzuzenduna da, beheratutako kupula obaldun sabaiarekin.
Elizaren mendebaldean gorputz exentu bat dago, agian aurretik eraikitako hiru ferra-arkurekin, inguruko ermita zahar batetik ekarria.

Villanuevako presa

Presa Gaubeako udalerriko Villanueva herrian dago, Omecillo ibaian, urez hornitzen zuen errotatik 500 metrora HMrantz, zeina XVIII. mendean jada dokumentatuta baitago. Presaren eginbeharra ibaiaren ur-maila igotzea zen, aipaturiko errota kanalerantz indarrean jarri ahal izateko.

Presak ibaiaren ibilguarekiko angelu txiki bat eginez eraikia dago; zurezko eta harrizko egitura bat da, tamaina eta malda ezberdinetako bi planok eratua. Beraz, urari goiti dagoen arranpala motzagoa da, malda handiagokoa; urari beheiti dagoena, aldiz, leunago jaisten da, presa-oinarria zulatu dezakeen ur-kolpea ekiditeko.

Eraketa honek zurezko estalki baten eraikuntza-moldea gogorarazten du, nahiz eta urari beheiti dagoen zatian egurra harrizko kordoiekin nahasirik agertzen den, kontrahorma moduan. Arrapalak azkentzen dituen gailurra 2,10 metro garai da eta 10,75 metro luze, eta piezaren sekzioa 0,35 metro.

Urari goiti dagoen aldean, egituraren armazoia babesten duen zurezko estalkia ikus daiteke. Urari beheiti dagoena 3,5 metroko luzerako eta 0,25 metroko sekziodun enborrez osatua dago, tobazko harri-blokeekin nahastuta.

Urari beheiti dagoen arranpalatik, udaldian, presa ohantzean finkatzen duen zurezko “parrilladura” ikus daiteke. Gutxi gorabehera metro bateko aldea duen erretikulua da, barnealdea harri-blokez beterik duena. Zurezko erretikulua burdinazko iltze batzuen bitartez tinkatuta dago, edota iltzeok arroka naturalaren irtenguneen kontra bermatuta.

Presaren gailurretik 1,8 metrora, ezkerraldean, ura kanalera bideratzen zuen uhatea dago, gutxi gorabehera 1,10 metroko zabalera duena.

Presa zurez eta harriz egindako egitura berezia da, Arabako Lurralde Historikoan dagoen bakarra. Zurezko presak sarri erabili bide ziren garai batean, gelditu diren arrasto ugariei eta dokumentazioari erreparatuz gero, baina gerora harrizkoek hartu zuten haien lekua. Horregatik, ez da ohikoa zur hutsezkoak edo tipologikoa mistoa dutenak –aztergai dugun honetan bezala– aurkitzea. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun “in situ” ezagutzen eta kontserbatzen den bakarra dugu. Presa mota hau arkeologia industrialaren benetako erlikia dugu, jada desagertu diren antzinako eraketa eta tekniken testigu bakana. Azpimarratzekoak dira, bestalde, presaren eraikuntza-sistema mistoa –zura eta harria konbinatzen baititu–, haren kontserbazio egoera balekoa baina delikatua, eta haren interes historiko eta etnografikoa.

 

JAURLARITZAK 889.900 EURO BIDERATUKO DITU TOKI-MAILAKO GAZTE-EKIPAMENDUETARAKO

Agindua, Kulturako sailÂŹburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko 2011erako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Gobernu Kontseiluak Kulturako sailburuaren agindu bat onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko 2011rako diru-laguntzak emateko modua arautzeko. Horretarako, 889.900 euro erabiliko ditu.

Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko gazteria eta gizarte-ekintzaren esparruan jarduerak suspertzeko lanetan dihardu beste zenbait erakunderekin batera. Helburu hori lortu nahian, Euskadiko Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei eta toki-izaerako udalaz gaindiko erakundeei beren gazte-ekipamenduen sarea bultzatzeko laguntzak eskaintzeko bideak ezartzen dira agindu horren bitartez, bai ekipamendu berriak eraikitzeko, bai orain daudenak handitzeko edo hobetzeko.

Laguntzotarako 889.900 euro bideratuko dira. Euskadiko Autonomia Erkidegoan berezko izaera juridikoa duten toki-erakundeek eta berezko nortasun juridikoa duten udalaz gaindiko mankomunitate edo erakundeek —indarreko legeriaren arabera udal batek baino gehiagok eratuta egon eta nortasun juridiko berezkoa dutenak— jaso ahal izango dituzte soil-soilik agindu horretan adierazten diren diru-laguntzak. Udalaz gaindiko erakunde horiek, bakoitzaren estatutuetan aurreikusitakoaren arabera, bidezko gaitasuna eta egokitasuna erakutsi behar dute, beren jardun-esparruaren barruan, haien proiektuak behar bezala aurrera eramateko. Ez dira onuraduntzat joko beren estatutuetan gazte-politika erakundearen eskumenekoa dela jasota ez duten hainbat udalerriz osaturiko udalaz gaindiko erakundeak.

Diru-laguntza jasotzeko modukoak izango dira berariaz 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ekipamenduak izango dituzten higiezinak eraiki, eraberritu, egokitu edo handitzeko lanak egiteko profesional gaituek landutako proiektuen erredakzio-laneko gastuak, bai eta lan horiek 2011ko ekitaldian exekutatzeko gastu edota kostuak ere. Kasu guztietan, erakunde eskatzaileak gutxienez kostu osoaren % 30 finantzatu beharko du bere funts propioekin.

Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua indarrean jartzen denetik aurrera.

 


Euskadi, auzolana