Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2011/01/11 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Bizikidetasun demokratikorako aholku batzordea
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
"Zurekin etxebizitza egiten dugu" leloa duen plataformak urtarrilaren 21ean jarriko da martxan etxebizitzari buruzko legearen aurreproiektuari buruz herritarrek eztabaidatzeko aukera izan dezaten
KULTURA SAILA
Irati-difusio soinudun eta telebistakoaren zerbitzurako emakidak lizentzia bihurtu dira
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

BIZIKIDETASUN DEMOKRATIKORAKO AHOLKU BATZORDEA

Dekretua, Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzen eta arautzen duen Dekretua aldatzekoa

Gobernu Kontseiluak Giza Eskubideetan eta Bakean Hezteko Aholku Batzordea sortzeko dekretua aldatzea onartu du, Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Planera (2010-2011) egokitzeko.

Dekretu hori aldizkari ofizialean argitaratzen denean (aurreikusita dagoenez, datorren asteko astelehenean), Lehendakariak José Ramón Rekalde izendatuko du aholku-batzorde horretako buru, planeko parte-hartze, koordinazio eta bultzada-lanez ardura dadin.

Aldaketek batzordearen izenari eragiten diote, aurrerantzean, Bizikidetasun Demokratikoa Sustatzeko eta Indarkeria Deslegitimatzeko Aholku Batzordea deituko baita; osaerari, ETBko ordezkari bat gehitzen baita, eta batzordekideen izendapenari, Lehendakaritzak betekizun nagusia izango baitu.

Aholku-batzordean ordezkariak izango dituzte honako hauek: Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek, udalek, biktimen eta giza eskubideen aldeko elkarteek, Eskola Kontseiluak, EHUk, Arartekoak eta EiTBk.
 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

"ZUREKIN ETXEBIZITZA EGITEN DUGU" LELOA DUEN PLATAFORMAK URTARRILAREN 21EAN JARRIKO DA MARTXAN ETXEBIZITZARI BURUZKO LEGEAREN AURREPROIEKTUARI BURUZ HERRITARREK EZTABAIDATZEKO AUKERA IZAN DEZATEN

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak Jaurlaritzaren Kontseiluko kideei aditzera eman die urtarrilaren 21ean abiatuko dela Etxebizitzari buruzko Legearen aurreproiektua onartzeko prozesua. Egun horretatik aurrera, aurreproiektua hainbat erakunde eta instituziori helaraziko zaie ekarpenak egin ditzaten.

Lege honetan araututa geratuko dira Etxebizitza Sailak azken hilabete hauetan landutako hainbat alderdi, honako hauek, besteak beste: alokairuko etxebizitzen parke publikoa sortzea, etxebizitza izateko eskubidearen definizioa, birgaitzearekin lotutako hainbat alderdi, etab.

Etxebizitzari buruzko Legeak etxebizitza izateko eskubidearen kontzeptua garatuko du, baita hainbat eragile instituzional, sozial eta ekonomikok (75tik gora) sinatutako Itun Soziala ere.

Lege-proiektua onartu baino lehen, proposatutako neurriei buruzko herritarren iritzia ezagutu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, hitza eman nahi die herritarrei aurreproiektuko proposamenak hobetzeko eta berriak eransteko ere, herritarrei zein eragile politiko eta sozialei.

Parte-hartzeko proiektu hau Etxebizitzaren Plan Zuzentzailea lantzeko iazko apirilean martxan jarritako prozesuaren jarraipena da. Izan ere, oso emaitza positiboak izan baitzituen: 15.748 lagunek parte hartu zuten eta egindako proposamenen %65 bildu ditu Plan Zuzentzaileak.

Parte hartu zutenek oso positibotzat jo zuten prozesua. Parte-hartzaileen % 85k uste du “horrelako parte-hartze prozesuak aldian behin edo etengabe egin behar direla”.

Oraingo honetan ere, partaidetza ahalik eta handiena lortu nahi du Jaurlaritzak eta honako ekimen hau zabaltzeko ahalegin berezia egingo dugu.

Ekimenaren berri zuzenean emango die Etxebizitza Sailak Etxebide-Euskal Etxebizitza Zerbitzuan izena emanda daudenen artean nahi dutenei. Badira, gainera, beste erakunde instituzional eta sozial batzuk ekimena zabaltzeko konpromisoa hartu dutenak.

Prozesuari buruzko etengabeko informazioa eskaini nahi da, inkesten emaitzei buruzko txostenak igorriz baita foroetan adierazitako iritzi eta proposamen nagusiei buruzkoak ere.

Prozesuak, funtsean, on-line parte hartzeko plataforma bat izango du euskarri, Etxebideren webgunean egongo dena. Irekiaren bidez eta Facebook eta Twiter sare sozialetan sortu diren profilen bitartez ere parte hartu ahal izango da.

"Zurekin etxebizitza egiten dugu" leloa duen plataformak honako elementu hauek izango ditu:

  • Eztabaida-foroak. Astero foro berri bat egongo da
  • Herritarrei egin beharreko inkestak. Astero inkesta berri bat egongo da. Emaitzak berehala ezagutuko dira.
  • Proposamenak egiteko gunea.
  • Legearen zirriborroa ezagutzeko gunea; aurkezpen laburtuak, bideoa azalpenekin, etab.
     
  • Eta atal bat ”galdetu….”. Atal horretan herritarrek galderak egin ahal izango dizkie Jaurlaritzako ordezkari politikoei, eta hasteko Lehendakariari elkarrizketa bat.

Jaurlaritza honek herritarren partehartzearekin duen konpromisoa argia eta zalantzarik gabekoa da. Horrela bada, jasotako proposamen guztiak aztertzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, prozesuan zehar jasotako proposamen berritzaileak herritarren eztabaidarako aurkeztuko ditu eta prozesuaren azken emaitzak bilduko dituen amaierako txostena egingo du. Txosten horretan, jasotako proposamenen kopurua zehaztuko da eta Jaurlaritzak onartuko duen proiektuan horietako zenbat bildu den ere.

Prozesua urtarrilaren 21ean abiatuko da eta apirilaren 15a arte luzatuko da. Jarraian, txostena maiatzaren amaieran aurkeztu da.

 

KULTURA SAILA

IRATI-DIFUSIO SOINUDUN ETA TELEBISTAKOAREN ZERBITZURAKO EMAKIDAK LIZENTZIA BIHURTU DIRA

Erabakia, irrati-difusio soinudun eta telebistakoaren emakidak eraldatzen dituena, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentziak bihurtzeko.

Ikus-entzunezko komunikazioaren Lege Orokorrarekiko egokitzapena

Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki du irrati-difusio soinudun eta telebistakoaren emakidak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzua emateko lizentzia bihurtzea, Ikus-entzunezko komunikazioaren Lege Orokorrak ezartzen duenari egokitzeko. Lizentzia hauek hamabost urteko iraupena izango dute, erabakiaren egunetik kontatuta. Lizentziei aplikatu beharreko funtsezko araubidea indarreko legediak ezartzen duena da, bai eta eskatzaileek tokian tokiko lehiaketetan beren gain hartzen dituzten betebehar eta konpromiso partikularrak ere.

Ikus-entzunezko komunikazioaren martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra (LGCA) indarrean sartu zen arte (2010eko maiatzaren 1a), ikus-entzunezko sektorearen Estatuko oinarrizko araudiaren arabera lurreko uhinen bidezko irrati-difusio soinudun eta telebistakoaren ustiapenak nahitaez behar zuen emakida bat. Handik aurrera, LGCAk ikus-entzunezkoen eredu berri bat finkatu zuen: ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen liberazioa, hots, zerbitzu publiko izatetik lehia askearen araubideko interes orokorreko zerbitzuak izatera pasa dira, irrati-espektroaren mugen barruan eta herritarren interesen babesarekin.

Gaur onartu den erabakiak aldaketa hori jasotzen du eta, LGCAri jarraituz, lizentzien indarraldia hamabost urtekoa dela ezartzen du, aldaketaren egunetik aurrera kontatuta; aurreko zerbitzu publikoaren emakida-araubidearen arabera, berriz, lizentzien indarraldia hamar urtekoa zen. Gainera, komenigarria ikusi da espresuki jasotzea lizentzien titularrek lehiaketetan harturiko konpromisoak nahitaez bete behar dituztela.

Ikus-entzunezko zerbitzuak emateko liberalizazio-araubide berriak, zerbitzu-emaileen kasuan, ez du fidantzei eustea eskatzen. Horregatik, Erabakiaren testuan aurreikusten da lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzuaren emakidadunek jarritako behin betiko bermeak itzultzeko aukera. Hori dela eta, bermeen itzulketa mugatu egiten da lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzuaren emakidadunetara, zeren eta zerbitzu honen esleipendunek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian gordailatu egin baitzuten administrazio-klausula zehatzen agirian aipatutako behin betiko bermea. Irrati-difusio soinudunaren zerbitzuaren emekidadunen kasuan, nola ez duten inolako bermerik jarri behar izan Diruzaintza Nagusian, ez da inolako itzulketarik aipatzen.

 


Euskadi, auzolana