Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2010/12/14 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo Sailak 60.000 euroko diru-laguntza eman dio Terrorismoaren Biktimen Fundazioari
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin egingo dute lan larrialdien arloan
Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak elkarrekin egingo dute lan larrialdien arloan
Herrizaingo sailaren eta EAEko Udalen arteko lankidetzarako hitzarmen marko bat onartu dute
Herrizaingo sailak 11.700 euroko balioa duten zortzi ibilgailu eman dizkie EAEko bost Udali
Eusko Jaurlaritzak EUDELi diru-laguntza bat ematea onartu du, genero indarkeriaren aurkako kanpainaren gastuak ordaintzeko
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak lurzorua erosi du Irunen eta birkokatzeetarako etxebizitza sozialak Tolosan
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
EAE-ko itsasertzeko Geoparkea kudeatzen duen elkartean sartzea eskatu du Eusko Jaurlaritzak
788.000 euroko diru-laguntza eman zaio AZTI Fundazioari, 2010ean egitasmo osagarriak egiteko
KULTURA SAILA
700.000 euro, 2011n museo-jarduerak sustatzeko eta garatzeko
LEHENDAKARITZA
Euskal etxeei 2011n emango zaizkien diru-laguntzak onartu dituzte
Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egin du Talde Popularrak Lanbideri buruz aurkeztutako Lege Proposamena
Uruguaiko beste bi euskal etxe onartu dituzte
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK 60.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA EMAN DIO TERRORISMOAREN BIKTIMEN FUNDAZIOARI

Erabakia: Terrorismoaren Biktimak Fundazioak burutuko dituen jarduerak finantzatzen laguntzeko, fundazio horri zuzeneko diru-laguntza bat emateko dena.

Fundazioak urtean zehar egiten dituen ekintzak finantzatzeko izango dira

Gobernu Kontseiluak Terrorismoaren Biktimen Fundazioari 60.000 euroko diru-laguntza ematea erabaki du gaur. Partida hori iaz sinatu zen Lankidetza Hitzarmenean jasota dago, eta Fundazioaren aurtengo ekintzak finantzatzen laguntzeko balioko du.

Gobernu Kontseiluak diru-partida bat onartu du gaur Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren ekintzak finantzatzen laguntzeko. Partida hori, 60.000 eurokoa, iaz sinatu zuten Lankidetza Hitzarmenean adostu zen, eta jarduera asko finantzatzeko erabiliko dute, terrorismoaren eta horren ondorioen ingurukoak biltzen dituzten argitalpenen funts edo fondo bat egiteko eta terrorismoaren biktimek ordezkatzen dituzten baloreak sustatzeko eta zabaltzeko, esaterako.

 

EUSKO JAURLARITZAK ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK ELKARREKIN EGINGO DUTE LAN LARRIALDIEN ARLOAN

Erabakia: larrialdiak kudeatzearen arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena.

Bi erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Hitzarmenak larrialdiak kudeatzeko arloan lankidetza eremu zabal bat sortzea du helburu.

Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Euskadiko Sistema indartuko du hitzarmenak. Sistema horretan, Euskadiko administrazioei beren gaitasunak era planifikatu eta integratuan bateratzeko eskatzen zaie, Larrialdiak Kudeatzeko Legean jasotzen den bezala.

Modu horretan, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute prebentziorako programak eta politikak sustatzen eta aurrera eramaten, babes zibilerako planak lantzen eta ezartzen, praktikak eta simulazioak egiten, eta, halaber, informazioa, esperientziak, ezagutzak eta teknikak elkarrekin trukatuko dituzte bai larrialdiak kudeatzeko arloan bai elkarrekiko prestakuntzari dagokionean.

Hitzarmenari esker, Aldundiak TETRA irrati-sare mugikorrarekin eta Herrizaingo Sailak larrialdiak kudeatzeko erabiltzen duen sistema informatikoarekin lan egin ahal izango du.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzaren baitan dauden SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak arduratzen dira egon litezkeen esku-hartze guztien koordinazioaz.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Foru Administrazio Sailaren baitan dagoen Suhiltzaile Etxeetako Esku-hartze eta Kudeaketa Zerbitzuak bere Koordinazio eta Komunikazio Zentroa (BAI ESAN) du, bere berezko baliabideak kudeatzeko eta modu eraginkorrean bateratuta dauden edo egon daitezkeen beste zerbitzu batzuk mobilizatzeko.

 

EUSKO JAURLARITZAK ETA DONOSTIAKO UDALAK ELKARREKIN EGINGO DUTE LAN LARRIALDIEN ARLOAN

Erabakia: larrialdiak kudeatzearen arloan, Donostia-San SebastiĂĄngo Udalarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Donostiako Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak. Hitzarmenak larrialdiak kudeatzeko arloan lankidetza eremu zabal bat sortzea du helburu.

Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Euskadiko Sistema indartuko du Hitzarmenak. Sistema horretan, Euskadiko administrazioei beren gaitasunak era planifikatu eta integratuan bateratzeko eskatzen zaie, Larrialdiak Kudeatzeko Legean jasotzen den bezala.

Modu horretan, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute prebentziorako programak eta politikak sustatzen eta aurrera eramaten, babes zibilerako planak lantzen eta ezartzen, praktikak eta simulazioak egiten, eta, halaber, informazioa, esperientziak, ezagutzak eta teknikak elkarrekin trukatuko dituzte bai larrialdiak kudeatzeko arloan bai elkarrekiko prestakuntzari dagokionean.

Hitzarmenari esker, Donostiako Udalak TETRA irrati-sare mugikorrarekin eta Herrizaingo Sailak larrialdiak kudeatzeko erabiltzen duen sistema informatikoarekin lan egin ahal izango du.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzaren baitan dauden SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak arduratzen dira egon litezkeen esku-hartze guztien koordinazioaz.

Bestalde, Donostiako Udaleko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuak bere Komunikazioen Zentrala du, bere berezko baliabideak kudeatzeko eta modu eraginkorrean bateratuta dauden edo egon daitezkeen Udaleko beste zerbitzu batzuk mobilizatzeko.

 

HERRIZAINGO SAILAREN ETA EAEKO UDALEN ARTEKO LANKIDETZARAKO HITZARMEN MARKO BAT ONARTU DUTE

Erabakia: koordinazio eta lankidetza polizialaren arloan, EAEko udalekin sinatzeko lankidetza-hitzarmenaren modeloa sinatzea baimentzen duena.

Udaltzaingoak Ertzaintzak erabiltzen duen TETRA komunikazio sarean sartu ahal izango dira

Gobernu Kontseiluak Herrizaingo Sailaren eta EAEko Udalen arteko lankidetzarako Hitzarmen marko bat onartu du gaur. Akordioak Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko koordinazioa indartzea du helburu. Akordioari esker, hitzarmena sinatzen duten Udaletako Udaltzaingoek Ertzaintzak erabiltzen duen TETRA komunikazio sarearekin lan egin ahal izango dute. TETRA azken belaunaldiko sistema teknologiko bat da, larrialdiei aurre egiteko Euskadiko baliabide gehienek erabiltzen dutena.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko koordinazioa hobetzeko prozedurak ezartzeko beharra Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean, 1992ko uztailekoan, jasotzen da. Koordinazioa hobetzeko politika hori egungo Herrizaingo Sailaren eta Sailaren baitan dagoen Udaltzaingoak eta Segurtasun Pribatua Koordinatzeko Zuzendaritzaren lanaren ildo nagusietako bat da, eta horrela ezarrita dator bai Herrizaingo Sailaren egitura berria jasotzen duen Dekretuan, orain dela gutxi onartu zutena, eta baita Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoaren Antolamendurako Legearen Aurreproiektuan ere.

Informazioa elkarrekin arinago trukatu ahal izateko eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen jardunen bikoiztea saihesteko beharrezkoa da sistema teknikoak bateratzea, bereziki bi polizia-taldeek erabiltzen dituzten komunikazioei dagozkienak. Komunikazio sistema berberak erabiltzeak informazioaren hartu-emana eta lan-prozedura koordinatuak ezartzea errazten du.

Hori dela eta, Herrizaingo Sailak eskatuta, lankidetzarako Hitzarmen marko bat onartu du Kontseiluak gaurko bileran. Hitzarmena Herrizaingo Sailak eta euren Udaltzaingoak TETRA irrati-sare mugikorrean sartu nahi dituzten EAEko Udalek sinatu ahal izango dute. TETRA komunikazio sarea Ertzaintzak eta larrialdiei aurre egiteko Euskadiko hainbat erakundek ere erabiltzen dute.

 

HERRIZAINGO SAILAK 11.700 EUROKO BALIOA DUTEN ZORTZI IBILGAILU EMAN DIZKIE EAEKO BOST UDALI

Erabakia: Euskal Autonomia Erkidego zenbait udalen alde, zenbait ibilgailu doan besterentzea baimentzeko dena.

Ertzaintzak polizia-zereginetarako erabili izan dituen ibilgailuak dira, oraindik ere beste lan batzuetarako erabilgarriak izan daitezkeenak

Gobernu Kontseiluak EAEko bost udali Ertzaintzaren zortzi ibilgailu ematea onartu du gaur, Herrizaingo Sailak proposatuta. Polizian erabilera-ziklo bat bete duten ibilgailuak dira, baina oraindik ere beste zeregin batzuetarako baliagarriak izan litezke udalentzat.

Ibilgailuak ematearen erabakia udalekin lankidetzan aritzeko eta eurei dagozkien arloetan laguntzeko Herrizaingo Sailak jarraitzen duen politikaren ondorioz etorri da eta EAEko Administrazioen baliabideak aurreztearen alde egiten du.

Bost udali emandako zortzi ibilgailuak Ertzaintzak erabili izan ditu, baina Polizian erabilera-zikloa amaituta, baja eman diete EAEko Poliziaren automobil-parketik. Halere, egoera onean daude eta erabilgarriak izan litezke udalei dagozkien hainbat arlotan: segurtasunean, babes zibilean edota ingurumenean, besteak beste.

Hain zuzen, lur orotako sei ibilgailu eta bi furgoneta eman dizkie Herrizaingo Sailak bost udali; guztira, 11.700 euroko balioa dute. Erandio (lur orotako bi ibilgailu), Iruña Oka (furgoneta bat), Sestao (lur orotako bi ibilgailu), Berango (lur orotako ibilgailu bat eta furgoneta bat) eta Laudio (lur orotako ibilgailu bat) udalerrietako udalei eman dizkiete aipatu ibilgailuak.

 

EUSKO JAURLARITZAK EUDELI DIRU-LAGUNTZA BAT EMATEA ONARTU DU, GENERO INDARKERIAREN AURKAKO KANPAINAREN GASTUAK ORDAINTZEKO

Erabakia: "25n, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna" izeneko kanpaina antolatzeko, (EUDEL) Euskadiko Udalen Elkarteari zuzeneko diru-laguntza bate mateko dena.

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna dela eta

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Udalen Elkarteari (Eudel) 10.250 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du gaur, iragan azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, abiatutako “Beldur Barik” izeneko sentsibilizazio kanpainaren gastuak ordaintzen laguntzeko.

Indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten erakunde eta instituzioei laguntzeko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak jarraitzen duen politikaren baitan jasotzen da Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako diru-laguntza. Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean Eudelek abiatu zuen “Beldur Barik” sentsibilizazio kanpainaren gastuak ordaintzen laguntzea da Eusko Jaurlaritzaren helburua; izan ere, Euskadiko Udalen Elkartea ekimenaren partaideetako bat da. Kanpainaren bitartez, euskal gazteei indarkeria sexista antzematen lagundu nahi diete eta, halaber, baliabideak eskaini nahi dizkiete prebentzioa bultzatzeko eta indarkeria horri aurre egiteko.

“Beldur Barik” kanpaina Berdinsareak bultzatutako ekimenetako bat da. Berdinsarea berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako udalerrien sarea da. Eudelek eta Emakundek sortu zuten 2005ean, eta Eudelek, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak sustatzen dute, baita hiru Foru Aldundiek ere.

Kanpainaren baitan, “Beldur Barik I. Jaialdia” antolatu dute, besteak beste. Ekimen horretan, artearen, gazteen eta indarkeria matxistaren inguruko hitzaldiak eskaini dituzte eta “Adieraz Zaitez Beldur Barik!” lehiaketaren lehen edizioan aurkeztutako lanak ikusgai izan dira. Lehiaketa horretan, 16 eta 26 urte arteko bostehun gaztek baino gehiagok hartu dute parte eta, guztira, 90 lan artistiko aurkeztu dituzte.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK LURZORUA EROSI DU IRUNEN ETA BIRKOKATZEETARAKO ETXEBIZITZA SOZIALAK TOLOSAN

Jaurlaritzaren Kontseiluak hala erabakita, Irungo San Migel Anakan lurzoruak erosiko dira babespeko etxebizitzak egiteko. Lurzoruetarako eta eraikingintzako aprobetxamenduetarako 6,8 milioi euro bideratuko dira.

Bestalde, Tolosako Gorostidi-Voith eremuko hirigintza-operazioa gauzatu ahal izateko euren etxebizitzak utzi beharko dituzten bizilagunak berehala birkokatzeko, 44 etxebizitza sozial eta eranskinak erosiko dira eremu horretan babestutako errentamendura bideratzeko. Horretarako, 3,1 miloi euro erabiliko dira.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EAE-KO ITSASERTZEKO GEOPARKEA KUDEATZEN DUEN ELKARTEAN SARTZEA ESKATU DU EUSKO JAURLARITZAK

Geogarapen EAEko Itsasertzeko Geoparkea Kudeatzen duen Elkarteko bazkide gisa Eusko Jaurlaritza sartzeko eskaera egitea onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran; Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalek bultzatu zuten 2009an. Geografia-esparru hori, urrian, Geoparkeen Europako Sarean sarrera onartu zen.

Diru-ekarpenik egin gabe sartuko da Eusko Jaurlaritza elkarte horretan, eta elkartearen helburuak hauek dira: geologia, natura nahiz kulturaren alderdietan geoparkearen esparrua era jasangarri eta orekatuan garatzea; inguruneko turismoaren eskaintza eta kalitatea hobetzea; eta helburu berak dituzten beste erakunde batzuekin lankidetza-jarduerak sustatzea.

Eusko Jaurlaritzak dauka eskumena turismoaren arloan, bizi-iturrien antolamenduan eta natura nahiz kultura-ondarearen zaintzan, eta horregatik erabaki du Geoparkea Kudeatzeko Elkartean sartzeko eskaera egitea, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Kultura Sailaren bitartez.

EAEko Itsasertzeko Geoparkean 20.000 biztanle inguruko populazioa dago, 89 km2-ko azaleran banatuta, eta batez ere, Zumaia, Narrondo, Oikia, Deba, Itziar, Mutriku eta Mijoan bizi dira. Itsasertzaren lerroa 23 kilometro inguru luze da, eta itsaslabarrak eta flysch eremuak ditu.

Geoparkean, gainera, Natura 2000 Sareko hainbat BIL Batasunaren Intereseko Leku daude eta babestutako biotopo bat. Kulturaren ikuspuntutik, hainbat koba daudela nabarmendu behar da −ia Gipuzkoako koba guztien % 22−, eta Ekain edo Praileaitz bezalako haitzuloetako aztarnategiak.

Geoparkeen sare orokorrak horrelako 66 eremu ditu, eta horietako 37 Europakoak dira. Espainian, beste lau geoparke daude.

 

788.000 EUROKO DIRU-LAGUNTZA EMAN ZAIO AZTI FUNDAZIOARI, 2010EAN EGITASMO OSAGARRIAK EGITEKO

Erabakia, Azti Fundazioari zuzeneko diru-laguntza emateko dena. Helburua: 2010eko ekitaldian, 2009ko urtarrilaren 9an hitzartutako lankidetza-hitzarmenaren eremuan, proiektuak garatzea. Hitzarmenaren helburua hauxe da: elikadura, arrantza eta ozeanografiaren inguruko esparruetan ikerketako, garapeneko eta berrikuntzako ekintzak burutzea.

AZTI Fundazioari 787.989 euroko zuzeneko diru-laguntza bat ematea onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak gaurko bileran. 2009-2011ko lan-planean jasota ez zeuden eta 2010ean egingo diren 14 egitasmo finantzatzeko izango da diru-laguntza hori.

Pilar Unzaluk proposatutako diru-laguntza horrek osatu egiten du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta AZTI Fundazioaren artean 2009ko urtarrilean izenpetutako lankidetza-hitzarmena.

Elikaduraren EAEko sektorean jarraitu beharreko lerro estrategikoak zehazteko elementu erabakigarria eta beharrezkoa izateak baldintzatzen du jendartearen interesekotzat katalogatu eta diruz lagundutako egitasmoen garrantzia.

Garatuko diren egitasmoak, besteak beste, hauek dira: ardoaren eta produktu eratorrien eragin osasungarriak karakterizatu eta frogatzea, elikagaietan gai kimiko kutsatzaileak eta alergenoak bilatzea, animalien elikagaiak ekoizteko hiriko hondakin solido begetalak aprobetxatzea edo elikagaien arlora elikagaiak landu eta kontserbatzeko teknologia berriak transferitzea.

 

KULTURA SAILA

700.000 EURO, 2011N MUSEO-JARDUERAK SUSTATZEKO ETA GARATZEKO

Agindua, museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen Kulturako sailburuaren Agindua onartu du.. 2011n diru-laguntza hauetara bideratuko den diru-kopurua 700.000 euro izango da, aurten erabili dena baino 80.000 euro gehiago.

Aginduaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko museoak babesteko eta ezagutarazteko jarduera zehatzak finantzatzeko diru-laguntzak eta EAEko museoak sustatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzea.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jaso ahal izateko, nahitaezkoa izango da pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, Euskadin kokatuta dauden museoetako titular edo kudeatzaile izatea eta aginduan aipatzen diren jarduerak burutzea. Halaber, museo berrien sustatzaileek jaso ditzakete diru-laguntzak. Onuradun bakoitzeko bi jarduera lagundu ahal izango dira. Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo daude gobernu-organoetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila partaide duten fundazioek eta kapitalean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra partaide duten merkataritza-entitateek aurkeztutako jarduerak.

Erakusketak eta argitalpenak lagundu ahal izango dira (erakusketa iraunkorra berritzea, aldi baterako erakusketak eta hainbat euskarritako argitalpenak), bai eta heziketa eta kulturgintzako ekintzak ere (programa eta material didaktikoak garatzea, jardunaldi eta hitzaldiak, web-orriak sortzea eta garatzea), dokumentazioarekin lotutakoak (EMSIME sistemako museoko funtsak inbentariatzeko, katalogatzeko eta digitalizatzeko lanak) eta zerbitzu-karta, plan zuzentzailea, kalitate-plana, bideragarritasun-plana, eta merkatu ikerketak eta bezero azterketak.

Diru-laguntzetarako diru-kopurua zazpiehun mila (700.000) eurokoa izango da eta EAEko 2011rako aurrekontu orokorretan berariaz ezarritako aurrekontu-ataletatik aterako da. Jarduerek 2011. urtean hasi eta bukatu behar dute, eta emango diren diru-laguntzek ez dute gaindituko egin beharreko jardueraren aurrekontu osoaren % 75. Edonola ere, jarduera bakoitzari gehienez 45.000 euro eslei dakizkioke.

 

LEHENDAKARITZA

EUSKAL ETXEEI 2011N EMANGO ZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZAK ONARTU DITUZTE

Ebazpena, 2011n euskal etxeei emango zaizkien dirulaguntzetara biltzeko deia egiten duena

Atzerriko euskal gizataldeetako kideen premia larriei aurre egiteko diru-laguntzak ere onartu dituzte.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimendu egin du datorren urtean euskal etxeei, etxeon federazio eta konfederazioei 1.400.268 euroko diru-laguntza ematea eta horretara biltzeko deialdia egitea.

Horrezaz gain, euskal etxeei emateko beste diru-laguntza batzuen deialdia ere onartu du Jaurlaritzak, hain zuzen, euskal gizataldeetako kideen premia larriei eta asistentzia faltari aurre egiteko.

Gaur onartutako ebazpena EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera, euskal etxeek eta horien federazio eta konfederazioek datorren urteko otsailaren 28ra arteko epea izango dute, eskabideak Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian aurkeztu eta euskal etxeen funtzionamendu gastuak, jarduerak burutzea eta azpiegiturak ezartzea finantzatzeko diren diru-laguntzetara biltzeko.

Halaber, euskal etxeek epe bera izango dute atzerriko euskal gizataldeetako kideen premia larriei eta asistentzia faltari aurre egiteko diru-laguntzen eskaerak aurkezteko. Diru-laguntza horiek 201.618 euroko guztizkoa dute.

Horrelakoetan, honako hauek egiaztatu beharko dira: legeak zehaztutako euskal gizataldeko kide izatea, atzerrian bizitzea, asistentzia faltari eta premia larriko egoerei aurre egiteko ondasunik eta diru-sarrerarik ez izatea eta norbere etxebizitzan bizitzea.

 

EUSKO JAURLARITZAK GAITZETSI EGIN DU TALDE POPULARRAK LANBIDERI BURUZ AURKEZTUTAKO LEGE PROPOSAMENA

Erabakia: "Lanbide-Euskal Enplegu zerbitzuaz" Euskal Talde Popularrak egindako lege-proposamenaz Jaurlaritzaren irizpidea agertzeko dena

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur izan duen bileran erabaki du aditzera ematea ez dagoela ados Legebiltzarreko Euskal Talde Popularrak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruz aurkeztutako lege proposamena aintzat hartzearekin.

Jaurlaritzaren iritziz, Lanbidek lege eta arau esparru egokia du bere zeregina burutzeko. Politika aktiboak eskualdatzeko hitzarmenak ezartzen du Euskal Enplegu Zerbitzuak politika horiek kudeatu ez ezik burutu ere egingo dituela; beraz, Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoarena da izaera juridiko egokiena Lanbideren jarduera burutzeko, eta 2003an onartutako Enplegu Legearen araberakoa da Lanbideren Administrazio Kontseilua hiru aldekoa eta parekidea izatea.

 

URUGUAIKO BESTE BI EUSKAL ETXE ONARTU DITUZTE

Eusko Jaurlaritzak beste bi euskal etxeri onarpen ofiziala ematea erabaki du.

Hain zuzen, Jaurlaritzaren Kontseiluak euskal etxetzat onartu ditu Montevideoko “Centro Euskaro” eta San Joseko “Centro Vasco de San José”, biak Uruguaikoak.

Bi euskal etxeok Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko euskal gizatalde eta etxeekiko harremanei buruzko legea bete beharko dute eta Euskal Etxeen erroldan inskribatuko dituzte.

 


Euskadi, auzolana