Lehendakaritza

Lehendakariak ziurtatu duenez Euskadi gertutik, errealismoz eta konpromisoz ari zaio aurre egiten Europako agendari

Argitalpen-data: 

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazu lagun zuela, EuroBasquek eta Deusto Business School-ek antolatutako Euskadiko etorkizun ekonomikoaren oinarriak XXI. mendeko Europan mintegia itxi du.

Europako esparruari aipamen eginez, Lehendakariak adierazi du jabetzen direla paradigma-aldaketaz eta aro berriaz nazioarteko harremanetan. Lehendakariaren arabera, Europar Batasuna eta Euskadi erronka komunei egiten ari zaie aurre komunikazioaren teknologien eta adimen artifizialean izandako aurrerapausoen presentzia ezaugarritzat duen eszenario globalizatu batean. Zentzu horretan, azpimarratu duenez, Euskadi gertutik, errealismoz eta konpromisoz ari zaio aurre egiten "Europako agendari".

Europaren etorkizuneko proiektuan Euskadi irekiago eta integratuago bat nabarmendu du Lehendakariak. Hala, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzatik erantzun politikoak sustatzen dira: benetako apustu bat Europaren subsidiariotasunaren alde, Eskualde elkartua irudiaren instituzionalizazioa eta “Zuzendaritza argia”, Estatu-eredu konfederalaren erreformarekiko atxikimenduarekin batera, irtenbide bat eskaini dezakeena Europa integratuaren, demokratikoaren eta behetik gora eraikitakoaren esparruan erabakiak hartzeko ahalmen handiagoa eskatzen duten Komunitate politikoen errebindikazioetarako.

Bestalde, Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza prest dago Europako Batzordeak Liburu Zuriaren bitartez irekitako hausnarketari ekarpen bat egiteko, “Europaren Etorkizunari buruzko Ikuspegia” dokumentuan adierazi bezala. Gainera, jakinarazi duenez, onetsi egin da “Politika Publikoen estrategia eta garapena eta Aurrekontuen esparru ekonomikoa 2018-2020” dokumentua, gobernantza onarekiko konpromisoa definitu eta Europako esparruko egonkortasun, jasangarritasun eta irmotze fiskalaren irizpideak defendatzen dituena. Bestalde, adierazi du datorren urriaren 25ean “Brexit Batzordearen” bilera berri bat egingo dela Lehendakaritzan.

“Euskadi prest dago eszenario globalean integratuagoa egongo den Europa bat eratzen laguntzeko”, azpimarratu du Lehendakariak. Horren haritik, azaldu duenez, Euskaditik hartu da iniziatiba Estaturik gabeko 12 Eskualderen eta Nazioren proposamen baten aitzindaritza hartuz Eskualde elkartuaren irudia instituzionalizatzeko. Europako Batzordeak berak jasotako eskakizunei erantzuten dien iniziatiba bat da, maila anitzeko gobernantza baten aldekoa, koherentzia eta eraginkortasuna emango dizkiona sistema politikoari, eta bere izaera demokratikoan sakonduko duena.

Gainera, Lehendakariak azpimarratu egin du Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen Agenda 2030 garatu eta aplikatzeko. “Bai Euskadirentzat bai Europa osoarentzat, Europako politika industrial bat garatzea defendatzen dugu hazkunderako eta enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko oinarri gisa”, nabarmendu du Lehendakariak. Bestalde, azpimarratu egin du haurtzarotik kalitateko hezkuntzan inbertitzen jarraitzeko premia eta Espezializazio Adimendunean oinarritutako estrategia baten alde apustu egitekoa. “Ikerketan eta garapenean, gero eta inbertsio handiagoaren alde ari gara apustu egiten, urteko % 5eko hazkundearekin”, gaineratu du.

Informazio gehiago