Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2014ko irailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4004

EBAZPENA, 2014ko abuztuaren 29koa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordio bat. Akordio hori honako lege honen arlokoa da: 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa.

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den akordioa hartu ondoren, eta artikulu horren c) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordearen akordio bat, honako lege honen arlokoa dena: 8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa (ikus eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abuztuaren 29a.

Araubide Juridikoaren sailburuordea,

SABINO TORRE DÍEZ.

ERANSKINA
AKORDIOA, ESTATUKO ADMINISTRAZIOAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK OSATUTAKO BITARIKO LANKIDETZA BATZORDEARENA, HONAKO LEGE HONEN ARLOKOA: 8/2013 LEGE ORGANIKOA, ABENDUAREN 9KOA, HEZKUNTZAREN KALITATEA HOBETZEKOA

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak, 2014ko abuztuaren 29an, honako akordio hau hartu du:

1.– Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Bitariko Lankidetza Batzordeak 2014ko martxoaren 4an hitzartutako akordioa betez, lantalde bat osatu zen, hain zuzen ere, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren inguruan sortutako eskumen-desadostasunak aztertu eta nola konpondu proposatzeko (lege organiko horrek hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Legea aldatzen du). Lantalde horrek aurrez egindako negoziazioekin bat etorriz, bi aldeek uste dute desadostasun horiek konponduta geratu direla partez, lege horretako aginduei dagokienez hartutako konpromiso hauek kontuan izanda:

a) Bi aldeek onartzen dute Konstituzio Auzitegiak Konstituzioaren eta Estatutuaren esparrua interpretatzean emandako doktrinak osatutako oinarrien kontzeptu materialera mugatuta ulertu behar direla Estatuko Gobernuak 2/2006 Lege Organikoaren 41. artikuluko 2. paragrafoaren azken lerroaldearen babesean eta artikulu horretako 3. paragrafoko b) idatzi-zatiaren babesean (abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan idatzita bezala) erregelamenduz ezar ditzakeen baldintzak.

b) Bi aldeek onartzen dute Espainiako Gobernuak 2/2006 Lege Organikoaren 38. artikuluaren eta hogeita hamaseigarren xedapen gehigarriaren babesean (abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan idatzita bezala) ezarritako oinarrizko araudiak bermatu egin beharko duela Euskal Herriaren Autonomia Estatutuko 16. artikuluaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak arau bidez garatzeko daukan ahalmena.

c) Bi aldeek onartzen dute gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen legeriak bermatzen duela hizkuntza koofizialak komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea arrazoizko proportzio batean, hogeita hemezortzigarren xedapen gehigarriko 4. paragrafoko b) idatzi-zatian ezarritako eskakizunak betez.

d) Hizkuntza koofiziala eta literatura irakasgaiari dagokionez, bi aldeek honela interpretatzen dute legea:

– Hizkuntza Koofiziala eta Literatura eta Gaztelania eta Literaturako jakintzagai/arloei hezkuntza-etapa desberdinetan, legez, pareko tratamendua eman beharrak dakar pareko garrantzia izan behar dutela hezkuntza-sisteman, baina horrek ez du hezkuntza-administrazio bakoitzaren ahalmena mugatzen jakintzagai/arlo bakoitzaren eskola-karga zehazteko orduan, oinarrizko araudian ezarritako mugen barruan betiere.

– Hizkuntza Koofiziala eta Literatura irakasgaiaren ebaluazioa, hogeita hemeretzigarren xedapen gehigarrian aipatzen dena, hezkuntza-administrazioen eskumen esklusiboa da, eta Estatuko Administrazio Orokorrak ebaluazio hori autonomia-erkidego bakoitzaren berezitasunetara egokitzea ahalbidetuko du.

e) Bi aldeek onartzen dute ikasleak onartzeko irizpideak modulatu ahal izateko curriculum-espezializazio bat aitortua duten ikastetxeen ahalmena (84.2 artikuluan ezarritakoa) gauzatu behar dela hezkuntza-administrazio bakoitzak bere eskumenak betez zehaztu duen antolaketa-ereduaren barruan.

f) Bi aldeek onartzen dute, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren V. tituluan («parte-hartzea eta autonomia ikastetxeen gobernuan») ezarritako esparru orokorraren barruan, hezkuntza-administrazioei dagokiela, beren burua antolatzeko daukaten ahalmena betez, ikastetxe publikoen kudeaketa-eredua zehaztea eta zuzendaritzaren eta partaidetzarako kide anitzeko organoen arteko harremanak antolatzea.

g) Bi aldeek berresten dituzte beren desadostasunak eztabaida piztu duten gainontzeko alderdiei dagokienez.

2.– Lortutako akordioa dela-eta, bi aldeek uste dute akordio honetan jasotako xedapenei buruzko desadostasunak konpondu direla partez, eta haien gainean piztu den eztabaida amaitu dela.

3.– Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinaraztea 2014ko irailaren 10a baino lehen eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Madril, 2014ko abuztuaren 29a.

Ogasun eta Herri Administrazioetako ministroa,

CRISTÓBAL MONTORO ROMERO.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala