Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2014ko irailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4003

AGINDUA, 2014ko irailaren 3koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Karrera Judizialera, Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora iristeko prestaketa-laguntzetarako 2015eko deialdia egiteko eta laguntza horiek arautzeko dena.

Giza-baliabideen garrantzia abiaburu hartuta, eta jakinda zenbateraino beharrezkoa den Karrera Judizialera, Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora sartzeko bidea ematea eta erraztea, egonkortasuna bultzatzeko eta Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea ona izateko, eta, hartara, herritarrak gustura egoteko eta konfiantza handiagoa izateko Justizia Administrazioarekin, duela hamar urte baino gehiago abiarazitako gurpilaren biran jarraitzea erabaki dugu, eta agindu honen bidez hainbat laguntza ematea, Zuzenbideko lizentziadunak motiba daitezen beren urratsak Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora bideratzera. Hartara, Justizia Administrazioak langile egonkorrak izango ditu, eta lana zorrotzago eta kalitate hobeaz egiteko moduan egongo da.

Esandakoaren ondorioz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Karrera Judizialera, Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora iristeko prestaketa-laguntzetarako 2015eko deialdia iragartzea eta laguntza horiek arautzea.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Beka bakoitza 6.600 eurokoa izango da, urteko. Hilero 550 euro emango dira, hilaren hasieran.

2.– 2015eko ekitaldian, agindu honek jasotzen dituen laguntzetarako ehun eta laurogeita hemezortzi mila (198.000) euroko kopurua ezarriko da, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan propio ezarritako aurrekontu-izendapenaren kontura.

3.– Kreditu egokia eta nahikoa izan arte emango dira 2015eko ekitaldirako bekak.

3. artikulua.– Iraupena.

Bekak urtebeterako dira. Nolanahi ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean –bekadunen hautaketa-prozesua gainditu ostean– izendapena argitaratzen den egunean amaituko dira, edo, halakorik ez badago, Eskola Judizialean sartzeko egunean. Laguntzaren onuraduna behartuta dago gerora jasotako zenbatekoak itzultzera.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Honako baldintza hauek bete behar dira beka eskuratzeko moduan izateko:

a) Orain lehiatu behar dituen oposaketen aurreko deialdian eskatzen ziren baldintzak betetzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea eta azken zazpi urteetatik gutxienez bostetan bertan bizi izatea.

c) Zuzenbideko lizentziaduna izatea.

d) Lizentziatura, gehienez ere, orain dela zazpi urte lortutakoa izatea.

e) Karrera Judizial edo Fiskaleko nahiz Idazkari Judizialen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea.

Prestatzailea beste kidego batekoa izan daiteke, baldin eta prestakuntza-prozesua gidatzeko merezimenduak dauzkala irizten bazaio. Horretarako, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak behar bezala arrazoitutako baimena eman beharko du.

f) Hiru urteko gehienezko epean –jarraian edo aldizka– deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko edozein bekaren, antzeko izaeradun graduondokoren edo laguntzaren onuradun ez izana.

g) Ez edukitzea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez izatea halako laguntzak jasotzeko legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke (I. eranskina) Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), Eusko Jaurlaritzaren Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan eskura daiteke: euskadi.net.

Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan:

https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/becas-carrera-judicial/es

https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/karrera-judiziala-bekak/eu

3.– Pertsona eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten bezala. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar den eskabidearekin batera.

Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Udal ziurtagiria, eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta bizilekua egiaztatzen duena (4.1.b artikuluan ezarritako epean), bizileku horretan bizi direnak sartuta.

b) Eskatzailea mantentzen dutenen egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak. Horretarako, 2013. urteko Errentaren Gaineko Zerga-aitorpenaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2013an izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak, haien sarrera-maila dela-eta, aipatu aitorpena egin behar ez dutenen kasuan.

Halaber, eskatzaileak edo mantentzen dutenek langabezia-prestaziorik, aurre-erretirorik, larrialdi sozialeko diru-sarrerarik, gizarteratzeko laguntzarik edo halako sarrera osagarririk jaso izan badu 2013. urtean, horiek egiaztatzeko agiriak (INEMekoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien erakunde edo organoenak); berdin dio jasotzailea errenta-aitorpenean sartuta dagoen ala ez.

c) Ikasketa-espediente osoa, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua. Salbuespen izango dira deialdi honetarako prestatu den bide elektronikoa darabilten eskatzaileak, zeintzuk eskaneatuta aurkeztu beharko baitute ikasketa-espediente osoa.

Aurreko deialdietan ikasketa-espedientea aurkeztu duten eskatzaileek ez dute berriro aurkeztu beharrik izango.

d) Hala badagokio, euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa. Aurreko deialdietan dokumentazio hori aurkeztu duten edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek, bitarteko elektronikoen bitartez eskatu eta kontsultatu ahal izango dute prozedurari buruzko informazioa; izapideak ere bide beretik egin ahal izango dituzte.

2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

3.– Izapideak egiteko argibideak, aurrez aurre edo modu elektronikoan, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2014/becas-carrera-judicial/es ; https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2014/karrera-judiziala-bekak/eu

4.– Eskaeraren eta dokumentazioa aurkeztearen izapideak bide batetik egiteak (modu presentzialean edo elektronikoan) ez du prozeduraren hurrengo izapideak bide beretik egitera behartzen; edozein unetan aldatu daiteke izapideak egiteko modua.

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira:http://www.euskadi.net/misgestiones ; https://euskadi.net/nirekudeaketak

8. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskabideek aukera emango dute eskatzaileak espresuki baimena eman dezan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko:

– Euskara-maila egiaztatzea.

2.– Gainera, eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:

– Jakinaraztea beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu izana.

– Itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea edo, egon izanez gero, prozedura hori bukatuta egotea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez edukitzea zigor- eta administrazio-arloko zigorrik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik.

– Gainera, eskaeran eta horrekin batera doan dokumentazioan azaltzen diren datuak egiazkoak direla eta laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen arautegiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela adierazi beharko du eskatzaileak.

Gainera, erantzukizunpeko adierazpen batek ordezka ditzake betekizun hauek:

– Eskatzaileak betetzen dituela prestatu nahi duen oposizioaren azken deialdian eskatutako betekizunak, ez duela jasotzen beste beka-motarik, antzeko izaeradun graduondoko ikasketarik, eta ez duela ordaindutako lanik egiten. Nolanahi ere, salbuespen izango da deialdi-aginduaren 14.1 artikuluan aurreikusitakoa.

– Eskatzaileak Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Idazkari Judizialen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza duela.

Laguntzaren onuradunek, laguntzaren ebazpena eman aurretik, aipatutako betekizunak egiaztatuko dituzte, dagokion ziurtagiria aurkeztuz edo organo kudeatzaileak zuzenean egiaztapena egiteko baimena emanez.

9. artikulua.– Nola zuzendu eskabideko akatsak.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak eskatzaileek aurkeztutako agirietan zerbait falta dela ikusten badu, 10 eguneko epea emango du akatsak zuzentzeko. Epea amaitzerakoan zuzenketa egin gabe badago, uko egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Justizia Administrazioa Modernizatzeko Zuzendaritzak egingo ditu deialdi honen diru-laguntzak kudeatzeko lanak.

11. artikulua.– Merezimenduak balioestea.

1.– Onuradun izan ahal izateko, honako meritu hauek hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak:

a) Egoera ekonomikoa, 0tik 45 puntura bitarteko eskalan baloratuta.

b) Ikasketa-espedientea: 0tik 35 puntura bitartean baloratuta.

c) Euskara jakitea: 0tik 15 puntura bitartean.

d) Aurreko urteetan bekaduna izatea: 0tik 5 puntura bitartean.

3.– Baldin eskatzaileren batek ez baditu lortzen gutxienez 3,5 puntu ikasketen espedientean, besterik gabe lehiaketatik kanpo geratuko da, beste inongo meriturik baloratzen hasi gabe.

12. artikulua.– Laguntzen onuradunak aukeratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, hautaketa-batzordeak erabakiko du zein hautagai proposatu bekak eskuratzeko. Honakoek, edo beraiek izendatutako ordezkoek, osatuko dute batzordea:

Presidentea:

– Justizia Administrazioko zuzendaria.

Batzordekideak:

– Karrera Judizialeko kide bat, Euskadiko Justizia Epaitegi Nagusiko presidenteak izendatuta.

– Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia.

– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justiziako zuzendaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Goreneko Gobernu Salako idazkaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Fakultateetako dekanoak.

Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkaria; haren titularrak izendatuko du.

2.– Aurrez ezarritako baremoen arabera aukeratuko dira hautagaiak, Hautaketa Batzordeak onartutako garapenaren arabera; horrela baloratuko dira eskatzaileek egiaztatutako merituak. Akordioak hartzeko, Batzordeko kideen gehiengo absolutuak ados egon behar du. Berdinketarik sortzen bada, presidenteak izango du boto erabakigarria.

3.– Batzordeak 30 hautagai aukeratu behar ditu lortu dituzten puntuen arabera, eta zein kidegotarako lehiatzen diren kontuan hartu gabe. Horiez gain, beste 10 eskatzaile ere aukeratu behar ditu, hurrengo 10 puntuazio onenak lortu dituztenak, aurreneko hogei horietako inork beken onuradun izateari utziko balio ere, beka bukatu delako, uko egin diolako, ez duelako ondo bete betebeharrekoa, ezintasunen bat sortu zaiolako edo onuradun izateko aukera galarazten duen beste edozein gorabehera izan duelako. Nolanahi, gorabehera hori laguntza eskuratu eta hurrengo bi hilen barruan gertatu bada egingo da ordezkapena, ez bestela.

4.– Ordezko izango diren 10 hautagai horien zerrenda meritu lehenetsien arabera lortu duten puntuazioaren hurrenkeran osatuko da.

5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, 3. artikuluan ezarritako epea osatzeko falta den aldian.

Edonola ere, ekitaldiko aurrekontutik erabilgarri dagoenaren arabera izango du laguntza ordezkoak.

13. artikulua.– Bekak esleitzea.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena aztertu ondoren, Justizia Sailburuordetzak ebatziko du deialdiko bekak nori eman: nor hautatu duten, zein ordezko izango diren, eta, bakanterik balego, zein bakante diren. Sei hilabeteko epea izango du, gehienez, erabakia hartu eta jakinarazteko, agindu hau indarrean sartzen denetik hasita.

Batzordeak epe horretan ez badu erabakirik adierazten, ezetsitzat joko dira eskabide guztiak. Ebazpen honek ez dionez administrazio-bideari amaiera ematen, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke hilabeteko epean, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarengana jota, aukera hori ematen dute azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluak eta ondorengoek.

2.– Prozedurari buruzko ebazpena propio hautatu bakoitzari jakinarazteaz gain, aukeratutako hautagaien zerrenda, ordezkoen zerrenda eta, batere baldin badago, bakanteen zerrenda, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eragingo du Justizia Sailburuordetzak, bai eta emandako beka bakoitzaren zenbatekoa ere.

14. artikulua.– Beken baldintzak.

1.– Ezin da beka hau baliatu aldi berean beste bekaren bat edukiz gero, ez eta ordaindutako edozein zerbitzutan jardunez gero, non eta ez den Organo Judizialetan eta Fiskaltzan ordezko-zerbitzuren bat, hala bada, zerbitzua ematen duen bitartean bekaren dirua jasotzeko eskubidea etenda geratzeko eskatu beharko du onuradunak. Nolanahi, ezingo du sei hilabete baino gehiago egin zerbitzua ematen, bekak dirauen aldian.

2.– Beka etenda geratuko da, berdin-berdin, istripuagatik edo gaixotasun larriren batengatik onuraduna ezinduta geratzen bada; jakina, behar bezala egiaztatu beharko du ezintasun hori. Kasu honetan ere, goiko kasuan bezalaxe, sei hilabetez etengo da, gehienez, bekaren diru-iturria.

3.– Epe hori pasatutakoan, oraindik ere beka etetea eragin zuten gorabeherek hor jarraitzen badute, bukatutzat emango da beka.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Beka onartzeaz bat, deialdi honetan jarritako arau guztien men geratzen da onuraduna; hori dela-eta, zehazki, 14. artikuluan azaldutako edozein gorabehera gertatuz gero, horren berri eman beharko du.

Laguntza onartu egin dela ulertuko da, emakida-ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 15 egun pasa ondoren, onuradunak besterik adierazi ez badu.

2.– Karrera Judizialeko edo Fiskaleko kideek edo Idazkari Judizialen Kidegokoek emandako prestaketa-ikastaroetara zintzo eta ikasteko gogoz joatea, non eta ez daukan Justizia Administrazioa Modernizatzeko Zuzendaritzaren baimena ez joateko.

3.– Honako deialdi honen ondoren egingo den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea, betiere, bien artean gutxienez urtebeteko tartea baldin badago; eta destinoa aukeratzerakoan, beti lehentasuna ematea Euskal Autonomia Erkidegoko destinoei.

4.– Hiru hilean behin, oposaketa prestatzen egindako gastuen memoria aurkeztea; prestatzaileak epe horretan sortutako fakturen kopia erantsi behar zaio memoriari.

5.– Diru-laguntza jasotzen duen bitartean gertatutako edozein gorabeheren berri ematea administrazioari.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eskatutako informazio guztia ematea.

7.– Hautaketa-prozesua gainditu ondoren destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez bi urtez jardutea lanean autonomia-erkidegoan bertan, halabeharrak eraginda beste nonbait jardun beharra egokitzen ez bazaio behintzat.

8.– Baldin onuradunak deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzeari uzten badio, gerta liteke emandako beka kentzea; halakoetan, jasotako dirua itzuli egin beharko du (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua eta horren ildokoak, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko Aurrekontu Orokorretatik ordaintzen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatu eta horren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizun, araubide eta obligazioak erregulatzen dituena –1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.– edo horren ordez indarrean jarriko den araua).

16 artikulua.– Onuradunen hiruhileko justifikazioko memoria aurkezteko lekua eta modua.

1.– Agindu honen 15.4 artikuluan aurreikusitako justifikazioko memoria aurrez aurre aurkez daiteke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.– Halaber, justifikazioak bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu ahal izango dira helbide honetan: https://euskadi.net/misgestiones ; https://euskadi.net/nirekudeaketak

17. artikulua.– Pertsona onuradunen jarraipena.

1.– Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak, prestatzaileen bitartez, bekadunei jarraipena egingo die. Horretarako, prestatzaileei hiru hilean behin txostena eskatuko die, eta txostenean oinarrituz, beka jasotzeko eskubidea galdu den ala ez ebatziko du. Eskubidea galduz gero, galera sorrarazi duen gertakaria gertatu den une berean izango ditu ondorioak eta egun horretatik aurrera jasotako dirua itzuli beharko du bekadunak.

2.– Prestatzaileek, aldizka eskatzen zaien txostena egiteaz gain, eskatzaileen aprobetxamenduan gertatzen den edozein gorabeheraren berri eman beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 3a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala