Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2014ko abuztuaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3498

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinen bidez argitaratzen baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Horren bidez, baliabide ekonomikoak esleitzen ditu eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan aurreikusitako laguntzak 2014an finantzatzeko oinarri arautzaileak egokitzen eta osatzen ditu. Baliabide horiek esleituko dituzte lanetik kanpoko praktikak egiteagatik enpresei konpentsatzeko, eta araudi horietan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langabeei laguntzak eta bekak emateko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bileran hartu zuen erabakiaren bidez, baliabide ekonomikoak esleitu ditu eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan aurreikusitako laguntzak 2014an finantzatzeko oinarri arautzaileak egokitu eta osatu ditu. Baliabide horiek esleituko dituzte lanetik kanpoko praktikak egiteagatik enpresei konpentsatzeko, eta araudi horietan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langabeei laguntzak eta bekak emateko Eta Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian xedatutakoaren arabera –maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartua–, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio berau argitaratzea.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak 2013ko uztailaren 28ko bileran hartu zuen erabakia argitaratzea, zeinen bidez baliabide ekonomikoak esleitzen baititu eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan aurreikusitako laguntzak 2014an finantzatzeko oinarri arautzaileak egokitzen eta osatzen baititu. Baliabide horiek esleituko dituzte lanetik kanpoko praktikak egiteagatik enpresei konpentsatzeko, eta araudi horietan erregulatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langabeei laguntzak eta bekak emateko.

Bigarrena.– Ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabakiak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Argitaratzen den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko uztailaren 30a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, ZEINEN BIDEZ BALIABIDE EKONOMIKOAK ESLEITZEN BAITITU ETA MARTXOAREN 7KO TAS 718/2008 AGINDUAREN III. KAPITULUAN AURREIKUSITAKO LAGUNTZAK 2014AN FINANTZATZEKO OINARRI ARAUTZAILEAK EGOKITZEN ETA OSATZEN BAITITU. BALIABIDE HORIEK ESLEITUKO DITUZTE LANETIK KANPOKO PRAKTIKAK EGITEAGATIK ENPRESEI KONPENTSATZEKO, ETA ARAUDI HORIETAN ERREGULATUTAKO HEZIKETA-EKINTZETAN PARTE HARTZEN DUTEN LANGABEEI LAGUNTZAK ETA BEKAK EMATEKO

Enpleguari buruzko abenduaren 16ko 56/2003 Legearen 26. artikuluan, Enplegurako Lanbide Heziketaren lege-esparrua finkatzen da. Bertan adierazten da, enplegurako lanbideko azpisistemaren heziketa-ekintzen helburu dela lanbide-kualifikazioak eta -eskuduntzak eskuratzea, hobetzea eta etengabe eguneratzea, biztanleria aktiboaren bizitza osorako heziketa bultzatuz, eta pertsonen, enpresen, lurraldeen eta produkzio-sektoreen beharrak elkarren artean uztartuz.

Enplegurako lanbide-heziketako azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak azpisisteman bilatutako helburuak eskuratzeko behar dituzten heziketa-eskaintzako eta -programazioko bide diferenteak ezartzen ditu. Hala, 25. artikuluan, eta eskaintza-heziketaren barruan, bereziki langile langabeei zuzendutako heziketa-ekintzen oinarrizko erregulazioa biltzen da. Ekintza hauen helburu nagusia da produkzio-sistemak behar dituen enplegutan langabeak laneratzea.

395/2007 Errege Dekretuaren 25. artikuluan bertan praktika egiten duten pertsonekin lan-erlaziorik sortuko ez duten laneko praktikak egiteko enpresekin akordioak bultzatzeko beharra adierazten da. Horren ondorioz enpresek praktikako ikasle/ordu bakoitzeko dirua jaso dezakete. Era berean, talde jakinentzako beka, garraio, mantenu, bizileku, eta laneko eta etxeko eginkizunak bateratzeko kontzeptu gisa, heziketa-ekintzetan parte hartuko duten langileei laguntzak ematea aurreikusi dute.

Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduak 395/2007 Errege Dekretua garatzen du eskaintza egiteari dagokionean. Gainera, lanez aparteko praktika profesionalak egiteagatik enpresei ordain ekonomikoak eta heziketa-ekintzak, eta heziketa horietan parte hartzen duten ikasleei laguntzak eta bekak finantzatzeko diru-laguntza publikoak ematea arautuko duten oinarriak erregulatzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu egin zitzaizkion Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak. Geroztik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskumena da enpleguko, enplegu-prestakuntzako sustatzeko sortzeko programak kudeatzea.

TAS/718/2008 Agindua indarraldi mugagabeko araudia da. Halaber, Aginduaren III. kapituluan arautzen dituzten ikasleentzako laguntzak eta bekak emateak, eta lanez kanpoko praktika profesionalak gauzatzeagatik enpresei ordain ekonomikoak emateak ez dute norgehiagokako erregimena jarraitzen, araudi honetan berariaz adierazten den moduan. Era horretan, laguntza horiek finantzatzeko urtero esleituko duten aurrekontu-kreditua, edo bere eguneratzearen ondoriozkoa, laguntza hauen muga izango da.

Azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.1 eta 2. artikuluetan xedatutakoaren arabera, eta indarraldi mugagabeko arauetan erregulatutako diru-laguntzen deialdien arabera artikulu honetako 5. paragrafoan xedatutakoa analogikoki aplikatuz –Euskal Autonomia Erkidegoekaren ekitaldi bakoitzeko aurekontuak onartutakoan– jakitera eman behar da TAS/718/2008 Aginduaren III. kapituluan araututako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, eta baita berau eguneratzearen ondoriozkoa ere.

Era berean, publizitate eta segurtasun juridikoko printzipioak errespetatzeko, komeni da ezagutzera ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko erakunde autonomoaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoak laguntza horien kudeaketa bere gain hartzean aplikatu beharreko diru-laguntzen erregimen juridikoarekin eta prozedurarekin lotutako alderdi jakinetako laguntzen onuradun potentzialak. Halaber, TAS 718/2008 Aginduan aurreikusitako laguntza hauek arautzen dituzten oinarriak osatu egin behar dira, diru-laguntzen programa hau gauzatzeko baldintza jakinak zehazteko, 2014ko ekitaldian emandako diru-laguntzei aplikatzekoak izango direnak.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2014ko uztailaren 28ko bileran, erakunde autonomoaren zuzendari nagusiak proposatuta eta aldez aurretik dagokion deliberamendua hartuta, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Eskaintza osatzeko arloan, martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan araututako laguntzak finantzatzeko 2014. urtean baliabide ekonomikoak esleitzea. Baliabide horiek esleituko dituzte lanetik kanpoko praktikak egiteagatik enpresei konpentsatzeko, eta araudi horietan erregulatutako eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako heziketa-ekintzetan parte hartzen duten langabeei laguntzak eta bekak emateko. Guztira, 460.000 euro emango dituzte, 2013ko ekitaldiaren ordainketa-kredituari dagozkionak, eta 3231 – Prestakuntza, 41. Atala - Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua programaren kargura izango dira.

Kopuru hori handitu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek gertatzen badira, horren berri emango dute EHAAn argitaratutako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Esleitutako baliabide ekonomikoen zenbatekoa edo gehikuntzaren ondoriozkoa izango da laguntzak emateko muga. Funtsak agortzen badira, EHAAn jakinaraziko dute Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Aurrekontu-kreditu honen bitartez, batetik, Lanbidek diru-lagundu eta kudeatutako prestakuntza-ekintzen parte diren praktika ez-laboralak egitea dela-eta, 2014. urtean langabeei ordaindu behar zaizkien laguntza eta bekei egiten zaie aurrea; betiere, batez ere, EAEko langabeentzako diren prestakuntza-eskaintzetarako deialdien barruan, zeintzuk 395/2007 EDn aurreikusten diren eta TAS 718/2008 Aginduan arautzen diren. Eta bestaldetik, 2012ko eta 2013ko ekitaldiei dagokienez, batez ere EAEko langabeentzako prestakuntza-eskaintzetarako deialdietako prestakuntza-eskaintzen ondoriozko praktika ez-laboralak egiteko, enpresentzako konpentsazio ekonomikoei egiten zaie aurre.

Bigarrena.– Martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduaren III. kapituluan jasotako diru-laguntzen banaketak erregulatzeko oinarri arautzaileak egokitzea eta osatzea, laguntza hauen kudeaketari buruzko zenbait alderdi barne hartzeko. Alderdi horietan eragina izango dute Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko diru-laguntzen erregimen juridikoko eta antolakuntzako araudien aplikazioek. Era berean, eragina izango dute 2014ko ekitaldi honetan emandako laguntzei aplikatuko dizkieten gauzatze-baldintza zehatzek ere. Honela:

A) Langabeentzako bekei eta laguntzei dagokienez.

1.– Garraiorako, bizilekurako, mantenurako eta laneko eta etxeko eginkizunak bateratzeko laguntzak eta bekak aurkezteko eskaerak eta epea.

1.1.– Diru-laguntza hauek lortzeko eskaerak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz) eta Lanbideko enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, webgunean http://www.lanbide.net eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.

Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Parte-hartzaileak praktika ez-laboralari ekiten dionetik hara hilabetekoa izango da eskabidea aurkezteko epea.

1.2.– 2013an hasi eta 2014an jarraipena duten praktika ez-laboralei dagozkien beka eta laguntzei buruz, ez da beharrezkoa izango eskabideak berriz aurkeztea, eta praktika ez-laborala hasi eta hurrengo hilabetean aurkeztutakoak egindakotzat joko dira.

1.3.– Hilabete natural bakoitzeko azken egunean eskaera automatikoki eta baldintza berberekin berrituta dagoela ulertuko da, eskatzaileak epe horretan dagozkion prestakuntza-ekintzetan edo praktika ez-laboraletan parte hartu badu. Lanbidek eskatzailea eskoletan izan dela egiaztatuko du ofizioz.

1.4.– Praktika ez-laboralean zehar langabeak minusbaliotasun-izaera eskuratuko balu edo genero-indarkeriako biktimaren izaera lortuko balu, baldintza horiek betetzen dituztenentzako zuzendutako beka eskatu ahal izango du, izaera berezi hori eskuratzen duen legezko dataren ondorengo hilabetearen epean.

1.5.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Etxetik prestakuntza-zentrora joateko garraio publiko urbanoa erabiltzeko beharrari buruzko ardurapeko aitorpena.

b) Hiriarteko garraio publikoa erabiltzeko laguntza jasotzeko:

– Lehen egunean erabilitako garraio publikoko joan-etorriko txartelak.

– Errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.

c) Joan-etorriak norbere ibilgailuan egiteko laguntza: errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.

d) Mantenurako laguntza jasotzeko:

– Lehen egunean erabilitako garraio publikoko joan-etorriko txartelak.

– Errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.

e) Mantenurako eta ostatu hartzeko laguntza jasotzeko:

– Garraio-frogagiriak.

– Errolda- eta/edo bizitegi-ziurtagiria.

– Errentamendu-kontratua, ostatuko faktura edo ostatu hartu dutela egiaztatzeko beste edozein agiri.

f) Laneko eta etxeko eginkizunak bateratzeko laguntza jasotzeko:

– Familia-liburuaren edo ahaidetasun-mailaren ziurtagiriaren kopia konpultsatua.

– Mendetasun-egoera aintzat hartzen duen dokumentuaren kopia konpultsatua. Dokumentu hori, administrazio-agintaritzak edo agintaritza judizialak eman behar du.

– Familia-unitateko kide guztien diru-sarreren egiaztagiria.

– Interesduna ez dela bestelako prestaziorik jasotzen ari adierazten duen ardurapeko edo zinpeko aitorpena.

– Lanbidek emandako «Errenten adierazpenaren» inprimakia, betea eta sinatua.

– Etxebizitza berean erroldatuta dauden pertsona guztiak biltzen dituen erroldatze-ziurtagiria.

– Lanbidek emandako «saririk kobratzen ez dutenaren ardurapeko aitorpenaren» inprimakia, betea eta sinatua.

2.– Emateko eta ordaintzeko prozedura, kudeaketako, ebazpeneko eta baliabidetako organoak.

2.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Diru-sarreren Bermerako eta Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzak kudeatuko eta bideratuko ditu eskaerak, eta erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiak izango du eskaerak ebazteko eskuduntza.

2.2.– Aurreko hilean laguntzak jaso dituzten pertsonak prestakuntza-ekintzetara bertaratu diren egunak zuzendari nagusiak hilero egiaztatu ondoren, eman beharreko bekaren edo laguntzaren zenbatekoaren inguruan ebatziko du eta bertan finkatutakoa ordainduko dute.

Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaerak aurkeztutako ordena errespetatuz ebatziko dituzte, behin betiko osatzen dituzten neurrian eta helburu horretarako onartutako aurrekontu-kopurua agortu arte. Baliabide ekonomikoak agortzen diren hilabetean, baliabide horiek laguntzak ordaintzeko esleituko dituzte, dagozkien heziketa-ekintzak hasteko daten ordena kontuan hartuz eta bertan parte hartzen dutenen hasierako eskaera aurkezteko data kontuan hartuz.

2.3.– Hilero eman beharreko beka eta laguntzei buruzko erabakia ebazpen bakar batean bilduko dute, eta Lanbideren web-orrian argitaratuz jakinaraziko dute. Bertan, laguntza jasoko duten pertsonen izenak eta jasoko duten kopurua adieraziko dituzte. Eskatutako beka edo laguntza ez emateko ebazpenak, banaka jakinaraziko dituzte.

2.4.– Hasierako diru-laguntza eskatzen duten datatik eta automatikoki berritutako eskaera bakoitzetik sei hilabeteko epea edukiko dute ebazpena emateko. Epe hori igarota, eskaera onetsi dutela ulertuko da administrazio-isiltasunagatik, horren inguruan berariazko ebazpena egokituko ez balitz.

2.5.– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

3.– Baldintza espezifikoak eta beken eta laguntzen zenbatekoak.

3.1.– Ondoren aipatuko ditugun langabeek jaso ahal izango dute beka; kopurua ere adierazten da:

– Pertsona minusbaliatuek, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko enplegu-eskaeran baldintza hori frogatuta badago.

Beka horren arabera, eskatzaileak prestakuntza-ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko 9 euro jasoko du, gehienez.

– Genero-indarkeriaren biktimak diren emakumeek, azaroaren 21eko 1917/2008 EDren 7.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-eskaeran baldintza hori frogatuta badago.

Beka horren arabera, eskatzaileak prestakuntza-ekintzara bertaratutako egun bakoitzeko 10 euro jasoko du, gehienez.

3.2.– Hiri barruko garraiorako laguntzaren kasuan, bertaratutako egun bakoitzeko, gehienez, 1,5 euro emango dute.

3.3.– Hiriarteko garraio publikorako laguntzaren kasuan, joan-etorriko txartelen kostu osoa jasotzeko eskubidea izango dute. Horretarako, aipatutako txartelak aurkeztu beharko dituzte. Prestakuntza-ekintzaren ordutegirako egokia den garraio publikorik ez badago, norberaren ibilgailuan joateko baimena emango dute, eta egunero 0,19 euro ordainduko dute kilometro bakoitzeko.

3.4.– Mantenu-laguntzari dagokionean eskola-egun bakoitzeko, gehienez, 12 euro ordainduko dizkiete. Prestakuntza goiz eta arratsaldez denean, mantenurako eskubidea izango dute, betiere bai joateko eta bai etortzeko ibilbideak 50 kilometrotik gorakoak badira.

3.5.– Ostatu- eta mantenu-laguntzari dagokionean, egun natural bakoitzeko, gehienez, 80 euro ordainduko dizkiete, eta langabeak, eskolara joateko eta itzultzeko ehun kilometro edo gehiago egin behar dituenean emango diote, eta dagoen garraio-sareagatik eskolen aurretik eta ondoren joan-etorriak egunero egin ezin baditu. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegu Prestakuntzako Zuzendaritzak azken egoera hori gertatzen den aztertuko du.

Kasu horretan, ikasleak hasierako eta amaierako bidaiak egiteko klase ekonomikoko garraio-txarteletarako eskubidea izango du. Ostatu hartzeko gastua hainbat ikaslek partekatzen badute, laguntza pertsona horien artean banatuko dute, proportzioan. Jasotako laguntzak ezingo dira ostatu hartzeak eragindako kostu erreala baino handiagoak izan.

3.6.– Laneko eta etxeko eginkizunak bateratzeko laguntza egunero IPREMen % 75ekoa izango da, eskolara joandako egun bakoitzeko.

Errenta-gabeziako baldintzak betetzeko, beste hainbaten artean, diru-sarrerak bermatzeko errenta kontatuko dute.

B) Praktika ez-laboralak egiteagatik enpresentzako konpentsazioekin lortuta.

1.– Eskaerak eta horiek aurkezteko epea.

1.1.– Diru-laguntza hauek lortzeko eskabide-ereduak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz) egongo dira eskuragaia, eta Lanbideko enpleguko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira.

Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

1.2.– Gastuak justifikatzeko agiriekin batera aurkeztu beharko dira eskabideak, betiere bat etorriaz hartarako sikatutako zehaztapenekin.

1.3.– Parte-hartzaileak praktika ez-laboralak amaitzen dituenik harako hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea.

2.– Kudeaketa-organoak, ebazpena eta errekurtsoak.

2.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Diru-sarreren Bermerako eta Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzak kudeatuko eta bideratuko ditu eskabideak, eta erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiak izango du eskabidseak ebazteko eskuduntza.

2.2.– Eskabideak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta deialdiko baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten guztiei hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte.

2.3.– Eskabidea aurkezten den datatik harako hilabetekoa izango da ebazpena emateko gehieneko epea. Epe hori igarota, eskabidea onetsi dutela ulertuko da administrazio-isiltasunagatik, horren inguruan berariazko ebazpena egokituko ez balitz.

2.4.– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

3.– Konpentsazioen zenbatekoak.

Praktika ez-laboralak lantoki batzuetan burutzen badira, horiek titularrek honako konpentsazio ekonomikoak jaso jaso ahal izango dituzte: ikasleko eta praktika-orduko 4 euro.

C) Baldintza orokorrak.

1.– Beken eta laguntzen bateragarritasun-erregimena, eta enpresentzako konpentsazioak.

Erabaki honetan aipatutako bekak, laguntzak eta enpresentzako konpentsazioak bateraezinak izango dira helburu berarekin Administrazio Publiko honek edo beste edozeinek, edo entitate publiko edo pribatuek eman ditzakeen beste batzuekin.

2.– Diru-laguntzen inguruko araudi orokorra, aplikatzeko dena.

Laguntza-programa honi aplikatu behar zaizkio, batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan aurreikusitako diru-laguntza erregimen juridikoa, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horren kudeaketan laguntzen duten erakundeen betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Horien bitartez, laguntzen onuradunen obligazioak, laguntza horiek itzultzeko arrazoiak eta prozedurak, bermeen araubideak eta zigor-araubidea arautzen dira besteak beste.

Hirugarrena.– Erabaki honen edukiak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, argitaratzeko agintzea zuzendari nagusiari.


Azterketa dokumentala