Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2014ko maiatzaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1969

EBAZPENA, 2014ko martxoaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez egiten baita ingurumen-inpaktuaren adierazpen bat, «LM.06 Txomin Enea» hirigintza-jarduerarako eremuaren (HIE) plan bereziko ibai-parkearen urbanizazio-proiektuaren gainekoa (Donostiako udalak sustatu du proiektu hori).

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

«LM.06 Txomin Enea» alorreko ibai parkearen urbanizazio proiektua onartzeko prozedurari hasiera emanda, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko Lege Orokorrean eta Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu behar denez, besteak beste, honako izapide hauek gauzatu dira:

– Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren garrantzia zehaztea. Donostiako Udalak eskatuta, 2012ko maiatzaren 2an, Ingurumeneko sailburuordeak hasiera eman zion Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 8.1 artikuluan aurreikusitako kontsulta-izapideari. Izapide hori burutzeko, ingurumen-organoak 2012ko uztailaren 12an txosten bat eman zuen, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanaren zabalerari eta xehetasun-mailari buruz.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zuen proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana (2013ko urriaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, 196. zenbakia).

– Entzunaldiaren izapidea. Donostiako Udalak proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei, 2013ko urriaren 8an.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2014ko urtarrilaren 21ean, Donostiako Udalak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betez. 2014ko otsailaren 21ean, ingurumen-organoak formulatutako eskakizunak betetze aldera, espedienteko dokumentazioa osatu zen.

Aztertuta geratu dira agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak, eta ikusi da ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta bat datorrela indarrean dagoen legeriarekin. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legean, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan ezarritakoari jarraiki, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza, eta honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpen hau egitea «LM.06 Txomin Enea» HIEaren plan bereziko ibai-parkearen urbanizazio-proiektuari, Donostiako udalak sustatu baitu.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraiki.

2.A.– Proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatu beharko da, bai eta berariaz ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera ere.

Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziori buruzko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gain, kontuan izan du espedientean ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozeduraren aldietan erantsitako txostenen edukia.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan aldiro egiten diren aldaketak –hau da, aurreko idatzi-zatian adierazitakoen garrantzirik izan gabe, obrak egiteko falta diren gainerako prozeduretan sortzen diren aldaketak–, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta aldaketok proiektuko neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan sartuko dira.

2.C.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Ingurumen-inpaktua ebaluatu bitartean proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera gauzatuko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, eta neurri horiei ebazpen honetan ezarritakoak erantsiko zaizkie. Era horretan, neurri hauek hartzeak, batetik, eta kontrolerako esleitutako langileria, bestetik, azterketan ezarritako eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan ezarritako kalitateko helburuak bermatu ahal izango dituzte.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza agirietan erantsi beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Gipuzkoako Mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko landaretzaren zenbait espezieren babesa ezartzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua aplika baitaitezke ere, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa aipatutako mugetatik kanpo.

2.c.1.2.– Tokiko bertako zuhaitz-landaredia naturala ebakitzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, urbanizazio-proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukiarekin bat etorrita, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira lanak gauzatzeko derrigorrean moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak berariaz zehaztu beharko ditu babestu beharreko eremu horiek. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiko lan-programan jasoko dira.

2.c.1.3.– Kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestu behar dira, sistema erradikularraren kolpeak eta kalteak saihesteko. Ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak berariaz zehaztuko ditu jarduera horiek.

2.c.1.4.– Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko kalterik egingo balitz, neurri zuzentzaileak eta guneak oneratzeko neurri egokiak ezarriko dira; aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatian adierazten den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak.

2.c.1.5.– Kontratistaren instalazio eremuak, makinak gordetzeko guneak, lan txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak proiektatzerakoan, ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan.

Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio-eremuak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak arras txikiagotzeko.

Era berean, obrak hasi aurretik, xehetasun-kartografia bidez zehatz-mehatz mugatuko dira gune horiek guztiak, eta kontratistaren instalazio-eremuen ezaugarriak zehaztuko dira. Obraren Zuzendaritzak onartuko ditu aurreko horiek, ebazpen honetako 2.c.10. idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiko lan-programan jaso beharko dira.

2.c.1.6.– Jarduteko eremuan interes bereziko eremuak daude ondorengo fauna-espezieetarako: ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale) eta kolaka (Alosa alosa), Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuta baitaude biak ala biak.

Espezie horietako aleei eragin diezaiekeen edozer egin aurretik, hauek hartu beharko dira kontuan: Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean ezarritakoak, uztailaren 9ko 167/1996 Dekretuak xedatutakoak –Basa eta Itsas Fauna eta Landaredian Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrenda arautu baitu–, baita, hala badagokio, foru-organo eskudunak ezarritakoa ere.

Azken urteotan, Urumean izokina berriro zabaltzeko programari ekin diote, espezie horrek Urumearen arroa berriz kolonizatzeraino. Horri buruz, kontuan hartu beharko da espezie hori noiz egon daitekeen ibaian, eta neurri egokiak hartu beharko dira espeziearen habitat naturalari bere horretan eustea bermatzeko.

2.c.1.7.– Ibaiertzak lehengoratzeari dagokionez, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztu dokumentazioan proposatutakoa beteko da. Ibilguaren ertzen diseinuak aukera eman behar du landarezko zerrenda jarraitu bat egoki jartzeko, zuhaixkez eta zuhaitzez osatua, ibaiaren funtzio ekologikoari eusteko beharrezkoa da eta.

Inguruko landaredi potentzialeko espezieak erabiltzea lehenetsiko da. Ibaiertzak egonkortzeko soluzioen bidez, ibaiaren bazterrak landareberrituko dira, ur-bazterreko landarediko espezie autoktonoak erabilita.

Fallopia japonica edo antzeko landare inbaditzaileak ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Ildo horretatik, landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria kontrolatu beharko da, bereziki, eta espezie horiekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu.

2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak aparte utzi gabe, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.2.1.– Berariaz debekatuta egongo da makinak aldatu edo oliorik aldatzea, horretarako adierazitako guneetatik kanpo. Lanak egiten ari diren inguruan ez balego azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko esparru bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak ez kutsatzeko.

2.c.2.2.– Obra-makineriarako eta haren mantentze lanetarako utziko den azalera isolatu egingo da drainatze naturaleko sare batekin. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez dezaten. Ezin izango da erregairik zamatu, oliorik aldatu eta oro har tailerreko lanik egin adierazitako gunetik kanpo.

Instalazio horien ezaugarriak eta lurra eta ura ez kutsatzeko neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian zehaztutako lanen programan jaso beharko dira.

2.c.2.3.– Eraikuntza-fasean, minimizatu egingo dira drainatze-sarera isurtzen diren material finak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere, uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan jasoko dira.

2.c.2.4.– Hormigoizko upelen ikuzketa, betiere, horretarako egokitutako eremuetan egingo da. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen 2.c.6 idatzi-zatian ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

2.c.2.5.– «LM.06-Txomin Enea» hiri-antolamenduko plan bereziko ibai-parkearen urbanizazio-proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak aurreikusi dutenaren arabera, bata bestearen ondorengo fasetan egingo dira ibaiaren ondoko egurrezko zaldainak edo oinzubiak, eta ur-agorrak erabiliko dira ibaia aldi baterako desbideratzeko.

2.c.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko neurriak.

Proiektuaren eremuan badago toki bat (20069-00229 lurzatia), irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan sartuta dagoena. Dekretu hori, gogora dezagun, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa da.

Horri dagokionez, lurzoruaren araketa-ikerketari buruzko dokumentazioa bidali du sustatzaileak, ikerketa horren helburua izaki ikustea substantzia kutsagarririk dagoen, lurzorua kutsatu edo bestelakotzeko moduan.

Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta konpontzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17. artikuluarekin bat etorrita, lurrak mugitu behar diren tokian lurzorua kutsa zezakeen jarduera garatu zenez, nahiz eta jarduera hori geldirik egon egun, ingurumen-organoak ebazpen baten bidez deklaratu beharko du lurzoruaren kalitatea, otsailaren 4ko 1/2005 Lege horrek arautu duen prozeduraren arabera.

Beraz, urbanizazio-obrak –baita indusketa-lanak ere, horien barruan baitaude– lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatu lurzorua aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko. Era berean, ebazpenean ezarritako erabilera-mugak beteko dira.

Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, lurzoruaren kutsadura saihestu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa beteko da.

2.c.4.– Airearen kutsadura saihesteko eta hauts-emisioak murrizteko neurriak.

Lanak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Aldi baterako hutsik dauden pistak eta azalerak ureztatzeko sistema eduki beharko da.

Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Egoera egokian eutsiko zaie gailu horiei obrek dirauten bitartean. Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako 2.c.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko da.

2.c.5.– Soinuek eta bibrazioek eragindako eragina gutxitzeko neurriak.

2.c.5.1.– Lanak dirauen bitartean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

2.c.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

2.c.5.3.– Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

2.c.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.6.1.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak Hondakin, lur kutsatu eta berariazko araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko asmoz.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Hurrenkera honetan lehenetsiko da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakin horien balorizazioa teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala ziurtatu ondoren soilik deuseztatu ahal izango dira hondakina.

Berariaz debekatuta dago sortutako mota desberdinetako hondakinak elkarren artean edo beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea; jatorrian bereizi behar dira haiek, eta behar diren biltze- eta biltegiratze-bitartekoak jarri behar dira haiek ez daitezen nahasi.

2.c.6.2.– Ebazpen honetako 2.c.3 idatzi-zatian aipatutako tokien indusketa-lanen ondoriozko materialak ingurumen-organoak lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren barruan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.6.3.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Eraikitze- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko azterlana urbanizazio-proiektuaren barruan dago, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren arabera prestatu zen, eta, behar izanez gero, azterlan horietarako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren I. eranskinean ezarritako edukira egokitu beharko da.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako betebeharrei kalterik egin gabe, obran sortuko diren hondakinei eta eraikitze- eta eraispen-materialei dagokienez dituen betebeharrak nola beteko dituen jasotzen duen plan bat egin beharko du kontratistak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie eta. horien barruan sartuko da plan hori, eta Ebazpen honen 2.c.11 idatzi-zatiak aipatutako lan-programaren zati ere izango da.

Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, sustatzaileak bete beharko ditu amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunak. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egitean segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

2.c.6.4.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren, eta horien aldaketen arabera kudeatuko dira.

2.c.6.5.– Jardueraren ustezko soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

Soilik VIE-A ebaluazioko balio adierazgarrietatik beherako eduki poluitzaileak dituzten materialak utzi ahal izango dira lur-sailak betetzeko edo egokitzeko, lurzoruaren poluzioa prebenitu eta zuzentzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean jasotakoari jarraikiz.

2.c.6.6.– Hondakin arriskutsuetarako ontzietan kontuan izan beharko dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak (833/1988 Errege Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontzi edo ontzikiak etiketatuta egon behar dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa.

2.c.6.7.– Olio erabilia kudeatzeko, hartuko da kontuan industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.6.8.– Araudi hau errazago betetzeko, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta horien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik, ezta hondakinik erreko ere.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, lanak dirauen bitartean, sortutako hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira obran (bidoiak eta abar). Hondakinok euren izaeraren arabera bereiziko dira, betiere aipatutako puntu garbian aldi batez biltegiratu ondoren.

2.c.6.9.– Obretan sortutako eta aurreikusitako eraispenetako hondakinen ingurumeneko jarraipenaren txosten ulergarria egin beharko da, eta txosten horrek indarrean dagoen legeriak jasotzen dituen hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako agiriak jaso beharko ditu.

2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako betebeharrak betetzea aparte utzi gabe, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat aurkituz gero, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Orokorrari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zein neurri hartu behar diren.

2.c.8.– Paisaia babesteko eta leheneratzeko neurriak.

2.c.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, hau da, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren proiektuaren ondorioz kaltetu direnak. Ingurumen-lehengoratzeak hauek hartuko ditu barne: lurraren leheneratze geomorfologiko eta edafikoa, eta, urbanizatu gabeko aldeetan, landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareberritzea, eta, hiri-aldeetan, berriz, lorategi-elementuak berriro jartzea.

2.c.8.2.– Ibaiertzak lehengoratzeko landare-espezieak aukeratzerakoan, kontuan hartu beharko da Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzaren txostena, eragindako herri-administrazioen entzunaldiaren izapidean emandakoa.

2.c.8.3.– Lur-mugimenduak egiten diren bitartean, lur begetala modu askotan kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eragindako espazioak leheneratzeko eta landareberritzea errazteko.

2.c.8.4.– Landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

2.c.8.5.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urtean, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

2.c.9.– Garbiketa eta obra bukatzea.

Obrak bukatu ondoren, eremua ondo garbitu beharko da, proiektuaren eragin-eremutik obra hondakin guztiak kenduz. Garbitze-lanetatik sortutako hondakinak lan-eremutik kendu eta ebazpen honen 2.c.6 idatzi-zatian xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

2.c.10.– Ingurumenari buruzko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan trebatutako aholkularitza eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-agiriak obraren zuzendaritzari esleitzen dizkion funtzioekin lotutako ebazpenak emateko, aldez aurretik aholkularitza ematen duten adituek egindako txostena aztertu beharko da.

2.c.11.– Lan-programaren diseinua.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak.

Proposamen horiek lanen gauzatze-programarekin batera jasoko dira, eta lanen zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, aurreko idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren. Bildu beharreko agiriak honako hauek dira:

– Honako hauetarako sarreren kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasuna: makineriaren parkea, eta obrako materialen eta hondakinen biltegiratzerako eremuak.

– Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko plana, arau hauek errespetatuta: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikulua, eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikulua.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen ezaugarriak eta kokapena.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena Zaintzeko Programa sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan eta ebazpen honetan aurreikusitakoarekin bat etorriz gauzatuko da.

Programa obra kontratatzeko baldintzen pleguan egongo da eta aurrekontu bat izango du, programa betetzea bermatuko duena.

2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak amaitu ondoren, sustatzaileak obra amaierako txostena egin beharko du, eta han jasoko du obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa, bai eta neurri babesleak, neurri zuzentzaileak eta ingurumen-zaintzakoak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, bidali beharko da. Proiektua garatu bitartean sartutako aldaketa puntualak xehetasunez dokumentatu beharko dira, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta.

2.d.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute aurrez ikusitako gainazala baino eremu handiagoa hartuko.

2.d.3.– Uren kalitatearen kontrola.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero lanean, 2.c.10 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira edo kolektorera finik isuri ote den, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusten bada, beharrezko diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten zuloetan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

2.d.4.– Leheneratzearen arrakasta kontrolatzea.

Berme aldian, aldizkako jarraipena egingo da ikusteko ea ondo dagoen urbanizazio-proiektuak eragindako azaleren leheneratzea, batez ere urbazterreko habitata leheneratzeko sailetan arreta jarriz. Zainduko da orobat gainerako neurri zuzentzaileek ondo funtzionatzen ote duten.

Leheneratzearen arrakastaren jarraipena proiektu honetatik kanpo aurreikus daitezkeen jardueretara hedatuko da.

2.d.5.– Ingurumena Zaintzeko Programaren dokumentu bategina.

Sustatzaileak Ingurumena Zaintzeko Programaren testu bategina landu beharko du Ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean, eta ebazpen honetan proposatu diren betebehar guztiak bilduko ditu.

Programa horretan kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira; horrez gain, laginketarako eta analisirako metodologia, kontrolerako puntuen kokapenari buruzko kartografia xehatua, haien maiztasuna eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak ere jasoko dira.

2.d.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetara bidaliko dira. Urtean behin bidaliko dira emaitza horiek, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean emaitzen analisia jasoko da, eta berariaz adieraziko dira epe horretan izandako gertakari nagusiak, bai eta haien balizko zioak eta konponbideak ere.

Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza zerbitzuen eskura egongo dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesleak zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktua saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sartzeko.

2.f.1.– Ebazpen hau argitaratu eta hiru hilabeteko epean, ebazpen honetako 2.d.5 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumen-zaintzarako programaren dokumentu bategina.

2.f.2.– Obrak amaituta, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, neurri babesleak eta zuzentzaileak zein neurritaraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen 2.d.1 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

2.f.3.– Txostenak, obrak amaitzean hondeaketako soberakinei eta hondakinei egindako ingurumen-jarraipenari buruzkoak.

2.f.4.– Urtero, obrak hasi eta berme-aldia amaitu bitartean, ingurumen-zaintzaren programari buruzko dokumentua, egindako kontrolen emaitzak dituena, ebazpen honen 2.d.6 idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Hala ere, organo eskudunak hasiera emateko epea luzatu ahal izango du, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago.

4.– Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko martxoaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.


Azterketa dokumentala