Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2014ko maiatzaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1963

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 29koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariarena, lankidetza-entitateei laguntzak esleitzen dizkiena, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak 2014. urterako sustatze aldera.

Ebazpen honen bidez, azaroaren 25eko 197/2008 Dekretuan biltzen diren aurreikuspenak betetzen dira, 2014rako. Dekretu horrek lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko (2008ko abenduaren 9ko EHAA, 235. zk.). Oro har, ebazpen honetan ez dira errepikatuko dekretu horren edukiak, zeina diru-laguntza hauen deialdira aurkeztu nahi duten erakundeek nahitaez kontsultatu behar baitute.

197/2008 Dekretuak garapen-lankidetzarako euskal erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko. Laguntza horiek genero-alorreko Partaidetza Diagnostikoak eta genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoak finantzatuz emango dira.

Berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketaren prozesuak erakundeetan egingo diren gogoeta-jardun gisa definitzen dira. Jardun horiek ekarriko dute gaur egun dauden egiteko eta pentsatzeko moduak aldatzea, erakundearen funtzionamendu-eremu guztietan (estrategiak, egiturak, lan-sistemak, politikak, erakunde-kultura eta abar) gertatzen diren genero-desberdintasunak desagerrarazteko.

Dekretu horretako 10. artikuluaren arabera, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak laguntza-deialdia, deialdiarekin zerikusia duten honako hauen berri emanez: laguntzen zenbatekoa, eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea, balorazio-irizpideak, formularioa eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziaren eta Erakunde Eskatzailearen arteko hitzarmen-eredua. Kasu honetan, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia da eskumen hori duen agintaritza, bi dekretu hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, lehendakariarena; eta Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretua.

Bestalde, aipatutako dekretuaren 9. artikuluak dioenez, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak kudeatuko ditu laguntzak; eta 15. artikuluak dioenez, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako zuzendariak erabakiko du eskatutako laguntzak eman ala ez.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak erabakiko du nola kudeatu aipatutako laguntzak eta arlo honetan eman beharko diren ebazpenak edo sinatuko diren hitzarmenak. Horretarako, bi lege-xedapen hauek beteko ditu: batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikulua, eta bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikulua.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezte Kontseiluaren oniritzia jaso zuela 2014ko otsailaren 5ean egindako bilkuran.

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, garapen-lankidetzarako euskal erakundeei 2014ko ekitaldian eman beharreko laguntzetarako deialdia egiten da, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko. Laguntza horiek azaroaren 25eko 197/2008 Dekretuan aurreikusita daude (abenduaren 9ko EHAA).

2. artikulua.– Diru-hornidura.

Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko orokorra 132.000 eurokoa da.

Zenbateko hori aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi aurretik Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz amaitu gabeko beste diru-iturririk dagoen ikusita. Halakorik gertatuz gero, EHAAri jakinaraziko zaio horren berri, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren ebazpen bidez.

3. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, entitateek bide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaz eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaz erregulatzen da izapideketa elektronikoa. Ebazpen horren bitartez, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen da.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/2014/ayudas_proequidad/y22-izapide/es/.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.

2.– Laguntza-eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta.

Eskariak, orobat, bide elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira, egoitza elektroniko honetan:

https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ayudas_gba_2014/y22-izapide/es.

3.– Eskariak eskabide normalizatuaren bidez egingo dira, zeina ebazpen honi erantsirik baitago, eta egoitza elektroniko honetatik ere eskura daiteke:

https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2014/ayudas_gba_2014/y22-izapide/es.

4.– Eskabideak, eranskinetan zehaztutako agiriekin batera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara helarazi beharko dira:

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia

Nafarroa kalea 2

01007 Vitoria-Gasteiz

5.– Eskabidean dauden agiriekin batera, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako proposamena (Generoaren Partaidetza Diagnostikoa eta Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plana) erantsi beharko du erakunde eskatzaileak, ebazpenaren IV. eranskineko eskabide normalizatuaren bidez, edo, hala badagokio, Genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako proposamen teknikoa (Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plana), V. eranskineko ereduaren bidez.

5. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariari dagozkio diru-laguntza lerro honen kudeaketa-lanak. Agentziaren antolakuntza- eta jarduera-araudia ezartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 17.a) artikuluan ezartzen duenez (apirilaren 9ko EHAA), Agentziaren Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuak egingo ditu laguntza-eskabideen analisi teknikoa eta balorazioa; gero, horren berri emango dio Balorazio Batzordeari, zeinak, horretarako bildu eta gero, dagozkion laguntzak ematea proposatuko baitu.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Balorazio Batzordeko kide dira Ekonomia,Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko arduraduna, Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzuko arduraduna, Zerbitzu Juridikoko arduraduna eta Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:

– Presidentea:

Ainara Arrieta Archilla andrea, Koordinazio Teknikoaren Zerbitzuko arduraduna.

– Batzordekideak:

Nicolas Basarrate Hormaetxea jauna, Ekonomia, Aurrekontua eta Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko arduraduna.

Maite Garmendia Eguinoa andrea, Koordinazio Estrategikoaren Zerbitzuko arduraduna.

– Idazkaria:

Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkularitza juridikoa.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Eskatutako betebehar guztiak biltzen dituzten eskaerak 0tik 100era bitarteko eskala baten arabera baloratuko dira, ebazpen honetako I., II. eta III. eranskinetan ezartzen den balorazio-taula oinarritzat hartuta. Eskabideak handitik txikira ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Onetsiak izateko, programek gutxienez 50na puntu lortu beharko dituzte.

7. artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, onartutako diru-laguntzetarako hitzarmena sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak eta erakunde esleipendunak, VI. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusita ez dagoen ororako, honako hiru hauetan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak sustatzeko garapen-lankidetzarako euskal erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen dituen azaroaren 25eko 197/2008 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 29a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala