Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2014ko maiatzaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1959

ERABAKIA, 2014ko martxoaren 6koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUn informazioa zabaltzeko erabiltzen diren zenbait baliabide elektroniko arautzeko dena: erakundearen posta elektronikoa, banaketa zerrendak eta iragarki ohola.

UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 26. artikuluak dioenari jarraiki, 2014ko urtarrilaren 30ean aurkeztu zitzaion Gobernu Kontseiluari posta elektronikoa, banaketa zerrendak eta iragarki ohol elektronikoa arautzen dituen testua, sistema elektroniko egoki izan daitezen unibertsitatean komunikaziorako bide nagusi bilakatu eta horien bidez informazioa zabaltzeko.

Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak, 2014ko otsailaren 21eko bileran, aurkeztutako zuzenketei buruzko irizpena eman zuen, aho batez. Horren emaitza da Gobernu Kontseiluari aurkezten zaion testua, onar dezan.

Hori guztia kontuan hartuta, eta idazkari nagusiak hala proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean jasota dagoen moduan, UPV/EHUn informazioa zabaltzeko erabiltzen diren zenbait baliabide elektronikori buruzko arautegia: erakundearen posta elektronikoa, banaketa zerrenda eta iragarki ohola.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Leioa, 2014ko martxoaren 6a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ARAUTEGIA, ARAUTZEKO UPV/EHUN INFORMAZIOA ZABALTZEKO ERABILTZEN DIREN ZENBAIT BALIABIDE ELEKTRONIKO: ERAKUNDEAREN POSTA ELEKTRONIKOA, BANAKETA ZERRENDA ETA IRAGARKI OHOLA

Gaur egungo egoerarekin bat administrazioan eta zuzenbide publikoko erakundeetan baliabide elektronikoak erabiltzeari administrazio elektronikoa deritzo.

Horietako batzuk zenbait jarduera argitaratzeko erabiltzen diren oinarri elektronikotzat hartzen dira, eta administrazio balioa izan dezaten, UPV/EHUren egoitza elektronikoko iragarki ohol elektroniko ofizialean jasota egon behar dira.

Dena dela, horien osagarri baino ez badira ere, badira unibertsitateko taldeei iragarkien berri ematea edo informazio orokorra ematea helburu duten beste bitarteko batzuk, hain zuzen ere, iragarki oholak (egun Ehutaula izenez ezagunak) eta banaketa zerrendak.

Urte hauetan ikusi da baliabide horietan badirela zenbait disfuntzio eta bikoizketa, bai eta antolaketa falta ere, eta hori guztia eraginkortasunaren kalterako baino ez da, eta unibertsitateko kideei eta erakunde honekin harremanetan dauden gaineko herritarrei ematen zaien zerbitzuarentzat kaltegarri.

Barneko zein kanpoko komunikaziorako bide elektroniko nagusia posta elektronikoa da: bitarteko hori erabiltzen dute unibertsitateko kideek beren eginkizunak betetzeko behar duten informazioa bidaltzeko eta hartzeko. Hori horrela bada ere, orain arte UPV/EHUn ez dugu horri buruzko arautegirik izan.

Beraz, arautegi honen helburua da unibertsitateko kideek informaziorako erabiltzen dituzten baliabide elektronikoen erabilera arautzea, kontuan izanda erabiltzaileen eta hartzaileen berezitasunak, eta informazioaren gardentasunaren eta informazio askatasunaren alde jokatuz, kontuan hartuta, era berean, askatasun sindikala langile publikoen ordezkaritza organoei dagokionean, eta, betiere, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legean zehaztutako mugak gainditu gabe.

1.artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– Arautegi honen xedea da erakundearen posta elektronikoa arautzea, bai eta UPV/EHUren iragarki ohol elektronikoa eta banaketa zerrendak ere, sistema elektroniko egoki izan daitezen unibertsitatean komunikaziorako bide nagusi bilakatu eta horien bidez informazioa zabaltzeko; hori guztia UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 26. artikulua hedatzeko.

2.– Bitarteko horien bidez informazioa zabaltzeko, arloan ezar daitekeen legediari jarraitu beharko zaio, eta, batez ere, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegian jasotako mugak izan beharko dira kontuan.

3.– Idazkari nagusiaren eta gerentearen eginkizuna da agiri honetan jasotakoa behar bezala betetzeko beharrezko diren irizpideak ezartzea. Era beran, gerentearen eginkizuna da bitarteko horien gestio teknologikoa, materialen administrazioa eta mantentze lana bermatzeko beharrezko diren neurriak zehaztea.

2. artikulua.– Erakundearen posta elektronikoa.

1.– Posta elektronikoko zerbitzua da UPV/EHUren mezularitza elektronikorako sistema. Unibertsitateak langile guztiei (AZPkoei eta irakasle eta ikertzaileei) posta elektronikoko helbide bat ematen die irakaskuntza, ikerketa edo gestio lanean lagungarri izan dezaten, eta informazioa trukatzeko. Egun, zerbitzu hori Mailin izenarekin da ezaguna, eta informatikako zerbitzuek gestionatzen dute.

UPV/EHUk, era berean, posta elektronikoko helbide bana ematen die ikasleei, ikasketekin zerikusia daukaten lanak eta funtzioak garatzeko bitarteko gisa. Egun, zerbitzu hori Ikasle izenarekin da ezaguna, eta informatikako zerbitzuek gestionatzen dute.

Langileen posta elektronikoko helbideak izena.abizena@ehu.es egitura dauka, eta erabili ahal izateko, erakundearen kredentzialak behar dira, hau da LDAP erabiltzaile izena eta pasahitza. Datu horiek UPV/EHUrekin lan harremana ezartzean ematen zaizkio langileari.

Ikasleen posta elektronikoko helbideak, berriz, iabizenaXXX@ikasle.ehu.es egitura izango du, eta erabili ahal izateko, erakundearen kredentzialak behar dira. Kredentzial horiek lehenengo aldiz matrikula egitean ematen zaizkio ikasleari.

2.– Erakundearen posta elektronikoa pertsonen artean informazioa trukatzeko baliabide bat da, eta ez informazioa modu masiboan edo indiskriminatuan zabaltzeko bide. Informazioa modu zabalean hedatzeko, UPV/EHUk baditu beste bitarteko egokiago eta eraginkorrago batzuk, hala nola, banaketa zerrendak edo iragarki oholak, horiek ere arautegi honetan arautuak.

Posta elektronikoko kontua pertsonala da, eta, beraz, erabiltzailea bera da bere kontuan konfidentzialtasuna zaintzearen arduradun, pasahitza pribatuan gordetzearen arduradun eta bere postako kontutik egiten diren jarduera guztien arduradun.

3.– Zerbitzu hau eta bere eratorriak erabiltzen dituen unibertsitateko kide oro da zerbitzuaren erabiltzaile, eta, ondorioz, agiri honetan jasotako arauak eta arau horiek garatzeko zehazten diren irizpideak eta gainontzeko arauak betetzeko betebeharra dauka.

3. artikulua.– Posta elektronikoaren erabilera okerra.

Posta elektronikoa erabiltzean egiten diren zenbait jarduera posta elektronikoaren erabilera oker (PEEO) bezala katalogatzen ditu arautegi honek: postako zerbitzuaren ohiko helburu ez diren jarduerak, erakundearentzat eta unibertsitateko kideentzat kaltegarri direnak, zuzen edo zeharka. Jarduera horiek, zehatz ez bada ere, lau multzo nagusitan bana daitezke:

a) Eduki ez egokiak zabaltzea.

Legez kontrako edukiak (delitu ekintzekin bat datozenak). Adibideak: programa piratak, mehatxuak, delitu ekintzen apologia, iruzurrak, birusak edo kode maltzurrak.

b) Zabalkundea baimenduak ez diren bideen bidez.

Inoren posta zerbitzaria baimenik gabe erabiltzea norberaren mezuak bidaltzeko.

c) Baimendu gabeko zabalkunde masiboa.

Norberaren edo inoren posta zerbitzaria erabiltzea unibertsitatearekin zerikusirik ez daukan publizitate komertziala edo eskatu gabeko bestelako mezuak modu masiboan bidaltzeko.

d) Erasoak zerbitzua eragozteko edo oztopatzeko.

Mezuak modu masiboan bidaltzea edo etengabe hainbat eta hainbat mezu bidaltzea zerbitzua gainkargatzeko, geldiarazteko edo ohiko erabilera kaltetzeko asmoz.

4. artikulua.– Zerbitzua behar ez bezala erabiltzea.

UPV/EHUren posta elektronikoa behar ez bezala erabili dela ulertuko da ondorengo kasuetan (aurreko artikuluetan zehaztutako kasuez gain):

a) Jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen batengatik eduki diskriminatzailea daukan edukia zabaltzea; edo eduki pornografikoa daukaten mezuak bidaltzea; giza eskubideen kontrakoak; intimitaterako, ohorerako edo norberaren irudirako eskubidearen kalterako direnak; edo pertsonen duintasunaren kontrakoak direnak.

b) Posta elektronikoko mezua bidaltzea bidaltzailearen identitatea ezkutatuta edo goiburuak manipulatuta mezua bidaltzen duen erabiltzailearen identitatea ezkutatzeko edo faltsutzeko xedez.

c) UPV/EHUren Estatutuetan jasotako printzipioen eta helburuen kontra doazen edukiak zabaltzea.

d) Modu masiboan bidaltzea publizitateko mezuak edo mezu komertzialak.

e) Zerbitzua kaltetzeko asmoz egindako erasoak.

f) Modu masiboan bidaltzea UPV/EHUren baliabideak bidegabe ahitzen dituzten mezuak edo informazioa.

g) Oro har, posta elektronikoa agiri honetan jasotako arauak edo baldintzak bete gabe erabiltzea edo UPV/EHUk eskura jarritako zerbitzu edo baliabide informatikoen erabilerari buruzko agiri osagarrietan jasotakoa bete gabe erabiltzea.

5. artikulua.– Zerbitzua gehiegikeriaz eta behar ez bezala erabiltzearen ondorioak.

1.– Debekatuta dago PEEO bezala katalogatutako ekintzaren baterako edo erabilera okerren baterako erabiltzea posta elektronikoa. Argi eta garbi horrelakorik eginez gero behin eta berriro, UPV/EHUk neurri teknikoak hartuko ditu eta horrelakoak egiteagatik salatuak izan diren erakunde edo pertsonen mezuak blokeatu edo atzera bota ahal izango ditu.

2.– 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako kasuez gain, mezuari fitxategia eransten zaioenean, fitxategiak diskoan hartzen duen lekua hartzaile kopuruaren arabera gehitzen da (fitxategiaren tamaina bider hartzaile kopurua), eta, horrek, batzuetan, diskoa bete eta sistema blokeatzea dakar. Hori dela eta, gerenteak mugatu egingo du erantsitako fitxategiek izan dezaketen tamaina, bai eta mezu bakoitzerako hartzaile kopurua ere.

6. artikulua.– Informazioa modu masiboan edo modu zabalean hedatzeko zerbitzuak: banaketa zerrendak.

1.– Banaketa zerrenda posta helbide bakarrean erakundearen posta elektronikoko hainbat helbide biltzen dituen sistema da, eta zerrendako kideei beren intereseko izan daitezkeen mezuak edo iragarkiak modu antolatuan bidaltzeko erabiltzen da. Horrez gain, baliabide oso erabilgarria da etengabe informazioa jaso behar duten lan taldeetarako, eztabaidetarako edo gaiak lantzeko.

Ezin izango da, inolaz ere, erakundearen banaketa zerrendarik erabili UPV/EHUren helburuekin bat ez datorren informazioa hedatzeko.

Banaketa zerrendak izen bat eta posta elektronikoko helbide bat izango du. Bestalde, banaketa zerrendak administratzaile bat izan behar du, eta bere ardura izango da zerrenda behar bezala osatzea eta kudeatzea gerenteak emandako irizpideei jarraituz. Zerrendak moderatzailea ere izan dezake, eta bere eginkizuna izango da zerrendara bidalitako mezuak onartzea eta baztertzea, eta zerrendan izena emateko eskariak onartzea edo ezeztea. Aparteko kasuetan, erakundekoak ez diren posta elektronikoko helbideak ere harpidetu ahal izango dira. Zerrendako administratzailea bera izan daiteke zerrendaren moderatzailea. Zerrendaren administratzailea eta moderatzailea (moderatzailerik baldin badago) UPV/EHUn jardunean dauden langileak izan behar dira.

Posta elektronikoa gehiegikeriarik gabe eta egoki erabiltzeko xedez, banaketa zerrendak erabiliko dira interes orokorreko informazioa, hauteskundeen ingurukoa, sindikatuena edo lan arlokoa modu masiboan hedatzeko, eta, ahal den heinean, dokumentuak erantsi beharrean dokumentu horietara heltzeko estekak jarriko dira.

Gerenteak zehaztuko ditu unibertsitateko banaketa zerrendak baimendu eta erabiltzeko arauak eta baldintzak.

2.– Sindikatuen informazioa edo lan arlokoa hedatzeko, UPV/EHUk posta elektronikoko helbide bati lotutako banaketa zerrendak sortuko ditu unibertsitateko sindikatu bakoitzerako, eta unibertsitatearen beraren betebeharra izango da izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legedia betetzea eta zerrenda horiek gestionatzea.

Horrela, sindikatuek informazioa zabaldu nahi dutenean, beren banaketa zerrendako helbidera bidaliko dute informazio hori; ez dute datu pertsonalik ikusteko aukerarik izango, eta kasuan kasuko sindikatua izango da hedatutako informazioaren erantzule. Mezu guztietan jasota ageri beharko da nola eman baja banaketa zerrendatik.

3.– Sindikatuen informazioa edo lan arlokoa unibertsitateko langileen helbide elektroniko korporatiboetara ere bidali ahal izango da, betiere masiboki bidaltzen ez bada. Horrelakoetan, bidaltzaileek nahitaez bete beharko dituzte izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko legean zehaztutako baldintzak.

Hain zuzen ere, sindikatuak unibertsitateko langileen posta elektronikoko helbideen arduradun dira, eta, beraz, helbide horiek zein fitxategitan dauden adierazi eta horren berri eman beharko diote datuen babeserako kasuan kasuko erregistroari. Era berean, langileei jakinarazi behar diete Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 5.1 artikuluan jasotakoa, eta horri jarraiki, langileek aukera izan behar dute datuak atzitu, zuzendu, ezereztu edo datuen aurka egiteko eskubideak baliatzeko; horrez gain, segurtasun neurri egokiak ezarri beharko dituzte.

7. artikulua.– Informazioa modu masiboan edo modu zabalean hedatzeko zerbitzuak: iragarki ohol elektronikoa.

1.– Egungo EHUtaula da UPV/EHU barruan iragarkiak zabaltzeko iragarki ohol elektronikoa. Iragarki ohol elektronikoan iragarki ohol desberdinak daude, UPV/EHUren web gune desberdinetan sortuak: unibertsitateko taldeei daude zuzenduak, edo, herritarren interes orokorrekoak izan daitezke, eta arautegi honi jarraituz iragarkiak argitaratu ahal dira bertan, betiere, unibertsitateko kideen jardunarekin lotura baldin badute.

2.– UPV/EHUko kideek, organoek edo zerbitzuek baino ezin izango dute eskaria egin iragarkia iragarki ohol elektronikoan argitaratzeko, eta gerentziak emandako irizpideak bete eta unibertsitateko kredentzialak erabili beharko dituzte horretako.

3.– Web guneko iragarki oholak arduradun bat izan behar du, eta bera izango da iragarki ohola behar bezala erabiltzen dela zainduko duena eta ez du onartuko unibertsitatearen helburuekin bat ez datorren iragarkirik, ez eta indarreko araudiarekin bat ez datorrenik ere, batez ere, ohorerako eskubidea, norberaren intimitaterako eskubidea eta norberaren irudirako eskubidea urratzen badute.

Arduradunak web guneko beste pertsona batzuk baimendu ahal izango ditu web gune horretako iragarki oholeko iragarkiak editatu, gestionatu eta argitaratzeko.

4.– Iragarki ohol elektronikoan bermatu egingo da iragarkiak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen direla, bai eta hizkuntza ofiziala aukeratzeko eskubidea ere, guztia azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, eta hura garatzeko gainerako legeek ezarritakoarekin bat etorrita.

Erakundearen iragarkiak elebidunak izan behar dira.

8. artikulua.– Iragarki ohol motak.

Iragarki ohol elektronikoko oholak izan daitezke:

Erakundearen Iragarki Ohol Orokorrak-Jendaurrekoak:

Web gune honetan unibertsitatetik kanporako informazioa biltzen duten iragarki oholak daude, eta, beraz, edonor sar daiteke zuzenean, UPV/EHUkoa izan edo izan ez, eta ez da beharrezkoa baimenik oholean sartzeko.

Edonork eman dezake izena iragarki ohol horietan, RSS kanalen bidez edo, unibertsitateko kide izanik, erakundearen posta elektronikoaren bidez.

Ohol hauetako iragarkiak idazkari nagusiaren edo gerentearen ardurapekoak izango dira, edo, kasuan kasuko campuseko idazkariaren ardurapekoak.

Iragarki hauek UPV/EHUren egoitza elektronikoko ohol elektroniko ofizialean argitaratutakoen pareko izango dira, eta, beraz, administrazio ondorioak izango dituzte iragarkia noiz argitaratu den eta zenbat denboraz egon den argitaratuta egiaztatu aldera.

UPV/EHUko iragarki ohol ofizialak berariazko arautegia izango du UPV/EHUn Bitarteko Elektronikoen Erabilera Arautzeko eta Egoitza Elektronikoa Sortzeko Arautegiko 10. artikuluarekin bat etorrita.

Erakundearen Iragarki Ohol Orokorrak-Barnekoak:

Unibertsitateko kideen intereseko informazioa eta unibertsitateari berari buruzkoa daukaten iragarkiak unibertsitatearen barneko web gunean argitaratuko dira eta, beraz, unibertsitateko kideak baino ezin izango dira sartu. Batez ere unibertsitateko administrazio organoek sortutako iragarkiak argitaratuko dira, bai eta, unibertsitateko organoenak izan ez arren, interes unibertsitario orokorreko bestelako informazioa daukatenak ere.

Administrazioko organoek sortutako iragarkiak direnean, iragarki horiek nahitaez hartu behar dituzte interesdun diren kide guztiek. Iragarki ohol horretara zuzenean sartu ahal izango da erakundearen kredentzialak erabilita. Ohol hauetan izena eman ahalko da, bai RSS bidez, bai posta elektronikoaren bidez.

Ohol horien gestioa idazkari nagusiaren edo gerentearen ardurapekoak izango dira, edo, kasuan kasuko campuseko idazkariarena.

Idazkari nagusiak edo gerenteak zehaztuko dute iragarki oholen kopurua eta ezaugarriak biek elkarrekin emandako erabaki bidez.

Sindikatuen Iragarki Oholak:

UPV/EHUko sindikatu bakoitzak web gune bat izango du, eta bertan iragarki ohola jarri ahal izango dute sindikatuaren iragarkiak eta informazioa argitaratzeko.

Sindikatuen iragarki oholak izanik, sindikatuak berak ezarri beharko du bere iragarkiak gestionatzeko sistema, eta sindikatu bakoitzak erabakiko du gestio lan hori nork egingo duen; era berean, sindikatuaren beraren ardura izango da edukiak legezkoak direla zaintzea, eta ohol horietan sindikatuekin edo lan arloarekin zerikusia daukan informazioa baino ezin izango da argitaratu.

Sindikatuen iragarki oholetara zuzenean sartu ahal izango da, baina, horrez gain, sindikatuek banaketa zerrendak ere erabili ahal izango dituzte; unibertsitateko kideek, bestalde, posta elektroniko bidez, izena eman ahal izango dute sindikatuen informazioa hartzeko, eta, beraz, sindikatuak DPBLO fitxategia osatuko beharko du.

Unibertsitateko Beste Egitura Batzuetako Barneko Eta Jendaurreko Iragarki Oholak:

Ikastegiek, sailek, ikertaldeek edo unibertsitateko bestelako egiturek web gunea izan dezakete, eta bertan iragarki oholak izan ahalko dituzte beren eremuko informazioa argitaratu eta hedatzeko.

Iragarki ohol horiek jendaurrekoak edo barnekoak izan daitezke, eta kasuan kasuko web gunearen arduradunak gestionatuko ditu eta bera izango da edukien legezkotasuna zaintzearen arduraduna.

Iragarki ohol horietara zuzenean sartu ahal izango da, baina izena emateko aukera ere izango dute; edonork eman ahalko du izena, RSS bidez; unibertsitateko kideek erakundearen posta elektronikoaren bidez eman ahalko dute izena.

Iragarki ohol horietan argitaratutako iragarkiak edo informazioa garrantzitsua denean, erakundearen beste iragarki ohol orokor batzuetan ere argitaratu ahal izango da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Iragarki ohol elektronikoa abian jarriko da gerenteak UPV/EHUk beharrezko baliabide tekniko guztiak dituela egiaztatu eta ohol horiek antolatzeko neurriak behin ezarrita.

Unibertsitatearen web gunearen bidez jakinaraziko da oholak abian jarriko direla.

Bigarrena.– Sindikatuek banaketa zerrendarik sortuta badute araudi hau indarrean sartu aurretik, 2 hilabeteko epea izango dute arautegi honetako 6.3 artikuluan jasota betebeharrak betetzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Arautegi hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean banaketa zerrendak sortuko dira hala eskatzen duten sindikatuentzat. Zerrenda hauen sorrera sindikatuekin negoziatuko da.

Bigarrena.– Indarrean sartzea.

Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.


Azterketa dokumentala