Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2014ko apirilaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1931

64/2014 DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB - Centro de Transportes de Bizkaia AB» sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Europako herrialdeen arteko merkataritza-harremanak areagotzearen eta garraio-sektoreak hartu duen garrantzia ekonomikoaren ondorioz, aipatu bezalako zentroak sortu dira Europan; zentro horiek, hain justu ere, garraioko eskariaren eta eskaintzaren arteko kontaktua erraztu eta koordinazio intermodala ahalbidetzen dute, eta enpresen koordinazioa, kudeaketa eta antolaketa hobetzen.

Abenduaren 20ko 242/1982 Dekretuaren bidez, Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB - Centro de Transportes de Bizkaia AB sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sozietate publiko gisa eratu zen, baina, abenduaren 3ko 375/1985 Dekretuaren bidez, galdu egin zuen izaera hori. Sozietate horren xede soziala Bizkaiko Lurralde Historikoan Garraio-Zentro Integratuak eta ibilgailu astunentzako aparkalekuak sustatu, prestatu eta ustiatzea da.

Hitzartutako gehikuntza baino lehenagoko sozietate-kapitala hogeita sei milioi berrogeita bi mila ehun eta berrogeita hamazazpi (26.042.157) eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak bost milioi ehun eta laurogeita hamazortzi mila eta laurehun eta laurogeita bederatzi (5.198.489) euroren partaidetza eta sinadura du, alegia, kapitalaren % 19,9618.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Erkidegoan kokaturiko garraio-zentro integratuak sustatzeko duen politikari jarraikiz, kontuan hartu da «Bizkaiko Garraio Gunea AB - Centro de Transportes de Bizkaia AB» (Aparkabisa) sozietateak bere kapital soziala gehitzeko egindako aurreikuspen-txostena. Hortaz, sozietatearen kapitala milioi bat laurehun eta laurogeita hemeretzi mila laurehun eta laurogeita sei (1.499.486) eurotan gehituko da; gehikuntza hori sei mila berrehun eta hirurogeita hamalau (6.274) akziotan ordezkatuta egongo da, eta horietariko bakoitzak berrehun eta hogeita hemeretzi (239) euroko balio izenduna izango du.

Kapitala gehikuntzari buruzko aurreikuspen txostena aztertu ostean, bidezkotzat jo da, helburu horri begira, kapital horren gehikuntzan parte hartzea. Ondorioz, EAEko Administrazioak sozietatearen kapitalean % 19,9623ko partaidetza izango du, betiere Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitako prozeduraren arabera.

Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta aldez aurretik 2014ko apirilaren 15ean egindako Jaurlaritzaren Kontseiluaren bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau:

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea aurreikusitako kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman ondoren, «Aparkabisa Bizkaiko Garraio Gunea AB - Centro de transportes de Bizkaia AB» sozietatearen Akziodunen Ohiko Batzar Nagusiak gehikuntza onartu ahal izango du. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak berrehun eta laurogeita hemeretzi mila laurehun eta hirurogeita zazpi (299.467) euroko ekarpena eginez gauzatuko da gehikuntza eta, ondorioz, sozietatean % 19,9623ko partaidetza izango du aurrerantzean.

2. artikulua.- Ogasun eta Finantza Sailaren Ondare eta Kontratazioko zuzendariari edo parte hartzeko kide-eskubideak dituenari baimena ematea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, kapital-gehikuntzak sozietatearen estatutuetan eragiten duen aldaketa onartzeko, bai eta, orokorrean, aurreko artikuluan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainontzeko jarduketetan aritzeko ere.

Vitoria-Gasteizen, 2014ko apirilaren 15ean.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala