Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2014ko apirilaren 29a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1930

AGINDUA, 2014ko apirilaren 16koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, langileek, dagozkien ordainsariak jasota, 2014ko maiatzaren 25eko Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte har dezaten arauak ematen dituena.

Martxoaren 31ko 213/2014 Errege Dekretuaren bidez, Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako deialdia egin zen, maiatzaren 25erako. Horrela bada, sail honek beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu lan-kontratuko langileek hauteskunde horietan parte har dezaten eta ordainsariak jaso ditzaten.

Horretarako, eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.3.d) artikuluak zehazten duena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedaturikoaren arabera gauzatuko da legeria.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea, hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten langileei.

1.– 2014ko maiatzaren 25ean hautesleak, hauteskunde-mahaiko kideak, kontu-hartzaileak edo ahaldunak izanik, egun horretan, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 4ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedena baliatzen ez dutenek egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat baliatzeko eskubidea izango dute, deitutako tokiko eta Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea baliatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen den moduan.

2.– Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteskunde-kolegioak irekiak dauden orduen barruan baliatu behar da, eta zerbitzuak normaltasunez eman izango balitu jasoko lukeen soldatarekin ordaintzen du enpresak.

3.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimena jasotzeko eskubidea duten langileek jaso behar duten soldataren zati bat prima edo pizgarri batekin dago osatua; aipatutako zatia aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatu behar da.

2. artikulua.– Bozkatzeko eskubidea balia dezaketen langileentzako baimenaren iraupena.

1.– 2014ko maiatzaren 25ean bozkatzeko eskubidea baliatu nahi dutenek, egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiarekin lau ordu edo gehiago uztartzen bada, lau orduko ordainduriko baimena izango dute, hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko dutena.

2.– Ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

3.– Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute.

3. artikulua.– Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.

1.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritza izango da, lanaren antolamenduaren arabera, bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia zehaztuko duena, nolanahi ere hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan.

2.– Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bere langileei eskatzeko bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

4. artikulua.– Hauteskunde-mahaietako kideen eta kontu-hartzaile funtzioak betetzen dituztenen baimena hauteskundeen egunean.

1.– 2014ko maiatzaren 25ean, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kideak direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei, adierazitako egunaren lanaldi osoko baimena emango zaie; baita hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

2.– Aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kideak edo kontu-hartzaileak direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

3.– Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten ahaldunen baimena.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta Langileen Estatutuaren Legearen Testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluak aurreikusten duen asteko atsedena baliatzen ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Txanda-aldaketa.

Agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek hauteskunde-egunaren aurreko egunean gaueko txandan lan egin behar badu, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, betiere interesdunak eskatzen badu.

7. artikulua.– Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.

1.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2014ko maiatzaren 25ean botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

2.– Adierazitako baimena posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan baliatu ahal izango da; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da; eta, hauteskunde-kolegioei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo posta-bulegoei egindakotzat hartu behar dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 16a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ordezkoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren hamaikagarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala