Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2013ko abenduaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
5439

AGINDUA, 2013ko azaroaren 25ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación 2012 Fundazioaren azkentzea eta likidazioa onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2013ko abuztuaren 26an, aipatu fundazioaren lehendakari gisa José Antonio Urdangarin Arrizabalaga jaunak izenpetutako eskari bat sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailaren Erregistroan, Fundación 2012 Fundazioaren azkentzea eta likidazioa inskribatzeko zena. Eskariari administrazio-espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Aurkeztutako dokumentazioak bete egiten du honako xedapen hauetan ezarritakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretua, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Hirugarrena.– Legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako betekizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 33. eta 34. artikuluetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 35. artikuluan, eta, ondarea azkentzeari eta likidatzeari dagokionez, fundazioaren estatutuetan jasotakoak.

Laugarrena.– Fundazioen Babeslaritzak onartzeko eta Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agirietan ikusten denez, Fundazioaren Patronatuak 2012ko abenduaren 10ean fundazioa azkentzeko hartutako ebazpena baliozkoa da, estatutuen eta Euskal Autonomia Erkidegoan fundazioei buruz indarrean dauden arauetan ezarritakoaren arabera. Agiri horietan, bestalde, behar bezala jasota dago bete egin direla fundazioak ezarritako helburuak, eta horixe izan da, hain zuzen ere, fundazioa desagerrarazteko arrazoia.

Patronatuak fundazioa azkentzeko hartutako erabakiaren ondorioz, Fundación Gernika Gogoratuz Fundazioari entregatuko zaizkio fundazioaren ondare-gerakina osatzen duten ondasun guztiak.

Ondarearen destino hori bat dator Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legearen 35.2 artikuluarekin.

Bosgarrena.– 100/2007 Dekretuko 36. artikuluak xedatzen duenez, fundazioa azkentzeko erabakiak edo, hala badagokio, azkentzea deklaratzen duen ebazpen judizialak, amaiera emango die fundazioaren ohiko jarduerei, eta hasiera, likidatzeko eragiketei.

Artikulu horretan bertan adierazten denez, fundazioko gobernu-organoak egingo du azkendutako fundazioaren likidazioa, betiere Babeslaritzaren kontrolpean. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.

100/2007 Dekretuko 36.6 artikuluak ezartzen du zein elementu izan behar dituen Fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.

Aipatutako manuak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusi dira,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Berretsi egiten dira bai Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuaren erabakia eta bai 2012ko urriaren 10eko ziurtagirian jasotako likidazioaren ondoriozko likidoaren destinoa ere; erabaki hori publiko egin da 2012ko abenduaren 10ean, Alfredo Pérez Ávila Vitoria-Gasteizko notarioaren (protokolo-zenbakia: 1.303) aurrean baimendutako notariotza-eskrituraren bidez.

Bigarrena.– Fundazioa desegiteko erabaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea.

Hirugarrena.– Fundación 2012 Fundazioaren likidazio-prozesua amaitutzat jotzea, eta beraren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.

Laugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta Fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 25a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala