Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

237. zk., 2013ko abenduaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
5424

EBAZPENA, 2013ko abenduaren 3koa, Kontsumobideko zuzendariarena, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko 2014ko ekitaldirako deialdia jakinarazten duena.

Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduaren bidez, toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei diru-laguntzak emateko programa arautzen da, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko dena.

Aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2014ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea. Kontsumobide sortzeko den ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 4. artikuluan, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eginkizunak jasota daude, eta 9. artikuluan, ordea, Zuzendaritzaren eginkizunak. Eginkizun horietan oinarrituta, Kontsumobideko zuzendariari dagokio deialdi honi buruzko ebazpena ematea.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketari buruzko uztailaren 12ko 159/2011 Dekretuaren xedapen gehigarriaren arabera, 2011ko uztailaren 1ean hasi zen erakunde horren jarduna. Halaber, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzak, sailburuek eta erakunde autonomoetako lehendakariek eta zuzendariek dute beren arloetan arauak onartu eta laguntzak edo diru-laguntzak onartzeko eskumena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, agindu honetan arautako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera ebatziko dira.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 5. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduak kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak sustatu eta babesteko toki erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei eman beharreko diru-laguntzen programa garatu zuen; hain zuzen ere, 2014ko ekitaldirako deialdia egitea da ebazpen honen xedea.

2.– Helburu hori betetzeko, 958.570 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:

a) 859.171 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuen funtzionamendua eta jarduerak; alegia, kontsumitzaileei eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak eta gune eta zerbitzuon argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jarduerak. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:

2014. urtea: 644.378 euro.

2015. urtea: 214.793 euro.

b) Kontsumoko ikuskaritza-jardueren gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:

2014. urtea: 60.000 euro.

2015. urtea: 20.000 euro.

c) 19.399 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal bulegoen (KIUB) gune eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:

2014. urtea: 14.549 euro.

2015. urtea: 4.850 euro.

3.– Laguntzak erakunde onuradunen 2014ko gastuak ordaintzeko izango dira.

4.– Artikulu honetan diru-laguntzetarako jarritako kopurua aldatu egin daiteke –laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik betiere–, kontuan hartuta eskatu diren laguntza guztiak eta Kontsumobidek beste laguntza-programa batzuen aurrekontuetan agortu gabe dituen baliabideak. Halakorik gertatuz gero, Kontsumobideko zuzendariaren Ebazpen bidez zabalduko da horren berri.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, agindu honetan arautako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014ko Aurrekontu Orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen arabera ebatziko dira.

2. artikulua.– Betekizunak.

Erakunde eskatzaileek, 2010eko otsailaren 17ko Aginduan iragarritako laguntzak jasotzeko (2010eko otsailaren 24ko EHAA), onuradun izateko baldintzak bete beharko dituzte, agindu horren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskaera-eredu bat banatuko da Kontsumo Zuzendaritzan eta Interneteko helbide honetan: www. euskadi.net

2.– Eskaerak eta gainerako agiri guztiak Kontsumobiden aurkeztu edo hara bidali beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da; amaitu, berriz, 2014ko otsailaren 15ean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abenduaren 3a.

Kontsumobideko zuzendaria,

ELENA UNZUETA TORRE.


Azterketa dokumentala