Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2013ko azaroaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5174

AGINDUA, 2013ko azaroaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lurzorua erosteko baldintzak ezartzeko dena, lurzoru horretan azalera-eskubideko zenbait etxebizitza eraikita baitaude.

2013ko azaroaren 19an, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen:

«Lehenengoa.– Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzekoa den lurzorua, lurzoru horren gainean eraikitako babes ofizialeko azalera-eskubideko etxebizitzen titularrei zuzenean esleituta, birkokatzeen etxebizitzen kasuan izan ezik, eta gaur egungo titularrak birkokatutako pertsonak badira.

Bigarrena.– Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan aurreko atalean aipatutako etxebizitzek osatzen duten jabeen erkidegoetan dauden merkataritzako lokal eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinek okupatzen duten lurzorua, horien titularrei zuzenean esleituta.

Hirugarrena.– Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan aurreko atalean aipatutako etxebizitzek osatzen duten jabeen erkidegoetan dauden azalera-eskubideko merkataritzako lokal eta etxebizitzei atxikita ez dauden eta hirigintza-jarduerarako eremu berean eraikitako etxebizitza-sustapenei emandako babes ofizialaren luzapenaren babespeko eranskinek okupatzen duten lurzorua, horien titularrei zuzenean esleituta.

Laugarrena.– Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez etxebizitza horien lurzorua besterendu dezan, aldi baterako kalifikazioaren epea bukatzeagatik babes ofiziala galdu duten azalera-eskubideko etxebizitzen titularrei zuzenean esleituta.

Bosgarrena.– Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan aurreko atalean aipatutako etxebizitzek osatzen duten jabeen erkidegoetan dauden merkataritzako lokal eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinek okupatzen duten lurzorua, horien titularrei zuzenean esleituta.

Seigarrena.– Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, duen balio ekonomikoa ordaindu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak babes ofizialeko eta hirurogeita hamabost urterako jabetza-araubidean eskualdatu ziren etxebizitza, lokal eta atxiki gabeko eranskinen batzuen jabaria itzultzeko eskubideari uko egin diezaiola.

Zazpigarrena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak lurzoru hori besterentzeko eskatzaileen baldintza ekonomikoak eta gehieneko diru-sarrerak, zer izapide jarraitu behar den, lurzorua nola baloratu behar den, jabaria itzultzeko eskubidea eta zer epetan besterendu behar den zehaztuko du».

Horiek horrela, alderdi horiek zehazte aldera, honako agindu hau ematea erabaki da.

Azalera-eskubidea, inoren lurzoruaren gainean edo azpian eraikitzeko ahalmena da, eskubide erreala da, eta eraikitakoaren gainean aldi baterako jabetza ematen du. Beraz, eraiki ondoren jabetzaren aldetik nolabaiteko bikoiztasuna dugu: (i) lurzoruaren jabea eta (ii) eraikinaren jabea. Eraikuntza. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzoruetan eraikitako araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko hainbat etxebizitzaren egoera.

Normalean, ezarritako denbora igaro delako azalera-eskubidea iraungitzen denean, Administrazioak bere egingo luke eraikitakoaren jabetza, horregatik kalte-ordainik ordaindu beharrik izan gabe, eskubidea eratzeko titulua edozein dela ere. Azalera-eskubidea iraungitzean, era berean, eskubide erreal eta ezarritako pertsonal guztiak ere iraungi egingo lirateke; hau da, sustapen berberetako babes ofizialeko etxebizitzen, merkataritzako lokalen eta atxikita ez dauden eranskinen gaineko jabetza galdu egingo lukete eskubidedunek.

Galera hori gerta ez zedin, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, sailburuaren 2010eko uztailaren 21eko eta 2011ko maiatzaren 18ko aginduen bidez, hiru eragiketa abiarazi zituen, azalera-eskubideko babes ofizialeko etxebizitzen, merkataritzako lokalen eta atxikita ez dauden eranskinen titular jakin batzuek azaleraren jabetza eskura zezaten.

Horrenbestez, 2010eko uztailaren 21eko Aginduaren helburua ziren 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko behin behineko kalifikazioa zuten babes ofizialeko etxebizitzen titularrak. Hori dela eta, lurzoruaren jabetza eskuratzeko, etxebizitzen titularrek babes ofizialeko etxebizitzaren behin betiko kalifikazioaren eskaera egin behar zuten.

Hala ere, 2011ko maiatzaren 18ko Aginduaren helburua ziren jada behin betiko kalifikazioa zuten babes ofizialeko etxebizitzen titularrak, 2003ko urtarrilaren 1etik aurrera emandako kalifikazioei zegokielako; guztiak ziren behin betikoak.

Azkenik, 2012ko uztailaren 26ko Aginduaren helburua ziren eros-aukera gauzatu ez zuten bi taldeetako kideak. Barne hartzen zituen 2011ko ekainaren 1etik aurrera kalifikatutako higiezinak eta aukera ematen zien titularrei jabetza osoko erregimenean eskualdatutako etxebizitzen jabetza mugagabea eskuratzeko, 75 urteko mugarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoari jabetza leheneratzeko eskubidea aitortuta.

Hala bada, orain da unea lurzoru-salmentaren laugarren fasea abiatzeko. Aurreko faseetako higiezin guztiei eragingo die, jabeek hainbat arrazoirengatik erosi ezin izan zituzten horiei hain zuzen ere. Higiezin horien artean egongo dira denborarekin deskalifikatu diren promozioak eta 2012ko bigarren seihilekotik aurrera kalifikatutakoak.

Orotara 19.091 higiezin dira, etxebizitzak, etxebizitzei lotutako edo lotu gabeko eranskinak eta merkataritza-lokalak tartean.

Deialdi honen berritasun nagusia da ez dela mugarik egongo higiezinen titularren diru-sarreren gainean.

Horren arabera, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzorua honako hauek erosi ahal izango dute:

a) Babes ofizialeko azalera-eskubideko etxebizitzen titularrek, birkokatzeen etxebizitzen kasuan izan ezik, gaur egungo titularrak birkokatutako pertsonak badira, eta agindu honen III. eranskinean aurreikusitako baldintza ekonomikoak betetzen badituzte. Aldi baterako kalifikazioa duten etxebizitzak badira, beren titularrak, aldi berean, kalifikazio iraunkorra eskatu beharko dute.

b) Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinen titularrek.

c) Babes ofizialeko etxebizitzen sustapen horietan ez dauden merkataritza-lokalen eta eranskinen titularrek, baldin eta azalera-eskubidean eraikita badaude eta hirigintza-jarduerarako eremu berean eraikitako etxebizitza-sustapenei emandako babes ofizialaren luzapenaren babespekoak badira.

d) Babes ofizialeko azalera-eskubideko etxebizitzen titularrek, baldin eta babes ofiziala galdu badute aldi baterako kalifikazioaren epea igaro delako, eta beren diru-sarrerek agindu honen III. eranskinean aurreikusitako mugak gainditzen badituzte, eta, aldi berean, etxebizitza horien kalifikazio iraunkorra eskatzen badute.

e) Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinen titularrek.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak babes ofizialeko eta hirurogeita hamabost urterako jabetza-araubidean dituen etxebizitza batzuen jabaria itzultzeko eskubideari uko egin diezaiola eskatu ahal izango dute.

a) Babes ofizialeko azalera-eskubideko etxebizitzen titularrek, baldin eta etxebizitza horien kalifikazio iraunkorra aldi berean eskatzen badute, eta beren diru-iturriek agindu honen III. eranskinean aurreikusitako mugak gainditzen ez badituzte.

b) Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta etxebizitzei atxikita ez dauden eranskinen titularrek.

Hirugarrena.– Lurzorua erosi nahi dutenek edo jabaria itzultzeko eskubideari uko egitea nahi dutenek bere lurralde historikoko Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko diote eskabide-orria, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea agindu honen II. eranskinean datozen ereduen araberakoa izango da. Eskabidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38. artikuluaren arabera, horretarako dauden edozein erregistro publikotan aurkeztu ahal izango da eskabidea.

Laugarrena.– Aldi baterako kalifikazioa duten babes ofizialeko etxebizitzen eta aldi baterako kalifikazioaren epea bukatu zaienez babes ofiziala galdu duten etxebizitzen titularrek lurzorua erosi ahal izateko, eta etxebizitzen itzulketa-eskubideari uko egiteko eskatu ahal izateko, berariaz eskatu beharko da behin betiko babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazio iraunkorra emateko.

Bosgarrena.– Lurzorua erosteko finantzaketa kualifikatua lortu nahi dutenek, hala adierazi beharko dute eskabide-orrian horretarako jarritako atalean.

Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea 2013ko abenduaren 2an hasi eta 2014ko otsailaren 28an amaituko da.

Zazpigarrena.– Erosteko prezioa kalkulatu ahal izateko, lurzoruaren balioespena eta jabariaren gaineko itzulketa-eskubidearen balioespen ekonomikoa agindu honen I. eranskinean aurreikusitako eran egingo dira.

Zortzigarrena.– Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak eragiketaren azken prezioa (BEZa barne dela) jakinaraziko dio eskatzaileari, bai eta ordaintzeko modua eta epea ere, gehienez ere hilabetekoa izango baita.

Bederatzigarrena.– Interesdunak finantza-neurriak ere eskatu baditu, azken prezioarekin batera neurri horiek onartu zaizkion ala ez adieraziko duen ebazpena jakinaraziko zaio.

Hamargarrena.– Lurzorua erosteko eskabide asko jasotzea espero denez eta sustapenen ezaugarriak kontuan izanik, kasuan kasuko Etxebizitzako Lurralde Ordezkariak dagokion lurzoruaren besterengarritasun-adierazpenaren proposamena bidaliko dio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, horrek adierazpenari buruzko ebazpena onar dezan ondoren, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 89. artikuluan ezarritako eran.

Jabaria itzultzeko eskubideari uko egiteko, besterengarritasun-adierazpenik ez da behar.

Hamaikagarrena.– Azken prezioa ordaindurik edo jabariaren itzulketa-eskubidearen balio ekonomikoa ordaindurik, eskatzailea aldi baterako kalifikazioa duen edo izan duen etxebizitza baten titularra bada, lurralde-ordezkariak ebazpena emango du babes ofizialeko etxebizitzari kalifikazio iraunkorra emateko.

Hamabigarrena.– Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak erosteko eskaerari buruzko ebazpen baieslea edo jabariaren itzulketa-eskubideari uko egiteko ebazpena emango du; ebazpenean eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko behar diren datu guztiak jasoko dira, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deia egingo zaie.

Hamahirugarrena.– Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 91. artikuluan ezarritakoarekin bat, eskabidea jaso eta sei hilabeteko epean Etxebizitzako lurralde ordezkariak ez badu berariaz ebatzi, eskariari ezez erantzun zaiola ulertu beharko da.

Hamalaugarrena.– Ahalmena ematen zaie Etxebizitzako lurralde-ordezkariei eskualdatzea edo jabariaren itzulketa-eskubideari uko egitea eskritura publikoaren bidez formalizatzeko behar diren kostu bidezko xedapen egintza guztiak egin ditzaten.

Hamabosgarrena.– Eskriturak egiteko eta erregistratzeko gastuak eta eskualdaketak eragindako zergak erosleek edo jabariaren itzulketa-eskubideari egindako ukoaren onuradunek ordaindu beharko dituzte, hiri izaerako lurren balioaren handitzeagatiko zerga izan ezik.

Hamaseigarrena.– Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Herriko Auzitegi Nagusian, bi hilabetean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 20a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

I. ERANSKINA
BALIOESPEN SISTEMA

Lehenengoa.– Erosteko prezioa finkatu ahal izateko, lurzoruaren balioespena Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 7. artikuluan eta babes ofizialeko higiezinen balioespenerako aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitako eran egingo da.

Etxebizitza, merkataritzako lokal eta etxebizitzari atxikita ez dagoen eranskin bakoitzari, dagokion lurzoruaren prezioa kalkulatzeko urrats hauek egingo dira:

1.– Eraikin osoaren balioaren kalkulua.

Lehenengo eta behin, eraikinaren balioa guztira zenbatekoa den kalkulatuko da. Horretarako, eraikina osatzen duten elementu guztien balioak batuko dira: etxebizitzak eta horiei atxikitako eranskinena, merkataritzako lokalena eta atxikita ez dauden eranskinena.

Etxebizitzak eta horiei atxikitako eranskinak Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean indarrean eta eguneratuta dauden gehieneko prezio ofizialen arabera baloratuko dira, eta lokalak eta atxikita ez dauden eranskinak, merkatuko prezioaren arabera.

Etxebizitzen sustapenetan ez dauden merkataritza-lokalen eta eranskinen merkatuko prezioa zein den jakiteko, kasuan kasuko lurralde historikoan garaje, lokal eta trastelekuen salmentako batez besteko prezioa hartuko dira aintzat. Datuak Etxebizitzaren Euskal Behatokiak higiezinen eskaintzari buruz argitaratzen duen 2012ko laugarren hiruhilekoari dagozkion estatistika ofizialetik hartuko dira. Elementu horietakoren batentzat, lurralde historikoko daturik eskuratzerik ez badago, Euskal Autonomia Erkidegoaren batez bestekoa erabiliko da.

Etxebizitzen sustapenetan ez dauden merkataritza-lokalen eta eranskinen merkatuko prezioa zein den jakiteko, peritu-tasazioa erabiliko da, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak egingo duena, edo tasazio-sozietateei eta horretarako legez gaituta dauden enpresei egiteko eskatu zaiena.

2.– Eraikina hartzen duen lurzoru osoaren balioaren kalkulua.

Besterentze-prozedura honetarako, eraikinaren balioaren % 10 hartuko da eragin-balio gisa.

3.– Jabetza horizontalaren banaketa-kuoten arabera, bakoitzari dagokion lurzoruaren zatiaren prezioa.

Lurzoruak, eraikinak hartzen dituen etxebizitza eta horiei atxikitako eranskin, merkataritzako lokal eta atxikita ez dauden eranskin adina zati dituela ulertuko da. Zati bakoitzari dagokion prezioa kalkulatzeko, eraikina hartzen duen lurzoruaren guztirako balioa etxebizitza eta horiei atxikitako eranskin, merkataritzako lokal eta atxikita ez dagoen eranskin bakoitzari dagokion partaidetza-kuotarekin biderkatuko da.

4.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

Azkenik, etxebizitza, merkataritzako lokal edo eranskin bakoitzari egokitu zaion prezioari Balio Erantsiaren gaineko Zerga erantsiko zaio.

Bigarrena.– Sistema hori erabiliko da, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak babes ofizialeko eta hirurogeita hamabost urterako jabetza-araubidean eskualdatu ziren etxebizitza batzuen jabaria itzultzeko eskubidearen prezioa zein den jakiteko.

(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ESKATZAILEEN BALDINTZA EKONOMIKOAK

Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitza bat erosteko emandako hipoteka-bermedun mailegu bat jaso duten pertsonek egunean egon beharko dute mailegu horren ordainketan, eskabidea aurkezten den unetik eskualdatzea eskritura publiko bihurtu arte.


Azterketa dokumentala