Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2013ko azaroaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4880

AGINDUA, 2013ko urriaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindua aldatzen da.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduak arautzen du birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea.

Aurreko deialdietan hartutako eskarmentua ikusirik, eta helburuak modu eraginkorragoan lortu daitezen, aipatutako agindua aldatzea komeni dela uste dugu.

Proposatutako aldaketak ez du ez xedea ez egitura aldatzen. Alde batetik, aldaketaren xedea agindua Enplegu eta Gizarte Gaitako Sailaren egitura organiko eta funtzionalaren egungo egiturara egokitzea da (apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuak arautzen du egitura hori).

Bestetik, aldaketaren helburua Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoa betetzea da, bereziki 3.4 artikulua; izan ere, ezartzen duenez, Euskadiko botere publikoek genero-ikuspegia erantsi behar diete beren politika guztiei, horietan guztietan emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko helburu orokorra ezartzeko moduan. Lege horren ondorioetarako, honako hau da generoikuspegiaren integrazioa: emakumezkoen eta gizonezkoen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza, burutzapen eta ebaluaziofase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea. Horretarako, dokumentuak idazteagatiko ordainsarien kostu garbiaren gehieneko kopuruak aldatzen dira, dokumentu horiek genero-ikuspegia islatzen baldin badute.

Azkenik, 2012ko azaroaren 27ko Jaurlaritzaren Kontseiluko Erabakian adostutakoari egokitu zaio Agindua. Erabaki horren bidez Euskadiko Autonomia Erkidegoko zenbait prozedura modu elektronikoan izapidetzeko jarraibideak onartzen dira, eta, otsailaren 21eko Administrazio elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuan ezarritakoa aplikatuz, ezartzen du, beste prozedura batzuekin batera, baliabide elektronikoak erabili behar direla derrigorrez laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak izapidetzeko.

Horri jarraikiz, hau

XEDATZEN DUT

Lehenengo artikulua.– Birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 8. artikulua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«1.– Agindu honen babesean hasitako espedienteak izapidetze elektronikoko bidea erabiliz kudeatuko dira nahitaez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta bestelako eskariak eta ereduak izapidetzeko jarraibideak Euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, honako helbide hauetan:

Laguntza-eskaera, deialdiarekin batera Eskaera- I. eranskinean argitaratutako formatuari jarraikiz, laguntza eskatzen den jardunak zehaztuz Laguntza eskuratzeko aurkezten diren jarduerak- III. eranskinean ezarritakoaren arabera. Eta horrekin batera, Aurkeztu beharreko dokumentazioa- II. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

3.– Eskaeraren ondoko izapideak http://www.http://www.euskadi.net/misgestiones bide elektronikoaren bitartez egingo dira.

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkezteko aukera izango dute. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

5.– Etxebizitza Zuzendaritzak, aurkeztutako eskaeran hutsegite bat edo zehaztu gabeko zerbait dagoela edo aurkeztu beharreko agiriren bat falta dela atzematen badu, eskatzaileari jakinaraziko dio bide elektronikoz eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko, eta hori egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio, ebazpena –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa– eman ondoren.

6.– Eskaera- I. eranskinean ezarritako formatuari jarraikiz eskaera aurkezten ez bada edota Aurkeztu beharreko dokumentazioa- II. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaera atzera botako da, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera. 6. eta 10. artikuluetan ezarritako alderdiak egiaztatzen ez badira, zero balorazioa ekarriko du egiaztatu gabeko alderdi guztietan».

Bigarren artikulua.– Birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 9. artikuluaren 1., 2. eta 3. puntuak aldatu dira, eta honela geratu dira idatzita:

«1.– Etxebizitza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan ezarritako laguntzak kudeatzea.

2.– Aurkeztutako eskaerak 6. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuz ebaluatu eta balioesteko, balorazio-batzorde bat eratuko da, Etxebizitzako zuzendariak eta haren zuzendaritzako bi funtzionariok osatua.

3.– Etxebizitzako zuzendaria egongo da batzorde horren buruan, eta funtzionarioetako batek idazkari- lanak egingo ditu».

Hirugarren artikulua.– Birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 10. artikuluaren 1. puntua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«1.– Agiriak eta jasotze topografikoak idazteko laguntzetarako:

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Agindu honen 1. artikuluan aipatutako agiriak idazteko ordainsarien kostu garbiaren % 80 eman ahal izango du gehienez (zergak barne). Dokumentu horrek genero ikuspegia islatzen badu, berriz, kostu garbiaren % 100 emateko aukera izango du (zergak barne). Horrez gain, jasotze topografikoak egiten direnean ere kostu garbiaren % 100era iritsi ahal izango da (zergak barne).

a) Alde Zaharren kasuan:

a.1.– Birgaitzeko Plan berezien lanak idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa jarraian azaltzen den koadroa aplikatuz lortuko da (zenbateko hori oinarritzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ekarri beharreko ehunekoa kalkulatuko da):

(Ikus .PDF)

a.2.– Azterlan soziourbanistikoei buruzko lanak idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa (BEZa barne hartu gabe) artikulu honen 1.a.1 idatzi-zatian bildutako ordainsariak 0,30ez biderkatuz kalkulatuko da. Gutxieneko zenbatekoa 4.000 euro izango da, eta, gehieneko zenbatekoa oinarritzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarri beharreko ehunekoa kalkulatuko da.

a.3.– Obra-proiektuak idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa jarraian azaltzen den formula aplikatuz lortuko da (zenbateko hori oinarritzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ekarri beharreko ehunekoa kalkulatuko da):

O = 0,75 x EMA x K

(Ikus .PDF)

b) Bizitegi Area Degradatuak:

b.1.– Azterlan Soziourbanistikoei buruzko lanak idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa (BEZa barne hartu gabe) artikulu honen 1.a.1 idatzi-zatian bildutako ordainsariak 0,30ez biderkatuz kalkulatuko da. Gutxieneko zenbatekoa 4.000 euro izango da, eta, zenbateko hori oinarritzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarri beharreko ehunekoa kalkulatuko da.

b.2.– Birgaitzeko Plan berezia idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa artikulu honen 1.a.1 idatzi-zatian ezarritakoaren baliokidea izango da.

b.3.– Birgaitzeko edo Berritzeko Programa Estrategikoei buruzko lanak idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa (BEZa barne hartu gabe) artikulu honen 1.a.1 idatzi-zatian bildutako ordainsariak 0,50ez biderkatuz kalkulatuko da. Gutxieneko zenbatekoa 4.000 euro izango da, eta, gehieneko zenbatekoa oinarritzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarri beharreko ehunekoa kalkulatuko da.

b.4.– Ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jardun babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako azterlan soziourbanistikoaren agiri osagarriak idazteko ordainsarien gehieneko kostuaren gehieneko zenbatekoa artikulu honen 1.b.1 idatzi-zatian bildutako formulari 0,25 aplikatuz lortuko da.

b.5.– Obra-proiektuak idazteko ordainsarien kostuaren gehieneko zenbatekoa artikulu honen 1.a.3 idatzi-zatian erabilitako formula aplikatuz lortuko da (zenbateko hori oinarritzat hartuta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak ekarri beharreko ehunekoa kalkulatuko da).»

Laugarren artikulua.– Birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 13. artikuluaren 2. puntua aldatu da, eta honela geratu da idatzita:

«2.– Diruz lagundutako lanak idatzi ondoren, eta dagokion tramitazioa bazter utzi gabe, Udalak edo Birgaitzeko Hirigintza Sozietateak edo kontzejuek eta beste udal-erakunde txikiagoek lan horien ale bat, paperean eta CD formatuan, igorriko diote Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, gehienez hilabeteko epean lanak amaitzen diren egunetik zenbatzen hasita.»

Bosgarren artikulua.– Birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren 14. artikuluaren a) puntua aldatu da, eta honela geratu da idatzita

«Diru-laguntza Etxebizitzako zuzendariaren ebazpenen bitartez ordainduko da, zatika eta honela ordaindu ere:

a) Agiriak eta jasotze topografikoak idazteko emandako diru-laguntzetarako: lehen ordainketan, emandako diru-kopuruaren % 11 ordainduko da, behin 13.1.a) artikuluan ezarritako epea amaitutakoan eskatzaileak diru-laguntzari uko egin ez badio. Gainerakoa libramendu partzialen bidez, betiere aurkeztutako agirien bidez egiaztatutako gastuarekiko ehuneko berean emandako diru-laguntza emateko kontuan hartutako idazketa- ordainsarien kostuarekin alderatuz gero».

Seigarren artikulua.– Birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren I., II. eta III. eranskinak aldatu dira, eta agindu honetako eranskinetan jasota dauden bezala idatziko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua aplikatuz, birgaitze integratuko areatan edo bizitegi area degradatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ematea arautzen duen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduan ondokoak aipatzen direnean: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua eta Lurzoru eta Hirigintza Zuzendaritza; honakoak aipatzen direla ulertuko da, hurrenez hurren: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua eta Etxebizitza Zuzendaritza.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 23a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala