Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2013ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4270

EBAZPENA, 2013ko urriaren 1ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak diruz laguntzeko laguntzetarako deialdia egiten duena.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizakiak izatea izanik.

Baina eskubideak aldarrikatzeari eta eskubide horiek egiaz ezartzeko eta bermatzeko borrokari dagokionez, orain dela gutxi arte ez gara jabetu beharrezkoa dela giza eskubideen aldeko hezkuntzari buruzko lan sistematiko, koordinatu eta iraunkorra egitea.

Nazio Batuek bultzatutako eta Vienan 1993an egindako Giza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia hartu behar da inflexio-puntutzat. Konferentzia haren azken deklarazioan eta ekintza-programan zehatz-mehatz bildu zen giza eskubideei buruzko hezkuntza, trebakuntza eta informazio publikoa ezinbestekoak direla komunitateen artean harreman egonkor eta harmoniatsuak ezarri eta sustatzeko, baita elkar ulertzea, tolerantzia eta bakea bultzatzeko ere.

Vienako Konferentziaren ondorioz, NBEren Batzar Nagusiak, 1994ko abenduaren 23ko 49/184 Ebazpenean, Giza Eskubideen esferako hezkuntzarako Nazio Batuen Hamarkada izendatu zuen 1995-2004 aldia. Giza eskubideen esferako hezkuntzarako Nazio Batuen hamarkadarekin hasitako lan eskerga horrek ez zuen denbora-mugarik ezarri nahi. Aitzitik, nazioarteko komunitatea mugiarazi nahi zuen, oinarri sendoak ezartzeko eta oinarri horien gainean etengabe eta iraunkortasunez aurrera egiteko. Horregatik, hamarkada amaitzean eta programaren emaitzak ebaluatu ondoren, une honetan indarrean dagoen jardun-programa jarri zen abian. 2004ko abenduaren 10eko 59/113 Ebazpenean, NBEren Batzar Nagusiak Giza Eskubideetan oinarritutako Hezkuntzarako Mundu Programa aldarrikatu zuen. Programa 2005eko urtarrilaren 1ean gauzatzen hasi zen, eta ondoz ondoko zenbait etapatan egituratu da, giza eskubideen esferako hezkuntza-programak sektore guztietan gauza daitezen sustatzeko.

Bestalde, bakearen eta giza eskubideen aldeko hezkuntzaren arloan, Euskadin garrantzi handia dauka toki-mailan egindako lanak. Horregatik gobernu honen lehentasunetariko bat da udal-ekintzak bultzatzea, bakea sendatzea eta bizikidetza eratzea lortze aldera.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA) memoria historikoaren berreskurapena, bakea, bizikidetza eta giza eskubideak jorratzen dituzten proiektuetarako diru-laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntzok jasotzeko deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez, zeinaren bidez 2013ko laguntzetarako deialdia egiten baita.

Orobat, 187/2013 Dekretuaren 19.3 artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du aipatu dekretuak).

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da EAEko toki-erakundeek giza eskubideen, bake eta bizikidetza arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak diruz laguntzeko laguntzen 2013ko deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen arabera.

Sariak banatze hutsean baino ez dautzan proiektuak dekretu honen xedetik kanpo geratzen dira.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2013ko ekitaldian garatu beharko dira, eta betiere abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Eskaerak.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntza hauek.

4. artikulua.– Diru-hornidura.

Diru-laguntzen programa honetara berrehun eta hirurogei mila (260.000) euro bideratu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2012. urterako aurreikusitako partidaren kargura (aurrekontu horiek luzatu egin dira 2013ko aurrekonturako).

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, entitateek bide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/municipios-paz-convivencia-derechos-humanos

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabidea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaio (Nafarroa kalea 2; 01007 Vitoria-Gasteiz).

2.– Modu presentzialean, honako leku hauetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak: Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza (Nafarroa kalea 2; 01007 Vitoria-Gasteiz); «Zuzenean» herritarrentzako zerbitzuko bulegoetan, eta erakunde laguntzaileetan. Guztiarekin ere, eskabide-orri normalizatua, behar bezala betetakoa, erabili beharko da.

Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea, erantzukizunezko deklarazioa jasotzen duena, inprimaki normalizatuan egin beharko da, zeina euskadi.net egoitza elektronikoan dagoen eskuragarri.

Eskaerarekin batera honako dokumentazio aurkeztuko da:

a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko, udaleko edo toki-erakundeko idazkarian emandako ziurtagiria.

b) Toki-erakundearen ordezkariak ez badu baiezkorik ematen identitate-datuak Barne Ministerioan egiaztatzeko, paperezko euskarrian (fotokopia) edo euskarri elektronikoan (pdf formatuan eskaneatutako kopia, elektronikoki sinatutakoa). Identitatea egiaztatzeko erabili ahal izango diren agiriak honako hauek dira: pasaportea edo nortasun-agiri nazionala.

c) Proiektuaren edo programaren memoria zehatza, non zehaztuko diren xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion.

d) Proiektua gauzatzeak ekarriko duen kostuaren aurrekontu, kontu-sailka zehaztua; bertan, proiektua bera finantzatzeko gainerako bideak adieraziko dira, horrelakorik izanez gero.

e) Diru-laguntzaren helburu den programa edo proiekturako eskatutako gainerako laguntzen zerrenda; bertan, zein erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza zehaztu beharko da, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden. Halakorik ez bada, diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako programa edo proiektuetarako beste laguntzarik jaso ez izanari buruzko zinpeko deklarazioa.

f) Proiektua edo programa burutzeko, erakunde eskatzaileak diru giza baliabideen eta baliabide materialen zehaztapena; berdintasunaren arloan prestakuntza edo ibilbide egina duten pertsonak dituela zehaztuaz, eta boluntario moduan diharduten pertsonak adieraziaz; boluntariotzat joko dira ordainsarik gabe proiektuan edo programan laguntzen dutenak.

2.– Behin diru-laguntzak emateko ebazpena argitara emandakoan, erakunde onuradunek, hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badira.

3.– Era berean, proiektuak edo programak balorazio hobea lor dezan, pertsona eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

4.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

8. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuko 10. artikuluan aurreikusitako Epaimahai kalifikatzaileko kideak hauek izango dira:

Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Epaimahai Kalifikatzaileko lehendakaria.

M.ª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.

Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.

Lide Amilibia Bergaretxe Andrea, Gizarte Gaietako zuzendaria, bokala.

Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.

Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.

Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, Epaimahai Kalifikatzaileko idazkaria.

9. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez eman edo ukatuko dira, eta irizpide ponderatu hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa: 15 puntu, gehienez.

Erakundearen kudeaketa-gaitasuna eta horretan izandako ibilbidea, proiektuari dagokionez: 5 puntu, gehienez.

Proiektuaren potentzial estrategikoa, haren egokitasuna, interes soziala eta izan ditzakeen hartzaileak: 20 puntu, gehienez.

Noraino koordinatu den hezkuntza-arloarekin eta elkarte-sarearekin, edo administrazio publikoren bat noraino sartu den proiektuaren garapenean: 20 puntu, gehienez.

Aurrekontu argia eta egokia: 15 puntu, gehienez.

Giza Eskubideen gaineko nazioarteko erakundeen esku-hartze ildo, estrategia eta helburuak noraino hartu diren kontuan eta noraino jokatu den haiekiko koherenteki; batez ere, Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak hartutakoekin (www.ohchr.org): 15 puntu, gehienez.

Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.

Diru-laguntza emateko beharrezkoa izango da, aurreko baremoei jarraikiz, gutxienez 45 puntu lortzea.

10. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, honela:

a) Diru-laguntzaren guztizkoaren % 50, diru-laguntza esleitzen den unean.

b) Gainerako % 50a, 2014. urtean, behin emandako diru-laguntza zertan erabili den Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren aurrean justifikatu ondoren.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

2014ko martxoaren 31 baino lehen eta Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan, emandako diru-laguntza erabili izana justifikatzeko honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.– Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzeko faktura eta ordainagirien kopia konpultsatuak, salbu eta esleipendunak behar beste justifikatu haiek Administrazioaren esku utzi ezina, kasu horretan haien kopiak eta originalak aurkeztea erabaki daiteke, eta behin konpultsatuta interesatuari itzultzea. Azaroaren 28ko 1496/2003 Dekretuaren bitartez, batetik, fakturazioko obligazioak erregulatzeko Araudia onartzen da, eta, bestetik, Balio Erantsiaren gaineko Araudia onartzen da. Bada, ordainagiriak zein fakturak dekretu horretako 6. artikuluko betekizun formalei egokituko zaizkie; eta, bestalde, diruz lagundutako proiektuka bereizirik aurkeztuko dira, eta, halaber, egoki eta ordenatura eta zenbaturik; eta horretaz gain, haien izenak jasotzen dituen zerrenda erantsiko da, eta bai gastua zerrenda horretan aipatzen diren helburuetarako erabili dela ere.

2.– Soldaten ordainagirien kopia konpultsatuak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

3.– Aldi baterako kolaborazioen gastuen ordainagirien kopia konpultsatuak, berriz, hartzailearen datuak zehaztuko dira, baita haren Nortasun Agiri Nazionalaren –NAN– zenbakia, ordaindutako lana, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren –PFEZ– atxikipena ere.

4.– Diruz lagundutako proiektuaren memoria zehatza, besteak beste pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegiaren trataera azalduz.

5.– Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

6.– Izapideketa bide telematikoz egiten bada, eskaneaturik eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko da aipatu dokumentazioa.

7.– Izapidekete presentzialean zein telematikoan, Administrazioak, egoki baderitzo, agiria originalak eska daitezke.

Bide presentzialetik zein elektronikotik justifikazioak izapidetzeari buruzko zehaztapenak eskura dira helbide elektroniko honetan: euskadi.net.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea. Beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Teknikoan, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 1.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala