Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2013ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4230

EBAZPENA, 2013ko irailaren 16koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deia egiten duena.

Urriaren 8ko 1566/1999 Errege Dekretuaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek, arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan beharra daukate. Gainera, dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaileek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren ekainaren 3ko 96/35/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, Sustapen Ministerioak salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasunari buruz 1999ko urriaren 21ean emandako Aginduak aurreikusten du horretarako azterketak autonomia erkidego bakoitzeko organo eskudunak deitu beharko dituela, eta deitu ere, gutxienez urtean behin.

Gainera, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduaren bidez ezarri denez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko balio-aldia izango du, eta ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo froga izango da, eta baldintzak ikuskatzaile berrientzako jarritako berberak izango dira.

Ondorioz, Sustapen Ministerioaren 1999ko urriaren 21eko Aginduaren 3. artikuluan eta otsailaren 27ko 607/2009 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 15.1.j artikuluak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaile titulua lortzeko edota titulua izanik datorren urtean iraungitzen zaienek titulu hori berritzeko azterketetarako deia egiten da. Azterketak izangaien lanbide-gaitasuna egiaztatzeko izango dira.

Errepideko garraioaren barruan, izangai berriek, nahi izanez gero, azterketa osoa edo aukeratutako espezialitateak soilik egin ahal izango dituzte. Hona hemen salgai motari jarraikiz bereizitako espezialitateak:

– 1. salgai mota: materia edo objektu lehergarriak.

– 2. salgai mota: gasak.

– 7. salgai mota: erradioaktiboak.

– 3., 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8. eta 9. salgai motak: salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako Akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

– Nazio Batuen Erakundeak 1202 (gasolioa), 1203 (gasolina) eta 1223 (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

Titulua berritzeko aurkezten direnek, lehen egiaztatua zuten mota horretarako bakarrik egin ahalko dute azterketa.

Bigarrena.– Azterketak.

Izangai berrien azterketak osatuko dituzten frogak, eta azterketen egitura eta kalifikatzeko modua, urriaren 8ko 1566/1999 Errege Dekretuan eta 1999ko urriaren 21eko Aginduan (urriaren 23ko BOE, 254. zenbakia) ezarritakora egokituko dira; eta titulua berritu behar dutenen azterketak, berriz, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko 605/2004 Aginduak (martxoaren 9ko BOE, 59. zenbakia) 6. artikuluan ezarritakora.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen (www.euskadi.net/consejeros) web-orriaren bidez aurkeztu beharko da.

2.– Eskabidea aurkezteko, hamar egun balioduneko epea utziko da, behin deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

3.– Eskabide-orria web-orriaren bidez betetakoan, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasaren kitapena sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko 20,52 euroko tasa ordaindu beharko da (kontuan izandako arauak: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua eta Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetatik lehenengoaren 5. idatzi-zatia).

Tasak, zuzenean, interneteko web-orri horren bidez (on line) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (off line) ordaindu ahal izango dira.

Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, kitapen horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander eta Banco Guipuzcoanon) barra-kodea irakurtzekoa duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da derrigor, ez baita onartuko, okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutako eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak interneten argitaratuko ditu Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, zerrenda horretan ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrera ateratzen den egunaren biharamunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute okerrak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsiko ditu, eta interneten argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

Epaimahaia

– Lehendakaria: Manuel Sanchez Jimenez jauna.

– Batzordekideak:

Arantxa Unamuno Lekuona andrea.

Luis Becerra Carollo jauna.

Francisco Javier Rivas Dominguez jauna.

– Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández jauna.

Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaien helbidea eta bete beharreko baldintzak.

1.– Azterketa hauek egin nahi dituzten izangaiek (dela gaitasuna egiaztatzeko, dela titulua berritzeko) Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute legezko helbidea.

NANean ageri den helbidea Euskal Autonomia Erkidegoz kanpokoa izatea onartuko da, baldin eta eskabide-orriak aurkezteko epearen azken egunetik atzerako urtebeteko epean ehun eta laurogeita bost egun naturaletan helbidea EAEn izan duela egiaztatzen duen errolda-egiaztagiria aurkezten badu izangaiak.

2.– Azterketa-egunean identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek, eta, beharrezko dutenek, baita errolda-egiaztagiria ere. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena interneteko webgunearen bidez (www.euskadi.net/consejeros) egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak interneten argitaratuko dira.

Azterketa egiteko, izangaiek arkatza eta borragoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 16a.

Garraio Plangintzaren zuzendaria,

MANUEL LEZA OLAIZOLA.


Azterketa dokumentala