Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2013ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3985

AGINDUA, 2013ko irailaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko Lineako Sarean liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko modua arautu eta horretarako deia egiten duena.

Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen indarrez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailari dagokio urtez urte bere aurrekontuetan funtsak handitzeko laguntza-programak ezartzea.

Era berean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatu eta gauzatzea.

Araudi horrekin bat, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko.

Ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, udal liburutegi publikoen arloko eskumenak dituzten edo arlo horretako egitekoak esleituta dituzten udal eta toki-erakundeei 2013ko ekitaldian diru-laguntzak emateko modua arautzen da. Diru-laguntza horiek Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien funtsak emateko eta/edo berritzeko izango dira.

Diru-laguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-kopuruak izango dira:

1.– Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortak.

2.– Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko izenburuak.

Kasu bietan, diru-laguntzaren % 10, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratutako obrak erosteko erabili behar da nahitaez.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako 670.000.00 euro erabiliko dira gehienez.

2.– Zenbateko globala honela banakatuko da:

a) 50.000.00 euro, gehienez, liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu-sortetarako.

b) 620.000.00 euro, lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko.

3.– Liburutegi sortu berrietarako diren dokumentu sortarako zenbatekoa erabiltzen edo agortzen ez bada, diru hori edo soberakina lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.

4.– Agindu honetara bideratutako diru-kopuruak handitu egin ahal izango dira aginduaren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.– Izapidetzea.

1.- Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak bakarrik erabiliz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.- Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide honetan daude ikusgai: https://www.euskadi.net/y22-izapide/eu/contenidos/ayuda_subvencion/13_llf/es_dirulag/dirulag.html

3.- Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_nire_gestioak_laguntza/eu_egoitza/sede_mis_gestiones_ayuda.html

4. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetako laguntzak jaso ahal izango dituzte, batetik, liburutegi publikoen titularrak diren EAEko udalek, eta, bestetik, EAEko udal liburutegi publikoen arloko eskumenak dituzten edo arlo horretako egitekoak esleituta dituzten toki-erakundeek, baldin eta Euskadiko Irakurketa Publikoko On Line Sarearen barruan badaude, edo sare horretan sartzeko eskaera eginda badute.

Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere.

Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

Eskakizun hauek ere nahitaez bete behar dira:

1.– Liburutegi sortu berrietarako dokumentu sortak erosteko diru-laguntzetarako:

a) Lagundu nahi den liburutegiaren eragin-eremuko biztanleen kopurua (betiere, biztanleria entitate eskatzaileari dagokiona izango da) 3.000koa edo 3.000tik gorakoa izatea.

b) Entitate eskatzaileak 2013ko edo 2012ko aurrekontuetan diru-atal bat izatea liburutegi sortu berria(k) liburuz hornitzeko, edota 2013an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen A. eranskinaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren adinakoa.

c) Diru-laguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Irakurketaren Euskadiko Lineako Sare Publikoaren barruan sartuta egotea edo sartzea eskatu izana, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

d) Liburutegi horiek 2012ko urtarrilaren 1a eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunaren artean sortuak izatea eta jardunean egotea, betiere Eusko Jaurlaritzaren eskutik helburu horretarako —hau da, liburutegi sortu berri(eta)rako dokumentu-sortak erosteko— inolako diru-laguntzarik jaso ez badute.

2.– Lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzetarako:

a) Entitate eskatzailearen 2013ko udal-aurrekontuetan diru-atal bat izatea bere liburutegiko funtsak berritzeko.

b) Entitate eskatzaileak 2013ko aurrekontuetan diru-atal bat izatea liburutegia(n) funtsak berritzeko, edota 2013an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Gutxieneko kantitatea hauxe izango da: agindu honen A. eranskinaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren adinakoa.

c) Diru-laguntza jasoko duten liburutegiak Irakurketaren Euskadiko Lineako Sare Publikoaren barruan sartuta egotea edo sartzea eskatu izana.

d) Eskaera aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo haren menpeko erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.– Entitate eskatzaileen betebeharrak eta baldintzak egiaztatzea.

1.- Erakunde eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatu ditzan, administrazio publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasunaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulu-zatiaren aldaketa aplikatuz, eskabidean sartuko den erantzukizunpeko aitorpen baben bidez, betebehar hauek egiaztatuko dira:

● Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero –eta, hala badagokio, eskuratuz gero–, horren berri ematea.

● Erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

● Erakundeak ez izatea zigor administratibo edo penalik sexu-bereizkeria dela-eta, eta ez egotea zigortuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen araberako debekuarekin.

● Erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

6. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.

a) Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

b) Eskaerak bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako https://www.euskadi.net/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_nire_gestioak_laguntza/eu_egoitza/sede_mis_gestiones_ayuda.html egoitza elektronikoan.

Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, bai eta atxikitako dokumentazioa ere. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

7. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

Eskabidea legez eratuta dauden udal entitate eskudunek edo udal liburutegi publikoen alorrean zereginak esleituta dituzten entitateek egiten dutenean, agirien bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi-zerbitzu publikoa elkarrekin kudeatzea dagoela.

Ez da erantsiko agiri hori, baldin eta Eusko Jaurlaritzan badago.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Era berean, zuzendaritza horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrekozkotzat jotzen diren baldintza guztiak.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta diru-laguntzen zenbatekoaren mugak.

1.– Agindu honen 2. artikuluan aipatzen den laguntza-lerro bakoitzari dagokion diru-zuzkidura banatu egingo da laguntzak eskuratzeko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten entitate eskatzaile guztien artean.

2.– Sortu berriak diren liburutegien funts-loteei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta A eranskinean azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpideekin landutako taldeen inguruan ezarri bezala. Horrela kalkulatutako kopuruak estaltzeko nahikoa baldin bada 2.2.a letran adierazitako zuzkidura –edo xedapen gehigarriak ahalbidetzen duen igoeraren ondorio dena–, laguntzak zenbateko horien arabera esleituko dira, eta geratzen den soberakina, horrelakorik badago, bibliografia-funtsak berritzeko lerroaren zuzkidurari gehituko zaio.

Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen duen kasuan, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.

3.– Jarraian, bibliografia-funtsak berritzera bideratutako diru-laguntzen lerroari dagokion zuzkidura banatuko da –hasiera batean 2.2.b letran ezarritakoa edo aurreko atalean eta xedapen gehigarrian xedatutako igoeraren ondorio dena–, B eranskinean ezarritakoaren arabera, eta, gainera, kontuan izango da diru-laguntza gisa jasoko den kopuruak ezingo duela inoiz gainditu onuradunek berek xede bererako jarritako kopurua, eta 150.000,00 euro ere ez. Hori dela eta, kasuren batean, adierazitako mugak gainditu egiten badira B eranskinean ezarritako parametroen arabera kalkulatutako hasierako kopuruarekin, kopuru hori murriztu egingo da adierazitako mugetaraino.

Murrizketen ondorio den soberakinaren kopuru orokorra murrizketen eragin ez dieten gainerako eskaeren artean banatuko da, B eranskinean ezarritako parametroak aplikatuz, eta ateratzen diren kopuruak aurretik lortutakoei gehituko zaizkie. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar adina aldiz egingo da, zuzkidura agortu arte, hala dagokionean, edo horrela zehaztutako diru-laguntza guztien zenbatekoak baimendutako gehienekoetara iritsi arte.

12. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak batera erabili daitezke helburu berbererako, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gain-finantzaketarik badago, diru laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazpena eta jakinarazpena emateko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdian aurkeztutako eskaerak, 2. artikuluan ezartzen diren laguntzen lerro bakoitzean, dagokion prozeduraren bitartez bideratuko dira. Lerro bakoitzaren ebazpena ematea Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak proposatuta, eta interesdunek planteatutako gai guztien inguruko erabakiak emango dira.

2.– Esleipen-prozedura bakoitzean hartzen den ebazpenean zehaztuko da eskatutako diru laguntzak emango diren eta hala dagokionean ukatuko diren. Emango diren diru-laguntzen kasuan entitate onuradunen izen soziala eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutakoen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira.

Aurreko paragrafoko ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, beraz, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote erakunde interesdunek Hezkuntza Sailari jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek ezartzen dutenaren arabera.

4. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bitartez jakinaraziko zaie entitate interesdunei.

5.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek ulertuko dute haien laguntza-eskaera ezetsi dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikulu-zatian ezarritakoaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten erakundeen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitateek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza ematea arrazoitzen duen jarduera egitea edo diru-laguntza ematea arrazoitzen duen egoeran egotea.

c) Betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu behar du erakunde laguntza emailearen aurrean, eta bai laguntzaren xedea den jarduera egin dela ere.

d) Laguntzak ematen dituen erakundearen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, men egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotako laguntzak eta diru-laguntzak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol-jarduketei, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoei ere.

e) Laguntza ematen duen entitateari xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

f) Aurkeztutako egitasmoan esleipena egiterakoan kontuan izandako gorabehera objektibo edo subjektiboen artean aldaketarik egonez gero, horren berri ematea laguntza ematen duen entitateari.

g) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipatuak ez direla erabiliko bermatuko da.

h) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

i) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Kultura Sailak –beren zereginetan dihardutela– deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruz eskatutako informazioa ematea.

j) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikulu-zatian ezarritako beste edozein betebehar.

k) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura Sailaren esku jartzera, Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek bertan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.

15. artikulua.– Justifikazioa, kitapena eta ordainketa.

1.– 2013ko abenduaren 31 baino lehen zuritu behar da diru-laguntza agiri bidez.

2.– Diru-laguntza agiri bidez zuritzeko, kontu-hartzailearen edo idazkari/kontu-hartzailearen Zuribide Ziurtagiria aurkeztu behar da, eta webgune honetan dago: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/egoitza_nire_gestioak_laguntza/eu_egoitza/sede_mis_gestiones_ayuda.html. Egindako gastua eta xede bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen zerrenda adieraziko da, horrelakorik badago.

3.– Justifikatzeko gastuak honako bi kontzeptu hauen baturak emandakoa izan behar du, gutxienez: azkenean esleitutako diru-laguntza eta onuradunak jarri beharreko gutxieneko ekarpena. Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean –hala badagokio– adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako 2. artikuluan adierazitako diru-kopuruak handitu ahal izango dira, baldin eta aurrekontuak agortu gabe geratu badira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk exekutatu ondoren edota indarreko legeriaren arabera egindako aurrekontu aldaketen ondoren.

Gehikuntza hori gertatuz gero, aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da, eta horren berri Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez emango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

A ERANSKINA
LIBURUTEGI SORTU BERRIETARAKO DOKUMENTU-SORTAK ESKURATZEKO DIRU-LAGUNTZAREN ZENBATEKOA FINKATZEKO IRIZPIDEAK

Kontzeptu horretarako diru-laguntzaren zenbatekoa biztanleria-irizpideekin ezartzen da. Horretarako, finkatutako mugen arteko biztanleria duten taldeak sortzen dira, eta jasoko duten kopurua esleitzen zaie.

Biztanleen kopuruan ez dira zergatik sartu behar entitate onuraduneko biztanle guztiak, baizik eta diruz lagundu nahi den liburutegiaren eragin-eremuko biztanleak.

(Ikus .PDF)

Onuradun bakoitzari dagozkion kopuru guztien batura 2. artikuluko a) letran ezarritakoa baino handiagoa bada, proportzionalki murriztuko dira, baturak funts-loteetarako bideratutako kopuruarekin bat egin arte.

B ERANSKINA
FUNTSAK BERRITZEKO DIRU-LAGUNTZAREN ZENBATEKOA FINKATZEKO FORMULA ETA KOEFIZIENTEAK

Agindu honetarako finkatu den diru-kopurua (aginduko guztirakoari liburutegi berrietarako funtsak eskuratzeko kopurua kenduta ateratzen dena) ondoko formularen arabera banatuko da onuradunen artean, 12.1 artikuluan xedatutakoa ezertan ere urratu gabe.

Diru-laguntza= DK * B

FORMULAREN FAKTOREAK:

1.– DK: Agindura bideratutako diru-baliabideak, funts-loteetara bideratutakoak kenduta, sortu berri den liburutegirik badago.

2.– B, Onuradunaren Balioa, P eta IZ faktoreen biderkadura da.

a) Populazio homologatua (P)

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatu ditugu eta herrien P balore homologatua lortu dugu, sailkapen honen arabera:

(Ikus .PDF)

Adibideak: 3.248 biztanledun udalerri bat 4.000 dituenarekin parekatuko da, eta 54.949 biztanledun beste bat, 60.000 dituenarekin.

b) Indize zuzentzailea (IZ)

Honako koefiziente zuzentzailea ezarriko da:

(Ikus .PDF)

3.– BB: Onuradun guztien B balioen batura.


Azterketa dokumentala