Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2013ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3984

AGINDUA, 2013ko irailaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskadiko Irakurketa Publikoko On Line Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen eta diru-laguntza horietarako deia egiten duena.

Euskadiko liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortutako Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareari (EIPS) dagokio, besteak beste, liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak jartzea, bereziki informatika-sareak osatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak antolatzeko, funtsak eskuratzeko eta beste helburu batzuetarako.

Bestalde, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea, bai eta ondare bibliografikoaren eta liburutegien arloan dauden premiak aztertzea eta arauzko neurriak proposatzea eta liburutegien eta ondare bibliografikoaren arloko politika kudeatzeko neurriak diseinatzea eta ezartzea ere, horretarako beharrezko diren proiektuak sustatuz eta zuzenduz.

Hori dela eta, kontuan hartuta udal liburutegi publikoen helburu nagusia herritar ororentzat ezagutza eta informazioa jasotzeko bide izatea dela eta teknologia berriek horretan garrantzi handia dutela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal liburutegi publikoetan ezartzen eta garatzen lagundu dezaketen jarduerak bultzatzea.

Horren ondorioz, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko On Line Sareko udal liburutegi publikoen arloko eskumenak dituzten edo arlo horretako egitekoak esleituta dituzten udalei eta toki-erakundeei 2013ko ekitaldian diru-laguntzak emateko modua arautzen da. Diru-laguntza horiek teknologia berriak ezartzeko eta/edo garatzeko izango dira.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzetarako, 350.000 euro erabiliko dira, guztira.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez erabili ere, prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak –bai bide presentziala erabiliz, bai bide elektronikoa erabiliz– nola izapidetu behar diren azaltzen duten argibideak honako helbide honetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.net/y22-home/eu

3.– Eskabidearen osteko izapideak hemen egin daitezke, bide elektronikoa erabiliz: https://www.euskadi.net/y22-home/eu/niregestioak

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetako laguntzak udal liburutegi publikoen arloko eskumenak dituzten edo arlo horretako egitekoak esleituta dituzten udalek eta toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte; betiere, Euskadiko Irakurketa Publikoko On Line Sarearen barruan badaude edo eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik sare horretan sartzeko eskaera eginda badute.

2.– Ezingo dute diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zehapen administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalen bat duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako zehapenen ondorioz debekua dutenek ere.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntzaren batzuk eman badizkiete onuradunei eta laguntza horiek itzultzeko edo zehatzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, ezinbestekoa izango da prozesu hori amaitzea, onuradunei laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Honako jarduera hauek finantzatu ahal izango dira: Euskadiko Irakurketa Publikoko On Line Sareko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko elementuak eskuratzeko eta instalatzeko egiten diren jarduerak; zehazki, 2013. urtean egiten direnak.

2.– 2013. urtetik harago luzatzen diren inbertsio-proiektuetako zati bat diren inbertsio-jarduerak finantzagai izango dira, baldin eta 2013. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela jotzen bada eta haien banakako kostua zehaztu ahal bada.

3.– Zehazki, honako hauek eskuratzeko eta instalatzeko emango da laguntza:

a) Hardware edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta haren osagaiak sartzen dira multzo honetan, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezko den beste edozein elementu material ere, dela modu autonomoan lanean dihardutela, dela sarean dihardutela (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerra, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze-unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak eta abar).

b) Softwarea edo informatika euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programen eta prozeduren multzoa. Atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.

c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai kabledunak, bai haririk gabekoak.

4.– Hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik, diruz laguntzeko jarduerarekin lotura estua duten gastuak; bai erosketaren gastuak, bai errentamenduaren gastuak edo laguntzeko modukotzat jotzen diren elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako sistemen gastuak.

5.– Ez dira diruz lagunduko:

a) Ikus-entzunezko edo bestelako ekipamenduak, beren ezaugarriak direla-eta 3. puntuko ezein ataletan sartzen ez badira.

b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza gisa definitzen diren zerbitzuen kostuak.

c) Liburuzainak edo erabiltzaileak tresna berrietan trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.

d) Xede soil hau duten softwarea eta elementuak: liburutegiek Interneten duten presentzia areagotzea.

e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, horien euskarria, lokalizazioa edo edukietan sartzeko beharrezko ekipamendua edozein dela ere.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta baldintzak egiaztatzea.

1.– Eskabideetan, erakunde eskatzaileak aukera izango du berariazko baimena emateko laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskuratu edo egiazta ditzan. Edonola ere, Administrazio Publikoak egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-arloan dituen eskumenak erabili ahal izango ditu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako –eta, hala badagokio, haietatik jasotako– diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

– Erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

7. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.

1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, bai eta atxikitako dokumentazioa ere. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Eskabideari dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio:

a) Erakunde eskatzaileko teknikari arduradunek izenpetutako txosten bat, 2013. urteko ekitaldian egindako edo egin beharreko jarduerak –laguntzagai direnak– azaltzen dituena, eta jakinarazten duena zer helburu lortu nahi diren erosketarekin/instalazioarekin eta zergatik diren erosketa/instalazio horiek premiazkoak.

b) 2013. urtetik hara luzatzen diren inbertsio-proiektuen zati diren inbertsio-jarduerak badira, banakatu daitezkeela egiaztatu beharko da, baita erabilera beregaina izan dezaketela eta haien banakako kostua zehaztu ahal dela ere. Kasu horretan, jarduera horietara mugatuko da eskabidea.

c) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak.

8. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidearen tramitea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten bada, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko zaio: eskatutakoa egiten ez badu, horrek esan nahiko du eskabidean atzera egin duela –ebazpen baten bidez emango zaio horren berri– edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Halaber, zuzendaritza horrek ebazpen-proposamena egingo du, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko dio. Ebazpen-proposamen horretan hau guztia azalduko da: zer erakunde izango diren onuradun, zer zenbateko emango zaien eta zer eskabide ezetsi diren eta zergatik, bai eta zer baldintza jotzen diren beharrezkotzat emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ere.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Dauden diru-baliabideak banatuko dira agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean.

2.– Eskabide bakoitzari zehatz-mehatz zer diru-kopuru eman jakiteko, agindu honen hurrengo paragrafoan finkatutako irizpideak eta kalkulu-sistema aplikatuko dira.

3.– Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

a) Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunak dituen biztanleak hartuko dira kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak egongo dira, eta indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko zaizkie; zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, hainbat eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

b) Formulak eta koefizienteak:

KOEFIZIENTEAK

1.– Biztanleria-irizpidea.

a) Herrien homologazioa (P). Erakunde onuradunen herriak biztanle-kopuruaren arabera sailkatu ditugu, eta herrien P balio homologatua lortu dugu, sailkapen honen arabera:

Herria P

0tik 1.000ra 1.000

1.001etik 2.000ra 2.000

2.001etik 3.000ra 3.000

3.001etik 5.000ra 5.000

5.001etik 10.000ra 10.000

10.001etik 15.000ra 15.000

15.001etik 20.000ra 20.000

20.001etik 25.000ra 25.000

25.001etik 50.000ra 50.000

50.001etik 100.000ra 100.000

100.001etik 150.000ra 150.000

150.001etik 200.000ra 200.000

200.001etik 250.000ra 250.000

50.000naka jarraitzen du

Adibideak: 3.248 biztanledun udalerri bat 5.000 biztanle dituen udalerri batekin parekatuko dugu, eta 54.949 dituen udalerri bat, 100.000 biztanle dituen udalerri batekin.

b) Biztanleria-irizpidea: Koefiziente zuzentzailea aplikatzea (IZ).

Koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

Herria IZ

0tik 1.000ra 1,80

1.001etik 2.000ra 1,60

2.001etik 3.000ra 1,40

3.001etik 5.000ra 1,20

5.001etik 10.000ra 1,00

10.001etik 25.000ra 0,80

25.001etik 50.000ra 0,60

50.001etik 150.000ra 0,40

150.001etik 200.000ra 0,30

200.001etik 250.000ra 0,25

250.001etik aurrera 0,20

FORMULA

P: biztanle-tarteentzako homologatutako biztanle-kopurua.

IZ: indize zuzentzailea.

B: onuradunak jasotako puntuazioa.

BB: onuradun guztien puntuazioen batura; hots, B guztien batura.

DK: diru-baliabide erabilgarriak. Aginduaren diru-hornidura 350.000 euro da. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.

DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua. Alegia, erabilgarri dagoen kopurua banaka lortutako puntuazioen arabera onuradunen artean zatikatzearen ondorioz eta horrek onuradun guztien puntuazioen multzoarekin duen lotura aintzat hartuta esleitutakoa.

Hauxe da prozedura:

1.– Onuradun bakoitzari P eta IZ balioak esleitu.

2.– P eta IZ balioen biderkadura. Horretara, onuradun bakoitzaren puntuazioa lortzen da (B).

3.– Onuradun guztien puntuazioen batura; hots, B guztien batura. BB balioa da emaitza.

4.– Onuradun bakoitzari dagokion diru-kopurua; hau da, erabilgarri dauden baliabideak bider onuradun jakin baten puntuazioa, eta emaitza hori onuradun guztien puntuazioen baturaz zatituta. Alegia: DL = DK * B / BB

5.– Kalkulu-sistema hori aplikatu eta lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da, eta behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak inola ere ez du gaindituko agindu honetako 12. artikuluko 1. puntuan jasotako muga.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak, mugak, ordainketa eta bateragarritasuna.

1.– Jasotako diru-laguntzak ez du gaindituko eskatutako gastuaren % 90, eta inolaz ere ez da izango 100.000 eurotik gorakoa erakunde onuradun bakoitzerako.

Diru-laguntza justifikatzeko eta likidatzeko dokumentazioan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, diru-laguntza murriztuko da behar den heineraino.

2.– Diru-laguntza zati bakar batean ordainduko da.

3.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako ematen dituztenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketa badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako ebazpen-proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea. Ebazpen horretan jakinaraziko da zein diren erakunde onuradunak, zenbat diru jasoko duten eta zer eskabide ezetsi diren eta zergatik.

2.– Prozedura ebatzi eta interesdunei horren berri emateko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Ebazpenaren berri emate aldera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, horrek esan nahiko du eskabidea ezetsi egin dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

5.– Dena den, agindu honetako 9. artikuluan adierazitakoa gertatuz gero, erabakia hartzeko epea etenda geratuko da tramite horrek behar duen beste denboraz, jakinarazpen-egunaren eta erantzuteko epearen arabera.

6.– Artikulu honetan adierazten den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, beraz, haren aurka, erakunde interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluek ezartzen dutenaren arabera.

14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen duten erakundeen betebeharrak.

Diru-laguntza jasotzen duten erakundeek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, ez badiote diru-laguntzari espresuki uko egiten, horrek esan nahiko du onartu egin dutela.

b) Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.

c) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen jardueran aritzea edo egoeran egotea.

d) Diru-laguntza ematen duen erakundeari frogatzea diru-laguntza emateko edo jasotzeko bete beharreko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.

e) Diru-laguntza ematen duen erakundeak egingo dituen egiaztapenak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrolak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo diru-laguntzei dagozkienak, onartzea, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoan ezarritako kontrolak onartzea ere.

f) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman badizkiete helburu bererako, horren berri ematea diru-laguntza ematen duen erakundeari.

g) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri ematea diru-laguntza ematen duen erakundeari.

h) Diru-laguntza hauetaz baliatuz egiten diren ekintza eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuaren laguntza jaso dela agertzea.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa betetzea eta hizkera sexistarik ez erabiltzea. Emakumeen eta gizonen rolei dagokienez, erabilera estereotipatuak saihestuko direla bermatuko da.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

Diru-laguntza justifikatzeko dokumentuak 2012ko abenduaren 31 baino lehenago aurkeztu beharko dira.

Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.

Justifikazioa egiteko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, egindako gastuei buruzkoa eta «Justifikazioak» ereduaren araberakoa.

– Helburu bererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada eta eskabidea egiteko unean interesdunak horren berri ez bazuen, laguntza horien zerrenda. Diru-laguntza eskatzeko unean adierazitako bestelako diru-laguntzen kasuan nobedaderik egon bada, horien berri ere eman beharko da.

– Laguntza emateko ebazpenean eskatzen den beste edozein agiri.

Dokumentazioa jaso eta aztertzean edo epea amaitzean, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du, eta, murrizketaren bat egin behar bada, bakoitzari dagokion likidazioaren ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, hari baitagokio horren inguruko ebazpena ematea bi hileko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasita.

16. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Hauek izango dira ez-betetzeak:

1.– Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

2.– Agindu honetan edo laguntza emateko ebazpenean adierazitako betebeharrak ez betetzea.

3.– Legezko beste xedapenen batek ezarritako beste edozein eskakizun orokor ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdietan, lege eta xedapen hauek aplikatuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena) eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua), hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera (uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala