Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2013ko irailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3906

AGINDUA, 2013ko irailaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetako zerbitzuen erabilera bultzatzeko jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituena eta horiek emateko deialdia egiten duena.

Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Sare horren funtzioetako bat liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea da, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko, eta beste helburu batzuetarako.

Bestalde, apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituenak, zera xedatzen du: Liburutegi Zerbitzuaren ardura izango dela Euskadiko liburutegien sistemari dagozkion plangintza-, funtzionamendu- eta koordinazio-funtzioak garatu eta gauzatzea, bai eta irakurzaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea ere.

Hori horrela, eta irakurzaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura haurtzaroan eta gaztaroan erraztasun handiagoz eskuratzen direla sinetsita, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak lehentasunezkotzat jotzen du biztanle horien beharrak asetzea.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen bitartez, EAEko udalei eta udal-liburutegi publikoen arloko eskumenak dituzten edo horretarako funtzioak esleituta dituzten tokiko erakundeei diru-laguntzak emateko modua arautzen da, eta laguntza horietarako deia egiten, 2013ko ekitaldirako. Diru-laguntza horiek haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetako zerbitzuen erabilera sustatzeko xedea duten jardueretara bideratuko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzetara gehienez ere 208.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko indarreko aurrekontu orokorretatik.

Nolanahi ere, zenbateko hori handitu egin ahal izango da, agindu honen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraiki.

3. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan xedatutako laguntzak jaso ahal izango dituzte, batetik, liburutegi publikoen titularrak diren EAEko udalek eta, bestetik, EAEko udal-liburutegi publikoen arloko funtzioak dituzten edo arlo horretako funtzioak esleituta dituzten tokiko erakunde eskudunek, baldin eta liburutegiok Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen barruan badaude edo bertara sartzeko eskaera egin badute, eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik.

Ezingo dute diru-laguntzarik eskuratu diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zigor- edo administrazio-zehapena jaso duten erakundeek eta horretarako gaitasunik gabe uzten dituen legezko debekua dutenek.

Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzetara aurkeztu, dagokion zehapenak ezarritako epean, sexuagatiko diskriminazioa dela-eta zigor- edo administrazio-zehapen bat duten pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela bide debeku horrekin zehatutakoak ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek soilik bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako xedapen hauetan araututa dago: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa), eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) ezartzen duenean.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko argibideak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.net/y22-home/eu.

Eskabidea aurkeztu osteko izapideak web-gune honen bidez egingo dira: http://www.http://www.euskadi.net/misgestiones

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileen eta/edo onuradunen eskakizunak (eta betebeharrak).

1.– Eskagarria den daitekeen edozer betebehar, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 lerrokadan aurreikusitakoari jarraikiz.

2.– Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea (erakunde onuradunen kasuan).

3.– Legearen arabera osatuta egotea eta egoki diren administrazio-erregistro edo -erroldetan behar bezala izena emanda egotea.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu ahal izango dira haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko eta udal-liburutegietako zerbitzuen erabilera bultzatzeko helburua duten jarduera guztiak, 2013ko ekitaldiaren barruan egiten direnean.

Ondorio horietarako, honako hauek hartuko dira, besteak beste, diruz lagun daitezkeen jarduera gisa:

a) Profesionalen trebakuntza bereziari begira egindako jarduerak. Ez da diru-laguntzarik emango joan-etorri eta mantenu-gastuetarako, ezta jarduera horietan parte hartzearen ondorioz sortzen diren bestelako gastuetarako.

b) Haur eta/edo gazteentzako irakurketa-jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa tailerrak, etab.).

c) Haur eta/edo gazteentzako liburuen erakusketa bibliografikoak, solasaldiak, eta abar antolatzea.

d) Haur eta/edo gazteentzako literatura-lehiaketak antolatzea.

e) Haurrak eta helduak liburu eta liburutegietara hurbiltzeko kanpainak.

Ez da emango diru-laguntzarik material bibliografikoa erosteko, salbu eta material hori beharrezkoa bada agindu honetan aipatzen diren helburuekin bat datozen jarduera zehatzak gauzatzeko.

Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bermatzen ez duten jarduerek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

7. artikulua.– Erakunde eskatzaileen eskakizunak egiaztatzea.

1.– Eskatzaileak baimena eman ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak gainerako datu edo dokumentuak eskura edo egiazta ditzan; betiere, Herri Administrazioak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenei kalterik egin gabe.

2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz (horren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen da), honako betebehar hauek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira, eskabide normalizatuan:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

b) Pertsona edo erakunde eskatzaileak zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru laguntza publikoak jasotzeko zigorrik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen inolako legezko debekurik ere.

c) Pertsona edo erakunde eskatzailea sexuagatiko diskriminazioa dela-eta zigor- edo administrazio bidean zehatuta ez egotea, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako debekuagatik zigortuta ez egotea.

d) Eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak egiazkoak direla adieraztea, eta diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako eskakizunak betetzen dituela.

Gainerako eskakizunak egiaztatzeko modua aurrez aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan zehaztuko da.

3.– Erregistratuta egon ezean edo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroko bankuko datuak aldatu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzako hirugarren interesdunen alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.net web-gunean eskura daiteke.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

1.– Deialdi honetako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, agindu honen 4. artikuluaren 3. puntuan adierazitako egoitza elektronikoan.

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Legearen, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizkoaren, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

4.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Txosten labur bat, garatuko diren jarduerak jasotzen dituena eta proiektua behar bezala interpretatzeko egoki den edozein elementu zehazten duena.

Liburutegi publikoen kudeaketaren gaineko eskumenak dituzten udal-erakundeek eskumen hori egiaztatzen duen dokumentu bat aurkeztu beharko dute. Nolanahi ere, ez dute horrelakorik egin beharrik izango agiria aurrez aurkeztu badute eta, betiere, agiriak lehengo balio berbera badu.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko erakundea.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.

10. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapidetzen hasteko beharrezkoak diren dokumentu guztiak aurkeztu ezean, horietan akats formalak egonez gero, edota balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, akats horiek zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez.

11. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da aurkeztutako eskabideak aztertzeaz eta ebaluatzeaz, Agindu honen 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Horretaz aparte, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena aurkeztu beharko dio, eta, bertan, honako hauek jasoko ditu: erakunde onuradun bakoitzak jasoko duen diru-laguntza –hala badagokio–, laguntza jasoko ez duten eskabideen zerrenda –zergatiak berariaz adierazita– eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiltzen direla bermatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.

12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehaztea.

1.– Agindu honetako diru-baliabideak onuradunen artean banatzeko, agindu honen kalkulu eranskinean adierazitako sistemari jarraituko zaio. Horretarako, aurrez, haur eta gazteen mailako biztanle-taldeak ezarri dira, eta horiei balio homologatu eta indize zuzentzaile jakin batzuk aplikatuko zaizkie, zeinak handiagoak izango baitira onuradunek biztanle gutxiago jasotzen dituzten heinean.

2.– Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatu eta gero, onuradunen batek 13. artikuluaren 1. puntuko ehunekoa gainditzen badu, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko ehunekoan ezarriko dira diru-laguntzak. Soberakinak gainerako onuradunen artean banatuko dira, kalkulu eranskinean ezarritako sistemaren arabera. Jardunbide hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aplikatu eta gero geratzen diren zenbatekoak aurretik lortutako kopuruei gehituko zaizkie.

13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak, mugak eta bateragarritasunak.

1.– Eskabidearen xede diren jarduerak burutzeko, onartutako gastu-aurrekontuaren % 75era iritsi ahal izango da diru-laguntza. Azkenean justifikatuko diren zenbatekoei dagokienez, adierazitako hori bera izango da gehieneko ehunekoa.

2.– Artikulu honen aurreko puntuan adierazitakoa gorabehera, onuradun bakoitzak jaso ahal izango duen diru-laguntza ezingo da, inola ere, 30.100 eurotik gorakoa izan.

3.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin; betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik sortuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

14. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egindako proposamena ikusi eta gero.

2.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3.– Jakinarazpen-ondorioetarako, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Adierazitako epean interesdunak jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertuko ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, Agindu honetako 10. artikuluan xedatutakoa aplikatzekoa den kasuetan, ebazpena emateko epea etenda geldituko da, dagokion izapidea egiteko behar beste denboraz, jakinarazpena jasotzeari eta erantzuna emateko epeari dagokionez.

6.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluak betez, erakunde interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango dute, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, ez badiote diru-laguntzari berariaz uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea edo jarduera egitea.

c) Diru-laguntza eman duen erakundeari behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

d) Laguntza eman duen erakundeak egingo dituen egiaztapenen mende egotea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutuko dituen kontrol-jarduketen mende ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntzei eta diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudiko neurrien mende ere egon beharko du.

e) Diru-laguntza ematen duen erakundeari jakinaraztea beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk xede bereko diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak eman dizkien.

f) Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako egoera objektibo edo subjektiboren bat aldatuz gero, laguntza eman duen erakundeari horren berri ematea.

g) Diru-laguntza hauetaz baliatuta egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Liburutegi Zerbitzuaren laguntza jaso dela agertzea.

h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea. Gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik egiten ez dela bermatuko dute.

16. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea, likidatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak ordainketa bakarrean jasoko dira; betiere, diruz lagundutako jarduera benetan egin dela, diru-laguntzaren xede den helburua bete dela, eta kostuaren guztizko zenbatekoa egiaztatu ondoren.

2.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2013ko abenduaren 31ra arte aurkeztu ahal izango da.

17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.

1.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, http://www.euskadi.net/misgestiones web-gunean.

18. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentuak.

Diru-laguntza justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egindako jarduerak justifikatzen dituen txostena.

b) Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, egindako gastuei buruzkoa.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenean eskatzen den beste edozein dokumentu.

Aurkeztutako dokumentazioa jaso eta aztertutakoan, edo horretarako epea amaitutakoan, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diru-laguntza ordaintzeko agindua emango du, eta, murrizketarik egin behar bada, likidazioaren ebazpenaren proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, dagokion ebazpena eman dezan, justifikazioak aurkezteko epea bukatzen den egunaren hurrengotik kontatzen hasita bi hilabeteko epean.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan adierazitako betebeharrak edo, halakorik egonez gero, laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzea.

c) Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea.

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio; betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena); 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurkeztutako eskabideak kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoa aldatu egin ahal izango da, laguntzak ebatzi baino lehen eta, betiere, aurrekontuetako diru-baliabideak agortu ez badira. Kasuok Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau egunkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

KALKULU ERANSKINA

Haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi-zerbitzuen erabilera bultzatzeko xedea duten jarduketarako diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko sistema. (Formulak eta koefizienteak).

Haur eta gazteak diren biztanleen homologazioa (P) eta indize zuzentzaileak (IZ).

Biztanleria P IZ

0tik 100era 100 10

101etik 200era 200 6

201etik 300era 300 5

301etik 500era 500 3,5

501etik 1.000ra 1000 2

1.001etik 2.000ra 2000 1,25

2.001etik 3.000ra 3000 1

3.001etik 5.000ra 5000 0,75

5.001etik 10.000ra 10.000 0,5

10.001etik 20.000ra 20.000 0,35

20.001etik 30.000ra 30.000 0,33

30.001etik 40.000ra 40.000 0,31

40.001etik 50.000ra 50.000 0,29

50.001etik 60.000ra 60.000 0,27

10.000naka jarraitzen du. C beheranzko indizea 0,02 da.

Zenbatekoak zehazteko formulak.

P: Biztanle-tarteentzat homologatutako biztanleria.

IZ: Indize zuzentzailea.

B: Biztanleriaren (P) eta indize zuzentzailearen (IZ) arteko biderkaduraren emaitza. (B = P*IZ)

BB: Onuradun guztien B balioen batura.

DK: Eskura dauden baliabideak.

Prozedura hauxe da:

1.– Onuradun bakoitzaren B balioa lortzea, honako faktore hauen biderkadura eginez: biztanleria homologatua (P) eta indize zuzentzailea (IZ).

(B = P*IZ*)

2.– B koefizienteen batura lortzea (BB).

3.– Diru-laguntza kalkulatzea:

Diru-laguntza: DK * B

Bukatzeko, diru-laguntzaren muga aurkeztutako aurrekontuaren % 75 izanik, onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzak aipaturiko zenbatekoa gainditzen duen ikusi beharko da. Baiezkoan, soberakina gainerako onuradunen artean birbanatu beharko da.


Azterketa dokumentala