Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2013ko irailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3875

AGINDUA, 2013ko abuztuaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deialdia egiten zaie udalei, mankomunitateei edo horiek sortutako erakundeei eta erakunde pribatuei, 2012-14 ikasturtean Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak garatzeko.

EAEko Lanbide Prestakuntzako Programak arautzen dituen 2008ko ekainaren 10eko Aginduaren 12.1 artikuluak ezartzen duenez, Hasierako Lanbide Prestakuntza Programak erakunde publiko nahiz pribatuekin egindako itun, hitzarmen edo kontratazioen bidez eman ahal izango dira; era berean, 12.2 artikuluak ezartzen duenez, Hezkuntza Sailak emango ditu Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak emateko baimena eta ikastetxeek edo erakundeek jaso ditzaketen diru-laguntzak.

Adierazitako horregatik guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA, HARTZAILEAK ETA BALDINTZAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen helburua da udalei, mankomunitateei eta horiek sortutako erakundeei eta erakunde pribatuei diru-laguntzetarako deia egitea, 2013-14 ikasturtean Hasierako Lanbide Programak garatzeko.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Udalek, mankomunitateek, horiek sortutako erakundeek eta erakunde pribatuek agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskatu ahal izango dituzte, baldin eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak emateko baimena badute 2008ko ekainaren 10eko Aginduaren arabera.

2.– Onartutako laguntzak ezingo du gainditu 2012-2013 ikasturterako baimendutako talde kopurua eta lanbide-profilenen kopurua.

3. artikulua.– Eskaria egiten duten erakundeek bete beharreko baldintzak eta obligazioak.

1.– Itunpeko ikastetxe pribatuek ezin izango dute jaso era honetako laguntzarik programa horiek emateko.

2.– Deialdi honen bidez lortzen den diru-laguntza bateraezina da beste erakunde publiko edo pribatu batzuek –estatukoek zein nazioartekoek– xede horretarako ematen duten beste edozein diru-laguntzarekin edo laguntza ekonomikorekin.

3.– Erakunde eskatzaileak ezin du izan diru-laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen duen zigor administratibo edo penalik, eta ez du izango diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexuagatiko bereizketak barne.

4.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta –hala behar bada– ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa– edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

5.– Laguntza eskatzen duen erakunde pribatuak egunean izan beharko ditu indarrean diren xedapenek jartzen dizkioten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta izapideak egiteko.

2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak –Administrazio Elektronikoari buruzkoak– eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere Informatika eta -PLATEA- E- Administraziorako Plataforma Teknologikoa onartzen duenak.

3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/pcpi/eu/

4.– Eskabidea egin eta gero egin beharreko izapide elektronikoak, berriz, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidean egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar bezainbeste aldiz egiaztatuko du inoren baimenik gabe ea zergei eta gizarte-segurantzari dagozkion betebeharrak betetzen dituzten laguntza-eskatzaileek, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraiki.

2.– Azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 puntua aplikatuz, eskabidean txertatuko den erantzukizunezko adierazpen baten bidez honako betekizun hauek egiaztatuko dira:

– Ez dela jasotzen ari diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik beste administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen batetik.

– Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dagoela zigortuta ez administratiboki ez penalki diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko, edo ez duela laguntzarik jasotzea eragozten dien inolako lege-debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez zigortutako sexuagatiko bereizketak barne.

– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

– Diru-laguntzaren eskatzaileek aurreko betekizunak egiaztatuko dituzte, diru-laguntza ematea ebatzi aurretik; horretarako, ziurtagiria aurkeztuko dute, edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatu dezan.

II. KAPITULUA
ESKABIDEAK, AURKEZTEKO EPEA ETA EBAZTEKO PROZEDURA

6. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.

1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira euskadi.net-eko egoitza elektronikoan: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/pcpi/eu/

2.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Era berean, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

3.– Aurreko puntuan adierazitakoaren arabera, «Eskabidea PCPIak Moduluak/Profilak» erantsi beharko zaie diru-laguntzen eskabideei.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta zuzentzeko epeak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71. artikuluaren arabera, eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkezteko, hamar eguneko epean; era berean, jakinarazi egingo zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertu eta ebazpena emango dela (arestian aipatutako lege horren 42. artikuluan aurreikusitako moduan eman beharko da ebazpen hori).

8. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 15.180.000 euro zuzenduko dira, guztira, agindu honen bitartez 2013-2014 ikasturterako deitutako diru-laguntzetara.

2.– Zenbateko hori handitu ahal izango da, guztira zenbat laguntza eskatu diren kontuan hartuta; betiere, beste laguntza-programak batzuk gauzatu ondoren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak agortu barik izan ditzakeen aurrekontu-kredituen arabera.

9. artikulua.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak kudeatuko du deialdia.

10. artikulua.– Diru-laguntza emateko prozedura.

1.– Lehia-prozedura erabiliko da diru-laguntzak emateko, hurrengo paragrafoan ezarritako moduan.

2.– Horretarako emandako aldian aurkeztutako eskabide guztiei emango zaie diru-laguntza, baldin eta agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta taldeak osatzeko zehaztutako ikasle-kopurua egiaztatzen badute matrikulazio-aldia amaitu eta gero (15. artikulua, 3. puntua).

11. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– I. eranskinean adierazten da zer modulu aplikatuko zaion aurrekontu modura Hasierako Lanbide prestakuntzako Programetako bakoitzari 2013-2014 ikasturterako.

2.– Nolanahi ere, diru-laguntza emateko, diru-laguntzaren xede diren ikasle-talde guztiak osatu beharko dira.

3.– Taldeak osatu egin direla egiaztatuko da matrikula egiteko ezarritako ohiko epea (uztailaren 15a) bukatzen denean. Deialdi honetan aurreikusitako aurrekontua onartutako eskariei erantzuteko behar bestekoa ez bada, proportzio berean murriztuko da erakunde eta programa bakoitzari taldeka eta mailaka esleitutako zenbatekoa, onartutako aurrekontuari egokitu arte.

12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta argitara emateko prozedura.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak emateko prozedura ebazteko epea, gehienez ere, 6 hilabetekoa izango da; betiere, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

2.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira; prozedura, berriz, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du.

3.– Ebazpenak erabakiko du diru-laguntzak ematen diren edo, hala badagokie, ukatzen diren. Lehenengo kasuan, aditzera eman beharko dira erakunde onuraduna, diruz lagundutako ikastaroa edo ikastaroak eta horietako bakoitzarentzat emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Ukatuen kasuan, berriz, jaso beharko da zergatik ukatzen den diru-laguntza.

4.– Interesdunei 6 hilabeteko epean jakinarazi beharko zaie diru-laguntzak emateari eta ukatzeari buruzko ebazpen hori; agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera. Ebazpen hori erakunde parte-hartzaileei jakinaraziko zaie PLATEA-E-administraziorako plataforma teknologikoaren bitartez, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

5.– Aurreko paragrafoan aditzera ematen den epea amaitu eta prozeduraren ebazpena argitara ematen ez bada, interesdunek ulertu beharko dute eskabidea ukatu zaiela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluaren ondorioetarako.

6.– Prozedura ebazteak ez du administrazio-bidea amaituko, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.

13. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza hiru epetan ordainduko da.

Lehenengo ordainketa diru-laguntzaren % 30ekoa izango da; diru-laguntza emateko behin betiko jakinarazpena onartu bezain laster ordainduko da.

Bigarren ordainketa, berriz, zenbateko osoaren % 60koa izango da, eta bigarren hiruhilekoaren hasieran egingo da: 16,9 artikuluan aipatutako baldintzak bete eta gero.

Hirugarren ordainketa, azkenik, % 10ekoa izango da, eta ikasturtearen bukaeran egingo da, 16.10 artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu eta gero.

14. artikulua.– Ebazpena aldatzea eta berrikustea, eta diru-laguntza itzultzea.

1.– Ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzak aldatzen badira; betiere, diru-laguntza horien onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie.

2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

3.– Jasotako diru-laguntza gehi aplikatzekoak diren interesak itzuli beharko dira, baldin eta araudi horretan aintzat hartzen diren honako zirkunstantzia hauetakoren bat gertatzen denean, eta bereziki:

a) Diru-laguntza erabiltzen ez bada emandako helbururako.

b) Agindu honetan eta Agindua garatuko duten ebazpenetan xedatutakoa edozein modutan betetzen ez denean.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako diru-laguntzen onuradunen eginbeharretakoren bat betetzen ez denean.

III. KAPITULUA
DIRUZ LAGUNDUTAKO JARDUEREN JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA

15. artikulua.– Izena ematea eta taldeak osatzea.

1.– Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa hauek doakoak izango dira ikasleentzat, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak erabakitako epeetan eman beharko da izena, programa horiek garatuko dituen udalak, mankomunitateak, erakunde publikoak edota erakunde pribatuak erabakitako tokian.

2.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak adierazitako epeetan grabatu beharko dira ikasleen datuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak horretarako jartzen duen aplikazioan.

Jarduerei ekin ahal izateko, ezinbestekoa da ikasleen zerrendak eta zerrenda horietako datuen egokitasuna onartzea.

3.– Taldeak eratzea onartzeko, taldeok –gutxienez– 16tik 18 urte bitarteko 10 ikasle izan behar dute 1. mailan eta 8 ikasle 2. mailan, matrikulazio arrunta ixteko finkatzen den egunean. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek parte hartzen badute, taldearen ezaugarriei egokituko zaie ikasle-kopurua.

1. kurtsoan eta 2. kurtsoan, ez dira lanbide-profil bereko bi talde baino gehiago diruz lagunduko. 1. kurtsoan profil bereko bigarren talde bat osatu ahal izateko, guztira, 30 ikasle egon beharko dira matrikulatuta. 2. kurtsoan profil bereko bigarren talde bat osatu ahal izateko, guztira, 20 ikaslek egon beharko dute matrikulatuta.

4.– Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzak ikasleen inskripzioaren gainean eskatzen duen dokumentazio guztia eman beharko diote programa garatzen duten toki-erakundeek eta erakunde pribatuek zuzendaritza horri.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso, eta 15 egun naturaleko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartzen dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

3.– Irakasleen lan-baldintzak –arlo juridikokoak zein ekonomikokoak– egokiak izango dira, eta lan-legerian ezarritakoa bete beharko dute. Horrek ez luke diskriminaziorik ekarri behar erakunde onuradunetako gainerako langileekiko.

Bestalde, programa hauek emateko baimena duten erakundeek ahaleginak egin beharko dituzte talde berarengan esku hartzen duten irakasleen kopurua ahalik eta txikiena izan dadin; betiere, edukien metodologia integratzaileak erabiltzeko printzipioen eta ikasleen jarraipen eta arreta pertsonalizatuaren arabera.

4.– Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak programa garatzeko erosten duen tresneria, bestalde, bakarrik erabiliko da programa horretako jardueretarako. Materiala erosi ahala, tresneriaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta dagokion erakundearen baimen adierazia beharko da tresneria inori erabiltzen uzteko edo, hala badagokio, emateko.

5.– Ikastetxean garatzen diren programen inguruan eskatzen duen informazio guztia helarazi beharko zaio Hezkuntza Ikuskaritzari.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman egin beharko zaie deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzen gainean eskatzen duten informazio guztia.

7.– Erakunde eskatzaileak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzearenak (eskola-aseguruak jasotzen dituen prestazio guztiak eskaini beharko ditu).

8.– Diruz lagundutako ikasturteko lehenengo hiruhilekoan, erakunde onuradunek ikasturterako jarduera-proiektua edo hasierako memoria aurkeztu beharko dute, honako hauek adieraziz:

a) Irakatsiko diren lanbide-profil guztien curriculum-proposamena. Proposamen horretan alderdi hauek zehaztuko dira:

Ikasleek helburu modura lortu beharreko gaitasunak.

Irakatsi eta ikasteko jarduera garrantzitsuak.

Ikasleen prozesua ebaluatzeko prozedurak eta irizpideak.

b) Jarduera osagarriak.

Ikastegi bakoitzak zainduko du dokumentazio hori; zuzendaria arduratuko da horretaz, eta Ikuskaritzaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren gainerako zerbitzuen eskura egongo da.

9.– Irakaskuntzaren antolamenduarekin lotutako oinarrizko datuak bete beharko dituzte erakunde guztiek, horretarako jarritako aplikazioen bidez. Hona datuok: irakastegunen egutegia eta EJD. Gero, «aplikazioan datuak sartzea» izeneko inprimakia aurkeztu beharko dute https://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidearen bidez.

10.– Ikasturtea amaitzean, erakunde onuradunek honako hauek aurkeztu beharko dituzte bi hilabeteko epean:

a) Programaren emaitzen ebaluatzen dituen azken memoria bat, honako hauek jasoko dituena:

– Programaren garapenaren laburpena eta zer aldaketa egin zaizkien ikasturteko lehenengo hiruhilekoaren hasierako memoriari eta diru-laguntza eskatzeko egindako programaren proiektuari.

– Parte hartu duten gazteak; zer baja izan diren, eta zergatik.

– Estatistika-laburpen bat, zeinetan adieraziko baita ikasleek dituzten ezaugarriak, nondik datozen edo zein ikasketa-maila duten.

– Taldeak eta ikasle bakoitzak lortutako helburuak. Horretarako, oinarritzat hartuko dira programaren proiektuan eta hasierako memorian aurrez ikusitako helburuak.

– Ikaslearen emaitzen laburpen estatistikoa: ikasleak lan-munduan txertatzeari buruzkoak eta/edo maila akademikoari edo prestakuntzakoari buruzkoak.

– Emaitzen analisia, jarduera-proiektua egokia ote den zehazteko eta behar dituen aldaketak finkatzeko.

Ikastetxeak gordeko ditu agiri horiek, eta Hezkuntza Ikuskaritzaren eskura izango ditu.

b) Diruz laguntzen den jardueraren aurrekontu orokorreko gastuen egiaztagiriak, irakasleen gastuak barne. Ondorio horietarako, «Justifikazio ekonomikoa» izeneko inprimakia beteko da. Inprimaki hori, berriz, https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/pcpi/eu/ helbidean dago. Inprimaki horretan, zehatz-mehatz azaltzen da dokumentuen zerrenda, eta honako hauek adierazten dira: data, kontzeptua, guztirako zenbatekoa, egotzi daitekeen zenbatekoa (halakorik behar izanez gero) eta ordaintze-data. Jatorrizko dokumentuak gorde beharko dira (irakasleen nominak barne), etorkizunean egiaztatzeko.Egiaztatzea «lagin teknika» bitartez egingo da, ziurtatzeko diru laguntzaren helburuak bete direlako agiriak badaudela.

Inprimaki horretan erantzukizunpeko deklarazio bat dago, ikastetxeak azken memoria bete duela adierazten duena.

Https://www.euskadi.net/nirekudeaketak helbidearen bidez aurkeztuko da artikulu honetan adierazten den dokumentazioa.

17. artikulua.– Udalek, mankomunitateek edo horiek sortutako erakundeek azpikontratatzea diruz lagundutako jarduerak.

Jarduera horiek kontratatu ahal izango dituzte udalek, mankomunitateek edo horiek sortutako erakundeek; kontratazioa, berriz, efektibotzat joko da hirugarren batzuekin hitzartzen dutenean jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera hori, gainera, diruz lagundutako jardueraren % 100era iritsi ahal izango da.

Enpresa kontratatuek bakar-bakarrik izango dituzte obligazioak kontratatzen dituzten erakunde publikoekin. Erakunde publiko horiek bere gain hartuko dute diruz lagundutako jarduera gauzatzeko erantzukizun osoa, Administrazioaren aurrean.

Idatziz jasoko da udal, mankomunitate eta horiek sortutako erakundeen eta enpresa kontratatuen artean sinatutako kontratua, eta Administrazioaren esku egongo da.

Azpikontratatutako enpresak, azkenik, ezin izango dute eduki Agindu honetan adierazitako debekurik.

18. artikulua.– Babesa.

Diruz lagundutako jarduera guztietan, erakunde onuradunek berariaz jaso beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa dutela, baldin eta jarduera horiek dibulgatu, hedatu edo –behar izanez gero– argitaratzen badira.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak Hasierako Lanbide Kualifikazioko ikasleen matrikulazioaren fitxategian barne hartuko dira –parte-hartzaileek baimena eman dute datu horiek tratatu eta argitara emateko–. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi honen arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Bertan jasotako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta ukatzeko eskubideak erabili nahi izanez gero, Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetan: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Lanbide Heziketako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du. Beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari, hilabeteko epean. Edonola ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epearen barruan. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira epe horiek.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan xedatzen ez den orotarako, aplikatuko dira, batetik, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak aurreikusitakoa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea; eta, bestetik, laguntza eta diru-laguntza publikoak arautzen dituen araudiak aurreikusitakoa.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Heziketa eta ikaskuntzako zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko eman beharreko jarraibideak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abuztuaren 30a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala