Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2013ko irailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3872

AGINDUA, 2013ko uztailaren 31koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bidez, hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko eta irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko udalentzako, toki erakunde txikientzako eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautu eta horietarako 2013ko deialdia egiten da.

Irisgarritasuna sustatzen duen abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ezarri du udalek eta toki erakunde txikiek, beste hainbaten artean, lau urterako programak egin behar dituztela, dagoeneko titularitate, erabilera edo zerbitzu publikoetakoak diren hiri-inguruneetako, espazio publikoetako, eraikinetako, garraioetako eta informazio-sistemetako irisgarritasuna bermatzeko eta sustatzeko tresna gisa. Programek helburu izan behar dute elementu horiek legean eta bere garapen arauetan aurreikusitako irisgarritasun-baldintzetara egokitzea.

Aipatutako legean ere adierazi da Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek irisgarritasuna sustatzeko behar diren sustapen-neurriak hartzea bultzatuko dutela. Diruz laguntzeko moduko programetan, lehentasuneko jardun gisa ezarriko da hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak irisgarritasun-baldintzetara egokitzeko obrak finantzatzea.

20/97 Legean ezarritako helburuetako bat da ingurunea antolatzea, herritar oro berdin eta ahal denik eta independenteen moldatu dadin, pertsonen beharrak instalazioetan integratuta, guzti-guztiek normaltasunez erabil ditzaten, hori baita Europako irisgarritasun-kontzeptuan bildutako diseinu unibertsalaren oinarria.

Hori dela-eta, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak beharrezko jotzen du laguntza-lerro bat ezartzea udalentzat, toki erakunde txikientzat eta xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuentzat, lehenago adierazitako programak prestatzea eta eguneratzea sustatzeko.

Agindu honek ordeztu egiten du Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko uztailaren 7ko Agindua (2011ko abuztuaren 16ko EHAA, 154. zk.). Agindu haren bidez, irisgarritasun-planak egiteko eta eguneratzeko, hobekuntza obrak burutzeko eta hiri-ingurunean zein eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko beharrezkoak diren ekipamenduak erosteko udalentzat eta toki-erakunde txikientzat 2011rako diru-laguntzak arautu eta horietarako deialdia egin zen, eta diru-laguntzen eskabideak noiz eta non aurkeztu behar ziren ere zehazten zen. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 2013ko deialdia egitea eta erregimena arautzea, honako helburu hauek dituzten diru-laguntzak emateko: 1) Irisgarritasun-planak egin eta eguneratzea, hiri-inguruneak, espazio publikoak, eraikinak, garraiobideak eta komunikazio-sistemak pixkanaka egokitzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta haren garapen-arauetan aurreikusitako irisgarritasun baldintzetara; 2) Udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun-planetan jasotako hobekuntza-lanak egitea Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko, eta, xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, hobekuntza-lanak egitea; eta 3) Igogailu eta jasogailuak erosi eta instalatzea Euskal Autonomia Erkidegoko hiri-ingurunean eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko, betiere udalen eta toki erakunde txikien irisgarritasun planetan jasotakoaren arabera.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Diru-laguntza hauek jasotzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, toki erakunde txikiek eta xede sozial nabaria duten onura publikoko erakunde pribatuek, betiere aurreko artikuluan zehaztutako jardunak burutzea eta garatzea baldin badute helburu. Toki erakunde autonomoek ere eska ditzakete diru-laguntza horiek.

Orobat, agindu honetan araututako laguntzak eman, eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren itzultze- edo zehapen-prozedura guztiek, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude, behintzat.

Sexu-bereizkeria dela-eta bazterkeria egiteagatik administrazio- edo zigor-zehapena jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, zigorrak ezartzen duen epean. Ezin izango dute parte hartu, orobat, Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz debeku horrekin zehatutakoek.

Alde horretatik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da, eskabide-ereduari jarraituz.

3. artikulua.– Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

Erakunde onuradun bakoitzak eskabide bat aurkeztu behar du jardun bakoitzeko.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzara bidali beharko dira eskaerak (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Sail horren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren bideetarik edozein erabili ahal izango da eskaerak aurkezteko. Eskabide-eredua agindu honen eranskinean ageri da, bai eta jardunaren datuak emateko eredua ere.

Eskaerak aurkezteko, halaber, bitarteko elektronikoak ere erabili ahal izango dira, euskadi.net-en egoitza elektroniko honetan: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/irisgarritasuna/

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektroniko bidez egin nahi badira, euskadi.net/Nire kudeaketak atalaren bidez egingo dira.

4. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzen kudeaketa-lanak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren Etxebizitza Zuzendaritzak egin behar ditu.

5. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskaeran akatsen edo hutsegiteren bat dagoela atzematen badu Etxebizitza Zuzendaritzak, eskatzaileari jakinaraziko dio eta hamar eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko; Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da. (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

6. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta egiaztatzeko, ondoko pertsona hauek osatuko duten balorazio-epaimahai bat eratuko da:

– Etxebizitzako zuzendaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); batzordeburu jardungo du.

– Araudi Zerbitzuko burua (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa).

– Alberto Pinilla Oroz jauna, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren teknikaria (edo Etxebizitzako sailburuordeak izendatutako ordezkoa); idazkari-lanetan jardungo du.

2.– Epaimahaiak ebazpen-proposamena helaraziko dio Etxebizitzako sailburuordeari, eskabide guztiak aztertu eta egiaztatu ondoren, agindu honen 20.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontua.

1.– Irisgarritasun-aurrekontutzat hartuko da igogailu eta jasogailuak jartzeko aurkeztutako plan-, obra- eta instalazio-aurrekontua, zergak eta tasak alde batera utzita, bider jardunaren arabera aplikagarri den irisgarritasun-koefizientea.

2.– Jardunaren arabera aplikagarri diren gehieneko koefizienteak:

– Irisgarritasun-plana: Koef. = 1.

– Ibiak, arrapala ez-mekanikoak eta eskubandak sortzea: Koef. = 1.

– Txorkoak ixtea: Koef. = 1.

– Komun eta aldagela egokituak: Koef. = 1.

– Ezinduentzako aparkalekuak: Koef. = 1.

– Eraikinetako irisgarritasuna (horizontala eta bertikala, direktriz bertikaleko edo zeiharreko igogailu eta jasogailuak, ateak, leihoak, eskubandak): Koef. = 1.

– Hiri-inguruetarako igogailu eta jasogailuak (translazio bertikalekoak, translazio zeiharrekoak): Koef. = 0,8.

– Seinaleak egokitzea: Koef. = 0,5.

– Kaleak urbanizatzea (plataforma bakarreko kaleak, espaloiak zabaltzea, oinezkoen ibilbideak murrizteko igarobideak): Koef. = 0,4.

3.– Eskatutako irisgarritasun-aurrekontua, erakunde onuradunak aurkeztutako eskabide guztien baturatik aterako dena, gehienez 300.000 eurokoa izango da.

8. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen gehieneko irisgarritasun-aurrekontua.

Diruz lagundu daitekeen irisgarritasun-aurrekontua, gehienez, eskatutako irisgarritasun aurrekontuaren % 50 izango da. Irisgarritasun-planen edo haien eguneratzeen kasuan, berriz, % 80 izango da.

9. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauen emakida bateragarria izango da helburu berbera duten fondo publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak izango Etxebizitza Sailburuordetzak jardun bererako emandako beste laguntza batzuekin.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.

1.– Deialdi honetara aurkezten diren eskabideak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta prozedura hori ebaztea, erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Etxebizitzako sailburuordeari dagokio, betiere balorazio-epaimahaiaren proposamenez. Ebazpen hori aurtengo abendua amaitu baino lehen eman beharko da.

2.– Ebazpenean laguntza eman den edo ez zehaztuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein erakundek jaso duen, zein den laguntza jaso duen proiektua eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira. Eskabide ukatuen kasuan, ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaierarik ematen administrazio bideari, eta, beraren aurka, gorako errekurtsoa jarri diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik kontatzen hasita, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearean azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da erakunde onuradunen zerrenda, eman zaien diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adierazita.

5.– Ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea inolako jakinarazpenik egin gabe bukatu bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44,1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak eta diru-laguntzak emateko bestelako baldintzak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek edozein kasutan ondoko obligazio hauek bete behar dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza bere xede zehatzerako erabiltzea, hau da, irisgarritasun-programa idazteko eta irisgarritasunaren hobekuntza-obrak egiteko.

c) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen duten informazioa eman behar diete.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere diru laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Inbertsioaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da, eta gero diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

14. artikulua.– Proiektuak aldatzea.

1.– Hasiera batean aurreikusi eta ebazpen bidez onetsi ziren gastu edo jardueratan inongo aldaketarik egin nahi izanez gero, dena delako jarduera gauzatu aurretik eskatu beharko da aldaketa, eta Etxebizitzako sailburuordeari egokituko zaio eskaria berariaz onartu edo atzera botatzea.

2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu.

3.– Salbuespenez, Etxebizitzako sailburuordeak onar dezake diruz lagundutako jarduna egiteko eta amaitzeko epea zabaltzea, baldin eta tartean erakunde onuradunaren borondatezkoak ez diren eta behar bezala justifikatuta dauden arrazoiak badira, eta ezarritako exekuzio-epea amaitu baino lehen idatziz eskatu bada. Nolanahi ere, zabaltze hori ezin izango da izan hasiera batean erabakitako epea baino handiagoa.

4.– Diru-laguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-tramitea ez denez egin, diru-laguntza eman duen organoaren aukeran geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere, hori eginda beste inoren eskubideei kalte egiten ez bazaie.

5.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez dakar berekin onuraduna bidezko zehapenetatik salbuetsita geratzea.

15. artikulua.– Ez-betetzea eta itzultze-prozedura.

Erakunde onuradunak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren diru-laguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legezko interes aplikagarriekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

16. artikulua.– Errekurtsoak.

Erakunde interesdunek deialdi honen eta ondoriozko egintza guztien aurka egin ahal izango dute urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako epean eta moduan.

17. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Adierazitako diru-laguntzak emateko 1.800.000 euro jarriko dira guztira. Horietatik, 180.000 euro 2013. urtekoak dira, eta beste 1.620.000 euro berriz, 2014koak.

18. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen jardunak eta inbertsioak.

1.– Kapitulu honetan ezarritakoaren babesean, diruz lagundu daitezke erakunde onuradunek, behar diren kontratuen bidez, irisgarritasun-plan berriak prestatu eta idazteko egindako lanak, lehenengo artikuluan aipatutakoak. Diruz laguntzeko modukoak izango dira, halaber, idatzitako irisgarritasun-planetan jasotako obrak gauzatzeko eta igogailu eta jasogailuak eskuratu eta instalatzeko jarduerak, betiere lehenengo artikuluan adierazitako helburua badute.

Nolanahi ere, diru-laguntza jaso dezaketen jardunak 2013an hasi beharko dira, eta inbertsioak gauzatzeko epea, berriz, 2014ko abenduaren 31n amaituko da.

Jardunak bukatzeko epean atzerapenik izanez gero, epea zabaltzeko eskatu beharko da 2014ko abenduaren 31 baino lehen, egun horretan bukatzen baita inbertsioak gauzatzeko epea. Eskaeran, gainera, atzerapena eragin duten arrazoiak justifikatu beharko dira, eta litekeena da aldaketa horrek diru-laguntza ematea onartu zuen ebazpen bera aldatzea.

2.– Diru-laguntzaren xede diren irisgarritasun-planekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, gutxienez:

a) Egokitu beharreko komunikazioaren, garraioaren, eraikinaren eta kanpoko espazioen inbentarioa.

b) Jardunen lehentasun-ordena.

c) Programa ekonomikoa eta finantzarioa, egokitzapenak egitera zuzendutako aurreikuspen ekonomikoak zehaztuta.

d) Egokitzapenak egiteko egutegia.

19. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskaera kasuan kasuko udaleko alkateak izenpetu beharko du, edo, bestela, erakundearen legezko ordezkariak, betiere agindu honen eranskinean ageri den eskabide-ereduari jarraituz.

Jardun bakoitza eskaera baten bidez aurkeztu beharko da, modu indibidualean.

2.– Eskaerarekin batera, eta horrela dagokionean, honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

2.1.– Gida-plan eta/edo irisgarritasun-planetarako:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardunek eta/edo inbertsioek eragindako gastuen aurrekontu banakatua.

2.2.– Hiri-ingurunean eta erakinetan irisgarritasuna bermatzeko hobekuntza-obretarako eta igogailu eta jasogailuak eskuratu eta instalatzeko obretarako –betiere dagoeneko idatzitako irisgarritasun-planetan bilduta badaude:

a) Diru-laguntzaren bidez finantzatu nahi diren jardunek eta/edo inbertsioek eragindako gastuen aurrekontu banakatua. Justifikatu beharko da, halaber, nola aplikatu diren irisgarritasun aurrekontua kalkulatzeko koefizienteak.

b) Egin beharreko jardunen deskribapen xehatua, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko jardunaren hiri-ingurunearen egoera-planoa, 1/1000 gutxieneko eskalan egin beharreko planta, aurretiko bista eta sekzioen plano deskribatzaileak eta jardun-arloaren egungo egoeraren argazki deskribatzaileak.

c) Teknikari eskudunak emandako ziurtagiria, non zehazten baita aurreikusiriko jardunak egokitzen direla irisgarritasunaren sustapenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaturiko eskakizun eta irizpideetara.

d) Diru-laguntzaren eskaeraren xede den obra biltzen duen irisgarritasun-planaren fotokopia eta irisgarritasun-planaren kopia formatu digitalean.

e) Argazki-dokumentazioa, paperean eta formatu digitalean (jpg formatuan), egin beharreko obrari buruzkoa eta diruz lagunduko den jardunaren xede den inguruneari buruzkoa.

f) Xede soziala duten onura publikoko erakunde pribatuen kasuan, lehenago aipatutako dokumentazioaz gain, honako hauek aurkeztu beharko dira:

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteta daudela adierazten duen ziurtagiria.

– Elkarteen kasuan, onura publikoko aitortzari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Onura publikoko elkarteei eta beren babeslaritzari buruzko erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan ezarritakoa jarraikiz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta daudela dioen ziurtagiria; fundazioen kasuan, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta daudela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Elkarteek nahiz fundazioek justifikatu beharko dute zein den euren xede soziala.

– Erakundeari bere xedeak garatze aldera eraikina erabiltzeko ahalmena ematen dion tituluaren fotokopia.

20. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko prozedura eta irizpideak.

1.– Oro har, agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten proiektu guztiak diruz laguntzeko modukotzat joko dira.

2.– Epaimahaiak aztertu egingo ditu aurkeztu diren eskaerak, jardunak agindu honetako 1. artikuluan finkaturiko xedera egokitzen diren ala ez zehazteko, eta aginduaren 7.2 artikuluan bildutako koefizienteak zuzen aplikatu diren egiaztatzeko.

21. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Kasu bakoitzean eman beharreko diru-laguntzaren zenbatekoa honela zehaztuko da: eskatutako irisgarritasun-aurrekontua –7. artikuluan ezarritakoa aplikatuz kalkulatua– bider 0,8 –planen kasuan– eta bider 0,5 –obren kasuan.

Horrela kalkulatutako zenbatekoen batura handiago bada agindu honetan esleitutako aurrekontu-zuzkidura baino, planetarako zenbatekoei eutsi egingo zaie, baina hobekuntza-obretakoak hainbanatu egingo dira, bakoitzak lortutako zenbatekoen proportzioan.

Kreditu orokorra kalkulatutako zenbatekoak baino handiagoa bada, emandako zenbatekoak hobetuko dira, kreditu orokorraren gehiegizko kopurua hainbanatuz, lortutako zenbatekoen proportzioan. Hainbanaketa horren ondorioz lortutako zenbatekoak ez du gainditu behar aurkeztutako irisgarritasun-aurrekontua.

22. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Kasuan-kasuan emandako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da ondoko prozedura honi jarraikiz:

1.– Irisgarritasun-planen eta hobekuntza-obren kasuan, emandako laguntzaren zenbatekoaren % 10 aurreratutako ordainketa gisa pagatuko da, betiere diru-laguntzari berariaz uko egiten ez bazaio 11. artikuluko a) idatzi-zatian aipatzen den moduan, idatzi-zati horretan bertan zehazten den 15 eguneko epea igaro ondoren, eta aurretik erakunde onuradunak aurkeztu baditu gastua egiteko baimena justifikatzen duten agiriak. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duen bermeen erregimenarekin bat etorriz bermatuko da kopuru hori.

2.– Irisgarritasun-planen kasuan, diru-laguntzaren gainerako zatia 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, betiere lanak amaitu, eta honako dokumentazio hau Etxebizitza Zuzendaritzan aurkeztu ondoren:

a) Irisgarritasun-plana egiteko eta idazteko edo berau eguneratzeko erakunde onuradunak formalizatutako kontratuaren edo kontratuen kopia.

b) Egindako lanei lotutako gastu guztiei dagozkien fakturen eta ziurtagirien kopia.

c) Idatzitako planaren ale bat, formatu digitalean.

d) Erakunde onuradunaren ziurtagiria; bertan, egiaztatu egingo dira emandako diru-laguntzaren helburua eta xedea bete direla eta horretarako erabilitako zenbatekoak.

e) Helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzei buruz erakunde onuradunak egindako justifikazio-ziurtagiria.

f) Udal eta toki erakunde txikien kasuan, irisgarritasun-plana gauzatzeko jardunari buruzko fitxa, behar bezala beteta (eredua eranskinetan ageri da).

3.– Hobekuntza-obren eta igogailu edo jasogailuak eskuratu eta instalatzeko obren kasuan, diru-laguntzaren gainerako zatia 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, betiere lanak amaitu, eta honako dokumentazio hau Etxebizitza Zuzendaritzan aurkeztu ondoren:

a) Egindako jardunei buruzko ziurtagirien eta fakturen kopiak, behar bezala bideraturikoak. Azken ziurtagiriarekin batera, obra-amaierako ziurtagiria aurkeztu beharko da, dagozkion fakturak barne dituela.

b) Argazki-dokumentazioa, paperean eta formatu digitalean (jpg formatuan), egindako obrari buruzkoa eta diruz lagundutako jardunaren xede den inguruneari buruzkoa.

c) Irisgarritasun-obrak gauzatzeko eta igogailu edo jasogailuak eskuratu eta instalatzeko jardunari buruzko fitxa, behar bezala beteta, eta obra-amaierako datuak dituela (eredua eranskinetan ageri da).

d) Teknikari eskudun batek egindako ziurtagiria, non egiaztatzen den obra nahiz ekipamenduaren eskuratze eta instalazioa bat datozela Irisgarritasunari buruzko 20/1997 Legearekin, apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuarekin, eta Eraikingintzaren Kode Teknikoarekin (DB-SUA).

e) Helburu berbererako emandako beste diru-laguntza batzuei buruzko justifikazio-ziurtagiria.

Diruz laguntzeko moduko obra beste obra handiago baten zati izanez gero, nahikoa izango da diruz laguntzeko moduko obrari dagokion amaierako ziurtagiri partziala aurkeztea.

Udalaren berezko langileek egindako obrak baldin badira, egindako obraren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, udal teknikari eskudunak izenpetuta.

Erakunde onuradunaren obra sozietate baten edo foru- nahiz udal-erakunde baten bitartez gauzatzen bada, sozietate edo erakunde hori onartu egingo da titularraren ordezkari gisa, gastua justifikatzeko ziurtagirian edo fakturazioan.

Azken likidazioa egiteko eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko azken eguna 2015eko urtarrilaren 31 izango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 31.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala