Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2013ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3810

AGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako diru-laguntzetara biltzeko 2013ko deia egiten duena.

2010eko urriaren 21eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituena. Dekretu horren bidez, indarreko EBko arauak gainditzen dituzten ingurumenaren babes-mailak lortzera bideratutako inbertsioak egitera bultzatu nahi dira enpresak, inbertsio horiei zuzenean lotutako azterlanak barne hartuta eta bereziki kontuan hartuz ekoberrikuntzako proiektuak, berrikuntza babesteko Erkidegoko helburuaren arabera.

Agindu hau prestatzeko, kontuan izan dira ingurumena babesteko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Zuzentarauak (2008/C 82/01). Horietan ezartzen da sustatzeko helburua izan behar duela laguntzak, alegia, enpresa onuradunen jarrera aldatzea, laguntzarik gabe lortuko liratekeenak baino ingurumeneko babes-maila hobeak lortzeko. Beraz, laguntzek inoiz ez dute enpresetan lortu nahi den sustapen-eragina, laguntza-eskaera proiektua hasi ondoren aurkezten bada.

Urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, dagokion deialdiaren agindua argitaratuko da, artikuluan bertan ezarritako edukiarekin argitaratu ere. Ildo horretan, agindu honek, aipatutako dekretuan bildutako mandatua betez, honako hauek xedatzen ditu: diruz lagunduko diren lerroak; esleipen-prozedura bakoitzerako aurrekontuko baliabideak; eskabideak aurkezteko epea; eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa; Balorazio-epaimahaiak zein portzentajetik aurrera jakinaraziko dion eskatzaileari ebaluazio-taldeak egindako inbertsio garbiaren kalkulua; bai eta proiektuko edota produkzio-zentroko emango den gehieneko eta gutxieneko zenbatekoa ere.

Aurtengo diru-laguntza deialdiak duen berrikuntzetako bat prozesu osoa telematikoki izapidetuko dela da; hau da, diru-laguntza eskatzea zein ondoren justifikatzea bide telematikoz besterik ez da egingo. Hori honako hauen babesean: urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzeko dena (21. artikulua), eta otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

Deialdia telematikoki besterik ez kudeatzeak zenbait aldaketa dakar, hala nola eskaera-inprimakia ez dela Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean publikatuko, egoitza elektronikoan egongo delako eskuragarri, edo zenbait dokumentazio ez dela aurkeztu behar izango.

Ildo horretan, agindu honek araututako deialdian, prozedura arruntean, diruz lagundu ahal izango dira urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritakoa betetzen duten inbertsio guztiak, enpresak lekuz aldatzeko laguntzak salbu. Prozedura erraztuaren bidez, berriz, 260/2010 Dekretuan ezarritakoa betetzen duten inbertsio guztiak lagunduko dira diruz, ekitaldi honetan, Agindu honen 5. artikuluan zehazten diren mugekin.

Halaber, eta aurkeztutako eskabideak baloratzeko prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ahalik eta zehatzen ezartzen da urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 8. artikuluan aipatutako esleipen irizpideen balizko edukia; azkenik, esleipen-irizpide guztiak aplikatzeari buruzko haztapena ezartzen da.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala aldatu da, eta Ingurumenaren Plangintzaren eta Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak desagertu dira. Bertako zuzendariek osatzen zuten lehen Balorazio Epaimahaia. Egungo egiturarekin, diru-laguntza hauen kudeaketa egungo Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio; hori dela eta, Ingurumen Administrazioaren zuzendaria izango da epaimahaiburua, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako bi pertsona funtzionario izendatuko ditu aipatutako Epaimahaia osatzeko.

Azkenik, aipatutako urriaren 19ko 260/2010 Dekretuko 13. artikuluaren arabera, urteko deialdiaren aginduan, Ihobe Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoa SA izendatu ahal izango da, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak kudeatzeko; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren menpeko erakunde laguntzailea da, xedapen hauetan ezarri bezala: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2013ko deialdiko laguntzen kudeaketa ahalik eta gehien optimizatzeko, agindu honen bidez Ihobe SA izendatzen da erakunde laguntzaile, eta erakunde laguntzaile gisa izango dituen zereginak finkatzen dira.

Horregatik guztiagatik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak esleitutako eskuduntzen eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

2. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko egiaztagiriak.

1.– Eskabideak kanal elektronikoz aurkeztu beharko dira, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan. Bertan egongo da eskuragarri eskabide-inprimakia, hala nola eskabidea telematikoki aurkezteko azalpenak.

2.– Eskabidearekin batera, urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 9. artikuluan zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira, honako hauek salbu:

a) Gizarte Segurantzaren kuotak ordainduta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, eta zerga-betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, baldin eta eskabideak aurkezteko inprimakian eskatzaileak baimena eman badio organo kudeatzaileari egiaztatzeko.

b) Hirugarrenaren datuen alta egiteko inprimakia. Eskatzaileak aurkeztu beharko du Ogasun eta Finantza sailaren Kontrol Ekonomikoko bulegoaren datu basean izena emana ez badu, hirugarren gisa, edo datuak aldatu nahi baditu. Bete beharreko eredua honako helbide honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

c) Gainera, eskabidea entitate ziurtagiri bidez edo ziurtagiri korporatibo pribatu bidez eskatuz gero, ez da beharrezkoa izango honako hau aurkeztea:

c.1.– Eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko datuak (pertsona fisikoa edo juridikoa izanik), eta, hala balegokio, NAN, Identifikazio Fiskaleko Kodea edo Ingurumeneko Identifikazio Zenbakia (IIZ-NIMA).

c.2.– Enpresaren legezko eraketa egiaztatzeko datuak, eta, hala balegokio, enpresa eratzeko eskrituren fotokopia.

c.3.– Diru-laguntzaren eskatzailearen alde emandako ordezkaritza-ahalaren kopia, Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatuta, edo, hala balegokio, behar bezala egiaztatuta.

3. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Diru-laguntzaren eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako deialdia ebazteko organo eskumendunak ebazpena eman ondoren.

Hain zuzen ere, eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak 30. artikuluan ezartzen duenez, jakin baldin badakigu eskatzaileari iritsi zaiola jakinarazpena, baina hamar egun natural geroago oraindik ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea eginda dagoela ulertuko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

4. artikulua.– Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko dagokion eskaera aurkeztu aurretik hasitako inbertsioen proiektuak.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen lerroak.

Jarraian datozen ataletan adierazten diren diru-laguntza lerroak sartuko dira deialdian 2013ko ekitaldian, eta adierazten den prozeduraren arabera emango dira diru-laguntzak:

1.– Prozedura arrunt bakar baten bidez, diruz lagundu ahal izango dira hurrengo lerroak:

a) Enpresa onuradunari aplikatzekoak diren arauak gainditzen dituen mailako ingurumen babesa lortzera bideratutako inbertsioak finantzatzeko laguntzak, edo, aplikatzeko araurik egon ezean, ingurumenaren babesa hobetzekoak diren laguntzak.

b) Ingurumenaren arloan indarrean dauden babes-arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-ikerketak egiteko laguntzak, hogei mila (20.000) euro baino gehiagoko ikerketak badira.

c) Hirugarrenek sortutako hondakinak «puntako teknologia» erabiliz edo ohiko teknologiak modu berritzailean baliatuz kudeatzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak.

d) Orube kutsatuak saneatzeko laguntzak, ez dagoenean jakiterik zein den kutsaduraren erantzulea edo ez dagoenean horren kostua ordaintzera behartzerik.

2.– Banakako prozedura erraztuetan, honako lerro eta azpilerro hauek lagundu ahal izango dira diruz:

a) Ingurumenaren arloan indarrean dauden babes-arauak gainditzera zuzendutako inbertsioak egin aurretik teknikaren eta ingurumenaren aldetik bideragarritasun-azterketak egiteko laguntzak, hogei mila (20.000) eurotik beherako ikerketak badira. Ikerketa hauek konparazioz Eskuragarri dauden Teknikarik Onenak aztertzeko edo/eta BEGen sorkuntza, lehengaien kontsumoa, hondakinen sorkuntza, isuriak eta igorpenak aztertuko dituzte.

b) Ingurumenaren alorreko kanpo aholkularitzako zerbitzuen kanpoko kostuak finantzatzeko ETEentzako laguntzak. Deialdi honetan, hurrengo azpilerroak soilik lagundu ahal izango dira diruz:

b.1.– EMAS Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak.

b.2.– UNE-EN ISO 14.006 Ekodiseinuko Arauaren, I motako edo III motako ekoetiketen edo karbono-lorratzaren ziurtagiriak ezarri eta egiaztatzeko laguntzak. Ez dira emango bulego jardueren karbono-lorratza kalkulatu eta egiaztatzeko dirulaguntzak (bankuak, aseguru-etxeak, higiezinen agentziak, aholkularitza-agentziak, eta abar).

6. artikulua.– Esleipen-irizpideak.

Prozedura arruntean, jarraian adierazitako esleipen-irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Industria jarduerak ingurumenean duen eraginari dagokionez, ondorengo alorretako instalazioetan egiten diren inbertsioak balioetsiko dira, ingurumenean gehien eragiten duten alorrak direla uste delako: galdaketaren, altzairuaren, beroko ijeztearen, zementuaren, beiraren, zeramikaren, karearen, azaleko tratamenduaren eta paper-orearen sektoreetan eta sektore kimikoan egindakoak. Halaber, indarrean dagoen Ingurumen Esparru Programaren helburuei egindako ekarpena ere baloratuko da.

b) Egingo den inbertsioak ingurumenari ekarriko dion hobekuntza zehatzaz bezainbatean, hobekuntzaren izaera hartuko da aintzat, eta, hala, argi bereiziko dira, batetik, «hodi-bukaera» izenarekin ezagutzen diren proiektuak, alegia, emisio kutsagarriak tratatzeko direnak, eta, bestetik, emisiorik ez sortzeko egiten diren proiektuak. Bestalde, hobekuntza era absolutuan eta erlatiboan zenbatuko da, eta arrisku gehien duten kutsagarriak gutxitzeko zer-nolako hobekuntza izan den aztertuko da.

c) Kontseiluaren 1979ko apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauak, hegazti basatiak kontserbatzeari buruzkoak, eta Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak kontserbatzeari buruzkoak, aipatutako zonei nahiz ekainaren 30eko 16/1994 Legeak babestutako espazio naturalei eragiten dieten instalazioetako inbertsioei dagokienez, proiektuaren espazio horiekiko distantzia eta ingurumen-interesa baloratuko da.

d) Proiektuaren koherentzia eta kalitatea. Irizpide honetan, kontuan hartuko da ingurumen arloko arazo zehatzak adierazten dituen enpresaren barruko diagnostikorik dagoen eta proiektuan erabiliko den konponbidea behar bezala justifikatuta dagoen.

e) Proiektuaren izaera ekoberritzailea. Irizpide horretan kontuan izango dira proiektuaren berrikuntza-maila eta beste arlo batzuetan erabiltzeko aukera. Ekoberritzailea da ingurumen-babesa nabarmen hobetzen duen jarduera berritzaile oro. Ekoberrikuntzak fabrikazio-prozesu berriak, produktu edo zerbitzu berriak eta enpresako edo kudeaketako metodo berriak biltzen ditu, ingurumenerako arriskuak, kutsadura edo baliabideak erabiltzearen bestelako eragin negatiboak prebenitu edo nabarmen murriztu ditzaketenak horiei lotutako jardueren bizi-zikloan zehar. Zehazki, berritzailetzat joko dira, bestelakorik justifikatu gabe, Teknologia Garbien Euskal Zerrendan aipatutako teknologia guztiak.

f) Pertsona juridiko eskatzaileek enpresa txiki edo ertaina direla egiaztatzea, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan ezarritakoaren arabera.

g) Inbertsioa egiten den kokalekuak ingurumen-kudeaketako sistemen baliozko ziurtagiriak badituela egiaztatzea.

h) Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan lana sustatzea (zuzena nahiz zeharkakoa). Irizpide horretan, kontuan izango dira lanpostu berriak sortzea, zerbitzuak kontratatzea edo/eta ekipoak erostea; betiere proiektuarekin lotura badute. Zerbitzuak kontratatzea edo/eta ekipoak erostea puntuatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden erakundeekin egin beharko da.

7. artikulua.– Prozedura arrunterako ponderazioa.

1.– Agindu honen 6. artikuluan bildutako esleipen-irizpideak, eskatzailearen jarduerak eragindako kutsadura eta bestelako ondorio kaltegarriak murriztu edo desagerrarazteko inbertsioei aplika dakizkiekeenak, guztira 100 punturekin ponderatuko dira, eta jarraian adierazitako gehieneko puntuazioaren arabera banatuko dira:

(Ikus .PDF)

2.– Ez dira diruz lagunduko gutxienez 55 puntura iristen ez diren eskabideak.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

1.– Inola ere ez dira gaindituko urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako gehieneko portzentajeak.

2.– Prozedura arruntean, honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:

a) Proiektuaren puntuazioa, aurreko artikuluan adierazitako irizpide teknikoen ponderazioa aplikatuta.

b) Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.

c) Eskabide guztietarako egindako banaketa proportzionala.

Diru-laguntzek inola ere ezingo dute berrehun mila (200.000) euro baino gehiagokoak izan proiektu eta produkzio-zentro bakoitzeko.

Era berean, ez dira diruz lagunduko aurreko artikuluan esandako puntuazio minimoa gainditu bai baina hiru mila (3.000) euro baino gutxiagoko diru laguntza lortu duten proiektuak.

3.– Prozedura erraztuetan, honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:

a) Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.

b) Lerro bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontuaren esleipenaren eta diruz lagundu beharreko proiektuen kopuruaren arteko zatiketa.

Ingurumen-azterketa eta kanpoko aholkularitza-zerbitzuetarako laguntzen kasuan, diru laguntzak ezingo dira izan hamar mila (10.000) euro baino gehiagokoak proiektu edo/eta produkzio zentro bakoitzeko.

4.– Balorazio Epaimahaiak eskatzaileak adierazitako inbertsio garbia egokitu ahal izango du, erakunde eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa eta datuak nahiz merkatuko batezbesteko balio/prezioaz eta erabilgarri duen gainerako informazioaz baliatuta. Erakunde eskatzaileak aurkeztutako inbertsio garbiaren eta Balorazio Epaimahaiak egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren arteko diferentzia % 50 baino handiagoa izango balitz, Balorazio Epaimahaiak erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio inbertsio garbiaren inguruan egindako kalkulua, bai eta hori zehazteko kontuan izandako datuak ere, eta 10 eguneko epea emango dio, hala badagokio, egoki deritzen alegazioak aurkezteko.

9. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdi honetarako aurrekontuko diru-dotazioa, guztira, milioi bat hirurehun mila eurokoa (1.300.000) izango da.

– Milioi bat berrogei mila (1.040.000) euro prozedura arruntaren bidez esleitutako proiektuetarako.

– Berrehun eta hirurogei mila (260.000) euro prozedura erraztuaren bidez esleitutako proiektuetarako.

2.– Prozedura erraztuan, lerro eta azpilerroetarako dotazioa honela banatuko da:

a) Arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-azterlanetarako laguntzak: ehun mila (100.000) euro.

b) ETEen ingurumen alorreko kanpo-aholkularitzako zerbitzuetarako laguntzen esparruan:

– EMAS: ehun mila (100.000) euro.

– Ekodiseinua, ekoetiketak eta karbono-lorratza ziurtagiriak: hirurogei mila (60.000) euro.

3.– Eskabiderik ez dagoelako edo daudenek baldintzak betetzen ez dituztelako adierazitako prozedura edo lerroren baterako esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, soberakina beste esleipen-prozedura edo lerro bati esleitutako zenbatekoari gehitu ahal izango zaio. Horretarako, Ingurumeneko sailburuordeak ebazpena eman beharko du, Balorazio-epaimahaiaren proposamenari kasu eginik, eta aurkeztutako eskaera kopurua kontuan hartuta.

10. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa erakunde laguntzaile izendatzen da, xedapen hauetan ezarri bezala: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratzea eta, hala badagokio, hutsegiteak zuzentzea proposatzea.

b) Eskabidea egiten duten pertsonek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituzten egiaztatzea.

c) Balorazio Epaimahaiarekin lankidetzan aritzea, eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan.

d) Jarduera burutzen den egiaztatzea, eta diru-laguntzaren emakidan azaltzen den helburua betetzen den egiaztatzea.

e) Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.

f) Erakunde onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duen agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, pertsona onuradunak agindu honetan ezarritako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar direnak barne.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura aldatu denez, ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 14. artikuluan araututa dagoen epaimahaiko kideak honako hauek izango dira: Ingurumen Administrazioaren zuzendaria, epaimahaiburu, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikitako bi pertsona funtzionario, bokal biak. Azken horiek Ingurumen Administrazioaren zuzendariak izendatuko ditu.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honen 9. artikuluan jasotako zenbateko osoa nahiz bertan adierazitako esleipen-prozedura bakoitzaren esleipena gehitu ahal izango dira, eskatutako laguntza guztien zenbateko osoa kontutan izanik, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 24a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala