Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2013ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3804

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 16koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko unibertsitate-master ofiziala egiteko laguntzen deialdia egiten duena.

Emakumeen eta gizonen berdintasuna ezinbestekoa da emakumeen aurkako indarkeria, giza eskubideen urratze larrienetako bat, erabat ezabatzeko. Arazo konplexua da eta gizartetik guztiz ezabatzeko nahitaezkoa da koordinaturik jardutea, batetik indarkeria-egoerak, haien kausak eta indarkeria darabiltenen jarreren aurkako aurreneurriak ikertzen eta, bestetik, profesionalak trebatzen eta laguntza-eta harrera-zerbitzuak biktimen beharrizanetara egokitzen.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako, otsailaren 18ko, 4/2005 Legearen 53.2 artikuluan ezartzen denez, «Euskal herri-administrazioek, betiere, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta ezabatzen eta biktimak zaintzen eta haiei laguntzen diharduten erakunde pribatuetako langileek prestakuntza jaso dezaten lagunduko dute.»

Horregatik, Emakundek, Deustuko Unibertsitatearekin koordinaturik, 2003. urteko jarduketa planaren barruan emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko aditu eta master ikastaroaren lehen edizioa kofinantzatu zuen.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Dekretua aldatzen duen Lehendakariaren martxoaren 1eko 8 /2013 Dekretuaren 7.1 artikuluak ezartzen duenez «Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikitzen zaizkio ezabatutako Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren egitekoak, giza baliabideak eta baliabide materialak.»

Ezarritako lankidetza-ildoarekin jarraituz, Deustuko Unibertsitateak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak premia ikusi dute emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzen lagunduko duten neurriak bilatzeko eta marko berri bat ezartzeko. Marko berri horrek ahalbidetuko du, batetik, hasitako prestakuntza-esperientziarekin jarraitzea, eta, bestetik, laguntzen deialdi publiko hau egitea, 2013-2014 ikasturterako, emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko unibertsitate-master ofizialaren edizio hau finantzatzeko, eta, hartara, langile espezializatuaren prestakuntzaren alde egiteko.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eremua eta xedea.

Ebazpen honen xedea da emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko unibertsitate master ofiziala egiteko laguntzen deia egitea, zeina Deustuko Unibertsitatean emango baita, 2013-2014 ikasturtean. Aipatu masterra 60 ECTS (Europako kredituak) dituen master ofiziala da eta bost modulutan egituratzen da:

I. modulua: Gizarte mailako eta diziplina arteko parte hartzea.

II. modulua: Lanbide-tresna espezifikoak gizarte mailan parte hartzeko.

III. modulua: Genero- eta etxe-indarkerian esku hartzea.

IV. modulua: Kanpoko praktikaldiak.

V. modulua: Masterreko amaierako lana.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

Aurreko artikuluan ezarritako xederako erabiliko diren diru-baliabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontuko kredituetatik etorriko dira, eta, guztira, hogeita sei mila berrehun eta berrogeita lau (26.244) euro dira.

3. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, lehentasunaren araberako hurrenkera ezarri ahal izateko, 10. artikuluan finkatutako irizpideei jarraikiz. Eta puntu gehien lortzen dituzten eskaerei soilik emango zaizkie diru-laguntzak.

4. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Gehienez ere hamabost onuradun egongo dira.

2.– Laguntza eskatzeko jarraian aipatuko diren baldintza orokorrak bete behar dira:

a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan eduki behar da, gutxienez laguntza eskatu baino urtebete lehenagotik.

b) Deustuko Unibertsitatearen Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeari buruzko master ofizialean onartutakoen artean izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan ezarritakoa betez, obligazioak betetzea (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako Testu Bategina).

d) Ebazpen honetan jasotzen dena betetzea.

3.– Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko trebakuntza jaso duten pertsonek ezin izango dute deialdi honetan parte hartu, baldin eta trebakuntza hori herri-administrazio batek finantzatu badu eta 150 ordukoa edo gehiagokoa izan bada.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

5. artikulua.– Diru-laguntzen izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten pertsonek prozedura honen izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta gauzatu ditzakete.

2.– Tramitazio elektronikoa honako lege-arau hauetan araututa dago: 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, Administrazio Elektronikoari buruzkoa, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, eta bestelako ereduak modu elektronikoan zein aurrez aurrekoan izapidetzeko zehaztapenak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/deustuko-masterra/

4.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www. euskadi.net/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik.

2.– Eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari zuzenduko zaizkio, eta aurrez aurre aurkez daitezke honako leku hauetan: herritarrei arreta emateko bulegoetan, Zuzenean Zerbitzuan (Gran Vía 85, 48011 Bilbo; Andia 13, 20003 Donostia; Ramiro de Maeztu 10, 01008 Gasteiz); Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Erregistro Nagusian (Manuel Iradier, 36, Gasteiz); edo azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 adierazten diren bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Eskabide-eredua eta gainerako dokumentazioa ebazpen honekin batera argitaratuko dira EHAAn, eta https://www.euskadi.net gune elektronikoan egongo dira eskuragarri.

3.– Interesdunek eskabidea eta horri erantsitako egiaztapenak eurek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete. Halaber, eskabideko jardueretan eta prozedura osoan zehar, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, hala ezartzen baitute Euskararen erabilera arautzeko den azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek.

4.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

5.– Posta-bulegoaren bidez aurkezten diren eskabideak kartazal irekian jarri beharko dira, egiaztatu aurretik posta-zerbitzuko funtzionarioek eguna eta zigilua jartzeko. Hala egin ezean, dagokion bulego publikoan noiz sartzen den, egun horretan aurkeztutzat joko da.

7. artikulua.– Eskakizunak egiaztatzea.

1.– Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko dokumentazioaren zati bat laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere.

2.– Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztuko dira:

a) Egoitza datuak egiaztatzea (laguntza eskatu aurretik eskatzailea urtebete gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egon dela frogatzen duen ziurtagiria).

b) Laguntza eskatzen den prestakuntza-arloan (aukera-berdintasuna, emakumeen kontrako indarkeria, etab.) eskatzaileak duen esperientzia egiaztatzea. Eranskinean agertzen den Curriculum Vitae laburra erabiliko da.

c) Eskatzaileak genero-indarkeriako esku-hartzearen arloan prestakuntza jasotzeko zer nolako interesa duen azaltzea (azalpen memoria).

d) Deustuko Unibertsitatean onartua izana egiaztatzea. (hori izan ezean, onarpen-eskabidearen kopia).

e) Hirugarren interesdunaren datuen alta. Eredua hemen: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/alta%20de%20TERCERO.pdf

f) Nortasun agiri nazionala, pasaportea edo pertsona fisikoaren nortasuna egiaztatzen duen antzeko dokumentua, baldin eta eskatzaileak egiaztatzeko baimenik ematen ez badio Administrazioari.

3.– Eskakizunak egiaztatzeko modua helbide elektroniko honetan zehaztuko da: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/deustuko-masterra/

4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua betetze-aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, obligazio hauek betetzen direla egiaztatu ahal izango da:

a) Eskabidearen berri ematea eta, hala badagokio, beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman izana jakinaraztea.

b) Eskatzaileak egiaztatzea ez zaiola ezarri laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko administrazio-zehapenik edo zigor penalik eta ez duela horretarako gaitasunik gabe uzten duen inolako lege-debekurik.

c) Eskatzaileak ez duela sexu-bereizkeria egiteagatiko administrazio-zehapenik edo zehapen-penalik, eta ez dagoela zehatuta debeku horrekin, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

d) Egiazkoak direla eskabidean eta erantsitako agirietan jasotako datuak.

e) Eskatzaileak betetzen dituela indarrean dagoen legedian laguntza hauen onuradun izateko ezarritako baldintza guztiak.

Laguntza emateko ebazpena hartu aurretik, egiaztatu egin behar dira aipatutako betekizun horiek, bai dagozkion egiaztagiriak aurkeztuta, bai organo kudeatzaileari baimena emanda, zuzenean egiazta dezan.

5.– Erantzukizunezko adierazpenarekin batera doan edo sartzen den edozein datu, adierazpen edo agiriren oinarrizko zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez aipatzeak prozeduran jarraitzeko ezintasuna zehaztuko du horren berri dagoen momentutik, eta horrek ez die kalterik eragingo gerta litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administraziokoei.

Halaber, gisa horretako egoera dagoela adierazten duen Administrazio Publikoaren ebazpenaren bidez, interesdunak itzuli beharra duela adierazi ahal izango da, eta denbora jakin batean, ezin izango duela helburu bererako prozedura hasteko eskatu; hori guztia aplikatzekoak diren arauetan xedatutakoaren arabera.

6.– Beharrezkoa dela uste izanez gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak informazio gehiago eskatu ahal izango du.

7.– Laguntza ukatuz gero, aurkeztutako agiriak berreskuratu egin ahal izango dira, eta horretarako hilabeteko epea egongo Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpena argitaratzen denetik, baldin eta ebazpen horren aurkako errekurtsorik jartzen ez bada. Izan ere, errekurtsoa jartzen bada, epea errekurtsoa ezesteko ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatuko da.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Diru-laguntzetarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta izanez gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko du, eta hamar egun balioduneko epea emango du horretarako, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita. Horrez gain, eskatzaileari ohartaraziko zaio, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko, Hautaketa Batzordea eratuko da eta kide hauek izango ditu:

Batzordeburua: Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

Mahaikideak:

– Administrazio eta Zerbitzu Arloko arduraduna.

– Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

– Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko teknikari bat.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna izango da.

2.– Batzordeak elkarrizketak egin ditzake hautagaiekin, bai dokumentuak zein eskarian dauden datuak argitzeko.

3.– Hautaketa-batzordearen osaera EHAAen argitaratuko da, eratu aurretik.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

Diru-laguntzak emateko, jarraian adieraziko diren irizpideak hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Unibertsitateko prestakuntza egokia izatea Masterraren edukietarako. 20 puntu gehienez.

b) Curriculumaz kanpoko prestakuntza osagarria. 20 puntu gehienez.

c) Arlo akademikoan egindako lanak: Irakaskuntzan laguntzea, ikerlanak, etab. 10 puntu gehienez.

d) Boluntario zein profesional gisa egindako lanak. 20 puntu gehienez.

e) Hizkuntzak. 10 puntu gehienez.

f) Masterra egiteko arrazoi eta zio pertsonalak. 20 puntu gehienez.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa matrikulak duen balioaren % 27 izango da. 2013-2014 ikasturterako matrikularen zenbatekoa sei mila laurehun eta laurogeita hamar (6.480) euro da.

Ebazpen honen 4.1. artikuluan aurreikusten diren hamabost onuradun baino gutxiago badaude, dotazio-soberakina onuradunen artean banatuko da modu proportzionalean, harik eta aurrekontu dotazioa agortu arte.

12. artikulua.– Bateragarritasuna, beste laguntza batzuekin.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, gainfinantzaketarik gertatu ezean. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu eskaerak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, bere proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Horrek ebazpen adierazia emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari eta diru-laguntza nori eman eta nori ukatu zaion adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Orobat, emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jendeak horren berri izan dezan. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian (dagokionean), bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3, 46.1 eta 46.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– Agindu honen itzalpean aurkezten diren eskaerak ebazteko eta ebazpen hori jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela ulertu beharko da, hala ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1. artikuluak.

3.– Ebazpenean, pertsona onuradunen zerrenda jasotzeaz gain, ordezkoen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte, betiere:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrelakoetan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek ukoa berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan erregistratuta egotea. Betekizun hau ezinbestekoa da diru-laguntzak esleitzeko eta diru-laguntza ordaintzeko.

c) Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede horretarako erabili behar da, eta prest egon behar da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diruz lagunduko diren jarduerak noiznahi begizta ditzan onartzeko.

d) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen duten informazioa eman behar diete.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza zatika ordainduko da, bi alditan: lehenik, emandako diru-laguntzaren ehuneko hirurogeita hamabost, 14.a) artikuluan aurreikusitako epea igarota, berariaz uko egiten ez bada; eta, ondotik, gainontzeko ehuneko hogeita bosta, ikasturtearen lehen seihilekoan onuradunak zer nolako asistentzia eta aprobetxamendua izan duen azaltzeko Deustuko Unibertsitatearen jarraipen txostena helarazi eta gero ordainduko da.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko baldintzaren bat aldatzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatuz gero eta, betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada, edo bestelako entitate publikoren edo pribaturen batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu, diru laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako txostena edo, bestela, artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du; horrez gainera, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu. Ebazpen horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Epaitegian (dagokionean), bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3, 46.1 eta 46.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetako bat betetzen ez dela jakinez gero, eta batez ere Masterreko klaseetara arrazoirik eman gabe joan ezean edo hura bertan behera utziz gero, jasotako zenbatekoa eta hari dagozkion legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Gainera, bidezko ekintzak abiarazi ahal izango dira.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak eta/edo betebeharrak betetzen ez direla eta, emandako diru-laguntza ezeztatu eta, hala badagokio, diru-laguntza itzultzeko jarraituko den prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari lotuko zaio. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak interesdunari jakinaraziko dizkio prozeduraren hasiera eta hori oinarritzeko arrazoiak eta 15 egun balioduneko epea emango dio, interesdunak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea pasa ondoren, prozedura amaitutzat joko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio bideari, eta beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Administrazioarekiko Auzien Epaitegian (dagokionean), bi hilabeteko epean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3, 46.1 eta 46.4 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Ebazpenean adierazten bada ez direla baldintzak bete, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta ezarri behar zaizkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko aginduko da. Dirua bi hileko epea amaitu baino lehen itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin ahal izateko, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoaren arabera.

d) Ezar daitezkeen arauak ez betetzeagatik, emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura betetzeko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, artikulu honetan arautzen denari jarraikiz.

19. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko («Registro de Personas de Emakunde-Instituto Vasco de la Mujer»). Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago eta Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko. Hala nahi dutenek, legeak aurreikusten dituen eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Administrazioarekiko Auzien Epaitegian (dagokionean), aipatu aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean, betiere, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3, 46.1 eta 46.2 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 16a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala