Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

157. zk., 2013ko abuztuaren 20a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3670

AGINDUA, 2013ko uztailaren 31koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena; honen bitartez, Etxebizitza eta Eraikinen Birgaitze eraginkorraren alorreko Renove Planaren laguntza-programarako deialdia egiten da eta programa hori arautzen da; laguntza horien jomuga Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Eraikiko Esku-hartzeko Proiektuak egitea eta horien ondoriozko obrak egikaritzea da.

Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak birgaitze-jardunen araubide juridikoa arautzen du, etxebizitza-sektorea bultzatu eta sutatzeko. Dekretu horren garapenean, 2007ko maiatzaren 2ko Agindua eman zen; Agindu horretan Birgaitze Integratuko Eremuetako edo Bizitegi Eremu Narriatu gisa deklaratutako eremuetako ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ezarri ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoa eraginpean hartzen duen eta larritasun bereziki handiz etxebizitza-sektorean agertzen den krisialdi ekonomiko eta finantzarioak agerian uzten du beharrezkoa dela politikak alor horretan berbideratzea.

Gure hirien gaur egungo errealitateari dagokionez, bertako higiezinen ageriko urritasunek markatzen dute errealitate horren zati bat, eta urritasun horien eraginez, hein handi batean, nabarmen geratzen da gure hirietan bizi den biztanleriaren zati bat oso ahultasun egoera handian dagoela.

Hainbat arriskuri egin behar diegu aurre, besteak beste, hiri-bazterketako esparruen sorkuntzari; biztanleriaren sektore jakin batzuek baliabideak eskuratzeko dituzten zailtasunek ez ezik, eraikinen baldintzek eta horiek bizigarritasunari, irisgarritasunari eta energia-eraginkortasunari dagokienez emandako erantzunek ere sortzen dute bazterketa hori.

Bestalde, ezinbestekoa da ekonomia berreskuratzeko eta higiezinen eta eraikuntzaren sektorea birmoldatzeko bideak ahalbidetzea, eta baita ingurumen-alorreko nahiz gizarte- eta ekonomia-alorreko eredu iraunkor eta integratzailea bermatzea ere, eta horri dagokionez, hiri-birgaitzea, -birsorkuntza eta -eraberritzea ezinbesteko jardun-ildoa da.

Horretaz gainera, etxebizitzen energia-aurreztean eta -eraginkortasunean zuzeneko eragina duten hiri-eraberritzeko jardunak funtsezko elementuak dira karbono-emisio baxuetan oinarrituta egongo litzatekeen ekonomia bat ezartzeko ahaleginean, Europar Batasunaren helburu, aurreikuspen eta politikei jarraiki; familien eta herrialde osoaren energia-faktura murrizten lagunduko du ekonomia horrek, baita berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten ere.

Renove Euskadi Plan berriaren xedea egungo problematika korapilatsuari aurre egitea da, lehentasunezkotzat eta ezinbesteko arretakotzat jotako helburuak lortzeko laguntzak zedarrituz eta sektore pribatuari pizgarriak eskainiz, sektore pribatuak eraikuntza-sektorea berraktiba dezan, iraunkortasunari eta lehiakortasunari dagokienez, eta betiere konponbide eta laguntza-ildo berritzaileen bitartez.

Orobat, irisgarritasunaren, energia-eraginkortasunaren, segurtasunaren eta kontserbazio egoeraren baldintzen azterketa barnean hartuko duen Ikuskapen Txosten Teknikoa txertatzea eta orokortzea ere bultzatu nahi da.

Horretan guztian laguntzeko, diru-laguntzei buruzko Agindu hau garatzen da; etxebizitza erabilera nagusia duten, blokeak edo etxadiak osatuz taldekatuta dauden, 1980a baino lehenagoko eraikitze-data duten eta hiri- eta egitura-egokitzapena duten eraikinen gainean jarduteko proposamenak aurkezten dituzten Jabeen Erkidego, Udal, Toki Erakunde Txiki, Etxebizitza Sozietate Publiko eta Etxebizitzen sustatzaile Publikoei zuzenduta dago Agindu hau.

Diru-laguntzen atalean, obra-proiektuen idazketari eta obra horien egikaritzeari dagozkien ehunekoak daude xehatuta, eta diru-laguntzarako ezarritako gehieneko mugari dagokionez, esku-hartzeko proiektuaren esparruaren barnean hartutako etxebizitzen kopurua 15.000 eurorekin biderkatuz lortu da muga hori.

Proposamenak hautatzeko lehentasun-ordena zehaztu da; ordena horretan, inguratzailearen, irisgarritasunaren eta suteei aurre egiteko segurtasunaren baterako jardunak –funtsezkoak– izango du lehentasuna, etxebizitzen jabeen artean adostasun handiena egonik, konprometitutako laguntzen eraginkortasuna bermatzeko jomugarekin. Hautaketan hainbat proposamenen artean berdintasuna gertatuz gero, jardunaren bitartez onura izan duten etxebizitzen kopuruari jarraiki ebatziko da berdintasun hori. Atal horretan ere berdintasuna badago, jardunaren barnean hartutako errentamendu babestuko etxebizitzen kopuruari jarraiki ebatziko da berdintasun hori.

Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarriak Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua gaitzen du, Agindu bidez, birgaitze-programa espezifikoak ezartzeko, betiere birgaitzeko esku-hartze jakin batzuen ezaugarri bereziek edota ezohiko eta ezusteko zirkunstantziek sortutako egoerek hori aholkatzen badute.

Arestian adierazitako Dekretuari jarraiki, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren artikuluak esleitzen didan eskumena gauzatuz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko Legegintza Dekretuaren VI. Tituluarekin eta VII. Tituluaren II. eta III. kapituluekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenekin lotuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da Etxebizitza eta Eraikinen Birgaitzearen alorreko Renove Planaren laguntzen emakidarako programarako deialdia egitea eta programa hori arautzea; laguntza horien jomuga Euskal Autonomia Erkidegoko Ondare Eraikiko Esku-hartzeko Proiektuak egitea eta horien ondoriozko obrak egikaritzea da.

2.– Etxebizitza-erabilera nagusia izanik blokeak edo eraikuntza-etxadiak osatuz taldekatuta dauden, gutxienez horren alde bat barnean hartzen duten, 1980a baino lehenagoko eraikitze-data duten eta hiri- eta egitura-egokitzapena duten eraikinetan esku hartzeko jomuga izango dute esku-hartzeko proiektu horietan proposatutako jardunek, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritako baldintzei jarraiki.

3.– Laguntza-programa horrekin bat egingo duten ondare eraikian esku hartzeko proiektuek aurretik existitzen ziren eraikinen irisgarritasuneko, bizigarritasuneko eta energia eraginkortasuneko baldintzak hobetzeko helburua izan beharko dute, kontuan hartuz jardunetan iraunkortasun irizpideak aplikatu beharko direla, hurrengo kapituluetan adierazitako baldintzak betetzeaz gain.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jardunak.

1.– Laguntza-programa honekin bat egiteko, jarraian zerrendatzen diren jardun guztiak bilduko dituzten esku-hartzeko proposamenak planteatuko dira, Agindu honetan xehatzen diren baldintzei jarriki:

a) Eraikinen inguratzaileen gaineko jardunak, eraikinaren eskari termikoaren murrizketa lortzeko, eta energia-kontsumoa murrizteko produkzio-instalazioen gaineko jardunak, eraberritzearen ondoren, gutxienez C energia-ziurtagiria lortzeko, eraikuntza berriko eraikinen energia eraginkortasuneko ziurtagiria lortzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan zehaztutako prozedurari jarraiki eta, ahal bada, iturri berriztagarrien bitarteko energia-produkzioa txertatzen saiatuz.

b) Eraikinen irisgarritasuna hobetzea, bide publikotik etxebizitza bakoitzera sartzeko aukera bermatuz, garaierak mailekin gainditu behar izan gabe.

c) Segurtasun-baldintzak hobetzea; horrela, eraikinak edo eraikin-multzoak, instalazio orokorrei dagokienez, larrialdi-argiztapena, seinaleztapena, sute-detekzioa eta -iraungitzea eta okupatzaileentzako alarma-transmisioa ahalbidetzeko ekipo egokiak izango ditu.

d) Bizigarritasun-baldintzen hobekuntza lortzeko jardunak, perimetro eraikia areagotzea dakartenak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren IV. eranskinari jarraiki.

e) Energia-monitorizazioa. Eraberritutako eraikinaren energia-eraginkortasunaren hobekuntza egiaztatzeko eta kuantifikatzeko, ezinbestean egin beharko dira barneko konfort termikoa eta berokuntzaren energia-kontsumoa neurtzeko jardunak, eraberritutako eraikinaren edo blokearen etxebizitza-lagin adierazgarri batean. Horri dagokionez, monitorizatuko diren etxebizitzak Etxebizitza Zuzendaritzaren irizpideei jarraiki zehaztuko dira, eraikuntza-tipologiaren, kokapen eta orientazioaren, berokuntza-sistemen eta eraikinaren nahiko adierazgarria den lagin bat ateratzen laguntzen duen beste edozein irizpideren arabera. Monitorizatuko diren etxebizitzen gutxieneko kopurua –eskabidearen barnean hartutakoa– 20 etxebizitza edo gutxiagoko eskabideen % 20 eta 20 etxebizitza baino gehiagoko eskabideen % 15 izango da. Esku-hartzean aurreikusitako monitorizazio-instalazioak Agindu honen IV. eranskinean zehaztutako ezaugarriak izan beharko ditu.

2.– Higiezinaren egungo egoerak ez badu eskatzen arestian deskribatutako ezein esparrutan jardutea, adierazitako baldintzak bermatuta daudelako, ez da beharrezkoa izango puntu horretan jardunak txertatzea, eta aurkeztutako dokumentazioan justifikatu beharko da arlo hori.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Laguntzen onuradunak izango dira planteatutako esku-hartzeko proposamenen esparruko Jabeen Erkidegoak, betiere diru-laguntzaren helburua diren jardunak egiten badituzte.

Horrez gainera, laguntzen onuradunak izan daitezke, baita ere, Udalak, Toki Erakunde Txikiak, Etxebizitza Sozietate Publikoak eta Etxebizitzen sustatzaile Publikoak, betiere jardunen esparruaren barnean hartuta dauden eta errentamendu-helburua duten eraikuntzen jabeak badira, erabat edo partzialki.

2.– Onuradunei diru-laguntzak eta laguntza eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.

3.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta dauden pertsona fisikoek ezin izango dute laguntza-deialdi honetan parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko Seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Laguntza-eskabideei dagokienez, 1. artikuluan adierazitako multzoak osatzen dituzten Jabeen Erkidegoen ordezkariek aurkeztu beharko dituzte, Jabetza Horizontalari buruzko legean xedatutako baldintzei jarraiki. Hori gorabehera, II. eranskinari jarraiki, eskabideak aurkezteko dagokion baimena eman ahal izango zaio hirugarrenen bati, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera. Udalen, Toki Erakunde Txikien, Etxebizitza Sozietate Publikoen eta Etxebizitzen sustatzaile Publikoen kasuan, eskabidea horien legezko ordezkariak egin beharko du.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Laguntzak eskuratzeko eskabidea, I. eranskinean jasotako formatuaren arabera formalizatua.

b) Jabeen Erkidegoen IFKaren fotokopia konpultsatua.

c) Legezko ordezkariaren NANaren edo IFKaren fotokopia konpultsatua.

d) Legezko ordezkaritza egiztatzen duen Tituluaren kopia.

e) Higiezinen Jabetza Tituluaren fotokopia konpultsatua.

f) Erkidegoetako kide guztien erroldako udal-ziurtagiria.

g) Proposamenaren edukia, honako hauek bilduko dituena:

– Proposamenaren deskribapen-, justifikazio- eta ekonomia-memoria, Agindu honen bigarren artikuluan xehatutako puntuen esanbidezko erantzunarekin, eta eraginpeko eraikinen argazkiekin.

– Esparruaren kokapen-planoa.

– Proposamenaren finantza-plana.

– Eskatutako esku-hartzeen jardun-programa.

– Esku-hartzea osatzen duten eraikinen ikuskapen teknikoak.

h) Jabeen Bilkuran onetsi izanaren akordio-ziurtagiria, agindu honen II. eranskinari jarraiki (esku-hartzeko proposamena osatzen duten erkidego bakoitzeko). Akordio-ziurtagiria aurreko letran aipatutako esku-hartzeko proposamenari buruzkoa izango da.

i) Proposamenaren energia-eraginkortasuneko ziurtagiria, eraikuntza berriko eraikinen energia-eraginkortasuneko ziurtagiria lortzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuari jarraiki.

j) Udal-txostena, esku-hartzearen egokitasunari buruzkoa.

k) Organo eskudunak beharrezkotzat jotako bestelako edozein dokumentazio osagarri.

3.– Epea.

Eskabideak bi hilabeteko denbora-tartean aurkeztu beharko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Etxebizitza Sailburuordetzak aurkeztutako eskabidean akatsen bat dagoela edo gaizki adierazita dagoela, edo aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinarazi eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko. Halaber, hori egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio, Ebazpena –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa– eman ondoren.

4.– Aurkezteko tokia.

Eskabideak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren edota Lurralde Ordezkaritzen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan.

5. artikulua.– Diru-laguntzetarako aurreikusitako kreditua eta zenbatekoa.

1.– Aurreikusitako kreditua.

Laguntza horiek emateko 6.060.000 euro bideratuko dira guztira, eta honela banakatuko da kopuru hori:

2013. urtea 206.040 euro

2014. urtea 1.999.800 euro

2015. urtea 3.854.160 euro

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1) Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko.

Dokumentuak idazteko ordainsarien kostu garbiaren % 70 emango da gehienez (zergak kanpoan utzita).

2) Obrak egikaritzeko.

Diruz lagundutako jardunen kontrata-aurrekontuaren % 50 emango da gehienez (zergak kanpoan utzita).

Adierazitako ehunekoen baturaren gehieneko mugari dagokionez, esku-hartzeko proiektuaren esparruaren barnean hartutako etxebizitzen kopurua 15.000 eurorekin biderkatuz zehaztuko da muga hori.

6. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte, honako lehentasun-ordena honi jarriki:

1.– Onetsitako proposamenak ordenatuko dira jarraian zerrendatutako diru-laguntzetarako jardunen kopuru handiena biltzen duten esku-hartzeen arabera:

Inguratzailearen gaineko jarduna (a), irisgarritasunaren hobekuntzaren gaineko jarduna (b), igogailuen instalazioari lehentasuna emanez, gainerakoen aurretik, eta suteei aurre egiteko segurtasunaren hobekuntzaren gaineko jarduna (c). Hori horrela izanik, lehenik eta behin, hiru jardun horiek barnean hartzen dituztenak hautatuko dira, eta talde horren barruan, esparruko jabekideen artean lortutako akordio-ehunekoaren eta horiek ordezkatzen dituzten partaidetza-kuoten arabera ordenatuko dira onetsitako proposamenak. Horrela, lehenik eta behin, jabekideen % 100en akordioa eta % 100eko partaidetza-kuota duten proposamenak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan. Partaidetza-kuotaren ehunekoari lehentasuna emango zaio, jabeen ehunekoaren aurretik.

2.– Jabeen arteko akordio-ehuneko berdina duten proposamenen kasuan, etxebizitza-unitateen kopuru handienerako onuraduna den esku-hartzeko proposamena dutenei lehentasuna emanez egingo da hautaketa.

3.– Loturaren, akordioaren, partaidetzaren eta etxebizitza-unitateen kopuruaren parametro berberak dituzten proposamenak badaude, errentamendu babestuko etxebizitza gehien eraginpean hartzen dituzten jardunak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan.

Hainbat blokez osatutako jabeen erkidegoen multzoen kasuan, akordioak bloke guztien jarduna legalki lotesten badu baino ez da lortuko diru-laguntza, eta hori horrela ez bada, banan-banan aztertuko dira (blokez bloke), eta ez guztiak multzo gisa.

Arestian aipatutako baldintzak betetzen dituzten proposamenen hautaketa amaitu ondoren, saldo soberakina geratzen bada, inguratzailearen (a) eta irisgarritasunaren hobekuntzaren gainean (b) diharduten proposamenekin gauzatuko da deskribatutako prozedura, igogailuen instalazioari gainerakoei baino lehentasun handiagoa emanez, eta lehen kasuan bezala, esparruko jabekideen artean lortutako akordio-ehunekoaren eta horiek ordezkatzen dituzten partaidetza kuoten arabera ordenatuko dira onetsitako proposamenak. Horrela, lehenik eta behin, jabekideen % 100en akordioa eta % 100eko partaidetza-kuota duten proposamenak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan. Partaidetza-kuotaren ehunekoari lehentasuna emango zaio, jabeen ehunekoaren aurretik. Jabeen arteko akordio-ehuneko berdina duten proposamenen kasuan, etxebizitza-unitateen kopuru handienerako onuraduna den esku-hartzeko proposamena dutenei lehentasuna emanez egingo da hautaketa. Loturaren, akordioaren, partaidetzaren eta etxebizitza-unitateen kopuruaren parametro berberak dituzten proposamenak badaude, errentamendu babestuko etxebizitza kopuru handiena eraginpean hartzen dituzten jardunak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan.

Jabeen kopuruari edo partaidetza-kuotei dagokienez lortutako akordioa Jabetza Horizontalari buruzko indarreko Legean zehaztutakoa baino txikiagoa bada, proposamena ez da inolaz ere onartuko, betiere horren eraginez jarduna bideraezina bada.

7. artikulua.– Eskabideen kudeaketa eta balioespena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-zereginak gauzatzea Etxebizitza Zuzendaritzari dagokio.

2.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, betiere esleipen-irizpideetan aurreikusitakoari jarraiki aurkeztutako eskabideak balioesteko, Balioespen Batzorde bat eratuko da; Batzorde hori Etxebizitza-zuzendariak –horren lehendakari gisa jardungo duenak– eta Zuzendaritza horren bi teknikarik osatuko dute.

3.– Balioespen-prozesuan, Batzordeak aukera izango du interesdunei horren edukia garatzeko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzeko.

4.– Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Etxebizitza Sailburuordetzari. Proposamen horretan honako hauek bilduko dira: onuradunen zerrenda, lehentasun-ordenaren arabera, laguntzaren xede diren jardunen eta proposatutako diru-laguntzen zenbatekoaren berri emanez, eta hala badagokio, baita atzera bota behar dituen eskabideen zerrendaren eta eskabideak atzera botatzeko arrazoien berri emanez ere.

8. artikulua.– Ebazpena.

1.– Etxebizitza-sailburuordeak, balioespen-batzordeak emandako proposamena aztertu ondoren, proposamen hori ematen denetik zenbatzen hasita hilabeteko gehieneko epean, diru-laguntzak esleitzen edo ezesten ote diren zehazteko, eta esleitzen badira, diru-laguntzaren zenbatekoa –5. artikuluan xedatutakoari jarraiki kalkulatuko dena– ezartzeko ebazpena emango du.

2.– Jende guztiak horren berri izan dezan, diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena eta esleipen horren aldaketa posibleei buruzko ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Halaber, interesdunei ebazpen horien berri emango zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeari jarraiki.

3.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren aurrean, ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dagokion agindu-deialdiaren argitaratzearen hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Esleipen-ebazpena emateko eta jakinarazteko epea igaro ondoren, jakinarazpen hori egin ez bada, egindako eskabidea ezetsi egingo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, Lege horrek Administrazioari esanbidez ebazteko ezartzen dion betebeharra aparte utzi gabe.

5.– Diru-laguntzaren emakida jakinarazten duen komunikazioa jaso eta hamabost eguneko epean onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, onartzen duela ulertuko da. Onuradunak diru-laguntzari uko egiten badio, kanpoan geratutakoen zerrendan hurrengoak diren eskatzailearen edo eskatzaileen artean birbanatuko da ukatutako diru-laguntza.

6.– Laguntzen emakidak obra birgaitze-jardun babestutzat aitortzea ekarriko du ondorio guztietarako, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritakoari jarraiki.

9. artikulua.– Jardunen denbora-eremua.

1.– Onuraduna kontratu publikoen araudiaren eraginpeko erakunde publikoren bat bada, laguntzaren xede diren jardunek esku-hartzeko proiektua kontratatuta edo kontratazio-espedientea hasita eduki beharko dute hilabeteko epean, laguntzen behin-behineko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

2.– Laguntzaren xede diren jardunak 2015eko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute, eta obren onarpen-aktaren edota obra-amaieraren ziurtagiri ofizialaren bitartez ziurtatu beharko da arlo hori.

3.– Behar bezala justifikatutako kasuetan, adierazitako epea gainditu ahal izango da, eta horretarako, diru-laguntzaren onuradunak behar bezala arrazoituta eman beharko du egoera horren berri, obren egikaritze materialerako epearen areagotzea –Etxebizitza Sailburuordetzak emana– lortzeaz gain; halere, obren egikaritze materialerako epeak inolaz ere ezin izango du 2016ko abenduaren 31 gainditu.

10. artikulua.– Ordainketa.

1– Diru-laguntza Etxebizitza Sailburuordetzaren ebazpenen bitartez ordainduko da, zatika eta honela:

a) Beharrezko txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko zerbitzu profesionalen ordainsari teknikoak finantzatzeko lehen ordainketa bat, diruz lagundutako guztizko zenbatekoaren % 3,4 izanik, eta ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epea igaro ondoren, betiere interesdunak diru-laguntzari uko egin ez badio.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki, aurreratutako ordainketaren zenbatekoa bermatzeko nahikoa izango den zenbatekoko abala aurkeztu beharko dute onuradunek Euskal Herriko Diruzaintza Nagusian. Betebehar horretatik salbuetsita geratuko dira Toki Korporazioak eta Foru Aldundiak, baita horien mendeko erakundeak ere.

b) Gainerako ordainketak Etxebizitza Zuzendaritzak emandako Obra Proiektuen onespena lortu ondoren egingo dira, emandako ebazpenari jarraiki eta udal-zerbitzuek Obren Udal Lizentzia esleitu eta gero, ordainketa partzialen bitartez, egindako ordainketen faktura konpultsatuak aurkeztu ondoren (funtsak modu egokian aplikatu direla egiaztatzeko moduan xehatuta egon behar dute faktura horiek), eta betiere emandako diru-laguntzaren % 10 obren amaiera ziurtatzeko erreserbatuz.

2.– Nolanahi ere, obra-ziurtagirien aurkezpena horiek ematen diren egunaren hurrengo hilabetearen barruan gauzatu beharko da.

3.– Egindako ordainketa ziurtatzeko beharrezko dokumentuak honako hauek ditugu:

– Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak emateari dagokionez: beharrezko obra-proiektuak idazteko zerbitzu profesionalen ordainsari teknikoei dagozkien fakturak.

– Obren egikaritzeari dagokionez: eskumeneko zuzendaritzak sinatutako obra-ziurtagiriak eta ziurtagiria ematean obrak zuen egoera islatzen duten argazkiak.

– Diru-laguntzaren likidaziorako: eskumeneko zuzendaritzak sinatutako obren azken likidazioa, obraren azken egoera islatzen duten argazkiak, Obren Azken Ziurtagiria eta egikaritutako obran Agindu honetako baldintzak betetzen direla islatzen duen txosten teknikoa.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolamendu Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan zehaztutako lege-betebeharrak bete beharko dituzte ezinbestean onuradunek, honako espezifikotasun hauekin:

a) Etxebizitza-zuzendariari jakinaraztea edozein Administrazio edo Erakunde publiko edo pribatuk xede berbererako emandako beste edozein diru-laguntza edo laguntza lortu duela, eta diru-laguntza edo laguntza horren erakunde emailea eta zenbatekoa. Horrez gain, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinarazi beharko dio aipatutako organo horri.

b) Etxebizitza Zuzendaritzari jakinaraztea txostenak, ziurtagiriak eta Proiektua idazteko zerbitzuak kontratatu direla, eta behin dokumentu hori idatzita dagoela, Zuzendaritza horretan ale bat aurkeztea, dokumentuari jarraipena egiteko eta dokumentua onesteko, agindu honen helburuetara egokitzen dela ziurtatuta gera dadin. Adierazitako onespena ezinbesteko baldintza izango da, obren lizitazioa egin eta gero.

c) Etxebizitza Zuzendaritzako teknikariei obretarako sarbidea erraztea, obrei jarraipena egiteko eta obren azken egiaztapena egiteko.

d) Agindu honen 10.1.a) artikuluan aurreikusitako ordainketa aurreratuetarako bermea eratzea.

e) Eraikinaren edo eraikin-multzoaren edukitzailera zabaldutako aseguru komunitarioa eratzea, eraikuntza nagusia eta instalazio finkoak biltzen dituen multzoa barnean hartuko duena, aseguruaren gutxieneko zenbatekoa eraikinak obren ostean duen balio eguneratua izanik eta epea, berriz, hiru urtekoa.

2.– Auzo-erkidegoek elementu komunak birgaitzeko laguntza ekonomiko horiek lortu badituzte, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritakoari jarraiki, erkidego horren etxebizitzak edo lokalak ezin izango dira inter vivos borondatez eskualdatu, obra-amaierako azken ziurtagiria ematen denetik zenbatzen hasi eta 5 urteko epearen barruan, ez bada aldez aurretik jasotako laguntzen itzulketa egiaztatzen, itzultzerakoan eguneratuta eta dagokion legezko interesarekin. Laguntzaren itzulketa intereseko etxebizitza edo lokalari dagokion zatiari buruzkoa dela ulertuko da, etxebizitza edo lokal horrek erkidegoan duen partaidetza-ehunekoaren arabera.

Era berean, eta arestian aipatutako ondorioetarako, ez da transmisiotzat hartuko titularkideetako batek etxebizitza osoa besteari ematea banatzeak, dibortzioak, izatezko bikoteen hausteak eta/edo bizikidetza-unitatea hausteak (odolkidetasunezko lehenengo mailako loturen kasuan) eraginda.

Laguntzen onuradunak, berriz, diru-laguntza emateko administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion Jabetza Erregistroan; bertan, administrazio-dokumentu hori ikusi ondoren, hipoteka-legeriaren arabera bidezkoa den erregistro-idazpena egingo da.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bestelako Administrazio Publikoek edota erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten eta helburu berekoak diren edota xede berbera edo osagarria biltzen duten bestelakoekin bateragarriak izango dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jabeen erkidegoen alde eman ditzaketenekin izan ezik. Hala eta guztiz ere, eskubideen banako titularretako bakoitzari bere diru-sarreren arabera dagozkion laguntzekin bateragarriak izango dira, etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Aginduan xedatutakoari jarraiki.

2.– Onuradunak Agindu honek xede dituen laguntzekin batera bestelako laguntzak jasotzen baditu, laguntza guztien zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardunen kostua. Horrelako kasuetan, Agindu honen kargurako laguntza murriztuko da lehenik eta behin, muga hori gaindi ez dadin.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, beste edozein administraziotik edo erakunde publiko zein pribatutatik, laguntza edo diru laguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerak edo baliabideak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko akordioa alda daiteke, betiere diru-laguntzari buruzko arauan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

2.– Horretarako, Etxebizitza sailburuordeak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak doituko dira.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez baditu, onuradunak diru-laguntza galduko du eta jasotako zenbatekoak gehi legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Araubidearen Testu Bateginari (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onetsi zen Lege hori) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraiki eta bertan ezarritako baldintzetan.

15. artikulua.– Publizitatea eta hedatzea.

1.– Agindu honen babesean diruz lagundutako obrek Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa dutela adierazi beharko da.

2.– Obrak egiten diren eraikinetan hori jasota geratu beharko du fisikoki, diru-laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduaren araberako iragarkia txertatu beharko duten kartelen bitartez.

3.– Orobat, jarduna beste bitartekoen bidez zabaltzen edo hedatzen bada, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea adieraziko da.

4.– Artikulu honen xedeetarako, Eusko Jaurlaritzaren Korporazio Identifikazioari buruzko Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta aginduaren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 31.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala