Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2013ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3096

AGINDUA, 2013ko ekainaren 19koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-entitate batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Euskadiko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak ingurumen eta ekologiaren alorrean Estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko eskumena du.

Aipatutako eskumena Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak gauzatzen du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatutakoak, 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren III. Ingurumen Esparru Programak bere ikuspegia ematen du gure lurraldeko ingurumenaren egoerari buruz, eta, besteak beste, lehentasunezko jardun hauek ezartzen ditu:

– Negutegi-efektuko gasen isurpena eta klima-aldaketak EAEn dituen ondorioak murriztea.

– Dibertsitate biologikoaren galera geldiaraztea, ekosistemak leheneratzea eta zoruaren artifizialtzeari mugak jartzea.

– Baliabideen erabilera eraginkorra eta kontsumo arduratsua sustatzea.

– Ingurune garbi eta osasungarria bermatzea.

Hori guztia bideratzeko, sail eta erakunde arteko koordinazioa eta kooperazioa sustatuko da, ingurumen-arloko gaiak politika guztietan integratze aldera, eta, gainera, gizarte- eta ekonomia-eragileei ingurumena hobetzeko ardurak hartzeko eskatuko zaie.

Toki-erakundeentzako laguntza-agindu honen helburua da udal-jarduna egokitzea 2011-2014 aldiko III. Ingurumen Esparru Programan ezarritako ingurumen-lehentasunetara.

Lehentasun horien tamaina aintzat hartuta, ezinbestekoak dira tarteko diren administrazio guztien, herritarren, gizarte-erakundeen eta enpresen arteko ekintza koordinatua, elkarrizketa eta adostasuna. Testuinguru horretan, toki-administrazioek funtsezko papera dute aipatutako erronkei aurre egiten lagunduko duten ekintzak gauzatzen.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, bere Berdintasun Politikako Dokumentu Programatikoarekin bat etorriz –2010ean onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen V. Berdintasun Planaren esparruan–, aintzat hartuko ditu euren garapenerako berdintasun-politika bereganatzen duten jardunak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, 15. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz. Era berean, sail horrek euskararen erabilera normalizatzeko duen planarekin bat etorriz, deialdiak exijitzen du diruz laguntzen diren proiektuetan hizkuntza-irizpideak txerta daitezela.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2002 Dekretuak, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatuak, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen lehendakariaren apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak ematen didaten eskumena baliatuz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea honako laguntza-deialdi hau arautzea da: garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, beste toki-entitate batzuek, toki-erakunde autonomoek, tokiko garapen-agentziek eta tokiko merkataritza-sozietateek eska ditzaketen diru-laguntzen deialdia, alegia. Betiere, honako lerro hauekin bat etorriz:

a) Lurzoru kutsatuak. Tokiko titulartasun publikoko lurzoruaren kalitatea ikertzeko eta leheneratzeko lanak sustatzen dituzten ekintzak.

b) Atmosfera. Inguruneko airearen kalitatea hobetzea sustatzen duten ekintzak, zarataren inguruko ekintzak, eta EAEn negutegi-efektuko gasen isurpena eta klima-aldaketaren ondorioak murrizten dituzten ekintzak.

c) Biodibertsitatea. EAEko dibertsitate biologikoari eusteko eta berau leheneratzeko edo hobetzeko ekintzak.

d) Eskolako 21 Agenda. Eskolako 21 Agendaren eta Tokiko 21 Agendaren arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak.

2. artikulua.– Ekintzek bete beharreko baldintzak.

1.– Hasteko epea.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren proiektuek soilik jaso dezakete diru-laguntza.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, ekintzek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan.

Diruz lagunduko dira kutsatutako lurrak ikertzeko eta leheneratzeko ekintzak, bai kutsagarriak izan daitezkeen industria-jarduerak eduki dituzten lurzoruetan egiten direnak, bai eta 1994ko abenduaren 20a baino lehenago bertan behera utzi zituzten kontrolatu gabeko antzinako hondakinen biltegietan egiten direnak ere. Izan ere 1994ko abenduaren 20an indarrean jarri zen Hondakin geldo edo geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretua. Betiere, leheneratze-ekintzak aurretiazko ikerketa-fasea bukatu ondoren hasten badira eta lurzorua leheneratzearen helburua bada lurzoruaren kalitatea kokalekuak izango duen erabilerarekin bateragarri izatea. Diruz lagunduko dira, orobat, ingurumen-jarraipena egiteko ekintzak, baldin eta Ingurumen Sailburuordetzak sustatutako proiektuen esparruan sartzen badira.

Aipatutako ekintzek diru-laguntza jasoko dute tokiko titulartasuneko lurretan egiten badira soilik. Betiere, besteren bat behartuta ez badago diruz lagunduko den jarduera egitera, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko legediaren arabera, edo behartuak ezin badu jarduera bete konkurtso-egoeran dagoelako. Proiektuak titulartasun partekatua daukaten lurretan egitekoak badira, laguntzaren zenbatekoa udal edo entitate eskatzailearen titulartasun-portzentajearen arabera kalkulatuko da.

Kasuan kasuko lurzoruaren erosketa otsailaren 4ko 1/2005 Legea indarrean sartu aurretik izan behar du formalizatuta erakunde eskatzaileak, hau da, 2005eko maiatzaren 16a baino lehenago (1/2005 Legea, otsailaren 4koa, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa). Nolanahi ere, betekizun hori ez da ezinbestekoa izango, udalak lurzoruen titulartasuna bere aldeko kreditu baten ordainez eta nahitaezko betearazpen bidez eskuratu badu.

Lurzoru publikoak leheneratzeko ekintzak etxebizitzak eraikitzeko edo lurzorua industrial bihurtzeko egiten badira, ezin izango da diru-laguntzarik jaso.

b) Atmosferaren lerroan.

Honako ekintza hauek jasoko dituzte diru-laguntzak:

– Negutegi-efektuko gasen emisioak eta klima-aldaketaren ondorioak murrizteko ekintzak, hala nola hiri-eremuetan beroa arintzeko irtenbideak edo hirietako zerbitzuak eta azpiegiturak automatikoki eta eraginkortasunez kudeatzen laguntzekoak (smart cities – hiri adimendunak).

– Inguruneko airearen kalitatea hobetzea, partikulei dagokienez (PM10, PM2.5) eta nitrogeno dioxidoari dagokionez (NO2).

– Negutegi-efektuko gasak eta gas kutsagarriak isurtzen dituzten jarduerak eta guneak inbentariatu eta zenbatzea helburu duten ekintzak eta azterlanak.

– Zarata-mapak egitea, 100.000 biztanletik beherako udalerrietan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, eta zarata murrizteko proiektuak prestatzea.

Honako ekintza hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:

– Klima-aldaketan eta airearen kalitatean eragin txikia duten ekintzak, hala nola bizikleta-aparkalekuak jartzea, bidegorriak egitea (sare baten barruan daudenak izan ezik), bide zati txikiak oinezkoentzako bihurtzeko ekintzak, eraginkortasun energetikoko proiektuak (bereziki, luminariak aldatzeko proiektuak, argiak eguneratzekoak eta auditoria energetikoak), eta mugikortasunari buruzko azterlanak.

c) Biodibertsitatearen lerroan.

Diruz lagunduko dira biodibertsitateari eustea eta berau leheneratzea edo hobetzea sustatzen duten honako ekintza hauek:

– Komunitatearentzat eta eskualdearentzat interesekoak diren habitat naturalak kontserbatzeko egiten diren leheneratze-, hobetze- edo kudeatze-ekintzak.

– Maila komunitarioan edo eskualdekoan babestutako basa flora eta fauna espezieak babesteko eta kontserbatzeko proiektuak.

– Faunarentzako urmaelak eta hezegune txikiak sortu eta leheneratzea.

– Flora espezie exotiko inbaditzaileak kentzea, baldin eta bertako ekosistemen osotasuna mehatxatzen badute.

– Lurraldearen konektibitate ekologikoari laguntzen dioten jardunak.

Diruz lagunduko dira, halaber, proiektuak abian jartzeko behar diren lizentziak eta baimenak lortzeko idatzitako proiektuak.

Ez dira diruz lagunduko, berriz, ezagupenak eskuratzeko azterlanak edo argitalpenak idaztea edo sentsibilizatze-ekintzak egitea beste helbururik ez daukaten eskaerak.

Ez dira diruz lagunduko, era berean, obra edo proiekturen baten ondoriozko babes- edo leheneratze-proiektuak nahiz jardunak, baldin eta neurri zuzentzaile edo konpentsatzaile gisa ezarri badira.

d) Eskolako 21 Agendaren lerroan.

Diruz lagunduko dira Tokiko 21 Agendaren eta Eskolako 21 Agendaren arteko koordinazioa sustatzen duten ekintzak, betiere 2013ko uztailaren 1etik 2014ko uztailaren 15era bitartean egiten badira. Ekintzen artean, ikasturte bakoitzean, gutxienez eskola arteko foro bat antolatu beharko da, bai eta udal foro bat ere. Foro horietan, aurreko foroetan hartutako konpromisoen jarraipen-txosten bat aurkeztu beharko da, besteak beste.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Lehenengo artikuluan adierazitako ekintza espezifikoetarako aurrekontu-zuzkidura, guztira, bi milioi (2.000.000) eurokoa izango da, hargatik eragotzi gabe agindu honetako xedapen gehigarrian xedatutakoa betetzea. Zenbateko hori honela banakatzen da:

1.1.– Lurzoru kutsatuen lerrorako: gehienez, seiehun mila (600.000) euro erabiliko dira.

1.2.– Atmosferaren lerrorako: gehienez, seiehun mila (600.000) euro erabiliko dira.

1.3.– Biodibertsitatearen lerrorako: gehienez, seiehun mila (600.000) euro erabiliko dira.

1.4.– Eskolako 21 Agendaren lerrorako: gehienez, berrehun mila (200.000) euro erabiliko dira.

2.– Eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio, agindu honetako 13. artikuluan aurreikusitako organo ebaluatzaileak egiten duen proposamenari jarraikiz. Inguruabar hori Ingurumeneko sailburuordeak diru-laguntzak emateko egiten duen ebazpenean aipatuko da.

4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, mankomunitateak, beste toki-entitate batzuk, toki-erakunde autonomoak, tokiko garapen-agentziak eta tokiko merkataritza-sozietateak.

Tokiko merkataritza-sozietateek baldintza hauek bete behar dituzte: beraien kapital soziala titulartasun publikokoa izatea eta bazkide gehienak udalak izatea. Gainera, parte hartzen duten udalerrietako alkateek izendatu behar dituzte sozietate horiek, diru-laguntzaren xede den jarduna egin dezaten.

Artikulu honetako lehenengo paragrafoan aipatzen diren erakundeek partaidetza pribatua baldin badute, ezingo dira onuradun izan.

2.– Diru-laguntza hauek ematea eta, hala badagokio, ordaintzea honexek baldintzatuko du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko ezein espedientek bukaturik egon beharko du.

3.– Ezin izango dituzte agindu honetan aipatzen diren laguntzak eskuratu diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penala duten erakundeek, edo legezko debekuren bat dutenek, tartean dela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoa.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak izango dira lehenengo artikuluan ezarritako ekintzak egitetik eratortzen direnak.

2.– Ez dira diruz lagunduko honako gastu hauek:

a) Diruz laguntzen diren ekintzen Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagozkionak.

b) Komunikazio-, parte-hartze-, informazio- edo sentsibilizazio-kanpainei dagozkienak, salbu eta biodibertsitateari dagozkion ekintzak eta Eskolako 21 Agendaren lerroari dagozkionak, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Lur-sailak eskuratzeari dagozkionak.

d) Udaleko edo toki-erakundeko edo haiei lotutako enpresetako pertsonaleko gastuak eta diruz lagundu ezin diren gainontzeko gastuak, diru-laguntzei buruzko araudian ezarritakoari jarraikiz.

e) Beharrezkoak ez diren edo behar bezala justifikatu ez diren gastuak, arrazoizkoak ez direnak edo gehiegizkoak direnak, ekonomiaren eta kostu-eraginkortasun erlazioaren printzipioen arabera. Gastu horiek, nolanahi ere, 13. artikuluan ezarritako organo ebaluatzaileak zehaztuko ditu.

3.– Udal ibilgailuak berritzen badira, honako hau bakarrik lagunduko da diruz: ingurumen-irizpideei jarraituz aukeratutako ibilgailuen eta ibilgailu konbentzionalen prezioaren artean dagoen aldea.

4.– Eskola 21 Agendaren lerroan, agenda horren koordinazio-proiektuak gauzatzeko kanpoko enpresak kontratatzeak eragindako kostuak bakarrik lagunduko dira diruz –koordinazio-proiektu horiek agindu honen 2. artikuluan deskribatuta daude–.

6. artikulua.– Diru-laguntza eskabideak eta diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurkezteko mugak.

1.– Lurzoru kutsatuen lerrorako, eskatzaile bakoitzak egoki iritzitako ekintza guztietarako diru-laguntza eskabideak aurkez ditzake, baina, gehienez ere, bi jardunetarako emango da diru-laguntza, betiere eskuratutako puntuazioaren arabera. Nolanahi ere, deialdi berean, ezingo dira aurkeztu kokaleku berari buruzko ikerketa- eta leheneratze-eskaerak.

2.– Atmosferaren lerrorako, bi eskabide aurkez daitezke, eta, gehienez ere, bi jardunetarako emango da diru-laguntza, betiere eskuratutako puntuazioaren arabera.

3.– Biodibertsitateko ekintzetarako, nahi adina eskabide aurkez daiteke, baina puntuaziorik handiena jasotzen duen jardunerako soilik emango da diru-laguntza.

4.– Eskolako 21 Agendaren lerrorako, entitate bakoitzak diru-laguntza eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du. Entitate baten jardun-eremua sartuta baldin badago eskabidea aurkeztu duen beste entitate baten jardun-eremuan, bi entitate horiek ezingo dute banaka aurkeztu proiekturik.

5.– Entitate onuradun desberdinek ezingo dute proiektu berari buruzko eskabiderik aurkeztu, nahiz eta proiektuaren fase desberdinetarako izan.

6.– Gorago ezarritako mugak kontuan hartzen ez badira, eskaera egin duen erakundeari eskaeran egindako akatsa konpontzeko eskatuko zaio. Akatsak konpontzen ez baditu, egindako laguntza-eskaera guztietan atzera egin duela ulertuko da, gorago ezarritako mugak kontuan izan gabe.

7. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk eman litzakeen beste diru-laguntza batzuekin, betiere horren ondorioz gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak Ingurumeneko sailburuordeari zuzendu behar zaizkio. Aurkeztu, berriz, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Erregistro Nagusian (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), Eusko Jaurlaritzaren lurralde-ordezkaritzetan, Zuzenean Zerbitzuaren herritarrei arreta egiteko guneetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.

3.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin bat etorriz, eskabidea egiten duten entitateei jakinarazten zaie ematen dituzten datuak laguntza-lerro hauek kudeatzeko fitxategietan sartuko direla. Fitxategi horiek Lurralde Antolamendu eta Ingurumeneko sailburuaren 2005eko martxoaren 23ko Aginduan aipatzen dira –agindu horren bidez, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dira–. Era berean, jakinarazten da deialdi honetan parte hartzeak berekin dakarrela eragindako pertsonek onartzea beren datu pertsonalak erabiltzea, 18.10 artikuluan azaldutako helburuarekin, betiere. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, hona jo behar da: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila; Zerbitzu Zuzendaritza; Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

9. artikulua.– Diru-laguntza eskabideak.

1.– Diru-laguntza eskabide bakoitzaren 2 kopia aurkeztuko dira, osorik, bata paperezko formatuan, eta bestea, berriz, euskarri digitalean.

2.– Eskaera egiten duen entitatearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontutan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide-formularioa, agindu honen I. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz, behar bezala beteta, eta alkateak izenpetuta edo, bestela, mankomunitateko, toki-entitateko, tokiko erakunde autonomoko, tokiko garapen-agentziako edo tokiko merkataritza-sozietateko lehendakariak izenpetuta.

b) Agindu honetako II. eranskina, behar bezala beteta eta jardunaren aurrekontu banakatua eta jarduna azaltzen duen memoria dituela, eta III. eranskina, diru-laguntza lerro bakoitzari dagokiona. Hala behar izanez gero, jarduna azaltzeko memoria osagarri bat, eta finantzatu nahi den jarduna hobeto ulertzeko behar diren gainerako dokumentuak.

c) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, diru-laguntzaren xede den jarduna egitea onartzen duen erabakia jasotzen duena.

d) Entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, helburu berarekin diru-laguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak eskatu edo jaso diren azaltzen duena.

e) Erakunde eskatzailea tokiko garapen-agentzia bat baldin bada, aurreko idatzi-zatietan adierazitako agiriez gain, bere estatutuen fotokopia aurkeztu beharko du.

Eskabidea egiten duen entitatea tokiko merkataritza-sozietate bat baldin bada, aurreko idatzi-zatietan eskatutako agiriez gain, honako hauek aurkeztu beharko ditu: jarduna egingo den udalerrietako alkateen onespen-erabakia, entitate hori jarduna egiteko izendatzen duena; Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia; diru-laguntza eskatu duen pertsonaren alde emandako ordezkaritza-ahalordearen fotokopia, merkataritza erregistroan inskribatua, eta pertsona horren NANaren fotokopia; merkataritza-erregistroan inskribatutako estatutuen fotokopia; zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak egunean beteta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria. Ordezkaritza-ahalordearen eta estatutuen kopia bakarra aurkeztuko du eskabidea egiten duen merkataritza-sozietate bakoitzak. Aurreko lau urteetan merkataritza-sozietateak ingurumen-organoari diru-laguntzarik eskatu badio, eta eskatzaileak adierazten badu aurkeztu zituen dokumentuetan ez dela aldaketarik gertatu orduan aurkeztutako eskabideaz geroztik, agiri horiek aurkeztu beharrean, nahikoa izango da dokumentazioa zein egunetan eta zein deialditarako aurkeztu zuen adieraztea.

f) Lurzoru kutsatuen lerroaren kasuan, entitate eskatzaileak kokalekua titulartasun publikokoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behako du, bai eta titulartasun publiko hori noiz eskuratu zen argitu ere. Betekizun horiek egiaztatzeko, besteak beste jabetza erregistroaren idatzi-ohar soil bat aurkeztu daiteke; bestela, entitatearen idazkariak emandako ziurtagiri bat, alderdi horiek egiaztatzen dituena.

Gainera, osoko bilkuraren erabakia (edo baliokidea) aurkeztu beharko da, eta, han adierazi, ezen kokalekua berrerabiltzean gainbaliorik sortzen baldin bada diru-laguntza itzultzeko konpromisoa hartzen duela, betiere Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

3.– Eskatzaileek, borondatez eta puntuazio handiagoa lortze aldera, eskabideekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Hala badagokio, entitateko idazkariak egindako ziurtagiria, udalaren osoko bilkuran Tokiko 21 Agendaren Ekintza Plana onetsi dela egiaztatzen duena, edo Tokiko 21 Agendaren prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena.

b) Atmosferaren gaineko ekintzen kasuan, entitateko idazkariak emandako ziurtagiria, Airearen Kalitatearen Ekintza Plana ezartzeko prozesua hasteko udalaren osoko bilkuran hartutako erabakia jasotzen duena.

c) Biodibertsitaterako ekintzen kasuan, erakunde eskudunek proiektua gauzatzeko emandako baimenak (baldin eta jardunak jabari publiko hidraulikoan, Itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoan, parke naturaletan, eta abarretan egitekoak badira) eta ekintzak egitekoak diren lursailen eskuragarritasunaren edo jabetzaren gaineko ziurtagiria.

d) 15. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpide guzti-guztiak behar bezala aplikatzeko beharrezkotzat jotzen diren argibideak.

10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

12. artikuluan aurreikusten den erakunde laguntzaileak ikusten badu aurkeztu den eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan zehaztutako baldintza guztiak, horren berri emango dio Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, organo eskudunak eskaera egin duen erakundeari eska diezaion akatsa zuzentzeko, edo erantsi beharreko agiriak eransteko, hamar eguneko epearen barruan; horrez gain, adieraziko zaio ezen horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Ingurumeneko sailburuordeak ebazpena eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

11. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

12. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko, Ihobe SA sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena).

2.– Ihobe SAk, entitate laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentazioa gainbegiratzea eta, hala badagokio, hutsegiteak zuzentzea proposatzea.

b) Eskabidea egiten duten entitateek laguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 13. artikuluan ezarritako organo ebaluatzailearekin lankidetzan aritzea eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialetan, 15. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideekin bat etorriz.

d) Jarduera egin den eta diru-laguntzaren helburua bete dela egiaztatzea, eta onuradunei jarraipena egitea diru-laguntzak jasotzeko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatzeko.

e) Entitate onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez baloratzea.

f) Entitate onuradunei laguntzak ordaindu aurretik, diruz lagundutako ekintzak egin izana eta ekintzen kostua ziurtatzen duten agiriak egiaztatzea.

g) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari proposatzea diru-laguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, entitate onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

13. artikulua.– Organo ebaluatzailea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, organo ebaluatzaile bat eratuko da. Hauek izango dira organo horretako kideak: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria, Ingurumen Administrazioaren zuzendaria eta IHOBE Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoko zuzendari nagusia.

2.– Organo ebaluatzaileak ebazpen-proposamena egingo dio Ingurumeneko sailburuordeari. Proposamen hori 15. artikuluan adierazitako esleipen-irizpideei eta aurrekontu-mugei egokituko zaie, eta honako hauek bilduko ditu: diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak; diru-laguntzen zenbatekoa; diru-laguntza jasoko ez duten proiektuak; ezeztatutako eskaerak, ezeztapenaren arrazoiekin batera; eta ebatzi beharreko beste edozein inguruabar.

14. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Diru-laguntzen zenbatekoek gehienezko muga hauek izango dituzte:

a) Lurzoru kutsatuen lerroan.

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 60.000 eurokoa da ikerkuntza-proiektu bakoitzeko, eta 200.000 eurokoa, leheneratze-proiektu bakoitzeko.

Zabortegietan egiten diren ingurumen-jarraipeneko proiektuen kasuan, diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 15.000 eurokoa izango da.

b) Atmosferaren lerroan:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 100.000 euro da proiektu bakoitzeko.

c) Biodibertsitatearen lerroan:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 100.000 euro da proiektu bakoitzeko; hala ere, proiektuak abian jartzeko behar diren lizentziak eta baimenak lortzeko idatzitako proiektuak abian jartzeko behar diren lizentziak eta baimenak lortzeko azterlanak egitea helburu duten proiektuen kasuan, gehienezko zenbatekoa 10.000 euro da.

d) Eskolako 21 Agendaren lerroan.

Laguntzak ezin dira izan diruz lagundu ahal diren gastuen % 50etik gorakoak, ezta 15.000 eurotik gorakoak, entitate onuradun bakoitzeko.

15. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak 1. artikuluan aipatzen diren multzo eta azpimultzoetako bakoitzean emango dira –Eskolako 21 Agendaren lerroan izan ezik–, lehiaketa bidez, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan ezarritakoarekin bat. Diru-laguntza jaso ahal izateko, dena delako jarduerak, organo eskatzaileak egindako balorazioan, eta artikulu honetako 2. paragrafoan zehazten diren irizpideekin bat, 100etik 50 puntu lortu beharko ditu gutxienez.

50 puntu baino gehiago jasotzen duten proiektuen lehentasun ordena ez dago lotuta proiektu bakoitzak jaso beharreko kopuru ekonomikoarekin. Irizpide hori bakarrik hartuko da kontutan; 50 puntu baino gehiago lortutako proiektu guztiak ordaintzeko adina dirurik ez badago. Kasu horretan, puntuazio altuena lortutako proiektuak lagunduko dira diruz, jardun bakoitzeko lerroan aurrekontu-kreditua agortu arte.

2.– Eskolako 21 Agendaren lerroko laguntzak lehiarik gabeko konkurrentzia bidez esleituko dira, eta artikulu honetako 5. paragrafoan ezarritako irizpideen arabera kuantifikatuko dira.

3.– Proiektu bakoitzari egokitutako diru-laguntza agindu honetako 5. eta 14. artikuluetan jasotako irizpideen arabera zehaztuko da.

4.– Diru-laguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

4.1.– Lurzoru kutsatuen lerrorako:

a) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz. Izaera hori aitortuko zaio lurzoruaren tratamendua tokian bertan egiteari, indusketak eta isurketak egin gabe. Gehienez, 15 puntu.

b) Kokalekuan eta inguruko lurretan, gizakien osasunaren edota ingurumenaren gainean izan daitezkeen eraginak. Gehienez, 60 puntu.

c) Jardunaren kalitatea, bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzazkoa, eraginkortasuna, eta izaera estrapolagarria. Gehienez, 25 puntu.

4.2.– Atmosferaren lerrorako:

Zarata-mapak egiteko:

a) Udalerriko biztanle-kopurua, eta trantsizio akustikoko eremuak egotea edo ez: gehienez, 50 puntu.

b) Proposamenaren kalitate teknikoa (barne-koherentzia, proposatutako metodologia, aurretiazko diagnostikoa eginda izatea...), eta proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: gehienez, 25 puntu.

c) Udalerriek zonakatze akustikoa izatea: gehienez, 10 puntu.

d) Udalerriek aurretik zarata-mapak, azterlanak edo diagnostikoak eginda izatea; udalaren osoko bilkuran Tokiko 21 Agendaren Ekintza Plana onetsita izatea, edo Tokiko 21 Agendaren prozesuaren ebaluazio- eta jarraipen-txostena; edo Airearen Kalitatearen Ekintza Plana ezartzeko prozesua hasita izatea: gehienez, 10 puntu.

e) Zaratak herritarrei sortzen dizkien eragozpenei buruzko ebaluazioa sartuta izatea zarata-maparen barruan: gehienez, 5 puntu.

Atmosferaren lerroko gainerako proiektuei dagokienez:

a) Jardunaren izaera berritzaile eta estrategikoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren estrategia, plan eta programekin bat etorriz: gehienez, 30 puntu.

b) Ekintzaren emaitzak (kutsatzaile-isurketak murriztea, pertsona onuradunak, beste zenbait ingurumen- eta gizarte-inpaktu murriztea...): gehienez, 30 puntu.

c) Proiektuaren kalitate teknikoa (barne-koherentzia, proposatutako kalkulu-metodologia, aurretiazko diagnostikoa eginda izatea, jarraipena egiteko proposamena...): gehienez, 20 puntu.

d) Finantza-bideragarritasuna, kostu-onura erlazioa eta izaera estrapolagarria: gehienez, 20 puntu.

4.3.– Biodibertsitatearen lerrorako:

a) Jarduna non gauzatuko den, 40 puntu, gehienez:

– 2000 Natura Sarean sartutako espazioen barruan dauden lur-sailak: 40 puntu, gehienez.

– Babestutako beste natura-gune batzuen barruan dauden lur-sailak: 35 puntu, gehienez.

– EAEko hezeguneetarako LAP Lurraldearen Arloko Planaren II. eta III. taldeen hezeguneetan sartuta dauden lur-sailak: 30 puntu, gehienez.

– Aurreko epigrafeetan sartuta ez dauden lur-sailak, komunitatearentzat edo eskualdearentzat interesa duten basa flora eta fauna espezieak barne hartzen dituztenak –espezie horiek sartuta egon behar dute hegaztiei eta habitatari buruzko zuzentarauen eranskinetan, edo basa fauna eta flora espezie mehatxatuen EAEko katalogoan–: 25 puntu, gehienez.

– Konektibitate ekologikorako, garrantzizkoak diren eremuak: 20 puntu, gehienez.

Jardun-eremu baten gainean hainbat kalifikazio egiten baldin badira, puntu gehien duena balioetsiko da.

b) Proiektuaren kalitate teknikoa eta bideragarritasuna, betiere biodibertsitateari eusteko eta berau leheneratzeko eta hobetzeko egiten dituen ekarpenei dagokienez: 15 puntu, gehienez.

c) BZG Bereziki Zaindu beharreko Guneei buruzko agirietan jasotako neurriak –izan izendatutako BZGak, izan izapidetze-aldian daudenak–: 20 puntu, gehienez.

d) Jarraipen-planaren kalitate teknikoa eta proiekzioa: 10 puntu, gehienez.

e) Komunikazio- eta difusio-jardunek gizartean izan dezaketen eragina: 10 puntu, gehienez.

f) Jardunaren kalitatea, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa: 5 puntu, gehienez.

5.– Eskolako 21 Agendaren lerroko diru-laguntzak esleitzeko eta kuantifikatzeko irizpideak honako hauek izango dira:

5.1.– Zenbateko finko bat esleituko da, honako irizpide hauei jarraikiz:

5.1.1.– Bost udalerri edo gutxiago biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 1.000 euro.

5.1.2.– Sei udalerritik hamarrera bitartean biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 1.500 euro.

5.1.3.– Hamar udalerritik gora biltzen dituzten mankomunitateak, bestelako toki-erakundeak, toki-erakunde autonomoak edo tokiko merkataritza-sozietateak: 2.000 euro.

5.1.4.– Diru-laguntzak bakarka eskatzen dituzten udalerriak: 100 euro.

5.2.– Aurreko paragrafoan aipatutako zenbatekoak esleitu ondoren, gainerako zenbatekoak honela banatuko dira:

5.2.1.– % 50, entitate eskatzailearen eragin-eremuan Eskolako 21 Agendan parte hartzen duen ikastetxe-kopuruaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan.

5.2.2.– % 50, entitate eskatzailearen eragin-eremuan Eskolako 21 Agendan parte hartzen duen ikasle-kopuruaren arabera, eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan.

5.2.3.– Eskolako 21 Agendan parte hartzen duen ikastetxe- eta ikasle-kopuruaren datuak ofizioz egiaztatuko dira.

16. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Ingurumeneko sailburuordeak, organo ebaluatzaileak egindako proposamena kontuan izanda, ebazpena emango du, eta horren berri interesdunei jakinaraziko zaie, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, gehienez sei hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epea igarota ez bada jakinarazpenik egin, eskabideak ezetsi egin direla ulertu beharko da, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan jasotakoaren ondorioetarako; nolanahi ere, administrazioak bete beharko du lege horrek ezartzen dion ebazteko betebeharra.

2.– Ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak nori esleituko zaizkion, eta, hala badagokio, nori ukatu zaizkion. Esleitutakoen kasuan, adieraziko da, halaber, zein den erakunde onuraduna eta diruz lagundutako egitasmoa eta zenbatekoa den emandako diru-laguntza. Ukatutakoen kasuan, ordea, ukapenaren arrazoiak adieraziko dira. Era berean, onuradunen batek uko egiten badio jasotako diru-laguntzari, ebazpenak zehaztuko du zein den lehentasun-hurrenkera, hasiera batean aurrekontu-zuzkidura faltagatik diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuak diruz laguntzeko.

3.– Aurreko paragrafoetan aipatutako ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.

17. artikulua.– Baldintzen agiria.

Proiektu bakoitzaren ezaugarri zehatzak aintzat hartuta, diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko nahitaez bete beharreko baldintza tekniko eta ekonomikoak ezarriko dira. Baldintza horiek baldintza-agiri batean bilduko dira, Eskolako 21 Agendako proiektuen kasuan izan ezik, eta agiri horren berri onuradun bakoitzari jakinaraziko zaio, banan-banan.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Jasotako diru-laguntza onartzea; horrek berekin ekarriko du agindu honetan eta 17. artikuluan adierazitako baldintzen agirian aipatzen diren baldintzak eta arauak onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean erakunde onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

2.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez– eskatzen duten informazio guztia ematea. Ihobe SA entitate laguntzaileak eta diru-laguntza ematen duen organoak egingo dituzten egiaztatze-jarduerak onartzea. Deialdi honen kontura jaso diren diru-laguntzei buruz erakunde horiek beren funtzioak betez eskatzen duten informazioa eman beharko da.

3.– Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari idatziz eta lehenbailehen jakinaraztea proiektuan edozein arrazoi dela medio egin diren aldaketak, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

4.– Diruz lagundutako ekintza gauzatu eta justifikatzea, agindu honetako 19. artikuluan ezarritako epean.

5.– Diru-laguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 21. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

6.– Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerarik lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo 10 egun balioduneko epean, horren berri jakinaraziko zaio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzari, eta adieraziko zaio, halaber, organo emailea eta laguntzaren edo diru-laguntzaren zenbatekoa zein diren.

7.– Jardunari zabalkundea emateko kartel eta materialetan, eta egiten den publizitatean, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren logotipoak jarriko dira, Eusko Jaurlaritzako Nortasun Korporatiboaren Eskuliburuan xedatutakoaren arabera (http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r482312/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html), eta, halaber, sail horren babesa aipatuko da.

8.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesa aipatuko da, orobat, egiten diren dokumentuetan eta prentsa-komunikazioetan, bai eta publizitatean ere.

9.– Diru-laguntza jasotzen duen tokiko entitatea Jasangarritasunerako Euskal Udalerrien Sarean (Udalsarea 21) baldin badago, sare horren logotipoa ere agerrarazi beharko da.

10.– Aurkeztutako proiektuan dagoen informazio tekniko, pedagogiko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku uztea, doan eta esklusibotasunik gabe, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren informazio-sistemetan erabili eta sartzeko, bai eta honako hauetan argitaratu eta hedatzeko ere: edozein hedabide eta formatu bibliografiko, ikus-entzunezko eta informatikotan zein teknikak ahalbidetzen duen orotan. Jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira beti.

11.– Zabalkunderako egiten diren kartel, testu eta dokumentu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira. Jardunak herritarrekiko harremana edo arreta eskatzen badu, bermatuta egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubideak.

12.– Argitalpenik egiten bada, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, gutxienez, argitalpenaren 10 ale (paperezko formatuan edo euskarri digitalean) eta eskuliburuen 25 ale eman beharko zaizkio.

13.– Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudiaren erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

14.– Lurzoru kutsatuen kasuan aurreikusitako xederako, berariaz:

a) Entitate onuradunak ikertu edo leheneratuko den lurzoruaren tokiko titulartasun publikoari eusteko konpromisoa hartuko du, gutxienez 5 urteko epean, diru-laguntza ematen zaionetik aurrera (titulartasuna osoa edo partziala izan daiteke, eskabidea egiteko unean nolako zen aintzat hartuta). Entitate onuradunak betebehar hori konplitu duela justifikatzeko konpromisoa hartzen du, eta, horretarako, diru-laguntza jaso eta bost urtera, Jabetza Erregistroak emandako ohar soila edo kasuan kasuko udalerriko udal idazkariak izenpetutako ziurtagiria helaraziko dio Ingurumen Sailburuordetzari. Ohar horretan, adierazi egingo da udalak eutsi egiten diola ikertutako eta/edo leheneratutako lurzoruaren tokiko titulartasun publikoari (titulartasun osoa edo partziala, eskabidea egiteko unean nolakoa zen aintzat hartuta).

b) Entitate onuradunak, kokalekua berrerabiltzean gainbaliorik sortzen baldin bada, diru-laguntza itzuli beharko du, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 29.5 artikulua betez.

c) Eskabidea egin duen entitateak, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ikertzeko laguntzak jaso ahal izateko, konpromisoa hartzen du diru-laguntzaren xede den kokalekua lurzoruaren kalitatea adierazteko prozeduraren mende jartzeko, betiere Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearekin bat etorriz. Lurzoruaren kalitatea leheneratzeko laguntzen kasuan, nahitaezkoa izango da saneamendu proiektuaren onespena izatea, Ingurumen Sailburuordetzak emanda. Nolanahi ere, eskabidea egiten duen entitateak konpromisoa hartzen du prozeduraren fase guztietan agintzen zaizkion neurriak ezartzeko.

d) Diruz laguntzen diren ekintzak egiterakoan, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan exijitutakoa bete behar da (199/2006 Dekretua, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten duena).

e) Lurzoruaren kalitatea adierazteko prozedurak exijitzen duen dokumentazioa aurkezteaz gain, diru-laguntza kontrolatzeko prozesuaren esparruan, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzak ikerkuntza-estrategiak onestea, gauzatu aurretik, eta organo horri jakinaraztea zein den kronograma eta zehazki noiz hasiko den lurzoruaren kalitatearen ikerkuntza eta/edo leheneratzea.

f) Eskabidea egiten duen entitateak Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritakoa bete beharko du, bere jardun eremuaren barruan dauden eta lege horren menpe dauden lurzoruetako edozein kudeatzerakoan.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Entitate onuradunek jasotako diru-laguntza betearazi eta justifikatu beharko dute, 2015eko abenduaren 31 baino lehenago, salbu eta Eskolako 21 Agendaren proiektuen kasuan. Azken horiei dagokienez, proiektuaren amaierako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 2014ko irailaren 15a baino lehen.

2.– Horretarako, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Tokiko erakundearen idazkariak egindako ziurtagiria, emandako diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla adierazten duena.

b) Diruz lagundutako jarduerak egin direla azaltzen duen memoria. Han, zehaztu egingo da zein diren jardueraren ezaugarri nagusiak eta zenbateraino bete diren ingurumen-helburuak. Ingurumen-onurei dagokienez, a priori jarritako helburuak kontuan hartuta ingurumenaren gaineko eraginak eta presioak benetan zenbateraino gutxitu diren zehaztuko da, betiere 17. artikuluan aipatzen den baldintza-pleguan adierazitakoaren arabera.

c) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten ordainagirien edo fakturen originalak edo fotokopia konpultsatuak.

d) Sarrera eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.

e) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskriptiboa.

f) Proiektuan sortutako materialen kopia (formatu digitalean, ahal dela).

3.– Eskolako 21 Agendaren proiektuak aurkeztu dituzten entitate onuradunek diru-laguntza justifikatu beharko dute, honako agiri hauek aurkeztuz:

a) Diruz lagundutako jarduerak egin direla azaltzen duen memoria. Han, zehaztu egingo da zein diren jardueraren ezaugarri nagusiak eta zenbateraino bete diren ezarrita zeuden helburuak. Memoria horretan, lauki batean bilduko dira ikastetxeek udalei egindako proposamenak, udalek hartutako konpromisoak, eta aurreko ekitaldietan hartutako konpromisoen betetze-mailaren jarraipena, betiere IV. eranskineko ereduari jarraituz. Udalerri bakoitzak, halaber, eranskin horretan bildutako koordinazio-gakoei buruzko informazioa eman beharko du.

b) Diruz lagundutako proiektuari dagozkion jatorrizko fakturak.

c) Proiektuan sortutako materialen kopia, formatu digitalean; horrekin batera, zerrenda batean, identifikatu egingo da horietatik zein izan daitezkeen material edo baliabide didaktiko erabilgarriak gainerako hezkuntza-komunitatearentzat.

20. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Lurzoru kutsatuen, Atmosferaren eta Biodibertsitatearen lerroen kasuan, honela ordainduko da onartutako diru-laguntza:

a) Ordainketaren lehen aurrerakina, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 15ekoa, diru-laguntza onartu ostean, 18. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Ordainketaren bigarren aurrerakina, diru-laguntzaren % 15ekoa, 2014ko urriaren 31 baino lehen.

c) Hirugarren ordainketa 2015eko ekitaldian, diru-laguntzaren % 70ekoa, 19.2 artikuluan ezarritako frogagiriak aurkeztu eta aztertu ondoren.

2.– Eskolako 21 Agendaren kasuan, diru-laguntzaren % 50, laguntza onartutakoan, eta gainerako zatia, proiektuaren amaierako dokumentazioa aurkeztu ondoren eta, betiere, 2014ko irailaren 15a baino lehen.

21. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntzak emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok, betiere diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen denean, eta, hala dagokionean, beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk aldi berean beste laguntza edo diru-laguntza batzuk emateak diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekar dezakete, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Ondorio horietarako, Ingurumeneko sailburuordeak dagokion ordainketa-ebazpena emango du, onartutako diru-laguntzaren kopurua doitzeko, edo, hala badagokio, lortutako gehiegizko diru-kopurua itzuli beharra agintzeko.

2.– Diru-laguntza jaso duen jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak daudenean, eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea bukatu baino lehenago, diru-laguntza jaso duen jarduera amaitzeko aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du. Epea handitzeko eskaera hori Ingurumeneko sailburuordeak onartu beharko du ebazpen bidez.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren diru-laguntza eskatutako eta emandako xede espezifikoa betetzeko erabiltzen ez badu, diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera egiten ez badu, diru-laguntza zertarako eman zen, helburu horrexetarako erabili dela egiaztatzen ez badu, edo, oro har, onuradunak ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hala ezarritako baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan.

2.– Era berean, diru-laguntza honen xede den jardueraren kostuaren gainetik jasotako diru-kopurua itzuli beharko du, beste laguntza edo diru-laguntza batzuekiko bateragarritasun-muga gainditzen bada, 7. artikuluan adierazitakoarekin bat etorrita; horretaz gain, zehapenak eta kalte-ordainak jarri ahal izango dira sortutako kalteengatik, eta hala badagokio, zigor erantzukizuna eskatu ahal izango da. Aipatutako kopuruak sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion ondorioetarako.

23. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hirugarren artikuluan ezarritako zenbatekoak handitu ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekontu-baliabiderik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Ingurumeneko sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, bi arau hauek aplikatuko dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala